1/2026 FORU LEGEA, OTSAILAREN 13KOA, NAFARROAKO TOKI OGASUNEI BURUZKO MARTXOAREN 10EKO 2/1995 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA
BON N.º 38 - 20/02/2026
Etxebizitza duin eta eskuragarria eskuratzeko aukerak arrisku larrian daude Nafarroan. Hamarkadatan zehar egiturazko arazo gisa eratzen joan dena, gaur egun benetako gizarte-larrialdi gisa azaleratzen da. Hiri eta lurralde askotan, muturreko egoeran gelditu dira familia asko higiezinen espekulazioaren, jabetzak esku gutxitan pilatzearen, etxebizitzak turismo-ostatu bihurtzearen eta etxebizitza publikoen falta kronikoaren konbinazioaren ondorioz. Herri xeheak, gazteek eta kolektibo zaurgarrituek jasaten dituzte egoerarik larrienak, hala nola bizitoki-prekaritatea eta etxebizitza duina eskuratzeko ezintasuna.
Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 2. artikuluak honako hauek ezartzen ditu, besteak beste, Nafarroako administrazio publikoek etxebizitza arloan babestutako jarduketa gisa: lurzorua eskuratu, sustatu eta urbanizatzea, bertan etxebizitza babestuak egiteko asmoz; lurzorua eskuratzea, bertan errentaren gehieneko prezioa mugatua izanen duten alokairuko etxebizitzak sustatzeko asmoz; etxebizitza babestuak sustatzea, norberak erabiltzeko, saltzeko edo errentan emateko; etxebizitza edo eraikinak zaharberritzea eta horien obra osagarriak eta urbanizazio obrak, bai eta ondasun higiezinak erostea gero zaharberritzeko edo eraisteko ere, betiere ekipamenduetarako espazio libreak lortzeko asmoz egiten bada, eta etxebizitza babestuak edo Foru Komunitateko Administrazioaren bultzada duten jarduketa edo programetan erabilitako etxebizitzak eskuratu, errentan eman eta esleitzea.
Hain zuzen, etxebizitza da, beste ezer baino lehen, gizarte-ongizatearen zutabeetako bat. Azken urteotan prezioen bilakaerak igoarazi ditu, batetik, erosketa-prezioa, eta, bestetik, alokairuen kostua, prezioei euste aldera zenbait mailatan hartutako neurriak gorabehera. Horri alokairuaren merkatuaren portaera gehitzen zaio, non hautematen baita eskaintzaren eskasia, eskariaren igoera, prezioen aldaketa eta ordaintzeko erabili behar den errentaren ehunekoa, eta horrek merkatura sartzeko zailtasunak larriagotzen ditu, eta, ondorioz, etxebizitza duin bat izateko ezintasuna areagotzen du.
Udalekin egindako etxebizitza-merkatu tentsionatuko eremuetako neurri-planen barruan eta landa-eremuko etxebizitzen arloko estrategiaren barruan, zenbait lan-ildo planteatu dira alokairu eskuragarriko etxebizitzak sustatzeko Nafarroako udalerrietan. Toki-entitateen eskumenen barruan dago hobariak ematea ondasun higiezinen gaineko zergan edo lurraren kontribuzioan, eta udalak eskumen hori baliatzearen alde agertu dira etxebizitza hutsak alokairu eskuragarriko merkaturantz mobilizatzeko helburuan laguntzeko.
Dauden etxebizitza hutsak mobilizatzea beharrezkoa da, eta horretarako zenbait neurri eta pizgarri abiatzen ari dira. Merkatu libreko etxebizitza horiek mobilizatu ahal izateko, bi lan-ildo zehatz lantzen ari dira. Alde batetik, Nafarroako Gobernuaren Alokairu Poltsa sustatzea, zenbait bidetatik, batez ere dirulaguntzen, bermeen eta zerga-neurrien bidez, etxebizitza-sistema publikoaren barruan eskuragarri dauden etxebizitzak areagotu ahal izateko. Eta, bestetik, babes ofizialeko etxebizitzen prezio berak edo txikiagoak dituzten ohiko etxebizitza iraunkorretarako kontratuak formalizatzea sustatzea.
Testuinguru horretan, beharrezkotzat eta presazkotzat jotzen da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzea, bai lurraren kontribuziorako bai eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergarako ezarritako hobariei dagokienez, foru lege horretan hobariaren kausak tasatuta baitaude eta ez baitituzte barne hartzen helburu hori betetzeko behar diren kontzeptuak.
Udal-autonomia errespetatuz, udalek aipatutako udal-zergekin lotutako zenbait hobari ezartzeko aukera arautzen da. Asmoa da udal bakoitzak finkatzea, berariaz hala arautua badago dagokion ordenantza fiskalean, 170 bis) artikuluan aipatutako obretatik zein izaten ahal diren hobariak aplikatzearen xede. Udalerri bakoitzak finkatzen ahalko du artikulu horretan jasotzen diren hobarietako zein (denak edo horietakoren bat) aplikatzen ahalko diren udal-mugartean.
Zenbait hobari jasotzen dira zuzenean etxebizitzarekin lotuta dauden tokiko bi zergetan: lurraren kontribuzioan eta eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergan. Lehenik eta behin, lurraren kontribuzioari dagokionez, beste hiru apartatu gehitzen zaizkio 140. artikuluari, halako moduz non hobari berriak ezartzen ahal diren kasu hauetan: Nafarroako Gobernuko Alokairu Poltsaren bidez alokatuta dauden ondasun higiezinetan; ohiko etxebizitza iraunkor gisa alokatuta dauden ondasun higiezinetan, baldin eta errentamendu-araubideko babes ofizialeko etxebizitzetarako ezarritako prezio berean edo txikiagoan alokatuta badaude, Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 7.3 artikuluan ezarritako kalifikazioaren arabera, eta, azkenik, elkarte edo kooperatiben eraikuntza- eta sustapen-jardueraren xede diren erabilera-lagapeneko ondasun higiezinetan, betiere higiezin horiek bazkideen ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzen badira.
Bigarrenik, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergari dagokionez, zuzenean etxebizitzekin lotuta dagoen horri, hobari berriak batez ere zuzenduta daude alokairura bideratutako etxebizitzak eraikitzeko obren proiektuak gauzatzea babestera, halako moduz non zerga hori %50 edo %30 murrizteak ahalbidetuko baitu etxebizitza horiek eraikitzeko prezioa murriztea, modu mugatuan bada ere. Beste hobari bat ere ezartzen da elkarteek edo kooperatibek erabilera-lagapenean sustatutako etxebizitza edo ostatuen obretarako, bai eta udal-katalogoak babestutako eraikuntzetan egindako birgaitze-lanekin zerikusia dutenetarako ere.
Une honetan abian dauden edo obrak hasiak dituzten proiektuak egoten ahal direnez eta aldaketa honetan araututako hobarien onuradun izaten ahal direnez, kontuan hartuta udalek ahalmena izanen dutela hobariok eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalean txertatzea onesteko, atzeraeraginezko izaerarekin aplikatzeko ahalmena gaitzen da, baina aipatutako udal-ordenantza onartzen denetik atzerako urtebeteko mugarekin.
Artikulu bakarra. Aldatu egiten da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.
Aurrerantzean testu hau izanen dute Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen honako artikulu hauek:
Bat. Hiru apartatu berri eransten zaizkio 140. artikuluari. Eduki hau izanen dute:
"6. Ordenantza fiskalek zergaren kuotaren %90erainoko hobaria arautzen ahalko dute Nafarroako Gobernuaren Alokairu Poltsaren bidez errentan dauden ondasun higiezinentzat, alokairuak irauten duen bitartean.
7. Ordenantza fiskalek zergaren kuotaren %90erainoko hobaria arautzen ahalko dute ohiko etxebizitza iraunkor gisa alokatuta dauden ondasun higiezinentzat, baldin eta errentamendu-araubideko babes ofizialeko etxebizitzetarako ezarritako prezio berean edo txikiagoan alokatuta badaude, Nafarroan Etxebizitzarako Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 7.3 artikuluan ezarritako kalifikazioaren arabera.
8. Ordenantza fiskalek zergaren kuotaren %90erainoko hobaria arautzen ahalko dute elkarte edo kooperatiben eraikuntza- eta sustapen-jardueraren xede diren erabilera-lagapeneko ondasun higiezinentzat, betiere higiezin horiek bazkideen ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzen badira".
Bi. Aldatu egiten da 170 bis artikulua, eta testu hau izanen du:
"170 bis artikulua. Aukerako hobariak.
1. Ordenantza fiskalek zergaren kuotaren gaineko hobari hauek arautzen ahalko dituzte:
a) %50erainoko hobaria, alokairu-araubideko babes ofizialeko etxebizitzetara bakarrik zuzendutako eraikuntza, instalazio edo obretarako.
b) %25erainoko hobaria, neurri batean alokairu-araubideko babes ofizialeko etxebizitzetarako diren eraikuntza, instalazio edo obretarako, baldin eta guztizko kopuruaren erdia, gutxienez, babes ofizialekoa baldin bada.
c) %50erainoko hobaria, elkarteek edo kooperatibek erabilera-lagapenean sustatutako etxebizitza edo ostatuen eraikuntza, instalazio edo obretarako.
d) Zergaren kuotaren %90erainoko hobaria, eguzki-energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak txertatzen dituzten eraikuntza, instalazio edo obretarako. Hobari horren aplikaziorako, beharrezkoa izanen da beroa sortzeko instalazioetan administrazio eskudunaren homologazioa duten kolektoreak egotea.
e) %50erainoko hobaria, udal-katalogoak babestutako eraikuntzetan etxebizitza babestuak egiteko eraikuntza, instalazio edo birgaitze-lanetarako.
e) %30erainoko hobaria, lehentasunez zaharberritu beharreko eremuetan eta esku-hartze publikoko planen arloetan txertatutako eraikuntzetan etxebizitza babestuak egiteko eraikuntza, instalazio edo birgaitze-lanetarako.
2. Aurreko apartatuan aipatutako hobarietako bat baino gehiago eskatzen diren kasuetan, hobaririk handiena soilik aplikatuko zaio onuradun den subjektu pasiboari.
3. Hobari bakoitzaren gainerako alderdi substantiboak eta formalak ordenantza fiskalez arautuko dira. Hobari horietako bakoitzari atzeraeraginezko izaera ezartzen ahalko zaio, baina atzeraeragin hori ezin izanen da urtebetetik gorakoa izan foru lege honek indarra hartzen duenetik zenbatzen hasita".
Azken xedapena. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.