(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

10/2026 FORU AGINDUA, URTARRILAREN 23KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ 319 EREDUA ONESTEN BAITA (KONTURA ORDAINTZEA ADUANAZ BESTELAKO GORDAILU-ARAUBIDEA AMAITU ONDOREN EGINDAKO GASOLINA, GASOLIO ETA BIOERREGAIEN ENTREGEI DAGOKIEN BEZA)

BON N.º 22 - 30/01/2026



  I. ERANSKINA. 319 eredua. Aduanaz bestelako gordailuaraubidea amaitu ondoren gasolina, gasolio eta bioerregaien entregengatik exijitu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa (PDFa)


  II. ERANSKINA. Nafarroako Foru Zerga Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez eramandako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregistroliburuen edukiari buruzko zehaztapen teknikoak (PDFa)


Atariko

Tributu Harmonizazioari buruzko apirilaren 2ko 1/2025 Legegintzako Foru Dekretuak aldatu egiten du Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea, xede baitu iruzur fiskala prebenitzea eta haren aurka borrokatzea aduanaz bestelako gordailu-araubidea amaitu ondoren egiten diren gasolina, gasolio eta bioerregai entregen merkatuan.

Hain zuzen ere, 19/1992 Foru Legearen eranskinean hamaikagarren apartatua gehitzen du, zeinak ezartzen baitu zerga gordailuen gordailugile edo titular jakin batzuek berme bat eratu eta mantendu behar dutela nahitaez, ziurtatzeko balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzen dela, zerga gordailuaren araubidea utzi ondoren egiten diren erregaien zergapeko entrega salbuetsi gabeei dagokienez. Berme hori aipatzen du lurralde erkidean Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 37/1992 Foru Legearen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoak.

Bermea bi motatakoa izaten ahal da: Europar Batasunean akreditatutako aseguru etxe batek, kreditu entitate batek edo finantza-erakunde batek emandako abala, edo, bestela, konturako ordainketa bat, aduanaz bestelako gordailu-araubidea amaitu ondorengo zergapeko entrega lotuari eta salbuetsi gabeari dagokion balio erantsiaren gaineko zergarena. Zehazki, konturako ordainketa izanen da balio erantsiaren gaineko zerga-kuotaren %110ekoa, 37/1992 Legearen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan adierazitako inportazioarekin parekatutako eragiketari dagokionez.

Konturako ordainketa, halaber, eginen da bermatutako zerga ordainarazteko eskumena duen zerga-administrazioak ezarritako tokian eta moduan, bai eta ezarritako ereduan ere, bat eginez Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 33. artikuluarekin. Administrazio eskudun bat baino gehiago egonez gero, konturako ordainketa eginen da Hitzarmen Ekonomikoaren 34.7 artikuluaren arabera bermea eman behar duen zerga gordailuaren operadorea edo titularra ikuskatzeko eskumena duen zerga administrazioan, eta administrazioak berak ezarritako terminoetan.

Haren nolakotasuna dela-eta, subjektu pasiboak konturako ordainketaren kenkaria egiten ahalko du balio erantsiaren gaineko zerga jaso (edo aitortu) den likidazio-aldiari dagokion autolikidazioan, ondorengo entregarengatik, edo subjektu pasibo horrek justifikatzen duenean zerga gordailutik erauzi zen produktua erabili duela entrega hori ez den beste erabilera batean.

Nafarroako Foru Ogasunean ordainketa egin ahal izateko, foru agindu honen bidez, batetik, onesten da 319 eredua (Kontura ordaintzea aduanaz bestelako gordailu-araubidea amaitu ondoren egindako gasolina, gasolio eta bioerregaien entregei dagokien BEZa), eta, bestetik, hura aurkezteko baldintzak eta prozedura ezartzen da.

Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.

19/1992 Foru Legearen eranskineko hamaikagarren apartatuko 3.b) eta 4. zenbakiek emandako gaikuntza baliatuta,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Xedea eta aplikazioeremua.

1. Foru agindu honen xedea da Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen eranskineko hamaikagarren apartatuko 3.b) zenbakiak aipatzen duen konturako ordainketaren eredua onestea, bai eta hori aurkezteko baldintzak eta prozedura ezartzea ere.

2. Konturako ordainketaren eredua aplikatzekoa izanen da baldin eta, Hitzarmen Ekonomikoaren 34.7 artikuluarekin bat, Nafarroako Foru Ogasunak eskumena badu bermea eman behar duen zerga gordailuaren operadoreren edo titularraren gaineko ikuskapena egiteko.

2. artikulua. 319 ereduaren onespena eta hori aurkeztu behar dutenak.

1. Onesten da 319 eredua (Kontura ordaintzea aduanaz bestelako gordailu-araubidea amaitu ondoren egindako gasolina, gasolio eta bioerregai entregen BEZa), formatu elektronikokoa. I. eranskin gisa ageri da.

2. Eredua aurkeztu beharko dute Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legearen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan jasotako produktuen azken gordailugileek, baldin eta produktuak zerga gordailutik erauzten badituzte, edo zerga gordailuaren titularrek, baldin eta produktu horien jabeak badira; hori dena, baldin eta ez badira operadore ekonomiko baimenduak edo operadore fidagarriak, eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen eranskineko hamaikagarren apartatuko 3.b) zenbakian adierazitako bermea eman nahi badute.

3. artikulua. 319 eredua aurkezteko eta dirusarrera egiteko epea.

319 eredua aurkeztu beharko da produktuak zerga gordailutik erauzi baino lehen, eta hura aurkeztean guztirako zenbatekoaren konturako benetako ordainketa egin beharko da 8. artikuluan ezarritako terminoetan.

4. artikulua. 319 eredua aurkezteko modua.

319 eredua formatu elektronikoan soilik izanen da eskuragarria eta modu elektronikoan aurkeztu beharko da, Internet bidez, 6. eta 7. artikuluetan azaltzen diren baldintza orokorren eta prozeduraren arabera.

Eredua aurkezten dutenek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen elektroniko hori egiteko behar diren arau teknikoak, Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuak daudenak, Nafarroako Foru Ogasunari dagokion atalean.

5. artikulua. 319 eredua aurkezteko gaikuntza.

Honako hauek aurkezten ahalko dute 319 eredua modu elektronikoan, Internet bidez:

1. Zergapekoek edo, hala dagokionean, haien ordezkariek.

2. Zergen aplikazioan laguntzaile sozialen izaera duten pertsonek edo entitateek, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 90. artikuluan eta ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat (kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen foru agindua, hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste agiri batzuk, eta telematika bidez tramitatzeko tributu zorren ordainketa).

6. artikulua. 319 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko baldintza orokorrak.

319 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, baldintza orokor hauek bete beharko dira:

a) Eredua aurkezten duenak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZa).

b) Aurkezpen elektronikoa egiteko, men eginen zaie Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei, foru agindu horretan arautzen baitira zenbait zerga aitorpen modu telematikoan aurkeztera behartzen duten kasuak.

7. artikulua. 319 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko prozedura.

319 ereduaren aurkezpen elektronikoa egiteko, web inprimakia erabiliz, prozedura hau erabiliko da:

1. 319 eredua aurkezteko tramitera sartu, Nafarroako Gobernuaren web-orrian, Nafarroako Foru Ogasunaren atalean.

2. Web formularioko beharrezko datu guztiak bete.

3. Autolikidazioa bete ondoren, erabili "tramitatu" aukera.

Autolikidazioa zuzen egina bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da autolikidazioa aurkeztu.

Autolikidazioa zuzen egina denean, aurkeztutako autolikidazioari esleitutako zenbakia jakinaraziko du sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, egiaztagiri gisa erabiltzeko.

8. artikulua. 319 ereduaren ordainketa egiteko prozedura.

1. Eredua aurkezteko web zerbitzuak ahalbidetuko du ordainketa telematikoaren bidez autolikidazioaren ondoriozko zerga-zorra ordaintzea, web inprimakia bete ondoren pantailan agertuko diren ordainketarako jarraibideak betez.

Ordainketa egin ondoren, sistemak ordainketa-egiaztagiria inprimatzeko aukera emanen du; egiaztagiriak 9. artikuluan adierazitako datuak jasoko ditu.

2. Ordainketa telematikoa egiteko, Nafarroako Gobernuaren ordainketa-pasabideari atxikitako finantza-erakunde batean irekitako kontu zenbaki bat erabili beharko da nahitaez.

Ordainketa-pasabideari atxikitako finantza entitateen zerrenda hemen kontsultatzen ahal da: https://www.navarra.es/eu/ogasuna/ordaintzeko-egokiak-diren-banku-erakundeak?pageBackId=5792266.

9. artikulua. 319 ereduaren ordainketaegiaztagiria.

319 ereduaren ordainketa-egiaztagirian honako informazio hau jasoko da:

a) Subjektu pasiboaren identifikaziorako datuak: Zerga gordailuaren azken gordailugilearen edo titularraren IFZa, izen-abizenak edo sozietate-izena.

b) Zer produktu duen hizpide, bat eginez Zerga Bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 50.1 artikuluko 1. tarifaren epigrafeekin.

c) Produktuaren bolumena; 15 gradu zentigraduko tenperaturan dagoen produktu kopurua (milaka litrotan) adierazita.

d) Ordaindutako zenbatekoa eta noiz egin zen ordainketa hori.

e) Nafarroako Foru Ogasunak sortutako egiaztapen kode segurua (EKS); egiaztagiriaren benetakotasuna frogatzea ahalbidetuko du.

10. artikulua. Informatika aplikazioa.

Nafarroako Foru Ogasunak informatika aplikazio bat erabiliko du, Zerga Administrazioko Estatu Agentziak sortutakoa, foru agindu honen aplikazio esparruan barne hartutako konturako ordainketak erregistratzeko.

Azken xedapenetako lehena. Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak azaroaren 2an emandako 132/2017 Foru Aginduaren aldaketa (foru agindu horren bidez, zehaztapen normatibo eta tekniko batzuk arautu ziren balio erantsiaren gaineko zergaren erregistro liburuak Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzu telematikoen bidez eramateko modua garatzeko, eta, orobat, tributuen arloko beste arau batzuk aldatu ziren).

Aldaketa hauek egiten dira 132/2017 Foru Aginduan:

Bat. I. eranskina.

132/2017 Foru Aginduaren I. eranskinaren ordez, foru agindu honen II. eranskina erabiliko da.

Bi. II. eranskina, indargabetzea.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta 2026ko otsailaren 1etik aurrera erauzten diren produktuei aplikatuko zaie lehenbiziko aldiz, deusetan galarazi gabe 19/1992 Foru Legearen eranskineko hamaikagarren apartatuko 5. zenbakian xedatutakoa.

I. ERANSKINA. 319 eredua. Aduanaz bestelako gordailu-araubidea amaitu ondoren gasolina, gasolio eta bioerregaien entregengatik exijitu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren konturako ordainketa (PDFa)

I. ERANSKINA

Vínculo a objeto

II. ERANSKINA. Nafarroako Foru Zerga Ogasunaren zerbitzu elektronikoen bidez eramandako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren erregistro-liburuen edukiari buruzko zehaztapen teknikoak (PDFa)

II. ERANSKINA

Vínculo a objeto

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web