8/2026 FORU AGINDUA, URTARRILAREN 23KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITA OPERADORE FIDAGARRIAREN IZAERA AITORTZEKO PROZEDURA, ETA OPERADORE FIDAGARRIEN ERREGISTROA ARAUTZEN BAITA
BON N.º 22 - 30/01/2026
Tributu Harmonizazioari buruzko apirilaren 2ko 1/2025 Legegintzako Foru Dekretuak aldatu egiten du Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legea, xede baitu iruzur fiskala prebenitzea eta haren aurka borrokatzea aduanaz bestelako gordailu-araubidea amaitu ondoren egiten diren gasolina, gasolio eta bioerregai entregen merkatuan.
Hain zuzen ere, 19/1992 Foru Legearen eranskinean hamaikagarren apartatua gehitzen du, zeinak ezartzen baitu zerga gordailuen gordailugile edo titular jakin batzuek berme bat eratu eta mantendu behar dutela nahitaez, ziurtatzeko balio erantsiaren gaineko zerga ordaintzen dela, zerga gordailuaren araubidea utzi ondoren egiten diren erregaien zergapeko entrega salbuetsi gabeei dagokienez. Berme hori aipatzen du lurralde erkideko Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legearen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoak.
Hala ere, berme hori ez da eskatuko baldin eta azken gordailugileari edo, hala badagokio, zerga gordailuaren titularrari aitortu bazaio operadore fidagarria edo operadore ekonomiko baimendua dela, bat etorriz Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritakoarekin, erregelamendu horren bidez ezarri baitzen Batasuneko Aduana Kodea.
Foru agindu honen xedea da arautzea operadore fidagarriaren izaera aitortzeko prozedura, eta sortzea operadore fidagarrien erregistroa, 19/1992 Foru Legearen eranskineko hamaikagarren apartatuko 2.b) zenbakiak aipatzen duena. Erregistro hori, orobat, jasota dago Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 25eko 31/2023 Foru Aginduan araututako alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuak zerga gordailuen erauzleen erregistroan, eta haren parte da.
Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.
19/1992 Foru Legearen eranskineko hamaikagarren apartatuko 2.b) zenbakiak emandako gaikuntza baliatuta,
AGINTZEN DUT:
Foru agindu honen xedea da operadore fidagarrien izaera aitortzeko prozedura zehaztea, eta arautzea operadore fidagarrien erregistro baten sorrera eta mantentzea, bete beharrez Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen eranskineko hamaikagarren apartatuko 2.b) zenbakia.
2. artikulua. Operadore fidagarrien erregistroa.
1. Operadore fidagarrien erregistroa sortzen da; Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 25eko 31/2023 Foru Aginduan araututako alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuak zerga gordailuen erauzleen erregistroan jasota dago, eta haren parte da.
Bi erregistroak independenteak dira, eta bereizita kontsultatzen ahalko dira. Operadore fidagarrien erregistroan sartzeak ezinbestean dakar berekin operadorea produktuak zerga gordailuen erauzleen erregistroan egotea, operadore fidagarri izateko eskatzen diren baldintzetako bat baita hura; aldiz, produktuak zerga gordailuetatik erauzten dituztenen erregistroan sartutako operadore batek ez ditu zertan bete exijitzen diren gainerako baldintzak, eta, beraz, gerta daiteke ez egotea sartuta operadore fidagarrien erregistroan.
2. Erregistroa osatuko dute operadore fidagarriaren izaera foru agindu honetan xedatutakoaren arabera lortzen duten pertsonek edo entitateek.
3. Operadore fidagarrien erregistroko kide izateari buruzko kontsulta egiten ahalko dute hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetan sartzen diren produktuen zerga gordailuen titularrek, une oro, bide elektronikoz.
Erregistro horretan operadoreen egoera kontsultatzeko beharrezkoak diren sistema teknikoak hornituko ditu zerga administrazioak.
3. artikulua. Operadore fidagarriaren izaera lortzeko baldintzak.
1. Operadore fidagarri izateko, bete beharko dira 19/1992 Foru Legearen eranskineko hamaikagarren apartatuko 2. zenbakiko b) letran jasotako baldintzak. Honako hauek dira:
a) Inskribatuta egotea zerga gordailuen erauzleen erregistroan,
b) Aurreko urte naturalean erauzitakoaren bolumena gutxienez 1.000 milioi litro gasolina, gasolio eta bioerregai izatea, erregai gisa erabiltzekoak (erregaiok Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legearen 19.5 artikuluko hirugarren paragrafoan aipatzen dira),
c) Aurreko 3 urteetan handizkako operadore gisa eragiketak egin izana, eta
d) Finantza-kaudimeneko baldintzak betetzea, ezarrita daudenak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko urriaren 9ko 952/2013 (EB) Erregelamenduaren 39. artikuluan eta Batzordearen 2015eko azaroaren 24ko 2015/2447 (EB) Betearazpen Erregelamenduaren 26. artikuluan.
2. Baldintza horiek betetzen direla egiaztatzeko agiriei dagokienez, honako hau ezartzen da:
a) Ez da beharrezkoa izanen inolako dokumentaziorik aurkeztea Zerga gordailuen erauzleen erregistroko inskripzioa frogatzeko, Nafarroako Foru Ogasunean egiaztatuko baita.
b) Egiaztatzeko 1.b) apartatuan jasotako baldintza betetzen dela, Nafarroako Foru Ogasunak eskatzaileei errekeritzen ahalko die xehetasuna aurkezteko aurreko urte naturalean egindako inportazioekin parekatutako eragiketen bolumenei buruz (litro bolumena 15.ºC-tan), 37/1992 Legearen 19.5 artikuluaren hirugarren paragrafoan adierazitako produktuetako bakoitzeko.
c) Nafarroako Foru Ogasunak honako inguruabar hauek egiaztatuko ditu 1.c) apartatuan jasotako baldintzari dagokionez:
- Eskatzailea inskribatuta dagoela Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen arabera argitaratzen duen petrolio-produktuen handizkako operadoreen zerrendan,
- Inskripzioak 3 urtetik gorako antzinatasuna duela, eta
- Zerga administrazioaren esku dauden erregistro fiskaletan aldi horretan handizkako operadore gisa eragiketak egin dituela egiaztatzen duten datuak daudela.
d) Egiaztatzeko 1.d) apartatuan jasotako baldintza betetzen dela, zerga administrazioak dagokion egiaztapena egin ahal izateko behar den justifikazio-dokumentazioa aurkeztu beharko dute eskatzaileek, hala nola ikuskatutako finantza-egoerak, saldoen banku-ziurtagiriak edo fakturazio-datuak.
4. artikulua. Operadore fidagarri izatea. Alta eta baja.
1. Operadore fidagarri izateko eskaera Nafarroako Foru Ogasunean aurkeztu beharko da, baldin eta hori bada eskatzailearen ikuskatzaile izateko eskumena duen zerga administrazioa, bat etorriz Hitzarmen Ekonomikoaren 34. artikuluko 7. arauarekin.
2. Alta eta baja eskaerak elektronikoki aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian horretarako gaitutako tramitearen bidez; tramite horretan atxiki beharko da behar den dokumentazioa.
3. Inskripzioaren beharra dakarten eragiketak egin aurretik aurkeztu beharko da altaren eskaera, eta 3.2 artikuluaren arabera beharrezkoa den dokumentazioarekin batera aurkeztu beharko da.
4. Operadore fidagarrien izaera aitortua duen pertsona edo entitateak 3.1 artikuluan jasotako baldintzaren bat betetzeari uzten badio, baja eskaera aurkeztu beharko du operadore fidagarrien erregistroan, baldintza betetzeari utzi eta 30 eguneko epean. Eskaeran adierazi beharko du noiz utzi dion baldintza hori betetzeari, eta egun hori izanen da bajaren data.
5. artikulua. Kautelazko baja eta ofiziozko zuzenketa.
1. Nafarroako Foru Ogasunak operadore fidagarrien erregistroan kautelazko baja ematea erabakitzen ahalko du, erabaki arrazoitu bidez, 3.1 artikuluan jasotako baldintzetako edozeinen ez-betetzea gertatzen den kasuetan.
Kautelazko baja ukituari jakinaraziko zaio, arrazoiak espresuki adierazita. Baja eragin zuten arrazoiak desagertzen badira, kautelazko neurrian atzera eginen da.
Behin betiko baja ere bilakatzen ahalko da, aurretik interesdunari entzunda.
2. Operadore fidagarrien erregistroan ageri diren datuak ofizioz zuzenduko dira zerga kudeaketako edozein espedientetan emandako ebazpen batek hala xedatzen duenean, aurretik interesdunari entzunda.
Hala ere, zilegi izanen da entzunaldiaren izapidea ez egitea Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 86. artikuluan aurreikusten diren kasuetan.
Ebazpena beti arrazoituko da, kontuan hartu diren gertaeren eta zuzenbideko oinarrien aipamen laburra eginez.
6. artikulua. Erregistroan sartzea eta bertatik kanpo uztea.
1. Organo eskudunak hartuko du kasuan kasuko pertsona edo entitatea operadore fidagarrien erregistroan sartu edo bertatik kanpo uzteko erabakia, zeina eraginkorra izanen baita interesdunari jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Jakinarazpena eginen da bat etorriz Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 99. artikuluan eta Nafarroako Foru Ogasunaren eremuan jakinarazpen elektronikoa arautzen duen abenduaren 18ko 148/2017 Foru Aginduan xedatutakoarekin.
2. Alta eskaera aurkeztu eta 3 hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazi ez bada, ezetsitzat jotzen ahalko da administrazio isiltasunez.
3. Prozedurari amaiera ematen dion erabakiaren edo ustezko ezespen-egintzaren aurka berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa jartzen ahalko da, Tributuei buruzko abenduaren 13ko 13/2000 Lege Orokorrean ezarritakoarekin bat.
Xedapen gehigarri bakarra. Datu pertsonalen tratamendua.
Zergapekoak bere tributu eskubide eta betebeharrak betetzean emandako datu pertsonalak tributu sistema aplikatzeko erabiliko dira, eta Nafarroako Foru Ogasuna izanen da datu horien tratamenduaren arduraduna. Tratamendua bat etorriko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin. Nafarroako Gobernuaren web-orrian emanen da Erregelamenduaren 13. artikuluak exijitzen duen informazioa, balizko tratamenduei eta horien gaineko eskubideen erabilerari buruzkoa.
Xedapen iragankor bakarra. Bermea emateko betebeharra, foru aginduak indarra hartu eta hilabeteko epean.
1. Foru agindu honek indarra hartu eta hilabeteko epean, produktuen azken gordailugileak, edo, produktuen jabea izanez gero, gordailuaren titularrak, ez du eman beharko 19/1992 Foru Legearen eranskineko hamaikagarren apartatuko 1 zenbakian eskatutako bermea. Hilabete horretan ere, gordailugileak edo, hala badagokio, zerga gordailuaren titularrak, operadore fidagarriaren izaera aitortzeko eskatzen ahalko du foru agindu honetan ezarritako terminoetan.
2. Araubide iragankor hori ez da aplikatuko operadore fidagarriaren izaera aitortzeko ebazpena eman eta jakinarazten denean, eta, nolanahi ere, foru agindu hau indarrean jarri eta hurrengo hilabetea igaro ondoren.
3. Epe iragankorra amaitzen bada aurreko epea igaro delako operadore fidagarriaren izaera aitortzeko ebazpena eman eta jakinarazi gabe, balio erantsiaren gaineko zergaren ordainketa bermatu beharko da, produktuen azken gordailugileak, edo gordailuaren titularrak, produktuen jabea bada, gerora eginen dituen ondasun horien zergapeko entrega salbuetsi gabeei dagokienez.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauindargabetzea.
Indargabetu egiten da Alkoholaren eta edari eratorrien gaineko edo hidrokarburoen gaineko zergen eremu objektiboetako produktuak zerga gordailuen erauzleen erregistroa sortzen duen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 25eko 31/2023 Foru Aginduaren 4. artikuluko 3. apartatua.
Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.