117/2025 FORU AGINDUA, AZAROAREN 28KOA, ZORRAK GERORATZEARI ETA ZATIKATZEARI BURUZKO ARAUDIA GARATZEN DUENA ETA NAFARROAKO FORU OGASUNARI ESLEITUTAKO DIRU-BILKETAKO ESKUMENEN ESPARRUAN HORIEN ESKAERA EGITEKO EREDUAK (C06 ETA C08) ONESTEN DITUENA
BON N.º 256 - 26/12/2025
I. ERANSKINA. C6 EREDUA
II. ERANSKINA. C8 EREDUA
III. ERANSKINA. 155. EREDUA
Ordainketen geroratzeen eta zatikatzeen erregulazioan (aurrerantzean, "geroratze" terminoa baino ez da aipatuko, bi aukeretarako arau berberak aplikatzen direlako), aldaketa ugari egin dira Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 26ko 20/2024 Foru Legea onetsi zenetik, zeinaren bidez Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrari 52 bis artikulua gehitu baitzitzaion.
Bestalde, berriki onetsi da Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduan aldaketa bat egitea, ordainketen geroratzeak arautzeari buruzkoa.
Bi arau horietan behin eta berriz aipatzen da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak zenbait gai arautzeko eta zehazteko duen esku-hartzea, honako hauek, besteak beste: zein kasutan geroratu daitezkeen atxikipenengatik, konturako sarrerengatik, ordainketa zatikatuengatik edo konturako ordainketengatik sortzen diren zorrak; geroratu daitekeen zorraren gutxieneko zenbateko osoa; geroratzeko bermeak emateko betebeharraren salbuespenak; geroratzeko legez aurreikusitako bermeak beste batzuekin ordeztu daitezkeen kasuak; ordaintzeke dauden zorrak geroratzeko espedienteen gehieneko kopurua; eta gehienez zenbat geroratze-eskaera egin daitezkeen epe jakin batean, hurrengoak ukatuko baitira.
Foru agindu honek alderdi horiek osatzen ditu, eta, gainera, arau orokor batzuk ezartzen ditu eskaerak kudeatzeko, eta eskaeren gutxieneko edukia finkatzen du, bai eta zorren geroratzea borondatezko epean edo epe exekutiboan eskatzeko aurreikusitako ereduak ere. Horrela, araudi oso bat lortu da, segurtasun juridiko handiagoa emanen diena ordaintzeko salbuespenezko tresna hori -hau da, geroratzea- erabiltzen duten zergapekoei.
Izan ere, lehenik eta behin, eskaerak aurkezteko arauak ezartzen dira, eta argi uzten da beti bereizita aurkeztu behar direla zerga-izaera duten geroratze-eskaerak eta zerga-izaera ez dutenak. Exijitzen da, orobat, borondatezko epean dauden zorrak eta epe exekutiboan daudenak bereiztea.
Bereizketa hori egin beharraren oinarria da lege-araudiak berak araubide juridiko desberdina ematen diola zor edo zor-multzo bakoitzari, horiek bereizteko erabilitako aldagai bakoitzaren arabera. Horregatik, 1. artikulua geroratzeei eragiten dieten gainerako arauen laburpena eta ondorioa da nolabait.
2. artikuluan, geroratze-eskaeraren edukia finkatzen da, eta ezartzen da eskaera aurkezteko onartutako ereduak erabili behar direla, eta, horrekin batera, emandako bermeari dagozkion dokumentuak aurkeztu behar direla, edo dispentsa justifikatzen duen dokumentazioa.
Ondoren, eman beharreko bermeak arautzen dira, edo berme subsidiarioak, lehenengoak aurkeztu ezin badira. Horretarako ere, behar diren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. 3. artikulu horretan bertan beste zenbait alderdi arautzen dira, hala nola bermearekin estali beharreko zenbatekoa, nahikotasun ekonomikoa eta juridikoa, bermea noiz jarri behar den, eta bermearekin lotutako gainerako alderdiak.
Jarraian, arautzen da bermeen dispentsa, zer kasutan jardun dezakeen eta, hala badagokio, zer dokumentazio aurkeztu behar den dispentsa eskatu ahal izateko.
5. artikuluan, geroratzea eskatu ahal izateko exijitzen diren zorraren gutxieneko zenbatekoak ezartzen dira. Zenbateko horietara iristen ez diren eskaerak ez dira onartuko, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean xedatutakoaren arabera.
Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren garapen gisa ere (52 bis.2.b artikulua), 6. artikuluan ezartzen da zein kasutan onar daitezkeen, salbuespen gisa, atxikipenengatiko, konturako sarrerengatiko, ordainketa zatikatuengatiko edo konturako ordainketengatiko zorrak barne hartzen dituzten geroratze-eskaerak. Horretarako, foru aginduaren 4.1.a) artikuluan bermearen dispentsarako ezarrita dauden baldintzetara jo behar da, hau da: geroratze-eskaerak hilean behin ordaintzekoak izatea, 10.000 eurotik gorakoak ez izatea eta ordaintzeko epea 12 hilabetetik gorakoa ez izatea.
Ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren 51.3 artikuluaren garapen gisa, alde batetik, 7. artikuluan, ordaintzeko dauden geroratze-espedienteen gehieneko kopurua ezartzen da: lau espediente, hain zuzen. Kopuru horretatik gora, borondatezko epean zorra geroratzeko eskaera ukatuko da.
Bestetik, 8. artikuluan, zorrak borondatezko epean geroratzeko eskaeren kasuan, finkatzen da gehienez ere 6 geroratze-eskaera aurkeztu daitezkeela borondatezko epean eskaera berri bat aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan. Kopuru horretatik gora, eskaera ukatuko da. Arau honen helburua da geroratzeak ez erabiltzea finantzaketa-tresna arrunt gisa.
Bi muga horietako edozein gainditzeak diruzaintzako arazoak iragankorrak izatea baztertzen du, eta egiturazko zailtasunak erakusten ditu, edo abusua geroratzearen figura erabiltzean; izan ere, Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren arabera (2012ko ekainaren 19ko AGEa), geroratzea zerga-zorrak ordaintzeko modu arruntaren salbuespena da; izan ere, oro har, ordainketa egin behar da tributu bakoitzaren erregulazioak ezartzen dituen epeetan.
Azkenik, 9. artikuluan ezartzen da ezen, epe exekutiboan dauden zorrak geroratzea eskatzen denean, zor horien ehuneko 30 ordaindu behar dela aldez aurretik, baldin eta zor horiek lehendik geroratuak egon badira eta finkatutako ordainketa bete ez bada. Eta 10. artikuluan, geroratze-eskaeraren funtsezko aldaketa bat gertatu dela ondorioztatzeko kasuak ezartzen dira, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 52 bis.ñ) artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
Azken xedapenean argitzen da 8. artikuluan arautzen den geroratze-eskaeren gehieneko kopurua 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dela, hamabi hilabeteko erreferentzia-aldia 2026ko urtarrilaren 1ean has dadin. Horrela saihesten da gerora sortutako egoera baten ondorioz ukatzea geroratzea, eskaerak aurkezteko unean ezezaguna den kausa baten ondorioz.
Foru agindu honen bidez garatzen den erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, goian adierazitako arrazoi guztiengatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritako printzipio hauek ere betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.
Horregatik guztiagatik, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren aipatutako artikuluetan eta Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamenduaren aipatutako artikulu horietan ere ezarritako gaikuntzak baliatuz,
AGINTZEN DUT:
1. artikulua. Aurkezpen arauak.
1. Geroratze-eskaerak bereizita aurkeztu beharko dira, zorrak zerga-izaera duen edo ez duen.
2. Gainera, geroratze-eskaerak bereizita aurkeztu beharko dira, zorra borondatezko epean dagoen (kasu horretan, C06 eredua erabiliko da) edo exekuzio epean dagoen (kasu horretan, C08 eredua erabiliko da).
3. Aurreko apartatuetan xedatutakoa betetzen ez duten eskaerak aurkezten badira, Zerga Administrazioak ofizioz izapidetuko ditu apartatu horietan ezarritakoaren arabera.
4. Borondatez ordaintzeko epean dauden zorrak ezin izanen dira geroratze-eskaera berean metatu, salbu eta zorrak zerga eta kontzeptu berarengatik badira.
Ordaintzeko epe exekutiboan dauden zorrak, ordea, geroratze-eskaera berean metatu beharko dira, nahiz eta zerga eta kontzeptu desberdinei buruzkoak izan.
2. artikulua. Geroratzeeskaera.
1. Nafarroako Foru Ogasunak kudeatzen dituen zorren ordainketa geroratzeko eskaera Nafarroako Foru Ogasunari bidaliko zaio, foru agindu honetan onetsitako ereduak erabiliz.
2. Eskaerak informazio hau jaso beharko du:
a) Eskatzailearen izen-deiturak, sozietate-izena edo izena eta identifikazio fiskaleko zenbakia.
b) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena bere egoera ekonomiko-finantzarioak eragotzi egiten diola, aldi baterako, ordainketa ezarritako epeetan egitea.
c) Geroratzeko eskatzen den zorra (zerga-izaera duen edo ez adierazita), kontzeptua, zenbatekoa, aldia eta urtea.
d) Ordaintzeko proposamena, epea eta aldizkakotasuna adierazita.
e) Banku-helbideratzearen datuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 15eko 51/2024 Foru Aginduari jarraikiz, haren bidez hein batean garatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.
Aurreko letretan adierazitako daturen batean akatsik dagoela ikusten bada, interesdunari jakinaraziko zaio, eta ohartaraziko zaio ezen, jakinarazpena egin eta hamar eguneko epean akatsak zuzentzen ez baditu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eskaera ez-aurkeztutzat hartuko dela eta artxibatu eginen dela, beste izapiderik gabe. Kasu horietan, zorra hamabost eguneko epean ordaindu beharko da, akats horiek jakinarazten diren egunetik zenbatzen hasita, deusetan galarazi gabe egun horretara arte sortutako berandutze-interesak likidatzea. Epe hori igaro eta zorra ordaindu ez bada, premiamendu-prozeduraren bidez eskatuko da.
3. Eskaerarekin batera, hala badagokio, eskaintzen den bermea adierazi beharko da, 3. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa erantsiz.
Bermearen dispentsa eskatuz gero, 4. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko da eskabidearekin batera.
1. Eskatzailea administrazio publiko bat denean, ez da bermerik eskatuko.
2. Geroratzeko eskaerarekin batera, kreditu-entitate baten edo elkar bermatzeko sozietate baten abal solidarioaren jatorrizkoa edo kopia telematiko fede-emailea aurkeztu behar da, edo kauzio-aseguruaren ziurtagiria, deusetan galarazi gabe araudian dispentsa baimentzeko berariaz jasota dauden kasuak.
3. 2. apartatuan aipatutako bermeak ematea ezinezkoa dela behar bezala justifikatzen bada, honako berme alternatibo hauetako bat eskaintzen ahalko da, eta berme horiek nahikoak diren eta onartzen diren ala ez organo eskudunaren balorazioaren mende geratuko da:
a) Hipoteka.
b) Bahia.
c) Enbargoaren prebentziozko idatzoharra, erregistro publikoan erregistratua eta balio nahikoa duten ondasunen gainekoa, betiere indarrean baldin badago eta zor osoa estaltzen badu.
d) Organo eskudunak nahikotzat jotzen duen beste edozein.
4. 3. apartatuan adierazitako bermeak onartzeko, eskabidearekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Zergadunarekin jardun ohi duten kreditu-entitateek jaulkitako abala lortzeko ezintasunaren frogagiria, eskaera aurkeztu aurreko hilabetearen barruan datatua.
b) Berme gisa eskainitako ondasunaren identifikazio osoa, titulartasuna adierazita. Ondasunak edo eskubideak erregistro publiko batean inskriba daitezkeenean, kasuan kasuko erregistroak emandako ohar soil baten bidez egin beharko da hori, eta oharra eskaera aurkeztu aurreko hilabetearen barruan datatua izan beharko da.
c) Bermean eskainitako ondasunen balorazioa, enpresa edo profesional espezializatu eta independenteek egina. Balorazio horrek sei hilabeteko antzinatasuna izanen du gehienez. Ondasun mota jakin baten balorazioan espezializatutako enpresa edo profesionalen erregistro bat dagoenean, balorazioa, ahal dela, erregistro horretan inskribatutako enpresa edo profesional batek egin beharko du.
Eskainitako ondasun higiezinen balorazioa egin denean merkatuko batez besteko prezioak zehazteko mekanismo publikoen bidez, balorazio hori jasotzen duen egiaztagiria aurkezten ahalko da aurreko paragrafoan aipatutako balorazioaren ordez.
d) Ondasun horien gaineko kargen ziurtagiri eguneratua, non adieraziko baita eskaera aurkezten den egunean karga horiek zenbatekoak diren, dagokion hartzekodunak egina eskaera aurkezten den egunaren aurreko hilabetearen barruan, bai eta ondasunaren balioari eragiten dioten kargak, errentamenduak edo inguruabarrak ere, egun horretan indarrean daudenak.
e) Hirugarren baten jabetzako ondasunen kasuan edo titulartasun esklusiboa zordunarena ez den ondasunen kasuan: hirugarren titularraren edo titularkidearen eskaintza sinesgarria, bermea eratzeko baimena emanez, ondasun horren titulartasun osoa sar dadin.
5. Bermeak honako hauek estali beharko ditu:
a) Eskaera borondatezko epean aurkezten bada, zorraren zenbatekoa, geroratzeak sortzen dituen berandutze-interesak eta bi kontzeptuen baturaren gaineko ehuneko 20 gehigarria.
b) Eskaera exekuzio epean aurkezten bada, zorraren zenbatekoa, premiamendu-errekargu arrunta barne, eta geroratzeak sortzen dituen berandutze-interesak, bai eta bi kontzeptuen baturaren gaineko ehuneko 5 gehigarria ere.
6. Bermearen nahikotasun ekonomikoa eta juridikoa diru-bilketarako organoek aztertuko dute, eta, horretarako, txosten teknikoak eskatzen ahalko dituzte. Eskaera ebazteko eskumena duen organoari dagokio bermea onartzea.
7. 2. apartatuan adierazitako bermeak geroratze-eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira, eta, beraz, aldez aurretik formalizatu beharko dira.
3. apartatuan adierazitako bermeak, baldin eta erregistroan inskribatu behar badira, bi hilabeteko epean formalizatu beharko dira, geroratzea emateko erabakia jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Formalizazio hori egiaztatzeko, bermea eratzeko agiria aurkeztu beharko da Nafarroako Foru Ogasunean, dagokion erregistroan behar bezala inskribatua. Epe barruan formalizatzen ez bada, automatikoki deuseztatuko da emandako geroratzea.
8. Bermeak ofizioz askatuko dira, bermatutako zorra eta sortutako interesak osorik ordaindu direla egiaztatu ondoren. Askapen hori interesdunari behar den administrazio agiria emanez eginen da.
9. Bermea eratzeak, formalizatzeak, betearazteak edo deuseztatzeak eragindako gastuak eta tributuak interesdunaren kontura izanen dira beti.
4. artikulua. Bermeen dispentsa.
1. Hilero ordaintzeko aldizkakotasuna duten geroratze-eskaeretan ez da bermerik eskatuko, baldin eta zenbateko hauek gainditzen ez badituzte eta honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) 10.000 euro, eta epea hamabi hilekotik gorakoa ez izatea.
b) 200.000 euro, epea hogeita lau hilekotik gorakoa ez izatea eta, eskaera aurkeztearekin batera, geroratzea eskatzen den zorraren ehuneko 30eko konturako ordainketa egitea.
Premiamendu-prozeduran eskudirutan edo konpentsazio bidez egindako kobrantzak ez dira konturako ordainketaren zati gisa zenbatuko.
2. Salbuespen gisa, eta interesdunak aldez aurretik eskatuta, geroratzea onartzeko eskumena duen organoak berme guztiak edo zati bat jartzeko dispentsa ematen ahalko du, honako inguruabar hauek gertatzen direnean aldi berean:
a) Zordunak zorra bermatzeko adina ondasun edo eskubide ez izatea.
b) Zordunaren ondarearen exekuzioak eragin nabarmena izatea bere jarduera ekonomikoaren produkzio-ahalmenari eta enplegu-mailari eusteko, edo kalte larriak eragitea Nafarroako Ogasun Publikoaren interesei.
3. 3. apartatuan adierazitako bermeen dispentsa eskatzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira geroratze-eskaerarekin batera:
a) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez duela nahikoa ondasun edo eskubiderik, edo ez duela bermean eskainitakoez bestelako ondasunik edo eskubiderik, horiek nahikoak ez badira.
b) Zergadunarekin jardun ohi duen kreditu-entitateak jaulkitako abala lortzeko ezintasunaren frogagiria, eskaera aurkeztu aurreko hilabetearen barruan datatua.
c) Azken hiru ekitaldietako balantzea eta galera-irabazien kontua, eta, hala badagokio, auditoretza-txostena, horretara behartuta egonez gero.
d) Bideragarritasun plana, halakorik badago, eta ekonomia, finantza edo ondare arloan garrantzia duen beste edozein informazio, egokitzat jotzen bada.
e) Enplegu mailari buruzko informazioa, eta geroratzea ez onartzeak nolako eragina izan dezakeen arlo horretan.
5. Bermea jartzeko dispentsa baten onuradunak Nafarroako Foru Ogasuneko Diru-bilketa Zerbitzuari jakinarazi beharko dio geroratzea indarrean dagoen bitartean zorra bermatzea ahalbidetu dezakeen edozein aldaketa ekonomiko edo ondarezko. Zerbitzu horretako zuzendariak zehaztuko du jarri beharreko bermea, zeina bi hilabeteko epean formalizatu beharko baita, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Bermea jartzen ez bada edo ekonomia- edo ondare-aldaketa jakinarazten ez bada, geroratzea deuseztatuko da.
5. artikulua. Gutxieneko zenbatekoa.
Geroratu beharreko zenbatekoa ezin izanen da 300 eurotik beherakoa izan pertsona fisikoen kasuan, eta 900 eurotik beherakoa pertsona juridikoen edo nortasun juridikorik gabeko entitateen kasuan.
6. artikulua. Atxikipenengatik, konturako sarrerengatik, ordainketa zatikatuengatik edo konturako ordainketengatik sortzen diren zorrak geroratzea.
Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 52 bis 2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, atxikipenengatik, konturako sarrerengatik, ordainketa zatikatuengatik edo konturako ordainketengatik sortutako zorrak barne hartzen dituzten geroratze-eskaerak geroratzen ahalko dira, bakar-bakarrik, 4.1.a) artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.
7. artikulua. Ordaintzeko dauden geroratzeen gehieneko kopurua.
Zorrak borondatezko epean geroratzeko eskaeren kasuan, ordaintzeko dauden geroratzeen espedienteen kopurua ezin izanen da lau baino handiagoa izan, salbu eta geroratzeko eskatzen diren zorrak bermatzen badira, edo aurrekoak bermatuak badaude, soil-soilik, 3.2 eta 3.3.a) artikuluetan adierazitako berme moten bidez.
Oraindik ordaintzeko dauden geroratzeak izanik beste geroratzeren bat eskatuz gero, eta horiek guztiak baturik gainditzen bada aurreko paragrafoan ezarritako gehieneko kopurua, eskaerak banakatu ondoren foru agindu honen 1.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, honako irizpide hauek aplikatuko zaizkie izapidetzeko:
1. Lehenik eta behin, epe exekutiboan dauden zorren eskaerak izapidetuko dira.
2. Ordainketa-epe berean dauden zorren kasuan, aurkeztu diren hurrenkerari jarraikiz ebatziko dira.
8. artikulua. Aurkeztu daitekeen gehieneko eskaera kopurua.
Zorrak borondatezko epean geroratzeko eskaeren kasuan, gehienez 6 geroratze-eskaera aurkez daitezke borondatezko epean eskaera berri bat aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan.
9. artikulua. Epe exekutiboan dauden zorrak, aurretik geroratu direnak.
Epe exekutiboan geroratu beharreko zorren artean epe horretan lehendik geroratutako zorrak badaude, eta zor horien geroratzea kitatu bada, zorra aurkeztearekin batera konturako ordainketa bat egitea eskatuko da, hain zuzen ere aurretik kitatu den geroratzearen xedeko zorren ehuneko 30ekoa.
Zenbateko horiek eskatuko dira, halaber, bermea jartzea exijitzen den geroratzeetan.
Geroratze-eskaeran sartzen diren gainerako zorrei dagokienez, halakorik badago, foru agindu honetan ezarritakoa aplikatuko da.
10. artikulua. Eskaeraren aldaketa funtsezkoa.
Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 52 bis ñ) letran xedatutakoaren ondorioetarako, besteak beste honako kasu hauetan ulertuko da funtsezko aldaketa bat dagoela geroratzeko bigarren eskaeran edo ondorengoetan:
a) Eskatutako geroratzea ukatu ondoren egiturazko zailtasun ekonomiko-finantzarioengatik, egiaztatzen bada zailtasun horiek desagertu direla.
b) Eskatutako geroratzea ukatu ondoren nahikotasun juridikorik ez dagoelako eta/edo eskainitako bermeak nahikotasun ekonomikorik ez duelako, nahikotasun ekonomiko eta juridikoaren baldintza betetzen duen beste berme bat aurkezten bada.
11. artikulua. C06, C08 eta 155 ereduak onestea.
1. C06 eredua onesten da, zeina zorrak borondatezko epean geroratzeko erabiliko baita. Eredu horren edukia I. eranskinean jaso da.
2. C08 eredua onesten da, zeina zorrak epe exekutiboan geroratzeko erabiliko baita. Eredu horren edukia II. eranskinean jaso da.
3. 155 eredua onesten da, zeina erabiliko baita aurretik onartutako geroratzeak aldez aurretik kitatzeko ordainketa-gutuna eskatzeko. Eredu horren edukia III. eranskinean jaso da.
Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren geroratze-eskaeretan izanen du eragina.
Aurrekoa gorabehera, 8. artikuluan xedatutakoa 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren eskaerei aplikatuko zaie.
I. ERANSKINA. C6 EREDUA
II. ERANSKINA. C8 EREDUA
III. ERANSKINA. 155. EREDUA
ORDAINKETA-GUTUNAREN ESKAERA, AURRETIK ONARTUTAKO GERORATZEAK ALDEZ AURRETIK KITATZEKO
Izen-abizenak/ Sozietatearen izena edo izena:
................................................................................................................................................................
IFZa (identifikazio fiskaleko zenbakia):
....................................................................
GERORATZEAK:
[ ] Bide arruntean indarrean dauden geroratzeak.
[ ] Exekuzio bidean indarrean dauden geroratzeak.