15/2025 FORU LEGEA, AZAROAREN 27KOA, NAFARROAN ETXEBIZITZA IZATEKO ESKUBIDEARI BURUZKO MAIATZAREN 10EKO 10/2010 FORU LEGEA ALDATZEN DUENA
BON N.º 247 - 12/12/2025; corr. err., BON 3/03/2026
9/2025 Foru Legea, ekainaren 30ekoa, Nafarroan etxebizitza ordainerraza izateko eskubideari buruzkoa, zeinaren bidez aldatzen baitira Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena, aldaketa-eragile itzela izan da Nafarroan etxebizitza babestuak esleitzeko eredu eta araubidearentzat, eta munta handiko hobekuntzak ekarri ditu etxebizitza egoki eta ordainerraz bat eskuratzeari dagokionez.
Hala ere, foru lege horrek indarra hartu ondoren, lausotasun tekniko batzuk aurkitu zaizkio, arauaren funtsezko edukia aldatzen ez badute ere haren aplikazio bete-betea zaildu egiten dutenak, batez ere etxebizitza babestuak esleitzeko prozeduren izapidetzeari dagokionez.
Aldaketa honen asmoa da, horrenbestez, desdoitasun tekniko txiki horiek zuzentzea eta, halatan, esleipen-sistema berriaren inplementazio egokia erraztea, berme administratibo nahiz informatiko erabatekoarekin.
Halaber, zenbait neurri jasotzen dira, etxebizitzaren funtzio soziala indartzeko eta badauden etxebizitzen erabilera bidezkoagoa eta efizienteagoa bermatzeko. Horrenbestez, zehaztasun handiagoz zedarritzen da etxebizitza hutsak definitzeko sistema, eta errentan emanaraztearen figura apailatzen da etxebizitza huts deklaratuak izan eta hutsik urtebete baino gehiagoz egon diren etxebizitzentzat.
Bestalde, foru legearen hogeita seigarren xedapen gehigarria kentzen da, haren aplikazioak duen zuzenbidezko zailtasunagatik; izan ere, jotzen da haren edukia ez zaiola behar bezala egokitzen Parlamentuaren legegintza-jardunari. Haren ordez, hogeita zazpigarren xedapen iragankorra txertatzen da, zeinak lankidetzazko etxebizitza jasotzen baitu dauden etxebizitzak eskuratu, erabili eta kudeatzeko modu berri bezala, oinarri harturik elkarlanean, jabetza kolektiboan eta jabetza indibidualeko araubidearen ordezkotzat jotako erabilera-eskubidean. Aurreikuspen horren helburu nagusia da etxebizitza-modalitate horrek araubide bat izan dezala, jadanik badagoen araudi bat esleituz horri, zuzenbide-hutsunerik ez dadin egon harik eta modalitate horren garapen integrala eginen duen berariazko araudi bat onesten den arte.
Azkenik, hogeita hamalaugarren xedapen gehigarri berria eransten zaio Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeari, xedetzat harturik despopulatze-arriskuan dauden udalerrietako birgaikuntzei bultzada ematea. Dirulaguntzak eta laguntza publikoak foru agindu bitartez indartzeko aukera ezartzen da, populazioaren finkapenari laguntzeko eta landa-ingurunearen biziberritzea sustatzeko.
Artikulu bakarra. Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legea aldatzea.
Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeari honako aldaketa hauek egiten zaizkio:
Bat. Aldatu egiten dira 18. artikuluko 1. apartatuko a) eta b) letrak. Honela gelditzen dira idatzita:
"a) Jomuga diren pertsonen familia-dirusarrera ponderatuak txikiagoak izatea ERREGEROSNA-Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunaren Adierazlea bider 4,5 baino.
Errentamendu-araubideko etxebizitzen kasuan, jomuga diren pertsonen familia-dirusarrera ponderatuak egon beharko dira 5.000 eurotik ERREGEROSNA-Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunaren Adierazlea bider 2,5erako tartean.
Errentamendu ordainerrazeko araubidekoak diren etxebizitzen kasuan, jomuga diren pertsonen familia-dirusarrera ponderatuak handiagoak izan beharko dira ERREGEROSNA-Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunaren Adierazlea bider 2,5 baino, eta txikiagoak adierazle hori bider 4,5 baino.
b) Jomuga diren pertsonen gutxieneko diru-sarrerak 19.000 eurokoak izatea jabetza-araubidean eta erabilera-lagapeneko araubidean".
Bi. 25. bis artikuluaren 1. apartatua kentzen da.
Hiru. 26. artikuluaren h) eta i) letrak aldatzen dira. Hona haien testu berriak:
"h) Hala badagokio, sustapena kokatuta dagoen udalerrian erroldatuta egonik udalerri horretan etenik gabe egiazki bizitzen hiru urte gutxienez eman dutenak. Babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, horiek sustatuta daudenean udalaren titulartasuneko lurzoruetan edo sozietate publiko batek lehenago udalaren titulartasunekoak izan eta helburu honekin eskualdatuak izan ziren lurzoruetan, udalak zilegi izanen du udalerrian erroldaturiko pertsonentzat erreserbaturiko etxebizitzen kopurua erabakitzea.
i) 50 etxebizitzako edo gehiagoko sustapenetan, %2ko erreserba aurreikusiko da kategoria bereziko familia ugarientzat. Etxebizitza bat erreserba berezi horren bitartez eskuratzen duten eskatzaileek ezin izanen dute parte hartu artikulu honen c) apartatuak aipatzen duen erreserban sartutako etxebizitzak esleitzeko egiten den hautaketa-prozesuan, bi erreserba horiek bateraezinak direnez gero".
Lau. 27. artikuluko 2. apartatuko b) letra aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
"b) Familia-dirusarrera ponderatuak ERREGEROSNA-Errenta Egokiagatiko Erosahalmen Nahikotasunaren adierazlea bider 2,5 baino gehiagokoak dituzten eskatzaileentzat, babes ofizialeko etxebizitzen %70 eta prezio tasatukoen %80".
Bost. 28. artikuluko 1. apartatuko a) letra aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
"a) Zazpi puntu, eskaera sinatzen duten eskatzaileetako bakoitzeko eta haien familia-unitateen kide bakoitzeko. Apartatu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, eskatzailearen familia-unitatearen parte izanen dira ondorengo ahaideak, haien gaineko guraso-ahala eskatzailearen esku baldin badago, modu partekatuan bada ere".
Sei. 29. artikuluko 1. apartatuko g) letra aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
"g) 50 etxebizitzako edo gehiagoko sustapenetan, %2ko erreserba aurreikusiko da kategoria bereziko familia ugarientzat. Etxebizitza bat erreserba berezi horren bitartez eskuratzen duten eskatzaileek ezin izanen dute parte hartu artikulu honen c) apartatuak aipatzen duen erreserban sartutako etxebizitzak esleitzeko egiten den hautaketa-prozesuan, bi erreserba horiek bateraezinak direnez gero".
Zazpi. 30. artikulua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
"30. artikulua. Erreserba berezietarako baremoa.
1. 29.1 artikuluan aipaturiko erreserba berezietako bakoitzaren barrenean jasota dauden errentamendu-araubideko eta errentamendu ordainerrazeko araubideko etxebizitza babestuak foru lege honen 28. artikuluan ezarrita dagoen puntuazio-baremoa aplikatuz izanen dira esleituak.
2. Hala ere, 28. artikuluaren 2. apartatuak xedatzen duena ezin izanen da aplikatu ez eta puntuatu ere errentamenduko eta errentamendu ordainerrazeko araubideetako etxebizitza babestuak esleitzeko".
Zortzi. Letra bat, g) letra hain zuzen, gehitzen zaio aipatu 42. bis artikuluaren 3. apartatuari. Hauxe dio:
"g) Nahiz eta etxebizitza huts deklaratu ahalko direnak Nafarroako Foru Komunitatearen esparru geografikoan kokatuta daudenak bakarrik izan, titularrek guztira dauzkaten etxebizitzen kopurua zehazte aldera aintzat hartuko dira titularrek Espainiako Estatuaren lurralde osoan dauzkaten etxebizitza guztiak, zein ere den haien titulartasunaren gaineko portzentajea".
Bederatzi. 42. octies artikulu berria gehitzen da, V.Bis tituluko III. kapituluan. Hona testua:
"42. octies. Etxebizitza hutsak errentan emanaraztea.
1. Zilegi izanen da errentan emanaraztea etxebizitza hutsaren deklarazioa irmo bilakatu eta biharamunetik kontatzen hasita urtebetez hutsik iraun duten etxebizitza hutsak, baldin eta Etxebizitza Hutsen Erregistroan sartuta badaude. Etxebizitza horiek NASUVINSAren Alokairu Poltsan edo Nafarroako Gobernuaren nahiz haren ente instrumentalen menpe dauden antzeko programa indardunetan sartu ahalko dira.
2. Errentan emanarazteari buruzko erabakia hartu ahalko du Nafarroako Gobernuan etxebizitza-alorraren gaineko eskumena duen departamentuko organo eskudunak. Horretarako, frogatu beharko du etxebizitza aurkitzen den lurraldean badagoela etxebizitza-eskaria eta -premia.
3. Entzutea eman beharko zaie emanarazte horrek ukitzen dituen pertsona fisiko edo juridiko guztiei. Entzute-ematearen tramitea egin beharko da oraindik ez denean erabakirik hartu, deklaratzekorik ezen, bermatu eginen bada etxebizitza huts deklaratu den horren funtzio soziala betetzen dela, neurri hori hartu beharra dagoela.
4. Eginen diren lehenbiziko urratsak izanen dira erregistro publikoetan etxebizitza hutsaren jabe gisa edo etxebizitzaren gaineko erabilera-eskubidedun gisa agertzen direnekikoak.
5. Duten funtzio soziala betetzen dela bermatze aldera etxebizitza hutsak errentan emanarazteko beharra dagoela deklaratzen duen erabakiak jarraian adierazten diren zertzeladak jaso beharko ditu behar adinako titulutzat hartua izateko. Organo eskudunak:
a) Frogatuko du ezen errentan emanarazten diren etxebizitza huts hala deklaratuek gutxienez urtebete ematen dutela hutsik deklarazioa irmo bilakatu eta biharamunetik; Etxebizitza Hutsen Erregistroan sartuta daudela, eta etxebizitza-eskaria eta -premia badauden eremuetan kokatuta daudela.
b) Etxebizitza deskribatuko du eta alokairuko etxebizitzaren mantentze-baldintzak zehaztuko ditu, bai eta errentamenduaren iraupen-epea ere, zeina ez baita luzeagoa izanen 7 urte eta 6 hilabete baino.
c) Hamabost eguneko epea emanen die errentan emanarazteak ukituriko pertsona fisikoei eta juridikoei.
6. Bidezkotzat jotzen da etxebizitza hutsak erabiltzeko eskubideaz aldi baterako desjabetzea errentan emanaraztearen bitartez, oinarri harturik jabetzaren funtzio sozialaren urraketan, zeina jadanik aurreikusita baitago foru lege honetan.
7. Errentan emanaraztearen prozedura bukatu denean, etxebizitza NASUVINSAren Alokairu Poltsaren programan nahiz indarra duen antzeko beste batean sartuko dute etxebizitza-alorreko eskumena duen departamentuak edo horren ente instrumentalek. Esleitua izanen da horretarako ezarritako prozedurari jarraituz, eta jabeak edo jabeek izanen dituzte programa horretan sartuta dauden gainerako etxebizitzen jabeei dagozkien eskubide eta betebehar berberak".
Hamar. Hamabosgarren xedapen gehigarria aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
"Hamabosgarren xedapen gehigarria.-Errentamendu-kontratuen esleipena eta berritzea.
Babes ofizialeko etxebizitzen eta Alokairu Poltsari atxikitako etxebizitzen errentamendu-kontratuak urtero esleitzean eta berritzean, kontuan hartuko dira, dirulaguntza bat eskuratzeko, aurreko urteko zerga-aitorpenetik heldutako datuak.
Hala ere, baldin onuradunen egoera ekonomikoa halako moduan aldatzen bada non urteko diru-sarrerak gutxienez %20 murrizten baitira aurreko urteko errenta-aitorpenean deklaratutako diru-sarreren aldean, kontratua berritzeko eskabidean onuradunek zilegi izanen dute eskatzea une horretako egiazko diru-sarrerak aintzat har daitezela".
Hamaika. Hogeita hamalaugarren xedapen gehigarri berria eransten da. Testu hau izanen du:
"Hogeita hamalaugarren xedapen gehigarria. Araubide berria, despopulatze-arriskuko egoerakotzat deklaratuak izan diren udalerrietako etxebizitzen eraikitze-birgaikuntzako jarduketetarakoa.
1. Nafarroako administrazio publikoek, zeinek bere eskumenen esparruan, etxebizitzen eraikitze-birgaikuntzako jarduketak sustatu eta bultzatuko dituzte, arreta berezia eskainirik despopulatze-arriskuko egoerakotzat deklaratuak izan diren udalerriei.
2. Udalerri horien premia bereziak direla-eta, etxebizitza-alorrean eskudun den departamentuko kontseilariak foru agindu bidez igo ahalko ditu kasuko araudian aipaturiko birgaitze-jarduketetarako dirulaguntzen zenbatekoak, xedetzat harturik lagungarri gerta daitezen lurraldeari populazioa atxikitzeko.
3. Aurreko apartatuan xedatzen dena halaber aplikatu ahalko zaie despopulatze-arriskuko egoerakotzat deklaraturiko udalerrietan egiten diren Esku-hartze Globaleko Proiektuetako jarduketetarako aurreikusten diren laguntzei".
Hamabi. Hamabosgarren xedapen iragankorraren 6. apartatuko b) letra aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
"b) Amiantodun elementuak kendu beharrekoak gertatzen diren kasuetan, zilegi izanen da laguntza gehigarri bat ematea, enpresa baimenduek amianto-hondakinak kendu, manipulatu, garraiatu eta kudeatzearen ondoriozko kostuei aurre egitekoa. Laguntza horren zenbatekoa 1.000 eurokoa izanen da etxebizitza bakoitzeko, eta gehieneko muga 18.000 eurokoa izanen da birgaitzen den eraikin bakoitzeko.
Zilegi izanen da aipaturiko zenbatekoak eta portzentajea aldatzea etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuko kontseilariaren foru aginduz.
Salbuespen gisa, baldin eta foru lege honek indarra hartzen duen unean eraikinaren inguratzaile termikoaren hobekuntzagatiko birgaitze babestuko behin-behineko kalifikazioa emana daukaten espedienteen sustatzaileek ez badute behin betiko kalifikazioa eskatu, zilegi izanen dute eskatzea, lege honek indarra hartzen duenetik hiru hilabeteko gehieneko epean, onetsiak izan dakizkien, kasua bada, a) letran zehaztutako portzentaje berriak eta gehieneko dirulaguntza. Horretarako, frogatu beharko dute epe barrenean dirulaguntza-eskaera bat aurkeztu izana, ez dena ez onetsia ez errefusatua izan, ez eta horretan atzera egin ere, honako deialdi hauetakoren baterako:
-Erronka demografikoko udalerrietan dauden eraikinetan energia-birgaitze jarduketak egiteko dirulaguntzen deialdia, PREE 5000 programa, 691/2021 Errege Dekretuaren arabera, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren azaroaren 3ko 2723/2021 Erabakiz onetsia.
-Badauden eraikinetan energia-birgaikuntzarako jarduketak egiteko "Eraikinak, SEM-Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa 2023" dirulaguntza-deialdia, Etxebizitzako zuzendari nagusiaren abenduaren 19ko 901/2022 Erabakiaren bitartez onetsia".
Hamahiru. Hogeita batgarren xedapen iragankorra aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
"Hogeita batgarren xedapen iragankorra. Etxebizitza Babestuaren Eskatzaileen Erroldaren bitartezko etxebizitza-esleipenerako sistemen eta prozeduren aplikazio-eguna.
Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. tituluan jasotzen diren xedapen berriak aplikatuko zaizkie etxebizitza babestuak esleitzeko 2026ko irailaren 1etik aurrera hasiak diren prozedurei, zein ere den kasuko espedienteak behin-behineko kalifikazioa lortzen duen eguna. Hona salbuespenak:
-Kategoria bereziko familia ugarientzako %2ko erreserbak nahitaezkoak izanen dira behin-behineko kalifikazioa 2026ko irailaren 1etik aurrera eskatzen duten proiektuentzat bakarrik.
-Behin-behineko kalifikazioa 2026ko irailaren 1a baino lehenago lortu duten errentamendu-araubideko etxebizitzetarako espedienteei buruzko prozeduretan, zeinetan erreserba-portzentajea, udalean erroldaturikoentzakoa, handiagoa baita legez ezarritakoa baino, esleipenak eginen dira lorturiko behin-behineko kalifikazioan agertzen diren portzentajeak errespetatuz".
Hamalau. Hogeita bigarren xedapen iragankorraren 2. apartatuko b) letra aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:
"b) Errentamendu ordainerrazeko araubidekotzat kalifikaturiko etxebizitzetarako espedienteetako esleipen-prozedurak 2026ko martxoaren 1etik aurrera hasi ahalko dira.
2026ko martxoaren 1etik irailaren 1era bitartean, esleipen horiek eginen dira errentamendu-araubideko etxebizitza babestuentzat lehenagoko araudiak aurreikusitako erreserbak, baremoa eta prozedura errespetatuz, baina halere aplikatuz foru lege honen 18. artikuluak ezartzen dituen ahalmen ekonomikoari buruzko irizpideak".
Hamabost. Hogeita seigarren xedapen gehigarria kentzen da.
Hamasei. Hogeita zazpigarren xedapen iragankor berri bat sortzen da, honako eduki honekin:
"Hogeita zazpigarren xedapen iragankorra.-Lankidetzazko etxebizitza.
1. Foru lege honen ondorioetarako, lankidetzazko etxebizitzatzat ulertzen da familia anitzeko eraikin batez edo gehiagoz edo etxebizitza familiabakarrez osaturiko bizitoki-multzoa, bizitoki-unitate bat osatzen duenean eta haren jabari-titulartasuna etxebizitza-kooperatiba batena denean, halako moldez non kooperatibaren bazkideek erabilera-eskubide banakatuak baitituzte bizitoki-unitate bakoitzaren gain.
2. Honako hauek osatuko dute lankidetzazko etxebizitza:
a) Bazkideei beren erabilerarako lagatako etxebizitza edo espazio pribatiboak.
b) Bizitoki-multzoaren elementu amankomunak, Kode Zibilaren 396. artikuluaren arabera.
c) Erkidego-erabilerarakoak eta lankidetzazko zerbitzuak ematekoak diren gune eta espazio konpartituak.
3. Lankidetzazko etxebizitza arautuko duen berariazko araudi bat onesten ez den bitartean, aplikatu beharrekoa izanen da Kooperatibei buruzko uztailaren 16ko 27/1999 Legearen I. tituluaren X. kapituluaren 3. atalean xedatzen dena eta Nafarroako Foru Komunitateko kooperatiba-alorreko araudi indarduna.
4. Zilegi izanen da berariazko dirulaguntzak ezartzea etxebizitza-kooperatiben edo kooperatiba-federazioen eraketa sustatzeko eta haien antolaketari eta hedapenari laguntzeko, eta higiezinak lankidetzazko etxebizitzatarako erabiliak izateko proiektuak, sustapena edo birgaikuntza egitea finantzatzeko.
Halaber, zilegi izanen da sustapen fiskaleko beste neurri batzuk aurreikustea eta jadanik badauden dirulaguntzen aplikazioa aipatu jarduketen sustapenera hedatzea".
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean.
Hori ezertan galarazi gabe, foru lege honen artikulu bakarraren lehen apartatutik bederatzigarrenera bitartekoek 2025eko abenduaren 1etik aurrera izanen dute indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.