11/2025 FORU LEGEA, URRIAREN 23KOA, FINANTZA-ERAKUNDE JAKIN BATZUEN INTERES- ETA KOMISIO-MARJINAREN GAINEKO ZERGARI BURUZKOA
BON N.º 218 - 31/10/2025
38/2022 Legean (38/2022 Legea, abenduaren 27koa, aldi baterako karga energetikoak, eta kreditu-erakundeen eta kredituko finantza-establezimenduen aldi baterako kargak ezartzekoa, eta zeinaren bidez sortzen baita fortuna handien aldi baterako elkartasun-zerga, eta aldatzen baitira zenbait tributu-arau), aldi baterako karga bat ezarri zen, finantzen arloan, kreditu-erakunde eta kredituko finantza-establezimenduentzat, interesengatiko eta komisioengatiko 2019ko diru-sarreren batura 800 milioi eurokoa edo hortik gorakoa zutenentzat. Karga hori 2023. eta 2024. urteetan ordaindu beharrekoa zen.
Geroago, 8/2023 Errege Lege Dekretua eman zen, abenduaren 27koa, Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazken ondorio ekonomiko eta sozialei aurre egiteko eta lehortearen ondorioak arintzeko neurriak hartzen dituena. Errege lege-dekretu horren bosgarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, aipatutako kargaren konfigurazioa berrikusi behar izan zen, hura tributu-sisteman txertatzeko 2024ko zerga-ekitaldian, eta zerga berria ituntzeko Nafarroako Foru Komunitatearekin.
Estatuan, 7/2024 Legearen bidez (7/2024 Legea, abenduaren 20koa, zeinaren bidez zerga osagarri bat ezartzen baita talde multinazionalentzat eta talde nazional oso handientzat gutxieneko zergapetze maila globala bermatzeko, zerga bat finantza-entitate jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gainean eta zerga bat zigarreta elektronikoetarako likidoen eta tabakoarekin lotutako beste produktu batzuen gainean, eta, orobat, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 37/1992 Legea aldatzen baita), finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga sartu zen Estatuko tributu-sisteman.
Nafarroako Foru Komunitatearen esparruari dagokionez, uztailaren 24ko 4/2025 Legean (Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa onesten duen abenduaren 26ko 28/1990 Legea aldatzekoa) jaso da nola egokituko zaion Hitzarmen Ekonomikoa "Finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga"ri. Horretarako, 27 ter artikuluan, zerga arautzeko eskumenari eta zerga kudeatzeari eta ikuskatzeari buruzko arauak ezarri dira.
Interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga tributu zuzena da, eta kreditu-erakundeek, atzerriko kreditu-sukurtsalek eta kredituko finantza-establezimenduek lortutako interes- eta komisio-marjina zergapetzen du marjina hori Espainian gauzatutako jardueratik datorren kasuetan. Indarraldi mugatu baterako sortu da zerga.
Hortaz, foru lege honen xedea da finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga arautzea Nafarroako Foru Komunitatean.
Azpimarratu behar da, orain arte azaldutakoaren arabera, arau-testu hau bat datorrela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan aurreikusitako premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin.
Arauak tributu baten sorrera arautzen du, eta, beraz, beharrezkoa da foru lege mailako arau baten bidez onartzea; hori horrela, ez da kontuan hartu maila txikiagoko beste arau-aukerarik.
Era berean, betetzen da proportzionaltasun-printzipioa, eskuratu nahi diren helburuak erdiesteko ahalegina egin baita.
Segurtasun juridikoaren printzipioari dagokionez, bermatu da arau-proiektua koherentea dela gainerako foru-ordenamendu juridikoarekin.
Gardentasunaren printzipioari dagokionez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta, horretaz gainera, gardentasuna bermatuta geldituko da, proiektua eta memoria Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian ere argitaratuko baitira, herritarrek testu horiek ezagutzeko aukera izan dezaten entzunaldia emateko tramitean eta jendaurrean jartzeko tramitean daudenean.
Azkenik, efizientziaren printzipioari dagokionez, ahalegina egin da arauak ahalik eta administrazio-karga eta zeharkako kostu gutxien sorraraz ditzan, baliabide publikoen arrazoizko erabilera sustatze aldera. Ildo horretan, zerga administrazioak zergadunen jardueraren kontrola bermatzeko behar-beharrezkoak diren informazio- eta dokumentazio-eskakizunak soilik exijitzen zaizkie haiei.
1. artikulua. Izaera eta helburuak.
Finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga tributu zuzena da, foru lege honetan xedatutako moduan eta baldintzetan zergapetzen duena honako hau: kreditu-erakundeek, atzerriko kreditu-sukurtsalek eta kredituko finantza-establezimenduek lortutako interes- eta komisio-marjina, marjina hori Espainian gauzatutako jardueratik datorren kasuetarako.
2. artikulua. Aplikazioeremua.
Foru lege honen aplikazio-eremua Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 27 ter artikuluan ezarritako irizpideen arabera zehaztuko da.
3. artikulua. Itunak eta hitzarmenak.
Foru lege honetan ezarritakoa ulertuko da deusetan galarazi gabe nazioarteko itun eta hitzarmenetan xedatuta egonik barne ordenamenduan txertatu dena, Espainiako Konstituzioaren 96. artikuluaren arabera.
4. artikulua. Zergaegitatea.
Zerga-egitatea da Espainian lortzea interes- eta komisio-marjina positibo bat.
Hala, Espainian lortutako interes- eta komisio-marjinatzat hartuko da honako hau: 5. artikuluaren a) eta b) letretan aipatutako zergadunen interesengatiko eta komisioengatiko guztizko diru-sarrerak eta gastuak konputatzetik datorren zenbatekoa, kanpoan utzita atzerrian dauden sukurtsalei egoztekoak direnak.
5. artikuluaren c) letran aipatutako zergadunen kasuan, Espainian lortutako marjinatzat hartuko da martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretua bidez onetsitako Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginaren 16. artikuluan xedatutakoaren arabera zergadun horiei egozten ahal zaizkien interesengatiko eta komisioengatiko diru-sarrerak eta gastuak konputatzetik datorren interes- eta komisio-marjina.
Honako hauek dira hizpide dugun zergaren zergadunak:
a) Espainian ezarrita dauden kreditu-erakundeak, Kreditu-erakundeen Antolamenduari, Gainbegiraketari eta Kaudimenari buruzko ekainaren 26ko 10/2014 Legearen 1. artikuluaren 2. apartatuaren a), b) eta c) letretan jasota daudenak.
b) Kredituko finantza-establezimenduak, Enpresa Finantzazioaren Sustapenari buruzko apirilaren 27ko 5/2015 Legearen 6. artikuluan jasota daudenak.
c) Atzerriko kreditu-erakundeek Espainian ezarriak dituzten sukurtsalak.
1. Zergaldia bat etorriko da zergadunaren ekitaldi ekonomikoarekin. Edonola ere, ez da izanen hamabi hilabetetik gorakoa.
2. Betiere, zergaldia bukatuko da:
a) Erakundea iraungitzen denean.
b) Erakundeak Espainian ezarrita egoteari uzten dionean.
c) Irizten zaionean erakundeak galdu egin duela zergadunaren izaera, sozietate-izaera, estatutuak edo araubide juridikoa aldatu dituelako edo beste arrazoiren bat dela eta.
d) Sukurtsalek Espainian jarduteari uzten diotenean edo sukurtsala hirugarren bati eskualdatzen zaionean.
7. artikulua. Zergaren sortzapena.
1. Zergaldia amaitu eta biharamunean sortuko da zerga.
2. Aurreko apartatuan xedatutako gorabehera, 6. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako kasuetan, zergaldiaren azken egunean sortuko da zerga.
8. artikulua. Zergaoinarria.
1. Zerga-oinarria izanen da Espainian egindako jardueratik datorren interes-marjina eta komisioen diru-sarrerak eta gastuak integratzeak eta konpentsatzeak sortutako saldo positiboa, 4. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, baldin eta horiek jasota badaude zergadunaren dagokion zergaldiko irabazien eta galeren kontuan edo, kasua bada, emaitzen egoera-txostenean, eta bat etorriz aplikatzekoa den kontabilitatearen-araudian ezarritakoarekin.
Aurreko paragrafoko integrazioaren eta konpentsazioaren emaitzak saldo negatiboa badu, zerga-oinarria zero izanen da.
2. Zerga-oinarria zuzeneko zenbatespenaren metodoaren bidez zehaztuko da eta, subsidiarioki, zeharkako zenbatespenaren bidez, hala ezarrita baitago Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean.
3. Zuzeneko zenbatespenaren metodoan, zerga-oinarria kalkulatuko da abiapuntutzat hartuta interesei dagozkien diru-sarreren eta gastuen partidak eta komisioei dagozkien diru-sarreren eta gastuen partidak, bat etorriz Merkataritza Kodean, arlo horri buruzko legeetan eta arau horiek guztiak garatzeko ematen ahal diren xedapenetan araututa dagoenarekin.
9. artikulua. Likidaziooinarria.
Likidazio-oinarria izanen da zerga-oinarriari ehun milioi euro kentzeak emanen duen emaitza. Likidazio-oinarria ezin da inolaz ere negatiboa izan.
Zergadunaren zergaldia hamabi hilabetetik beherakoa bada, ehun milioiko murrizketa hainbanatu eginen da, zergaldiak zenbat egun dituen, egun horien arabera.
10. artikulua. Kargatasak eta kuota osoa.
Kuota osoa kalkulatzeko, eskala honetako tasak aplikatuko zaizkio likidazio-oinarriari:
| LIKIDAZIO-OINARRIA - MILIOI EURO HAUETARA ARTE | KUOTA OSOA - MILIOI EURO | GAINERAKO LIKIDAZIO-OINARRIA - MILIOI-EURO HAUETARA ARTE | KARGA-TASA - EHUNEKOA |
| 0 | 0 | 750 | 1 |
| 750 | 7,5 | 750 | 3,5 |
| 1500 | 33,75 | 1500 | 4,8 |
| 3000 | 105,75 | 2000 | 6 |
| 5000 | 225,75 | Hortik gora | 7 |
11. artikulua. Kuota likidoa.
1. Kuota likidoa kalkulatuko da kuota osoari kenduta zergadunari zergaldi horretan dagokion sozietateen gaineko zergaren kuota efektiboaren edo ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren kuota likidoaren ehuneko hogeita bost.
Zergaduna baldin bada Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen VIII. tituluko VII. kapituluan ezarrita dagoen zerga-kontsolidazioaren araubidearen bitartez tributatzen duen talde fiskal batekoa, honako hau hartuko da sozietateen gaineko zergaren kuota efektibo gisa: zergadunaren banakako zerga-oinarria adierazten duen kuota horren gaineko proportzioa, 26/2016 Foru Legearen 104. artikuluaren 1. apartatuaren eta 105. artikuluaren arabera zehaztuta, foru lege beraren 104. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan, hurrenez hurren, aurreikusitako ezabaketak eta eransketak egin ondoren eta zerga-oinarri negatiboak konpentsatu aurretik, zerga-oinarri negatiboak konpentsatu aurreko talde fiskalaren zerga-oinarriaren gainean.
Aurreko paragrafoan xedatuta dagoenaren ondorioetarako, zergadunaren zerga-oinarria negatiboa bada, ezin izanen zaio aplikatu apartatu honetan ezarritako kenkaria.
2. Kuota likidoa ezin ezinen da negatiboa izan artikulu honetan adierazitako murriztapena egiten bada ere.
12. artikulua. Aparteko kenkaria.
1. Zergadunaren aktibo osoaren gaineko errentagarritasunaren adierazlea erreferentziazko balioaren (%0,7) azpitik baldin badago, zergaren kuota likidotik portzentaje bat kenduko da, adierazle horrek erreferentziazko balioaren aldean izanen duen murrizketari dagokion proportzioan, eta bat etorriz 3. apartatuan ezarritako formularekin.
2. Zergadunaren aktibo osoaren gaineko errentagarritasunaren adierazlea, zeina aipatzen baita aurreko apartatuan, honela kalkulatuko da: dagokion zergaldiko kontabilitate-emaitza (zerga honi dagokion gastua kontuan hartu gabe) zati zergaldiaren amaierako aktibo osoa, bider ehun.
Aurreko paragrafoan xedatuta dagoenaren ondorioetarako, zergadunaren kontabilitate-emaitza eta aktibo osoa zehaztuko dira bat etorriz kontabilitatearen arloan aplikatzekoa den araudian xedatutakoarekin.
3. Formula honi jarraikiz aplikatuko da kenkariaren portzentajea:

4. Kenkariaren zenbatekoa izanen da kuota likidoari portzentaje hori aplikatuta lortzen den emaitza, eta zenbateko horrek ezin izanen du gainditu aipatutako kuotaren zenbatekoa.
5. Kenkari hau kontuan hartuko da 14. artikuluan xedatutako ordainketa zatikatuaren zenbatekoa zehaztean.
13. artikulua. Zergaren izaera ezkengarria.
Zerga hau ez da kengarria izanen ez sozietateen gaineko zergan ez eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergan ere.
14. artikulua. Ordainketa zatikatua.
Zergadunek, zergaldia amaitu eta hurrengo bigarren hilabeteko lehenbiziko hogei egun naturalen barnean, ordainketa zatikatu bat egin beharko dute, zergaldi horri dagokion zergaren konturako ordainketaren kontzeptu gisa. Zergen arloan eskumena duen departamentuko titularrak finkatuko ditu ordainketa egiteko modua eta baldintzak.
Ordainketa zatikatuaren zenbatekoa izanen da zergaldiko kuota likidoa edo, kasua bada, 12. artikuluan xedatutako aparteko kenkariaren araberako kuota likido murriztua ehuneko 40ko portzentajeaz biderkatuta ateratzen dena.
Ordainketa zatikatuaren autolikidazioa edo konturako ordainketa egiteko epean ez badago jakiterik zenbat izanen den zergaldiko behin betiko kuota likidoa, behin-behineko zenbatespen bat eginen da, kalkulu-metodo frogagarri bat baliatuta. Bereziki, frogagarritzat joko da behar bezala formulatutako kontuen ondoriozko zenbatespena, edo, halakorik ezean, kontuak egiteko eta formulatzeko ondoreetarako eginiko kontu-auditoretzako lanetatik eratorritako zenbatespena.
Ez da ordainketa zatikatuaren autolikidaziorik aurkeztu beharko baldin eta kuota likidoa ez bada positiboa zerga arautzen duten xedapenen arabera.
15. artikulua. Autolikidazioa eta zergazorra nola ordaindu.
1. Zergadunek zergaldia amaitu eta hurrengo bederatzigarren hilabetearen lehenbiziko hogei egun naturalen barnean autolikidatu beharko dute zerga eta ordaindu beharko dute zerga-zorra. Zergen arloan eskumena duen departamentuko titularrak finkatuko ditu ordainketa egiteko modua eta baldintzak.
2. Zergadunek ez dute autolikidaziorik aurkeztu beharko baldin eta beren likidazio-oinarria positiboa ez bada.
1. Egindako ordainketa zatikatua baldin bada autolikidaziotik datorren kuotaren zenbatekoa baino handiagoa, zerga administrazioak, hala behar denean, behin-behineko likidazioa eginen du aitorpena aurkezteko ezarritako epea amaitu eta sei hilabeteren barnean.
Autolikidazioa epez kanpo aurkeztuz gero, aurkezten den egunetik hasita kontatuko da aurreko paragrafoan ezarritako sei hilabeteko epea.
2. Autolikidaziotik, edo, kasua bada, behin-behineko likidaziotik datorren kuotaren zenbatekoa egindako ordainketa zatikatuaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, zerga administrazioak ofizioz itzuliko du kuota horren gaineko soberakina. Dena den, behar diren behin-behineko edo behin betiko likidazioak egiten ahalko dira ondoren.
3. Behin-behineko likidazioa aurreko 1. apartatuan finkatutako epean gauzatu ez bada, zerga-administrazioak ofizioz itzuliko du autolikidatutako kuotaren gaineko soberakina. Dena den, behar diren behin-behineko edo behin betiko likidazioak egiten ahalko dira ondoren.
4. 1. apartatuan ezarritako epea igaro eta oraindik itzulketaren ordainketa agindu ez bada zerga administraziori egoztekoa den arrazoi batengatik, Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 50. artikuluaren 2. apartatuaren c) letran aipatutako berandutze-interesa aplikatuko zaio itzultzeko dagoen kantitateari, epea bukatu eta biharamunetik hasi eta ordainketa agintzen den egunera artekoa, zergadunak hori eskatu beharrik izan gabe.
5. Itzultze-prozedura Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren 88. artikuluan eta hura garatzen duen araudian aurreikusitakoa izanen da.
17. artikulua. Arauhausteak eta zehapenak.
Zerga honi eragiten dioten tributuen arloko arau-hausteak kalifikatu eta zehatuko dira Tributuei buruzko Foru Lege Orokorrean eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoaren arabera.
Azken xedapenetako lehena. Indarraldia.
2025eko urtarrilaren 1ean hasi eta hurrengo ondoz ondoko bi zergaldietan izanen da aplikagarria finantza-erakunde jakin batzuen interes- eta komisio-marjinaren gaineko zerga.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta ondorioak sortuko ditu 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan, baldin eta aldiok amaitu gabe badaude foru lege honek indarra hartzen duen unean.