(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

224E/2025 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 29KOA, LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO KONTSEILARIAK EMANA, KLIMA-ALDAKETAREN ETA ENERGIA-TRANTSIZIOAREN ARLOKO POLITIKARAKO GIZARTE KONTSEILUAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

BON N.º 176 - 04/09/2025



Atariko

Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen hitzaurreak dioenez, premiazko erronka da klima-aldaketari aurre egitea. Izan ere, gero eta inpaktu larriagoa izaten ari da ingurune eta sektore guztietan, ekosistemetan, biodibertsitatean, azpiegituretan, ekoizpen-sistemetan, bai eta gure osasun- eta elikadura-sistemetan ere. Klima-aldaketa erronka tekniko, zientifiko eta politiko ikaragarria da, eta gizarte osoaren parte-hartzea eskatzen du.

Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 8. artikuluan xedatutakoarekin bat, klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloko parte-hartze soziala ordezkaritza zabaleko gizarte kontseilu baten bidez antolatuko da, ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuak sustatua eta hari atxikia. Jarduera-sektore inplikatu guztiak ordezkatzen dituzten erakunde publiko eta pribatuetako kideek osatuko dute gizarte kontseilu hori, barne direla administrazio publikoak, enpresak, gizarte erakundeak eta lanbide-elkargoak. Ordezkaritza parekatua bermatuko da, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea betez.

Ekainaren 18ko 76/2025 Foru Dekretuaren xedea da Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua sortzea, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legean xedatutakoarekin bat.

Azaldutakoa oinarri hartuta, bidezkoa da foru agindu hau onestea Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua ezartzeko, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 8. artikuluan xedatutakoa betez.

1. artikulua. Xedea eta helburua.

Foru agindu honen xedea da Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzea, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluak arau hauetan xedatutakoari jarraituko dio: foru agindu hau, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean kide anitzeko organoentzat xedatutakoa.

3. artikulua. Eginkizunak.

1. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluaren eginkizunak honako hauek dira:

a) Klima-aldaketaren kontrako borrokan dauden helburuen betekizunaren bilakaera eta klima-aldaketaren eta energiaren arloko plangintzaren aplikazioa aztertzea.

b) Energiaren eta klima-aldaketaren arloko politikak Nafarroako Gobernuko plan sektorial guztietan nola txertatzen diren aztertzea.

c) Ekimenak prestatzea eta Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren Departamentuarteko Batzordeari aurkeztea, berotegi-efektuko gasen isurketak murrizte aldera eta klima-aldaketaren ondorioen aurrean egokitzapen arduratsua sustatze aldera.

2. Karbono aurrekontuak Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluari aurkeztu beharko zaizkio Nafarroako Parlamentuak onetsi aurretik.

3. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluak eztabaidatu eta baloratu beharko du Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen garapenari buruzko ebaluazio-txostena, Nafarroako Gobernuak lau urtetik behin eginen duena, Nafarroako Parlamentura igorri aurretik.

4. artikulua. Osaera.

1. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua honako kide hauek osatuko dute:

1. Ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra.

2. Energiaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra.

3. Ekonomia sozialaren eta lanaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra.

4. Lurralde antolamenduaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra.

5. Klima-aldaketaren arloan eskumena duen zerbitzuko titularra.

6. Energiaren arloan eskumena duen zerbitzuko titularra.

7. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

8. Nafarroan bazkide gehien dituzten bi erakunde ekologisten ordezkari bana.

9. Nafarroan ordezkaritza handiena duten sindikatu bakoitzaren ordezkari bat.

10. Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioaren (CEN) bi ordezkari eta Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkartearen (ANEL) ordezkari bat.

11. Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Batasunaren ordezkari bat.

12. Nafarroan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteen artetik ordezkagarritasun handiena duen elkartearen ordezkari bat.

13. Lanbide-elkargoen bost ordezkari; horietako hiru, ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularrak proposatuta, eta beste bi, energia-trantsizioaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularrak proposatuta.

14. Nafarroan dauden bi unibertsitateen ordezkari bana, klima-aldaketaren eta/edo energiaren arloan adituak.

2. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua osatzeko, kontuan hartuko da ordezkaritza orekatuaren printzipioa betetzea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 16.4 artikuluan ezarritakoa. Horretarako, titularren eta ordezkoen proposamenetan, gizonen eta emakumeen arteko orekaren printzipioa beteko da osaeran.

3. Gizarte Kontseiluko kideren batek desgaitasunen bat baldin badu, behar diren baliabideak jarriko dira gainerako kideen baldintza bertsuetan parte hartuko dutela bermatzeko. Hain zuzen, helburu hori lortzeko eta mugikortasunari lotutako isurtzeak saihesteko, baliabide telematikoak erabiltzen ahalko dira.

5. artikulua. Kontseiluko burua, Kontseiluko buruordea, idazkaria eta kideak.

1. Ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra izanen da Kontseiluko burua.

Kontseiluko buruak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen ditu.

Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, Kontseiluko buruaren ordez Kontseiluko buruordea arituko da.

2. Energiaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularra izanen da Kontseiluko buruordea.

Kontseiluko buruak edo osoko bilkurak esleitzen dizkion eginkizunak beteko ditu Kontseiluko buruordeak, kontseiluak kudeaketa, antolaketa eta funtzionamendu ona izan ditzan.

Kontseiluko buruorde kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, pertsona bat izendatuko da, energiaren arloko eskumenak dituen zuzendaritza nagusiko zerbitzuetako titularren artean, haren ordez aritu dadin.

3. Idazkaria izanen da klima-aldaketari aurre egiteko ekintzak koordinatzeko eskumenak dituen ataleko teknikari bat. Hizpidea izanen du, baina botorik ez.

Idazkariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 22. artikuluan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu.

Idazkari kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, pertsona bat izendatuko da, atal bereko eta profil bereko teknikarien artean, edo klima-aldaketaren arloan eskumenak dituen zerbitzuko beste atal bateko teknikarien artean, haren ordez aritu dadin.

4. Kontseiluko kideak izanen dira Kontseilua osatzen duten gainerako pertsonak.

Kontseiluko kideek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 23. artikuluan ezarritako eginkizunak izanen dituzte.

Zenbat kide titular diren, beste hainbeste ordezko kide izendatuko dira, ordezkapenak egin ahal izateko kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan.

6. artikulua. Kontseiluko kideak hautatzea eta izendatzea.

1. Kontseiluko kide titularrak eta ordezkoak hautatzeko, idazki bat igorriko zaio idazkaritzari, eta hark Kontseiluko buruari helaraziko dio, izenda ditzan.

2. Erakunde edo elkarte bakoitzak hautatuko ditu bere aldeko Kontseiluko kideak.

Erakunde ekologista, enpresaburuen erakunde edo sindikatuetako batek Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluko kide izateko pertsonarik ez badu izendatzen edo kontseilu horretako kide izan nahi ez badu, Nafarroan ordezkaritza handiena duen hurrengo erakundeari kontsultatuko zaio Kontseiluko kide izan nahi duen eta, hala bada, ordezkari bat izendatu beharko dute, eta horrela hurrenez hurren, harik eta Kontseiluko kide guztiak izendatu arte.

7. artikulua. Iraupena.

Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua lau urtean behin berrituko da, eta jardunean jarraituko du hura osatzeko kide berriak izendatu arte.

8. artikulua. Kide izateari uztea.

1. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkariek kargua utziko dute haien kargu publikoa uzten dutenean.

2. Kide izendatutako gainerako pertsonek kargua utziko dute honako arrazoi hauetako batengatik:

a) Izendapen aldia bukatzea.

b) Hautatu zituzten erakunde edo elkarteek proposatzea.

c) Berariaz uko egitea.

d) Desgaikuntza edo ezgaitze judiziala, edo heriotza.

3. Behar baino lehen gertatzen diren hutsuneak ezarri bezala beteko dira. Kontseiluko kide berriaren izendapen aldia bukatuko da Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua berritzen denean, non eta ez den gertatzen aurreko apartatuan ezarritako egoeretako bat.

9. artikulua. Funtzionamendua.

Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluak osoko bilkuran jardunen du, zeina Kontseiluko buruak, idazkariak eta kideek osatuko baitute.

10. artikulua. Osoko Bilkurako bileretarako deia.

1. Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseilua urtean behin bilduko da gutxienez, eta behar adina aldiz, klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloko plangintza gauzatzen dela bermatzeko, haren eginkizunen arabera. Bilkura bereziak egin ahal izanen ditu, Kontseiluko buruak hala erabakiz gero, edo Kontseilua osatzen duten kideen heren batek proposatuta. Azken kasu horretan, eskabidean aipatuko da jorratu beharreko gaien zerrenda, eta aintzat hartu behar den dokumentazioa gaineratuko da.

2. Kontseiluko buruak eginen ditu deialdiak, bilkura egin baino zazpi egun natural lehenago gutxienez.

Salbuespen gisa, epe hori berrogeita zortzi ordukoa izan arte laburtzen ahalko da gehienez ere, Kontseiluko buruak aintzat hartzen dituen presazko arrazoiengatik.

3. Deialdia bitarteko elektronikoen bidez eginen da, eta bertan adieraziko dira gai-zerrenda, saioa zer baldintzatan eginen den eta, hala badagokio, konexio-sistema. Gainera, ahal denean, eztabaidatzeko beharrezkoa den dokumentazioa igorriko da.

11. artikulua. Osoko bilkura eratzea, erabakiak hartzea eta aktak egitea.

1. Osoko bilkura lehen deialdian eta balio osoz eratzeko, beharrezkoa izanen da bertan egon daitezela burua eta idazkaria edo haien ordezkoak, hala badagokio, eta osoko bilkura osatzen duten kideen erdiak, gutxienez ere.

Bigarren deialdian ez da bertaratuen gutxieneko kopururik exijituko, baina beharrezkoa izanen da bertan izan daitezela burua eta idazkaria, edo, hala badagokio, haien ordezkoak.

2. Saioak aurrez aurre edo urrutitik egin ahal izanen dira, eskura dauden tresna teknologikoak baliatuta.

3. Erabakiak hartzeko eta aktak egiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 26. eta 27. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

12. artikulua. Adituak osoko bilkurara joatea.

1. Osoko bilkuretan parte hartu ahal izanen dute, hitzarekin baina botorik gabe, buruak proposatuta edo kideek berariaz eskatuta, bilkuran aztertu beharreko gaien inguruan esperientzia edo ezagutza kualifikatua duten pertsonek.

2. Aditua bertaratzeko eskatzen denean, arrazoiak eta justifikazioa eman beharko dira.

3. Eskaera idazkariari bidaliko zaio, bilkura baino bost egun baliodun lehenago gutxienez ere, eta buruak baloratuko du. Hark erabakiko du egokia den ala ez proposatutako pertsona osoko bilkuran egon dadin. Eskaera egin duenari jakinaraziko zaio, berrogeita zortzi ordu lehenago gutxienez ere, bere eskaera onartu den ala ez.

13. artikulua. Publizitatea.

Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluak, maiatzaren 17ko Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko 5/2018 Foru Legeak ezartzen dituen publizitate aktiboaren betebeharrak betetzeaz gain, proposatuko du bere bilkuretan ukitutako eta interes publikokoak diren gaiei buruzko alderdirik esanguratsuenak argitaratzeko, Nafarroako Gobernuak eskura dituen bitartekoen bidez.

14. artikulua. Urteko jarraipen txostena.

Klima-aldaketaren eta Energia-trantsizioaren arloko Politikarako Gizarte Kontseiluak, urtero, jarraipen txosten bat onetsiko du, baloratzeko noraino bete diren klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloan ezarritako politikak eta helburuak, plangintzen arabera.

Azken xedapena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web