85/2025 FORU DEKRETUA, UZTAILAREN 23KOA, ZEINAREN BIDEZ BERRIKUSTEN BAITA NEKAZARITZAKO NITRATOEZ URETAN KUTSADURA DIFUSOA IZAN DEZAKETEN EREMU KALTEBEREN IZENDAPENA
BON N.º 162 - 14/08/2025
I. ERANSKINA. NEKAZARITZAKO NITRATOEK ERAGINDA URETAN KUTSADURA DIFUSOA IZAN DEZAKETEN EREMU KALTEBEREN MAPA
II. ERANSKINA. EREMU KALTEBERETAN SARTUTAKO UDALERRIAK
Ura nekazaritzan erabiltzen diren nitratoen kutsaduratik babesteko, Kontseiluaren 1991ko abenduaren 12ko 91/676/EEE Zuzentaraua onetsi zen.
Zuzentarau hori Espainiako ordenamendu juridikora ekarri zen Ura nekazaritzako nitratoek eragindako kutsaduratik babesteko otsailaren 16ko 261/1996 Errege Dekretuaren bidez, zeina eguneratu eta indargabetu baitzuen Ura nekazaritzako nitratoek eragindako kutsadura difusotik babesteko urtarrilaren 18ko 47/2022 Errege Dekretuak.
47/2022 Errege Dekretuak 4. artikuluan ezartzen duenez, autonomia erkidegoek kutsadura izan dezaketen eremu kaltebera izendatuko dituzte beren lurraldean dauden eta jariatze-urak 3. artikuluan jasotzen diren uretara isurtzen dituzten azalera ezagun guztiak, ur horietan kutsadura eragin ahal badute, neurri apalean bada ere. Horrez gain, epea ezartzen du eremu kaltebera berriak izendatzeko eta daudenak handitzeko edo berrikusteko, eta izendapen hori egiteko kontuan hartu beharreko irizpideak aldatzen ditu.
Nafarroako Foru Komunitatean, urriaren 21eko 220/2002 Foru Dekretuaren bidez, nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezaketen eremuak izendatu ziren eta jarduketa programa onetsi zen. Geroago, zenbait foru agindu onetsi dira, eremu kalteberen deklarazioa berrikusten dutenak, 2006an, 2009an, 2013an, 2018an eta 2020an.
Aurrekoarekin bat etorriz, bidezkoa da berrikustea Nafarroan nekazaritzako nitratoez eraginda ura kutsatua izan dezaketen eremu kalteberen izendapena. Zehazki, foru dekretu honen bidez, Nafarroan jada deklaratuta dauden lau eremu kalteberak berrikusten dira; hala, 2. eremua, berez bi eremu hartzen zituena, 2. eta 5. eremuetan banatzen da, eta beste 7 izendatzen dira nekazaritzako nitratoez uretan kutsadura difusoa izan dezakeen eremu kaltebera. Beraz, guztira hamabi eremu kaltebera egonen dira, Nafarroako Foru Komunitateko lurpeko zein azaleko ur-masei dagozkienak, guztira 247.955 hektarea inguru hartuta.
Horrenbestez, foru dekretu hau indarrean jartzen denetik, nekazaritzako nitratoez uretan kutsadura difusoa izan dezaketen eremu kalteberak 1. artikuluan ezarritakoak dira, eta, horrela, bete egiten da Ura nekazaritzako nitratoek eragindako kutsadura difusotik babesteko urtarrilaren 18ko 47/2022 Errege Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoa.
Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita bosteko uztailaren hogeita hiruan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
1. artikulua. Nekazaritzako nitratoek eragindako kutsadura difusoa izan dezaketen eremu kalteberak.
Nafarroan, eremu kaltebera izendatzea Nafarroako Foru Komunitateko azaleko zein lurpeko ur masekin zerikusia duten eremu hauek, Ura nekazaritzako nitratoek eragindako kutsadura difusotik babesteko urtarrilaren 18ko 47/2022 Errege Dekretuan ezarritakoaren ondorioetarako:
1. Dagoeneko deklaratuta dauden eremu kalteberak handitzea:
-1. eremua. Errioxa-Mendabiako alubioi-lurrak: "Errioxa-Mendabiako alubioi-lurrak" lurpeko ur masarekin (048) lotutako eremu kaltebera handitzen da (7.346,40 ha). Eremu horretan sartuta daude udal mugarte hauetako nekazaritzako katastro-lurzatiak: Armañantzas, Bargota, Elizagorria, Mendabia, Torres del Río eta Viana.
-2. eremua. Ebroko alubioi-lurrak: Tutera-Alagón: "Ebroko alubioi-lurrak: Tutera-Alagón" lurpeko ur masarekin (052) lotutako eremu kaltebera handitzen da (17.605,49 ha). Eremu horretan sartuta daude udal mugarte hauetako nekazaritzako katastro-lurzatiak: Ablitas, Errege Bardea, Buñuel, Cabanillas, Cascante, Cortes, Fontellas, Fustiñana, Murchante, Ribaforada eta Tutera.
-5. eremua. Ebro-Aragoiko alubioi-lurrak: Lodosa-Tutera: "Ebro-Aragoiko alubioi-lurrak: Lodosa-Tutera" lurpeko ur masarekin (049) lotutako eremua handitzen da (47.567,77 ha). Eremu horretan sartuta daude udal mugarte hauetako nekazaritzako katastro-lurzatiak: Allo, Andosilla, Arguedas, Azagra, Errege Bardea, Cadreita, Caparroso, Cárcar, Castejón, Corella, Faltzes, Funes, Lerín, Lodosa, Martzilla, Milagro, Murillo el Cuende, Erriberri, Oteitza, Azkoien, San Adrián, Santakara, Sartaguda, Sesma, Tafalla, Tutera, Valtierra eta Alesbes. Eremu horretan, Ebro ibaiaren eskuineko ertzean dauden bi kokagune txiki sartzen dira. Lehenengoa Fiteroko udal mugartean dago, eta bigarrena Cintruénigo, Fitero eta Tuterako udalerrietan.
2. Dagoeneko deklaratuta dauden eremu kalteberak mantentzea:
-3. eremua. Zidakos ibaiaren arroa: mantentzen da "Zidakos ibaiaren alubioi-lurrak" lurpeko ur masarekin (051) eta "Zidakos ibaia, sorburutik Zenborain ibairaino" azaleko ur masaren (292) eta "Zidakos ibaia, Zenborain ibaitik Aragoi ibairaino" azaleko ur masaren (094) arroarekin lotutako eremu kaltebera (47.729,50 ha). Eremu horretan sartuta daude udal mugarte hauetako nekazaritzako katastro-lurzati guztiak: Añorbe, Artaxoa, Barasoain, Beire, Biurrun-Olkotz, Caparroso, Ezporogi, 106. fazeria, 107. fazeria, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Noain, Erriberri, Oloritz, Orisoain, Pitillas, Puiu, San Martin Unx, Santakara, Tafalla, Tebas-Muru Artederreta, Tirapu, Uxue eta Untzue. Haien maldak Zidakos ibaira doazen erreka-zulo eta ibilguetara eramaten du azaleko ura.
-4. eremua. Robo ibaiaren arroa: mantentzen da "Robo ibaia, sorburutik Arga ibairaino" azaleko ur masaren (095) arroko eremu kaltebera (8.243,65 ha). Eremu horretan sartuta daude udal mugarte hauetako nekazaritzako katastro-lurzati guztiak: Adios, Añorbe, Biurrun-Olkotz, Zizur, Eneritz, Galar, Legarda, Muruzabal, Obanos, Gares, Tirapu, Ukar eta Uterga. Haien maldak Robo ibaira doazen erreka-zulo eta ibilguetara eramaten du azaleko ura.
3. Eremu kaltebera berrien izendapena:
-6. eremua. Irantzu ibaiaren arroa: eremu kaltebera izendatzen da (7.710,24 ha) "Irantzu ibaia, sorburutik Ega I ibairaino" azaleko ur masaren (284) arroa. Eremu horretan sartuta daude udal mugarte hauetako nekazaritzako katastro-lurzati guztiak: Abartzuza, Allin, Lizarra, 22. fazeria, 24. fazeria (Larraitza), 104. fazeria, Lezaun, Urbasa mendia, Deierri (barne hartzen ditu kontzeju hauek: Allotz, Arandigoien, Aritzala, Aritzaleta, Aizkoa, Eraul, Gorozin, Ibiriku Deierri, Iruñela, Murelu Deierri, Murugarren, Errezu, Ugar, Zabal eta Zurukuain) eta Villatuerta, gehi 22., 24. (Larraitza) eta 104. fazeriak. Haien maldak Irantzu ibaira doazen erreka-zulo eta ibilguetara eramaten du azaleko ura.
-7. eremua. Riomayor errekaren arroa: eremu kaltebera izendatzen da (9.720,99 ha) "Riomayor ibaia, sorburutik Ega I ibairaino" azaleko ur masaren (092) arroa Eremu horretan sartuta daude udal mugarte hauetako nekazaritzako katastro-lurzati guztiak: Allo, Arellano, Arroitz, Barbarin, Deikaztelu, Etaiu, 29. fazeria (Aranbeltz), 30. fazeria (Samendieta), 32. fazeria, 67. fazeria, 75. fazeria, Iguzkitza, Lerin, Lukin, Olexoa, Sesma eta Villamayor de Monjardín. Haien maldak Riomayor errekara doazen erreka-zulo eta ibilguetara eramaten du azaleko ura.
-8. eremua. Arga Beherearen arroa: eremu kaltebera izendatzen da (59.460,83 ha) Arga Beherearen arroarekin lotutakoa, non sartuta baitaude "Arga Erdiko alubioi-lurrak" lurpeko ur masa (050) eta "Arga ibaia Salado ibaitik Aragoi ibairaino" azaleko ur masaren (423) arroa. Eremu horretan sartuta daude udal mugarte hauetako nekazaritzako katastro-lurzati guztiak: Aberin, Andosilla, Añorbe, Artaxoa, Azagra, Barasoain, Berbintzana, Zirauki, Faltzes, Funes, Garinoain, Larraga, Lerin, Mañeru, Mendigorria, Miranda Arga, Obanos, Erriberri, Oteitza, Azkoien, San Adrián, Tafalla, Deierri (Lorkako kontzejua) eta Villatuerta. Haien maldak Arga ibaira doazen erreka-zulo eta ibilguetara eramaten du azaleko ura sektore horretan.
-9. eremua. Linares ibaiaren arroa: eremu kaltebera izendatzen da (29.867,57 ha) Linares ibaiaren arroarekin lotutakoa, Odron ibaia barne, "Linares ibaia sorburutik Torres del Rioraino" (292) eta "Linares ibaia Torres del Riotik Ebro ibairaino" (191) azaleko ur masei dagokiena. Eremu horretan sartuta daude udal mugarte hauetako nekazaritzako katastro-lurzati guztiak: Aguilar Kodes, Armañantzas, Arroitz, Azuelo, Barbarin, Bargota, Cabredo, Desoio, El Busto, Esprontzeda, Etaiu, 30. fazeria (Samendieta), 31. fazeria, 65. fazeria, 81. fazeria, 82. fazeria, 84. fazeria, Genevilla, Elizagorria, Los Arcos, Lukin, Mendabia, Mendaza, Mirafuentes, Mues, Nazar, Piedramillera, Santsol, Sesma, Sorlada, Torralba del Río, Torres del Río, Villamayor de Monjardín eta Zúñiga. Haien maldak Linares eta Odrón ibaietara doazen erreka-zulo eta ibilguetara eramaten du azaleko ura sektore horretan.
-10. eremua. Txulapain ibaiaren arroa: eremu kaltebera izendatzen da (6.060,58 ha) Txulapain ibaiaren arroarekin lotutakoa, "Txulapain ibaia sorburutik Arga ibairaino (Iruñeko tarte kanalizatuaren bukaera)" azaleko ur masari dagokiona (547). Eremu horretan sartuta daude udal mugarte hauetako nekazaritzako katastro-lurzati guztiak: Atetz, Berriobeiti, Berriozar, Oltza Zendea, Ezkabarte, 49. fazeria, 50. fazeria, 62. fazeria, 105. fazeria, Itza, Txulapain, Odieta, Orkoien eta Iruña. Haien maldak Txulapain ibaira doazen erreka-zulo eta ibilguetara eramaten du azaleko ura sektore horretan.
-11. eremua. Aragoi ibaiaren alubioi-lurrak Zangoza inguruan: eremu kaltebera izendatzen dira (3.123,08 ha) Aragoi ibaiaren alubioi-lurrak eta alboko lurrak Zangozako udal mugartearen inguruan, "Jaka-Iruña sinklinala" azaleko ur masari (030) dagokion azaleran. Eremu horretan sartuta daude udal mugarte hauetako nekazaritzako katastro-lurzati guztiak, eremu kaltebera inguratzen duten lurretan daudenak: Xabier, Ledea, Zangoza eta Esa.
-12. eremua. Lokiz mendiko eta Ega ibaiaren alubioi-lurretako lurpeko urak: eremu kaltebera izendatzen dira (3.452,41 ha) Ega ibaiaren alubioi-lurrak eta alboko lurrak, "Lokiz mendia" lurpeko ur masari (023) dagokion azaleran. Eremu horretan sartuta daude udal mugarte hauetako nekazaritzako katastro-lurzati guztiak, eremua inguratzen duten lurretan daudenak: Abaigar, Allin, Antzin, Etaiu, Iguzkitza, Legaria, Mendaza, Metauten, Murieta, Oko, Olexoa, Lokiz mendia eta 74. eta 83. fazeriak.
I. eranskinean jasota dago eremu kalteberen mapa eta II. eranskinean horiek hartzen dituzten udal mugarteak.
2. artikulua. Uren kalitatearen laginketa eta jarraipena.
Nekazaritzako nitratoek eraginda uretan kutsadura difusoa izan dezaketen eremu kalteberak izendatu eta mugarritu ondoren, ingurumenaren arloko eskumena duen departamentuak lanean jarraituko du, demarkazio hidrografikoekin koordinatuta, uren kalitatearen laginketa eta jarraipena egiteko programa garatzen eta betetzen. Programa horretan sartuta egonen dira ur laginak hartzea eta konposatu nitrogenatuak zehaztea, nitrato edukiaren joerak aztertzeko, nitratoek eragindako kutsaduraren jatorria hautemateko eta jarduketa programaren neurrien eraginkortasuna egiaztatzeko, bai eta, beharrezkoa bada, eremu kalteberen izendapen hau egokitzeko Ura nekazaritzako nitratoek eragindako kutsadura difusotik babesteko urtarrilaren 18ko 47/2022 Errege Dekretuan ezarritako betebehar guztietara.
Xedapen iragankor bakarra. Jarduketa programak.
47/2022 Errege Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoari jarraikiz ezarri eta praktikan jarri beharreko jarduketa programa berriak onetsi arte, indarrean jarraituko dute Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren irailaren 15eko 147E/2020 Foru Aginduaren I. eta II. eranskinean jasotako jarduketa programek (147E/2020 Foru Agindua, irailaren 15ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berrikusten baitira nekazaritzako nitratoez ura kutsatua izan dezaketen eremuak eta aldatzen baitira 2018-2021 aldirako jarduketa programak): I. eranskina, 2021-2024 aldirako jarduketa programa, Nafarroako Foru Komunitatean nekazaritzako nitratoez kutsa daitezkeen 1., 2. eta 4. eremuetarako, eta II. eranskina, 2021-2024 aldirako jarduketa programa, Nafarroako Foru.
Komunitatean nekazaritzako nitratoez kutsa daitekeen 3. eremurako.
(Zidakosko arro hidrografikoa).
Azken xedapenetako lehena. Arauaren garapena eta betearazpena.
Ingurumen arloko eskumena duen departamentuaren titularra gaitzen da behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. NEKAZARITZAKO NITRATOEK ERAGINDA URETAN KUTSADURA DIFUSOA IZAN DEZAKETEN EREMU KALTEBEREN MAPA

II. ERANSKINA. EREMU KALTEBERETAN SARTUTAKO UDALERRIAK
1. eremua: Errioxa-Mendabiako alubioi-lurrak.

2. eremua: Ebro ibaiaren alubioi-lurrak: Tutera-Alagón.


3. eremua: Zidakos ibaiaren arroa.

4. eremua: Robo ibaiaren arroa.

5. eremua: Ebro-Aragoiko alubioi-lurrak: Lodosa-Tutera.


6. eremua: Irantzu ibaiaren arroa.

7. eremua: Riomayor errekaren arroa.


8. eremua: Arga Beherearen arroa.

9. eremua: Linares ibaiaren arroa.


10. eremua: Txulapain ibaiaren arroa.


11. eremua: Aragoi ibaiaren alubioi-lurrak Zangoza inguruan.

12. eremua: Lokiz mendilerroko eta Ega ibaiaren alubioi-lurretako lurpeko urak.
