(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

200E/2025 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 13KOA, ETXEBIZITZAKO, GAZTERIAKO ETA MIGRAZIO POLITIKETAKO KONTSEILARIAK EMANA, ETXEBIZITZA ARLOKO IX. KONTROL ETA IKUSKAPEN PLANA ONESTEN DUENA 2025. ETA 2026. URTEETARAKO

BON N.º 153 - 01/08/2025



  ERANSKINA. ETXEBIZITZA ARLOKO IX. KONTROL ETA IKUSKAPEN PLANA


Atariko

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluak eskumen esklusiboa aitortzen dio Nafarroari etxebizitzaren arloan, baita lurraldearen antolamenduaren arloan eta hirigintzarenean ere. Eskumen hori Nafarroako Gobernuari gai horietan dagozkion ahal eta eginkizun publikoen gaineko lege zatian zehazten da. Eginkizun horietako bat ikuskatzea da, aipatu lege organikoaren 40.1.c) artikuluan xedatu bezala.

Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legea onesteak bultzada handia ekarri zion ikuskatze lanari etxebizitza arloan. Arauak bazuen titulu bat, osoa, etxebizitza arloko iruzurra kontrolatu eta prebenitzeari buruzkoa, eta hura garatuz onetsi zen etxebizitza arloko I. kontrol eta ikuskapen plana, 2009an eta 2010ean indarra izan zuena.

Etxebizitza arloko biurteko kontrol eta ikuskapen planaren helburuak zehazteko eta zenbateraino betetzen diren ebaluatzeko lankidetza organo gisa, Nafarroako Gobernuak, 2008ko maiatzaren 12ko bilkuran, departamentuarteko koordinazio batzordea sortu zuen Nafarroan etxebizitza arloko iruzurra kontrolatzeko.

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legeak ere, bere aurrekoaren ildoari jarraituz, titulu oso bat du etxebizitza arloko iruzurraren kontrolari eta prebentzioari buruz. Arau horretan nabarmendu behar da lehen aldiz arautzen dela etxebizitza arloko ikuskatze lana, baita horren eginkizunak eta hura baliatzearen ondoriozko akten edukia ere, eta, 60. artikuluan, Foruzaingoaren laguntza aurreikusten duela.

10/2010 Foru Legearen 57. artikuluak etxebizitza arloan kontrol eta ikuskapeneko bi urteko planak prestatzen jarraitu beharra azpimarratzen du; izan ere, ikuskatze lanari aplikatutako plangintzaren teknikak hark eskatzen duen objektibotasuna ziurtatzen du, eta indar handiagoa ematen die arauei berezkoak dituen ahalak erabiltzeko orduan.

Honako plangintza-tresna hauek onetsi eta abiarazi ziren: 2009ko eta 2010eko ekitaldietan indarrean egon zen I. Kontrol eta Ikuskapen Plana, Etxebizitzako eta Lurralde Antolamenduko kontseilariaren urriaren 22ko 330/2008 Foru Aginduaren bidez onetsia (2008ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 5ekoa); 2011ko eta 2012ko ekitaldietan indarrean egon zen II. Kontrol eta Ikuskapen Plana, Etxebizitzako eta Lurralde Antolamenduko kontseilariaren urtarrilaren 18ko 7/2011 Foru Aginduaren bidez onetsia (2011ko 53. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 17koa); 2013ko eta 2014ko ekitaldietan indarrean egon zen III. Kontrol eta Ikuskapen Plana, Sustapeneko kontseilariaren abenduaren 24ko 115/2012 Foru Aginduaren bidez onetsia (2013ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 22koa); 2015eko eta 2016ko ekitaldietan indarrean egon zen IV. Kontrol eta Ikuskapen Plana, Sustapeneko kontseilariaren abenduaren 29ko 97/2014 Foru Aginduaren bidez onetsia (2015eko 24. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 5ekoa); 2017ko eta 2018ko ekitaldietan indarrean egon zen V. Kontrol eta Ikuskapen Plana, Eskubide Sozialetako kontseilariaren urtarrilaren 19ko 33/2017 Foru Aginduaren bidez onetsia (2017ko 38. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 23koa); 2019ko eta 2020ko ekitaldietan indarrean egon zen VI. Kontrol eta Ikuskapen Plana, Eskubide Sozialetako kontseilariaren otsailaren 19ko 60/2019 Foru Aginduaren bidez onetsia (2019ko 69. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 9koa); 2021eko eta 2022ko ekitaldietan indarrean egon zen VII. Kontrol eta Ikuskapen Plana, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren azaroaren 4ko 33/2020 Foru Aginduaren bidez onetsia (2020ko 280. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 1ekoa); eta 2023ko eta 2024ko ekitaldietan indarrean egon zen VIII. Kontrol eta Ikuskapen Plana, urriaren 10eko 52/2022 Foru Aginduaren bidez onetsia (2022ko 212. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 26koa)

Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat, etxebizitza arloko Nafarroako legeria betetzen den ikuskatzeari eta kontrolatzeari dagozkion eginkizunak Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuari esleitu zaizkio. Alde horretatik, zerbitzu horrek ikuskapen kanpainak programatu eta planifikatu behar ditu.

VIII. Kontrol eta Ikuskapen Planaren indarraldia amaituta, Berrikuntza, Parte-hartze, Ikuskapen eta Hedapen Zerbitzuak plan berri bat egin du. Plan horrek azken urteotan metatutako esperientzia aprobetxatzen du, eta aurreko planen egitura eta planteamendu orokorra jasotzen du, baina, aldi berean, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean sartu berri diren berrikuntzei buruzko alderdi batzuk jasotzen ditu.

Hori horrela, honako hauek dira Etxebizitza arloko IX. Kontrol eta Ikuskapen Planaren ardatz estrategikoak:

I. ardatza.-Etxebizitzen sustapena eta eraikuntza: libreak eta babestuak.

Arlo honetako helburua argia da: ziurtatzea eraikinek eta etxebizitzek bizigarritasun eta irisgarritasun baldintzei buruzko Nafarroako araudia eta eraikingintzari buruzko Estatuko oinarrizko araudia (Eraikingintzaren Kode Teknikoa) betetzen dituztela. Etxebizitza babestuen kasuan, etxebizitza libreetarako ezarritako helburuei gehitu behar zaie beste kontrol bat, asmo duena sustapena gauzatzea galaraz dezakeen edozein oztopo kentzea. Horregatik, honako hauei buruzko dokumentazio administratiboa gainbegiratzen da: sustatzailea, orubearen egoera, hirigintza araudia betetzea eta etxebizitza babestu mota bakoitzaren baldintza berariazkoak.

II. ardatza.-Birgaitze babestua.

Kasu honetan, birgaitzearen arloko oinarrizko araudia betetzen dela bermatu nahi da, eta, horrekin batera, babestutako kalifikazioa eskatzen duten obren kalitate teknikoa ziurtatu. Gainera, egiaztatuko da dirulaguntzak jaso dituzten eta errentamendura bideratuta dauden etxebizitza guztiak errentan jarri direla benetan.

III. ardatza.-Etxebizitza babestuko esleipenak, bai jabetzaren araubidekoak, bai alokairukoak.

Helburua da etxebizitza babestuaren esleipen-hartzaileak hura eskuratzeko baldintza orokorrak betetzen dituela segurtatzea, behar adinako kontrol administratibo egokien bidez.

Orobat, atal honetan etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan alta hartutako inskripzioen kontrola planifikatu gogo da; izan ere, erregistro horretako datuen arazketak etxebizitza babestuen esleipena arintzen du.

IV. ardatza.-Etxebizitza babestuen transmisio eta lagapenak, kostu bidezkoak zein doakoak.

Legezko baldintzak betetzen dituztenek etxebizitza babestua erabiltzea izanik helburu nagusia, kontrola ezin da lehen esleipenetara bakarrik murriztu, eta bigarren transmisioetan eta lagapenetan ere kontrolatu behar da; horregatik ezarri da hirugarren ardatz estrategiko hau, non jarduketa horiek direla bide, administrazioak egiaztatzen baitu ez bakarrik hartzaileak baldintzak betetzen dituela, baita jabaria eskuz aldatzeko negozio juridikoaren prezioa eta gainerako ezaugarriak legezkoak direla ere.

V. ardatza.-Etxebizitza babestuen erabilera eta destinoa.

Helburua da etxebizitza babestuak haien jabe edo errentarien ohiko bizileku iraunkorrak direla zaintzea; beraz, ikuskapen eta zaintzako jarduketa da, bete-betean.

VI. ardatza.-Gazteek eta diru-sarrera txikiak dituzten familia unitateek alokairu errenta ordaintzeko laguntzak.

Xedea da legean zehaztutako pertsonak izatea laguntzen benetako onuradun. Horrenbestez, egiaztatu nahi da onuradunek benetan betetzen dituztela, bi kasuetan, kenkariaren aurretiko ordainketa onartzeko eta jasotzeko eskubidea ematen duten betebeharrak.

VII. ardatza.-Etxebizitza hutsak.

Xedea da etxebizitza hutsak merkatuan sartzea sustatzea, etxebizitza gehiago egon dadin arrazoizko prezioan alokatzeko moduan; horretarako, zenbat etxebizitza huts dauden aztertuko da.

VIII. ardatza.-Etxebizitzen errentamendua Nafarroan.

Erregistroa funtsezko tresna da bizitegi-merkatu tentsionatuko zonako alokairuen merkatua kontrolatzeko eta haren jarraipena egiteko, bai eta legeak arlo horretan ezartzen dituen betebehar berriak betetzen direla zaintzeko ere. Gainera, orain, sasoiko kontratuak ere inskribatzeko betebeharra dagoenez, indarrean dagoen araudira egokitzen direla egiaztatzen ahalko da. Beraz, errentamendu kontratuak erregistroan inskribatzeko betebeharra betetzen dela kontrolatu behar da.

IX. ardatza.-Nafarroako Etxebizitza-edukitzaile Handien Erregistroa.

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko 10/20210 Foru Legean berriki sartutako aldaketaren ondorioz edukitzaile handien erregistro bat abian jarri behar denez, horrek aukera emanen du Nafarroako etxebizitza-parkeari buruzko informazio gehiago izateko. Kontrolatuko da horretara behartuta dauden pertsonak benetan inskribatzen direla erregistro horretan.

Ardatz estrategiko bakoitzaren barrenean, jarduketa lerroak deskribatu dira bilatzen diren helburuekin lerrokatuta, eta ondoren zehaztu dira, alde batetik, jarduketa administratiboaren aldez aurreko kontrolerako neurriak, batez ere egiaztapenean oinarritutako prebentzio lana egitea helburu, eta, bestetik, ondoko kontrol, zainketa eta ikuskapen neurriak; horretarako, Nafarroako Gobernuko beste departamentuen laguntza eta koordinazioa behar da.

Horrenbestez, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 241/2023 Foru Dekretuaren bidez esleituriko eskudantziekin bat etorriz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea Etxebizitza arloko IX. Kontrol eta Ikuskapen Plana 2025. eta 2026. urteetarako, foru agindu honen eranskinean ageri dena.

2. Behar diren ondorioetarako, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webguneko (www.etxebizitza.nafarroa.eus) "Albisteak" atalean ere.

ERANSKINA. ETXEBIZITZA ARLOKO IX. KONTROL ETA IKUSKAPEN PLANA

ERANSKINA

2025. ETA 2026. URTEETARAKO

0.-Jarduketaren ardatzak:

I. ardatza.-Etxebizitzak sustatu eta eraikitzea: libreak, babestuak eta birgaitze babestukoak.

II. ardatza.-Birgaitze babestua.

III. ardatza.-Etxebizitza babestuaren esleipena.

IV. ardatza.-Etxebizitza babestuaren transmisioa eta lagapena.

V. ardatza.-Etxebizitza babestuaren destinoa eta erabilera.

VI. ardatza.-Gazteek eta diru-sarrera txikiak dituzten familia unitateek alokairu errenta ordaintzeko laguntzak.

VII. ardatza.-Etxebizitza hutsak.

VIII. ardatza.-Nafarroako Etxebizitza Errentamenduko Kontratuen Erregistroa.

IX. ardatza.-Nafarroako Etxebizitza-edukitzaile Handien Erregistroa.

I. ARDATZA.-ETXEBIZITZEN SUSTAPENA ETA ERAIKUNTZA: LIBREAK

ETA BABESTUAK

1. Helburuak.

-Eraikuntzako eta birgaitze babestuko obren kalitate teknikoa hobetzea.

-Eraikingintzari buruzko oinarrizko araudia betetzen dela ziurtatzea.

-Eraikinen erabiltzaileei haien gastu energetikoaren ezagutza bermatzea, energia-efizientziari buruzko sentsibilizazio soziala sortzen lagunduz.

-Etxebizitza babestuen jabeen erreklamazioetan esku hartzea, ezkutuko akatsak salatzen direnean haien behin betiko kalifikaziotik 3 urtean.

-Egiaztatzea errentan emanda daudela horretarako dirulaguntzen bidez birgaitu edo sortu diren etxebizitzak.

-Kontrolatzea Eraikinen Ebaluazio Txostena benetan eman den eta emaitza izan den gai edo gai gabezia arinekin, txosten hori eskatzeko modukoa denean eta eraikina familia unitate, pertsona fisiko edo pertsona juridiko bakar baten jabetzakoa denean, bizigarritasun zedula ematea edo berritzea eskatu den unean.

-Iraungitako bizigarritasun zedula berritzea egiaz eskatu dela egiaztatzea, pertsona juridiko batek etxebizitzaren jabari osoa, partaidetzaren gehiengoa edo erabilera nahiz gozamenerako eskubide erreal bat duenean.

2. Jarduketa-ildoak.

A.-Proiektuan.

a) Etxebizitza librea: obra hasi aurretik egiaztatuko da proiektuak aplikatzekoa den araudia betetzen duela (bizigarritasun baldintzak, irisgarritasuna, Eraikingintzaren Kode Teknikoa...).

Orobat, dokumentu bidez egiaztatuko da:

-Proiektuak dokumentu guztiak izatea: memoria, planoak, baldintza-agiria eta aurrekontua.

-Segurtasunari eta osasunari buruzko azterlana izatea (1627/1997 Errege Dekretua, urriaren 24koa).

-Eraikinaren ziurtagiri energetikoa izatea (apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretua eta maiatzaren 30eko 199/2013 Foru Agindua, eraikinen efizientzia energetikoari buruzko ziurtagirien erregistroa aldatzen duena).

-Oinarrizko proiektua aurkezten bada, agiri horretan egiaztagarria den horretara mugatuko da ikuskapena. Kasu horietan, exekuzio proiektua berriz ikuskatzen da udalak igortzen duenean.

Kontrol maila: espedienteen %100.

b) Etxebizitza babestua: proiektuak nahitaez bete beharreko araudia betetzen duela egiaztatuko da, bai baldintza teknikoei dagokienez (etxebizitza libreenak bezalakoak) bai etxebizitza babestuak sustatzeko baldintza juridiko administratibo berariazkoei dagokienez (funtsean, irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan jasota daude).

Egiaztatu beharreko dokumentazioari dagokionez, bete beharko da aurreikusita dagoena Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 22ko 330/2008 Foru Aginduaren bidez onetsi zen Etxebizitza arloko I. Kontrol eta Ikuskapen Planean (2008ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 5ekoa), dagokion atalean.

Kontrol maila: espedienteen %100.

B.-Obra bukaera.

a) Etxebizitza librea: ziurtatuko da obrak txostenaren xedeko proiektuaren arabera gauzatu direla. Horretarako, egiaztatuko da obra bukaerako nahitaezko ziurtagiria badela eta etxebizitzek dagozkien udal lizentziak dituztela, eta eraikinaren liburuaren parte diren eraikinaren datu orokorrei buruzko orrien kopia sinatuak eskatuko dira.

Hasierako txostenaren xedeko proiektuan aldaketarik izan bada, proiektuaren fasean adierazitako araudia betetzen dela egiaztatuko da.

In situ ikuskatuko dira Nafarroako Lurralde Antolamenduko 3. Planaren 10.4 azpieremuko udalerrietan diren 10 etxebizitzatik gorako eraikin bukatu guztiak, eta, ausaz, lurralde eremu horretatik kanpo diren horrelako eraikinak.

Kontrol maila: espedienteen %100.

b) Etxebizitza babestua: etxebizitza libreetan bezala, egiaztatuko da obra gauzatu dela proiektuaren arabera eta behin-behinekoz kalifikatutako determinazioen arabera. Horretarako, egiaztatuko da Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako kontseilariaren urriaren 22ko 330/2008 Foru Aginduaren bidez onetsitako Etxebizitza arloko I. Kontrol eta Ikuskapen Planean (2008ko 148. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 5ekoa) eta aplikatzekoa den araudian xehakatutako dokumentazioa.

Kontrol maila: espedienteen %100.

Etxebizitza babestuak esleipen-hartzaileei eman ondoren, behar bezala eraiki direla kontrolatuko da, horrelako etxebizitzen jabeek ezkutuko akatsei buruz lehen 3 urtean aurkezten dituzten salaketa eta erreklamazioei jarraipen egokia eginez.

3. Prozeduren araubide juridikoa:

-Aldez aurreko txostena eta bizigarritasun zedula, etxebizitza libreen kasuan.

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 34. artikulua. Bizigarritasunaren gutxieneko baldintzei buruzko martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuaren 9.etik 13.era bitarteko artikuluak eta I. eta II. eranskinak.

-Behin-behineko kalifikazioa eta behin betiko kalifikazioa, jarduketa babestuentzat.

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 35. artikulua eta, 2011ko abenduaren 31 arte, Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen 2. artikulua. Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 20. artikulutik 26.era (etxebizitza babestuaren kalifikazioa) eta 44. artikulutik 60.era.

4. Unitate arduraduna:

Etxebizitza Zerbitzuko Eraikuntza Atala.

II. ARDATZA.-BIRGAITZE BABESTUA

1. Helburuak.

-Birgaitze babestuko obren kalitate teknikoa hobetzea.

-Birgaitzeari buruzko oinarrizko araudia betetzen dela ziurtatzea.

-Eraikinen erabiltzaileei haien gastu energetikoaren ezagutza bermatzea, energia-efizientziari buruzko sentsibilizazio soziala sortzen lagunduz.

-Etxebizitzak birgaitzen badira errentamendurako etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzen bidez, haien errentamendua egiaztatzea.

2. Jarduketa-ildoak.

A.-Proiektuan.

a) Birgaitze babestua: proiektuak nahitaez bete beharreko araudia betetzen duela egiaztatuko da, bai baldintza teknikoei bai baldintza juridiko-administratiboei dagokienez. Halaber, egiaztatuko dira birgaitzearen sustatzaileei eskatzen ahal zaizkien baldintzak.

Kontrol maila: espedienteen %100.

B.-Obra bukaera.

a) Birgaitze babestua: egiaztatuko da obrak proiektu baimenduaren arabera gauzatu direla, eta exekuzio gastuak behar adina justifikatzen direla dirulaguntza hartu ahal izateko. Ondorio horietarako, gainbegiratuko dira jatorrizko behin-behineko kalifikazioa, obra bukaerako ziurtagiria -proiektua izan den kasuetan-, jarduketari dagozkion fakturak eta dirulaguntza transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

Normalean, dagokion EEBB bulegoak egiten du ikuskapena.

Kontrol maila: espedienteen %100.

Birgaitutako etxebizitza gutxienez ere 5 urtez errentan emateko konpromisoa hartzeagatik dirulaguntza lortzen duten sustatzaileen birgaitze babestuaren espedienteetan, eskatuko zaie, dirulaguntza ordaindu behar den unean errentamendu kontratua aurkezteaz gain, froga dezatela etxebizitzak alokairuan segitzen duela espedientearen behin betiko kalifikaziotik hasi eta gutxienez urtebete iragan ondoren.

Egiaztatuko da horretarako dirulaguntza publikoak jaso dituzten sustatzaile publikoek eta toki entitateek benetan errentamendurako erabili dituztela birgaitutako etxebizitzak, bai eta lokalak etxebizitza bihurtuz sortu direnak ere.

Kontrol maila: espedienteen %100.

3. Prozeduren araubide juridikoa:

-Behin-behineko kalifikazioa eta behin betiko kalifikazioa, jarduketa babestuentzat.

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 35. artikulua eta, 2011ko abenduaren 31 arte, Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen 2. artikulua. Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 20. artikulutik 26.era (etxebizitza babestuaren kalifikazioa) eta 44. artikulutik 60.era.

4. Unitate arduraduna.

Etxebizitzak Birgaitzeko Atala.

III. ARDATZA.-ETXEBIZITZA BABESTUAREN ESLEIPENA

1. Helburuak.

-Etxebizitza babestu guztiak legez ezarritako prozeduraren arabera esleitzen direla bermatzea eta, kasu bakoitzean, legezko baremoa zorrotz aplikatuta.

-Etxebizitzaren esleipen-hartzaile, erosle eta errentari izan daitezkeenek etxebizitza babestua eskuratzeko eta dirulaguntzak jasotzeko legezko baldintzak betetzen dituztela bermatzea.

-Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuak behar bezala funtziona dezala zaintzea.

-Errentamendu araubidean egiten diren etxebizitza babestuen esleipenen kudeaketa kontrolatzea.

-Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren funtzionamendua kontrolatzea.

-Egiaztatzea errentatzaileak ongi betetzen dituela errentariarekin dituen betebeharrak, errenta araubidean kalifikatutako etxebizitza babestuen kasuan.

-Egiaztatzea legez eta erregelamenduz ezarritako betebehar guztiak betetzen direla erosketa aukera baliatzeko, erosteko aukerako alokairuko kontratu baten ondoriozko salerosketa kontratuetan.

-Egiaztatzea esleipen-hartzaileek zenbat etxebizitza babesturi egin dioten uko, zentsutik baztertzeko prozedurari hasiera emateko, Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuan ezarritako prozeduraren arabera.

2. Jarduketa-ildoak.

A.-Kontrol jarduketak eginen dira honako dokumentazio hau aurkeztean, administrazioak ikus-onespena eman diezaion: etxebizitza babestuaren esleipenaren edo lehen transmisioko salerosketaren kontratua, edo errentamendurako behin betiko kalifikatuta dagoen etxebizitza babestu baten alokairu kontratua (erosteko aukera izanik edo izan gabe). Sustatzaileek kontratuak sinatzeko baimena eskatzen duten unean ere eginen da kontrol hori.

Horretarako, egiaztatuko da etxebizitzen esleipen-hartzaileek etxebizitza babesturako baldintzak betetzen dituztela, baremoa zuzen aplikatu dela eta esleipena legez ezarritakoaren arabera egin dela.

Kontrol jarduketa gisa, honako hauek eginen dira:

-Datuak erkatzea Nafarroako Zerga Ogasunarekin, zenbait baldintza egiaztatzearren, hala nola: ahalmen ekonomikoa; aurrezki kontuan, gordailuan edo antzeko finantza produktuan azaltzen den antzinatasuna; edo erakunde horretan egindako errenta aitorpenen kopurua.

-Behar den informazioa eskatzea Nafarroako Gobernuko beste departamentuei, genero indarkeriaren edo terrorismoaren biktima dela edo desgaitasuna duela egiaztatzeko.

-Lur-ondasunen Zerbitzuko datu baseetan sartzea, egiaztatzeko esleipen-hartzailea ez dela beste inolako etxebizitzaren jabe.

Kontrol maila: administrazioak ikus-onesteko aurkezten diren kontratuen %100.

B.-Errentamendu araubidean diren etxebizitza babestuen esleipenen kontrol zorrotza, batez ere lehendik beste errentari batzuek okupatu dituzten etxebizitza babestuen errentari berriei egindako esleipenak kudeatzeari dagokionez. Horretarako, bertaratuta egiaztatuko da errentariek zer egunetan utzi dituzten benetan etxebizitza babestuak.

Kontrol maila: espedienteen %100.

C.-Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsaren funtzionamendua. Baliabide publikoen kudeaketa eraginkor baterako eta zerbitzuen arteko koordinazioa hobea izan dadin, beharrezkoa da programa honen onurak ezagutzea, baita sinatzen diren errentamendu kontratuen eduki zehatza ere. Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtseko etxebizitzen entitate administratzaileari edo, kasua bada, gizarte entitate laguntzaileari, eskatuko zaio sinatzen dituzten errentamendu kontratu guztiak aurkezteko, baita desegiten dituzten kontratuak ere.

D.-Kontrol bat ezartzea honako hauen gainean: etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuko inskripzio-datuen eguneratzea, zentsuan izena emanik daudenek baldintzak betetzen ote dituzten, eta inskripzioa indarrean izateko betebeharra. Horretarako, honako hau egin beharko da:

-Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan inskribatutako guztien diru-sarrerei buruzko datua ofizioz eguneratzen jarraitzea urteko lehen bi hilabetean, datuak Nafarroako Zerga Ogasunarekin erkatuta.

-Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsuan inskribatutako guztien familiaren diru-sarrera ponderatuei buruzko datua ofizioz eguneratzen jarraitzea urteko lehen bi hilabetean, eta dagokien errenta-tartean sailkatzea.

-Iragarki-taulan aldez aurretik abisatuta, zentsuan baja ematea 2 urteko epean inskripzioa aldatu edo eguneratu ez dutenei.

Kontrol maila: inskripzioen %100.

E.-Egiaztatzea legez eta erregelamenduz ezarritako betebehar guztiak betetzen direla erosketa aukera baliatzeko, erosteko aukera duen alokairu kontratu baten ondoriozko salerosketa kontratuetan.

Kontrol maila: espedienteen %100.

3. Prozeduren araubide juridikoa:

-Etxebizitza babestuaren 1. transmisioko salerosketa kontratuaren eta alokairukoaren ikus-onespen administratiboa.

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. titulua; batez ere, 32. eta 45. artikuluak. Orobat, aplikatuko da etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuan xedatutakoa.

-Errentamendu araubideko etxebizitza babestuen errentamenduaren kudeaketa, eta dagozkien dirulaguntzen onarpena.

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. titulua. Orobat, aplikagarria da etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuan xedatutakoa.

-Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua. Arauketa: Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen III. titulua. Orobat, aplikatuko da etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuan xedatutakoa.

-Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa.

Arauketa: Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen iragankorra eta Etxebizitza Sozialerako Nafarroako Funtsa ezartzen duen abenduaren 16ko 89/2014 Foru Agindua.

4. Unitate arduraduna.

Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atala.

IV. ARDATZA.-ETXEBIZITZA BABESTUAREN TRANSMISIOA ETA LAGAPENA

1. Helburuak.

-Bermatzea etxebizitza babestuaren hartzailea haietako bat eskuratzeko legez ezarrita dauden baldintzak betetzen dituen norbait izan dadila.

-Babes publikoko edozein araubideri loturiko etxebizitzaren erosleak ordaindu beharrekoa ez beste kopuru bat edo edozein gainprezio edo primarik hartzeko debekua kontrolatzea.

-Bermatzea, kasua bada, etxebizitza babestua erosteagatik lortutako laguntzak itzultzen direla, baldin eskualdatzaileak edo errentatzaileak haiek jaso baditu eta 5 urte baino gutxiago igaro badira etxebizitza babestuaren behin betiko kalifikaziotik.

-Egiaztatzea ez direla batera transmititzen etxebizitza eta etxebizitza babestuaren behin betiko kalifikazio zedulan eranskin gisa sartu gabe dagoen lokal bat.

-Lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubidea, Nafarroako Gobernuak onartua duena, erabili ahal izatea.

2. Jarduketa-ildoak.

A.-Transmisioaren edo alokairuaren berri ematen den unean:

a) Transmisioa kostu bidezkoa denean, honako hauek egiaztatuko dira:

-Etxebizitzak prezio mugarik duen saltzeko eta errentan emateko, eta transmisioaren prezioa bat datorren legez ezarritakoarekin.

-Emandako laguntzak itzuli diren, halakorik egin behar izanez gero.

-Etxebizitzaren kokalekua eta eskualdean etxebizitza babesturako eskaerarik den.

-Etxebizitzaren egoera eta ezaugarriak, eta gizarte programetara bidera daitekeen.

-Eskuratzaileak etxebizitza babestuaren hartzaile izateko baldintzak betetzen dituen (diru-sarrerak eta beste etxebizitza baten titulartasuna).

-Lotura familiarrik den eskualdatzailearen eta eskuratzailearen artean.

b) Transmisioa doakoa bada, honako hauek egiaztatuko dira:

-Lagapen-hartzaileak etxebizitza babestu baten hartzaile izateko baldintzak betetzen dituela.

-5 urte iragan direla etxebizitzaren behin betiko kalifikaziotik.

c) Etxebizitza babestuaren salerosketari buruzko eskritura publikoa aurkezten den unean, honako hauek egiaztatuko dira:

-Transmisioaren berri aldez aurretik eman dela.

-Komunikazio horretarako ezarritako baldintza guztiak bete direla.

-Jabetzaren edo eskubide errealaren transmisioa ez dela gertatu aldez aurreko komunikazioaren ondorioak iraungi ondoren, edo ez dela izan adierazitakoez bestelako baldintzetan.

Aurreko baldintza horietako bat bete ez dela frogatuz gero, etxebizitza atzera eskuratzeko eskubidea baliatzen ahalko da.

B.-Jabetza araubidean kalifikatuta dagoen etxebizitza babestu baten errentamendu kontratua aurkezten denean, honako hauek egiaztatuko dira:

-Errentarako hitzartutako prezioa ez dela urtero finkatutako gehienekoa baino handiagoa.

-Maizterrak legez ezarritako baldintzak betetzen dituela.

-Emandako laguntzak itzuli diren, halakorik egin behar izanez gero.

-Aurkezten den errentamendu kontratuak nahitaezko gutxieneko klausulak bederen izan beharko ditu.

-Orobat, etxebizitza babestuaren alokairuak egiaztatzeko, datu hauek erkatuko dira:

David eta Emanzipa laguntzak jasotzeko aurkeztutako kontratuak.

Alokairu poltsan sartutako etxebizitzak.

Alokairuagatik desgrabatzen duten zergadunen datu fiskalak.

Kontrol maila: etxebizitza babestuari buruz jakinarazitako transmisio eta lagapenen %100.

3. Prozeduren araubide juridikoa.

-Etxebizitza babestuen transmisioaren edo lagapenaren kontrola.

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 43.etik 51.era bitarteko artikuluak eta 1. xedapen gehigarria, eta Etxebizitza babestuaren eskatzaileen zentsua arautzen duen martxoaren 28ko 25/2011 Foru Dekretuaren 11. artikulua eta 3. xedapen gehigarria.

4. Unitate arduraduna:

Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atala.

V. ARDATZA.-ETXEBIZITZA BABESTUEN ERABILERA ETA DESTINOA

1. Helburuak.

-Etxebizitza babestuak jabearen edo errentariaren ohiko etxebizitza iraunkorrak direla ziurtatzea, eta ez direla inoiz 2. egoitza eta ez daudela okupatu gabe.

-Jendea kontzientziatzen jarraitzea, guztiak jabetu daitezen etxebizitza babestuek okupatuta egon behar dutela.

-Ziurtatzea etxebizitza babestuko alokairuek errentamendu kontratuaren beharrezko ikus-onespena dutela.

-Zaintzea errentamendu araubidean kalifikatutako sustapenetako etxebizitza guztietan errentamendu kontratuak izenpetu direla eta horiek ikus-onesteko aurkeztuak izan direla.

-Egiaztatzea errentamendu araubideko etxebizitza babestuak erabiltzen direla haien errentarien ohiko etxebizitza iraunkor izateko.

-Hutsik dauden etxebizitzak mugiaraztea, eta, egoki denean, "Alokairu poltsa" izeneko etxebizitza programarako erabiltzea.

-Kontrolatzea ez dadila iragarri etxebizitza babestuen edo horietako gelaren baten alokairua egonaldi turistikoetarako, eta ez daitezela xede horretarako erabili.

2. Jarduketa-ildoak.

A.-Etxebizitza babestuetako argindar, ur eta gas kontsumoak eskatzea (bai zuzenean jabeari bai zerbitzuen entitate hornitzaileei).

Hurrengo kasuetan eskatzen ahalko dira argindar, ur eta gas kontsumoak:

1. Errekerimendua igortzea 2019an eta 2020an behin betiko kalifikatutako espedienteetan ikus-onetsitako kontratuak dituzten etxebizitza babestuaren jabeei, ahal dela irizpide hauen arabera:

-Iruñean eta Iruñerrian diren etxebizitzak.

-Lurzoru publikoan sustatutako etxebizitzak.

-Laguntza ekonomikoak jaso dituzten titularren etxebizitzak.

-Babes ofizialeko etxebizitzaren kalifikazioa duten etxebizitzak.

-Behin betiko kalifikaziotik urtebete baino gehiago duten etxebizitzak.

2. Desokupazio salaketa duten etxebizitzak.

3. Zehapen espedientea tramitatzen denean, instruktoreak hala erabakitzen badu.

4. Etxebizitza bat behin baino gehiagotan ikuskatzera joan eta jabearekin harremanetan jartzea ezinezkoa izan denean, etxebizitza okupatua dagoen aztarnak daudela.

B.-Foruzaingoaren ikuskapen bisitak honako kasu hauetan:

-Errentamendu araubidean diren etxebizitza babestuak ikuskatzen direnean.

-Desokupazio salaketa duten etxebizitzak, edo behar bezalako ikus-onespenik gabe alokatzeagatik salatuta daudenak.

-Zehapen espedientea tramitatzen denean, instruktoreak hala erabakitzen badu.

-Etxebizitza bateko kontsumoak aterata, okupatua dagoela ulertzeko nahikoa ez direnean.

-Etxebizitzaren jabeari kontsumoak eskatuta, hark aurkezten ez dituenean. Gainera, arrazoi horregatik, zehapen espedientea irekitzen ahalko zaio.

-Etxebizitza okupatu gabe izateagatik edo behar bezalako ikus-onespenik gabe alokatzeagatik zehatu diren guztiei, zehapena ezarri eta hurrengo urtean.

Aurreikusitako kontrol jarduketen ondorioz zehapen espedientea irekitzen bada, ezarri beharreko zehapenak mailakatzean, bereziki kontuan hartuko da, astungarri gisa, zer ondorio duen gizartearentzat etxebizitza babestuak hutsik egoteak eta zer eskaera dagoen etxebizitza babestuetarako zehatutako jabearen etxebizitza babestuaren inguruan.

Kontrol maila: gutxienez 300 etxebizitza babestu urtean.

C.-Etxebizitza turistiko gisa erabiltzen diren etxebizitza babestuak detektatzea.

Urtero, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako ostatuen datuak etxebizitza babestuen espedienteetako datuekin gurutzatuko dira, babes araubidearen pean dauden eta etxebizitza edo apartamentu turistiko gisa behar ez bezala erabiltzen ari diren etxebizitzak aurkitzeko.

Kontrol maila: Nafarroako Turismo Erregistroan erregistratutako etxebizitza eta apartamentu turistikoen %100.

3. Prozeduren araubide juridikoa.

-Etxebizitza babestuen destinoa eta erabilera kontrolatzea.

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen VI. titulua. Etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituen irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 42. eta 43. artikuluak, desokupazioaren gaineko administrazio baimenari dagokionez.

4. Unitate arduraduna.

Berrikuntza eta Ikuskapen Atala.

VI. ARDATZA.-GAZTEEK ETA DIRU-SARRERA TXIKIAK DITUZTEN FAMILIA UNITATEEK ALOKAIRU ERRENTA ORDAINTZEKO LAGUNTZAK

1. Helburuak.

-Aurrerapausoak ematea Nafarroan etxebizitza izateko eskubide subjektiboa behar bezala asetzeko bidean.

-Egiaztatzea emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkarien aurretiko ordainketak (Emanzipa programa) legean finkatutako eskakizunak betetzen dituzten gazteei egiten zaizkiela.

-Egiaztatzea etxebizitza lortzeko errentamenduagatiko kenkarien aurretiko ordainketak (David programa) legean finkatutako eskakizunak betetzen dituzten familia unitateei egiten zaizkiela.

2. Jarduketa-ildoak.

A.-Emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkarien aurretiko ordainketak (Emanzipa programa).

a) Honako hauek egiaztatuko dira eskaera izapidetzen den unean:

-Eskabidean aitortutako datuak bat datozela etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuan izena ematerakoan adierazitakoekin, eskatzailea zentsu horretan izena emanda badago.

-Ez dela beste laguntza bateraezinik jasotzen ari.

-Eskatzaileak arauan finkatutako adina duela.

-Kontratuko titularren kopurua.

-Dagokion pertsonaren edo familia unitatearen diru-sarrerak arauan ezarritako gutxienekoa baino handiagoak eta gehienezkoa baino txikiagoak direla.

-Alokairu errenta ez dela finkatutako gehienezkoa baino handiagoa.

-Legeak finkatutako gainerako eskakizunak betetzen direla, etxebizitza babestua eskuratzeko dirulaguntzetarako eskatzen diren eskakizunekin bat.

b) Eskaera izapidetu ondotik, honako hauek egiaztatuko dira:

-Alokairuari dagozkion hileroko ordainketak egiten direla, eta ordaindutako kopuruak bat datozela eskabidean adierazitakoarekin. Horretarako, banku-ordainagiriaren edo transferentziaren agiriaren kopia digitalizatua aurkeztea eskatuko da, eta agiriak legeak finkatutako forma eskakizunak bete beharko ditu.

Kontrol maila: eskaeren %100.

B.-Etxebizitza lortzeko errentamenduagatiko kenkarien aurretiko ordainketak (David programa).

a) Honako hauek egiaztatuko dira eskaera izapidetzen den unean:

-Familia unitatea etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuan izena emanda dagoela, eta hor izena emanda egon ahal izateko eskatzen den antzinatasuna duela.

-Eskabidean aitortutako datuak bat datozela etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuan izena ematerakoan adierazitakoekin.

-Ez dagoela laguntza hau jasotzen ari den beste familia unitaterik etxebizitza berean, eta familia unitate eskatzailea ez dela ari beste laguntza bateraezinik jasotzen.

-Dagokion familia unitatearen osaera eta familiaren diru-sarrera ponderatuak arauan ezarritako gutxienekoa baino handiagoak eta gehienezkoa baino txikiagoak direla.

-Alokairu errenta ez dela finkatutako gehienezkoa baino handiagoa.

-Legeak finkatutako gainerako eskakizunak betetzen direla, etxebizitza babestua eskuratzeko dirulaguntzetarako eskatzen diren eskakizunekin bat.

b) Eskaera izapidetu ondotik, honako hauek egiaztatuko dira:

-Alokairuari dagozkion hileroko ordainketak egiten direla, eta ordaindutako kopuruak bat datozela eskabidean adierazitakoarekin.

Kontrol maila: eskaeren %100.

3. Prozeduren araubide juridikoa.

Arauketa: Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 3 bis, 3 ter eta 3 quater artikuluak, eta ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 68 quinquies artikulua.

4. Unitate arduraduna.

Etxebizitza Zerbitzuko Laguntzen eta Plangintzen Atala.

VII. ARDATZA.-ETXEBIZITZA HUTSAK

1. Helburuak.

Dagokion udalerrian etxebizitza babestuak errentamendu araubidean eskuratzeko eskaria badago, eta hala adierazten badu etxebizitza babestuen eskatzaileen zentsuak, honako hauek eginen dira:

-Etxebizitzetan egiazki bizitzeari buruzko kontrola egitea.

-Etxebizitza bizitoki gisa erabiltzeko beharrari buruzko kontzientzia sustatzea, eta etxebizitza hutsak merkatuan sartzea bultzatzea.

-Alokairu araubidean arrazoizko prezioetan dauden etxebizitzen eskaintza areagotzea.

-Etxebizitza hutsak "Alokairu poltsa" etxebizitza programari lagatzea sustatzea.

2. Jarduketa-ildoak.

A.-Etxebizitza hutsa deklaratzeko prozedura izapidetu aurretik, honako hauek eginen dira:

1. Etxebizitzaren egoera egiaztatuko da, nagusiki bide hauek erabiliz:

-Nafarroako Foru Ogasunak helburu horretarako lagatako datuak aztertuko dira.

-Ur, gas eta argindar kontsumoaren datuak eskatuko zaizkie etxebizitzen titular diren pertsonei.

-Ur, gas eta argindar kontsumoaren datuak eskatuko zaizkie enpresa hornitzaileei.

-Biztanleen azken udal zentsuari edo erroldari buruzko datuak eskatuko zaizkie udalei.

2. Egiaztatuko da finantza-entitateek eta haien higiezin-filialek, aktiboen kudeaketarako entitateek -banku-berregituratzetik heldu direnak barne- eta higiezin-entitateek, edozein dela ere haien helbide soziala, aurkeztu dutela maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 42 quater artikuluak 7. apartatuan aipatzen duen informazioa, eta, horrela ez bada, informazio hori aurkezteko eskatuko da.

3. Titulartasunean dituzten etxebizitza hutsei buruzko informazioa emateko eskatuko zaie edukitzaile handiei, pertsona fisikoak zein juridikoak izan.

B.-Etxebizitza hutsa deklaratzeko prozedura izapidetzen den bitartean, egiaztatuko da ea etxebizitzen titularrek betetzen duten hartutako konpromisoa, alegia, hiru hilabeteko epean etxebizitza erabiltzen hastekoa, edo epe berean birgaitze babestuaren behin-behineko kalifikazioa eskatzekoa.

Kontrol maila: pertsona juridikoen espedienteen %100.

3. Araubide juridikoa.

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen V bis titulua.

4. Unitate arduraduna.

Ikuskapen eta Berrikuntza Atala.

VIII. ARDATZA.-ETXEBIZITZEN ERRENTAMENDUA NAFARROAN

1. Helburuak.

Bizitegi-merkatu tentsionatuko zonetako alokairu-merkatuaren egoeraren eta bilakaeraren jarraipena funtsezko tresna da prezioak kontrolatzeko eta errentatzaileek eta sektoreko eragileek legezko betebeharrak betetzeko. Ildo horretan, oso garrantzitsua da alokairu-errentei buruzko informazioa izatea, errentan emandako etxebizitzen titularrek horri buruzko arauzko betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzeko, adibidez, prezio-mugak.

Horretarako tresna nagusietako bat Nafarroako Etxebizitza Errentamenduko Kontratuen Erregistroa da, behar bezala eguneratuta eta alokairu-merkatuaren irudi fidela lortzea ahalbidetuko digun egiazko informazioarekin.

Era berean, tresna baliotsua da neurrien plana eta neurrien plan espezifikoa ebaluatzeko, zeinak bizitegi-merkatu tentsionatuko zonaren deklarazioaren eraginpean dauden toki entitateekin batera garatuko baitira.

Gainera, funtsezkoa da kontrolatzea eta ikuskatzea etxebizitzaz bestelako erabilerarako errentamendu kontratuak, sasoikoak baitira, indarrean dagoen araudira egokitzen direla. Errentamendu kontratu horiek nahitaez inskribatu behar dira orain Errentamendu Kontratuen Erregistroan. Tresna hori funtsezkoa da horrelako kontratuak iruzurrez erabiltzen ez direla ziurtatzeko, hots, legez ohiko etxebizitza iraunkorren errentamendu kontratutzat hartzen diren alokairu kontratuak ezkutatzeko. Horrela, segurtasun juridiko handiagoa eman nahi zaio etxebizitza-merkatuari.

2. Jarduketa-ildoak.

A.-Merkatu libreko etxebizitzen errentamenduak.

Aldian behin, aztertuko dira higiezinen atari digital eta higiezinen agentzia fisiko nagusiek bizitegi-merkatu tentsionatuko zona deklaratutako udalerrietan iragartzen dituzten ohiko etxebizitzen errentamendu-eskaintzak. Horrekin, deklarazio horren ondorioz ezarritako arauzko neurrien ez-betetzeak identifikatu nahi dira (publizitateari, informazioari, prezioen erregulazioari eta abarrei buruzko betebeharrak), eta une bakoitzean estrategikotzat jotzen diren alderdiak. Ikuskapen fisikoaren barruan, aurrez aurreko bisitak eginen dira agentzietara, aipatutako gai guztiak eta formalizatutako eskaintzak eta kontratuak kontrolatzeko.

Ildo horretan, higiezinen atariek eta agentziek eskaintzen duten informazioa eta kontratuen erregistroan dauden datuak gurutzatuko dira, halaber, errentamendu kontratuak erregistratu beharra betetzen den begiratzeko, batez ere sasoiko kontratuen kasuan.

Halaber, baliagarritzat jotzen da Errentamendu Kontratuen Erregistroan dagoen informazioa eta Foru Ogasunak duen zerga-informazioa gurutzatzea. Horregatik, Nafarroako Foru Ogasunari eskatuko zaio aitortzen diren kapital higiezinaren etekinak eragin dituzten ondasunen katastroko erreferentziak eman ditzala, egiaztatzeko ea katastroko erreferentzia horiek lotuta dauden Errentamendu Kontratuen Erregistroan erregistratutako alokairu kontraturen batekin. Aurkitzen ez badira, kapital higiezinaren etekinak jasotzen dituzten eta erregistroan jasota ez dauden etxebizitzen jabeei gutunak bidaliko zaizkie, eta gogoraraziko zaie ezen, etxebizitza bat ohiko etxebizitza gisa alokatzeagatik errentak jasotzen badituzte, errentamendu horren kontratua Nafarroako Errentamendu Kontratuen Erregistroan inskribatu behar dela.

Kontrol maila: astero, higiezinak iragartzen dituzten 5 atari aztertuko dira.

Ogasunak emandako katastro-erreferentzien %50.

B.-Merkatu babestuko etxebizitzen errentamenduak.

Errentamendu Kontratuen Erregistroan dagoen informazioa Foru Ogasunak duen zerga-informazioarekin gurutzatuko da. Horregatik, Nafarroako Foru Ogasunari eskatuko zaio aitortzen diren kapital higiezinaren etekinak eragin dituzten ondasunen katastroko erreferentziak eman ditzala, egiaztatzeko ea katastroko erreferentzia horiek lotuta dauden Errentamendu Kontratuen Erregistroan erregistratutako alokairu kontraturen batekin eta ea behar den ikus-onespena duten.

DAVID eta EMANZIPA laguntzei lotutako errentamendu kontratuak berrikusiko dira, Etxebizitza Zerbitzuak ikus-onetsi gabe -eta, ondorioz, Nafarroako Etxebizitza Errentamenduen Erregistroan jaso gabe- formalizatutako etxebizitza babestuen errentamenduak detektatzeko.

Kontrol maila: DAVID eta EMANZIPA laguntza-eskaeren %100.

Ogasunak emandako katastro-erreferentzien %50.

C.-Errentamendu Kontratuen Erregistroaren azterketa.

Aldian behin, orobat, Errentamendu Kontratuen Erregistroan jasotako informazioa aztertuko da, ziurtatzeko bertan erregistratutako etxebizitza guztiek betetzen dutela merkatu tentsionatuko zonetako errenta-prezioaren mugari dagokionez ezarrita dagoen legezko betebeharra.

Kontrol maila: erregistratutako kontratuen %100.

3. Araubide juridikoa.

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen IX. titulua.

4. Unitate arduraduna.

Ikuskapen eta Berrikuntza Atala, etxebizitza libreen errentamenduen kasuan, eta Laguntzen eta Plangintzen Atala, etxebizitza babestuen errentamenduen kasuan.

IX. ARDATZA.-NAFARROAKO ETXEBIZITZA-EDUKITZAILE HANDIEN ERREGISTROA

1. Helburuak.

Indarrean dagoen araudiaren eta bizitegi-merkatu tentsionatuko zona deklaratzeko justifikazio-memorian jasotako definizioaren arabera etxebizitza-edukitzaile handitzat jotzen diren pertsona fisiko eta juridikoei buruzko informazioa lortzea. Inskripzioa nahitaezkoa da, eta bertan honako hauek jaso behar dira: bere izenean dauden etxebizitzen kopurua eta zerrenda, etxebizitza horien tipologia, eta, alokatuta badaude, Errentamendu Kontratuen Erregistroan inskribatutako kontratuen erreferentzia. Pertsona juridikoek, gainera, etxebizitza horiek kudeatzeko erakunde baten izendapena inskribatu beharko dute, zeinak Nafarroako Foru Komunitatean egoitza fisikoa izan beharko baitu.

2. Jarduketa-ildoak.

Urtero, edukitzaile handien erregistroa martxan dagoenean, Nafarroako Foru Ogasunak Nafarroako Katastroari buruz emandako informazioa aztertuko da, eta, hala, Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilariaren maiatzaren 19ko 157E/2025 Foru Aginduan -Nafarroako 21 udalerri bizitegi-merkatu tentsionatuko zona deklaratzeko foru agindua- ezarritako edukitzaile handiaren definizioa betetzen duten pertsona fisiko eta juridikoen identitatea lortuko da. Informazio hori alderatuko da Nafarroako Etxebizitza-edukitzaile Handien Erregistroan jasotako informazioarekin, inskribatzen ez diren pertsonak detektatzeko.

Kontrol maila: Nafarroako etxebizitza baten jabe eta/edo gozamendun diren pertsonen %100, aurreko urteko katastroko datuen arabera.

3. Araubide juridikoa.

10/2010 Foru Legea, Etxebizitzari buruzkoa.

4. Unitate arduraduna.

Ikuskapen eta Berrikuntza Atala.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web