179E/2025 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 21EKOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ SORTZEN BAITA NAFARROAN HILTZEKO LAGUNTZA EZARTZEKO SOSTENGU TALDE TEKNIKOA
BON N.º 115 - 10/06/2025
2021ean, Eutanasia arautzeko martxoaren 24ko 3/2021 Lege Organikoa onetsi zen, helburu duena arautzea ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiek hiltzeko laguntza eskatzeko eta jasotzeko duten eskubidea, bai eta horretarako jarraitu beharreko prozedura eta bete beharreko bermeak ere. Legean, orobat, pertsona horiei arreta ematen dieten osasun langileen betebeharrak ezartzen dira, haien jarduketa-esparrua zehaztuta, eta zerikusia duten administrazio eta erakundeen betebeharrak arautzen, legean aitortutako eskubidea behar bezala baliatzen dela ziurtatzeko.
Eutanasiarekin jarraitu beharreko prozedurak mediku arduradun bat (aurrerantzean, MA) izendatzea barne hartzen du, zeina pazientearentzako informazio eta asistentzia sanitario guztia koordinatzeaz arduratzen den fakultatiboa izanen baita. Mediku hori pazientearen solaskide nagusia izanen da, asistentzia-prozesuan zehar jaso beharreko arreta eta informazio osoari dagokionez. Hiltzeko laguntza osasun zentro publikoetan, pribatuetan edo itunduetan emanen da, baita etxean ere. Legeak, halaber, ezartzen du hiltzeko laguntza emateaz arduratzen diren profesional sanitarioek hil arte lagunduko diotela pazienteari.
Mediku arduradunaz gain, mediku aholkulariaren figura ere badago (aurrerantzean, MAH). Aholkulari hori pazienteak dituen patologien arloan prestakuntza duen fakultatibo bat izanen da, ez da mediku arduradunaren talde berekoa izanen, eta berari dagokio baldintzak betetzen direla berrestea.
Laguntza taldea da hiltzeko laguntza eskatzeko eta emateko prozesuan laguntzaren jarraitutasuna bermatzen duen profesionalen taldea. Talde horretan sartzen dira pazientea zaintzeaz arduratzen diren erizaintzako profesionalak.
Gainera, kontuan hartu behar da erizainak direla laguntza administratzen dutenak, pazientearen zainen barnetik, osasun taldearen administratze modalitatearen bidez.
Prozeduran, kontuan hartu beharreko zenbait egoera sortzen dira:
-MAren eta MAHaren txostenak aldekoak izatea, baita batzordearena ere, eta prestazioa egitea.
-MAren eta MAHaren txostenak aldekoak izatea eta batzordearena ez aldekoa.
-Soilik MAren edo MAHaren aldeko txostena izatea; bi kasuetan, prestazioa ematea batzordearen irizpenaren mende eta pazienteak erreklamazioa egitearen mende dago.
-Aldeko txostenak izatea, baina pazienteak prozesuan zehar erabakitzea atzera egiten duela edo prestazioa atzeratu nahi duela.
-Pazientea prozesuan zehar hiltzen da.
-Prozedura desberdina izanen da pazienteak gaitasuna badu edo eskaera aurretiazko borondateen agiriarekin aurkezten badu.
-Gerta daitezkeen beste egoera batzuk.
Profesionalek kontzientzia-eragozpenerako duten eskubidea dela eta, gerta daiteke beste fakultatibo bat edo erizaintzako profesional bat izendatu behar izatea, beste zentro edo eremu batekoa izan daitekeena.
Eskatzaileak oinarrizko osasun laguntzaren, ospitaleko laguntzaren edo osasun mentalaren eremura jo dezakete prestazioa eskatzeko, edozein osasun barrutitan, eremu publikoan edo pribatuan, eta, halakoetan, osasun zerbitzu publikoek, beren eskumenen esparruan, hiltzeko laguntza jasotzeko eskubidea bermatzeko behar diren neurriak aplikatu beharko dituzte, betiere lege horretan ezarritako kasuetan eta baldintzetan.
Legea onetsi zenetik, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuak lanean jardun du legea inplementatzeko, Nafarroan jarraitu beharreko prozedura sortzeko, profesionalak prestatzeko, prestazioaren segimendua egiteko eta Ministerioari datuak emateko. Gertatu diren inguruabarren ondorioz, aipatutako zerbitzuak modu ez-homogeneoan eta ez-sistematizatuan lan egin behar izan du eremu horietako arduradunekin, epeak betetzen direla bermatzeko.
Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 12ko 155E/2025 Foru Aginduaren bidez, Osasun Departamentuko Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuaren esku utzi dira Nafarroako Foru Komunitatean Hiltzeko Laguntza Emateko Berme eta Ebaluazio Batzordeko idazkariari laguntzeko lanak, eginkizun hauek esleituta:
-Prozeduran interesa duten eragile guztien solaskidea izatea, komunikazioari dagokionez.
-Jasotako dokumentazioa egiaztatzea.
-Batzordearen administrazio jarduerak kudeatzea.
Horregatik guztiagatik, eta prestazioa jasotzeko eskubidea bermatzen jarraitzeko, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuak proposatu du Nafarroan hiltzeko laguntza ezartzeko sostengu talde teknikoa sortzea.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 19.3 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Nafarroan hiltzeko laguntza ezartzeko sostengu talde teknikoa sortzea, pertsona hauek osatuta:
- Osasun Departamentuko Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko zuzendaria, zeina presidente lanetan arituko baita.
- Osasun Departamentuko Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Ataleko burua, zeina idazkari lanetan arituko baita.
- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzaren bi ordezkari, Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Zuzendaritzak izendatuak.
- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren bi ordezkari, hango kudeaketa zuzendaritzak izendatuak.
- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Tuterako Osasun Barrutiaren bi ordezkari, barruti horretako kudeaketa zuzendaritzak izendatuak.
- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Lizarrako Osasun Barrutiaren bi ordezkari, barruti horretako kudeaketa zuzendaritzak izendatuak.
- Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun mentalaren eremuaren bi ordezkari, Osasun Mentaleko Kudeatzailetzak izendatuak.
2. Nafarroan hiltzeko laguntza ezartzeko sostengu talde teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:
- Bere eremuko erreferentea izatea sortzen diren kasuei buruzko informazioa eta orientazioa emateko orduan.
- Bere eremuko erreferentea izatea prozedura hobetzeko behar diren aldaketak gidatzeko, bultzatzeko edo jakinarazteko orduan.
- Bere jarduketa-eremuetan hobetzeko arloak hautematea eta haiei heltzea, eta beharrezkoak diren aldaketak proposatzea.
- Bere eremuetako profesionalei behar duten prestakuntza ematea.
- Profesionalen agendak kudeatzen laguntzea, prestazioa emateko.
- Protokoloak eta dokumentuak eguneratzea, hobetzea eta zabaltzea eremu guztietako historia kliniko informatizatuei dagozkien aplikazio informatikoetan.
3. Nafarroan hiltzeko laguntza ezartzeko sostengu talde teknikoak egokitzat jotzen diren aholkulari espezialisten laguntza jasotzen ahalko du.
4. Nafarroan hiltzeko laguntza ezartzeko sostengu talde teknikoa honako arau hauek gobernatuko dute: foru agindu hau, taldearen beraren barne funtzionamendurako arauak eta kide anitzeko organoentzat ezarritako jarraibideak, zehazki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean jasota daudenak.
5. Foru agindu hau honako hauei igortzea: Osasun Departamentuko Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeaketa Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeaketa Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Tuterako Osasun Barrutiko Kudeaketa Zuzendaritzari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Lizarrako Osasun Barrutiko Kudeaketa Zuzendaritzari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Osasun Mentaleko Kudeaketa Zuzendaritzari.
6. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.