4/2025 FORU LEGEA, APIRILAREN 9KOA, NAFARROAKO ENERGIA-TRANTSIZIOAREN AGENTZIA ARAUTZEN DUENA
BON N.º 77 - 22/04/2025
Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentzia Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen bidez sortu zen. Lege horren 6.2 artikuluan, agentziaren sorkuntzaz gain, xedatzen da ezen erakunde hori Nafarroako Gobernuan energiaren arloko eskumenak dituen departamentuaren plangintza eta politika orokorreko jarraibideen esanetara egonen dela eta departamentu horri atxikiko zaiola.
Aipaturiko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legearen lehen xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz, honako foru lege honen bitartez Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentzia arautzen da, Foru-sektore Publiko Instituzionalaren barrenean sartuta, eta zehazturik haren nortasun juridikoa, erakunde hori eratuz lortu nahi diren helburuak eta esleitzen zaizkion eginkizunak.
1. artikulua. Nafarroako Energiatrantsizioaren Agentzia.
1. NETA-Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentzia, formaz, enpresa-erakunde publikoa izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 38.a) artikuluan aurreikusitako erakunde publikoetakoa, nortasun juridiko bereki eta bereiziduna eta jarduteko gaitasun eta kudeatze-autonomia osoduna, horrek ukatu gabe Foru Komunitateko Administrazioarekin tutoretza-harremana izatea.
2. Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentzia Nafarroako Gobernuan energiaren arloko eskumenak dituen departamentuari atxikita dago, eta departamentu horren plangintzako eta politika orokorreko jarraibideen esanetara. Departamentu horrek Agentziaren gain ordenamendu juridikoak ematen dizkion kontrol- eta tutoretza-ahalmenak beteko ditu.
3. Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentziak gauzatzen dituen jarduerek aintzat hartuko dute genero-ikuspegia klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloan, Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legean xedatzen denarekin bat.
4. Era berean, Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentziak eginen dituen jarduerek kontuan hartuko dute irisgarritasun unibertsalaren printzipioa, halatan jarraikiz Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko azaroaren 25eko 31/2022 Foru Legean xedatzen denari.
Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentziak helburu hauek ditu:
a) Lagungarri izatea Foru Komunitateak eta Estatuak energia-trantsizioaren alorrean dituzten konpromisoak betetzeko.
b) Energia-eredu jasangarria lortzea, energia-iturri berriztagarrietan, sorkuntza banatuan eta autokontsumoan oinarrituta egonen dena.
c) Klima-aldaketaren eta haren ondorioen kontra borrokatzea, eta ondorio horietarako egokitzapena sustatzea.
d) Jarduketak sustatu eta gauzatzea energia-efizientziaren, kudeaketaren eta -aurrezpenaren arloan.
e) Energia-trantsizioari buruzko azterlanak eta analisiak egitea.
f) Energia-ekimen publikoa sustatzea erakunde-esparru guztietan.
g) Nafarroan energia berriztagarrien ekoizpena, sorkuntza banatua eta autokontsumoa sustatzea, hala nola eolikoarena, fotovoltaikoarena, eguzki-energia termikoarena, biomasarena, geotermiarena eta beste batzuena, ahaleginak eginik bazter guztietara zabaltzeko 0 km-ko energia, Nafarroako biztanleen subiranotasun energetikoa erraztu eta faboraturik, eta energiaren demokratizazioa bideraturik.
h) Saiatzea Nafarroa lider izan dadin energiaren sektoreko ezagutzan eta berrikuntzan.
3. artikulua. Eginkizunak.
Bere helburuak betetzeko, Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentziak bere estatutuetan jasoko diren eginkizunak beteko ditu, zeinak, oro har, honako hauek izanen baitira:
a) Nafarroako Energia Plana proposatu, taxutu eta egitea, bai eta egokitzat jotzen diren plan horren aldaketak ere.
b) Nafarroako Energia Plana osoki betearazteko behar diren ekintzak egitea, plan horretan jasotako xedeak betetzen direla zaintzea, eta horien betetze-mailaren jarraipena egitea.
c) Nafarroan honako hauen ezarpena sustatu eta kudeaketa egitea: energia berriztagarria ekoizteko, autokontsumorako eta sorkuntza banaturako sistemak, energia biltegiratzeko edo kudeatzeko sistemak, ibilgailu elektrikoak kargatzeko sistemak, mugikortasun jasangarriko proiektuak, bai eta antzeko beste edozein ere.
d) Bere helburuak betetzeko, zuzenean egitea inbertsioak, edo mailegu, abal nahiz bestelako tresnen bidez aldeztea entitate publikoek egindako inbertsioak. Entitate pribatuen inbertsioei dagokienez, laguntzak eta parte-hartzeak lehentasunez bideratuko dira irabazi-asmorik gabeko entitateek egindakoetara, eta halako inbertsiotzat joko dira energia-komunitateek egindakoak.
Entitate pribatuen kasuan, irabazi-asmokoak izan edo ez, beharrezkoa izanen da SODENA enpresa publikoak eginiko ekonomia- eta finantza-bideragarritasunari buruzko txostena.
e) Merkataritza-sozietateak sortu edo horietan parte hartzea, argindarra lehia askeko araubidean komertzializatzeko; autokontsumoko instalazioen energia-soberakinen salmenta kudeatzea; kontsumoari buruzko datuak bildu eta aztertzea; eta parte hartzea eskariaren kudeaketa adimentsuan eta sistema elektrikoaren beste zerbitzu batzuetan.
f) Bere ekimenez edo sektore pribatuko beste enpresa batzuekin elkarlanean arituz, energiaren arloan Nafarroarentzat aitzindariak edo estrategikoak diren proiektuen garapena sustatzea.
g) Energia-aurrezpen eta -efizientzia eta energiaren kudeaketa adimentsua bultzatzeko ekintzak proposatu, erabaki eta gauzatzea; energia berriztagarrien erabilera bultzatzea autokontsumorako eta sorkuntza banaturako, modu jasangarrian kudeatuz tokiko baliabideak eta baliabide berriztagarriak; eta garraiobide elektrikoen eta zero isurketako ibilgailuen erabilera sustatzea.
h) Neurriak ezarri eta kudeatzea, finantzaketa-sistema berritzaileak barne, sustatze aldera energia-aurrezpena eta -efizientzia, energiaren kudeaketa adimentsua, garraiobide elektrikoak, energia berriztagarriak, hiri adimendunak -smartcity direlakoak- eta smartgrid izenekoak, xedetzat harturik energiaren aurrezpena, energia-sorkuntza banatua, energia-banaketako sare adimentsuen ezarpena eta isurketen gutxitzea.
Finantzaketa-sistema berritzaileen kasuan, beharrezkoa izanen da SODENA enpresa publikoak txostena egitea ekonomia- eta finantza-bideragarritasunari buruz.
i) Azterketak eta txosten teknikoak egitea energiaren arloko teknologia eta sistemei, energia-kontsumoko ohiturei eta sektore ekonomiko desberdinen ahuleziei buruz.
j) Laguntza ematea Nafarroako energia-azpiegituren planak taxutzen eta haien jarraipena egiten.
k) Herritarren parte-hartzeari irekitzea agentziak sustatzen dituen energia-proiektuak, hala haien taxuketari nola finantzaketari dagokionez.
l) Tokiko energia-komunitateak sustatzea, aholkularitza emanez halakoak eratzeko interesa duten pertsonei eta toki-erakundeei.
m) Agentziaren eginkizun eta helburuekin zerikusia duten ekimenak abian jartzeko Foru Komunitate, nazio edo nazioarte mailako lehia-proiektuetan parte hartzea.
n) Energiaren arloko aholkularitza eta laguntza teknikoa ematea administrazio publiko desberdinei, hala foru-administrazioari nola toki-administrazioei, bai eta profesionalentzako prestakuntza espezializatua ere.
ñ) Laguntza teknikoa ematea energiaren arloko kudeatzaileei eta Nafarroako administrazio publiko desberdinetako kontratazio-unitateei, energiaren erabilera arrazionalizatzeko programak egitea eta sektore publikoan energia-baliabide berriztagarrien aprobetxamendua sustatzea.
o) Toki-erakundeei laguntza teknikoa eskaintzea, klimarako eta energia jasangarrirako ekintza-planak idazteko, exekutatzeko eta berrikusteko.
p) Jarduketa eta inbertsio publikoak eta pribatuak sustatzea karbono-dioxidoaren xurgapenaren arloan, karbono-hustubideen babes eta hobekuntzaren arloan eta klima-aldaketarako egokitzapenaren arloan.
q) Jarduketa eta inbertsio publiko eta pribatuak sustatzea, I+G+b proiektuak egitekoak energia-trantsizioaren eta klima-aldaketaren kontrako borrokaren alorrean.
r) Herritarrentzako informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak aurrera eramatea, energiaren demokratizazioa bultzatzeko eta herritarrei bai energiaren arloko aholkularitza bai tresna teknikoak eta prestakuntzakoak eskaintzeko.
s) Energiaren eta klima-aldaketaren gaietan profesionalen prestakuntza bultzatzea.
t) Bere Estatutuetan jasotako beste edozein jarduera, eta bere helburuak osoki betetzeko beharrezkoak diren beste batzuk.
Lehenengo xedapen gehigarria. Energiatrantsizioko politikak exekutatzeko beharrezkoak diren datu estatistikoen tratamendua.
Botere publikoak, herritarrak, enpresak, irabazi-asmorik gabeko erakundeak eta enpresari-elkarteak behartuta egonen dira Agentziarekin lankidetzan aritzera eta energia-trantsizioko politikak exekutatzeko beharrezkoak diren datu estatistikoak hari ematera, ezartzen diren formatuei eta konfidentzialtasun-irizpideei jarraituz. Posible denean, pertsonei buruzko estatistiketan sexuaren aldagaia ere jasoko da, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 19. artikuluarekin bat.
Bigarren xedapen gehigarria. Lankidetzahitzarmenak.
Administrazio publikoen arteko lankidetza-hitzarmenek gehienez ere hogeita hamar urteko indarraldia izanen dute, zerikusia dutenean energia berriztagarriaren sorkuntzarako, energia-biltegiratzerako edo karbono-xurgapenerako proiektuekin.
Hirugarren xedapen gehigarria. Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak eginiko kontrola.
Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak zilegi izanen du Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentziari dagokionez eginkizun haiek betetzea, zeinak Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa izeneko sozietatea sortzeari buruzko ekainaren 18ko 8/2009 Foru Legearen 2. artikuluaren 1.b) eta 2. apartatuetan jasotzen baitira.
Laugarren xedapen gehigarria. Estatutuak onestea.
Foru lege honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak hasierako jarduketa-plana eta Estatutuak onetsiko ditu Nafarroako Energia-trantsizioaren Agentziarentzat, jarraiturik martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeari, zeina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzkoa baita.
Bosgarren xedapen gehigarria. Nafarroako Parlamentuak eginiko kontrola.
1. Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamentuari aurkeztuko dio Energia-trantsizioaren Agentziaren Hasierako Jarduketa-plana.
2. Urtero, Nafarroako Gobernuak Agentziaren kudeaketari buruzko oroitidazki bat aurkeztuko dio, idatziz, Nafarroako Parlamentuan energia-alorrean eskudun den batzordeari, ekitaldi ekonomikoaren itxieraren ondoko lehen hiruhilekoaren barrenean. Horrekin batera, hurrengo ekitaldirako jarduketa-plana ere aurkeztuko dio.
Azken xedapenetako lehena. Arauak emateko gaikuntza.
Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatu eta exekutatzeko beharrezkoak diren arauak jaulkitzeko.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan eta biharamunean hartuko du indarra.