11/2024 FORU LEGEA, UZTAILAREN 5EKOA, NAFARROAN KIROL-LANBIDEAN HASTEARI ETA JARDUTEARI BURUZKO APIRILAREN 4KO 18/2019 FORU LEGEA ALDATZEN DUEÑA
BON N.º 148 - 19/07/2024
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak honako hau esaten du zioen azalpenean: "Kirola segurtasunez egiteko eta lehiaketaren arloan emaitza onak izateko, garrantzi handia du irakaskuntzako eta kirol instalazioetako zuzendaritzaren inguruko kirolariek eta teknikariek prestakuntza egokia izateak". Horretarako, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legeak berak kirol-teknikarien titulazio ofizialak lortzeko irakaskuntzak arautzen ditu, Nafarroako kirol-jardueren alorreko prestakuntza sustatzen du, eta jarduera jakin batzuetarako titulazioaren derrigortasuna ezartzen du. Zehazki, honako hau xedatzen da 85.1 artikuluan: "Nafarroako lurraldean kirol irakaskuntzan, kirol zuzendaritza teknikoan, entrenamenduan, animazioan eta erregelamendu bidez ezartzen diren kirol izaera teknikoko antzeko beste arlo batzuetan aritzeko, ezinbestekoa izanen da horretan aritzen direnak kasuko titulazioaren jabe izatea, kirol gaietan indarra duten arauekin bat".
Araubide hori dela-eta, Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeak 1.1 artikuluan ezarritako xedea da "Nafarroan kirol arloko lanbide jakin batzuetan hasteko eta aritzeko oinarrizko alderdiak arautzea. Berariaz adieraziko da zeintzuk diren lanbide horiek, lanbide bakoitzaren jardun-eremu funtzional orokorra ezarriko da, eta aditzera emanen da lanbide horietan sartzeko zer kualifikazio eskatzen den".
Bestetik, kirol-sistemari eta jarduera fisikoari dagokienez Foru Komunitatean dagoen egoerak beharrezkoa egiten du kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzko Foru Legeak arauturiko jarduera egiten ari diren pertsonek modua izan dezatela horretarako beharrezkoa den titulazioa daukatela frogatzeko.
Ildo horretan, araudi indardunak ezartzen du ezen, foru lege horrek zehazten duen egunean -2024ko urtarrilaren 1ean, alegia- kirol-lanbideren batean jadanik badiharduten pertsonei behin-behineko gaikuntza emateko, pertsona horiek egun hori baino lehenago aurkeztuta eduki beharko zutela erantzukizunpeko adierazpen bat. Beraz, bidezkoa da arau-eguneratze hau egitea, aipatu prozedura aurrera eraman ahal izateko eta ziurtasuna eta segurtasun juridikoa lortzeko, halako moldez non titulazio egokia daukaten pertsonen ardurapeko kirol-sistema bat erdietsi ahal izanen baita.
Horregatik, egokitzat jotzen da 18/2019 Foru Legea aldatzea, Nafarroan kirol-lanbidean hasteari eta jarduteari buruzkoa, foru lege horren zortzigarren xedapen iragankorrean jasotzen diren erantzukizunpeko adierazpenak aurkezteko denbora-mugak eguneratuz.
Artikulu bakarra. Apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legea aldatzea, Nafarroan kirollanbidean hasteari eta jarduteari buruzkoa.
Bat. Zortzigarren xedapen iragankorra aldatzen da, testu honekin:
“Zortzigarren xedapen iragankorra.-Erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko epeak.
1. 2025eko irailaren 1a baino lehen kirol-lanbideren batean jadanik badihardutenek egun hori baino lehen aurkeztu beharko dute erantzukizunpeko adierazpena.
2. Kirol-lanbidean 2025eko irailaren 1etik aurrera hasi nahi dutenek lanbidean hasi aurretik aurkeztu beharko dute erantzukizunpeko adierazpena”.
Bi. Azken xedapenetako laugarrenaren 2. apartatua aldatzen da, eta hauxe da testu berria:
“2. Aurrekoa gorabehera, foru lege honetan araututako lanbideetan aritzeko gaikuntza ematen duten lanbide-kualifikazioak 2025eko irailaren 1etik aurrera eskatuko dira”.
Azken xedapena. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.