10/2024 FORU LEGEA, UZTAILAREN 5EKOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEEN ESTATUTUAREN TESTU BATEGINA ONESTEN DUEN ABUZTUAREN 30EKO 251/1993 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA ALDATZEKOA
BON N.º 148 - 19/07/2024
Administrazio Publikoaren Konferentzia Sektorialaren baitan, non presentzia baitaukate autonomia-erkidego guztiek eta, horrenbestez, baita Nafarroako Foru Komunitateak ere, erabaki bat hartu zen, genero-indarkeriaren biktima izandako emakumezko enplegatu publikoen administrazioarteko mugikortasuna errazteko.
Nafarroak eskumena izaki Nafarroako administrazio publikoen zerbitzura diharduten langileen estatutu-araubideari dagokionez, beharrezkoa gertatzen da langile horien estatutua aldatzea, erantzun egokia eta berme juridikoduna emate aldera genero-indarkeriaren biktima diren emakume guztiei, zeinek, Nafarroako Gobernuko funtzionario izanik, beste erkidego batera lekualdatuak izatea eskatzen baitute, beren eta beren familiaren babeserako eta segurtasunerako eskubidean oinarrituta eta beren eskubide profesionalen kalterik gabe.
Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideak bermatzea haiek babeserako duten eskubidearen parte da; baina, oroz gain, emakume askori segurtasuna ematerantz urratsak egin ahal izateko funtsezkoa da, haiek beldur eta antsietatezko espiral batean bizi direnean, pairatzen duten indarkeriarekin eta beren tratu txarren emailearengandik aldendu eta/ala hura salatzearen artean erabakitzearen aukerarekin.
Administrazio publikoentzat betebeharra da eskubide horien baliatze egiazkoa bermatzea eta lasaitasuna emateko balio duten bitartekoak antolatzeko gai izatea. Horrekin, eredugarri izanen dira beste entitate edo enpresa pribatu batzuen jardunerako.
Administrazio guztiek lehenetsi beharrekoa da indarkeria matxistaren aurkako borroka, eta biktima diren emakumeen eskubideen bermatzea presente egon behar da ekintza guzti-guztietan, halako moldez non azkar hartuko baitira babeserako eta administrazioen arteko koordinaziorako neurriak.
Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei zor zaien babes hori gauzatzeko, beharrezkoa da administrazio publikoei dagokienez Nafarroako legeria aldatzea.
Artikulu bakarra. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua aldatzea, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren testu bategina onesten duena.
Hogeita bosgarren xedapen gehigarria izanen den bat gehitzen da, testu honekin:
“Hogeita bosgarren xedapen gehigarria.-Administrazio publikoen arteko mugikortasuna.
Emakumearenganako indarkeriaren biktima izanik administrazio publikoen zerbitzura diharduten emakumezko enplegatuen eskubideak babestu egiten direla bermatzearen helburua gauzatze aldera, Foru Komunitateak zilegi izanen du administrazioarteko mugikortasuneko neurriak ezartzea.
Horretarako, estatutu honen 35. bis artikuluan jasotzen den kasuan, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzura ariturik emakumearenganako indarkeriaren biktima direla apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen 4. artikuluari jarraikiz aitortuta duten emakumezko enplegatuek zilegi izanen dute eskatzea Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko beste administrazio publiko batera lekualdatuak izan daitezen. Mugikortasun hori gauzatuko da jomugako administrazio publikoaren ordenamendu indardunak mugikortasun hori arautzen duen nondik norakoekin, eta halaber ezarriko da zein baldintzatan gauzatuko den jomugako administrazio publiko jadanik aipatuaren plantillako postu batera haiek lehentasunez iragatea.
Era berean, Nafarroako Foru Komunitateaz kanpoko administrazio publiko bateko emakumezko enplegatu publikoa izanik genero-indarkeriaren biktima izan eta mugikortasun hori norbere babes eta laguntza integralerako eskubideaz baliatze aldera eskatzen duenak zilegi izanen du Nafarroako Gobernuko postu huts batera igarotzea, zeina esleituko baitzaio estatutu honen 35. bis artikuluak ezarritako baldintzetan.
Betiere, administrazio publikoen arteko salbuespenezko mugikortasunari buruzko aurreikuspen hau ulertuko da lanpostu-betetzearen eta mugikortasunaren beste modalitate batzuen kalterik gabe, zeinetarako eskubidea izaten segitu eginen baitu kasuko emakumezko enplegatu publikoak, lanpostu-betetzerako eta mugikortasunerako prozedura arrunt bakoitzaren araubideari jarraikiz”.
Azken xedapena. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua izan eta biharamunean hartuko du indarra.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.