35/2024 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 17KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN NEURRIRAKO ETA IKUSKIZUNETARAKO JANTZIEN GOI MAILAKO TEKNIKARI TITULUAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA
BON N.º 109 - 28/05/2024
ERANSKINA. Neurrirako eta Ikuskizunetarako Jantzien goi mailako teknikari titulua
1
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen Katalogo Nazionalaren definizioan aurrera egitea ahalbidetu du. Lanbide sektore edo arlo bakoitzerako kualifikazio batzuk zehaztu dira katalogoan, hiru mailatan antolatuak, eta horiexek osatzen dute lanbide heziketako tituluen curriculumaren muina.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak lanbide ikasketen antolaketa eta haien egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean heziketa zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, lanbide gaitasunen, gaitasun pertsonalen eta sozialen garapenari lotuak, eta, funtsean, lanbide kualifikazioaren, laneratzearen eta helduen bizitzan parte hartzearen esparruetan kokatuak.
Ekonomia Jasangarriari buruzko martxoaren 4ko 2/2011 Legeak, lanbide heziketari dagokionez, helburu hau du ezarrita: erraztasunak ematea prestakuntzaren eskaintza etengabe egokitzeko ekoizpen sistemak eta gizarteak eskatzen dituzten lanbide gaitasunetara, lanbide heziketako tituluak eguneratu eta egokitzeko sistema arin baten bitartez. Orobat, adierazten du beharrezkoa dela hezkuntza administrazioak behar diren ekimenak abiaraztea, lanbide heziketaren eskaintza gizartearen eta ekonomiaren premietara egokitzeko dagokion lurralde eremuan.
Hezkuntza Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoaren zenbait alderdi eguneratzen ditu, lanbide heziketari dagokionez, besteak beste haren xedeak eta helburuak, oinarrizko lanbide heziketa eta lanbide heziketa duala ezartzen ditu, eta funtsean aldatzen ditu lanbide heziketako zikloetan sartu eta onartuak izateko baldintzak, garrantzizko gai batzuk aipatzearren.
Abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duenak, gaitasun digitalari eta genero ikuspegiari buruzko faktore garrantzitsuak jasotzen ditu, eta lanbide heziketari dagozkion zenbait alderdiri eragiten die, hala nola lanbide heziketaren sustapenari; araubide bereziko irakaskuntzetatik sartzea errazten du, eta, gainera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Titulua lortzeko aukera berresten die Oinarrizko Lanbide Heziketa egin dutenei, beste gai garrantzitsu batzuen artean.
Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak hezkuntza sistemako beste irakaskuntza batzuekin, unibertsitatekoekin eta unibertsitatez kanpokoekin, harremana ezartzen du, eta prestakuntza ibilbide osoa sortzen du.
Lege horrek lanbide heziketako zikloetan sartzeko baldintzak aldatzen ditu, sartzeko prestakuntza baldintzei dagokienez. Baldintza horiek legea arau bidez garatzean zehaztuko dira.
Foru dekretu honen bitartez, Neurrirako eta Ikuskizunetarako Jantzien goi mailako teknikari titulua eskuratzea ahalbidetzen duen goi mailako heziketa zikloaren egitura eta curriculuma ezarri dira. Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 8. artikulua aplikatuz, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan Nafarroako Foru Komunitateari arlo honetan ematen zaizkion eskumenak erabiliz, honako curriculum honek azaroaren 18ko 1679/2011 Errege Dekretua garatzen du, Neurrirako eta Ikuskizunetarako Jantzien goi mailako teknikari titulua ezarri eta horren gutxieneko ikasketak finkatzen dituen dekretua, hain zuzen.
Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuak lanbide heziketako tituluen curriculuma garatzeko eredu bat definitu du, estrategia eta arau berriak ekarri dituena enpresara hobeki egokitzeko, irakaskuntzen antolaketa malgutzeko, ikastetxeen curriculum autonomia areagotzeko eta ikasleei prestakuntza zabalagoa emateko.
Horregatik, Neurrirako eta Ikuskizunetarako Jantzien goi mailako teknikari tituluaren curriculuma Nafarroako Foru Komunitaterako egokitu eta garatzean, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretu horrek onetsi dituen diseinuari buruzko jarraibideak hartu dira kontuan.
2
Erregulazio honetan honako elementu hauek jorratzen dira, titulu honen curriculuma osatzen baitute: lanbide-erreferentea, curriculuma, irakaskuntzen antolaketa eta sekuentziazioa, sarbideak eta ezarpenerako baldintzak.
Titulu honen lanbide-erreferenteak, zeina arau honen 3. artikuluan aurkeztu eta 1. eranskinean garatzen baita, oinarrizko bi alderdi ditu: tituludunaren lanbide-profila eta haren lan jarduerari lotutako produkzio sistemaren ingurunea. Lanbide-profilaren barrenean, dagokion gaitasun orokorra zein den definitzen da, eta erreferentzia gisa hartu diren lanbide kualifikazioak azaltzen dira. Lanbide kualifikazio horiek, Ehunezko eta larruzko jantziak neurrira egitea, zeina urriaren 1eko 1224/2010 Errege Dekretuak arautu baitzuen, eta kualifikazio osatugabeak, alegia, Ehunezko eta larruzko jantzigintzako jantzien patroigintza, zeina irailaren 14ko 1199/2007 Errege Dekretuaren bidez arautu baitzen, eta Ikuskizunetarako jantziak egitea, urriaren 1eko 1224/2010 Errege Dekretuak arautua, hainbat gaitasunek zehaztutako lanbide jarduketarako gune bat osatzen dute, eta gune hori, euskarri gisa gehitu diren lanbide moduluekin batera, behar bezain zabala da, eta izan beharreko espezializazioa du, goi mailako teknikari horren enplegagarritasuna bermatzeko.
Ekoizpen sistemari dagokionez, zenbait zehaztapen ezartzen dira, elementu bereizgarriak dituena Nafarroarentzat, tituludun horrek lanean eta lanbidean izanen duen inguruneari buruz. Testuinguru hau gutxienez bi dimentsio osagarri dituen sistema batean oinarritzen da. Lehenbizikoa geografikoa da, tituludun horien lanbide jarduera estatuko eta atzerriko beste esparru batzuekin lotuta dagoelako eta esparru horiek elkarri eragiten diotelako. Bigarrena denborari dagokio, eta lanbideak etorkizunean izanen duen bilakaerari buruzko ikuspegi prospektiboa dakar.
3
4. artikulua, hari lotua dagoen 2. eranskinarekin batera, Nafarroan arautzen den tituluaren curriculumari buruzkoa da, eta bi zatitan dago banatua. Alde batetik, tituluaren helburuak daude, eta, bestetik, lanbidearen ikaskuntzaren muina osatzen duten lanbide moduluen garapena eta iraupena. Iraupenaren definizioari dagokionez, bi irizpide erabiltzen dira: orduen kopurua eta Europako kredituen kopurua (ECTS). Lehenbizikoa interesgarria da prestakuntza jarduera antolatzeko, eta bigarrena irizpide estrategikoa da, Europako esparruaren barneko mugikortasunarekin eta ikasketa unibertsitarioen eta lanbide heziketako goi mailako heziketa zikloen arteko baliozkotzearekin zerikusia duena. Lanbide modulu guztien curriculumak badu orientabide didaktikoen atal bat. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari eta lan unitateen eta irakaskuntza-ikaskuntza jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.
4
Sarbideei eta baliozkotzeei dagokienez, 6. artikuluak Batxilergotik heziketa ziklo horretara sartzeko bideak arautzen ditu, 7. artikuluak zehazten du nola pasatzen ahal den beste ikasketa batzuetara Neurrirako eta Ikuskizunetarako Jantzien goi mailako teknikari titulurako heziketa zikloa amaitu eta gero, 8. artikuluak baliozkotze eta salbuespenak arautzeko esparrua definitzen du, eta 9. artikuluak (4. eranskinean garatua) lanbide moduluen eta titulu horretako kualifikazioetako gaitasun unitateen arteko korrespondentziak ezartzen ditu, haiek egiaztatu, baliozkotu edo salbuesteko.
5
Azkenik, foru dekretu honek arautzen duen azken elementua 10. eta 11. artikuluetan eta haiei dagozkien 5. eta 6. eranskinetan deskribatzen da, heziketa ziklo hori ezartzeko baldintzez ari baitira horiek guztiak. Baldintza horiek irakasleen profilari eta behar diren esparru eta ekipamenduen ezaugarriei buruzkoak dira.
Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita lauko apirilaren hamazazpian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Foru dekretu honen xedea da Neurrirako eta Ikuskizunetarako Jantzien goi mailako teknikari tituluaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean. Titulu hori Ehungintza, Jantzigintza eta Larrugintza izeneko lanbide arlokoa da.
2. artikulua. Identifikazioa .
Goi mailako teknikari titulua Etengabeko Ikaskuntzarako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 5A mailaren parekoa da, baita 2011ko Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko P-5.5.4 mailaren parekoa ere.
3. artikulua. Lanbideerreferentea eta lanbide jarduera.
Foru dekretu honen 1. eranskinean zehazten dira tituluaren lanbide-profila, gaitasun orokorra, kualifikazioak eta gaitasun unitateak, lanbide-gaitasunak, gaitasun pertsonalak eta sozialak, baita ekoizpen sistemaren erreferentziak, haren prospektiba eta Nafarroako testuinguruan kokatzeko jakingarri batzuk ere, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dira.
4. artikulua. Curriculuma.
1. Neurrirako eta Ikuskizunetarako Jantzien goi mailako teknikaria izateko heziketa zikloaren helburu orokorrak eta hura osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2. eranskinean jaso dira.
2. Heziketa ziklo hori ematen duten lanbide heziketako ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute zikloko irakaskuntzak osatzen dituen lanbide modulu bakoitzeko. Programazioaren zehaztapena hura garatzen duten lan unitateen bitartez eginen da.
3. Programazio didaktikoetan curriculumean sartzeko curriculum egokitzapenak jasoko dira, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek aukera izan dezaten ikasle guztientzat oro har ezarritako gaitasunak eta helburuak eskuratzeko.
5. artikulua. Zikloaren helburu orokorrak eta lanbide moduluak.
1. Neurrirako eta Ikuskizunetarako Jantzien goi mailako teknikaria izateko prestakuntza zikloaren helburu orokorrak 2A) eranskinean jasota daude.
2. Heziketa ziklo hori osatzen duten lanbide moduluak foru dekretu honen 2 B) eranskinean garatzen dira, Neurrirako eta Ikuskizunetarako Jantzien goi mailako teknikari titulua ezarri zuen eta beraren gutxieneko irakaskuntzak finkatu zituen azaroaren 18ko 1679/2011 Errege Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
3. Lanbide modulu horiek bi ikasturtetan antolatuko dira, foru dekretu honen 2B) eranskinean ezarritako denbora banaketaren arabera. Maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 16.2 artikuluan adierazitako arauekin bat, denbora banaketa horrek erreferentziazko balioa izanen du heziketa ziklo hau ematen duten ikastetxe guztientzat, eta Hezkuntza Departamentuaren baimena beharko da hartan edozein aldaketa egiteko.
6. artikulua. Heziketa zikloan sartzeko bideak .
Foru dekretu honek arautzen duen heziketa zikloan sartzeko, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 112. artikuluan eta seigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzak bete beharko dira.
7. artikulua. Ziklotik beste ikasketa batzuetara igarotzea.
1. Neurrirako eta Ikuskizunetarako Jantzien goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du goi mailako beste edozein heziketa ziklotarako, betiere onartua izateko ezartzen diren baldintzak betetzen badira.
2. Neurrirako eta Ikuskizunetarako Jantzien goi mailako teknikari tituluak zuzeneko sarbidea ematen du unibertsitateko gradu tituluak eskuratzeko ikasketetarako, betiere onartua izateko ezartzen diren baldintzak betetzen badira.
3. Azaroaren 18ko 1679/2011 Errege Dekretuaren 14.3 artikuluaren arabera, baliozkotzeen araubidea errazteko asmoz, lanbide heziketako goi mailako teknikari tituluen eta unibertsitateko gradu ikasketen arteko kreditu onarpenari buruzko arauaren esparruan, 120 ECTS kreditu esleitu zaizkie foru dekretu honetan ezarritako ikasketei, heziketa ziklo honetako lanbide moduluen artean banatuak.
8. artikulua. Baliozkotzeak eta salbuespenak .
Lanbide moduluen baliozkotzeak eta salbuespenak uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren II. tituluko VI. kapituluko 1. atalean (Baliozkotzeak) eta 2. atalean (Salbuespenak) xedatutakoaren arabera eginen dira.
9. artikulua. Lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentzia.
1. Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera egiaztatutako gaitasun unitateen eta Neurrirako eta Ikuskizunetarako Jantzien goi mailako teknikari titulurako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen arteko korrespondentziak, haiek baliozkotzeko edo salbuesteko erabiliko direnak, foru dekretu honen 4.A) eranskinean jaso dira.
2. Halaber, titulu bereko ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluen eta gaitasun unitateen arteko korrespondentziak, haiek egiaztatzeko erabiliko direnak, foru dekretu honen 4 B) eranskinean zehazten dira.
10. artikulua. Irakasleak .
1. Heziketa ziklo honetako ikasketak osatzen dituzten lanbide moduluetan irakaslanean arituko dira 6. eranskinean ezarritako espezialitateetako irakasleak, eranskin horretan adierazitako kidegoetakoak direnak, horrek ukatu gabe otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren seigarren xedapen iragankorrena ezarritakoa aplikatzea (errege dekretu horren bidez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan aipatzen diren irakasle kidegoetan sartu, igo eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua onesten da eta lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den araubide iragankorra arautzen da).
2. Aurreko atalean aipatzen diren kidegoetan sartzeko baldintzak otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoak dira.
3. Titulartasun pribatuko ikastetxeetan edo Hezkuntzakoak ez diren beste administrazio batzuetako titulartasun publikoko zentroetan lanbide moduluak irakasteko, aurreko paragrafoan aipatu diren irakasle kidegoetako espezialitateetarako eskaturiko titulazio eta baldintza berberak eskatuko zaizkie irakasleei, 6. eranskinean modulu bakoitzerako ezartzen den irakaskuntza esleipenaren arabera. Nolanahi ere, aditzera emandako titulazio horiek lortzeko irakaskuntzek lanbide moduluen ikaskuntzaren helburuak bete beharko dituzte. Aipatu elementu horiek barnean hartuta ez badaude, titulazioaz gain, lanbide arlo horrekin lotzen den sektorean gutxienez hiru urteko lan esperientzia frogatu beharko da ziurtagiri bidez –hau da, ikaskuntzaren emaitzekin inplizituki lotzen diren enpresetan produkzio jarduerak garatzen izandako esperientzia frogatu beharko du ziurtagiriak–.
4. Beste profil laguntzaile batzuk izanez gero, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren V. tituluaren IV. kapituluan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte profil horiek. Haien kontratazioari dagokionez, lanbide modulu bat irakasle espezialistei esleituta badago, eta Nafarroako Foru Komunitateko curriculumean ezarritako iraupena 150 ordutik gorakoa bada, ikasturte bakoitzeko 150 eskola ordu baino gehiagorako kontratatzen ahalko da espezialista.
5. Hezkuntza Departamentuak erabakiko du moduluaren edo hautazko moduluen irakasle esleipena, curriculum-diseinuari jarraikiz.
11. artikulua. Lekuak eta ekipamenduak.
1. Heziketa ziklo honetako irakaskuntzak emateko behar diren irakaslekuak foru dekretu honen 6. eranskinean ezarritakoak dira.
2. Lekuek behar adinako azalera izanen dute, bakoitzean ematen diren lanbide moduluetako ikaskuntzaren emaitzei dagozkien irakaskuntza jarduerak egiteko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Prestakuntza espazioaren azalera zehazteko, kontuan hartuko da zenbat lagunentzat den. Azalera nahikoa izanen da irakaskuntza eta ikaskuntza jarduerak behar adinako ergonomia eta mugikortasunarekin egin ahal izateko.
b) Altzarietarako, ekipamenduetarako eta laneko tresna osagarrietarako nahikoa leku izanen da.
c) Martxan dauden makinek eta tresneriak behar dituzten segurtasun tarte edo eremuak errespetatu beharko dira.
d) Laneko arriskuen prebentzioari buruzko arauak, lanpostuko segurtasunari eta osasunari buruzkoak, aukera berdintasunari, ororentzako diseinuari eta irisgarritasun unibertsalari buruzkoak eta aplikatu beharreko gainerako arauak beteko dira.
3. Ikasle talde batek baino gehiagok erabiltzen ahalko dituzte prestakuntza lekuak, heziketa ziklo edo hezkuntza etapa berekoak izan edo ez.
4. Prestakuntza lekuak ez dira nahitaez itxituren bidez bereiziak egon behar.
5. Espazio bakoitzean, behar adina ekipamendu jarri behar da, ikasleei ikaskuntzaren emaitzak lortzea eta irakaskuntzaren kalitatea bermatzeko. Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ekipamenduak (tresneria, makinak eta abar) ongi funtzionatzeko behar duen instalazioa edukiko du, eta segurtasunari eta arriskuen prebentzioari buruzko arauak eta aplikatu behar diren gainerakoak beteko ditu.
b) Ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak ikasle kopuruaren araberakoak izanen dira, eta ikaskuntzaren emaitzak lortzea ahalbidetuko dute, kontuan harturik prestakuntza espazio horietan ematen diren lanbide moduluetako ebaluazio irizpideak eta edukiak.
6. Hezkuntza Departamentua arduratuko da leku eta ekipamenduen kopurua eta ezaugarriak egokiak izan daitezen modulu bakoitzeko ikaskuntzaren emaitzen araberako irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak aurrera eramateko, eta irakaskuntzen bilakaerak sortzen dituen eskarietara egokitu daitezen, horrela irakaskuntzen kalitatea bermatuko baita.
Lanerako prestakuntza eta orientazioko moduluak trebakuntza ematen du laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko jardueretarako behar diren lanbide erantzukizunak hartzeko (horiek Prebentzio Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen urtarrilaren 17ko 39/1997 Errege Dekretuan ezarrita daude), baldin eta moduluak gutxienez 45 irakastordu baditu, azaroaren 18ko 1679/2011 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Ezarpena.
Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak 2024-2025 ikasturtetik aurrera ezartzen ahalko du foru dekretu honetan arautzen den tituluaren lehen ikasturtea.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.
ERANSKINA. Neurrirako eta Ikuskizunetarako Jantzien goi mailako teknikari titulua