36/2024 FORU DEKRETUA, APIRILAREN 17KOA, EKITALDI PUBLIKOEI ETA JASANGARRITASUNARI BURUZKOA
BON N.º 91 - 03/05/2024
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
II. KAPITULUA. INGURUMEN JASANGARRITASUNEKO NEURRIAK
III. KAPITULUA. KONTROLERAKO ETA JARRAIPENERAKO NEURRIAK
I. ERANSKINA. INTERPRETAZIOAREN ADIBIDE ARGIGARRIAK
II. ERANSKINA. INGURUMEN JASANGARRITASUNEKO AUKERAKO NEURRIAK EKITALDI PUBLIKOETAN
III. ERANSKINA. HONDAKINAK KUDEATZEKO PLANAREN EREDUA
IV.ERANSKINA. BEROTEGI EFEKTUKO GASEN EMISIOAK MURRIZTEKO EKINTZEN ETA/EDO NEURRIEN EREDUA
Nafarroako Hondakinen 2017-2027 aldiko Planak, bere neurrien artean, Nafarroan ontzien prebentzioa maximizatzea aurreikusten du, zeharkako komunikazio- eta sentsibilizazio-neurriekin batera, eta, horretarako, egin beharreko ekintza gisa ezartzen da ekitaldi publikoei eta hondakinei buruzko araudia sortzea. Era berean, ontziak murrizteko eta berrerabiltzeko enpresa- eta gizarte-ekimenei eta toki erakunde berritzaileen ekimenei laguntza eta bultzada ematea ezartzen du (esne-makina automatikoak, txorrotako uraren kontsumoa sustatzea eta festa, ekitaldi eta abarretan produktu eta objektu berrerabilgarriak erabiltzea), eta, beraz, mota horretako ekintzak bultzatuko dituzten araudiak egitea eta/edo sustatzea, ekitaldira bertaratzen direnak ingurunea errespetatzeari buruz informatzeko eta sentsibilizatzeko eta oro har gizarteari ingurumen jasangarritasunaren garrantziaren berri emateko neurriak barne.
Gainera, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 5eko 2019/904 (EB) Zuzentarauak, plastikozko produktu jakin batzuek ingurumenean duten eragina murrizteari buruzkoak, plastikozko produktu batzuen kontsumoa murrizteko neurriak sartzen ditu, eta erabat debekatzen du erabili eta botatzeko plastikozko produktuak (adibidez: mahai tresnak, platerak, lastotxoak, eta poliestirenozko ontziak) merkatuan sartzea.
Bestalde, Hondakinen Esparru Zuzentarauak (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko azaroaren 19ko 2008/98/EE Zuzentaraua) eta Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak hierarkia bat ezartzen dute, hondakinen prebentzioaren eta kudeaketaren arloko politikak eta legeria garatzeko aplikatu beharrekoa.
Horrez gain, ontziei eta ontzi hondakinei buruzko abenduaren 27ko 1055/2022 Errege Dekretuak lehentasun gisa ontzi hondakinen ekoizpena prebenitzeko diren neurriak ezartzen ditu, eta, beste oinarrizko printzipio batzuei jarraituz, ontziak berrerabiltzeko, ontzien hondakinak birziklatzeko eta beste modu batzuetan balorizatzeko direnak, eta, beraz, hondakin horien azken deuseztapena murrizteko direnak, zaborretan ontzien hondakinak egotea barne, ekonomia zirkularrera iristeko trantsizioari laguntzeko.
Ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legeak, hondakinei eta haien fiskalitateari buruzkoak, Nafarroako administrazio publikoetako politika publikoak garatzeko oinarriak ezarri ditu hondakinen prebentzioaren eta kudeaketaren alorrean. Zioen azalpenean zehazten denez, administrazio publikoek arreta berezia jarri beharko lukete hondakinak gutxitzeko helburuak betetzeko eta beren instalazioetan sortzen diren hondakinen gaikako bilketa egiteko, baita hondakin horiei erabilera egokia emateari dagokionez ere. Horregatik, IV. tituluaren 27. artikuluan, ekitaldi publikoei eta jasangarritasunari buruzko erregelamendu baten onespena zehazten da.
14/2018 Foru Legearen 27. artikulua Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak aldatu zuen. Foru lege horren bidez, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartzen du lan egiteko; hartara, haren ondorioak arintzeko eta energia eredu berri baterako trantsizioa prestatzeko, karbono gutxiko ekonomia zirkularrean oinarritua, eskura dauden baliabideak efizientzia handiagoarekin baliatzeko gauza izanen dena, eta berotegi efektuko gasen isurketak eragiten dituzten energia fosilen ordez energia berriztagarrien erabilera progresiboa proposatuko duena. Horregatik, Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak ekitaldi publikoen ikuspuntua handitu du, eta eskatu du aintzat har daitezela hondakinen prebentzioa eta kudeaketa, bai eta ingurumen jasangarritasuna ere, oro har.
Horrela, Nafarroako Hondakinen 2017-2027 aldiko Planaren neurriak gauzatzen dira, zeinak hondakinen sorreraren prebentzioari buruzkoak baitira, eta indartzen da administrazioak beraiek eredugarriak izan daitezela onetsitako planen aplikazioan. Gainera, 14/2018 eta 4/2022 foru-legeen eskakizunak betetzen dira. Horrekin guztiarekin, foru dekretu honen bidez, besteak beste, Nafarroan definitutako ingurumen helburuak lortzen lagundu nahi da (adibidez, ekitaldi publikoetan erabili eta botatzeko plastiko gutxiago erabiltzea).
Kontuan hartuta dozenaka, ehunka edo milaka pertsona biltzen dituzten ekitaldietan izaten den ingurumen inpaktu nabarmenetako bat sortzen den zaborra dela, foru dekretu honetako nahitaezko neurriak gai horietara bideratuta daude, eta, bereziki, erabili eta botatzeko ontziak eta plastikoak saihestera, eta sortutako hondakinen kudeaketa hobetzera. Hala, foru dekretu honek ekitaldi publikoetan edari ontziratuak saldu eta banatzeko alternatiben ezarpena bermatzeko aukera ematen die foru- eta toki-administrazioei, beren eskumenen esparruan. Gainera, ekitaldiak toki edo lurralde bakoitzeko bilketa eredura egokituta egotea arautu nahi da (adibidez, zona bakoitzeko edukiontzi motetara, datozen urteetako gordailutu, itzuli eta berrerabiltzeko sistemen bilakaerara, etab.), bai eta Nafarroako Foru Komunitateko ostalaritzan eta jatetxeetan ezarritako baldintzak jasotzea ere. Nahitaezko neurriek diskriminaziorik ezaren, proportzionaltasunaren eta merkatuaren printzipioak errespetatzen dituzte, eta, gainera, egungo klima larrialdiari erantzuten diote.
Foru dekretu honek, halaber, hondakinetatik harago ekitaldi bati lotuta egoten ahal diren beste ingurumen inpaktu batzuei ere heltzen die, eta jasangarritasun neurriak ezartzen ditu -ez dira aginduzkoak- inpaktu horiek minimizatzeko eta berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko.
Foru dekretu honek hiru kapitulu, xedapen iragankor bat, bi azken xedapen eta lau eranskin ditu. I. kapituluan, foru dekretuaren xedea eta helburua, definizioak eta aplikazio eremua zehazten dira.
Foru dekretuaren xedea da ingurumenaren arloko neurriak arautzea eta ezartzea, Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren ekitaldi publikoetako hondakin sorrera prebenitzeko eta hondakin kudeaketa hobetzeko, ekitaldi horiek ekitaldi publiko jasangarri gisa katalogatu ahal izan daitezen -foru dekretuak berariazko intsignia bat sortzen du horietarako-.
2. artikulua definizioei buruzkoa da, eta horien artean dago ekitaldi publikoarena -hots, gizarte, josteta, arte, kultura edo kirol izaerako ekitaldiak, jarduerak edo ikuskizunak, publiko orokorrari zuzenduak edo hura biltzeko gai direnak-.
Definizio horren eta erreferentziazko araudian aurreikusitakoaren arabera, 3. artikuluan ezartzen da foru dekretuaren aplikazio eremua direla edo Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean egiten diren eta administrazio publikoek babesten, antolatzen edo diruz laguntzen dituzten ekitaldi publikoak, edo lizentzia edo baimen berezia edo berariazko administrazio baimena behar duten ekitaldiak, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean edo hura ordezten duen araudian aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Horrela, aplikazio eremutik kanpo geratzen dira jarduera sailkatuaren lizentzia duten lokaletan egin ohi diren ekitaldi publikoak.
Izan ere, ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera, jarduera sailkatuaren lizentzia behar dute, besteak beste, ikuskizunek eta josteta jarduerek, Establezimendu, Ikuskizun eta Josteta Jardueren Katalogoa onesten duen irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren edo indarrean dagoenaren arabera. Ingurumen eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legeak 43. artikuluan ezartzen duenez, jarduera sailkatuaren lizentziak, hala badagokio eta dagokionaren arabera, besteak beste, hondakinen ekoizpenari, kontrolari eta kudeaketa egokiari buruzko prozedurei eta metodoei buruzko zehaztapenak jasoko ditu.
Hori dela eta, kasu horietan, jarduera sailkatuaren lizentziak berak jaso behar ditu lizentzia behar duen jardueraren berezko garapenean sortzen diren hondakinak sortzearen eta kudeatzearen arloko prebentzio neurriak.
II. kapitulua ekitaldi publikoetan hondakinak prebenitu, berrerabili eta kudeatzearekin lotutako ingurumen jasangarritasuneko neurriei eta komunikazio- eta sentsibilizazio-neurriei buruzkoa da.
III. kapitulua ekitaldi publikoen kontrolari eta jarraipenari buruzkoa da. Azken zatian xedapen iragankorra, azken xedapenak eta eranskinak daude.
I. eranskinak foru dekretuaren artikuluen interpretazioaren adibide argigarriak jasotzen ditu; II. eranskinak ekitaldi publikoetako aukerako jasangarritasun neurriak erakusten ditu; III. eranskinak hondakinak kudeatzeko planaren eredu bat jasotzen du; eta IV. eranskinak berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko ekintzen eta/edo neurrien eredu bat jasotzen du.
Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Ingurumen Kontseiluak txostena egin duelarik, Nafarroako Kontseiluari entzun eta gero, eta Nafarroako Gobernuak 2024ko apirilaren 17an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea eta helburua.
1. Foru dekretu honen xedea da ingurumen neurriak arautzea eta ezartzea, hondakin sorrera prebenitzeko eta hondakin kudeaketa hobetzeko, bai eta Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren ekitaldi publikoen ingurumen jasangarritasuna hobetzeko ere.
2. Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean egiten diren ekitaldi publikoak ekitaldi publiko jasangarri gisa katalogatu ahal izatea.
2. artikulua. Definizioak.
Foru dekretu honen ondorioetarako, ingurumena babesteko oinarrizko legerian eta foru legerian aurreikusitako definizioak hartuko dira kontuan, baita honako hauek ere:
a) “Erakunde antolatzailea edo sustatzailea”: ekitaldi publikoa antolatzen eta/edo sustatzen duen eta publikoaren eta administrazio publikoen aurrean ekitaldi publikoa egitearen ondoriozko erantzukizunak bere gain hartzen dituen pertsona fisiko edo juridikoa.
b) “Ekitaldi publikoa”: gizarte, josteta, arte, kultura edo kirol izaerako ekitaldiak, jarduerak edo ikuskizunak, publiko orokorrari zuzenduak edo hura biltzeko gai direnak.
c) “Ekitaldi publiko jasangarria”: ingurumenean izaten ahal diren inpaktuak minimizatzeko moduan diseinatu, antolatu eta garatutako ekitaldi publikoa, komunitate anfitrioiarentzat eta tartean dauden pertsona guztientzat ondare onuragarria uzten duena, eta nahitaezkoak diren gutxieneko jasangarritasun neurriak eta ingurumen jasangarritasuneko neurri gehigarri batzuk ezartzen dituena.
d) “Ekitaldi publiko bateko ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzua edo elikadura puntua”: instalazio finkoak, mugikorrak edo aldi baterakoak, eta beste azpiegitura edo puntu batzuk, ekitaldi publiko batekin edo batzuekin lotuta daudenak, eta ekitaldi publiko batera joaten direnei elikagaiak eta/edo edariak eskaini, banatu eta/edo saltzen dizkietenak.
e) “Baxera berrerabilgarria”: baxerako produktuak (edalontziak, kopak, katiluak, pitxerrak, platerak, mahai tresnak, etab.), produktu horiek sortu ziren helbururako askotan erabiltzea ahalbidetzen duten materialez fabrikatu direnak, eta, gainera, berrerabilpen sistema zirkular baten barruan daudenak. Sistema horretan, kudeaketarekin lotutako alderdiek esku hartzen dute, hala nola, banaketak, bilketak, garbiketak eta beste batzuetarako gordetzeak.
3. artikulua. Aplikazio eremua.
1. Foru dekretu hau Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean eginen diren ekitaldi publiko hauei aplikatuko zaie:
a) Administrazio publikoek babestu, antolatu edo diruz lagundutakoei.
b) Lizentzia edo baimen berezia edo berariazko administrazio baimena behar dutenak, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legean aurreikusitakoarekin bat.
2. Foru dekretu hau ez zaie aplikatuko jarduera sailkatuaren lizentzia duten lokaletan egin ohi diren ekitaldi publikoei.
II. KAPITULUA. INGURUMEN JASANGARRITASUNEKO NEURRIAK
4. artikulua. Ingurumen jasangarritasuneko neurriak.
1. Foru Dekretu honen mendeko ekitaldi publikoek foru dekretu honen 5., 7. eta 8. artikuluetan aurreikusitako neurriak ezarri beharko dituzte nahitaez. Gainera, Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek babestu, antolatu edo diruz lagundutako ekitaldi publikoetan, 6. artikuluan aurreikusitako neurriak ezarri beharko dira, gainera.
2. Ekitaldia antolatzen edo sustatzen duen erakundeak zaindu beharko du ekitaldi publikoan esku hartzen edo parte hartzen dutenek edo ekitaldi publikora bertaratzen direnek kapitulu honetan ezarritako neurriak betetzen dituztela.
3. II. eranskinean jasota dago ekitaldi publikoan aukeran ezartzen ahal diren bestelako jasangarritasun neurrien zerrenda ez zehatz bat.
5. artikulua. Prebentzio neurri orokorrak.
1. Ez dira erabiltzen eta/edo entregatzen ahalko erabili eta botatzeko plastikozko produktuak, merkatuan sartzeko murrizketak dituztenak. Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen IV.B eranskinean zehazten dira zein diren horiek.
2. Ez da erabiltzen ahalko dosi bakarretan edo erabili eta botatzeko kapsulatan ontziratutako produkturik, aplikatzekoak ez bazaizkie ontziei eta ontzi hondakinei buruzko abenduaren 27ko 1055/2022 Errege Dekretua edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019ko ekainaren 5eko 2019/904/EB Zuzentaraua, plastikozko produktu jakin batzuen ingurumen inpaktua gutxitzeari buruzkoa, organikoki edo mekanikoki birziklatu ezin diren materialekin fabrikatuta daudenean.
6. artikulua. Administrazio publikoek babestu, antolatu edo diruz lagundutako ekitaldi publikoetako berariazko prebentzio neurriak.
Administrazio publikoek babestu, antolatu edo diruz lagundutako ekitaldi publikoetan, baldin eta elikagaiak eta/edo edariak banatu eta/edo saldu behar badira, honako prebentzio neurri hauek hartuko dira:
a) Ez da erabiltzen ahalko erabili eta botatzeko ontzirik edariak -ura barne- doan banatzeko.
b) Erabili eta botatzeko ontzien alternatibak ezarriko dira edariak saldu eta banatzeko.
c) Ekitaldi publikoetako ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuetan edo elikadura puntuetan txorrotako ura duen ontzi bat edo edalontzi berrerabilgarriak edo botila berrerabilgarrietan dagoen ura dohainik eskatzeko aukera eskainiko da beti, ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuaren edo elikadura puntuaren beraren eskaintzaren osagarri.
d) Ez da saltzen eta banatzen ahalko edarietarako erabili eta botatzeko edalontzirik. Ontzi berrerabilgarriek UNE-EN 13429:2005 arauaren baldintzak bete beharko dituzte, eta, gainera, behar diren bitartekoak jarri beharko dira ondoren horiek berreskuratu eta garbitzen direla bermatzeko. Ontzia berreskuratuko dela bermatzeko, ontzi berrerabilgarri bakoitzeko kantitate bat kobratzen bada gordailu gisa, behar diren mekanismoak jarri beharko dira kontsumitzaileek ontzia itzultzen dutenean gordailua itzultzen dela bermatzeko.
e) Ez da erabiltzen ahalko elikagaietarako erabili eta botatzeko plastikozko ontzirik, UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituen material biodegradagarri edo konpostagarriz osatutakoak izan ezik.
f) Ekitaldi publikoetako ekitaldi gastronomikoetan (herri bazkarietan, besteak beste), erabiltzen den baxera berrerabilgarria izan beharko da. Sistema hauetakoren bat lehenetsiko da (edo horien konbinazio bat):
1. Baxera berrerabilgarria erabiltzen duten catering zerbitzuak kontratatzea.
2. Ekitaldi gastronomikoetara joaten direnei beren baxera berrerabilgarria eramateko eskatzea.
3. Toki erakundeek erakunde antolatzaileen edo sustatzaileen eta udalen esku jartzen duten baxera berrerabilgarriaren zerbitzua erabiltzea. Baliabide horien eskariak toki erakundeen eskaintza eta kudeaketa gaitasuna gainditzen badu, toki erakundeek erabakiko dute zer irizpide hartu zerbitzu hori eskura jartzeko. Materialak itzuliko direla bermatzeko, horiek erabiltzeko fidantzak ezartzen ahalko dira.
4. Erakunde antolatzailearen edo sustatzailearen berezko baxera berrerabilgarria erabiltzea, berreskuratzeko eta garbitzeko sistema bermatuz.
Ezin bada ezarri apartatu honetako neurririk, material biodegradagarri edo konpostagarriko baxera erabiliko da, UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituena, edalontziak izan ezik. Edalontziak berrerabilgarriak izan beharko dira 6.d) atalean ezarritakoaren arabera.
7. artikulua. Hondakinak bereizteko eta kudeatzeko neurriak.
1. Hondakinen eremuak jarri beharko dira, ekitaldi mota bakoitzerako egokiak diren edukiontziekin. Hondakinen eremuetan, hondakin motak edukiontzietan bilduko dira. Edukiontziak koloreen arabera identifikatuko dira, eta/edo hondakin motari buruzko testu deskribatzailea edo infografia izanen dute, dagokion tokiko erakundearen bilketa ereduaren arabera. Aukera emanen da gutxienez honako hondakin hauek bereizteko: materia organikoa, ontzi arinak (edo ontziak eta materialak, erreferentzia sistema hori duten erakundeetan), papera eta kartoia, beira eta errefusa.
Hondakinen eremuak behar bezala iragarri eta seinaleztatuko dira, eta, ahal dela, publiko edo parte hartzaile asko dagoen lekuetan kokatuko dira, bai eta ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuen eremuetan edo elikadura guneetan ere. Kirol ekitaldien kasuan, eremu horiek hornidura eremuetan kokatuko dira, betiere segurtasuna eta ekitaldiaren garapena bermatuz.
2. Tokiko erakundeekin bat etorriz ezarriko dira aurreikusitako neurri horiek. Erakunde horiekin planifikatuko dira edukiontzien eta/edo kuboen kopurua, tamaina eta mota, ekitaldiaren ezaugarriak eta bertaratuko direnen aurreikuspena kontuan hartuta. Toki erakundeek fidantzak edo bermeak ezartzen ahalko dizkiete erakunde antolatzaileei edo sustatzaileei eta/edo ekitaldiarekin zerikusia duten beste erakunde batzuei, ondorengo garbiketarako.
3. Ontziak abandonatzea saihesteko (bereziki, elikagaiak eta/edo edariak kontsumitzen diren ekitaldi publikoetan) eta behar bezala kudeatzeko, foru- eta toki-administrazioek gordailutu, itzuli eta berrerabiltzeko sistema bat sustatuko dute, betiere sistema hori Foru Komunitatean edo ekitaldia garatzen den toki erakundean ezarrita badago, eta tartean dauden administrazioen eskumenak kontuan hartuta. Sistema horiek erakunde antolatzaileek edo sustatzaileek, ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuek edo elikadura puntuek ezarri nahi dituzten gordailutu, itzuli eta berrerabiltzeko sistemen osagarriak izanen dira, eta ez dira baztertzaileak izanen.
8. artikulua. Komunikatzeko eta sentsibilizatzeko neurriak.
1. Ekitaldia egin aurretik, erakunde antolatzaileak edo sustatzaileak eskuragarri dauden bitarteko guztien bidez jakinaraziko ditu ezarritako jasangarritasun neurriak, besteak beste web orrien, sare sozialen, prentsaren eta izena emateko orrien bidez. Komunikazio guztietan hizkera inklusiboa eta ez-sexista erabiliko da, eta irudi berdinzalea emanen da, genero rolekin lotu gabea, eta emakumeen eta gizonen askotariko irudia eskainiko da.
2. Ekitaldian, argi eta garbi emanen da hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko ezarritako neurrien berri.
III. KAPITULUA. KONTROLERAKO ETA JARRAIPENERAKO NEURRIAK
9. artikulua. Karbono aztarnaren kalkulua.
1. Mugatutako espazioetan egiten diren ekitaldi publikoak antolatzen edo sustatzen dituen erakundeak ekitaldiaren karbono aztarna kalkulatu beharko du, baldin eta ekitaldi horien edukiera 2.000 pertsonatik gorakoa bada edo egun batean 2.000 pertsona baino gehiago hartzen badituzte.
2. Nazioartean onartzen diren arau eta metodologiaren arabera kalkulatuko da karbono aztarna. Era berean, dauden tresnak eta kalkulagailuak edo etorkizunean Espainiako Gobernuak edo ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak eskura jartzen dituenak erabiltzen ahalko dira karbono aztarna kalkulatzeko baliozko metodo gisa.
3. Karbono aztarnaren kalkulua egiaztatu egin beharko da.
4. Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoak informazioa eskatzen ahalko dio erakunde antolatzaileari edo sustatzaileari karbono aztarna kalkulatzeko egindako prozesuari buruz.
10. artikulua. Ingurumen jasangarritasuneko informazio neurriak.
1. Ekitaldia antolatzen edo sustatzen duen erakundeak ingurumen jasangarritasunari buruzko informazio hau osatu beharko du hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legean zehaztutakoarekin bat:
a) Hondakinak Kudeatzeko Plana, III. eranskinean aurreikusitakoarekin bat.
b) Berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko ezarriko diren ekintzak edo neurriak, IV. eranskinean aurreikusitakoarekin bat.
2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek eskuragarri izanen dute ingurumen jasangarritasunari buruzko informazioa, eta noiznahi eskatzen ahalko dute.
3. Ekitaldia baimentzearen, dirulaguntza ematearen edo babesa ematearen aldeko ebazpena emateko, administrazio publikoek ontzat eman beharko dituzte ingurumen jasangarritasuneko baldintzak, ekitaldia antolatzen edo sustatzen duen erakundeak emandako informazioan jasotakoak.
4. Administrazio publikoek beharrezkotzat jotzen dituzten zuzenketak eskatuko dituzte, ekitaldi publikoa ingurumen jasangarritasuneko baldintza egokietan egin dadin. Administrazio publikoek fidantza edo berme bat eskatzen ahalko dute ekitaldiaren geroko garbiketarako, beharrezkotzat joz gero.
11. artikulua. Evento Público Sostenible Navarro / Nafarroako Ekitaldi Publiko Jasangarria (EPSN/NEPJ) aintzatespena.
1. Evento Público Sostenible Navarro / Nafarroako Ekitaldi Publiko Jasangarria (EPSN/NEPJ) intsignia sortzen da. Horrek aintzatesten du ekitaldia ingurumen jasangarritasuneko baldintzetan egiten dela, nahitaezko gutxieneko eskakizunetatik harago, eta aktiboki lagundu dela hondakinak prebenitzen eta kudeatzen eta klima aldaketa arintzen.
2. Evento Público Sostenible Navarro / Nafarroako Ekitaldi Publiko Jasangarria (EPSN/NEPJ) aintzatespena programa globaletara hedatzen ahalko da, ekitaldi multzoetara (herriko jaiak, kasu) betiere banakako ekitaldi bakoitzak ingurumen jasangarritasunaren irizpideak betetzen baditu.
3. Ekitaldi publikoaren aurretik intsignia bat lortzeko eta erabiltzeko, erakunde antolatzaileak edo sustatzaileak ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuari eskatuko dio intsignia, eta hark ingurumen jasangarritasunaren alderdiei buruzko informazioa eskatuko du.
Aldekotzat jotzen bada, erakunde antolatzaileari edo sustatzaileari Evento Público Sostenible Navarro / Nafarroako Ekitaldi Publiko Jasangarria (EPSN/NEPJ) intsigniaren kopia elektroniko bat bidaliko zaio, eta eskatutako ekitaldirako intsignia erabiltzeko eskubidea emanen zaio.
4. Ekitaldia egin ondoren intsignia mantentzeko eta erabiltzeko, erakunde antolatzaileak edo sustatzaileak hura lortzeko erabilitako izapide beraren bidez eskatuko du, ekitaldiaren ebaluazioari buruzko informazioa erantsita.
5. Behin eta berriz edo aldizka egiten diren ekitaldi jakin batzuek intsignia mantentzen ahalko dute ekitaldia egiten duten bakoitzean hura berritu behar izan gabe, izapide sinplifikatu baten bidez.
6. Evento Público Sostenible Navarro / Nafarroako Ekitaldi Publiko Jasangarria (EPSN/NEPJ) intsignia erabiltzen ahalko da eginen diren komunikazio ekintza guztietan, eta, gainera, ekitaldiaren publizitate aktiboa emanen da Hondakinak Prebenitzeko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoaren webgunean.
7. Intsignia hori emateak ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari bere komunikazioetan ekitaldiaren izena erabiltzeko.
12. artikulua. Jarraipena eta betetzea.
1. Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuari dagokio foru dekretu honetako jasangarritasun neurriak betetzen direla zaintzea.
2. Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko ikuskatzaileek eta teknikariek noiznahi egiaztatzen ahalko dute behar diren neurri guztiak behar bezala ezarri direla.
3. Akatsik antzemanez gero, zuzentzeko eskatuko zaio erakunde antolatzaileari edo sustatzaileari. Eskatutako neurriak ez badira gauzatzen edo ez badira behar bezala gauzatzen, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak ukatzen ahalko du Evento Público Sostenible Navarro / Nafarroako Ekitaldi Publiko Jasangarria (EPSN/NEPJ) intsignia erabiltzea, hargatik eragotzi gabe, hala badagokio, dagokion zehapen prozedura izapidetzea.
13. artikulua. Zehapen araubidea.
Foru dekretu honen ez-betetzeei aplikatzen ahal zaien zehapen araubidea hondakinen edo klima aldaketaren eta trantsizio energetikoaren arloan indarrean dagoen araudian ezarritakoa izanen da.
Foru dekretu hau ez zaie aplikatuko berau indarrean jarri aurretik baimentzeko izapideak hasi dituzten ekitaldi publikoei.
Azken xedapenetako lehena. Gaikuntza.
Ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularra gaitzen da foru dekretu honen eranskinak aldatzeko.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta hamabi hilabetera hartuko du indarra.
I. ERANSKINA. INTERPRETAZIOAREN ADIBIDE ARGIGARRIAK
1. Honako hauek ekitaldi publikoen adibideak dira:
- Ekitaldi indibidual edo puntual bat, esate baterako, kontzertu bat, kirol lasterketa bat, herri bazkari bat, desfile bat, azoka bat, erakusketa bat, dantza ikuskizun bat eta antzezlan bat.
- Programa baten parte diren ekitaldi, gertakari, jarduera eta/edo ikuskizun guztiak, hala nola musika jaialdi bat, kultura ziklo bat eta kirol txapelketa bat, baldin eta erakunde berek banaka antolatuta edo sustatuta badaude, administrazio prozedura beraren arabera.
2. Honako hauek ekitaldi publiko bateko ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuen edo elikadura puntuen adibideak dira (2.d artikulua):
- Ekitaldi publiko bat egiten den eraikin bateko barra.
- Espazio publikoan egiten den kontzertu bati lotutako barrak.
- Aldi baterako tabernetako barrak espazio publikoan, herriko jaietan.
- Kaleko janari saltokiak, hala nola gastronetak eta food truckak, ekitaldi publiko bati lotuta daudenak.
- Azoka bateko elikadura postua.
- Hornidura puntuak.
- Txokolate festa herrikoi bat zerbitzatzeko mahaia.
- Kalean kalderete- bat edo paella-festa bat egiten den puntua.
- Herri bazkari batean janaria eta edariak banatzeko gunea.
3. Honako hauek dosi bakarretan edo erabili eta botatzeko kapsulatan ontziratutako produktuen adibideak dira, material birziklagarriekin organikoki, mekanikoki eta/edo kimikoki egindakoak badira izan ezik (5.2. artikulua):
- Te poltsak.
- Gazta inguratzen duten argizarizko geruzak.
- Kafe kapsulak, kaferako aluminio paperezko poltsak eta kafe monodosiak iragazki paperean edari makinetarako, erabilitako kafearekin batera ezabatzen direnak.
4. Honako hauek edariak saltzeko eta banatzeko erabili eta botatzeko ontzien alternatiben adibideak dira (6.b artikulua):
- Berrerabilpen zirkuituak erabiltzea, HORECA kanalean daudenak bezalakoak.
- Banagailuak erabiltzea freskagarri eta bestelako edarietarako.
- Upelak edo edukiera handiko ontzi berrerabilgarriak erabiltzea.
- Edari hautsa edo istanteko edariak erabiltzea.
5. Honako hauek mugatutako espazioetarako sarbidea kontrolatzeko metodologien adibideak dira (9.1. artikulua):
- Sarrera bat ordaintzea eta/edo balidatzea.
- Pertsonen zenbaketa.
- Izen emateak edo erregistroak.
- Akreditazioak edo eskumuturrekoak.
6. Honako hauek karbono aztarna kalkulatzeko nazioartean onartutako arau eta metodologien adibideak dira (9.2. artikulua):
- ISO 14064 araua.
- Greenhouse Gas Protocol edo GHG Protocol protokoloa.
II. ERANSKINA. INGURUMEN JASANGARRITASUNEKO AUKERAKO NEURRIAK EKITALDI PUBLIKOETAN
Eranskin honetan, ekitaldi publikoak antolatzen edo sustatzen dituzten erakundeentzako ingurumen jasangarritasuneko aukerako neurriak jasotzen dira erreferentzia modura. Gomendioak dira neurri hauek, eta aukerakoa da aintzat hartzea eta ezartzea.
1. Hondakinak prebenitu, berrerabili eta kudeatzeko neurriak.
1.1. Hondakinak sortzea prebenitzekoak:
a) Elikagairik alferrik bota ez dadin, arreta berezia jartzea dimentsionamenduari, eta saiatzea janari eta edari kopuruak aurreikusitako jankide kopurura edo ekitaldira bertaratuko direnen kopurura egokitzen. Ekitaldia zer motatakoa den, hauek baloratzea: fruta osorik edo zati txikietan eskaintzea, edaria jada zerbitzatuta ematea, dena batera ez kozinatzea, edo ogia mahaian ez banatzea, baizik eta saskietan uztea.
b) Elikagai soberakinak sortzen badira eta ezin bazaizkio hornitzaileari bueltatu, ez botatzea elikagaiak eta soberakinak ematea horiek birbanatzea bermatzen duten gizarte erakundeei (elikagaien segurtasunari eta higieneari buruzko legezko baldintzak bermatuz), edo beste aprobetxamendu mekanismo batzuk ezartzea.
c) Paper eta kartoi hondakinik ez sortzeko eta tintarik ez erabiltzeko, Internet bidez edo formatu digitalean banatzea informazioa eta egitea komunikazioak, ahal den neurrian.
d) Material inprimatuak egin behar izanez gero, zuhurtziaz jardutea, eta materialak behar den kantitatera egokitzea eta ingurumen irizpideak kontuan hartzea; hauek, besteak beste:
1. Kontsumitu ondoko paper birziklatua edo modu jasangarrian kudeatutako basoetatik datorrena eta klororik ez duena erabiltzea (adibidez, FSC edo PEFC etiketak).
2. Ahalik eta kolore gutxien dituen diseinu bat aukeratzea eta koloreztatu beharreko azalera minimizatzea.
3. Tinta kontsumoa murrizten duten iturri tipografikoak erabiltzea (adibidez, ecofont).
4. Tinta biodegradagarriak erabiltzea.
5. Diseinuak atenporalak izan daitezen saiatzea, denboran iraun dezan edo etorkizuneko ekitaldietan berrerabili ahal izan dadin.
6. Bi aldeetatik inprimatzea, formatu estandarrean.
7. Ingurumen inpaktu txikiko komunikazio-euskarriak eta -materialak (plastiko birziklatuak, bioplastikoak, etab.) edo berrerabilgarriak aukeratzea.
e) Gehiegi paketatutako produktuak eta banakako ontziak saihesteko, solteko produktuak edo edukiera handiko edukiontzietan daudenak erostea sustatzea, edo paketeak material berrerabilgarriz edo birziklagarriz eginak izatea saiatzea.
f) Janaria zerbitzatzen den mahaietan mahai zapiak eta ezpainzapiak erabiltzen badira, material berrerabilgarriak eta garbigarriak erabiltzea sustatuko da, eta, halakorik ezean, hobe da paper zuria, grisa edo marroia erabiltzea, kloroarekin zuritu gabekoa, konpostatu ahal izateko, baldin eta ateratzen den kalitatea ez bada nahikoa papererako birziklatzeko.
1.2. Materialak, ekipamenduak eta azpiegiturak berrerabiltzeko:
a) Aurreko ekitaldietako material, ekipamendu eta azpiegitura posible guztiak berrerabiltzen saiatzea, eta mailegatzea, alokatzea eta berrerabiltzea lehenestea produktu berrien erosketaren aurretik.
b) Erraz desmuntatzen eta/edo berrerabiltzen ahal diren erakustokiak, postuak, dekorazio elementuak eta aldi baterako beste azpiegitura batzuk izatea, edo, hori ezinezkoa bada, berrerabilitako edo birziklatutako materialak edo ingurumena errespetatzen dutenak eta erabili ondotik aise bereizten ahal direnak -hondakin gisa behar bezala kudeatzeko- erabiltzea.
c) Komunikazio- eta seinaleztapen-euskarrietan eta bestelako sustapen materialetan, elementu iraunkorrak eta berrerabilgarriak lehenestea (erakunde komunikaziorako olana berrerabilgarriak, seinaleztapena, parte hartzaileei materialak entregatzeko poltsa berrerabilgarriak, etab.). Berrerabiltzea errazteko, aldi baterako elementu grafikoak saihestea.
d) Zirkuitu edo espazio bat mugatu behar den kasuetan, elementu berrerabilgarriak erabiltzea lehenestea (kartelak, hesolak, hesiak, etab.). Ezin badira elementu horiek erabili, UNE-EN 13432:2001 arauaren baldintzak betetzen dituzten zirkuitu konpostagarriak markatzeko zintak erabiltzea. Nolanahi ere, markatzeko elementuak ahalik eta gehien murriztea.
e) Komunikazio materialak edo aprobetxatzen ahal diren beste objektu batzuk sobran geratzen badira, gordetzea, hurrengo edizioan erabili ahal izateko, edo beste erakunde batzuei lagatzea.
f) Ezin badira materialak, ekipamenduak edo azpiegiturak berrerabili, hondakin gisa entregatzea tamaina handiko hondakinak biltzeko zerbitzuetan edo mankomunitate bakoitzeko garbiguneetan, eta saiatzea horien lehentasunezko xedea izatea berrerabiltzea eta, hori posible ez bada, birziklatzea.
1.3. Hondakinen kudeaketarako:
a) Hautsontziak jartzea aire zabaleko eremuetan, zigarro muturrak uzteko.
b) Zabor edukiontzietan bildutako hondakinen karakterizazioak egitea, bildutako hondakinen kopuruari eta bereizketaren kalitateari buruzko datuak edukitzeko (hondakin propioen eta ez-propioen ehunekoa).
c) Hondakinekin lotutako bestelako adierazleak neurtzea.
2. Komunikatzeko eta sentsibilizatzeko neurriak.
Ekitaldira bertaratutako pertsonak beren ingurunearekiko errespetuaren inguruan informatzeko eta sentsibilizatzeko, eta gizarteari, oro har, ingurumen jasangarritasunaren garrantziaren berri emateko:
a) Talde berde bat eratzea (pertsona edo taldea), ekitaldiaren ingurumen alderdiak zaintzeaz eta bertaratuei sentsibilizazioa eta informazioa emateaz arduratuko dena.
b) Ingurumena errespetatzeko mezuak dituzten jarduera ludikoak eta kulturalak eskaintzea.
c) Ekitaldiaren karbono aztarna kalkulatzea.
d) Ekitaldiaren BEGen isuriak konpentsatzea; horretarako, adibidez, udalerriko intereseko eremuren batean (eremu degradatua, su hartutakoa, etab.) zuhaitz autoktonoak landatzea, edo bildutako diruaren ehuneko bat ingurumen proiektuak egitera bideratzea.
e) Parte hartzaileei edo bertaratuei beren karbono aztarna kalkulatzeko eta borondatez konpentsatzeko mekanismoak ematea.
f) Ekitaldia amaitu ondoren lortutako ingurumen emaitzak eta esperientzia argitaratzea irratian, telebistan, prentsa idatzian, web orrietan, etab.
3. Ekitaldietan kontratazio publiko ekologikoa egiteko neurriak.
Ekitaldirako beharrezkoak diren produktuak erostean eta zerbitzuak kontratatzean ingurumen jasangarritasuneko alderdiak txertatzeko:
a) Material, ekipamendu edo azpiegitura berriak erosten badira, erosketak ekitaldiaren beharren arabera dimentsionatzea, eta etorkizuneko ekitaldietan berrerabiltzen ahal diren produktuak erosteari lehentasuna ematea.
b) Erosketetan, ingurumen inpaktu txikiagoa duten material, ekipamendu eta azpiegiturak erosteko ingurumen irizpideak ezartzea, adibidez hauetan:
1. Inprimatze- eta sustapen-materialak.
2. Erakustokiak.
3. Ixte- eta seinaleztapen-materiala.
4. Material suntsikorra.
5. Komunikazio- eta seinaleztapen-euskarriak.
6. Ekipo elektrikoak (argiztapena eta soinua).
7. Postuak, erakustokiak, altzariak eta dekorazioa.
8. Komun eramangarriak.
9. Garbiketa produktuak.
10. Elikagaiak eta edariak.
c) Zerbitzuen kontratazioan, ingurumen irizpideak ezartzea zerbitzuak emanen dituzten enpresak, erakunde hornitzaileak eta kontratistak hautatzeko, eta ingurumen portaera onena dutenak aukeratzea, adibidez:
1. Ekitaldiaren egoitza aukeratzea.
2. Ostatu hartzeko tokiak gomendatzea.
3. Segurtasun zerbitzuak.
4. Inprimatze- eta sustapen-zerbitzuak.
5. Azpiegiturak instalatzea eta/edo desmuntatzea.
6. Itxitura eta balizajea.
7. Komun eramangarrien zerbitzuak.
8. Garbiketa zerbitzuak.
9. Jatetxe- eta catering-zerbitzuak.
4. Energiari buruzko neurriak.
Energia gutxiago kontsumitzeko:
a) Argi naturalaren aprobetxamendua maximizatzea, adibidez, ekitaldia egunez ospatuz. Esparru itxietan, argiztapen natural ona duen leku bat aukeratzea eta, esparru irekietan, eguzkiak gehien jotzen duen tokietan daudenei itzala ematea, aire girotua duten esparru itxiak gaitzea saihesteko (urte sasoiaren arabera).
b) Ekitaldiaren hornidura dagoen sarearekin konektatzeko puntuetatik egitea lehenestea.
c) Dagoen saretik hornidura egitea ezinezkoa bada, iturri berriztagarriak erabiltzea esate baterako erakustokien autohornidurarako, edo eguzki aplikazioak erabiltzea sukalde, labe eta abarretan.
d) Energia kontsumorako ekipo elektrogenoak erabili behar izanez gero, talde elektrogeno efizienteagoak eta ingurumen irizpideak dituztenak erabiltzea.
e) Energia berriztagarria sartzea hornidura kontratuan.
f) Ekipo eta instalazio efizienteak hautatzea, adibidez, A motako etxetresna elektrikoak edo Energy Star etiketa edo baliokidea duten gailu elektronikoak.
g) Eraikinaren energia efizientzia baloratzea, eta klimatizazioa eta etxeko ur beroa optimizatzea.
h) Ingurumen hobekuntzak egitea argiztapen sistemetan; adibidez, argi puntu estrategikoak identifikatzea, bonbillen eta fokuen kopurua murrizteko, energia kontsumo txikiko bonbillak erabiltzea eta bainugeletan edo igarobideetan argiztapen gailu automatikoak instalatzea.
5. Urari buruzko neurriak.
Ur gutxiago kontsumitzeko eta ur kontsumoa hobeki kudeatzeko:
a) Edateko uraren hornidura sistema bat ezartzea tokiko hornidura saretik.
b) Hornidura sareko edateko ura eskuratzeko puntuak (iturriak, botilak kargatzeko puntuak, etab.) jartzea parte hartzaileen eta laguntzaileen eskura.
c) Ur aurrezpeneko eta efizientziako sistemak instalatzea txorrotetan, adibidez, tenporizadore automatikoak, edo zurrusta haustekoak edo difusoreak.
d) Komun eramangarrien sistemak instalatuz gero, lehentasuna emanen zaie saneamendu sarera konektatutakoei, eta, ahal dela, ur aurrezpeneko eta efizientziako sistemak instalatuko dira.
e) Erabilitako urak behar bezala biltzea eta tratamendu sistemetara bideratzea.
6. Elikagaiei buruzko neurriak.
Elikagaiekin lotutako ingurumen inpaktua murrizteko:
a) Elikagaiak eta edariak ingurumen jasangarritasuneko irizpide garrantzitsuenekin aukeratzea:
1. Ekoizpen ekologikoa.
2. Tokiko ekoizpena, gertukoa, 0 km.
3. Sasoikoa.
b) Jatetxeak eta cateringa ingurumen jasangarritasuneko irizpideekin kontratatzea. Honako hauekin, adibidez:
1. Ingurumena kudeatzeko sistemak ezarrita izatea.
2. Elikagai eta edariak jasangarritasun irizpideekin zerbitzatzea -aurreko puntuan (6.a) adierazitakoak edo beste batzuk-, hala nola bidezko merkataritzako produktuak edo kalitate ziurtagiriak.
3. Elikagaiak alferrik ez botatzeko mekanismoak izatea.
7. Mugikortasunari buruzko neurriak.
Mugikortasun jasangarria bultzatzeko:
a) Ekitaldia eginen den herria edo udalerria aukeratzeko orduan, parte hartzaileen eta bertaratutakoen jatorrizko puntuetara dagoen distantzia kontuan hartzea.
b) Ekitaldia oinez, bizikletaz eta garraio publikoaren sarearen bidez iristeko moduko toki batean jartzea, irisgarritasun unibertsaleko baldintzak bermatuta.
c) Bertaratutakoei mugikortasun alternatiben berri ematea eta horien erabilera sustatzea; adibidez, ekitaldiaren kokalekuarekin konektatutako autobus lineei, bidegorriei, bizikleta bideei eta abarrei buruzko informazioa ematea, eta informazioa, mapak eta ordutegiak ekitaldiaren liburuxketan eta karteletan argitaratzea, baita tokiko komunikabideetan ere.
d) Oinez edo bizikletaz joatea sustatzea; hori horrela, espaloiak edo oinezkoentzako pasabideak jartzea, halakorik ez badago, bizikleten aparkalekuak jartzea edo halako aparkalekuak zaintzeko zerbitzu bat eskaintzea.
e) Garraio publikoaren erabilera sustatzea; hori horrela, adibidez, autobus lineen maiztasuna eta esparruarekin konektatzen diren autobusen kopurua handitzea, edo esparrutik hurbil dauden geltokiak eskatzea.
f) Hiriarteko joan-etorrietarako garraio pribatu kolektiboa eskaintzea.
g) Ibilgailu eta taxi partekatuen erabilera sustatzea; hori horrela, adibidez, ekitaldirako web aplikazio edo plataforma espezifikoak edo ordainpeko aparkalekuak gaitzea.
8. Natura ondarea babesteari buruzko neurriak.
Ezertan eragotzi gabe natura inguruneari buruzko araudia betetzea, eremu sentikorretan edo eremu naturaletan aire zabalean egiten diren ekitaldietan, habitat naturalak, flora eta fauna basatia babesteko eta atmosfera, akustika eta argi kutsadura eta ingurunekoa saihesteko neurriak:
a) Kokalekua leku sentikor edo babestuetatik urruntzea, ingurumen inpaktua minimizatzeko, eta ekitaldiaren data aukeratzea edo aldatzea, flora eta fauna basatiarentzat kritikoak diren aldiekin bat etor ez dadin.
b) Ingurumenaren arloan eskumena duen agintaritzari galdetzea ekitaldia non eginen den eta ingurunean eragina izaten ahal duten ekintzak zein diren (adibidez, sastrakak kentzea).
c) Zaratarekin eta argiztapenarekin lotutako barne jarduerak areagotzea: foku gutxiago jartzea, argien eta fokuen altuera jaistea, argi sakabanaketa saihestuko duten lanpara modeloak instalatzea, leku estrategikoetan bozgorailuak jartzea, etab.
d) Seinale argiak eta arreta kartelak jartzea toki estrategikoetan, adibidez, pasatzea baimenduta ez dagoen lekuetan edo kontu handiz ibili behar den lekuetan, baita sobran dagoen janaria fauna basatiari ez ematekoak ere.
e) Komun eramangarri nahikoak jartzea eta toki estrategikoetan kokatzea, errazago erabiltzeko.
f) Komunen esparruak ingurumenerako erasokorrak ez diren produktuekin garbitzea, adibidez, ahalik eta xaboi eta detergente jasangarrienak erabiliz (biodegradagarriak, fosfatorik gabeak eta agente tentsioaktibo gutxikoak, etab.).
g) Zaintzan diharduten eta adituen talde bat aktibatzea (erakunde antolatzaileak edo sustatzaileak, Udaltzaingoa, boluntarioak, eta abar), ingurunea babestearekin zerikusia duten alderdietan dihardutenak.
III. ERANSKINA. HONDAKINAK KUDEATZEKO PLANAREN EREDUA
1. Hondakinen sorrera.
Ekitaldia eginen den egunean, aurreikusten al da hondakinik sortzea?
Bai
Ez
Erantzuna ezezkoa bada, amaitutzat ematen da Hondakinak Kudeatzeko Plana. Erantzuna baiezkoa da, jarraitu Planarekin.
2. Hondakin motak.
Aurreikusten da hondakin mota hauek sortzea:
Materia organikoa.
Ontzi arinak (edo ontziak eta materialak).
Papera eta kartoia.
Beira.
Errefusa.
Beste hondakin batzuk (adierazi zeintzuk).
.................................................................................................................................................................
.................................................................................................................................................................
3. Hondakinen kudeaketa.
Adierazi nola kudeatuko diren sortuko diren hondakinak, nola garbituko den ekitaldia eginen den ingurua eta nabarmentzeko moduko beste alderdi batzuk:
...............................................................................................................................................................
...............................................................................................................................................................
...............................................................................................................................................................
...............................................................................................................................................................
..............................................................................................................................................................
1. koadroa.-Ekitaldi publiko bat antolatzen edo sustatzen duten erakundeek administrazio publikoei ekitaldiaren Hondakinak Kudeatzeko Plan gisa entregatzen ahal dieten informazioaren adibidea.
IV.ERANSKINA. BEROTEGI EFEKTUKO GASEN EMISIOAK MURRIZTEKO EKINTZEN ETA/EDO NEURRIEN EREDUA
1. Ekitaldiaren karbono aztarna.
Aurreikusten da 2.000 pertsona baino gehiagoko edukiera edo egun batean 2.000 pertsona baino gehiago hartzea sarbide kontrolak dituen eremu mugatu batean?
Bai
Ez
Erantzuna baiezkoa bada, karbono aztarna kalkulatu beharko da (36/2024 Foru Dekretuaren 9. artikulua). Erantzuna ezezkoa bada, ez da kalkulatu beharko.
2. Jasangarritasunari buruzko ekintzak edo neurriak.
Berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko ekintza eta/edo neurri hauek ezarriko dira:
Hondakinak prebenitzeko neurriak.
Produktu eta materialak berrerabiltzeko neurriak.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
Komunikatzeko eta sentsibilizatzeko neurriak.
Ekitaldietan kontratazio publiko ekologikoa egiteko neurriak.
Energiari buruzko neurriak.
Urari buruzko neurriak.
Elikagaiei buruzko neurriak.
Mugikortasunari buruzko neurriak.
Natura ondarea babesteari buruzko neurriak.
Beste neurri batzuk (esan zein):
.................................................................................................................................................................
.................................................................................................................................................................
2. koadroa.-Ekitaldi publiko bat antolatzen edo sustatzen duten erakundeek administrazio publikoei berotegi efektuko gasen emisioak murrizteko ekintza eta/edo neurriei dagokienez entregatzen ahal dieten informazioaren adibidea.