(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

270/2023 FORU DEKRETUA, AZAROAREN 22KOA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITIRA "ORBAIBARKO MENDIAK" KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMUA ETA "ORBAIBARKO MENDIAK" PAISAIA BABESTUA (PP-1) KUDEATZEKO PLANA ETA "OLLETA MENDIA" (RN-21) ETA "CONDE MENDIA" (RN-22) NATURA-ERRESERBAK ERABILI ETA KUDEATZEKO PLAN ZUZENTZAILEA

BON N.º 8 - 11/01/2024



  ERANSKINA. "Orbaibarko mendiak" kontserbazio bereziko eremua (ES2200032) eta "Orbaibarko mendiak" paisaia babestua (PP1) kudeatzeko plana


ZIOEN AZALPENA

Europar Batasunaren Habitat Naturalen eta Basafauna eta Basafloraren Kontserbazioari buruzko Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauan ezarritakoarekin bat, azaroaren 13ko 79/2006 Foru Dekretuaren bidez, "Orbaibarko mendiak" izendatu ziren kontserbazio bereziko eremu (KBE), eta dagokion kudeaketa plana onetsi zen, hau da, azaroaren 22ko 360/2004 Foru Dekretuaren bidez onetsitakoa, KBEko lurralde-eremuari dagokionez. 2004ko foru dekretu horren bitartez paisaia babestu izendatu zen "Orbaibarko mendiak" izeneko lekua (PP-1) eta hura erabiltzeko eta kudeatzeko plana onetsi zen.

79/2006 eta 360/2004 foru dekretuetan adierazitakoarekin bat, plan horien indarraldia amaituta dago. Bi arau horien xedapen gehigarrietan xedatzen denez, planen indarraldiak igarotakoan, berrikuspenak eginen dira kasuan-kasuan.

"Orbaibarko mendiak" izeneko kontserbazio bereziko eremua kudeatzeko planaren berrikuspena prestatu da Europar Batasuneko araudiak eta gomendioek exijitutakoarekin bat, eta, hortaz, bertan jaso dira leku horretan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien helburu, ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.

360/2004 Foru Dekretuaren bidez, "Olleta mendia" (RN 21) eta "Conde mendia" (RN 22) natura-erreserbei dagokien zatia indargabetu zen Nafarroako natura-erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretutik, eta "Orbaibarko mendiak" paisaia babestua (PP-1) erabiltzeko eta kudeatzeko plana izan zen natura-erreserba horiek erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea (EKZP).

Natura Sarea gunea kudeatzeko plana berrikustean egiaztatu da aipatutako plan horretako edukiak berrikusi behar direla "Orbaibarko mendiak" paisaia babestuari dagokionez (PP-1), baita "Olleta mendia" (RN-21) eta "Conde mendia" (RN-22) natura-erreserbei dagokienez ere.

Artikulu bakarra. "Orbaibarko mendiak" izeneko ES2200032 KBEa eta "Orbaibarko mendiak" paisaia babestua (PP1) kudeatzeko plana eta "Olleta mendia" (RN21) eta "Conde mendia" (RN22) naturaerreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea onestea.

Foru dekretu honen xedea da "Orbaibarko mendiak" izeneko ES2200032 KBEa eta "Orbaibarko mendiak" paisaia babestua (PP-1) kudeatzeko plana onestea. Foru dekretu honi erantsita doa.

Kudeaketa plan hori izanen da "Olleta mendia" (RN-21) eta "Conde mendia" (RN-22) natura-erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzailea.

Lehen xedapen gehigarria. Lotutako araudia.

"Olleta mendia" (RN-21) eta "Conde mendia" (RN-22) natura-erreserbei dagokienez, Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natura-erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuaren I. eranskinean xedatutakoaren arabera jokatuko da.

Bigarren xedapen gehigarria. Mugak.

Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala aplikatuko dira erabilerak eta jarduerak mugatzearen ondoriozko kalte-ordainak.

Hirugarren xedapen gehigarria. Kudeaketa planaren finantzaketa.

Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuak erantzunen die "Orbaibarko mendiak" izeneko ES2200032 KBEa eta "Orbaibarko mendiak" (PP-1) paisaia babestua kudeatzeko plana behar bezala betetzeko behar diren premia ekonomikoei.

Hori guztia ordainduko da horretarako kreditu egokia ea nahikoa baldin badago. Beraz, behar diren konpromisoak hartuko dira unean-unean aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

Nafarroako Gobernuko departamentuek beren politika sektorialak ingurumenean integratzeko sustatzen dituzten jarduketek, baita toki entitateek sustatzen dituzten ekintzek eta ekarpen pribatuekin edo Europar Batasunaren ekarpenekin egiten direnek ere, laguntzen ahal dute plan hau garatzen. Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuak osorik finantzatzen ahalko ditu KBEaren kontserbazio-egoera onari eusten laguntzen duten jarduerak, dirulaguntzei buruzko araudiak ezarritako esparruaren barnean, edo jarduketa propioen bidez.

Inguruko biziguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko asmoz, departamentu honen menpeko beste edozein laguntzatan, ahal denean, lehentasuna emanen zaie, guneen kontserbazioarekin bateragarriak izanik, paisaia babestuaren esparru geografikoaren barnean proposatzen diren jarduketei. Gainera, laguntzaren portzentajea handiagoa izanen da, eremu horretatik kanpo edo beste edozein naturagunetatik kanpo proposatzen diren beste jarduketa batzuekin alderatuta.

Laugarren xedapen gehigarria. Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuko kontseilaria gaitzea.

Ingurumenaren arloan eskumenak dituen departamentuko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko behar den kostu ekonomikoaren kalkuluak Europako Batzordeari igortzeko, Europar Batasunaren Habitat Naturalen eta Basafauna eta Basafloraren Kontserbazioari buruzko maiatzaren 21eko Kontseiluaren 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak.

Azken xedapenetan lehena. Kudeaketa planaren indarraldia.

1. Honako indarraldi hau izanen du foru dekretu honek onesten duen planak, hots "Orbaibarko mendiak" izeneko ES2200032 KBEa eta "Orbaibarko mendiak" (PP-1) paisaia babestua kudeatzekoak:

a) Mugagabea, gako-elementuei, helburu orokorrei, arauei eta jarraibideei dagokienez.

b) 12 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, neurriak berrikusiko dira, baina haien aplikazioa luzatuko da harik eta ordezko beste batzuk onesten diren arte.

2. Hala ere, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuak uste badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko alderdiren bat nabarmen aldatu dela eta horrek eragina izan dezakeela gunearen balioen zainketan, plana berrikusten edo aldatzen ahalko da.

3. Kudeaketa planaren gako-elementuetan, helburu orokorretan, araudian edo jarraibideetan eragina izan dezaketen aldaketak edo berrikuspenak foru dekretu bidez onetsiko dira. Espero diren emaitzen (helburu espezifikoak) berrikuspenak eta aldaketak, baita jarduketak ere (neurriak), ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez onetsiko dira.

Azken xedapenetan bigarrena. Beste plan batzuekiko erlazioa.

1. Foru dekretu honek onesten duen planaren berrikuspena bat etorriko da dibertsitate biologikoaren kontserbazioari buruz ezartzen diren maila goragoko planekin, eta, zehazki, Nafarroako Naturaguneen Sarean jarduteko ildo orokorrak finkatzeko onesten direnekin.

2. Dena dela, Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa planaren berrikuspen honetan jasotako determinazioak zuzenean aplikatu beharrekoak dira, eta toki entitateen hirigintzako udal planeamenduan sartuko dira, planeamendua egitean edo berrikusten denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honen aurkakoak badira, egokitu beharko dira, lehenbizikoz aldatzen edo berrikusten direnean.

Azken xedapenetan hirugarrena. Garatzeko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio ingurumenaren arloko eskumenak dituen departamentuko kontseilariari foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako laugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. "Orbaibarko mendiak" kontserbazio bereziko eremua (ES2200032) eta "Orbaibarko mendiak" paisaia babestua (PP-1) kudeatzeko plana

ERANSKINA

Vínculo a objeto

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web