(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

30/2023 FORU AGINDUA, ABENDUAREN 1EKOA, BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZERBITZUKO LANGILEEN 2024KO LAN EGUTEGIA ONESTEN DUENA.

BON N.º 260 - 19/12/2023



Zioen azalpena

Behin zehaztu ondoren Nafarroako Foru Komunitatean ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2024ko jaiegunen egutegi ofiziala -Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren ekainaren 5eko 250/2023 Ebazpenaren bitartez-, onetsi behar dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2024ko aste barreneko jaiegunen egutegia eta haien lanaldiaren urteko lanordu kopuruaren banaketa, abenduaren 26ko 26/2012 Foru Legeak ezarritako urteko lanordu kopuruaren arabera; izan ere, foru lege horren bidez aldatu zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan presako neurriei buruzko ekainaren 21eko 13/2012 Foru Legea.

Foru agindu honetan arautzen dira, orobat, lanaldia betetzearekin lotura zuzena duten beste gai batzuk, konparazio batera, lanaldiko atsedenaldia eta norberaren arrazoiengatik lanera ez joatea eta lantokitik ateratzea.

Foru agindu honen edukia erakunde sindikalekin negoziatu da Mahai Orokorrean, halaxe xedatzen baitu, bere 83.6.h artikuluan, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuenak.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak zehazten dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua . Jaiegunak zehaztea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek jaiegun hauek izanen dituzte 2024an, igandeez gain:

- Urtarrilaren 1a: Urteberri eguna.

- Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

- Martxoaren 28a: Ostegun Santua.

- Martxoaren 29a: Ostiral Santua.

- Apirilaren 1a: Pazko astelehena.

- Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

- Uztailaren 6a: San Fermin bezpera. Iruñean lan egiten dutenek 12:00etatik aurrera jai izanen dute.

- Uztailaren 8a, 9a eta 10a: Sanferminak. Iruñean lan egiten dutenek jai izanen dute.

- Uztailaren 25a: Santiago eguna.

- Abuztuaren 15a: Ama Birjinaren Jasokundea.

- Urriaren 12a: Espainiako Jai Nazionala.

- Azaroaren 1a: Santu Guztien Eguna.

- Azaroaren 29a: San Saturnino. Iruñean lan egiten dutenek jai izanen dute.

- Abenduaren 3a: San Frantzisko Xabierkoa.

- Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

- Abenduaren 25a: Eguberri eguna.

2. Iruñean lan egiten ez duten langileentzat, zer herritan lan egiten duten, jaieguna izanen da Nafarroako herrietako 2024ko jaiegunen ebazpenean ezartzen den herri hartako festa eguna. Gainera, zer herritan egiten den lan, herri horretako zaindariaren festak direla eta, jaiegun izanen dira festen hasierako eguna, 12:00etatik aurrera, eta hiru egun gehiago, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez xedatzen duenari jarraikiz; ebazpen horren bidez xedatuko dira, herriko zaindariaren festak direla eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat jaiegun izanen diren astegunak.

3. Aurreko atalean xedatutakoaz salbuesten dira, herriko zaindariaren festei eta herriko festei dagozkien jaiegunen ondorioetarako, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan ari diren langileak, beren berezitasunengatik, eta zerbitzua honako herri hauetan ematen duten langileak: Antsoain, Atarrabia, Barañain, Berriozar, Burlata, Cordovilla, Elkano, Imarkoain, Mutiloa, Sarriguren, Zizur Nagusia eta Zizur. Izan ere, haientzako jaiegunak Iruñerako ezarritako berberak izanen dira, hots, uztailaren 6a, 12:00etatik aurrera, uztailaren 8a, 9a eta 10a, eta azaroaren 29a.

Aurreko paragrafoko salbuespena ez zaie aplikatuko liburutegi sarean aritzen diren langileei; izan ere, langile horiek kasuan kasuko lantokiaren herriko festak eta zaindariaren festak izanen dituzte.

2. artikulua . Urteko lanorduen banaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan, urtean benetan lan egin beharreko orduen kopurua 1.592koa da, honela banatuta:

1. Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, oro har, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen unitateetan, ordutegi malgua baldin badute, bat etorriz martxoaren 10eko 257/2011 Foru Aginduan ezarritakoarekin, ordutegiaren zati finkoa 09:30etik 14:30era izanen da; gainerako lan denbora noiz egin langileek aukeratuko dute, malgutasunez, betiere ordutegi honen barruan: 07:30etik 09:30era eta 14:30etik 17:00etara.

Ordutegi malgua ezarrita ez duten lekuetan, langileak, nahitaez, 08:00etatik 15:00ak arte aritu behar dira lanean; gainerako 20 minutuak noiz egin, langile bakoitzak aukeratuko du, malgutasunez, betiere 07:40tik 08:00ak bitarte eta 15:00etatik 15:20 bitarte.

3. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, zerbitzua Iruñean ematen duten langileek berezitasun hauek izanen dituzte:

A) Uztailaren 11n eta 12an, ordutegi finkoa: 09:00etatik 14:00etara.

B) 16 ordu eta 40 minutuko ordu-poltsa bat, urte osoan zehar erabiltzekoa, zerbitzuaren beharren arabera betiere.

4. Urteko lanorduen banaketa doitzeko, zerbitzua Iruñean ematen ez duten langileek berezitasun hauek izanen dituzte:

A) 4:40 orduko murrizketa, kasu bakoitzaren inguruabarren arabera banatu beharrekoak, herriko zaindariaren festetan, hots, zerbitzua Iruñean ematen duten langileek daukaten denbora bera.

B) Herriko zaindariaren festek iraun bitartean, lehen aipatutako orduez gainera, betiere posible bada, gutxienez hiru egun oso ere eman beharko dira astean zehar, Iruñean lan egiten duten langileek uztailaren 8an, 9an eta 10ean hartzen dituzten egun horien baliokide gisa.

C) 16 ordu eta 40 minutuko ordu-poltsa bat, urte osoan zehar erabiltzekoa, zerbitzuaren beharren arabera betiere.

Herri bateko festen iraupena edo banaketa dela-eta ezinezko bada A) eta B) ataletan ezarritako konpentsazio osoa hartzea, atal honetan aurreikusitako ordu-poltsan sartuko dira adierazitakoari jarraikiz hartu ezin diren murrizketa-orduak.

5. Aurreko ataletan ezarritako lanaldi banaketa ez zaie aplikatuko zerbitzuko beharrak direla-eta lanaldi berezia dutenei edo ordu konpentsazioren bat dutenei (lana txandaka egitea, gauez, etab.), ez eta ikastetxeei eta osasun zentroei atxikita daudenei ere, horiek berariazko lan egutegia izanen baitute.

Urteko lanorduen kopurua banatzeko oro har ezarritakoaz beste erregimen bat dagoen kasuetan, berariazko lan egutegi horrek, betiere lanaldiaren urteko kopurua errespetatuz, indarrean dagoen erregimenari eutsiko dio, bai eguneko lanaldiaren edo txanden iraupenari dagokionez, bai urteko lanorduak asteko egunetan banatzeko kasu bakoitzean erabiltzen den moduari dagokionez; horrek guztiak ez du galarazten beste ordutegi batzuk edo urteko lanorduak banatzeko bestelako erregimenak ezartzeko aukera, zerbitzuaren beharrek hala aholkatzen dutenean, Mahai Orokorrean edo kasuan kasuko mahai sektorialean negoziatu ondoren.

6. Zerbitzuaren beharrak direla-eta hala komeni denean, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, horretan interesa duen departamentuak proposaturik, baimena ematen ahalko du zenbait kasu edo administrazio unitatetan foru agindu honetan ezarritako lan ordutegiaz bestelako bat izateko, Mahai Orokorrean edo kasuan kasuko mahai sektorialean negoziatu ondoren, eta, betiere, ezarritako urteko lanordu kopurua errespetatzen bada.

3. artikulua . Lanaldiko atsedenaldia.

Eguneko lanaldi jarraitua 6 ordukoa edo luzeagoa duten langileek gehienez 30 minutuko atsedenaldia izanen dute. Lanaldia lau ordu eta erditik gorakoa eta sei ordutik beherakoa bada, aipatutako etenaldia hamabost minutura murriztuko da. Atsedenaldi horrek ez dio eraginen zerbitzu emateari, eta, orokorrean, 10:00etatik 14:00etara hartzen ahalko da.

Langileak 16:00ak arte edo beranduago arte lanean jarraitzen badu, aurreko paragrafoko etenaldia 10:00etatik 15:00etara bitartean hartzen ahalko da.

Ordutegi malgua duten unitateetan, baldin eta egiten den atsedenaldia luzeagoa bada ezarrita dagoena baino, gehiegizko denbora langilearen saldo negatibora gehituko da; nolanahi ere, langile guztiek kasuan-kasuan ezarritako lanaldiaren derrigorrezko tarteari dagozkion benetako lanordu guztiak egin beharko dituzte.

4. artikulua . Norberaren arrazoiak direlaeta lanera ez joatea eta lantokitik ateratzea.

1. Arrazoi partikularrengatik lantokian ez agertzea edo lantokitik alde egitea bidezkoa izanen da arrazoia jasota badago Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen Erregelamenduan (otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren bidez onetsia), bai eta langileak berak osasun laguntza behar duen egoeretan ere.

2. Baimen eta lizentziak ematen direnean, kasuan kasuko baimenaren edo lizentziaren xedea betetzeko behar-beharrezkoa den denbora eman beharko da. Denbora tarte horretan, honako hauek sartuko dira: lantokitik kontsultara edo baimenaren edo lizentziaren xedeko egintza egin behar den lekura joan eta etortzeko langileak behar duen denbora, bai eta, adinagatik edo mugikortasun arazoengatik ahaideren bati lagundu behar zaion kasuetan, hura etxetik edo antzeko batetik hartu eta bertara itzultzeko behar den denbora ere.

Langilea lantokitik igaro gabe zuzenean joaten bada kontsultara edo baimenaren xedeko egintza egin behar den lekura, baimenean hara joateko zentzuzko tarte bat jasoko da, langileak kontsulta medikotik edo gertaera eragilea egiten den tokitik lantokira itzultzeko behar duen denbora adina; era berean, langilea ez bada lantokira itzultzen kontsulta medikoa edo baimenaren xedeko egintza bukatu ondoren, baimenean zentzuzko tarte bat sartuko da, lantokitik kontsulta medikora edo baimenaren xedeko egintza egiten den lekura joateko erabili duena adinakoa.

Ordutegi malgua duten langileei dagokienez, langilea lantokitik igaro gabe joaten bada edo baimenaren xedeko egintza bukatu ondoren lantokira itzultzen ez bada, ordaindutako baimen edo lizentzia horiek emateko baimendutako absentzia-denbora guztia ez da konputatuko hamar orduko poltsa positiboa sortzeko.

3. Aurreko ataletan adierazitako kasuak alde batera utzita, langileak arrazoi partikularrengatik lanera huts egiten badu edo lantokitik atera nahi badu goian adierazitako arrazoi berariazkoak tartean izan gabe, norberaren aferetarako baimen ordainduko orduak erabili beharko ditu nahitaez, edo foru agindu honen 2. artikuluan ezarritako ordu-poltsakoak, eta halakoetan, lanera huts egiteak edo ateratzeak baimentzeko, lehentasuna emanen zaie lan bizitza eta familiako bizitza bateragarri egitearekin lotutako betebeharrak betetzeko kasuei.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko abenduaren 1ean.-Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria, Amparo López Antelo.

Iragarkiaren kodea: F2317029

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web