74/2023 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 30EKOA, LANDA GARAPENEKO ETA INGURUMENEKO DEPARTAMENTUAREN OINARRIZKO EGITURA EZARTZEN DUENA
BON N.ş 183 - 31/08/2023
Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla, kasuan kasuko departamentuko titularraren menpe daudenak zuzenean. Era berean, artikulu horretako 3. apartatuak adierazten du, aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean departamentuaren titularraren menpe beste organo batzuk ere egoten ahalko direla departamentu bakoitzean.
Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzaren eskumeneko arloa edo arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola. Foru dekretu bidez eginen du, kasuan kasuko departamentuko titularrak proposaturik.
Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko abuztuaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:
a) Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia.
b) Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia.
c) Ingurumen Zuzendaritza Nagusia.
d) Idazkaritza Tekniko Nagusia.
Lehenengo xedapen gehigarria. Deskontzentrazioa.
1. Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarrean dagoen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: dirulaguntzak, kontratazioa, mandatuak, ondare-erantzukizuna eta zehapen espedienteak, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.
Beken arloko eskumen administratiboen titulartasunaren eta erabileraren eskualdaketaren barruan dago aurrekontu-kredituak kudeatzea Nafarroako Aurrekontu Orokorren 700 programan (Landa garapeneko eta ingurumeneko zuzendaritza eta zerbitzu orokorrak) dauden gastu-esleipenetarako.
2. Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarra duen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: dirulaguntzak, kontratazioa, ondare-erantzukizuna eta zehapen espedienteen gainekoa, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.
Beken arloko eskumen administratiboen titulartasunaren eta erabileraren eskualdaketaren barruan dago aurrekontu-kredituak kudeatzea Nafarroako Aurrekontu Orokorren 700 programan (Landa garapeneko eta ingurumeneko zuzendaritza eta zerbitzu orokorrak) dauden gastu-esleipenetarako.
Era berean, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten dira indarra duen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: ingurumena babesteko esku hartzea, ehiza eta arrantza, eta basoen kudeaketa.
3. Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiko titularraren esku uzten dira, bere eskumenen esparru materialean, indarrean dagoen araudiak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: dirulaguntzak, kontratazioa, mandatuak, ondare-erantzukizuna eta zehapen espedienteen gainekoa, barnean direla gastuak baimentzea eta xedatzea eta ordaintzeko betebeharrak aitortzea.
Beken arloko eskumen administratiboen titulartasunaren eta erabileraren eskualdaketaren barruan dago aurrekontu-kredituak kudeatzea Nafarroako Aurrekontu Orokorren 700 programan (Landa garapeneko eta ingurumeneko zuzendaritza eta zerbitzu orokorrak) dauden gastu-esleipenetarako.
Bigarren xedapen gehigarria. Izendapenen berrespena.
Berretsi egiten da Ignacio Gil Jordán Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren izendapena.
Xedapen iragankor bakarra. Arauek indarrean jarraitzea.
Departamentuko zerbitzu eta atalen egitura organikoa garatzen ez den bitartean, eta foru dekretu honi aurka egiten ez zaion neurrian, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskumen-esparruari dagokionez, honako honetan xedatutakoa aplikatuko da: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Gaikuntzak.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.