73/2023 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 30EKOA, BARNEKO, FUNTZIO PUBLIKOKO ETA JUSTIZIAKO DEPARTAMENTUAREN OINARRIZKO EGITURA EZARTZEN DUENA
BON N.º 183 - 31/08/2023
Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla, departamentuko titularraren menpe daudenak zuzenean. Era berean, artikulu horretako 3. apartatuak adierazten du, aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean departamentuko titularraren menpe beste organo batzuk ere egoten ahalko direla departamentu bakoitzean, eta 35.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusietan txertaturik nahiz zuzenean departamentuko titularren menpe egon daitezkeela.
Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzaren eskumeneko arloa edo arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola. Foru dekretu bidez eginen du, kasuan kasuko departamentuko titularrak proposaturik.
Foru lege horren beraren 46.2 artikuluak ezartzen du erakunde autonomoak departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikiko zaizkiola.
Hori horrela, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko abuztuaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Barneko, Funtzio Publikoko, eta Justiziako Departamentuaren oinarrizko egitura.
1. Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:
a) Barne Zuzendaritza Nagusia.
b) Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusia.
c) Justizia Zuzendaritza Nagusia.
d) Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako Zerbitzua.
e) Idazkaritza Tekniko Nagusia.
2. Barne Zuzendaritza Nagusiak Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Barne Zuzendaritza Nagusiak betetzen zituen eskumenei eusten die, eta hari dagozkion unitate organikoak atxikitzen zaizkio.
3. Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak betetzen zituen eskumenei eusten die, eta hari dagozkion unitate organikoak atxikitzen zaizkio.
4. Justizia Zuzendaritza Nagusiak Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuko Justizia Zuzendaritza Nagusiak betetzen zituen eskumenei eusten die, eta hari dagozkion unitate organikoak atxikitzen zaizkio.
5. Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketarako Zerbitzuak departamentuaren ekonomia eta aurrekontu kudeaketari dagozkion eginkizunak beteko ditu.
Lehen xedapen iragankorra. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua.
Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 54. artikuluan ezarritako moduan azkendu bitartean, erakunde autonomo horrek Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari atxikita jarraituko du.
Bigarren xedapen iragankorra. Arauek indarrean jarraitzea.
Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren zerbitzu eta atalen egitura organikoa garatzen ez den bitartean, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren eskumenen esparruari dagokionez eta foru dekretu honen edukiari aurka egiten ez dion neurrian, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretua, Migrazio Politiketako eta Justiziako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 266/2019 Foru Dekretua, Nafarroako Segurtasun Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretua eta, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen urriaren 30eko 261/2019 Foru Dekretua; ulertu behar da izen horiek dituzten departamentuei egiten zaizkien aipamenak Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari dagozkiola, bere eskumen-esparruari dagokionez.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Gaikuntzak.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.