72/2023 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 30EKOA, UNIBERTSITATEKO, BERRIKUNTZAKO ETA ERALDAKETA DIGITALEKO DEPARTAMENTUAREN OINARRIZKO EGITURA EZARTZEN DUENA
BON N.ş 183 - 31/08/2023
Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla, departamentuko titularraren menpe daudenak zuzenean. Bestalde, artikulu horretako 3. apartatuak adierazten du, aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean departamentuko titularraren menpe beste organo batzuk ere egoten ahalko direla departamentu bakoitzean. 35.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusietan txertaturik nahiz zuzenean departamentuetako titularren menpe egon daitezkeela.
Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzak eskumeneko arloa edo arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola kasuan kasuko departamentuko kontseilari titularrak proposaturik.
Horrenbestez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko abuztuaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren oinarrizko egitura.
Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:
a) Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusia.
b) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusia.
c) Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko Zuzendaritza Nagusia.
d) Idazkaritza Tekniko Nagusia.
Lehen xedapen gehigarria. Eskumenak hartzea.
Europako Berrikuntza Digitalaren Poloaren arloko eginkizunak, orain arte Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak bete dituenak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritza Nagusiak hartzen ditu bere gain.
Bigarren xedapen gehigarria. Deskontzentrazioa .
1. Departamentuko zuzendaritza nagusietako eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko titularren esku uzten dira, bakoitzaren esparruan, indarra duen araudiak Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko titularrari honako arlo hauetan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera: kontratazioa eta erakunde instrumentalei egin beharreko enkarguak, dirulaguntzak, ondare erantzukizuna, eta zehapen espedienteak hasi, tramitatu eta ebaztea, gastuen baimena eta erabilera eta ordaintzeko betebeharren aitorpena barne.
2. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko titularrak indarrik gabe uzten ahalko du xedapen gehigarri honetan aipatzen den eskumenen deskontzentrazioa, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko den foru agindu baten bidez.
Hirugarren xedapen gehigarria. Izendapenen berrespena.
Berretsi egiten dira Ana Jesús Burusco Juandeaburre Unibertsitateko zuzendari nagusiaren izendapena eta Juan Jesús Jaurrieta Galdiano Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko idazkari tekniko nagusiaren izendapena.
Xedapen iragankor bakarra. Arauek indarrean jarraitzea.
Departamentuaren zerbitzu eta atalen egitura organikoa garatu arte, foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten ez dion neurrian, honako honetan xedatutakoa aplikatuko da: Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 272/2019 Foru Dekretua.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 95/2019 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedaturikoaren aurkako maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Gaikuntzak.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.