70/2023 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 30EKOA, INDUSTRIAKO ETA ENPRESEN TRANTSIZIO EKOLOGIKO ETA DIGITALERAKO DEPARTAMENTUAREN OINARRIZKO EGITURA EZARTZEN DUENA
BON N.º 183 - 31/08/2023
Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla, departamentuko titularraren menpe daudenak zuzenean. Era berean, artikulu horretako 3. paragrafoak adierazten du, aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean departamentuko kontseilari titularraren menpe beste organo batzuk ere egoten ahalko direla departamentu bakoitzean. 35.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusietan txertaturik nahiz zuzenean departamentuetako titularren menpe egon daitezkeela.
Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzaren eskumeneko arloa edo arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola kasuan kasuko departamentuko titularrak proposaturik.
Hori horrela, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko abuztuaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuaren oinarrizko egitura .
Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:
a) Enpresen Sustapenerako Zuzendaritza Nagusia.
b) Energia, Enpresa I+G+b eta Ekintzailetza Zuzendaritza Nagusia.
c) Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusia.
d) Idazkaritza Tekniko Nagusia.
Xedapen gehigarri bakarra. Deskontzentrazioa.
1. Departamentuko zuzendaritza nagusietako eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko titularren esku uzten dira, bakoitzaren esparruan, indarra duen araudiak Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari kontratazioaren arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.
2. Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko titularraren esku uzten dira indarra duen araudiak Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariari ondare erantzukizunaren arloan esleitzen dizkion eskumen administratiboen titulartasuna eta erabilera.
3. Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak indarrik gabe uzten ahalko ditu xedapen gehigarri honetan aipatzen diren eskumen deskontzentrazioak, foru agindu baten bidez. Foru agindu hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.
Lehen xedapen iragankorra. Arauek indarrean jarraitzea.
Departamentuaren zerbitzu eta atalen egitura organikoa garatu arte, foru dekretu honen edukiaren aurka ez dagoen neurrian, honako honetan xedatutakoa aplikatuko da: Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretua. Arau horietan eta departamentuen egitura organikoei buruzko gainerako foru dekretuetan Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentua aipatzen denean, Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentua aipatzen dela ulertu behar da.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 89/2019 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedaturikoaren aurkako maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Gaikuntzak.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.