(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

68/2023 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 30EKOA, OSASUN DEPARTAMENTUAREN OINARRIZKO EGITURA EZARTZEN DUENA

BON N.º 183 - 31/08/2023



Atariko

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla. Azken hori kasuan kasuko kontseilariaren menpe dago zuzenean. Era berean, artikulu horretako 3. paragrafoak adierazten du, aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean departamentuko titularraren menpe beste organo batzuk ere egoten ahalko direla departamentu bakoitzean. 35.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusietan txertaturik nahiz zuzenean departamentuetako titularren menpe egon daitezkeela.

Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzaren eskumeneko arloa edo arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola kasuan kasuko departamentuko titularrak proposaturik.

Foru lege horren beraren 46.2 artikuluak ezartzen du erakunde autonomoak departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikiko zaizkiola.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko abuztuaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Osasun Departamentuaren oinarrizko egitura.

1. Osasun Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:

a) Osasun Zuzendaritza Nagusia.

b) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua erakunde autonomoak Osasun Departamentuari atxikitzen zaizkio, eta bakoitza bere estatutuen bidez arautuko da.

Xedapen gehigarri bakarra. Izendapenen berrespena.

Berretsi egiten da María Pilar García García Osasun Departamentuko idazkari tekniko nagusiaren izendapena.

Xedapen iragankor bakarra. Arauek indarrean jarraitzea.

Departamentuaren antolaketaren egitura zerbitzu eta atalen mailan garatzen ez den bitartean, eta foru dekretu honen edukiari aurka egiten ez zaion neurrian, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: urriaren 30eko 269/2019 Foru Dekretua, Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena; irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren estatutuak onetsi zituena, egin zaizkion aldaketak barne; eta uztailaren 18ko 63/2012 Foru Dekretua, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua sortu eta haren estatutuak onesten dituena, egin zaizkion aldaketak barne.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira Osasun Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen abuztuaren 14ko 93/2019 Foru Dekretua eta foru dekretu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena. Garatzeko ahalmenak.

Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.

Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web