65/2023 FORU DEKRETUA, ABUZTUAREN 30EKOA, MEMORIA ETA BIZIKIDETZAKO, KANPO EKINTZAKO ETA EUSKARAKO DEPARTAMENTUAREN OINARRIZKO EGITURA EZARTZEN DUENA
BON N.º 183 - 31/08/2023
Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 30.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzean zuzendaritza nagusi bat edo gehiago eta idazkaritza tekniko nagusi bat izanen direla, kasuan kasuko departamentuko titularraren menpe daudenak zuzenean. Era berean, artikulu horretako 3. apartatuak adierazten du, aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, zuzen-zuzenean departamentuaren titularraren menpe beste organo batzuk ere egoten ahalko direla departamentu bakoitzean.
Bestalde, martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 31.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, bai eta bakoitzaren eskumeneko arloa edo arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola. Foru dekretu bidez eginen du, kasuan kasuko departamentuko titularrak proposaturik.
Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 46.2 artikuluak adierazten du, berriz, erakunde autonomoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikiko zaizkiola.
Hori horrela, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko abuztuaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren oinarrizko egitura.
1. Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek ditu bere oinarrizko egituran:
a) Memoria eta Bizikidetza Zuzendaritza Nagusia.
b) Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusia.
c) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.
2. Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutua erakunde autonomoa Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuari atxikitzen zaio.
Xedapen iragankor bakarra. Arauek indarrean jarraitzea.
Departamentuaren egitura organikoa zerbitzuen eta atalen mailan garatzen den bitartean, eta foru dekretu honetan xedatutakoari aurka egiten ez dion heinean eta departamentuaren eskumen-esparru berriari dagokionez, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretua eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 303/2019 Foru Dekretua. Arau horietan eta departamentuen egitura organikoei buruzko gainerako foru dekretuetan Herritarrekiko Harremanetako Departamentua aipatzen denean Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentua aipatzen dela ulertu behar da.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko arau guztiak.
Azken xedapenetako lehena. Gaikuntzak.
Lehendakaritza eta Berdintasun Departamentuko titularrari, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuko titularrari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egin dezaten.
Azken xedapenetako bigarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.