(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

53/2023 FORU AGINDUA, EKAINAREN 12KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZAN DIHARDUTEN IKASLEAK EBALUATU, MAILAZ IGO ETA HAIEI TITULUAK EMATEKO ERA ARAUTZEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 136 - 29/06/2023



  I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK


  II. KAPITULUA. EBALUAZIO PROZESUAREN GARAPENA


  III. KAPITULUA. TUTORETZA EKINTZA, FAMILIENTZAKO INFORMAZIOA ETA OBJEKTIBOTASUN PRINTZIPIOA


  IV. KAPITULUA. EBALUAZIO DOKUMENTUAK

  ERANSKINA


Zioen azalpena

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu aurreko arauaren testuan; legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, aldaketa horietako asko jatorrizko testuan jasotako neurriak berrikusteko beharrari zor zaizkio, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioei egokitzearren, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020-2030 hamarkadarako zehaztutako helburuekin bat.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketei dagokienez, lege testu berriak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu hezkuntza etapa horretako curriculum egituran, baita ikasleen ebaluazioari buruzko alderdietan ere.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gutxieneko ikasketak eta haien antolamendua ezartzen dituen martxoaren 29ko 217/2022 Errege Dekretua argitaratu ondoren, Nafarroako Gobernuak, lege organikoak berak emandako ardura bere gain hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma arautu du ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuaren bidez.

Foru dekretu horren 15. artikuluan, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa arautu behar duten printzipio orokorrak jasotzen dira. Era berean, foru dekretu horren azken xedapenetako bigarrenean baimena ematen zaio hezkuntza arloko eskumena duen kontseilariari aipatutako foru dekretuan ezarritakoa bete eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko.

Hori guztia kontuan hartuta, bidezkoa da, hortaz, garatzea ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuan erregelamendu bidez ezarritakoa, eta arautzea, foru agindu honen bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua . Xedea eta aplikazio eremua.

1. Foru agindu honen helburua da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) diharduten ikasleak ebaluatu, mailaz igo eta haiei tituluak emateko era arautzea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat -foru dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen du-.

2. Foru agindu hau aplikatuko da Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuko ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan.

2. artikulua . Ebaluazioaren ezaugarri orokorrak.

1. Ikasleen ikaskuntza ebaluatzeko prozesua aurrera eramateko, ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuan araututako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculumeko elementuak hartuko dira kontuan, baita etapako ikasgai edo arlo bakoitzaren programazio didaktikoetan horiei buruz egiten den zehaztapena ere.

2. Ebaluazio prozesuan -irakasleek eginen dute-, ikasleek etapako ikasmaila bakoitzean ikasitakoa baloratuko da, kontuan izanik noraino bete diren ebaluazio irizpideak eta ikasgai edo arlo bakoitzaren gaitasun espezifikoak. Ebaluazio irizpide eta gaitasun espezifiko horiek izanen dira erreferentziak ikasgai edo arloen kalifikazioa eta Oinarrizko Hezkuntzako Irteerako Profileko gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehazteko.

3. Ikasleen ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa jarraitua, hezigarria eta integratzailea izanen da, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Etengabea izanen da, ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan sistematikoki murgilduta egonen baita ikasturte osoan, eta ikasgelako eguneroko zereginetan integratuta.

b) Hezigarria izanen da; izan ere, bereganatutako gaitasunak eta ikaskuntzak identifikatuz, irakasleei, ikasleei eta haien familiei etengabeko informazioa emanen die, eta, hala, hezkuntza arloko esku-hartzearen prozesuak eta emaitzak hobetzen lagunduko du.

c) Integratzailea izanen da; izan ere, etaparako ezarritako helburuen lorpena eta Irteerako Profilean aurreikusitako gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila ikasgai edo arlo guzti-guztiekin lotuta egonen da. Aurretik adierazitakoa gorabehera, ebaluazioa integratzailea izateak ez du eragotziko irakasleek modu bereizian ebaluatzea ikasgai edo arlo bakoitza, horien ebaluazio irizpideak kontuan hartuta.

4. Ikasleei beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratuak eta aitortuak izateko eskubidea bermatuko diete ikastetxeek, foru agindu honen 21. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

5. Etapako helburuen lorpenari eta gako-gaitasunen bereganatze eta garapen mailari dagokienez, honako alderdi hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Etapako helburuak lortutzat joko dira, baldin eta ikasleak gako-gaitasun bakoitzean bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu badu.

b) Gako-gaitasun bakoitzean bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duela iritziko da, baldin eta ikasleak ikasgai edo arlo guztietan kalifikazio positiboa lortu badu.

c) Era berean, ikasgai edo arlo guztietan kalifikazio positiboa lortu ez arren, gako-gaitasun bakoitzean bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duela iritziko da, baldin eta irakasle taldeak hala erabakitzen badu.

6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko proposatutako ikasle orok etapako gako-gaitasun bakoitzean bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duela idatziz jasota eduki beharko du hori eskatzen duen ebaluazio dokumentu bakoitzean, foru agindu honen 13. artikuluan ezarritako kategorien eskalaren arabera.

3. artikulua . Etapan jarraitzea.

1. Oro har, ikasleak hamasei urte betetzen dituzten urte naturalera arte izanen dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapan. Dena den, hamazazpi edo hemezortzi urte bete arte etapa horretan jarraitzeko eskubidea izanen dute, Oinarrizko Hezkuntzan urte bat edo bi gehiago emateko proposatu diren ikasleen kasuan.

2. Salbuespen gisa, etapako laugarren mailan beste urte bat eman ahalko da, nahiz eta aurreko apartatuan adierazitako gehieneko egonaldia agortu, baldin eta irakasle taldeak uste badu neurri horrek etaparako ezarritako gako-gaitasunak bereganatzea ahalbidetzen duela; kasu horretan, ikasleek hemezortzi urte betetzen dituzten urte naturalera arte jarraitzen ahalko dute, edo, kasuaren arabera, hemeretzi betetzen dituzten urte naturalera arte.

3. Aurreko apartatuetan xedatutakoa eta Haur Hezkuntzan eta/edo Lehen Hezkuntzan baimendutako egonaldiak alde batera utzi gabe, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, ikastetxe arruntetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapako eskolatzea beste urte batez luzatzen ahalko da, baldin eta horrek gako-gaitasunak eta etapako helburuak eskuratzea ahalbidetzen badu.

4. Hezkuntza sistemako Oinarrizko Hezkuntzan berandu sartzen diren ikasleek, hasierako ebaluazioaren ondorioz beren adinari dagokiona baino maila txikiago batean matrikulatzen badira, Oinarrizko Hezkuntzan hemeretzi urte betetzen dituzten urte naturalera arte jarraitzeko eskubidea izanen dute, zer ikasturtetan sartu diren alde batera utzita.

II. KAPITULUA. EBALUAZIO PROZESUAREN GARAPENA

4. artikulua . Irakasleak eta irakasle taldea.

1. Irakasle taldea izanen da ebaluazio prozesuaren arduraduna, hau da, bertan lanean ari diren irakasle guztien multzoa. Irakasle taldeak batera jardunen du ebaluazio prozesuan, tutorearen koordinaziopean.

2. Ikasgai edo arlo bakoitzaren ardura duten irakasleek erabakiko dute ikasle bakoitzak ikasgai edo arlo horretan duen kalifikazioa, haren gaitasun espezifikoak ebaluatuz.

Irakasle batek baino gehiagok emandako ikasgai edo arlo guztietan, ikasgaia ematen parte hartzen duten irakasleek batera erabakiko dute kalifikazioa.

3. Gainerako erabakiak, ikasle jakin bati eragiten dioten ebaluazio alderdiei buruzkoak, bere irakasle taldeak adostuta hartuko dira, kontuan izanik ikasgai edo arloen ebaluazio irizpideak eta gaitasun espezifikoak izanen direla erreferentziak gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehazteko. Adostasun hori ezinezkoa bada, erabakiak gehiengo soilez hartuko dira. Horretarako, ikasgai edo arlo bakoitzeko boto bat izanen da, eta boto guztiek pisu bera izanen dute, Erlijioa ikasgaiaren ordez eskaintzen den hezkuntza arretaz arduratzen den irakaslearenak barne. Irakasleak ez dira inola ere abstenitzen ahalko. Berdinketa gertatuz gero, tutorearen kalitateko botoak erabakiko du.

4. Ikastetxeko ikasketa buruak planifikatuko ditu ebaluazio saioak; talde bakoitzeko tutoreak, berriz, saioak zuzenduko ditu eta horien araudia betetzen dela bermatuko du. Era berean, orientazioaren arduradunak, bere eginkizunak betez, saio horiek behar bezala egiteko aholkuak emanen dizkio tutoreari, eta, beharrezkoa bada, ikastetxeko zuzendaritzak saio horietara joateko eskatzen ahalko dio, dagokion aholkularitza emateko.

5. Nahitaezko ebaluazio saioez gain, talde bakoitzaz arduratzen diren irakasleak, talde bakoitzaren tutoreak koordinatuta, behar bezainbeste alditan bilduko dira ikasleen bilakaera baloratzeko. Horretarako, ikastetxeko ikasketa buruak deitu beharko du irakasle taldea.

5. artikulua . Irakaskuntza prozesuaren ebaluazioa.

1. Irakaskuntza prozesuaren ebaluazioaren helburua honako hau da: irakasleen lanbide garapena eta etengabeko prestakuntza bultzatzea, ikastetxeen kalitatea eta, bereziki, ikasleen ikasketa prozesua hobetzeko funtsezko elementu gisa. Horregatik, ikasleen ikaskuntza prozesuak hezkuntza errealitatearen esparruan aztertzea izanen da erreferentzia nagusia.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntza prozesua aztertzeko eta baloratzeko, irakasleek beren irakas-praktika bera ebaluatuko dute. Ebaluazio hori egiteko, Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskatzailetza Zerbitzuak horretarako ezarritako ebaluazio adierazleak hartuko dira kontuan, gutxienez.

3. Ebaluazioaren emaitzen arabera, beharrezkoa bada, esku-hartze pedagogikoa aldatzea komeni den baloratuko da.

6. artikulua . Hasierako ebaluazioa.

1. Ikastetxeek hasierako ebaluazioa eginen dute, eta hori izanen da irakasle taldearen erreferentzia puntua curriculumaren garapenari buruzko erabakiak hartzeko eta ikasleen ezaugarrietara eta ezagutzetara egokitzeko, baita hezkuntza arloko esku-hartzea behar bezala planifikatzeko ere.

2. Ikasturteko lehen hilabetean, irakasle taldeak, tutorearen koordinaziopean, talde bakoitzeko ikasleen hasierako ebaluazioa eginen du, honako informazio iturri hauek kontuan hartuta:

a) Irakasleek ikasleak zuzenean behatuta jasotako informazioa; eskolak hasten direnetik hasierako ebaluazio saioa egin bitartean jasotakoa, zehazki.

b) Ikasleen gurasoek, legezko tutoreek edo, adin nagusikoak badira, ikasleek beraiek emandako informazioa, halakorik eman badute. Eskola bizitzarako interesgarriak izan daitezkeen txosten mediko, psikologiko, pedagogiko eta sozialekin zabaldu ahal da informazio hori, baita ikasleen hezkuntza prozesua orientatzeko esanguratsuak izan daitezkeen bestelakoekin ere.

c) Ikastetxeak eskuratzen duen beste edozein informazio akademiko. Ildo horretan, ikasleak aurreko ikasturtean lortutako emaitzei buruzko informazioa bereziki garrantzitsua izanen da, eta, horrekin batera, orientaziorako aholkuetan jasotakoa, halakorik badago.

d) Aurreko letran ezarritakoaren ondorioetarako, etapako lehen mailako ikasleen hasierako ebaluazioaren kasuan, ikasle bakoitzari buruzko informazioa behar bezala pasatu dadin Lehen Hezkuntzako ikastetxetik Bigarren Hezkuntzakora, zuzendaritza taldeek behar adina koordinazio ekintza antolatuko dituzte ikasturteko azken hiruhilekoan. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak sartzearen kasuan, koordinazio horiek garrantzi berezia izanen dute. Era berean, Lehen Hezkuntzako ikasketen historia lehen mailako hasierako ebaluazioa egiteko datu objektibo bat izanen da.

3. Hasierako ebaluazio hori ikastetxera ikasturteko lehen hilabetearen ondoren sartzen diren ikasleei ere egin beharko zaie. Horien kasuan, ikaslea ikastetxera sartzen denetik gehienez hamabost egun balioduneko epean eginen da hasierako ebaluazioa.

4. Hasierako ebaluazioaren saioan, irakasle taldeak, behar izanez gero, foru agindu honen 9. artikuluan aipatutako aniztasunari erantzuteko hezkuntza neurriak hartuko ditu (HE, HE-SCE, HE-CA, CEP, EPR, CEE), ikasleak ikasgai edo arlo bakoitzean behar bezala aurrera egitea ziurtatzeko. Ez badira beharrezkoak, "EB" terminoa (ez ditu behar) jarriko da. Hartutako erabakiak une horretatik aurrera aplikatu beharko dira hiru hilean behingo lehen ebaluazio osoan, eta ikasketa espedientean erregistratuko dira -foru agindu honen IV. kapituluan aipatzen da ikasketa espedientea-. Tutoreak hezkuntza neurriak aplikatzen zaizkien ikasleen familiei horien berri eman beharko die.

7. artikulua . Etengabeko ebaluazioa eta errekuperazioa.

1. Etapa osoan ikasleen ikaskuntza prozesuaren jarraipena egitea ahalbidetzeko, irakasleek informazioa jasoko dute, ikasturte bakoitzean zehar, modu jarraituan, behaketa sistematikoaren bidez, lanak, jarduerak eta proba espezifikoak baloratuz eta beste edozein motatako ebaluazio tresnen bidez.

2. Hasierako ebaluazioaz gain, hiru ebaluazio partzial ere eginen dira, bat hiruhileko bakoitzeko. Ebaluazio partzial bakoitzak bere ebaluazio saioak izanen ditu, tutoreak koordinatuak, eta taldeari ikasgaiak ematen dizkioten irakasleek hartuko dute parte.

3. Saio horietan ikasleen ikaskuntza prozesuari erreparatuko zaio, emaitza akademikoak aztertuko dira, taldea bere osoan aztertuko da eta behar diren erabakiak hartuko dira taldeari eta banakoei buruz. Era berean, aurreko ebaluazio bileretan hartutako erabakien balorazioa eginen da. Foru agindu honen 9. artikuluan aipatutako aniztasunari erantzuteko hezkuntza neurriei eragiten dieten erabakien kasuan, neurri horiek mantentzea edo ezabatzea egokia den ebatziko da, baita neurri berriak hartzea komeni den ere.

4. Etengabeko ebaluazioaren ikuspegia galdu gabe, irakasleek erabakiko dute ikasleei bere ikasgaian edo arloan zer kalifikazio jarri, eta, beharrezkoa bada, ikasleen ikaskuntza prozesuari buruzko oharrak eginen dituzte. Ebaluazio partzialari edo hiru hilean behingo ebaluazioari buruzko informazioa ikasketa espedientean jasoko da -foru agindu honetako IV. kapituluan aipatzen da espediente hori-, tutorearen ardurapean.

5. Ebaluazio saio bakoitza bukatutakoan, tutoreak idatziz adieraziko die gurasoei eta legezko ordezkariei zein den seme-alaben errendimendua, edo ikasleari berari, adin nagusikoa bada, dela idatziz, dela EDUCA edo beste plataforma informatiko batzuen bitartez, familiei igorri beharreko ebaluazio buletinaren bidez -foru agindu honetako IV. kapituluan aipatzen da buletina-. Informazio hori osatzeko, ikasleen gurasoekin, legezko tutoreekin edo, adin nagusikoak izanez gero, ikasleekin beraiekin banakako elkarrizketa bat egin beharko da gutxienez, ikasturte bakoitzeko.

6. Ikasgai eta arlo guztiek errekuperazio tresnak izanen dituzte, amaierako ebaluaziotik apartekoak, salbu eta hirugarren ebaluazioko errekuperazioen kasuan; izan ere, ikastetxeek amaierako ebaluazioan egiten ahalko dituzte errekuperazio horiek. Horretarako, irakasleek, koordinazio didaktikoaren departamentuko buruak koordinatuta, programazio didaktikoetan jaso beharko dute nola errekuperatu behar diren hiru hilabetean behingo ebaluazio bakoitzean gainditu gabe gelditzen diren curriculumeko elementu ebaluagarriak. Ikasleak ikaskuntza prozesuaren ebaluazioan kalifikazio negatiboa lortzen duenean gauzatuko da errekuperazio prozesua.

8. artikulua . Ikasturte amaierako ebaluazioa.

1. Ikasturte bakoitzean, hasierako ebaluazio saioaz eta hiru hilean behingo hiru ebaluazio saioez gainera, amaierako ebaluazio saio bat izanen da. Amaierako ebaluazioan, ikasgai edo arlo bakoitzaren ikasturte osoko ebaluazio prozesuaren laburpen baloratiboa eginen da. Hirugarren hiruhilekoko ebaluazio saioa amaierako ebaluazioarekin batera egin daiteke.

2. Hiru hilean behingo ebaluazioetan erdietsi gabeko alderdiei dagokienez, amaierako ebaluazioan alderdi horiek gainditu ahal izateko probak edo lanak eginen dira.

3. Amaierako ebaluazioaren saioan, ikasgai edo arlo bakoitzaz arduratzen diren irakasleek ikasle bakoitzari emandako kalifikazioak erregistratuko dira. Era berean, foru agindu honen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera, irakasle taldeak batera zehaztuko du gako-gaitasun bakoitzeko bereganatze eta garapen maila. Saio horretako akta behar bezala bete ondoren, ebaluazioa itxi eginen da.

4. Gainditu gabeko ikasgaiak edo arloak dituzten ikasleak ikasgai edo arlo horietan ebaluatu beharko dira amaierako ebaluazioa egin aurretik. Kalifikazio horiek gainditzeke dauden ikasgai edo arloen azken aktan erregistratuko dira, eta akta hori amaierakoaren aurretik itxiko da.

5. Aktak itxi ondoren, edozein aldaketa egin behar izanez gero, dagokion administrazio eginbidearen bidez eginen da.

9. artikulua . Banako desberdintasunei arreta jartzea.

1. Ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuaren 19. eta 20. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, ikastetxeek neurriak hartuko dituzte, hezkuntza-arreta berezia behar duten ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzean etaparako ezarritako helburuak lortu eta ikasleen Irteerako Profilean jasotako gako-gaitasunak bereganatu ahal izatea ziurtatzeko. Ikasle horiei eman beharreko arreta normalizazio eta inklusio printzipioek gidatuko dute.

2. Horretarako, aniztasunari arreta emateko honako neurri hauek ezarri beharko dira:

a) Hezkuntza laguntza edo errefortzua (HE): hainbat arrazoi direla medio, ikasketa prozesuarekin jarraitzeko, edozein ikasgai edo arlotako curriculumeko elementu guztietan edo batzuetan ezohiko hezkuntza arreta behar duten ikasleei zuzendutako neurria da hezkuntza laguntza edo errefortzua. Ebaluazio erreferentziak honako hauek izanen dira: ikasleak matrikulatuta dauden ikasgai edo arlorako eta ikasmailarako ezarritako gaitasun espezifikoak eta ebaluazio irizpideak. "HE" neurria hasierako ebaluazioan jasoko da eta, dagokion kalifikazioarekin batera, aplikatu den hiruhilekoetan, baina ez amaierako ebaluazioan, azken horretan kalifikazioa bakarrik jasoko baita.

b) Sartzeko curriculum egokitzapenak barne dituen hezkuntza laguntza edo errefortzua (HE-SCE): ohikoak ez bestelako baliabide materialak eta sarbide baliabideak behar dituzten ikasleei zuzendutako neurria da sartzeko curriculum egokitzapenak barne hartzen dituen hezkuntza laguntza edo errefortzua. Entzumen, ikusmen edo motrizitate arazo larrien edo bestelako edozein desgaitasunen ondorioz hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei aplikatu beharko zaie bereziki neurri hori. Ebaluazio erreferentziak honako hauek izanen dira: ikasleak matrikulatuta dauden ikasgai edo arlorako eta ikasmailarako ezarritako gaitasun espezifikoak eta ebaluazio irizpideak. "HE-SCE" neurria hasierako ebaluazioan jasoko da eta, dagokion kalifikazioarekin batera, aplikatu den hiruhilekoetan, baina ez amaierako ebaluazioan, azken horretan kalifikazioa bakarrik jasoko baita.

c) Curriculuma aberasteko hezkuntza laguntza edo errefortzua (HE-CA): adimen gaitasun handiko ikasleei beren gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko zuzendutako neurria da curriculuma aberasteko hezkuntza laguntza edo errefortzua. Horretarako, ikasleek matrikulatuta dauden maila baino goragoko mailetako gaitasun espezifikoak eta ebaluazio irizpideak lantzen ahalko dituzte, baina, kalifikaziorako, irakasleek ikasleak matrikulatuta dauden ikasgai edo arloetako eta mailako gaitasun espezifikoak eta ebaluazio irizpideak bakarrik hartzen ahalko dituzte kontuan. "HE-CA" neurria hasierako ebaluazioan jasoko da eta, dagokion kalifikazioarekin batera, aplikatu den hiruhilekoetan, baina ez amaierako ebaluazioan, azken horretan kalifikazioa bakarrik jasoko baita.

d) Errekuperazio programa (EPR): ikasturtea amaitzean ikasgai edo arloren bat gainditu ez duten ikasleei zuzendutako neurria da errekuperazio programa -bai maila igoeren kasuan, bai maila berean beste urte bat jarraitzearen kasuan-, eta ikasleei ikasgai edo arlo horretan bereganatu ez dituzten ikaskuntzak bereganatzea ahalbidetzeko xedea du. "EPR" izeneko neurria hasierako ebaluazioan jasoko da, eta gainditzeke dagoen ikasgai edo arloari dagokion ikasmaila zenbakiarekin batera agertuko da. Ikasmaila berean jarraitzearen kasuan, ikasgai edo arlo bateko errekuperazio programa gainditu gabeko ikasgai edo arloei aplikatuko zaie.

e) Curriculuma eguneratzeko plana (CEP): gure hezkuntza sisteman berandu sartu eta curriculumean atzeratuta dauden ikasleei zuzendutako neurri bat da curriculuma eguneratzeko plana, eta matrikulatuta dauden ikasmailako curriculumerako sarbidea errazteko curriculum maila nahikoa lortzea du xede. Era berean, DBHko lehen ikasmailara dagokion curriculum mailara iristeko koska handi baten faltan sartzen diren ikasleei aplikatuko zaie neurri hori. Bi kasu horietako edozeinetan, etapako eskolatzearen lehen ikasturtean soilik aplikatzen ahalko da neurri hori. Neurria aplikatzen den hiru hilean behingo ebaluazioetako ebaluazio erreferentziak honako hauek izanen dira: beren curriculum mailari dagozkion ikasgai edo arloaren eta ikasmailaren gaitasun espezifikoak eta ebaluazio irizpideak, amaierako ebaluazioaren kasuan izan ezik; azken horretan, ikasleak matrikulatuta dauden ikasmailakoak izanen dira ebaluazio erreferentziak. "CEP" neurria, bere curriculum mailari dagokion ikasmaila zenbakiarekin batera, hasierako ebaluazioan jasoko da eta, dagokion kalifikazioarekin batera, aplikatu den hiruhilekokoetan, baina ez amaierako ebaluazioan; azken horretan, ikaslea matrikulatuta dagoen ikasmailako kalifikazioa bakarrik jasoko da. Salbuespen gisa, hizkuntza dela-eta maila detektatzerik ez badago, zehaztu gabe uzten ahalko da detektagarria izan arte.

f) Curriculumaren egokitzapen esanguratsua (CEE): matrikulatuta dauden ikasmailako curriculumera iristetik urrun dagoen curriculum atzerapena duten hezkuntza premia bereziko ikasleei zuzendutako neurri bat da curriculumaren egokitzapen esanguratsua. Ikasle horiei curriculumerako sarbidea erraztea eta Irteerako Profilean jasotako gako-gaitasunak ahalik eta gehien garatzea du xede. Ikasle horien etengabeko ebaluazioa egiteko, egokitzapen horren oinarri izanen diren ikasgai edo arloko eta ikasmailako ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentziatzat. "CEE" neurria hasierako ebaluazioan jasoko da, eta, dagokion kalifikazioarekin batera, hiru hilean behingoetan eta amaierako ebaluazioan. Gainera, curriculum mailari dagokion ikasmaila zenbakia erantsiko zaio.

3. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei curriculumaren egokitzapen esanguratsuak aplikatzeak ez du eragotziko ikasle horiek mailaz igotzea. Era berean, neurri hori aplikatzeak ez du eragotziko ikasle horiek titulazioa lortzea, etaparako ezarritako gako-gaitasunak eta helburuak erdietsi badituzte.

4. Artikulu honetan aipatutako hezkuntza neurriak curriculuma malgutzeko eta alternatiba metodologikoak emateko printzipioan oinarrituko dira, eta Atzerriko Hizkuntza eta Gorputz Hezkuntza ikasgaietan arreta berezia jarriko zaie, hala badagokie.

5. Ebaluazioei dagokienez, ebaluazioak egiteko baldintzak hezkuntza laguntzako berariazko premia duten ikasleen beharretara egokitu beharko dira, eta, horretarako, ikastetxeek neurri egokienak ezarriko dituzte. Ildo horretan, deitzen diren berariazko probetan, tresnak egokituko dira, baita, behar denean, denborak eta laguntzak ere, ikasle horien ebaluazioa ongi eginen dela bermatzeko.

6. Ikastetxe batean aldi baterako ospitaleko hezkuntza arreta, etxeko arreta edo ohikoa ez bestelako hezkuntza arreta behar duen ikasleren bat matrikulatuta badago, irakasle taldeak, ikasle horiei arreta ematen dieten irakasleekin koordinatuta, haiek ebaluatzeko prozesurako behar diren prozedurak ezarriko dituzte.

10. artikulua . Hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleak.

1. Oro har, hezkuntza sisteman berandu sartzen diren ikasleak adinagatik dagokien ikasmailako talde arrunt batean eskolatuko dira. Eskolatze hizkuntzan gabezia larriak badituzte, ikasle horiek behar dituzten laguntzak ezartzen ahalko ditu ikastetxeak, Hezkuntza Departamentuarekin koordinatuta.

2. Horretarako, adinaren eta DBHko ikasmailaren arteko honako lotura hau hartuko da kontuan, oro har:

- Ikasmaila hasten den urte naturalean 12 urte betetzen dituztenak: 1. maila.

- Ikasmaila hasten den urte naturalean 13 urte betetzen dituztenak: 2. maila.

- Ikasmaila hasten den urte naturalean 14 urte betetzen dituztenak: 3. maila.

- Ikasmaila hasten den urte naturalean 15 urte betetzen dituztenak: 4. maila.

3. Dena dela, hasierako ebaluazioa eginda curriculum gaitasunaren mailan bi urteko edo gehiagoko atzerapena dutenak adinagatik dagokiena baino ikasmaila bat beherago eskolatzen ahalko dira. Kasu horretan, mailaz igotzeari eta etapan jarraitzeari dagokienez, neurri horren eraginpean dauden ikasleak eskolatu diren ikasmaila bigarren aldiz egiten ari direla ulertuko da. Ikasle horiei ikasketekin probetxuz jarraitu ahal izateko neurriak ezarriko zaizkie, errefortzu neurriak (HE edo HE-SCE) eta curriculuma eguneratzekoak (CEP), kasuaren arabera. Atzerapen hori gainditzen badute, etaparen edozein unetan, ikasle horiek adinaren arabera dagokien ikasmailara sartuko dira.

11. artikulua . Curriculum Aniztasuneko Programak (CAP).

1. Curriculum Aniztasuneko Programak bi ikasturtetan antolatuta daude, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailan garatzen dira, hurrenez hurren.

2. Ikasleak Curriculum Aniztasuneko Programetan sartzen ahalko dira, programa horiek arautzen dituen foru aginduan arauz xedatutakoaren arabera eta foru agindu honen eranskinean jasotako aukerak aintzat hartuz.

3. Curriculum Aniztasuneko Programa bat egiten duten ikasleak ebaluatzeko funtsezko erreferentziak honako hauek izanen dira: batetik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gako-gaitasunak eta helburuak, eta, bestetik, dagokion programako ikasgai eta arloetako ebaluazio irizpideak eta gaitasun espezifikoak.

4. Curriculum Aniztasuneko Programa batean sartzen direnek, halaber, aurreko ikasmailetan gainditu gabeko ikasgaietan matrikulatu beharko dute, irakasle taldeak ezarritako errefortzu eta errekuperazio planei jarraitu beharko diete eta dagozkien ebaluazioak gainditu beharko dituzte. Gainditu gabeko ikasgaiak programaren arloren batean sartuta badaude, gainditutzat joko dira, dagokion arloa gainditzen bada. Horrez gain, dagokion errekuperazio planaren bidez ere gainditzen ahalko dira, nahiz eta arlo hori gaindituta ez izan.

5. Curriculum Aniztasuneko Programa batean beste urte batez jarraitzeko erabakia programaren bigarren urtea amaitzean bakarrik hartuko da.

12. artikulua . Ikasgai edo arloen kalifikazio eskala.

1. Kalifikazioa honako hau da: ebaluazio prozesuan lortutako ebidentzietan oinarrituz ikasleei eskala baten barruan kategoria bat esleitzeko egintza.

2. Ikasgai edo arloen ebaluazioaren emaitzak adierazteko honako termino hauek erabiliko dira, bai hiru hilean behingo ebaluazioetan, bai amaierakoan: Gutxiegi (G), kalifikazio negatiboen kasuan, eta Nahiko (N), Ongi (O), Oso Ongi (OO) edo Bikain (B), kalifikazio positiboen kasuan. Horretarako, koordinazio didaktikoko departamentu bakoitzeko kideek adostutako kalifikazio irizpideak hartu beharko dira kontuan, ikasgai edo arlo bakoitzean kalifikazio prozedura homogeneo bat erabiltzea ziurtatzeko.

3. Arloen kasuan, irakasleek arlo horietako kalifikazioak islatu beharko dituzte, ez arlo horien parte diren ikasgaietakoak, ikasleak eta haien gurasoak edo legezko tutoreak horietan izandako bilakaeraz informatzeko ezar daitezkeen prozedurak gorabehera. Era berean, abuztuaren 8ko 64/2022 Foru Aginduaren 6.3.b) artikuluan ezarritako aukerari jarraituz zenbait ikasgai arlo jakin batzuekin lotu badira, lotutako ikasgaiek kalifikazio erregistro propioa izan beharko dute, arloari emandako kalifikaziotik bereizia.

4. Hasierako ebaluazioan ez ezik, hiru hilean behingo hiru ebaluazio saioetako bakoitzean, ikasgai bakoitzeko kalifikazioekin batera, dagokion ebaluazioan ezarri den aniztasunari arreta emateko hezkuntza neurria (HE, HE-SCE, HE-CA, CEP, CEE) jasoko da, halakorik ezarri bada. Ildo horretan, EPR neurria hasierako ebaluazioan soilik jasoko dela hartu behar da kontuan. Neurri horiek ez dira inola ere kontuan hartuko lortutako kalifikazioak murrizteko, eta ez dira idatziz jaso beharko amaierako ebaluazioaren aktetan, CEE neurriaren kasuan izan ezik; azken hori amaierako ebaluazioaren aktan ere jaso beharko da.

5. Erlijioa ikasgaia ez egitea erabaki duten ikasleek horren ordezko hezkuntza arretako ordutegian izandako errendimenduari buruz irakasleek egiten dituzten ohar posibleak gorabehera, kontuan izan beharko da arreta horrek ez duela inola ere kalifikazio erregistrorik izanen.

13. artikulua . Gakogaitasunen bereganatze eta garapen maila.

1. Ikasgai edo arlo bakoitzeko gaitasun espezifikoen ebaluazioak, gainerako ikasgai edo arloetakoekin batera, Irteerako Profilean ezarritako gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehazteko balioko du.

2. Horretarako, irakasleek ebaluazio prozesuan bildutako ebidentzietatik abiatuta, eta Hezkuntza Departamentuak horri buruz xedatzen duena aintzat hartuta, baita ikastetxeko Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak (KPB) ezartzen dituen parametroak ere, halakorik egiten badu, irakasle taldeak erabakiko du, dagokion eztabaidaren ondoren, ikasle bakoitzaren gako-gaitasun bakoitzari esleitu beharreko kategoria, kontuan hartuta kategoria hori esleitzeko tartean egon daitezkeen ezaugarri bereziko beste ikasgai edo arlo batzuk ere, halakorik badago. Horien artean, ikastetxeak diseinatutako ikasgaiak, beste hizkuntza batzuetan emandako ikasgai edo arloak eta, curriculuma irakasteko erabilitako metodologiaren arabera etapako gako-gaitasunen batekin lotura izan dezaketen beste ikasgai edo arlo batzuk egonen dira. Era berean, ondorio horietarako, Erlijioa ikasgaia ez egitea erabaki duten ikasleei eman zaien hezkuntza-arreta ere kontuan hartu beharko da.

3. Gako-gaitasunen bereganatze eta garapen mailaren ebaluazioaren emaitzak honako kategoria eskala honen arabera adieraziko dira:

a) "Ez da lortu".

b) "Lortu da (maila baxua)".

c) "Lortu da (maila ertaina)".

d) "Lortu da (maila altua)".

b), c) eta d) letretan zerrendatutako kategoriek zehaztuko dute ikasleak gako-gaitasunetan bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duen.

4. Esleitzen diren kategoriak dagozkien amaierako ebaluazio aktetan jaso beharko dira, ikasgai edo arloetan lortutako kalifikazioetatik bereizita.

5. Aurreko apartatuan aipatzen den aktetan jasotze hori etapako ikasmaila guztietan egin beharko da, eta bakoitzean dagokion ikasmailan emandako ikasgai edo arloen ebaluazio irizpideak eta horien gaitasun espezifikoen ebaluazioa hartu beharko dira kontuan.

14. artikulua . Mailaz igotzea.

1. Irakasle taldeak hartuko ditu, modu bateratuan, ikasleak ikasmaila batetik bestera igotzeko erabakiak, gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila kontuan hartuta, baita ikasleak aurrera egitea errazten duten neurrien balorazioa ere, eta foru agindu honen eranskinean jasotako aukerei jarraituz.

2. Egindako ikasgai edo arlo guztiak gainditu dituzten ikasleak mailaz igoko dira, baita ikasgai batean edo bitan ebaluazio negatiboa duten ikasleak ere. Ikasgaien zenbaketari dagokionez, etapako ikasmaila desberdinetan izen bera dutenak ikasgai desberdintzat hartuko dira. Era berean, eta ondorio berberetarako, arlo batean sartutako ikasgaiak indibidualki zenbatuko dira.

3. Halaber, edozein izanik ere gainditu gabeko ikasgai edo arloen kopurua, ikasleak ikasmailaz igoko dira, baldin eta irakasle taldearen ustez gainditu gabeko ikasgaiek, arloek edo gako-gaitasunek ez badiete eragozten hurrengo ikasmailan arrakastaz jarraitzea, eta iruditzen bazaie errekuperatzeko aukera onak dituztela eta mailaz igotzeak haien bilakaera akademikoari mesede eginen diola.

4. Ikasgai edo arlo guztiak gainditu gabe mailaz igotzen direnek aurreko ikasmailetan gainditu gabeko ikasgai edo arloetan ere matrikulatu beharko dute, eta horiek gainditu gabeko ikasgai edo arlotzat hartuko dira. Koordinazio didaktikoko departamentuek gainditzeke dauden ikasgai edo arloen ebaluazio prozesua eta horiek errekuperatzeko jarduerak antolatuko dituzte. Gainditu gabeko ikasgai edo arloak dituzten ikasleek irakasle taldeak ezarritako errekuperazio planak (EPR) egin eta gainditu beharko dituzte. Irakasle taldeak, aldizka, plan horien aplikazio pertsonalizatua berrikusiko dute, ikasturtean zehar eta, kasu guztietan, ikasturtea bukatzean. Oro har, ikasleek gainditu gabe dituzten ikasgai edo arloak ikasle horiek matrikulatuta dauden ikasmailako irakasleek ebaluatuko dituzte, izen bereko ikasgai edo arloen kasuan. Gainerako kasuetan, gainditu gabeko ikasgaien ebaluazioa dagokion koordinazio didaktikoko departamentuak izendatutako irakaslearen ardura izanen da.

5. Maila berean jarraitzea salbuespenezko neurritzat joko da, eta ikaslearen ikaskuntza zailtasunak konpontzeko errefortzurako eta laguntzarako neurri arruntak agortu ondotik baizik ez da hartuko.

6. Nolanahi ere, ikasmaila berean jarraitzea erabakiz gero, planifikatu eginen da, curriculum baldintzak ikasleen premietara egokitzeko, eta, hautemandako zailtasunak gainditzera ez ezik, bereganatutako ikaskuntzetan aurrera egin eta sakontzera bideratuta egon daitezen. Baldintza horiek banakako errekuperazio plan batean (EPR) jasoko dira. Plan horretan, ikasle horientzat egokitzat jotzen diren neurri guztiak bilduko dira.

7. Curriculum egokitzapen esanguratsuak ezarri zaizkien hezkuntza premia bereziko ikasleak mailaz igotzeko erabakiak hartzeko, egokitzapen horren xede izan diren ikasgai edo arloetako eta ikasmailetako ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentziatzat, kontuan hartuta egokitzapen horiek ezartzeak ez duela inola ere eragotziko mailaz igotzea, betiere, irakasle taldearen iritziz, horien ebaluazio irizpideetara iritsi badira.

8. Ikasleek behin bakarrik errepikatu ahal dute ikasmaila bera. Derrigorrezko hezkuntza osoan gehienez bi aldiz gerta daiteke egoera hori, betiere foru agindu honen 3. artikuluan xedatutakoa errespetatuz.

15. artikulua . Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean, irakasle taldearen iritziz Irteerako Profilean ezarritako gako-gaitasun guztietan behar adinako bereganatze eta garapen mailara iritsi eta etapako helburuak bete dituzten ikasleek lortuko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua.

2. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei aplikatutako curriculum egokitzapen esanguratsuek ez dute eragotziko haiek titulazioa lortzea, betiere ikasle horiek gako-gaitasunak eta etaparako ezarritako helburuak lortzen badituzte.

3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortzeko proposatutako ikasle orok etapako gako-gaitasun guztietan bereganatze eta garapen maila nahikoa lortu duela idatziz jasota eduki beharko du hori eskatzen duen ebaluazio dokumentu bakoitzean, foru agindu honen 13. artikuluan aipatutako kategorien arabera.

4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua bakarra izanen da, eta kalifikaziorik gabe emanen da.

5. Nolanahi ere, ikasle guztiek ziurtagiri ofizial bat jasoko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eskolatzea bukatzen dutenean. Ziurtagiri horretan, egindako ikasmaila kopurua eta Irteerako Profilean zehaztutako gako-gaitasunen bereganatze maila adieraziko dira.

6. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ebaluazio prozesua bukatu ondoren, titulua lortu ez duten eta foru agindu honetako 3. artikuluan ezarritako adin mugak gainditu dituzten ikasleek, hurrengo bi ikasturteetan eskuratzen ahalko dute, gainditu ez dituzten ikasgai edo arloen aparteko proba edo jarduera pertsonalizatuak eginez, Hezkuntza Departamentuak horri buruz xedatzen duenari jarraikiz.

16. artikulua . Ikasleek hautazko ikasgaiak aldatzea.

Hurrengo ikasmailako matrikula egitean, hautazko ikasgaietan amaierako kalifikazio negatiboa izan duten ikasleek horien ordez hautapen bloke bereko beste batzuk aukeratzen ahalko dituzte eta, kasu horretan, aurrekoak baliorik gabe geratuko dira.

17. artikulua . Ikasleak ikastetxez aldatzea.

1. Ikasle bat etapa bukatu aurretik beste ikastetxe batera joanez gero, jatorrizko ikastetxeak helmugakoari lekualdatzeagatiko txosten pertsonala bidali behar dio, azken horrek eskatuta, eta, horrekin batera, ikasketen historiaren kopia bat -ebaluazio dokumentu horiek foru agindu honen IV. kapituluan aipatzen dira-. Ikastetxe hartzaileak dagokion ikasketa espedientea irekiko du, eta matrikulazioa behin betiko bihurtuko da ikasketen historiaren kopia jasotakoan.

2. Ez da beharrezkoa izanen artikulu honetan aipatutako agiriak bidaltzea, baldin eta jatorrizko eta helmugako ikastetxeek ikasketei buruzko informazioa kudeatzen badute datuak konpartitzeko modua ematen dieten aplikazio informatiko baten bidez.

3. Ikasle bat beste ikastetxe batetik lekualdatuz gero, honako inguruabar hauek hartu beharko dira kontuan:

a) Lekualdaketa egitean ikasturtea hasita badago, ikaslearen matrikula helmugako ikastetxearen hezkuntza eskaintzara egokitu beharko da. Horretarako, bere eskaintzan ez baditu barne hartzen jatorrizko ikastetxeko ikasgaiak, horien ordez ikastetxe berriak eskaintzen dituen izaera bereko beste batzuk aukeratu beharko dituzte ikasleek, eta aurrekoak baliogabetu eginen dira.

b) Lekualdatzea ikasturtea bukatu ondoren egiten bada eta jatorrizko ikastetxeko ikasgai batzuetan kalifikazio negatiboak izanik helmugako ikastetxeak ikasgai horiek ematen ez baditu, horien ordez ikastetxe berriak eskaintzen dituen izaera bereko beste batzuk aukeratu beharko dituzte ikasleek, eta aurrekoak baliogabetu eginen dira.

c) Euskara eta Literatura ikasgaiari dagokionez, ikasleak ikasgai hori aintzat hartzen ez duen hizkuntza ereduren batera sartzen diren mugikortasun kasu guztietan, Euskara eta Literatura ikasgaiaren kalifikazioak ez du ondorio akademikorik izanen kalifikazio hori negatiboa izan bada.

d) Era berean, Euskara eta Literatura ikasgaiaz bestelako Hizkuntza Koofiziala eta Literatura ikasgaia egin duten ikasleen kasuan, amaierako kalifikazioa negatiboa badute, horrek ez du ondorio akademikorik izanen.

e) c) eta d) letretan ezarritakoa gorabehera, 4. mailako amaierako ebaluazioaren ondoren Euskara eta Literatura edo beren jatorrizko erkidegoko Hizkuntza Koofiziala eta Literatura ikasgaia soilik gainditzeke duten ikasleen kasuan, ikastetxeak eskaintzen dituen hautazko ikasgaietako bat ere egin beharko dute titulazioa lortzeko.

f) Edozein kasutan, jatorrizko ikastetxeetako kalifikazio positibo guztiak kontuan hartuko dira batez besteko nota kalkulatzeko, espediente akademikoen konkurrentzia kasuetan, foru agindu honen hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera.

18. artikulua . Oinarrizko Mailako Heziketa Zikloak (OMHZ).

1. Ikasleak Oinarrizko Mailako Heziketa Ziklo batean sartzen ahalko dira, ziklo horien indarreko araubidean jasotako baldintzen arabera eta foru agindu honen eranskinean jasotako aukerak aintzat hartuz.

2. Oinarrizko Hezkuntzako etapako helburuak eta Irteerako Profilean ezarritako gako-gaitasunak bereganatzea erraztuko dute Oinarrizko Mailako Heziketa Zikloek, eta helburu eta gaitasun horien lorpenak izanen dira ikasleak ebaluatzeko funtsezko erreferentziak, ebaluazio irizpideekin batera.

3. Oinarrizko Mailako Heziketa Ziklo batean sartutako arlo guztiak gainditzen dituzten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortuko dute. Bereganatutako lanbide gaitasunak lan arloan justifikatu ahal izateko, apartatu honetan aipatzen diren ikasleek dagokion espezialitateko Oinarrizko Teknikari titulua ere jasoko dute.

4. Era berean, irakasle taldearen irizpidearen arabera gako-gaitasunen bereganatzean ebaluazio positibo bateratua jaso dutenek ere lortuko dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua.

5. Artikulu honetan eta Oinarrizko Mailako Heziketa Zikloak arautzen dituzten xedapenetan jasotakoaren arabera ebaluatu eta kalifikatuko dira ziklo horietan diharduten ikasleak.

III. KAPITULUA. TUTORETZA EKINTZA, FAMILIENTZAKO INFORMAZIOA ETA OBJEKTIBOTASUN PRINTZIPIOA

19. artikulua . Tutoretza eta orientazioa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuaren 18. artikuluaren arabera, ikasleek beren banakako eta taldeko heziketa prozesuan orientazioa eta tutoretza ekintza izanen dituzte lagun. Horretarako, ikastetxeek elkarrekiko errespetua, aniztasunekiko errespetua eta berdinen arteko lankidetza sustatuko dituzte. Era berean, emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarria sustatzeko, genero ikuspegia txertatuko da hezkuntza eta lanbide orientazioaren arloan.

2. Ikasle talde bakoitzak tutore bat izanen du eta bere erreferentziazko pertsona izanen da. Tutorea familiekiko harremanaz ez ezik, bere taldean esku hartzen duten gainerako profesionalekiko koordinazioaz ere arduratuko da.

3. Tutoreak, bere zereginei jarraituz, ebaluazio saioez gain, ikasturte bakoitzean gutxienez bilera bat eginen du taldeari eskolak ematen dizkion irakasleekin, ikasturteko lehen hiruhilekoan.

4. Era berean, ikasturtean zehar, tutoreak gutxienez bilera bat eginen du guraso eta legezko ordezkari guztiekin, eta banakako beste bat horietako bakoitzarekin.

5. Ikastetxeek informazioa eta orientazioa eman beharko dizkiete ikasleei, beren interesetarako eta ondorengo prestakuntzarako aukera eta ikasgai egokienak hauta ditzaten, genero estereotipoen eragina saihestuz.

6. Era berean, ikasleak orientatzeari dagokionez, foru agindu honen IV. kapituluan orientaziorako aholkuei buruz xedatutakoa bete beharko dute ikastetxeek.

20. artikulua . Ebaluazio prozesuari buruzko informazioa.

1. Ikasleak adingabeak direnean, gurasoek eta legezko tutoreek beren seme-alaben edo tutoretzapekoen hezkuntza prozesuaren bilakaeran parte hartu beharko dute eta hura babestu, ikastetxeek ikasleen aurrerapena errazteko hartzen dituzten laguntza edo errefortzu neurrietan lagunduta.

2. Familiek beren seme-alaben hezkuntza prozesuan parte hartzeko duten eskubidea bermatzeko, ikasleen tutoreek eta gainerako irakasleek beren seme-alaben ikasketen bilakaeraren berri eman behar diete. Horretarako, ikastetxeko irakasle guztiek informazioa emanen diete familiei, ahal den lasterren, ikaslearen ikastetxeko jardueran eragina duten eta garapen akademiko arrunta eragozten duten gorabehera garrantzitsu guztiei buruz. Informazioa koherentziaz igorriko dela bermatzeko, irakasleek ikaslearen tutorearekin koordinatuta igorri beharko dute informazio hori.

3. Tutoreak beren seme-alaben errendimendu akademikoari buruzko informazioa emanen die gurasoei edo legezko tutoreei, gutxienez hiru hilean behin, familiei bidaltzen zaien ebaluazio buletinaren bidez -foru agindu honen IV. kapituluan aipatzen da-.

4. Idatzizko informazioa osatzeko, elkarrizketa pertsonalak edo taldeko bilerak eginen dira ikasleen gurasoekin edo legezko tutoreekin -foru agindu honen 19.4 artikuluan aipatzen dira bilera horiek-, ikastetxearen eta familiaren arteko komunikazioa errazteko, batez ere ikasleen ikaskuntzaren emaitzak positiboak ez direnean, integrazio sozioedukatiboan arazoak agertzen direnean edo familiek edo irakasleek hala eskatzen dutenean.

21. artikulua . Ebaluazioaren objektibotasuna.

1. Ikasleek beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez baloratuak eta aitortuak izateko duten eskubidea bermatuko dute ikastetxeek.

2. Ikasleek beren dedikazioa, ahalegina eta errendimendua objektibotasunez ebaluatua eta aitortua izateko duten eskubidea bermatzeko, irakasleek, ikasturte bakoitzaren hasieran, etaparen helburuen eta gako-gaitasunen berri emanen diete. Era berean, ikasgai edo arlo bakoitzaren oinarrizko jakintzei, ebaluazio irizpideei eta gaitasun espezifikoei buruzko informazioa emanen diete -bai egiten ari diren ikasmailakoei dagokienez, bai gainditu gabeko ikasgai edo arloei dagokienez, halakorik badute-, baita kalifikazio irizpideei eta errekuperazio sistemei buruzkoa ere. Era berean, tutoreak mailaz igotzeko irizpideen eta, hala badagokio, titulazio irizpideen berri emanen du.

3. Informazio hori ikasleen gurasoei eta legezko tutoreei ere adieraziko zaie, ikasturtearen hasierako taldeko bileran edo ikastetxeak erabakitzen dituen bideak erabiliz. Gainera, taldeko tutoreak beharrezko komunikazioa ezarriko du ikasleen gurasoekin eta legezko tutoreekin, ikasle bakoitzaren etengabeko jarraipena bermatzeko.

4. Ikasle adingabeen familiek beren seme-alaben ebaluazioari eta maila igoerari buruzko erabakiak ezagutzeko eskubidea izanen dute. Horretarako, irakasleek ikaslearen gurasoek edo legezko tutoreak eskatutako argibideak emanen dituzte. Argibideak eskatzeko edo erreklamazioak egiteko prozedura 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da -49/2013 Foru Agindua, maiatzaren 21ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezartzen duena-.

5. Era berean, familiek dagokion ikaslearen probak, ariketak edo idatzizko lanak eskuratzen ahalko dituzte. Ildo horretan, gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea izanen dute beren seme-alaben ebaluazio prozesua egiteko erabili diren agirien kopiak eskuratzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1a) artikuluaren arabera. Ikastetxeek zerbitzu hori emateko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, eta abar) arautu beharko dute beren plangintza instituzionaleko agirietan.

6. Artikulu honetan aipatzen diren eskubideak adin nagusiko ikasleek ere badituzte, horrek galarazi gabe haien gurasoek edo legezko ordezkariek eskubide horiek erabiltzea, azken horien interes legitimoa gailentzen bada.

IV. KAPITULUA. EBALUAZIO DOKUMENTUAK

22. artikulua . Ebaluazio dokumentuak.

1. Ebaluazio prozesuari dagokion informazioa ebaluazio dokumentuetan jasoko da.

2. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapako ebaluazio dokumentuak honako hauek dira:

- Familientzako ebaluazio buletina.

- Amaierako ebaluazioaren akta.

- Gainditu gabekoen ebaluazioaren akta.

- Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.

- Ikasketen historia.

- Ikasketa espedientea.

- Orientaziorako aholkua.

Horietatik guztietatik, ebaluazio aktak, ikasketa espedientea, ikasketen historia eta lekualdatzeagatiko txosten pertsonala dira ebaluazio dokumentu ofizialak.

3. Ebaluazio agiri ofizialetan, Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretua aipatu beharko da beti. Agiriek Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo izan behar dutenean eragina, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 15.3 artikuluan xedatutakoari jarraikiko zaio.

4. Ikasketen historia, eta, hala dagokionean, lekualdatzeagatiko txosten pertsonala dira ikasleak lurralde nazional osoan mugitu ahal izatea bermatzeko oinarrizko agiriak, baita ikastetxe berrian ikaskuntza prozesuaren jarraipena izanen dela bermatzeko ere.

5. Artikulu honetako 2. apartatuan zehaztutako dokumentuez gain, ikastetxeek ikasleen erregistro pertsonalaren laburpena (IEPL) izanen dute, eta, interesdunak eskatuz gero, egindako ikasketen ziurtagiriak ematen ahalko dituzte, egindako ikasgai eta arloak eta lortutako kalifikazioak zehaztuta. Ikastetxeko idazkariak sinatuko ditu ziurtagiriak eta zuzendaritzak ikus-onetsiko ditu.

6. Ikastetxe bat itxi edo bere jarduna bertan behera geratzen bada, Hezkuntza Departamentuak ebaluazio agiriak lekualdatzeko neurri egokiak hartuko ditu, eta beste ikastetxe publiko bati esleituko dio ixtekoa den ikastetxearen ebaluazio agiri ofizialak zaindu eta gordetzeko ardura, hura publikoa, pribatua edo itunpeko pribatua izan.

23. artikulua . Familientzako ebaluazio buletina.

1. Tutoreak, hiru hilean behingo hiru ebaluazio saioetako bakoitza amaitu ondoren, gurasoei eta legezko ordezkariei, edo, adin nagusikoa izanez gero, ikasleari berari ikaslearen errendimenduaren berri emateko egiten den dokumentua da familientzako ebaluazio buletina.

2. Familientzako ebaluazio buletinean, ikastetxearen eta ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, honako alderdi hauek aintzat hartuz:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena eta herria.

b) Ikaslearen identifikazioaren datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, zen etapatan dagoen, hizkuntza eredua, ikasmaila eta taldea.

c) Ebaluazio prozesuari buruzko gutxieneko informazio datuak hauek dira: unean uneko ebaluazioa, ikasgai edo arloen zerrenda, horien kalifikazioa eta aurreko ebaluazioetako kalifikazioa. Era berean, hiru hilean behingo ebaluazio bakoitzean, ikasturtean zehar hartutako hezkuntza neurriak jasoko dira, halakorik hartu bada. Horrez gainera, honako hauek jasoko dira: ikasketa prozesuari buruzko oharrak, eskolako hutsegiteen laburpena eta, amaierako ebaluazioaren kasuan, mailaz igotzeari edo titulua emateari buruzko erabakia. Amaierako ebaluazioan, halaber, gako-gaitasun bakoitzaren bereganatze eta garapen maila orokorra islatu beharko da.

24. artikulua . Amaierako ebaluazioaren akta.

1. Amaierako ebaluazioaren akta ikasmaila bakoitzean eginen da, eta eskolaldia bukatzean itxiko da.

2. Amaierako ebaluazioaren aktan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretuari buruzko aipamena, ikastetxearen identifikazio datuak eta taldearen identifikazio datuak jaso beharko dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Taldearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapa, ikasmaila, taldea, hizkuntza eredua, taldeko ikasleen izenen zerrenda, ikasgai edo arlo bakoitzaren amaierako ebaluazioaren emaitzak eta mailaz igotzeari edo, hala badagokio, titulua emateari buruzko erabakia. Halaber, gako-gaitasun bakoitzaren bereganatze eta garapen maila orokorra islatu beharko da.

3. Amaierako ebaluazioaren aktak taldeko irakasle taldeak izenpetuko ditu eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izan beharko dute. Sinadurekin batera, sinatzailearen izen-deiturak, kargua edo irakaskuntza eginkizuna eta data jasoko dira.

25. artikulua . Gainditu gabekoen ebaluazioaren akta.

1. Gainditu gabekoen ebaluazio aktan, etapako aurreko ikasmailetako gainditu gabeko ikasgai edo arloak dituzten ikasleak agertuko dira, eta ikaslea matrikulatuta dagoen ikasmailaren amaierako deialdia egin aurretik itxiko da.

2. Gainditu gabekoen ebaluazioaren aktan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretuari buruzko aipamena, ikastetxearen identifikazio datuak eta ikasgai edo arlo batzuk gainditzeke dituen ikasle multzoaren identifikazio datuak jaso beharko dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Ikasgai edo arlo batzuk gainditzeke dituen ikasle multzoa identifikatzeko datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapa, ikasmaila, hizkuntza eredua, ikasleen izen zerrenda eta, ikasle bakoitzari dagokionez, gainditu gabeko ikasgai edo arloen zerrenda eta horien kalifikazioa.

3. Gainditu gabekoen ebaluazioaren akta esku hartu duten irakasleek izenpetuko dute eta ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izan beharko du. Sinadurekin batera, sinatzailearen izen-deiturak, kargua edo irakaskuntza eginkizuna eta data jasoko dira.

26. artikulua . Lekualdatzeagatiko txosten pertsonala.

1. Lekualdatzeagatiko txosten pertsonalean, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretuaren aipamena, jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak, ikaslearen identifikazio datuak eta lekualdaketa gertatu den ikasmailako hiru hilean behingo ebaluazio prozesuari buruzko datuak jaso beharko dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Jatorrizko ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, ikastetxearen erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

b) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, deiturak, NANa edo agiri baliokidea, jaiotza data, jaioterria, zein probintziatan jaio zen eta zein herrialdetan.

c) Unean uneko ikasmailako ebaluazio prozesuari buruzko datuak hauek dira gutxienez: ikasturtea, etapako ikasmaila, hizkuntza eredua, egin diren hiru hilean behingo ebaluazioen emaitzak eta, hala badagokio, aniztasunari erantzuteko hartutako hezkuntza neurriak, eta egokitzat jotzen diren ikaslearen aurrerapen orokorrari buruzko ohar guztiak.

2. Ikasleen mugikortasuna bermatzeko, ikasgai bat baino gehiago arlo batekin lotuta egin badira, arlo horretan lortutako hiruhilekoko kalifikazio bera jasoko da ikasgai bakoitzean.

3. Tutoreak izenpetuko du lekualdatzeagatiko txosten pertsonala, ikastetxeko zuzendariaren oniritziarekin.

27. artikulua . Ikasketen historia.

1. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketen historian, ikaslearen identifikazio datuak, etapa horretako eskolatzearen inguruko informazioa eta agiria luzatzen duen ikastetxearen identifikazio datuak jasoko dira, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, NANa edo agiri baliokide bat, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, gurasoaren edo legezko ordezkarien izen-deiturak, etapa horretan zer ikastetxetan matrikulatuta egon den, eta horietako bakoitzaren kasuan, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia, ikastetxearen herria, ikastetxean alta hartu duen eguna eta baja hartu duen eguna.

b) Eskolatzeari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturteak eta, horietako bakoitzari dagokionez, etapako maila, hizkuntza eredua, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretua, ikasgai edo arloen zerrenda eta, hala badagokio, zer atzerriko hizkuntzatan egin diren, amaierako ebaluazioaren emaitzak, gainditu gabeko ikasgai edo arloak eta horien kalifikazioa, eta mailaz igotzeari edo titulua emateari buruzko erabakia, baita erabaki horiek noiz hartu diren ere.

c) Agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

2. Ikasleen mugikortasuna bermatzeko, ikasgai bat baino gehiago arlo batekin lotuta egin badira, ikasgai bakoitzean lortutako amaierako kalifikazioa jasoko da ikasketen historian. Kalifikazio hori dagokien arloan lortutako berbera izanen da.

3. Ikasketen historia gurasoei, legezko tutoreei edo, adinez nagusia izanez gero, ikasleari berari emanen zaie, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitzean edo ikasketa horietako eskolatzea amaitutakoan.

4. Ikasketen historiak ikastetxeko zuzendariaren oniritzia izan beharko du, eta egindako ikasketak egiaztatzeko balio izanen du.

28. artikulua . Ikasketa espedientea.

1. Ikasketa espedientean, ikaslearen identifikazio datuak eta ebaluazio prozesuari buruzko informazioa jasoko dira, baita espedientea egin duen ikastetxearen datuak ere, honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Ikaslearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: deiturak, izena, NANa edo agiri baliokide bat, jaioteguna, jaioterria, jaio zen probintzia, jaio zen herrialdea, etapa horretan zer ikastetxetan matrikulatuta egon den, eta horietako bakoitzaren kasuan, ikastetxearen izena, ikastetxearen erregistro zenbakia eta ikastetxearen herria.

b) Ebaluazio prozesuari buruzko informazio datuak hauek dira gutxienez: ikasturteak eta, horietako bakoitzari dagokionez, etapako ikasmaila, hizkuntza eredua, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen foru dekretua, ikasgai edo arloen zerrenda eta, hala badagokio, zer atzerriko hizkuntzatan egin diren, amaierako ebaluazioaren emaitzak, gainditu gabeko ikasgaiak eta horien kalifikazioa, eta mailaz igotzeari edo titulua emateari buruzko erabakia. Arloka ikasi bada, horien barruan zer ikasgai sartu diren adierazi beharko da. Era berean, hasierako ebaluazioko erabakiak jaso beharko dira, baita aniztasunari arreta emateko hartutako hezkuntza neurriei buruzko informazioa ere.

c) Agiria ematen duen ikastetxearen identifikazio datuak hauek dira gutxienez: izena, erregistroko zenbakia, helbidea, posta kodea eta herria.

2. Ikasketa espedientea etaparen hasieran irekiko da, edo, hala badagokio, ikastetxera sartzean, eta ikastetxeko idazkaritzari dagokio irekitzea, ikaslea matrikulatu ondoren.

3. Idazkariak izenpetuko du ikasketa espedientea, ikastetxeko zuzendariaren oniritziarekin.

4. Tutorea arduratuko da ikasturte bakoitzean hartutako erabakiak eta ikasturteko ebaluazioen emaitzak ikasketa espedientean erregistratzeaz. Ikastetxeko zuzendaria edo horrek eskuordetzen duena arduratuko da gainditu gabeko ikasgai edo arloen kalifikazioak erregistratzeaz.

29. artikulua . Orientaziorako aholkua.

1. Ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuaren 18.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, 2. maila amaitzean orientaziorako aholku bat emanen zaie ikasle bakoitzaren gurasoei eta legezko tutoreei. Ildo horretan, aholku hori aipatutako ikasturtearen amaierako ebaluazio buletinaren bidez emantzat joko da. Buletinean, honako hauek jasoko dira: gako-gaitasunen bereganatze eta garapen mailari buruzko informazioa, bigarren maila horretan emandako ikasgai edo arloen ebaluazio irizpideetan oinarrituta, eta prestakuntzarekin jarraitzeko aukera egokienari edo egokienei buruzko proposamen bat gurasoei, legezko tutoreei edo, hala badagokio, ikasleari zuzendua, arauz xedatutakoaren arabera eta foru agindu honen eranskinean jasotako aukeretan oinarrituta.

2. Era berean, ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuaren 18.5 artikuluan araututakoaren arabera, etapa amaitzean edo, hala badagokio, derrigorrezko eskolatzea amaitzean, ikasleek banakako orientaziorako aholku bat jasoko dute. Ildo horretan, aholku hori aipatutako ikasturtearen amaierako ebaluazio buletinaren bidez emantzat joko da. Buletinean, komenigarrientzat jotzen d(ir)en ikasketa, prestakuntza edo lanbide aukerari edo aukerei buruzko proposamen bat jasoko da, ikasle guztiek etorkizuneko prestakuntzarako aukera egoki bat aurki dezaten.

30. artikulua . Ebaluazio agiriak zaintzea eta artxibatzea.

Ikastetxeko idazkaria arduratuko da ebaluazio agirietan dauden datuak artxibatzeaz eta zaintzeaz. Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak ezarriko ditu agiri horiek zaintzeko edo lekualdatzeko, ikastetxea itxiz gero.

31. artikulua . Benetakotasuna, segurtasuna eta konfidentzialtasuna.

1. Hezkuntza Departamentuak behar diren prozedurak ezarriko ditu ebaluazio agiri ofizialen benetakotasuna, horietan jasotako datuen osotasuna eta haien gainbegiratzea eta zaintza bermatzeko, bai eta gorde eta lekualdatzeko ere, ikastetxea ixten bada edo bere jarduna bertan behera uzten badu.

2. Ikasleen datu pertsonalak lortzeari, ikastetxe batek besteari lagatzeari eta horien segurtasun eta konfidentzialtasunari dagokienez, datu pertsonalak babestearen arloan indarra duten arauetan ezarritakoari jarraikiz jokatuko da, eta betiere Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera.

3. Ebaluazio agiri ofizialak eta horiek baliozkotzeko prozedurak, aurreko apartatuetan deskribatzen direnak, bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoekin egindako beste agiri baliokide batzuekin ordezten ahalko dira, baldin eta ziurtatzen badira haien benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa, eta betetzen badira abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta azken hori garatzen duen araudiak ezarritako bermeak eta baldintzak.

4. Ikaslearen espediente elektronikoa, gutxienez ere, ebaluazio agiri ofizialetan dauden datuek osatuko dute, eta bete beharko du Administrazio Elektronikoaren esparruan Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionala arautzen duen urtarrilaren 8ko 4/2010 Errege Dekretuan ezarritakoa.

Lehen xedapen gehigarria. Ikasketen parte bat atzerrian egiten deneko ebaluazioa.

1. Ikasleek atzerriko hizkuntza bat ikasteko asmoz beste herrialde batean egonaldi bat egitea da ikasketen parte bat atzerrian egitea.

2. Behin matrikulatuta, atzerrian Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren baliokideak diren ikasketak egitekoak diren ikasleek beren ikastetxeari horren berri eman beharko diote, eta esan ikastetxeak zein izen duen, zer herritan dagoen eta zer herrialdetan. Datu hauek ebaluazio agiri ofizialetan erregistratuko dira behin-behinekoz.

3. Handik bueltan, ikasleak behin-behinekoz erregistratutako informazioa egiaztatu ahal izateko dokumentazioa aurkeztuko dio ikastetxeari, ikastetxeak informazio hori behin betiko bihurtzeko.

4. Ebaluazio partzialetan, atzerriko egonaldiaren iraunaldian, hiru hilean behingo ebaluazioetako ikasgai edo arloen kalifikazioen erregistroan "IPA" sigla jarriko da (ikasketen parte bat atzerrian).

5. Atzerriko egonaldiak ez badu hirugarren ebaluazioa barne hartu, hirugarren ebaluazio horretako eta amaierako ebaluazioko kalifikazioak erregistratzeko, ikasgai edo arloen programazio didaktikoetan ezarritakoa hartuko da kontuan, baita foru agindu honen 12. eta 13. artikuluetan, hurrenez hurren, ezarritako kalifikazio eskalak eta kategoriak ere. Atzerriko egonaldia egin aurretik, ikasleek eta haien familiek behar bezala informatuta egon beharko dute atzerriko egonalditik itzultzean kontuan hartu beharreko ebaluazio prozesuari buruz aipatutako programazioetan jasotzen denaz.

6. Atzerriko egonaldiak hirugarren ebaluazioa barne hartu badu, amaierako ebaluazioko kalifikazioa erregistratzeko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Etapako lehen hiru mailetako edozeinetako ikasleen kasuan, "IPA" terminoa jarriko da amaierako ebaluazioan, bai ikasgai edo arloak kalifikatzeko, bai gako-gaitasunak kalifikatzeko. Hurrengo ikasturtean, oro har, ikaslea ondorengo ikasmailan matrikulatuko da. Dena dela, ikastetxeak, dagokion hasierako ebaluazioa egin ondoren, eta, horrez gain, ikaslearen adina eta bi hezkuntza sistemetan lortutako emaitza akademikoak kontuan harturik, beheragoko ikasmaila batean matrikulatzen ahalko du.

b) 4. mailako ikasleen kasuan, "IPA" terminoa jarriko da amaierako ebaluazioan, bai ikasgai edo arloak kalifikatzeko, bai gako-gaitasunak kalifikatzeko. Titulua emateko erabakiari dagokionez, "IPAEG" terminoa erabiliko da (ikasketen parte bat atzerrian egiteagatik erabaki gabe). Ikasleak edo, adingabea bada, haren gurasoek edo legezko ordezkariek egindako ikasketak aitortzeko eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioaren Ordezkaritzan. Atzerriko egonaldia egin aurretik, ikasleek eta haien familiek aitorpen sistema horri buruzko informazioa eskatzen ahalko diote aipatutako ordezkaritzari.

Bigarren xedapen gehigarria. Erlijio ikasketak.

1. Erlijio katolikoaren ikasketen ebaluazioa etapako gainerako ikasgaietakoak bezalaxe eginen da eta haiek dituzten ondorio berdinak izanen dituzte. Gainerako erlijio konfesioen ikasketaren ebaluazioak Estatuarekin izenpetutako hezkuntza arloko lankidetza hitzarmenetan ezarritakoa beteko du.

2. Dena den, berdintasun printzipioa eta konkurrentzia librea bermatzeko, Erlijioa ikasgaiaren ebaluazioan lortutako kalifikazioa ez da kontuan hartuko ikasketa espedienteen arteko konkurrentzia tartean dagoen deialdietan, ezta, ikasleak onartzeari begira, eskatzaileen arteko hautaketa egiteko espediente horietara jo behar denean ere.

Hirugarren xedapen gehigarria. Gorputz Hezkuntza ikasgaitik salbuestea.

1. Gorputz Hezkuntza ikasgaia salbuesten ahalko da, interesdunak ikastetxeko zuzendaritzan eskaera egin ondoren, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiten ari diren eta, aldi berean, honako baldintza hauetakoren bat betetzen dutela egiaztatzen duten ikasle guztien kasuan:

a) Goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izatea, Goi Mailako eta Errendimendu Handiko Kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera.

b) Dantzako lanbide ikasketetako ikaslea izatea.

2. Salbuespena justifikatzeko, ikasturtearen edozein unetan, eskabidearekin batera, goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izatearen edo zentro batean Dantzako lanbide ikasketetan matrikulatuta egotearen egiaztagiria aurkeztu beharko da. Une horretatik aurrera, Gorputz Hezkuntzako ebaluazio partzialen laukian "SZ" terminoa jasoko da (salbuesteko zain), eta ikasleak ikasgai horretako eskoletara joateari uzten ahalko dio.

3. Amaierako ebaluazioaren aktan "S" sigla (salbuetsia) behin betiko jasotzeko, kalifikaziorik zehaztu gabe, amaierako ebaluazioaren egunera arte arestian aipaturiko matrikulari edo baldintzari eutsi izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da. Ziurtagiririk aurkeztu ezean, amaierako ebaluazioaren aktan gutxiegi terminoaren bidez (G) kalifikatuko da ikasgai hori.

4. Ikasleak goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateari uzten badio edo dantzako lanbide ikasketak uzten baditu amaierako ebaluazioaren saioaren aurretik, hortik aurrera Gorputz Hezkuntza ikasgaian ebaluatu dezatela eskatu beharko du.

Laugarren xedapen gehigarria. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Musikako edo Dantzako lanbide ikasketen arteko baliozkotzeak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren eta Musikako edo Dantzako lanbide ikasketen arteko baliozkotzeei (B) dagokienez, Hezkuntza Departamentuak arauz xedatutakoa eta, hala badagokio, horretarako ematen diren jarraibideak bete beharko dira.

Bosgarren xedapen gehigarria. Gaitasun handiko ikasleentzako malgutasun neurriak.

Gaitasun handiko ikasleentzako malgutasun neurriei dagokienez, Hezkuntza Departamentuak arauz xedatutakoa eta, hala badagokio, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak horretarako ematen dituen jarraibideak bete beharko dira.

Seigarren xedapen gehigarria. Helduen Hezkuntza.

1. Foru agindu honetan araututakoa aplikatuko zaie Helduen Hezkuntzan aginduaren xede diren ikasketetan diharduten ikasleei ere, alde batera utzi gabe haien egoera berezietara eta Hezkuntza Departamentuak xedatutakora egokitu beharra, hala nola horri buruz ematen diren jarraibideak.

2. Era berean, Helduentzako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (HDBH) gako-gaitasunen bereganatze eta garapen maila zehazteko, ez da foru agindu honen 13. artikuluan xedatutakoa bete beharko, honako hau baizik:

a) Titulua lortzeko proposatzen diren ikasleen kasuan, "Lortu da" terminoa jasoko da gako-gaitasun guztietan.

b) Titulua lortzeko beharrezko ikasgaiak eginda, gako-gaitasunen bat lortu ez dutelako titulua lortzeko proposatzen ez diren ikasleen kasuan, bereganatu ez diren gako-gaitasunetan bakarrik jasoko da "Ez da lortu" terminoa.

c) Aurreko letretan aipatutakoak ez bezalako kasu guztietan, ez da gako-gaitasunei buruzko ezer jaso beharko.

Zazpigarren xedapen gehigarria. Ikasleek ebaluazio saioetan parte hartzea.

Gaiaren izaerak hala eskatzen duenean edo talde bateko ikasleek hala eskatzen dutenean, ebaluazio saio baten hasieran edo amaieran, talde horretako ikasleen ordezkariak ikasleen gai orokorrak azaltzeko aukera izanen du.

Zortzigarren xedapen gehigarria. Informazio argia eta ulergarria.

Ikastetxeek familiei eta ikasleei helarazten dieten informazio edo komunikazio oro modu argi eta ulergarrian aurkeztu beharko da, kasu bakoitzean behar diren irisgarritasun unibertsaleko neurriak bermatuz.

Bederatzigarren xedapen gehigarria. Ebaluazio agiriak elektronikoki betetzea.

Ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek foru agindu honetan aipatutako ebaluazio dokumentu ofizialetan eskatzen diren datu guztiak erregistratuko dituzte EDUCA aplikazio informatikoan, Hezkuntza Departamentuak horretarako zehazten duen epean.

Hamargarren xedapen gehigarria. Espedienteen konkurrentzia Nota de Vigencia.

1. Nafarroako Foru Komunitatearen eskumeneko esparruan egiten diren deialdi guztietan, ikasketa espedienteen arteko lehia egin beharra badago eta deialdian ez bada zehaztu kalifikazio kualitatiboak kuantitatibo bihurtzeko eskalarik, honako eskala hau izanen da aplikatzekoa: Gutxiegi (3), Nahiko (5), Ongi (6), Oso ongi (7,5) eta Bikain (9).

2. Era berean, aurreko apartatuan ezarritako kasuetan, oro har, ez dira kontuan hartuko atzerrian egindako ikasmailetan (IPA) lortutako kalifikazioak, hau da, egonaldi horren ondorioz azken ebaluazioan erregistratutakoak , baldin eta kalkulatu badaiteke beste lehia-nota bat, kontuan hartuta dagokion deialdian eskatutako beste ikasmaila batzuetan kalifikazioen arabera lortutako kalifikazioak. Lehia-nota bat kalkulatu ezin bada, kontuan hartu beharreko ikasmailak, dagokion deialdian, IPA siglekin erregistratutako azken kalifikazioak baino ez dituelako, Hezkuntza Departamentuak xedatzen duena beteko da.

3. Foru agindu honen bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, Erlijioaren irakasgaia ez da kontatuko ikasketa espedienteen arteko lehia egin beharra dagoen deialdietan, ez eta ikasleak onartzeko eskatzaileen artean hautaketa egin beharrez ikasketa espedienteetara jo beharra dagoenean ere.

4. Era berean, ondorio berberetarako, ez dira inola ere kontuan hartuko “S” eta “B” terminoak.

Hamaikagarren xedapen gehigarria. Ebaluazio diagnostikoa.

1. Ikastetxeek ebaluazio diagnostiko bat eginen dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailan, ikasleek lortutako gaitasunak zehazteko. Ebaluazio hori -Hezkuntza Departamentuaren ardurapekoa- informatiboa, hezigarria eta orientabidezkoa izanen da ikastetxeentzat, irakasleentzat, ikasleentzat eta haien familientzat, baita hezkuntza komunitate osoarentzat ere. Ebaluazioa errolda osoan oinarrituta egiten da eta maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 144.1 artikuluan ezarritako erreferentzia esparruan eginen da.

2. Ebaluazio diagnostikoaren emaitzen azterketatik abiatuta, esandako lege organikoaren 121. artikuluan aipatzen diren hobekuntza planen esparruan, ikastetxeek hainbat jarduera proposamen eginen dituzte, ikasleei dagozkien gaitasunak lortzen laguntzeko, hezkuntzaren kalitatea eta ekitatea hobetzeko neurriak hartzeko eta irakas-praktika orientatzeko.

Hamabigarren xedapen gehigarria. Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden ikastetxeetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen ezarpena eta ordutegia arautzen dituen Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 8ko 64/2022 Foru Aginduaren 9. artikuluko 4. apartatua aldatzea.

Aipatutako foru aginduko 9. artikuluko 4. apartatua honela geratuko da idatzita:

"4. Era berean, ikasleek aukerako ikasgai bat ikasiko dute. Ondorio horietarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako laugarren mailako aukerakoen blokea Atzerriko Bigarren Hizkuntza eta Filosofia ikasgaiek osatuko dute, biak ala biak ikastetxe guztiek nahitaez eskaini beharrekoak, eta horiei ikastetxe bakoitzak diseinatutako ikasgaiak eransten ahalko zaizkie, betiere honako alderdi hauek kontuan hartuta:

a) Atzerriko Bigarren Hizkuntza: Atzerriko Bigarren Hizkuntza ikasgaiaren irakaskuntzari dagokion guztian, foru agindu honen bigarren xedapen gehigarrian araututakoa beteko da.

b) Ikastetxeek diseinatutako ikasgaiak: beren autonomia baliatuz, ikastetxeek diseinu propioko ikasgaiak prestatzen ahalko dituzte, honako hauek kontuan hartuta:

-Eskaintza hori ikastetxearen ezaugarrien eta ikasleen behar eta espektatiba orokorren araberakoa izanen da.

-Beren ikasgaiak diseinatzea aukeratzen duten ikastetxeek inguruabar hori jaso beharko dute beren hezkuntza proiektuan eta Urteko Programazio Orokorraren urteko zehaztapenetan.

-Ikastetxeak diseinatutako ikasgaiak ere lan monografiko gisa edo komunitateari zerbitzu bat emateko lankidetza proiektu gisa prestatzen ahalko dira.

-Eskaintzen ahal diren ikasgaien kopuruari dagokionez, ikastetxeek diseinu propioko ikasgaiak eskaintzeak ez du inolako mugarik izanen.

-Era berean, eta aurretik azaldutako guztiaz gain, ikastetxeek foru agindu honen 8.5 artikuluan xedatutakoa bete beharko dute".

Hamahirugarren xedapen gehigarria. Ebaluazio prozesua gainbegiratzea.

1. Hezkuntza Departamentuko Hezkuntza Ikuskatzailetza Zerbitzuari dagokio ebaluazio prozesuari buruzko aholkuak ematea, prozesua gainbegiratzea eta ikastetxeei hori hobetzeko behar diren neurriak proposatzea.

2. Era berean, aipatutako zerbitzuak ebaluazio agiriak behar bezala bete eta gorde diren ikuskatuko du.

Hamalaugarren xedapen gehigarria. Berezitasunak.

Foru agindu honetan ebaluazioari, mailaz igotzeari eta ikasleen titulazioari dagokienez jaso ez den edozein berezitasun, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak ebatziko dute batera.

Lehenengo xedapen iragankorra. 2022/2023 ikasturteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 4. mailetako gakogaitasunen kalifikazioa.

1. 2022/2023 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. edo 4. maila 24/2015 Foru Dekretuan ezarritako curriculumaren arabera egin duten ikasleei dagokienez, aipatutako 24/2015 Foru Dekretuaren 6. artikuluan adierazitako gako-gaitasunak kalifikatzeko honako kalifikazio eskala hau hartuko da oinarritzat: "Ez da lortu"; "Lortu da (maila baxua)", "Lortu da (maila ertaina)"; "Lortu da (maila altua)".

2. Kalifikazio horiek amaierako ebaluazioaren aktan erregistratu beharko dira.

Bigarren xedapen iragankorra. 2022/2023 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortzea.

1. 2022/2023 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. maila 24/2015 Foru Dekretuan ezarritako curriculumaren arabera egin duten ikasleen kasuan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeko, azaroaren 16ko 984/2021 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

2. Era berean, 984/2021 Errege Dekretuaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, 2022/2023 ikasturtean Oinarrizko Lanbide Heziketako ziklo batean sartutako modulu guztiak gainditzen dituzten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortuko dute.

Hirugarren xedapen iragankorra. Erlijioa ikasgaia 20222023 ikasturtean.

1. Erlijio katolikoaren ikasketen ebaluazioa etapako gainerako ikasgaietakoak bezalaxe eginen da eta haiek dituzten ondorio berdinak izanen dituzte. Gainerako erlijio konfesioen ikasketaren ebaluazioak Estatuarekin izenpetutako hezkuntza arloko lankidetza hitzarmenetan ezarritakoa beteko du.

2. 2022-2023 ikasturtean titulatzekoak diren ikasleen kasuan, etapako ikasmailetan Erlijioa ikasgaiaren ebaluazioan lortutako kalifikazioa kontuan hartuko da ikasketa espedienteen arteko konkurrentzia tartean dagoen deialdietan, baita, ikasleak onartzeari begira, eskatzaileen arteko hautaketa egiteko, espediente horietara jo behar denean ere.

Laugarren xedapen iragankorra. 20222023 ikasturtean kalifikazioak erregistratzea.

1. Hiru hilean behingo ebaluazioetako kalifikazioen erregistroari dagokionez, Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 20ko 4/2017 Foru Aginduaren 3. artikuluan ezarritako kalifikazio eskala aplikatzen ahalko da.

2. Amaierako ebaluazioko kalifikazioen erregistroa foru agindu honen 12. artikuluan xedatutako kalifikazio eskalaren arabera egin beharko da.

Bosgarren xedapen iragankorra. Ikasketa planen arteko trantsizioa.

Ikasketa planen arteko trantsizioari dagokion guztian, Ikasketa planen arteko trantsizioari buruzko neurriak ezartzen dituen martxoaren 28ko 205/2023 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko da, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoa aplikatzearen ondorioz -3/2020 Lege Organikoa, abenduaren 29koa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duena-.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetutako arauak.

1. Indargabetuta geratzen da 4/2017 Foru Agindua, urtarrilaren 20koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan diharduten ikasleak ebaluatzeko, hurrengo mailara pasatzeko eta titulazioa lortzeko arauak ematen dituena.

2. Maila bereko nahiz apalagoko xedapenen kasuan, indarrik gabe geratuko da foru agindu honetan xedatutakoaren kontra doan oro.

Azken xedapen bakarra. Indarrean jartzea.

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

ERANSKINA

ERANSKINA

IKASTURTE BUKAERAKO EGOERA

HURRENGO IKASTURTEKO AUKERAK (*)

DBH 1

Mailaz igotzea

DBH 2

Mailaz igotzea, automatikoki, ezin delako errepikatu (1)

DBH 2

Mailaz ez igotzea

DBH 1 errepikatzea

DBH 2

Mailaz igotzea

DBH 3

OMHZ batean sartzea (2)

Mailaz igotzea, automatikoki, ezin delako errepikatu (1)

DBH 3

CAP 3 batean sartzea (2)

OMHZ batean sartzea (2)

Mailaz ez igotzea

DBH 2 errepikatzea

CAP 3 batean sartzea (2)

OMHZ batean sartzea (2)

DBH 3

Mailaz igotzea

DBH 4

OMHZ batean sartzea (2)

Mailaz igotzea, automatikoki, ezin delako errepikatu (1)

DBH 4

CAP 4 batean sartzea (2)

OMHZ batean sartzea (2)

Mailaz ez igotzea

DBH 3 errepikatzea

CAP 3 batean errepikatzea (2)

OMHZ batean sartzea (2)

CAP 3

Kasu guztietan

CAP 4 batean sartzea

DBH 4

Titulua lortzea

Batxilergoan sartzea

Lanbide Heziketako EMHZ batean sartzea

Arte Plastikoak eta Diseinua EMHZn sartzea (3)

Kirol Ikasketak EMHZn sartzea (4)

Titulua ez lortzea

DBH 4 errepikatzea (5)

CAP 4 batean errepikatzea (2, 5)

OMHZ batean sartzea (2)

Titulua lortzeko urteko proba egitea (15.6 artikulua)

Helduen Bigarren Hezkuntzan sartzea (2)

CAP 4

Titulua lortzea

Batxilergoan sartzea

Lanbide Heziketako EMHZ batean sartzea

Arte Plastikoak eta Diseinua EMHZn sartzea (3)

Kirol Ikasketak EMHZn sartzea (4)

Titulua ez lortzea

CAP 4 batean errepikatzea (5)

OMHZ batean sartzea (2)

Titulua lortzeko urteko proba egitea (15.6 artikulua)

Helduen Bigarren Hezkuntzan sartzea (2)

(1)

a) Matrikulatuta dauden ikasmaila bigarren aldiz eginda, mailaz igotzeko moduan ez dauden ikasleak.

b) Matrikulatuta dauden ikasmaila lehen aldiz eginda, Oinarrizko Hezkuntza (Lehen Hezkuntza + DBH) bi aldiz errepikatu duten eta mailaz igotzeko moduan ez dauden ikasleak.

(2) Indarreko araudian ezarritako baldintzen arabera.

(3) Gaitasun artistikoaren proba gainditu behar da.

(4) Kirol proba espezifikoa gainditu behar da.

(5) Foru agindu honen 3. artikuluan ezarritako adin mugak errespetatu behar dira, kasu guztietan.

(*) Eranskin honetan jasotzen ez den beste edozein aukera Hezkuntza Ikuskaritzako Zerbitzuari adierazi beharko zaio, jakinaren gainean egon dadin eta balora dezan.

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web