2/2023 LEGEGINTZAKO FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 24KOA, ZEINAREN BIDEZ ONESTEN BAITA FUNDAZIOEN ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO BESTELAKO ENTITATEEN ZERGA-ARAUBIDE BEREZIKO XEDAPENEN ETA MEZENASGORAKO ZERGA-PIZGARRIEN TESTU BATEGINA
BON N.º 124 - 13/06/2023
I. TITULUA. FUNDAZIOEN ETA IRABAZIASMORIK GABEKO BESTELAKO ENTITATEEN ZERGAARAUBIDE BEREZIA
I. KAPITULUA. ZERGAARAUBIDE BEREZIA: APLIKAZIOEREMUA, BETEKIZUNAK, ESKURATZEA ETA GALTZEA
II. KAPITULUA. ZERGAARAUBIDE BEREZIA
II. TITULUA. MEZENASGORAKO ZERGAPIZGARRIAK
I. KAPITULUA. I. TITULUAN AURREIKUSITAKO ZERGAARAUBIDE BEREZIA APLIKATZEN DUTEN ENTITATEEI EGINDAKO DOHAINTZAK
III. KAPITULUA. ENPRESEN ARTEKO LANKIDETZAKO BESTE JARDUERA BATZUK
IV. KAPITULUA. TITULU HONETAKO ZERGAPIZGARRIAK APLIKATZEKO BETEKIZUNAK ETA BATERAEZINTASUNAK
Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 29ko 19/2012 Foru Legeak, laugarren xedapen gehigarrian, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21. artikuluan xedatutakoaren babesean, baimena ematen dio Nafarroako Gobernuari 2023ko ekainaren 1a baino lehen fundazioen eta babes jardueren zerga-araubideari eta mezenasgorako zerga-pizgarriei buruzko indarreko xedapenak bateratzeko, eta, horrekin batera, bateratu beharreko lege-testuak erregularizatu, argitu eta harmonizatzeko.
Ikus daitekeenez, Nafarroako Parlamentuak ezarri du metodoa, eta, aldi berean, Nafarroako Gobernuari mugak ezarri dizkio enkargua egiteko. Horren arabera, fundazioen zerga-araubideari buruzko indarreko xedapenen testu bategina, bai eta babes jarduerena eta mezenasgorako zerga-pizgarriena ere, lege-arau batzuk erregularizatzearen, argitzearen eta harmonizatzearen emaitza izan behar da. Lege-arau horiek, bategin behar direnak bezala, une eta egoera desberdinetan sortu dira, eta beti bat ez datozen ideietatik abiatuta sortu dira.
Erregularizatu aditzak doitzea edo ordenan jartzea esan nahi du. Argitu kontzeptua, testuinguru honetan, gauza bat argi edo argiago uztearen parekoa izan daiteke, edo hura iluntzen duena kentzearen parekoa. Eta harmonizatu kontzeptua identifikatzen da osotasun baten bi zati edo gehiago uztartzearekin, osatzearekin, bateratzearekin edo koordinatzearekin. Beraz, Nafarroako Parlamentuaren baimena ez da mugatzen testu bateratu baten formulazio hutsera, ahalmen hirukoitz hori hartzen baitu: arauak erregularizatzea, argitzea eta harmonizatzea. Azken batean, jasotako aginduari leial izan behar bazaio, ez da nahikoa artikuluak elkarren ondoan jartzea. Parlamentuaren aginduarekiko leial eta fidel izateko, beharrezkoa da zeregin korapilatsu eta batzuetan zail bat garatzea, legezko erabakiaren bidez erdietsi nahi den helburu hirukoitz hori lortze aldera.
Bestalde, eta esandakoaz gain, Parlamentuaren aginduaren zabaltasunak aukera ematen du egungo araudiak dakartzan arazoetako batzuk konpontzeko, betiere indarrean dagoen lege-sistema aldatu gabe. Hori dela eta, testu bategina idazteko orduan, hurrenez hurreneko lege-erreformek desordenatutako araudian ordena jarri da, ulertzeko eta aplikatzeko errazagoa izateko moduan idatzi da, eta, azkenik, ahalegina egin da aipatutako araudiak zituen kontraesanak, interpretazio zalantzak edo errepikapenak zuzentzeko. Horrela, zerga administrazioaren segurtasun juridikoa areagotzen da, eta, bereziki, zergadunena.
Baimen hori baliatuz egin da testu bategin hau, zeinean jasotzen baitira fundazioen eta babes jardueren zerga-araubide forala eta mezenasgorako zerga-pizgarriak gaur egun arautzen dituzten lege-arau iraunkor eta orokor guztiak.
Horrela, testu bateginean sartu dira, indarrik gabe utzita, Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea, Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 22. artikulua, eta Nafarroako Foru Komunitatean kultura mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean xedatutakoa betetzeko, legegintzako foru dekretu hau premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera egin da.
Arauak Nafarroako Parlamentuaren legegintzarako eskuordetza betetzeari erantzuten dio, fundazioen eta babes jardueren zerga-araubideari eta mezenasgorako zerga-pizgarriei buruz indarrean dauden xedapenak bateratzeko, bai eta bateratu beharreko lege-testuak erregularizatu, argitu eta harmonizatzeko. Legegintzako foru dekretua da xede horretarako arauzko bide bakarra.
Era berean, proportzionaltasun printzipioa ere betetzen da, eskuratu nahi diren helburuak erdiesteko ahalegina egin baita.
Segurtasun juridikoaren printzipioari dagokionez, bermatu da arau-proiektua foru-ordenamendu juridikoarekin koherentea dela.
Gardentasunaren printzipioari dagokionez, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta, horretaz gainera, gardentasuna bermatuta geldituko da proiektua eta memoria Nafarroako Gobernu Irekiaren atarian ere argitaratuko baitira, entzunaldia emateko tramitean eta jendaurrean jartzeko tramitean daudenean herritarrek testu horiek ezagutzeko aukera izan dezaten.
Azkenik, efizientziaren printzipioari dagokionez, ahalegina egin da arauak ahalik eta administrazio-karga eta zeharkako kostu gutxien izaten eta baliabide publikoen arrazoizko erabilera sustatzen. Ildo horretan, zergadunei eskatzen zaizkien informazio- eta dokumentazio-eskakizunak behar-beharrezkoak dira zerga administrazioak haien jardueraren kontrol minimoa bermatzeko.
Legegintzako foru dekretu honen edukia Nafarroako Kontseiluari igorri zitzaion, nahitaezko irizpena eman zezan, Nafarroako Kontseiluari buruzko ekainaren 9ko 8/2016 Foru Legearen 14.1.d) artikuluan xedatutakoa betez eta Nafarroako Gobernuaren 2023ko martxoaren 23ko Erabakiaren arabera.
Irizpen hori 2023ko maiatzaren 15ean eman zen, eta arauaren edukia ordenamendu juridikoarekin bat zetorrela jo zen.
Horrenbestez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko maiatzaren hogeita lauan egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Testu bategina onestea.
1. Fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina onesten da.
2. Legegintzako foru dekretu hau Nafarroako Parlamentuari jakinaraziko zaio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 52.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
Xedapen gehigarri bakarra. Arauetara bidaltzeak.
Onesten den testu bateginean txertatu diren xedapenei buruz beste arau batzuetan egindako aipamenak testu bateginean dagozkien manuei buruzkoak direla ulertuko da.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Arauak indargabetzea.
1. Legegintzako foru dekretu honek indarra hartzearekin batera, honako arau hauek indarrik gabe geldituko dira, onesten den testu bateginean txertatuko baitira:
a) Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legea.
b) Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 22. artikulua.
c) Nafarroako Foru Komunitatean kultura mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legea.
2. Indarrik gabe uzten dira, orobat, legegintzako foru dekretu honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.
Legegintzako foru dekretu hau eta berak onesten duen testu bategina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.
FUNDAZIOEN ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO BESTELAKO ENTITATEEN ZERGA-ARAUBIDE BEREZIKO XEDAPENEN ETA MEZENASGORAKO ZERGA-PIZGARRIEN TESTU BATEGINA
I. TITULUA. FUNDAZIOEN ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO BESTELAKO ENTITATEEN ZERGA-ARAUBIDE BEREZIA
I. KAPITULUA. ZERGA-ARAUBIDE BEREZIA: APLIKAZIO-EREMUA, BETEKIZUNAK, ESKURATZEA ETA GALTZEA
1. artikulua. Zergaaraubide bereziaren onuradun diren entitateak.
1. Titulu honetan erregulatzen den zerga-araubide berezia Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Konpilazioaren 42. Legean eta Nafarroako Fundazioei buruzko ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legean ezarritakoaren babesean eratutako fundazioei aplikatuko zaie.
2. Titulu honetan araututako zerga-araubide berezia honako hauei ere aplikatuko zaie:
a) Estatuko edo arlo horretan eskumena duten autonomia-erkidegoetako araudiaren arabera eratu diren fundazioei.
b) Martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan eta hura garatzeko arauetan edo gai honetan autonomia erkidegoek dituzten xedapenetan ezarritako betekizun eta baldintzak betetzen dituzten elkarte onura publikoko deklaratuei.
c) Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeei, baldin eta garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan eskumena duen ministerioaren dagokion erregistroan inskribatuta badaude.
3. Titulu honen II. kapituluan xedatutakoa aplikatuko zaie 1. eta 2. apartatuetan aipatutako entitateei, baldin eta, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Nafarroako foru araudia aplikatu behar badute.
2. artikulua. Betekizunak.
1. 1.1 artikuluan aipatzen diren fundazioek, zerga-araubide bereziari heldu nahi badiote, 13/2021 Foru Legean eta testu bategin honetan ezarritako betekizunak eta baldintzak bete beharko dituzte.
Halaber, hasierako zuzkiduraren zenbatekoa edozein dela ere, fundatzaileak edo fundatzaileek frogatu beharko dute hasierako zuzkidura egokia eta nahikoa dela fundazioaren helburuetarako; horretarako, jarduketarako aurreneko programa aurkeztu beharko dute, urtebetekoa, azterketa ekonomiko bat erantsita, zeinak, batetik, frogatuko baitu programa bideragarria dela baliabide horiek soilik erabiliz gero, eta, bestetik, programako jarduera guztien finantzaketa jasoko baitu, osorik, zehaztuta eta identifikatzeko moduan.
2. 1.2 artikuluan zerrendatutako entitateek aplikatu beharreko araudian jasotako betekizun guztiak bete beharko dituzte, eta, gainera:
a) Entitateak arautzen dituzten arauetan edo, halakorik ezean, Merkataritza Kodean eta xedapen osagarrietan aurreikusitako kontabilitate betebeharrak bete beharko dituzte, bai eta haien legeria espezifikoak kontuak emateko ezartzen dituen betebeharrak ere.
b) Errenten eta diru-sarreren xedeari dagokionez, bai eta gerakinaren likidazioari eta adjudikazioari dagokienez ere, 13/2021 Foru Legearen 47. eta 20. artikuluetan, hurrenez hurren, ezarritakoa bete beharko dute.
c) Ezin izanen dute inolako partaidetzarik izan sozietatearen zorren gaineko erantzukizun pertsonala duten merkataritza sozietateetan, 13/2021 Foru Legearen 48.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
d) Dagokion erregistroan inskribaturik egon beharko dute.
3. Sozietateen gaineko zergaren autolikidazioa aurkezteko betebeharrak egunean ez dituzten entitateek ezin izanen dute zerga-araubide berezia aplikatu.
3. artikulua. Zergaaraubide bereziaren aukera.
1. 1. artikuluan aipatzen diren entitateek zerga-araubide berezia aplikatu nahi badute, erregistro orokor elektronikoaren bidez horren berri eman beharko diote Nafarroako Foru Ogasunean fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko entitateen arloko eskumena duen zerbitzuari, eta hari lotuta geratuko dira hura aplikatzeko betekizunak betetzen badituzte eta modu berean araubideari uko egin diotela jakinarazten ez badute.
2. Jakinarazpena honela egin beharko da:
a) 1.1 eta 1.2.a) eta c) artikuluetan jasotako entitateen kasuan, entitatea dagokion erregistroan inskribatu ondoren, eta inskripzio horren egiaztagiria aurkeztu beharko da.
1.1 artikuluko entitateen kasuan, aukeraren jakinarazpena aurkeztu ahalko dute Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskaerarekin batera; kasu horretan, Nafarroako Foru Ogasunak dokumentazio guztia aztertuko du inskripzioaren ebazpena jaso ondoren. Kasu horretan, ulertuko da aukera erregistro horretan izena emandako egunean jakinarazi dela.
b) 1.2.b) artikuluan jasotako entitateen kasuan, elkartea onura publikokoa dela deklaratu bada, dagokion ebazpena aurkeztu beharko da.
3. Fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko entitateen arloan eskumena duen Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzuak argibideak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dizkie interesdunei, zehatz-mehatz ezagutzeko fundazioaren eta estatutuen klausulen irismena eta egiaztatzeko entitateak betetzen dituela fundazio, onura publikoko elkarte edo garapenerako gobernuz kanpoko erakunde gisa kalifikatua izateko betekizunak.
Jakinarazpena egin eta 3 hilabeteko epean entitateak ukoaren berariazko jakinarazpenik jaso ez badu, ulertuko da zerga-araubide berezia aplikatzen ahal duela. 2.a) apartatuaren bigarren paragrafoan aipatzen den kasuan, hiru hilabeteko epea zenbatzen hasiko da Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzen den egunetik aurrera.
4. Zerga-araubide berezia honako kasu hauetan aplikatuko da, salbu eta espresuki ukatzen denean:
a) Nafarroako Fundazioen Erregistroan inskribatzen den egunetik hasita, 1.1 artikuluan aipatzen diren entitateen kasuan. Hala ere, araubidearen aldeko aukeraren jakinarazpena aurkezten denean hilabete baino gehiago igaro bada erregistro horretan inskribatu zen egunetik, eskumena duen zerbitzuak espresuki komunikatuko du noiztik aplikatzen ahalko den araubidea.
b) Araubidearen aldeko aukera jakinarazten den egunetik, 1.2 artikuluan aipatzen diren entitateen kasuan.
a) eta b) letretan xedatutakoa gorabehera, aukera jakinarazten den egunetik dokumentazioa aztertzeko orduan atzerapenak gertatzen badira entitateari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko entitateen arloan eskumena duen Nafarroako Foru Ogasunaren zerbitzuak zerga-araubide bereziaren aplikazio-eguna komunikatuko du.
4. artikulua. Zergaaraubide berezia galtzea.
1. Titulu honetan eta 13/2021 Foru Legean ezarritako betekizunetako edozein ez betetzeak zerga-araubide berezia galtzea ekarriko du, eta, ondorioz, entitateak oso-osorik pagatu beharko ditu ez-betetzea gertatu den ekitaldiko kuotak, ondoko zergei dagozkienak, tributu horien gaineko araudiak hala agintzen baitu: sozietateen gaineko zerga, tokiko tributuak eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga. Halaber, berandutze-interesak eta, bidezko izanez gero, zehapenak ere ordaindu beharko ditu.
Aurreko paragrafoko betebehar hori oker aplikatutako emaitzak eta diru-sarrerak lortu ziren ekitaldiko kuotei dagokie, baldin eta 13/2021 Foru Legearen 47. artikuluan ezarritako betekizuna bada, eta, foru lege horren beraren 21. artikuluan agindutakoa bada, berriz, ez-betetzea gertatu den ekitaldiko kuotak eta aurreko lauretakoak hartuko dira kontuan; hori hala ere, ez da eragozpen izanen bidezko izan daitezkeen zehapenak ezartzeko.
2. Era berean, testu bategin honetan eta 13/2021 Foru Legean ezarritako betekizunak ez betetzeak honako hau ekarriko du:
a) Titulu honen menpeko entitateek Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 173.1.e) artikuluan ezarritako salbuespenak ez aplikatzea.
b) Dohaintza-emaileek edo mezenasek II. tituluan aurreikusitako zerga-pizgarriak ez aplikatzea ez-betetze hori gertatzen den ekitaldian.
II. KAPITULUA. ZERGA-ARAUBIDE BEREZIA
1. ATALA
Sozietateen gaineko zerga
5. artikulua. Aplikazioeremua eta aplikatu beharreko araudia.
Hitzarmen Ekonomikoan aurreikusitakoaren arabera sozietateen gaineko zergari dagokionez Nafarroako foru-araudiaren mende dauden zerga-araubide bereziaren entitate onuradunek araudi hori aplikatuko dute atal honetan jasotako berezitasunekin.
6. artikulua. Errenta salbuetsiak.
1. Zerga-araubide bereziaren entitate onuradunek lortutako errentak salbuetsita egonen dira honako kasu hauetan:
a) Fundazioaren xede soziala edo haren berariazko helburua osatzen duten ohiko jardueretatik ateratakoak badira, ustiapen ekonomiko baten bidez edo bestela.
b) Ondasunen edo eskubideen eskuraketen edo eskualdaketen ondorio direnean, edozein tituluren bidez, entitatearen desegitea edo likidazioa dela-eta lortutakoak barne.
c) Hirugarrenei lagatako ondare-elementuen ondoriozkoak, konparazio batera, sozietateen dibidenduak eta mozkinetako parte-hartzeak, interesak, kanonak eta alokairuak.
2. Bere helburu sozial edo xede berariazkoari ez dagokion ustiapen ekonomiko batekin lortutako etekin arruntak kargatu eginen dira, baina tributuen arloan eskumena duen departamentuak arestian aipatutako salbuespena aplikatzen ahalko die etekin horiei ere, baldin eta horiek sortu dituzten ustiapen ekonomikoak salbuetsita dauden ustiapen ekonomikoen ustiapen lagungarri edo osagarriak badira, edo entitatearen estatutuetan ezarritako helburuak lortzeko jardueren ustiapen lagungarri edo osagarriak badira.
Salbuespena eraginkorra izan dadin, aurretik ekonomia ustiapeneko jardunaren berri eman beharko zaio tributuen arloan eskumena duen departamentuari; departamentu horrek aurreko paragrafoan aipaturiko baldintzak betetzen diren egiazta dezake.
3. Ez dira atxikipenaren edo konturako diru-sarreraren mende egonen 1. eta 2. apartatuetan adierazitako errenta salbuetsiak.
Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, entitateak titulu honetan araututako zerga-araubide bereziari atxikita dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dio atxikitzaileari edo konturako diru-sarrera egitera behartuta dagoenari.
7. artikulua. Gastu ezkengarriak.
Sozietateen gaineko zergaren araudian aurreikusitakoez gain, honako hauek ez dira gastu kengarritzat hartuko:
a) Salbuetsitako errentei zuzenean edo zeharka egozten ahal zaizkienak.
b) Salbuetsitako jarduerei atxikitako ondare-elementuak amortizatzera bideratutako diru-kopuruak.
Atxikipen partzialaren kasuan, ez dira kengarriak izanen aipatu jarduera egiteko atxikitako ondare-elementuaren zatia amortizatzeko erabilitako diru-kopuruak.
c) Emaitzen aplikazio diren diru-kopuruak, eta, zehazki, eragiketa ekonomikoetatik heltzen diren eta salbuetsitako jarduerak mantentzeko erabiltzen diren soberakinak.
d) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan atxikipenen ondorioetarako aitortutako zenbatekoaren gainean jasotako lan prestazioei egozten zaien balio-soberakina.
Likidazio-oinarria ehuneko 10eko tasan kargatuko da.
9. artikulua. Kuota likidoa eta kuota murriztua.
1. Kuota likidoa zehazteko ez dute kenkarirako eskubiderik emanen salbuetsitako jarduerei egozten ahal zaizkien gastu eta inbertsioek.
2. Kuota likido murriztua ateratzeko, kuota likidoari 1.202 euro kenduko zaizkio, baldin eta zerga honen zergaduna titulu honen aplikazio-eremuaren barruan dagoen eta doako prestazioak soilik egiten dituen entitate bat bada; murrizketa hori aplikatzearen ondorioz ateratzen den diru-kopurua ez da inola ere negatiboa izanen.
10. artikulua. Autolikidazioa aurkezteko betebeharra.
Titulu honetan jasotako entitateek ekitaldian lortutako errenta guztiak sartuko dituzte sozietateen gaineko zergaren autolikidazioetan, kargatik salbuetsita daudenak barne.
2. ATALA
Ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga
11. artikulua. Salbuespenak.
Salbuetsita egonen dira zerga-araubide bereziaren entitate onuradunek egindako ondasun eta eskubide eskurapenak, baldin eta eskurapen horiek modu iraunkorrean eragiten badiete entitateen xede soziala edo berariazko helburua osatzen duten jarduerei eta ez badira nagusiki erabiltzen jarduera horiek ez diren ustiapen ekonomikoak garatzeko.
Salbuetsita egonen dira, halaber, zerga-araubide bereziaren entitate onuradunak zergadunak izanik, aurreko paragrafoan aipatutako atxikipen eta erabilera betekizunak betetzen diren gainerako egintza eta kontratuak.
3. ATALA
Tokiko tributuak
12. artikulua. Lurraren kontribuzioa.
Salbuetsita egonen dira zerga-araubide bereziaren entitate onuradunen titulartasuneko ondasunak, 2/1995 Foru Legearen 137. artikuluan aurreikusitako moduan, baldin eta ez badira hirugarrenei kontraprestazio bidez lagatako ondasunak, entitateen xede soziala edo berariazko helburua osatzen duten jarduerei atxikita badaude eta ez badira nagusiki erabiltzen jarduera horiek ez diren ustiapen ekonomikoak garatzeko.
13. artikulua. Ekonomiajardueren gaineko zerga.
Negozio-zifraren zenbateko garbia 1.000.000 eurokoa edo handiagoa duten zerga-araubide bereziaren entitate onuradunak zergatik salbuetsita egonen dira beren xede soziala edo berariazko helburua osatzen duten jarduerei dagokienez.
Negozio-zifraren zenbateko garbia 2/1995 Foru Legearen 150.1.g) artikuluan ezarritakoaren arabera zehaztuko da.
14. artikulua. Prozedura. Konpentsazioa.
1. Atal honetan araututako zerga-pizgarriak baliatzeko, zerga-araubide bereziaren entitate onuradunek eskumena duten udalei eskaera egin beharko diete, entitatea titulu honetan araututako zerga-araubideari atxikita dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztuz.
Tributuen arloan eskumena duen departamentuak kasuan kasuko toki erakundeari jakinaraziko dio 3.3 artikuluan aipatzen den egiaztapenaren emaitza, kasuko tokiko tributuak ukitzen dituen heinean, bai eta artikulu horretan xedatutakoa aplikatu beharra dakarren edozein gorabehera ere.
2. 2/1995 Foru Legearen 57.2 artikuluan xedaturiko konpentsazio ekonomikoaren ondorioetarako, toki erakundeek tributuen arloan eskumena duen departamentuari jakinaraziko dizkiote zerga-araubide bereziaren entitate onuradunei emandako zerga-pizgarriak.
Nafarroako Gobernuak, tributuen arloan eskumena duen departamentuaren bidez, diruz eta osoki konpentsatuko ditu toki erakundeek, atal honetan aipatzen diren zerga-pizgarriak ematearen ondorioz, jasotzen ez dituzten kopuruak.
Apartatu honetan aipatzen diren konpentsazioak ordaintzeko prozedura erregelamendu bidez ezarriko da.
II. TITULUA. MEZENASGORAKO ZERGA-PIZGARRIAK
I. KAPITULUA. I. TITULUAN AURREIKUSITAKO ZERGA-ARAUBIDE BEREZIA APLIKATZEN DUTEN ENTITATEEI EGINDAKO DOHAINTZAK
15. artikulua. Dohaintzak.
Kapitulu honetan aurreikusitako zerga-pizgarrietarako eskubidea emanen dute "inter vivos" dohaintzek, ezeztaezinek, garbiek eta sinpleek, bai eta I. tituluan aurreikusitako zerga-araubide berezia aplikatzen duten entitateen alde egindako doako zerbitzu-prestazioek ere, ondoren aipatzen direnek, bai zuzkidura edo hasierako ekarpen gisa egiten direnean, bai geroago egiten direnean:
1. Entitate dohaintza-hartzaileak bere helburuak betetze aldera egiten dituen jarduerak gauzatzeko dohaintzan emandako diru-kopuruak.
2. Berariaz eta banan-banan kultura intereseko ondasuntzat jotako ondasunen dohaintzak, urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan ezarritakoaren babesean, baita Kultura Intereseko Ondasunen Erregistro Orokorrean inskribaturiko ondasunen dohaintzak eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legean aipatzen den Inbentario Orokorrean sarturiko ondasunen dohaintzak ere.
3. Kalitate bermatuko artelanen dohaintzak, beren helburuen artean museo-jarduerak egitea eta 2. apartatuan aipatzen diren ondasunak sustatzea eta zabaltzea duten entitateen alde egindakoak, baldin eta obra horiek jendaurrean jartzeko badira.
Artelan horren kalitatea tributuen arloan eskumena duen departamentuan egiaztatu beharko da, eta hark emanen du horren askiespena. Horretarako, arlo horretan eskumena duen departamentuari txostena eskatzen ahalko dio.
4. Entitate dohaintza-hartzailearen aktiboaren zati izan behar duten eta bere helburuak lortzeko jardueretan lagungarri diren ondasunen edo eskubideen dohaintzak.
5. Entitate dohaintza-hartzailearen titulartasunekoak izanik, 2. apartatuan aipatzen diren kategorietako batekoak diren ondasunak kontserbatzeko, konpontzeko edo zaharberritzeko dohaintzan emandako diru-kopuruak.
6. Doako zerbitzu-prestazioak.
1. ATALA
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek egindako dohaintzak
16. artikulua. Dohaintzengatiko kenkariak.
1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek eskubidea izanen dute 15. artikuluan aipatzen diren dohaintzen eta doako zerbitzu-prestazioen ehuneko 25 kentzeko zergaren kuotatik.
2. Aurreko apartatuan aurreikusitako kenkariaren oinarria honako hau izanen da:
a) 15.2 eta 3. artikuluan aurreikusitako kasuetan, tributuen arloan eskumena duen departamentuak zehazten duen balioa. Horretarako, arlo horretan eskumena duen departamentuari txostena eskatzen ahalko dio.
b) 15.4 artikuluan aurreikusitako kasuan, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren araudiaren arabera zehaztutako ondasunaren edo eskubidearen eskurapen balioa. Dohaintzan emandako ondasun hori dohaintza-emaileak berak egin edo ekoiztu badu, ekoizpenaren kostua hartuko da, behar bezala egiaztatu eta gero, betiere merkatuan duen balioa gainditu gabe.
c) 15.6 artikuluan aurreikusitako kasuan, zerbitzu-prestazioen kostua, lagatako ondasunen amortizazioa barne, hala badagokio.
d) 15.1 eta 5. artikuluetan aurreikusitako kasuetan, dohaintzan emandako diru-kopuruen zenbatekoa.
17. artikulua. Kenkarien muga.
Kenkarien oinarria Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 64.1 artikuluan ezartzen den mugaren ondorioetarako zenbatuko da. Testu bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.
18. artikulua. Ondaregehikuntzak eta gutxiagotzeak.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko 15. artikuluan aipatzen diren dohaintzen ondorioz sortutako ondare-gehikuntzak edo -gutxiagotzeak.
2. ATALA
Sozietateen gaineko zergaren zergadunek egindako dohaintzak
19. artikulua. Dohaintzengatiko kenkariak.
1. 15. artikuluaren arabera dohaintzak eta doako zerbitzu-prestazioak egiten dituen zergadunaren sozietateen gaineko zergaren zerga-oinarria zehazteko, horien zenbatekoa partida kengarritzat hartuko da.
2. Gainera, ikerketa-erakunde publikoek edo teknologia zentroek gauzatzen dituzten jardueren antzekoak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko entitateei diru dohaintza eginez gero, kenkaria egiten ahalko da Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 61.1 artikuluko lehenbiziko paragrafoan ezarritako kuota osoan.
3. Aurreko apartatuetan adierazitako kuotako kenkariaren oinarriaren zenbatekoa eta partida kengarriaren zenbatekoa 16.2 artikuluan ezarritako moduan zehaztuko dira.
Hala ere, 15.4 artikuluan aurreikusitako kasuan, ondasunen eta eskubideen balorazioa honako irizpide hauen arabera eginen da:
a) Dohaintza egiten duen entitateak ekoizturiko ondasun berriak badira, horien fabrikazio kostua, baina ez da izanen merkatuko batez besteko prezioa baino handiagoa.
b) Hirugarrenei erosi ondoren berri gisa ematen diren ondasunak badira, horien erosketa prezioa, betiere merkatuan duen batez besteko prezioa gainditu gabe.
c) Dohaintza egiten duen entitateak aurretik erabilitako ondasunak badira, horien kontabilitate-balio garbia, betiere dagozkion gutxieneko amortizazioak aplikatuta aterako litzatekeen prezioa gainditu gabe.
d) Eskubideak badira, horien kontabilitate-balio garbia, betiere merkatuan duen batez besteko balioa gainditu gabe.
20. artikulua. Kenkarien mugak.
1. 15.2 eta 3. artikuluan jasotako dohaintzen kasuan, kenkarien zenbatekoak ezin izanen du gainditu, entitate dohaintza-emaileari dagokionez, honako muga hauetako handiena:
a) Zerga-oinarriaren ehuneko 30, 49.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Diru-sarreren bolumenaren milako 3.
2. 15. artikuluan jasotako gainerako kasuetan, kenkarien zenbatekoak ezin izanen du muga hauetako handiena gainditu:
a) Zerga-oinarriaren ehuneko 10, 49.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Diru-sarreren bolumenaren milako 1.
3. 1.b) eta 2.b) apartatuetan xedatutakoa aplikatuz gero, ezin izanen da zerga-oinarri negatibo bat sortu.
21. artikulua. Dohaintzek sortutako errenta positiboak edo negatiboak.
Sozietateen gaineko zergaren ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko 15. artikuluan aipatutako dohaintzen ondorioz agertzen diren errenta positiboak edo negatiboak.
3. ATALA
Enpresen arteko lankidetzako jarduketak interes orokorreko jardueretan, lankidetza-hitzarmen baten bidez
22. artikulua. Lankidetzahitzarmena.
Interes orokorreko jardueretarako lankidetza-hitzarmentzat hartuko da I. tituluan aipatzen diren entitateek, beren helburuak betetzeko laguntza ekonomiko baten truke, izenpetzen dutena, idatziz konpromisoa hartuta laguntzailearen parte-hartzea zabaltzeko.
Konpromiso hori ezin da izan, inola ere, errentetan edo etekinetan parte hartzearen ondoriozko diru-kopuruak ematea.
23. artikulua. Zergapizgarriak.
1. Sozietateen gaineko zergaren zerga-oinarria zehazteko, partida kengarritzat hartuko da interes orokorreko jardueretarako lankidetza-hitzarmen baten bidez ordaindutako zenbatekoa.
Kenkari horren zenbatekoak ezin izanen du muga hauetako handiena gainditu:
a) Zerga-oinarriaren ehuneko 5, 49.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Entitatearen diru-sarreren bolumenaren milako 0,5.
Letra honetan xedatutakoa aplikatuz gero, ezin izanen da zerga-oinarri negatibo bat sortu.
2. Enpresa edo lanbide jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunen kasuan, 1. apartatuan xedatutakoa aplikatuko zaie, eta ehuneko 5eko muga zenbatuko da jarduera horietatik eratorritako etekin garbiei dagokien zerga-oinarriaren zatiaren gainean.
II. KAPITULUA
KULTURA, GIZARTE, INGURUMEN ETA KIROL MEZENASGORAKO ZERGA-PIZGARRIAK
1. ATALA
Kultura mezenasgoa
1. AZPIATALA
Xedapen orokorrak
24. artikulua. Kultura mezenasgoaren kontzeptua eta modalitateak.
1. Kultura mezenasgoa da 25. artikuluan adierazitako entitateek egin eta gizarte interesekotzat deklaratutako kultura proiektu edo jardueren finantzaketan parte-hartze pribatua izatea.
2. Kultura mezenasgoa honako modalitate hauen bidez egiten ahalko da:
a) "Inter vivos" dohaintzak, ezeztaezinak, garbiak eta sinpleak.
b) Kultura intereseko ondasunen, ondasun inbentariatuen, tokiko garrantzia duten ondasunen edo kalitate bermatuko artelanen erabilera-maileguak edo komodatua, bai eta gizarte interesekotzat deklaratutako proiektuak edo jarduerak egiteko lokalenak ere.
c) Lankidetza-hitzarmenak. Gizarte intereseko kultura proiektu edo jardueren arloko lankidetza-hitzarmentzat hartuko da 25. artikuluan aipatutako pertsona edo entitateek, gizarte intereseko deklarazioa duen proiektu edo jarduera bat egiteko dirulaguntza baten truke edo balorazio ekonomikoa izan dezakeen laguntza baten truke, izenpetzen dutena, bertan konpromisoa hartuta, idatziz, kolaboratzaileak proiektu edo jarduera horietan parte hartu duela zabaltzeko, edozein bitarteko erabiliz.
Artikulu honetan zehaztutako lankidetza-hitzarmenen barruan kolaboratzailearen parte-hartzearen zabalkunde lanak ez dira zerbitzu-prestazioa.
d) Finantza produktu batzuetarako ekarpen erabilezinak kultura mezenasgoaren alde. Pertsona fisikoek eta juridikoek diruzko ekarpenak egin ditzakete kultura mezenasgoari laguntzeko, kreditu entitateek kudeatutako finantza produktu jakin batzuetarako, araubide honi loturik betiere:
1. Ekarpen horiek denboran mugaturik egonen dira, eta erabilezinak izanen dira finantza produktu horretan sarturik dauden bitartean.
Ekarpenen titularrek kreditu entitateekin adostuta finkatuko dute ekarpenek zenbat denbora emanen duten finantza produktuan; denbora hori ez da izanen lagundu gogo den kultura proiektua edo jarduera garatzeko denbora baino luzeagoa.
2. Finantza produktu bakoitza lotuta egonen da kultura arloko jarduera edo proiektu bat garatzen duen pertsona edo entitate batekin, jarduera edo proiektu hori gizarte interesaren deklarazioa jaso badu 28. artikuluan xedatutakoarekin bat.
3. Ekarpen horien egiazko titularra ekarpen-egilea izanen da, eta, beraz, finantza mozkinak egiazko titular horri egotziko zaizkio.
Aurrekoa galarazi gabe, finantza produktu bakoitzaren mozkinak, atxikipena egiteko betebeharraren menpe ez daudenak, doan eskualdatuko zaizkio sei hilean behin, nahitaez, finantza produktuarekin loturik dauden pertsona edo entitate guztiei, bigarren puntuan aipatutako horiei alegia.
4. Finantza produktua kudeatzen duen kreditu entitateak urtero jakinaraziko dizkie ekarpen egileei eta pertsona edo entitate onuradunei titular bakoitzaren kasuan lortu diren eta pertsona edo entitate onuradun horiei eskualdatu zaizkien mozkinek egiten duten zenbatekoa.
25. artikulua. Kultura mezenasgoaren onuradun diren pertsona eta entitateak.
1. Kultura mezenasgoaren onuradun izan daitezke pertsona eta entitate hauek:
a) Egoitza fiskala Nafarroan duten irabazi-asmorik gabeko entitateak.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki erakundeak, bai eta haien menpeko erakunde autonomo eta fundazio publikoak ere.
c) Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako unibertsitateak.
d) Beste autonomia erkidego batzuetan eta atzerrian egoitza duten Nafarroako txokoak, zentroak eta etxeak, bai eta entitate horien federazioak ere.
e) Eliza Katolikoa eta Espainiako Estatuarekin lankidetza-hitzarmenak sinatuak dituzten elizak, erlijioak eta komunitate erlijiosoak.
f) Helbide fiskala Nafarroan izan eta jarduera artistikoak gauzatu ohi dituzten pertsona fisikoak, juridikoak eta nortasun juridikorik gabeko entitateak, baldin eta haien negozio zifraren zenbateko garbia ez bada izan 200.000 eurotik gorakoa aurreko zergaldian.
Pertsona juridikoa sozietateen talde bateko kide bada, Merkataritza Kodearen 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, negozio zifraren zenbateko garbia kalkulatzeko kontuan hartuko da talde osoaren zifra.
Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren Tarifak eta Jarraibidea onesten dituen maiatzaren 28ko 7/1996 Foru Legeari jarraikiz, jarduera artistikotzat hartuko dira ondoko hauek:
1. Bigarren atalean (lanbide jarduerak), 86. elkartean, 861, 862, 864 eta 869. taldeetan sartutakoak, pertsona fisikoak direnean.
2. Hirugarren atalean (jarduera artistikoak), 01., 02. eta 03. elkarteetan sartutakoak, pertsona fisikoak, juridikoak edo nortasun juridikorik gabeko entitateak direnean.
2. Honako hauek ez dira kultura mezenasgoaren pertsona edo entitate onuradunak izanen:
a) Jarduera artistikoak betetzen dituzten pertsona fisikoak, kasuko mezenasgo modalitateak ezkontideak, izatezko bikotekide egonkorrak, hirugarren gradu arteko aurreko, ondorengo nahiz alboko ahaideek edo pertsona fisiko horrekin batera errentak eratxekitzeko araubideko entitate bateko kide direnek haientzat eginak badira.
b) Jarduera artistikoak betetzen dituzten pertsona fisikoak edo entitateak, jarduera artistikoa betetzen duen pertsonak edo entitateak eta dohaintza- edo ekarpen-emailea denak pertsona edo entitate lotuen izaera badute sozietateen gaineko zergaren araudiarekin bat.
26. artikulua. Kultura proiektuaren edo jardueraren kontzeptua.
Kultura proiektu edo jardueratzat hartzen dira honakoekin zerikusia dutenak:
a) Zinematografia, ikus-entzunezko arteak eta multimedia arteak.
b) Arte eszenikoak, musika, dantza, antzerkia eta zirkoa.
c) Ikusizko arteak: arte plastikoak edo arte ederrak, argazkilaritza eta diseinua.
d) Liburua eta irakurgaiak, literatur argitalpenak eta argitalpen fonografiko eta zinematografikoak, edozein formatutan edo euskarritan.
e) Egungo ezagutzaren gizartean dauden produktu kulturalen aniztasunetik sortutako ikerketa-prozesu eta -proiektuak.
f) Nafarroako kultura ondarearen -materialaren eta ez-materialaren- gaineko ikerketa, dokumentazioa, kontserbazioa, zaharberritzea, berreskuratzea, zabalkundea eta sustapena egitea, Nafarroako hizkuntza aniztasunari bereziki erreparatuta.
g) Nafarroako folklorea eta herri tradizioak, bereziki herri musika (jota, aurorak eta euskarazko herri kantak) eta herri askotako dantza tradizionalak (esate baterako, jota, larrain dantza, makil dantza, bolanteak, mutil dantza edo ezpata dantza).
h) Artearen edo kulturaren arloko beste edozein jarduera.
27. artikulua. Gizarte interesekotzat hartzea.
1. Honako kultura proiektu edo jarduera hauek gizarte interesekotzat hartuko dira, berariazko deklarazioa egin behar izan gabe:
a) Kulturaren arloko eskumena duen departamentuak eta haren menpeko fundazio publikoek antolatutakoak.
b) Aipatutako departamentu horrek hitzarmen edo dirulaguntza bidez sustatu edo laguntzen dituenak, 25. artikuluan aurreikusitako pertsona edo entitate onuradunek eginak badira.
c) Nafarroako toki erakundeek eta Nafarroan ezarritako unibertsitate publikoek antolatutakoak.
Letra honek aipagai dituen kultura proiektu edo jarduerak jakinarazi egin beharko zaizkio kulturaren arloko eskumena duen departamentuari, zeinak gizarte intereseko deklarazioa modu arrazoituan ukatu egiten ahalko baitu, baldin eta proiektu edo jarduera horiek ez badatoz bat 26. artikuluan ezarritakoekin.
Jakinarazpena eta ukapena egin beharko dira kulturaren arloko eskumena duen departamentuko titularrak ezartzen duen prozeduraren arabera.
2. Urte bakoitza amaitu baino lehen, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak zerrenda bat igorriko dio zerga administrazioari, non jasoko den urte horretan zer kultura proiektu edo jarduera hartu behar diren, artikulu honetan ezarritakoaren arabera, gizarte interesekotzat berariazko deklarazioa egin behar gabe, bai eta 1.b) apartatuan adierazitako pertsona edo entitate onuradunen zerrenda bat ere.
Hori gorabehera, antolatzaileek, 1. apartatuko a) eta c) letren kasuan, eta pertsona edo entitate onuradunek, 1.b) apartatuaren kasuan, 48. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte, eman beharreko ziurtagiriei eta zerga administrazioari dagokion informazioa igorri beharrari buruzkoak.
28. artikulua. Gizarte intereseko deklarazioa, pertsona edo entitate onuradunek eskatuta.
1. Pertsona eta entitate onuradunek beren kultura proiektuak edo jarduerak gizarte interesekotzat deklaratzea eskatzen ahalko dute, kulturaren arloko eskumena duen departamentuko titularrak ezartzen duen prozeduraren arabera.
2. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak ebaluatuko ditu gizarte intereseko deklaraziorako eskaerak, irizpide hauen arabera:
a) Kultura jardueren garrantzia eta eragin soziala.
b) Nafarroaren kultura ondarea, materiala eta ez-materiala, ikertzeko, zaintzeko eta zabaltzeko jardueren eragina, bereziki erreparatuz haren hizkuntza-aniztasunari.
c) Sorkuntza artistikoaren sustapenean eta sortzaile berrientzako laguntzan duen eragina.
d) Prestakuntza artistikoari eta kulturalari dagokionez duen balioa eta interesa.
e) Herritarren parte-hartzea eta publikoen sorrera sustatzeko duen balioa eta interesa, IKTei arreta berezia eskainita.
f) Nafarroako Foru Komunitateko arte eta kultura balioak kanpoan sustatzeari dagokionez duen balioa eta interesa.
g) Arteak eta zientziak hedatzen lagunduko duten inbertsio kulturalak egiteari dagokionez duen balioa eta interesa.
h) Jarrera ikertzailea eta hizkuntza berritzaileen esplorazioa kultura esparruan.
i) Nafarroako Foru Komunitateko kulturaren kontserbazioarekin, sustapenarekin eta garapenarekin zerikusia duen beste edozein irizpide.
j) Oinarrizko irizpide gisa, zer erlazio dagoen proiektu edo jarduerak duen aurrekontuaren eta aurreko letrek aipagai duten eraginaren artean.
3. Gizarte intereseko deklaraziorako eskaera ebaluatu ondoren, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak deklarazioa emateko edo ukatzeko proposamena igorriko dio kulturaren arloko eskumena duen zuzendaritza nagusiko titularrari, eta horrek proposamen horren arabera ebatziko du.
4. Ebazpena ezezkoa bada, ebazpenak arrazoitua izan beharko du, 2. apartatuan ezarritako irizpideei erreferentzia eginez. Halaber, ukatzeko ebazpena emateko arrazoia izaten ahalko da pertsona edo entitate onuradunak ez betetzea aurretik gizarte interesekotzat deklaratu zitzaizkion proiektu edo jarduerei zegozkien betebehar formalak, testu bategin honetan ezarritakoak. Azaldutako argudioak ikusita, pertsona edo entitate onuradunak bere proiektu edo jarduera berraztertu eta gizarte intereseko deklarazioa berriz eskatzen ahalko du.
29. artikulua. Kultura proiektuen edo jardueren ereduko programak gizarte interesekotzat deklaratzea.
Izaera eta edukiagatik ondoko urteetarako antzekoak izanen diren kultura proiektu eta jarduerak gauzatzen dituzten entitateek eskatzen ahalko dute kultura jardueren ereduko programa baten gizarte intereseko deklarazioa, zeinak programa horretan aurreikusitako kontzeptuen barnean sartutako jarduerak bilduko dituen.
Gizarte intereseko deklarazioa egiteko, 28. artikuluan xedatutakoari lotuko zaio.
2. AZPIATALA
Zerga-pizgarriak
30. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga.
1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek eskubidea izanen dute 24. artikuluan aipatutako kultura mezenasgoaren modalitateei ematen zaien balioaren lehen 150 euroen ehuneko 80 kentzeko zergaren kuotatik. 150 eurotik gorako zenbatekoek ehuneko 40ko kenkaria egiteko eskubidea izanen dute. Zergadun bakoitzeko eta zergaldi bakoitzeko aplikatuko da 150 euroko muga.
2. Honako hau izanen da egindako dohaintzengatiko kenkarien oinarria:
a) Diruzko dohaintzetan, haien zenbatekoa.
b) Ondasun edo eskubideen dohaintzetan, eskualdaketa egiten den unean daukaten kontabilitate-balioa eta, halakorik ezean, ondarearen gaineko zergaren arauekin bat zehaztutako balioa.
Doako zerbitzu-emateetan, egindako gastuen kostua, irabazi-marjina kontuan izan gabe.
c) Ondasun higiezinen gaineko gozamenerako eskubide erreala eratzen denean, zenbateko jakin bat urtean, hauxe, alegia: gozamenak iraun bitarteko zergaldietako bakoitzean katastroko balioari ehuneko 4 aplikatzearen emaitza; hura zehaztuko da zergaldi bakoitzean dagokion egun kopuruaren proportzioan.
d) Balioen gaineko gozamenerako eskubide erreala eratzen denean, gozamenak iraun bitarteko zergaldietako bakoitzean gozamendunak jasotako dibidenduen edo interesen urteko zenbatekoa.
e) Beste ondasun eta eskubide batzuen gaineko gozamenerako eskubide erreal bat eratzen denean, zehaztuko da zenbateko jakin bat urtean, alegia, ekitaldi bakoitzeko diruaren legezko interesa gozamenaren balioari (hura eratzeko unean zehaztua) aplikatzean sortzen den emaitza, bat etorriz ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren arauekin.
f) Kultura intereseko ondasunen, ondasun inbentariatuen, tokiko garrantzia duten ondasunen edo kalitate bermatuko artelanen dohaintzetan, Nafarroako Kultura Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordeak egindako balorazioa. Nafarroako Kultura Ondarekoak ez diren kultura ondasunen kasuan, Batzordeak baloratuko du, halaber, lanaren kalitatea aski ote den.
Apartatu honetan xedatutakoari jarraikiz zehaztutako balioaren gehieneko muga izanen da eskualdatutako ondasunak edo eskubideak eskualdaketaren unean merkatuan duen balio arrunta.
3. Erabilera maileguengatik edo komodatuarengatik egin daitezkeen kenkarien oinarria urteko zenbateko bat izanen da, hain zuzen ere maileguak iraun bitarteko zergaldietako bakoitzean Nafarroako Kultura Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordeak ondasunaz egindako balorazioari ehuneko 4 aplikatzearen emaitza; zergaldi bakoitzeko egun kopuruaren proportzioan zehaztuko da.
Proiektuak edo jarduerak egiteko lokalen kasuan, oinarria katastroko balioa izanen da, zergaldi bakoitzeko egun kopuruari dagokion proportzioan.
4. Lankidetza-hitzarmenek eragindako kenkarien oinarria 2. apartatuan xedatutakoaren arabera kalkulatuko da.
5. Kenkarien oinarria Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen testu bateginaren 64.1 artikuluan aipatzen den mugaren ondorioetarako kontatuko da.
31. artikulua. Sozietateen gaineko zerga.
1. Sozietateen gaineko zergaren zergadunek zerga-pizgarri hauek izanen dituzte:
a) Zerga-oinarria zehazteko, 24. artikuluan aipatutako kultura mezenasgoaren modalitateak baloratzeko zenbatekoak partida kengarritzat hartuko dira.
Zerga-oinarrian kentzen ahal den zenbatekoa honako muga hauetako handiena adinakoa izanen da, gehienez ere:
1. 49.1 artikuluan aipatzen den zerga-oinarriaren ehuneko 30.
2. Negozio zifraren zenbateko garbiaren milako 3.
Zenbaki honetan xedatutakoa aplikatuz gero, ezin izanen da zerga-oinarri negatibo bat sortu.
b) Gainera, eskubidea izanen dute zergaren kuota likidoan kenkaria aplikatzeko, 24. artikuluan aipatutako kultura mezenasgoaren modalitateei ematen zaien balioaren lehen 300 euroen ehuneko 30ekoa. 300 eurotik gorako zenbatekoek kuota likidoan ehuneko 20ko kenkaria egiteko eskubidea izanen dute. Zergadun bakoitzeko eta zergaldi bakoitzeko aplikatuko da 300 euroko muga.
Kuotaren kenkaria sozietateen gaineko zergaren araudian ezarritakoarekin bat aplikatuko da eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko 26/2016 Foru Legearen 67.4 artikuluan ezarritako mugaren ondorioetarako zenbatuko da.
2. Partida kengarriaren zenbatekoa eta kenkariaren oinarria 30. artikuluan ezarritako moduan zehaztuko dira.
32. artikulua. Beste zergapizgarri batzuk.
1. Dohaintza-emailearen edo mezenasen errenta zergapetzen duen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta sozietateen gaineko zergaren ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko 24. artikuluan aipatutako mezenasgoaren modalitateak gauzatzean agerian jartzen diren ondare-gehikuntzak edo -gutxiagotzeak eta errenta positibo edo negatiboak.
2. Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergan, berriz, salbuetsirik egonen dira 25.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat onuradun diren pertsona fisikoek izandako doako eskuraketak.
2. ATALA
Gizarte mezenasgoa
33. artikulua. Gizarte mezenasgoaren kontzeptua eta modalitateak.
1. Gizarte mezenasgoa da parte-hartze pribatua izatea 34. artikuluan aipatutako entitateen finantzaketan, baldin eta eskubide sozialen arloan eskumena duen departamentutik edo Nafarroako Berdintasunerako Institututik araubidearen nahitaezko aitorpena jaso badute 35. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
2. Gizarte mezenasgoa honako modalitate hauen bidez egiten ahalko da:
a) "Inter vivos" dohaintzak, ezeztaezinak, garbiak eta sinpleak.
b) Lankidetza-hitzarmenak. Lankidetza-hitzarmentzat hartuko da 34. artikuluan aipatzen diren entitateek, beren helburuak betetzeko laguntza ekonomiko baten truke edo balorazio ekonomikoa izan dezakeen laguntza baten truke, izenpetzen dutena, idatziz konpromisoa hartuta kolaboratzaileak finantzaketan parte hartu duela zabaltzeko, edozein bitarteko erabiliz.
Artikulu honetan zehaztutako lankidetza-hitzarmenen barruan kolaboratzailearen parte-hartzearen zabalkunde lanak ez dira zerbitzu-prestazioa.
34. artikulua. Gizarte mezenasgoaren entitate onuradunak.
Gizarte mezenasgoaren entitate onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Irabazi-asmorik gabeko entitatea izatea. Edozein kasutan, irabazi-asmorik gabeko entitateak izanen dira fundazioak, onura publikoko deklaratutako elkarteak, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (garapenerako lankidetzaren arloan eskuduna den ministerioaren gobernuz kanpoko erakundeen erregistroan inskribatuak), gizarte-ekimeneko kooperatibak (Nafarroako Kooperatiben Erregistroan inskribatuak) eta aurreko entitate guztien federazioak eta elkargoak.
b) Helburu sozialak izatea, gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arlokoak. Betiere ulertuko da gai hauei lotutako xedeak edo jarduketa-eremuak dituzten entitateek helburu sozialak dituztela: desgaitasuna, mendekotasuna, bazterketa, adingabeentzako arreta gizarte zerbitzuetan, presoak eta preso ohiak, etxegabeak, etorkinak, gutxiengoak, droga-mendekotasunen eta beste adikzio batzuen prebentzioa eta tratamendua, adineko pertsonak, garapenerako lankidetza, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta ematea eta arlo horretako ikerketa, prebentzioa, sentsibilizazioa eta detekzioa. Betiere, gai horiek direla eta, inskribaturik egon behar dute gizarte zerbitzuen eta baimen berariazkoen erregistroan, garapenerako lankidetzaren arloan eskuduna den Ministerioko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan edo Nafarroako Foru Komunitateko Emakume Elkarteen Zentsuan .
c) Nafarroan jarduera egin izana aurreko b) letran aipatutako eremuren batean, 35. artikuluan aipatzen den eskaera aurkeztu aurreko azken 4 urteetan. Nolanahi ere, azken 4 urteetan Nafarroan jarduera egin duten entitateak izanen dira ekitaldi horietan guztietan Nafarroako administrazio publikoetatik dirulaguntzaren bat jaso dutenak aurreko b) letrako esparruetako jarduerak garatzeko.
d) Jasotako errenta eta diru-sarreren ehuneko 70 edo gehiago, horiek eskuratzeko gastuak kendu ondoren, interes orokorreko helburuetara bideratzea, eta gainerakoa ondare zuzkidura edo erreserbak handitzera bideratzea, horiek eskuratu eta 4 urteko epean, gehienez ere.
e) Dirulaguntza publikoen entitate onuradunei ezarritako gardentasun betebeharrak betetzea.
35. artikulua. Gizarte mezenasgoari aplikatu beharreko zergaaraubidea eskatzea eta onartzea.
1. Entitate interesdunek bosgarren atalean aurreikusitako zerga-pizgarriak eskuratzeko eskaera egin beharko diote eskubide sozialen arloan eskumena duen departamentuari edo Nafarroako Berdintasunerako Institutuari, departamentu edo erakunde horien titularrek onetsitako ereduaren arabera, eta, hala badagokio, 34. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera.
Ez da beharrezkoa izanen betebehar horiek betetzearen frogagiriak aurkeztea ondorioztatzen bada horietako bat betetzen dela administrazio publiko baten erregistro batean inskribatuta egoteagatik edo Nafarroako administrazio publikoetatik dirulaguntzak jasotzeagatik, edo administrazio publiko bati edozein prozedura edo tramitetan emandako dokumentaziotik. Halakoetan aski izanen da dagokion prozedura edo erregistroa aipatzea.
2. Bosgarren atalean ezarritako araubidean sartu ondoren, mezenasgoaren onuradun diren entitateek eskatu beharko diote eskubide sozialen arloan eskumena duen departamentuari araubide hori mantentzeko, urte bakoitzeko lehenbiziko zortzi hilabetean, departamentu horren edo/eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren titularrek onesten duten eredua erabiliz. Gainera, epe horretan, entitate onuradunen ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute esanez 34. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen jarraitzen dutela. Adierazpen horrekin batera, buruturiko azken zergaldiari dagozkion entitatearen kontuak aurkeztuko dituzte, salbuetsiz zerga araudia betez horiek jada aurkeztu izana zerga arloan eskuduna den departamentuan.
Eskubide sozialen arloan eskuduna den departamentuari edo/eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuari dagokie egiaztatzea ezarritako betekizunak betetzen direla, entitate eskatzaileen jarduera eremuaren arabera.
3. 1. eta 2. apartatuetan aipatutako eskabideak ebatziko ditu:
a) Eskubide sozialen arloan eskumena duen departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren titularrak, entitateen xede soziala gizarte zerbitzuen edo garapenerako lankidetzaren arlokoa bada.
b) Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari orokorra, baldin entitate sozialen helburu soziala bada emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloa, eta emakumeen kontrako indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta ematea eta arlo horretako ikerketa, prebentzioa, sentsibilizazioa eta detekzioa .
Pertsona berberei dagokie xedatzea entitate batek bosgarren atalean ezarritako araubidea erabiltzeari utzi behar diola, egiaztatzen dutenean betekizunen bat betetzen ez duela.
4. Gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi behar da ebazpen hori. Epe hori igarota berariazko ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskaera aurkeztu duen entitate interesdunak zilegi du ulertzea eskaera baietsi dela administrazio isiltasunaren bidez.
Hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi behar da araubide erabiltzeari uzteko ebazpena. Gehieneko epea igarotzen bada berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, prozedura iraungi eginen da.
5. Urte bakoitza bukatu baino lehen, eskubide sozialen arloan eskuduna den departamentuak eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuak atal honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitate onuradunen zerrenda bidaliko diote zerga administrazioari.
3. ATALA
Ingurumen mezenasgoa
36. artikulua. Ingurumen mezenasgoaren kontzeptua eta modalitateak.
1. Ingurumen mezenasgoa da parte-hartze pribatua izatea 37. artikuluan aipatutako entitateen finantzaketan, baldin eta ingurumen arloan eskumena duen departamentutik araubidearen nahitaezko aitorpena jaso badute 38. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
2. Ingurumen mezenasgoa honako modalitate hauen bidez egiten ahalko da:
a) "Inter vivos" dohaintzak, ezeztaezinak, garbiak eta sinpleak.
b) Lankidetza-hitzarmenak. Lankidetza-hitzarmentzat hartuko da 37. artikuluan aipatzen diren entitateek, beren helburuak betetzeko laguntza ekonomiko baten truke edo balorazio ekonomikoa izan dezakeen laguntza baten truke, idatziz konpromisoa hartzen dutenean kolaboratzaileak finantzaketan parte hartu duela zabaltzeko, edozein bitarteko erabiliz.
Artikulu honetan zehaztutako lankidetza-hitzarmenen barruan kolaboratzailearen parte-hartzearen zabalkunde lanak ez dira zerbitzu-ematea.
37. artikulua. Ingurumen mezenasgoaren entitate onuradunak.
Ingurumen mezenasgoaren entitate onuradun izateko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Irabazi-asmorik gabeko entitatea izatea. Edozein kasutan, irabazi-asmorik gabeko entitateak izanen dira fundazioak, onura publikoko deklaratutako elkarteak, ingurumen arloko gobernuz kanpoko erakundeak (ingurumen arloan eskuduna den ministerioaren gobernuz kanpoko erakundeen erregistroan inskribatuak), energiarekin lotutako kontsumo kooperatibak (Nafarroako Kooperatiben Erregistroan inskribatuak) eta aurreko entitate guztien federazioak eta elkargoak.
b) Beren xedeen artean jasota edukitzea naturaren kontserbazioa eta ingurumenaren babesa, ingurumen hezkuntza, ingurumen arloko boluntariotza, klima aldaketaren aurkako borroka edo energia-trantsizioa.
c) Nafarroan jarduera egin izana b) letran aipatutako eremuren batean, hurrengo artikuluan aipatzen den eskaera aurkeztu aurreko azken 4 urteetan. Nolanahi ere, azken 4 urteetan Nafarroan jarduera egin duten entitateak izanen dira ekitaldi horietan guztietan Nafarroako administrazio publikoetatik dirulaguntzaren bat jaso dutenak b) letrako esparruetako jarduerak garatzeko.
d) Jasotako errenta eta diru-sarreren ehuneko 70 edo gehiago, horiek eskuratzeko gastuak kendu ondoren, interes orokorreko helburuetara bideratzea, eta gainerakoa ondare zuzkidura edo erreserbak handitzera bideratzea, horiek eskuratu eta 4 urteko epean, gehienez ere.
e) Dirulaguntza publikoen entitate onuradunei ezarritako gardentasun betebeharrak betetzea.
38. artikulua. Ingurumen mezenasgoari aplikatu beharreko zergaaraubidea eskatzea eta aitortzea.
1. Entitate interesdunek bosgarren atalean aurreikusitako zerga-pizgarriak eskuratzeko eskaera egin beharko diote ingurumen arloan eskumena duen departamentuari, departamentu horren titularrak onetsitako ereduaren arabera, eta, hala badagokio, 37. artikuluan adierazitako betekizunak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko dute eskabidearekin batera.
Ez da beharrezkoa izanen betebehar horiek betetzearen frogagiriak aurkeztea ondorioztatzen bada horietako bat betetzen dela administrazio publiko baten erregistro batean inskribatuta egoteagatik edo Nafarroako administrazio publikoetatik dirulaguntzak jasotzeagatik, edo administrazio publiko bati edozein prozedura edo tramitetan emandako dokumentaziotik. Halakoetan aski izanen da dagokion prozedura edo erregistroa aipatzea.
2. Bosgarren atalean ezarritako araubidean sartu ondoren, mezenasgoaren onuradun diren entitateek eskatu beharko diote ingurumen arloan eskumena duen departamentuari araubide hori mantentzeko, urte bakoitzeko lehenbiziko zortzi hilabetean, departamentu horren titularrak onesten duten eredua erabiliz. Gainera, epe horretan, entitate horien ordezkariek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztuko dute esanez 37. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen jarraitzen dutela. Adierazpen horrekin batera, buruturiko azken zergaldiari dagozkion entitatearen kontuak aurkeztuko dituzte, salbuetsiz zerga araudia betez horiek jada aurkeztu izana zerga arloan eskuduna den departamentuan.
Ingurumen arloan eskumena duen departamentuari dagokio egiaztatzea ezarritako betekizunak betetzen direla.
3. Ingurumen arloan eskumena duen departamentuaren zuzendaritza nagusiko titularrak ebatziko ditu 1. eta 2. apartatuetan aipatutako eskaerak.
Pertsona berberei dagokie xedatzea entitate batek bosgarren atalean ezarritako araubidea erabiltzeari utzi behar diola, egiaztatzen dutenean betekizunen bat betetzen ez duela.
4. Gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi behar da ebazpen hori. Epe hori igarota berariazko ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskaera aurkeztu duen entitate interesdunak zilegi du ulertzea eskaera baietsi dela administrazio isiltasunaren bidez.
Hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi behar da araubide erabiltzeari uzteko ebazpena. Gehieneko epea igarotzen bada berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, prozedura iraungi eginen da.
5. Urte bakoitza amaitu baino lehen, ingurumen arloan eskumena duen departamentuak atal honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten entitate onuradunen zerrenda bidaliko dio zerga Administrazioari.
4. ATALA
Kirol mezenasgoa
39. artikulua. Kirol mezenasgoaren kontzeptua eta modalitateak.
1. Kirol mezenasgoa da parte-hartze pribatua izatea Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak gizarte interesekotzat deklaratzen dituen iraupen mugatuko kirol jardueren finantzaketan.
2. Kirol mezenasgoa honako modalitate hauen bidez egiten ahalko da:
a) "Inter vivos" dohaintzak, ezeztaezinak, garbiak eta sinpleak.
b) Erabilera maileguak edo komodatuak.
c) Lankidetza-hitzarmenak. Gizarte intereseko kirol jardueren arloko lankidetza-hitzarmentzat hartuko da 40. artikuluan aipatutako pertsona edo entitateek, gizarte intereseko deklarazioa duen kirol jarduera bat egiteko laguntza baten truke edo balorazio ekonomikoa izan dezakeen laguntza baten truke, izenpetzen dutena, konpromisoa hartuta, idatziz, kolaboratzaileak jarduera horietan parte hartu duela zabaltzeko, edozein bitarteko erabiliz.
Artikulu honetan zehaztutako lankidetza-hitzarmenen barruan kolaboratzailearen parte-hartzearen zabalkunde lanak ez dira zerbitzu-prestazioa.
40. artikulua. Kirol mezenasgoaren pertsona eta entitate onuradunak.
Kultura mezenasgoaren onuradun izan daitezke pertsona eta entitate hauek:
a) Irabazi-asmorik gabeko kirol entitateak, Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatuak.
b) Nafarroan helbideratutako fundazioak, haien xedeen artean Nafarroako kirola sustatu eta garatzea dutenak.
c) Nafarroako kirol federazio batean afiliatuta egon eta egoitza fiskala Nafarroan duten Nafarroako kirolariak.
d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta Nafarroako toki erakundeak, bai eta haien menpeko erakunde autonomo eta fundazio publikoak ere.
e) Nafarroan ezarrita dauden unibertsitateak.
Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, kirol jarduerak betetzen dituzten pertsona fisikoak ez dira onuradunak izanen kasuko mezenasgo modalitateak ezkontideak, izatezko bikotekide egonkorrak, hirugarren gradu arteko aurreko, ondorengo nahiz alboko ahaideek edo pertsona fisiko horrekin batera errentak eratxekitzeko araubideko entitate bateko kide direnek haientzat eginak badira.
Era berean, kirol jarduerak betetzen dituzten pertsona fisikoak edo entitateak ez dira onuradun izanen jasotako mezenasgo modalitateen inguruan, kirol jarduera betetzen duen pertsonak edo entitateak eta dohaintza- edo ekarpen-emailea denak pertsona edo entitate lotuen izaera badute sozietateen gaineko zergaren araudiarekin bat.
41. artikulua. Gizarte interesekotzat deklaratutako kirol jardueraren kontzeptua.
1. Gizarte interesekotzat deklaratzen ahalko dira honako jarduera hauek:
a) Kirol jarduerak, prestakuntza, sustapen, osasun eta ikerketakoak, kirol arloan.
b) Kirol jarduerak, beharrizan bereziak dituzten pertsonei bideratuak, haien artean hartuta adinekoak, sedentarismotik eta bizimodutik eratorritako patologiak dituztenak, desgaitasuna dutenak, etorkinak eta kolektibo behartsuak.
c) Oinarrizko kirola eta eskola-adinean sustatzera bideratutako kirol jarduerak eta programak.
d) Kirola sustatzeko, ingurune naturala zaindu eta gordetzeko eta Nafarroako Foru Komunitateko Bideen Sarea lehengoratu eta hobetzeko jarduerak.
e) Kirol autoktono edo tradizionalak berreskuratu eta sustatzeko jarduerak.
2. Gizarte interesekotzat deklaratutako jarduerak iraupen mugatukoak izanen dira.
3. Ezin izanen dira inola ere gizarte interesekotzat deklaratu, kirol mezenasgoaren ondorioetarako, lehiaketa federatuetako partaidetza diren kirol jarduerak.
42. artikulua. Gizarte intereseko deklarazioaren eskaera.
1. Kirol jarduerak gizarte interesekotzat deklaratzeko eskaera aurkezten ahalko du kirol mezenasgoaren onuradun diren pertsona edo entitate orok, 40. artikuluan agertzen direnetatik.
Gizarte interesekotzat deklaratzeko eskatzen den kirol jarduera bakoitzeko eskaera bat aurkeztuko da.
Foru aginduaren bidez, kirol arloko eskumena duen departamentuko titularrak eskaera egiteko prozedura, tokia eta epeak ezarriko ditu.
2. Hogeita hamar eguneko epean gehienez, eskaera aurkezten denetik zenbatzen hasita, Nafarroako Kirolaren Kontseiluak onartzeko edo ukatzeko proposamen arrazoitua prestatuko du.
Gizarte intereseko deklarazioa ukatzeko proposamen arrazoitua honako arrazoi hauetako batean oinarritu beharko da:
a) Irizten denean jarduera ez dela kirol izaerakoa edo, alderdiren batean kirol izaerakoa bada ere, haren eduki izaera, xede eta helburuagatik, izaera kultural, turistiko, hezkuntzako edo bestelako bat duenean batez ere.
b) Ulertzen denean jarduerak ez duela merezi gizarte interesekotzat deklaratua izatea, honako balorazio irizpide hauei jarraikiz:
1. Garatu beharreko jardueraren gizarte arloko eragina, inpaktua edo munta, bereziki begiratuta beharrizan bereziak dituzten pertsonei bideratuak, haien artean hartuta adinekoak, sedentarismotik eta bizimodutik eratorritako patologiak dituztenak, desgaitasuna dutenak, etorkinak eta kolektibo behartsuak.
2. Garatu beharreko jarduerak Nafarroako Foru Komunitateko kirol arloko ikerketa, prestakuntza eta sustapenean duen eragina.
3. Oinarriko kirola eskola-adinean sustatzerakoan duen eragina, kontuan hartuta haien partaidetza maila eta iraupena.
4. Jardueraren izaera berritzailea.
5. Kirola sustatzeko, ingurune naturala zaindu eta gordetzeko eta Nafarroako Foru Komunitateko Bideen Sarea lehengoratu eta hobetzeko jardueretan inbertsioak egiteari begirako balioa eta interesa.
6. Jardueraren aurrekontuaren eta sortutako eraginaren lotura, aurreko irizpideei jarraikiz.
7. Ekarpena egitea emakumezkoen kirolari, kirolean berdintasuna sustatzeari eta kirol arloan genero-estereotipoen aurka borrokatzeari.
8. Nafarroako Foru Komunitatean kirolaren sustapenarekin zerikusia duen beste edozein irizpide.
c) Pertsona edo entitate eskatzaileak ez betetzea bereak diren eta aurretik gizarte interesekotzat deklaratu diren beste jardueren gaineko betebeharrak.
3. Nafarroako Kirolaren Institutuko kudeaketa-zuzendaritzak ebatziko ditu aurreko apartatuetan aipatutako eskaerak, Nafarroako Kirolaren Kontseiluak nahitaezko txostena egin ondoren, bai eta, hala badagokio, kirol mezenasgoaren onuradunaren deklarazioa errebokatzea ere, baldintzaren bat betetzen ez dela egiaztatzen bada.
Gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi behar da ebazpen hori. Epe hori igarota berariazko ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskaera aurkeztu duen pertsonak edo entitate interesdunak zilegi du ulertzea eskaera baietsi dela administrazio isiltasunaren bidez.
Gehienez hiru hilabeteko epean ebatzi eta jakinarazi behar da kirol mezenasgoaren onuradunaren deklarazioa errebokatzeko prozedura. Gehieneko epea igarotzen bada berariazko ebazpenik jakinarazi gabe, prozedura iraungi eginen da.
Epe hori bertan behera geratuko da interesdunei dokumentazioan egindako akatsak zuzentzeko edo jarduerari lotutako argibideak emateko eskatzen bazaie. Halaber, eten eginen da Nafarroako Kirolaren Kontseiluari ebaluazioa egitea eskatzen denetik aipatu organoak onartzeko edo ukatzeko igorritako proposamena jaso arteko denboran.
Gizarte interesekotzat deklaratzeak jasoko ditu pertsona edo entitate onuradunaren nortasuna, kirol jardueraren izendapena eta hura garatzeko epea. Deklarazioak balioa izanen du bakar-bakarrik dagokion kirol jarduerarako, gauzatzen den bitartean.
4. Kirol mezenasgoaren onuradun deklaratuak izan ondoren, pertsona edo entitateek hurrengo ekitaldian jarraitu nahi badute antolatzen gizarte intereseko deklaratutako kirol jarduera bera, Nafarroako Foru Komunitateko kirol arloko administrazioari eskatu beharko diote, urte horretako lehen zortzi hilabeteetan, deklarazio hori mantentzea, Nafarroako Foru Komunitateko kirol arloko administrazioko kudeaketa-zuzendaritzako titularrak onetsiko duen ereduarekin bat, zeinari gehituko zaion baldintzak betetzen jarraitzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpena, bai eta entitatearen kontuen gainekoa ere, salbu eta azken horiek aurkeztu ba dira tributuen arloan eskuduna den departamentuan, tributu-araudia betetze aldera.
Nafarroako Foru Komunitateko kirol arloko administrazioari dagokio ezarritako baldintzak betetzen diren egiaztatzea.
5. Urte bakoitza amaitu baino lehen, Nafarroako Foru Komunitateko kirol administrazioak xedapen gehigarri honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten pertsona edo entitate onuradunen eta gizarte intereseko kirol jardueren zerrenda igorriko dio zerga administrazioari.
5. ATALA
Gizarte, ingurumen eta kirol mezenasgorako zerga-pizgarriak
43. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga.
1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunek eskubidea izanen dute mezenasgo mota bakoitzari ematen zaion balioaren lehen 150 euroen ehuneko 80 kentzeko zergaren kuotatik. 150 eurotik gorako zenbatekoei ehuneko 35eko kenkaria aplikatzen ahalko zaie. Subjektu pasibo bakoitzeko eta zergaldi bakoitzeko aplikatuko da 150 euroko muga .
2. Kenkariaren oinarria honako hau izanen da:
a) Dohaintzak: Kenkarien oinarria 30.2 artikuluan xedatutakoaren arabera zehaztuko da.
b) Erabilera maileguak edo komodatuak: Kenkariaren oinarria honako hau izanen da: maileguaren iraunaldiko zergaldi bakoitzean ondasunaren balorazioari ehuneko 4 aplikatuta ateratzen den urteko zenbatekoa, zergaldi bakoitzean dagokion egun kopuruaren proportzioan zehaztuko dena. Kirol jarduerak egiteko lokalen, lursailen edo eraikinen kasuan, ehuneko 4 hori katastroko balioari aplikatuko zaio, zergaldi bakoitzeko egun kopuruaren proportzioan.
c) Lankidetza-hitzarmenak: Lankidetza-hitzarmenek eragindako kenkarien oinarria 30.4 artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulatuko da.
3. Kenkarien oinarria Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen testu bateginaren 64.1 artikuluan aipatzen den mugaren ondorioetarako kontatuko da.
44. artikulua. Sozietateen gaineko zerga.
1. Sozietateen gaineko zergaren zergadunek zerga-pizgarri hauek izanen dituzte:
a) Zerga-oinarria zehazteko, mezenasgo mota bakoitzaren balorazioaren zenbatekoa hartuko da partida kengarritzat. Zerga-oinarrian kentzen ahal den zenbatekoa izanen da honako muga hauetako handiena adinakoa, gehienez ere:
1. Zerga-oinarriaren ehuneko 30, 49.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2. Negozio zifraren zenbateko garbiaren milako 3.
Zenbaki honetan xedatutakoa aplikatuz gero, ezin izanen da zerga-oinarri negatibo bat sortu .
b) Gainera, eskubidea izanen dute, zergaren kuota likidoan, ehuneko 20ko kenkaria aplikatzeko mezenasgo mota bakoitzeko modalitateak balioesten diren zenbatekoan.
Kuotaren kenkaria sozietateen gaineko zergaren araudian ezarritakoarekin bat aplikatuko da eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko 26/2016 Foru Legearen 67.4 artikuluan ezarritako mugaren ondorioetarako zenbatuko da .
2. Partida kengarriaren zenbatekoa eta kenkariaren oinarria 43.2. artikuluan ezarritako moduan zehaztuko dira.
45. artikulua. Beste zergapizgarri batzuk.
1. Dohaintza-emailearen errenta zergapetzen duen pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta sozietateen gaineko zergaren ondorioetarako, ez dira kontuan hartuko mezenasgoaren modalitateak gauzatzean agerian jartzen diren ondare-gehikuntzak edo -gutxiagotzeak eta errenta positibo edo negatiboak.
2. Oinordetza eta dohaintzen gaineko zergan salbuetsirik egonen dira onuradun diren pertsona fisikoek izandako doako eskuraketak.
III. KAPITULUA. ENPRESEN ARTEKO LANKIDETZAKO BESTE JARDUERA BATZUK
46. artikulua. Artelanak erostea.
1. Sozietateen gaineko zergaren zerga-oinarria zehazteko, partida kengarritzat hartuko da Foru Komunitateari, Estatuari, beste administrazio publiko batzuei, unibertsitate publikoei edo erregelamendu bidez zehazten diren entitateei dohaintzan eskaintzeko erosten diren artelanen eskuratze- edo tasazio-balioa.
2. Eskuratze-balioa 5.b) apartatuan xedatutakoaren ondoriozko tasazio-balioa baino handiagoa denean, azken hori hartuko da kenkaria aplikatzeko. Kasu horretan, entitateak, egokitzat jotzen badu, egindako dohaintza-eskaintza erretiratzen ahalko du.
3. Dohaintza onartzen den zergaldian eginen da kenkaria, eta ezin izanen da zerga-oinarri negatiboa izan.
4. Enpresa edo lanbide jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunen kasuan, kenkaria eginen da jarduera horietatik eratorritako etekin garbiei dagokien zerga-oinarriaren zatiaren gainean.
5. Kenkaria egin ahal izateko, betekizun hauek bete beharko dira:
a) Artelana entitate dohaintza-emaileari transmititu beharko zaio gehienez ere urtebeteko epean, eskaintza onartzen denetik zenbatzen hasita.
b) Dohaintza onartu baino lehen, tributuen arloan eskumena duen departamentuak txostena emanen du, ondasunaren balorazioari eta artelanaren kalifikazioari buruzkoa. Horretarako, arlo horretan eskumena duen departamentuari laguntza eskatzen ahalko dio.
c) Dohaintza-eskaintza ondasuna eskuratu eta hilabeteko epean egin beharko da.
d) Dohaintza-emaileak ezin izanen du zuzkidurarik egin artelanak eskaintza-dataren eta transmisio-dataren arteko aldian izandako balio-galeragatik.
6. Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, artelantzat joko dira balio historikoa edo artistikoa duten artelanak, zaharkinak eta bildumako objektuak, baldin eta balio erantsiaren gaineko zergaren araudian halakotzat jotzen badira.
47. artikulua. Interes orokorreko jardueretako gastuak eta arte jakin batzuen sustapena.
1. Sozietateen gaineko zergaren zerga-oinarria zehazteko, honako hauetan erabilitako diru-kopuruen zenbatekoa hartuko da partida kengarritzat:
a) Jarduera publikoak egitea edo gertakari publikoak antolatzea, hala nola asistentzialak, hezkuntzakoak, kulturalak, zientifikoak, ikerketakoak, kirolekoak, boluntariotza soziala sustatzekoak edo antzeko izaera duen beste edozein, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan.
b) Zinema, antzerkia, musika eta dantza sustatzeko eta garatzeko jarduerak egitea, liburuak, bideoak eta fonogramak argitaratzea, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzetan.
2. Kenkarien zenbatekoak ezin izanen du muga hauetako handiena gainditu:
a) Zerga-oinarriaren ehuneko 5, 49.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
b) Entitatearen diru-sarreren bolumenaren milako 0,5.
Letra honetan xedatutakoa aplikatuz gero, ezin izanen da zerga-oinarri negatibo bat sortu.
3. Enpresa edo lanbide jarduerak egiten dituzten pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunen kasuan, artikulu honetan ezarritako kenkaria aplikatuko zaie, eta ehuneko 5eko muga zenbatuko da jarduera horietatik eratorritako etekin garbiei dagokien zerga-oinarriaren zatiaren gainean.
IV. KAPITULUA. TITULU HONETAKO ZERGA-PIZGARRIAK APLIKATZEKO BETEKIZUNAK ETA BATERAEZINTASUNAK
48. artikulua. Zergapizgarriak aplikatzeko baldintza komunak.
1. Titulu honetan ezarritako zerga-pizgarriak gauzatzeko, entitate onuradunak emandako ziurtagiria beharko da, honako hauen eraginkortasuna egiaztatzen duena:
a) Dohaintzak.
b) Erabilera maileguak eta komodatua.
c) Lankidetza-hitzarmenak.
2. Ziurtagirian honako hauek jaso beharko dira:
a) Izen-deiturak edo sozietatearen izena, eta identifikazio fiskaleko zenbakia, bai dohaintza-emaile edo mezenasena, bai onuradunarena.
b) Berariaz adieraztea pertsona edo entitate onuraduna eta, hala badagokio, jarduera edo proiektua testu bategin honetan jasotakoen artean sartuta daudela.
c) Dohaintzaren data eta zenbatekoa, diruzkoa denean.
Gainerako kasuetan, diruzkoa ez den dohaintzaren edo zerbitzu prestazioaren, erabilera maileguaren edo komodatuaren balioa, eta, hala badagokio, lankidetza-hitzarmenaz baliatuz jasotako laguntzaren zenbatekoa.
d) Dohaintzan emandako ondasuna entregatu dela edo gozamen-eskubidea eratu dela egiaztatzen duen dokumentu publikoa edo beste dokumentu kauto bat, baldin eta ez badira dirutan egindako dohaintzak, doako zerbitzu-prestazioaren balorazioa, erabilera maileguaren edo komodatuaren eraketa, edo lankidetza-hitzarmena egitea.
e) Dohaintzak direnean, espresuki aipatu behar da dohaintza ezeztaezina eta atzeraezina dela.
f) Erabilera maileguen edo komodatuaren kasuan, ondasunaren entregatze data eta erabilera maileguaren edo komodatuaren iraunaldia.
g) Entitate onuradunak zertarako erabiliko duen dohaintzan emandako objektua, erabilera mailegua edo lankidetza-hitzarmen baten bidez jasotako laguntza bere berariazko helburua, proiektua edo jarduera betetzeko.
3. Titulu honetan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioak honako baldintza hau izanen du: entitate onuradunek zerga administrazioari informazioa ematea jasotako dohaintzei eta ekarpenei buruz, zerga arloko araudian ezarritako ereduen arabera.
49. artikulua. Zenbait kenkariren mugak.
1. 20., 23.1, 31.1.a), 44.1.a) eta 47.2 artikuluetan aipatzen den sozietateen gaineko zergaren zerga-oinarriaren gaineko muga kalkulatuko da artikulu horietan jasotako murrizketa guztien aurreko zerga-oinarriaren gainean.
2. Bereiz zehaztuko dira 20., 23.1, 31.1.a), 44.1.a) eta 47.2 artikuluetan jasotako kenkari-mugak, eta kenkari horien guztien aplikaziotik ez da inola ere zerga-oinarri negatiboa eratorriko.
50. artikulua. Zergapizgarrien bateraezintasuna.
1. Titulu honetan sozietateen gaineko zergaren zergadunentzat araututako zerga-pizgarriak ez zaizkie aplikatuko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zergadunei, berariazko xedapenik izan ezean.
2. Titulu honetan ezarritako zerga-pizgarriak bateraezinak izanen dira elkarren artean.
Lehen xedapen gehigarria. I. tituluan araututako zergaaraubide berezia beste entitate batzuei aplikatzea .
I. tituluko II. kapituluko 1. eta 3. ataletan aurreikusitako araubidea honako hauei aplikatuko zaie:
a) Eliza Katolikoa eta Espainiako Estatuarekin lankidetza-hitzarmenak sinatuak dituzten elizak, erlijioak eta komunitate erlijiosoak.
b) Egoitza Santuaren eta Espainiako Estatuaren artean sinatutako ekonomiari buruzko akordioaren V. artikuluko erlijio elkarte eta entitateak, baita jarraian agertzen diren lege testuetan aipatzen diren entitateak ere, baldin eta entitate horiek betetzen badituzte testu bategin honek irabazi-asmorik gabeko entitateei araubide hori aplikatzeko eskatzen dizkien baldintzak: Estatuaren eta Espainiako Erlijio Erakunde Ebanjelikoen Federazioaren arteko Lankidetza Akordioa onesten duen azaroaren 10eko 24/1992 Legearen 11.5 artikulua; Estatuaren eta Espainiako Komunitate Juduen Federazioaren arteko Lankidetza Akordioa onesten duen azaroaren 10eko 25/1992 Legearen 11.5 artikulua, eta Estatuaren eta Espainiako Batzorde Islamikoaren arteko Lankidetza Akordioa onesten duen azaroaren 10eko 26/1992 Legearen 11.4 artikulua.
c) Espainiako Gurutze Gorriari eta Espainiako Itsuen Erakunde Nazionalari.
Bigarren xedapen gehigarria. Dohaintzen eta lankidetzahitzarmenen zergaaraubidea beste entitate batzuei aplikatzea.
II. tituluko I. kapituluan aurreikusitako zerga-araubidea aplikatuko zaie honako entitate hauekin egindako dohaintzei eta lankidetza-hitzarmenei:
a) Foru Komunitatea, Estatua, autonomia erkidegoak, toki erakundeak eta unibertsitateak.
b) Eliza Katolikoa eta Espainiako Estatuarekin lankidetza-hitzarmenak sinatuak dituzten elizak, erlijioak eta komunitate erlijiosoak.
c) Egoitza Santuaren eta Espainiako Estatuaren artean sinatutako ekonomiari buruzko akordioaren V. artikuluko erlijio elkarte eta entitateak, baita jarraian agertzen diren lege testuetan aipatzen diren entitateak ere, baldin eta entitate horiek betetzen badituzte testu bategin honek irabazi-asmorik gabeko entitateei araubide hori aplikatzeko eskatzen dizkien baldintzak: Estatuaren eta Espainiako Erlijio Erakunde Ebanjelikoen Federazioaren arteko Lankidetza Akordioa onesten duen azaroaren 10eko 24/1992 Legearen 11.5 artikulua; Estatuaren eta Espainiako Komunitate Israeldarren Federazioaren arteko Lankidetza Akordioa onesten duen azaroaren 10eko 25/1992 Legearen 11.5 artikulua, eta Estatuaren eta Espainiako Batzorde Islamikoaren arteko Lankidetza Akordioa onesten duen azaroaren 10eko 26/1992 Legearen 11.4 artikulua.
d) Espainiako Gurutze Gorria.
e) Espainiako Itsuen Erakunde Nazionala.
f) 1.2 artikuluan zerrendatzen diren entitateak, beste tributu-administrazio batean aplikatzen dutenak I. tituluan aurreikusitako tributu-araubidearen baliokide bat .
Hirugarren xedapen gehigarria. Pertsona fisikoek alderdi politikoei egindako dohaintzak.
Pertsona fisikoek alderdi politikoei emaniko diruzko nahiz ondasunezko dohaintzei, alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoak ezarritako mugen barrenean, aplikatuko zaizkie testu bategin honetako II. tituluko I. kapituluan aurreikusitako dohaintzengatiko kenkariak, hartan ezarritako betekizun eta baldintzen arabera.
Laugarren xedapen gehigarria. Lehentasuna duten jarduerak eta proiektuak, mezenasgo kulturalekoak, sozialekoak, ingurumenekoak eta kirolekoak .
1. Foru lege bidez ezartzen ahalko da lehentasunezkoak direla jarduera eta proiektu batzuk, mezenasgo kulturalekoak, sozialekoak, ingurumenekoak eta kirolekoak, eta ezartzen ahalko da, orobat, zein diren mezenasgo sozialeko eta ingurumeneko jardueren entitate onuradunak.
2. Jarduera horiei eta entitate onuradunei dagokienez, foru legeak ehuneko bost igotzen ahalko ditu, gehienez, testu bategin honetan ezarritako kuota-kenkarien ehunekoak eta mugak.
Bosgarren xedapen gehigarria. Gizarte, ingurumen eta kirol mezenasgoko lehentasunezko jarduerak .
1. Foru lege bidez ezartzen ahalko da gizarte, ingurumen eta kirol mezenasgoko jarduera jakin batzuen lehentasunezko izaera, bai eta mezenasgoko jarduera horien entitate onuradunena ere.
2. Jarduera horiei dagokienez, foru legeak ehuneko bost igotzen ahalko ditu, gehienez, testu bategin honetan ezarritako kuota-kenkarien ehunekoak eta mugak.
Seigarren xedapen gehigarria. Mezenas izaera publikoki aitortzea.
Nafarroako Gobernuak behar diren tresnak ezarriko ditu mezenasgoaren praktika saritzeko, haren estimua gizartean sustatuz, ekimen horiei prestigioa eta ikusgarritasuna emanez eta pertsona fisiko eta juridikoei publikoki errekonozituz kulturaren alde mezenasgoaren bitartez egiten duten lan filantropikoa.
Nafarroako Gobernuak, nolanahi ere, anonimotasuna bermatuko die beren mezenas izaera ezagutzera ez ematea nahi duten pertsonei edo entitateei.
Zazpigarren xedapen gehigarria. Kultura mezenasgoaren helburuen betetze mailaren balorazioa eta Nafarroako Parlamentuari horren berri ematea.
Kulturaren arloko eskumena duen departamentuaren ardura izanen da egiaztatzea, urtero, dohaintzak, erabilera maileguak edo komodatuak eta lankidetza-hitzarmenak egiaz erabili direla gizarte intereseko deklarazioa duten kultura proiektu eta jardueretan, bai eta baloratzea bete ote diren horren bidez lortu nahi diren xedeak, kultura sustatzekoak alegia.
Nafarroako Gobernuak urtero jakinaraziko dizkio Nafarroako Parlamentuari kultura mezenasgoaren emaitzak, honakoak ere zehaztuta: gizarte intereseko deklarazioa jaso duten proiektu edo jarduerak, onuradun izan diren pertsona eta entitateak, erabilitako mezenasgo modalitate desberdinen balorazioa eta aplikatutako zerga-pizgarriak.
Informazio hori emanen da zergadunen zerga aitorpena egiteko aldiak amaitu ondoren, datuak eskuragarri daudelarik eta informatikoki analizatu ondoren.
Zortzigarren xedapen gehigarria. Kultura mezenasgoari laguntzeko aplikazio informatikoa.
Nafarroako Gobernuak aplikazio informatiko bat garatuko du kultura mezenasgoa errazteko, halako moduan non, Nafarroako Gobernuaren web-orriaren bidez, modu elektronikoan dohaintzak egiten ahalko baitira testu bategin honi jarraikiz gizarte intereseko deklarazioa jaso duten jarduerak eta proiektuak garatzen dituzten pertsona edo entitateentzat.
Tributuen arloko eskumena duen departamentuko titularrak foru agindu bidez arautuko ditu aplikazio informatiko horren ezaugarriak eta funtzionaltasunak.
Aplikazioak sistema bat jarriko du, dagokion ziurtagiria lortzeko bidea emanen duena. Ziurtagiri horrek Nafarroako Foru Ogasunean balioko du testu bategin honetan aurreikusitako onurak lortzeko.
Lehen xedapen iragankorra. Zergaaraubide berezia aplikatzeko aukera jakinaraztea.
Ulertuko da honakoek jakinarazi dutela eta aplikatzen jarraitzen ahal dutela testu bategin honetan ezarritako zerga-araubide berezia aplikatzeko hautua, bertan ezarritako baldintzak betetzen badituzte:
1. Nafarroako Fundazioen Erregistroan 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen inskribatutako fundazioak, zerga-araubide bereziaren aplikazioa deklaratzen duen ebazpen egokia dutenak.
2. 1.2 artikuluan jasotako entitateak, 2023ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko 10 urteetan edozein zerga Nafarroan ordaindu badute.
Bigarren xedapen iragankorra. Ondasunen balorazioa.
Nafarroako Kultura Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordea testu bategin hau onetsi eta sei hilabeteko epean eratuko da.
Nafarroako Kultura Ondareko Ondasunen Balorazio Batzordea eratu arte, foru lege honen bidez esleitzen zaizkion eginkizunak kulturaren arloko eskumena duen departamentuak beteko ditu.
Azken xedapen bakarra. Arauak emateko gaikuntza.
Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio testu bategin honetan xedatutakoa garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.