(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

62/2022 FORU AGINDUA, ABUZTUAREN 8KOA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LURRALDE EREMUAN DAUDEN HAUR HEZKUNTZAKO IKASTETXEETAKO IRAKASKUNTZEN EZARPENA ETA ORDUTEGIA ARAUTZEN DITUENA Nota de Vigencia

BON N.º 165 - 19/08/2022



  ERANSKINA. HAUR HEZKUNTZAKO BIGARREN ZIKLOA Nota de Vigencia


Zioen azalpena

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak aldaketa garrantzitsuak egiten ditu aurreko arauaren testuan; legearen zioen azalpenean adierazten den moduan, aldaketa horietako asko jatorrizko testuan jasotako neurriak berrikusteko beharrari zor zaizkio, hezkuntza sistema XXI. mendeko erronka eta desafioei egokitzearren, Europar Batasunak eta UNESCOk 2020-2030 hamarkadarako zehaztutako helburuekin bat.

Haur Hezkuntzari dagokionez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren testu berriak etapako antolamenduari eta printzipio pedagogikoei gehitzen die haurtzaroaren kultura espezifikoarekiko errespetua, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan eta haren Batzordearen Ohar Orokorretan zehazten dena.

Haur Hezkuntzako gutxieneko irakaskuntzak eta haien antolamendua ezartzen dituen otsailaren 1eko 95/2022 Errege Dekretua argitaratu ondoren, Nafarroako Gobernuak, lege organikoak berak emandako erantzukizuna bere gain hartuta, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezarri zuen ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuaren bidez.

Foru dekretu horren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoa betez, Hezkuntza Departamentuak arautu behar du Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden Haur Hezkuntzako ikastetxeetako irakaskuntzen ezarpena eta ordutegia. Era berean, foru dekretu horren azken xedapenetako bigarrenean baimena ematen zaio hezkuntza arloko eskumena duen kontseilariari arau horretan ezarritakoa bete eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen guztiak emateko.

Aurreko guztia kontuan harturik, bidezkoa da foru agindu honen bidez garatzea ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuan arauz ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden Haur Hezkuntzako ikastetxeetako irakaskuntzen ezarpenari eta ordutegiari dagokiona, kontuan hartuta Haur Hezkuntza hezkuntza etapa bakarra dela, berezko identitatea duela eta hezkuntza-asmo bera duten bi ziklotan antolatuta dagoela.

Horregatik guztiagatik, eta Nafarroako Eskola Kontseiluak nahitaezko txostena eman ondoren, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak baliatuta,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua . Xedea eta aplikazioeremua.

1. Foru agindu honen helburua da Haur Hezkuntzako irakaskuntzen ezarpena eta ordutegia arautzea, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan eta ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat (foru dekretu horrek Haur Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezarri zuen Nafarroako Foru Komunitatean).

2. Foru agindu hau aplikatuko da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan dauden ikastetxe publikoetan, pribatuetan eta pribatu itunduetan, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta badaude eta Haur Hezkuntzako irakaskuntzak ematen badituzte.

2. artikulua . Haur Hezkuntza hezkuntza sistemaren esparruan.

1. Haur Hezkuntza berezko identitatea duen hezkuntza etapa bat da, oro har haurrak jaiotzetik sei urte betetzen dituzten urte naturalera arte artatzen dituena.

2. Haur Hezkuntzako etapa bi ziklotan antolatuta dago, eta haietako bakoitzak hiru maila ditu. Lehen zikloa 0 urtetik ikasleek hiru urte betetzen dituzten urte naturalera artekoa da, eta bigarrena, berriz, hiru urte betetzen dituzten urte naturaletik sei urte betetzen dituzten urte naturalera arte.

3. artikulua . Ezarpena.

2022-2023 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak behar bezala baimenduta dauden ikastetxe publiko, pribatu eta pribatu itundu guztietan ezarriko dira Haur Hezkuntzako irakaskuntzak, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuan araututakoak.

4. artikulua . Arloak.

1. Haur Hezkuntzaren hezkuntza edukiak haurren esperientziari eta garapenari dagozkien esparruekin bat datozen arlo batzuetan antolatzen dira; haurrentzat interesa eta esanahia duten ikaskuntza proposamen globalizatuen bidez landuko dira.

2. Hauek dira Haur Hezkuntzako arloak, komunak bi zikloetarako:

a) Harmonian Haztea.

b) Ingurunea Deskubritzea eta Esploratzea.

c) Errealitatea Komunikatzea eta Irudikatzea.

3. Arlo horiek elkarren arteko sakoneko lotura duten esperientzia esparrutzat hartu behar dira, eta, beraz, ikaskuntza egoera globalak, esanguratsuak eta bizigarriak sortzea sustatzen duen hezkuntza planteamendua beharko da, horiek osatzen dituzten elementu guztien artean loturak ezartzen laguntzeko.

5. artikulua . Ordutegia.

1. Haur Hezkuntzako etapako ordutegia asteko egunetan egiten diren jardueren denbora-sekuentzien araberako banaketa dela ulertuko da, kontuan hartuta eskolaldiaren momentu guztiek hezkuntza izaera dutela.

2. Eskola ordutegia ikuspegi globalizatzailearekin antolatuko da, eta barnean hartuko dituen ikaskuntza proposamenek aukera emanen dute zenbait mota eta erritmotako jarduerak atsedenaldiak tartekatuz betetzeko, ikasleen beharren arabera.

3. Kontuan hartuta irakaskuntza hauek izaera global eta integratzailea dutela, foru agindu honen aplikazio-eremuan dauden ikastetxeek ordutegi malgua izanen dute curriculumaren hiru arloak denboran antolatzeari begira, haur bakoitzaren ikaskuntza erritmoetara moldatu ahal izateko. Kasu guztietan, bermatuko da arloetako bakoitzari behar den denbora ematen zaiola, kasuan kasuko konpetentziak bereganatzeko adinakoa.

6. artikulua . Haur Hezkuntzako lehen zikloaren ordutegiaren antolaketa.

1. Haur Hezkuntzako lehen zikloaren ordutegia antolatzeko, foru agindu honen 5. artikuluan jasotako baldintzez gain honako irizpide hauek ere aintzat hartu beharko dira:

a) Haur Hezkuntzako lehen zikloaren eskaintzak ez du ekarriko haurrak ikastetxean egunean 8 ordu baino gehiago ematea, ez eta urtean 11 hilabete baino gehiago egotea ere.

b) Hezkuntza Departamentuak ezarriko ditu urtero eskolako egutegia eta ordutegia egiteko behar diren jarraibideak, bai eta ikasturtearen iraupena eta gutxieneko egun kopurua ere.

2. Ikasleak ikastetxean dauden denboran landu beharreko hiru arloak foru agindu honen 4. artikuluan aipatutakoak dira, eta, horrez gain, ohar hauek ere kontuan hartuko dira:

a) D ereduko ikasleek eskola ordutegiaren parte bat eman beharko dute curriculumaren zati bat gaztelaniaz lantzen. A ereduko ikasleek, berriz, eskola ordutegiaren parte bat eman beharko dute curriculumaren zati bat euskaraz lantzen.

b) Ikastetxe bakoitzak bere proposamen pedagogikoan jasotakoaren arabera, eskola ordutegiaren parte bat erabiltzen ahalko dute curriculumaren zati bat atzerriko hizkuntzan lantzeko.

3. Haurren elikadura, higiene eta lo erritmoak erabiliko dira eguneko eskolaldiaren antolaketarako erreferentzia gisa.

4. Haurren harrera prozesua errazteko, ikastetxeek antolaketa neurriak eta neurri pedagogikoak hartuko dituzte, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen baldintzetan, eta ikastetxearen proposamen pedagogikoan sartuko dira.

7. artikulua . Haur Hezkuntzako bigarren zikloaren ordutegiaren antolaketa Nota de Vigencia.

1. Haur Hezkuntzako bigarren zikloaren ordutegia antolatzeko, foru agindu honen 5. artikuluan jasotako baldintzez gain honako irizpide hauek ere aintzat hartu beharko dira:

a) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko maila bakoitzean eskola jarduerak 175 egun izanen ditu gutxienez.

b) Ordutegia antolatzeko, kontuan hartuko dira, batetik, ikastetxeen eskolaldien erregulazioari buruz Hezkuntza Departamentuak arauz xedatutakoa eta, bestetik, Hezkuntza Departamentuko zuzendaritza nagusi eskudunaren ebazpen honetan ezarritako baldintzak: urtero Haur Hezkuntzako bigarren zikloko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetako egutegia eta ordutegi orokorra egiteko jarraibideak xedatzen dituen ebazpena, hain zuzen ere.

c) Haur Hezkuntzako bigarren zikloko lehen mailan hasten diren ikasleen egokitzapen prozesua errazteko, ikastetxeek antolaketa neurriak eta neurri pedagogikoak hartzen ahalko dituzte, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen baldintzetan, eta ikastetxearen Urteko Programazio Orokorrean sartu beharko dira.

2. Ikasleak ikastetxean dauden denboran landu beharreko hiru arloak foru agindu honen 4. artikuluan aipatutakoak dira, eta, horrez gain, ohar hauek ere kontuan hartuko dira:

a) D ereduko ikasleek lau saio eman beharko dituzte, curriculumaren hiru arloetako saio guztietatik, curriculumaren zati bat gaztelaniaz lantzen. A ereduko ikasleek, berriz, lau saio eman beharko dituzte, curriculumaren hiru arloetako saio guztietatik, curriculumaren zati bat euskaraz lantzen.

b) Ikastetxeek lau saio erabili beharko dituzte, curriculumaren hiru arloetako saio guztietatik, curriculumaren zati bat atzerriko hizkuntzan lantzeko.

3. Foru agindu honen eranskinean ezartzen da Haur Hezkuntzako bigarren zikloari dagokion asteko saio kopurua. Eskolaldi jarraitua baimenduta duten ikastetxeen kasuan, astean beste bi saio eskaini beharko dizkiete hiru arloei, hau da, guztira, 29 saio izanen dira.

Lehenengo Xedapen Gehigarria .Erlijio irakaskuntza Haur Hezkuntzako bigarren zikloan.

Erlijio irakaskuntza Haur Hezkuntzako bigarren zikloan sartuko da, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 1eko 61/2022 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat.

Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, erlijio irakaskuntzaren eskaintza derrigorrezkoa izanen da ikastetxeentzat eta borondatezkoa ikasleentzat.

Ikastetxeek behar diren antolaketa neurriak ezarriko dituzte erlijio irakaskuntza ez jasotzea aukeratu duten ikasleentzat. Neurri horiek Urteko Programazio Orokorrean aldez aurretik onetsitako jardueretan zehaztu beharko dira.

Bigarren Xedapen Gehigarria .Atzerriko hizkuntza D ereduan.

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko irakaskuntzak D ereduan ematen dituzten ikastetxeek atzerriko hizkuntzaren curriculumaren zati baten garapena atzeratzen ahalko dute Haur Hezkuntzako bigarren zikloko bigarren mailara.

Hirugarren Xedapen Gehigarria .Etapa urtebetez luzatzea.

Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleek Haur Hezkuntzako etapan egiten duten eskolatze aldia urtebetez luzatzen ahalko da, baldin eta hori haien gizarteratzerako eta hezkuntza integraziorako onuragarria bada, gurasoak edo legezko tutoreak ados badaude eta Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak baimena ematen badu, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak aldeko txostena egin ondoren.

Xedapen Iragankor Bakarra .Eskolaldi jarraitua edo malgua duten ikastetxeak.

Foru agindu honek indarra hartzen duenean eskolaldi jarraitua edo eskolaldi malgua modu esperimentalean ezarrita duten ikastetxeetako ordutegia egin beharko da Hezkuntza Departamentuaren deialdietan onetsitako eskolaldi proiektuetan xedatutakoari jarraikiz.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra .Indargabetutako arauak.

Indargabetuta geratzen da Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 23ko 51/2007 Foru Agindua, bai eta foru agindu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

Azken Xedapen Bakarra .Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2022ko abuztuaren 8an.-Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

ERANSKINA. HAUR HEZKUNTZAKO BIGARREN ZIKLOA Nota de Vigencia

ERANSKINA

ARLOAK

HIZKUNTZA EREDUA

G

G/A

D

D/A

Harmonian Haztea

27

27

27

27

Ingurunea Deskubritzea eta Esploratzea

Errealitatea Komunikatzea eta Irudikatzea

Erlijioa / Hezkuntza arreta

1

1

1

1

-Ikastetxeek lau saio erabiliko dituzte curriculumaren zati bat atzerriko hizkuntzan lantzeko.

-D ereduko ikasleek curriculumaren hiru arloetako saio guztietatik lau saio emanen dituzte curriculumaren zati bat gaztelaniaz lantzen. A ereduko ikasleek curriculumaren zati bat euskaraz lantzeko erabiliko dituzte.

Iragarkiaren kodea: F2210866

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web