(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

69/2021 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 7KOA, EKONOMIA ETA OGASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, ZEINAREN BIDEZ BALDINTZAK ETA BETEKIZUNAK GARATZEN BAITIRA KENKARIA APLIKATZEKO PELIKULA ZINEMATOGRAFIKOETAN ETA IKUS-ENTZUNEZKO BESTE LAN BATZUETAN EGINDAKO INBERTSIOENGATIK. KENKARI HORI ARAUTUA DAGO SOZIETATEEN GAINEKO ZERGARI BURUZKO ABENDUAREN 28KO 26/2016 FORU LEGEAREN 65.1 ARTIKULUAN Nota de Vigencia

BON N.º 119 - 21/05/2021



Atariko

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 65.1 artikuluak arautzen ditu Espainiako film luzeen eta ikus-entzunezko sailen (fikziokoak, animaziokoak edo dokumentalak) ekoizpenetan egindako inbertsioengatiko kenkariak, baldin inbertsio horiek ahalbidetzen badute euskarri fisiko bat egitea horiek seriean eta modu industrialean ekoitzi aurretik.

Aipatutako 65.1 artikuluak ezartzen du ezen zergaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru agindu bidez arautu behar direla honako hauek:

a.-Kenkariaren oinarria osatzen duten gastuak.

b.-Gastuak Nafarroako lurraldean egindakotzat jotzeko irizpideak.

c.-Nafarroako Gobernuan kulturaren arloan eskumena duen departamentuko zuzendaritza nagusiaren txostenaren edukia eta prozedura. Txostena kenkariaren betekizunak eta baldintzak betetzeari buruzkoa izanen da, sortutako kenkaria eslei dezan zergadunak bere aitorpen likidazioan.

d.-Egindako inbertsioaren eta aplikatutako kenkariaren gainerako baldintzak betetzearen frogagiriak kulturaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuko zuzendaritza nagusian aurkezteko prozedura.

Ondorioz, foru agindu honen xedea da garatzea ekoizpen zinematografikoetan eta ikus-entzunezko sailetan egindako inbertsioengatiko kenkaria aplikatzeko baldintzak eta betekizunak.

Lehenik eta behin, kenkariaren oinarria osa dezaketen gastuak zehazten dira; hau da, ikus-entzunezko lanaren ekoizpen kostua -muga eta berezitasun batzuekin- gehi lanaren publizitate eta sustapen gastuak -ekoizpen kostuaren %40, gehienez ere-, bai eta ikus-entzunezko lana erakusteko, haren zaintza bermatzeko eta kopiak lortzeko beharrezkoak diren euskarri gastuak ere, betiere gastuok erabiltzen badira lanak aretoetan erakusteko edo, sailen kasuan, telebistetan edo edukiak streaming bidez eskaintzen dituzten OTT plataformetan emateko. Kenkariaren oinarrian sartuko dira, era berean, filmaren edo sailaren kostua frogatzeko eskatzen den auditoretza txosten bereziaren gastuak.

Gero, Nafarroako lurraldean egiten diren gastuak zehazteko irizpideak ezartzen dira. Horri dagokionez, komeni da oroitaraztea kenkariaren oinarria ekoizlearen inbertsioak osatuko duela, baldin eta Nafarroako lurraldean egindako gastuak inbertsioaren %40 badira; eta, ehuneko hori lortzen ez bada, Nafarroako lurraldean egindako gastuak zati 0,4 izanen da kenkariaren oinarria.

Azkenik, arautzen da, batetik, zer dokumentazio aurkeztu behar den kenkaria aplikatu aurreko txostena eskatzeko eta, bestetik, zer prozedura aplikatuko den Kultura Zuzendaritza Nagusiak kenkariaren oinarria zehazteko ebazpena eman dezan, honako hauek kontuan izanik: ekoizlearen inbertsioa, Nafarroako lurraldean egindako gastuak, eta inbertsioak finantzatzeko jaso diren dirulaguntzak.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 65. artikuluan ezarri den eta eman zaidan gaikuntzagatik,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua . Ekoizpen zinematografikoetan eta ikusentzunezko sailetan inbertsioak egiteagatiko kenkariaren oinarrian sartzen diren gastuak.

1. Honako hauek sartuko dira Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen 65.1 artikuluan ezarritako kenkariaren oinarrian:

a) Ekoizpenaren kostua, kopia estandarra edo master digitala lortu artekoa, honako berezitasun eta muga hauekin:

1. Ekoizle exekutiboaren ordainsaria, zeinak ezin izanen duen gainditu muga hauetatik handiena:

a') Ekoizpen kostuaren %10.

b') 100.000 euro.

Kostutzat hartuko da, bakar-bakarrik, pertsona fisikoek egindako ekoizpen exekutiboa, edo pertsona juridikoek egindakoa, baldin eta azken horiek ekoizpen exekutiboa badute sozietatearen berariazko helburutzat, beste batzuk alde batera utzi gabe.

Baldin ekoiztetxearen eta ekoizle exekutiboaren artean merkataritza harremana badago, kontratuarekin batera dagokion faktura aurkeztu beharko da; eta, harremana lanekoa bada, kontratuarekin batera dagokion nomina aurkeztu beharko da, non berariaz adieraziko baita Gizarte Segurantzaren araubide orokorra.

Baldin ekoizle exekutiboaren edo beste langile batzuen kontratua orokorra baldin bada, balio duelako ekoiztetxeak gauzatzen dituen hainbat ekoizpen zinematografikotarako edo ikus-entzunezko hainbat sailetarako, kontratu horren kostua hainbanatuko da, ekoizpen bakoitzean benetako parte-hartzea zein den, horren arabera.

Ekoiztetxeko plantillako langileek berariazko kontraturik gabe egiten badituzte ekoizle exekutiboaren eginkizunak, gastu orokorrei egotziko zaie haien ordainsaria, aurreko paragrafoan ezarritako hainbanatze baldintza berberekin.

2. Gastu orokorren zenbatekoa; ekoizpen kostuaren %10 gehienez ere.

Kenkariaren xedeko lanerako berariazko lan kontraturik ez duten ekoiztetxeko langileen gastua gastu orokorrei egotziko zaie.

Gerta daiteke plantillako zenbait langilek berariazko lan kontratua izenpeturik izatea -esleitutako lan kategoriaren arabera- ekoiztetxearen ikus-entzunezko hainbat lanetan parte hartzeko. Langile horien gastua lan bakoitzean duten benetako partaidetzaren arabera hainbanatuko da, eta teknikarien gastu gisa egotziko da.

3. Filmaketa epearen barruan filmaketarekin lotura zuzena duten lokaletan edo instalazioetan egindako hornidura gastuak, hala nola urari, gasari edo elektrizitateari dagozkionak, baldin eta dagozkion kontratuak aurkezten badira lotura hori justifikatzeko.

Gastu horiek ekoiztetxearen egoitza sozialean egiten direnean, eta egoitza hori ez denean filmaketarekin zuzenean lotutako lokala, gastu orokorrei egotziko zaizkie.

4. Zerga ondorioetarako kengarria den amortizazio kostua, ikus-entzunezko lana egitean ekoiztetxearen jabetzako ekipamenduak eta material teknikoa erabiltzen den denborari dagokiona.

5. Jatetxe, ostalaritza, bidaia eta lekualdatze zerbitzuei dagozkien gastuak, bai eta ikus-entzunezko lana filmatzean sortutako telefono eta Internet gastuak ere. Filmaketa hasi aurretik eta amaitu ondoren, gastu horiek gastu orokorrei egotziko zaizkie.

b) Ikus-entzunezko lanaren publizitate eta sustapen gastuak; ekoizpen kostuaren %40, gehienez ere.

c) Ikus-entzunezko lana bukatu ondotik, hura zinema-aretoetan emateko edo haren ustiapen zinematografikorako beharrezkoak diren sistemetara edo euskarrietara egokitzeko gastuak, edo telebistetan edo edukiak streaming bidez ematen dituzten plataformetan ematekoak Nota de Vigencia.

d) Ikus-entzunezko lana zainduko dela bermatzeko behar diren euskarri materialak egiteko gastua. Era berean, kopiak edo beste euskarri batzuk lortzeko gastuak, baldin eta zinema-aretoetan ematekoak badira edo ustiapen zinematografikoa egitekoak, edo telebistetan edo edukiak streaming bidez eskaintzen dituzten plataformetan ematekoak Nota de Vigencia.

e) Ikus-entzunezko lanaren guztizko kostua frogatzeko auditoretza txosten bereziaren gastuak (4. artikuluan aipatutakoa) Nota de Vigencia.

2. Kenkariaren oinarritzat hartutako gastuek tarte honetan eginak behar dute: filmaketari ekin baino 24 hilabete lehenagotik hasi eta filmaketa bukatu ondoren 24 hilabete igaro arte.

Filmaketa zer egunetan hasi eta zer egunetan bukatu den zehazteko, Zinemagintzaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICCA) ezarritako irizpideei jarraikiko zaie Nota de Vigencia.

3. Finantza gastuak eta zeharkako zergak ez dira kenkariaren oinarri gisa zenbatuko Nota de Vigencia.

4. Inbertsioa denean pertsona edo erakunde lotu bati ondasunak edo zerbitzuak erostea, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, erakunde lotuan ondasun edo zerbitzu horiek zer kostu duten, horren arabera zehaztuko da kenkariaren oinarria, baldin eta behar bezala justifikatzen bada Nota de Vigencia.

5. Aurreko apartatuan ezarritako mugak eta berezitasunak azpikontratatutako gastuei aplikatuko zaizkie ere.

Foru agindu honen ondorioetarako, azpikontratazioaren xedeko gastuak izanen dira norbaitek zergadunari fakturatzen dizkionak, hirugarren batengandik ondasunak edo zerbitzuak eskuratu eta horiei baliorik erantsi gabe, hau da, norbait hori bitartekari hutsa denean zergadunaren eta zerbitzua edo ondasuna benetan ematen duenaren artean Nota de Vigencia.

6. Koprodukzioen kasuan, koproduktore bakoitzak gauzatutako gastuak hartuko dira kontuan, salbu eta 1.a) apartatuaren 1.a') eta 2 zenbakietan eta 1.b) apartatuan ezarritako mugei dagokienez, horietarako kontuan hartuko baita ikus-entzunezko lanaren ekoizpen kostua Nota de Vigencia.

2. artikulua . Nafarroako lurraldean egindako gastuak.

1. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 65.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, Nafarroako lurraldean egindako gastutzat joko dira honako hauek:

a) Nafarroatik egiten diren zerbitzuak, baldin eta zerbitzu horiek egiten dituenak egoitza fiskala Nafarroako lurraldean badu.

b) Nafarroako lurraldean erabilitako ondasunak erosteari dagozkion gastuak, egoitza fiskala Nafarroan duten pertsonei eta erakundeei erosi zaizkienean.

c) Ibilgetu materialaren edo ukiezinaren elementuetatik eratorritako amortizazio gastuak, baldin eta Nafarroako lurraldean benetan erabiltzen bada eta ibilgetua ematen duenak egoitza fiskala lurralde horretan badu. Ondasunak zati batean erabiltzen badira Nafarroako lurraldean, Nafarroan egindako gastutzat joko da gastua, lurralde horretan erabili den proportzioan.

2. Aurreko apartatuan xedatutakoa gorabehera, Nafarroan egindako gastutzat hartuko dira honako hauek:

a) Lan araubideko langileen soldatak ordaintzearen ondoriozko gastuak, baldin eta lanak Nafarroan egiten badira. Ezin bada zehaztu lanak non egin diren, lanak Nafarroan eginak direla ulertuko da langilearen atxikipeneko lantokia Nafarroako lurraldean badago, non ez den kontrakorik frogatzen.

Telelanaren kasuan, Nafarroan egindako gastutzat joko da telelanean ari den pertsonak egoitza fiskala Nafarroan duenean Nota de Vigencia.

b) Ur, gas edo elektrizitate horniduren ondoriozko gastuak, Nafarroako lurraldetik jartzen badira eskuratzailearen esku, hau da, kontagailua edo hargunea Nafarroan badaude.

c) Aseguruak ordaintzetik eratorritako gastuak, arriskua edo konpromisoa Nafarroako lurraldean kokatzen bada. Ondorio horietarako, arriskua Nafarroako lurraldean dagoela ulertuko da, bat etorriz Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa onesten duen abenduaren 26ko 28/1990 Legean aseguru primen gaineko zergarako ezarritako arauekin.

d) Ondasun higiezinen erabilera lagatzearekin edo errentamenduarekin zerikusia duten gastuak, ondasun horiek Nafarroako lurraldean badaude.

e) Ostalaritzako eta jatetxeetako gastuak, zerbitzua egiten bada Nafarroako lurraldean kokaturiko establezimenduetan.

e) letra honetan xedatutakoa ez zaie aplikatuko catering enpresek egindako zerbitzuen gastuei.

3. Azpikontratazioaren xedeko gastuak Nafarroan egin direla ulertuko da baldin eta aurreko apartatuetan ezarritako irizpideak aplikatuta hala ondorioztatzen bada; horretarako, kontuan hartuko dira zerbitzua edo ondasuna benetan ematen dutenen inguruabarrak, eta ez bitartekari huts direnenak Nota de Vigencia.

3. artikulua . Ekoizpen zinematografikoen eta ikusentzunezko sailen proiektuei buruzko aurretiko txostena Nota de Vigencia.

1. Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 65.1 artikuluko kenkariari heldu nahi dioten zergadunek behean adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko dute kulturaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko departamentuko zuzendaritza nagusian, eta hark txosten bat emanen du proiektu horrek kenkariaren betekizunak eta baldintzak betetzen dituen argitzeko.

a) Proiektuaren azalpen memoria, honako hau bilduko duena:

1. Ekoizpen zinematografikoak edo ikus-entzunezko sailak izanen duen izena.

2. Proiektuaren ekoizleen IFZ eta sozietate izena.

b) Proiektuari lotutako gastuen aurrekontua, https://www.culturanavarra.es/eu webgunean argitaratuko den ereduaren arabera, Nafarroako lurraldean egindako gastuen zenbatekoa zehaztuta.

Koprodukzioen kasuan, aurrekontu horrek erreferentzia eginen die kenkaria aplikatu nahi duen koproduktorearen proiektuari lotzen zaizkion gastuei. Horrez gain, ekoizpen kostuaren eta ikus-entzunezko lanaren guztizko kostuaren aurrekontua aurkeztu beharko da.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko proiektuak betetzen dituela nazionalitate ziurtagiria eta kultur izaeraren ziurtagiria lortzeko baldintzak, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak eskatutakoak.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, kasua bada, adierazteko proiektuak betetzen dituela kenkariaren portzentaje handitua lortzeko baldintzak, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 65.1.a) artikuluan ezarritakoak.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, kasua bada, adierazteko proiektuak betetzen dituela kostu diruz lagungarrien %50 baino intentsitate handiagoko muga aplikatzeko baldintzak, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 65.3 artikuluan ezarritakoak.

2. Nafarroako Gobernuan kulturaren arloan eskumena duen departamentuko zuzendaritza nagusiak txostena emanen du hiru hilabeteko epean gehienez, eskaera aurkezten denetik zenbatzen hasita. Txosten hori aipatu zuzendaritza nagusiko titularraren ebazpen bidez onetsiko da, eta adieraziko du ea proiektuak betetzen dituen Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 65.1 artikuluko kenkaria egiteko eskubidea izateko baldintzak. Kenkariaren oinarria finkatuko da 4. artikuluan adierazitako ebazpenean. Orobat, txostenak zehaztu beharko du zer ekoizpen mota den, kenkariaren portzentajea eta bidezko den intentsitate muga aplikatze aldera.

4. artikulua . Inbertsioa egiaztatzeko eta kenkariaren oinarria zehazteko prozedura.

1. Nazionalitate ziurtagiria eskatu eta sei hilabeteko epean, zergadunak inbertsioaren justifikazioa aurkeztu beharko dio kulturaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko Zuzendaritza Nagusiari, bai eta kenkaria egiaztatzeko ezarritako gainerako betekizunak betetzearen justifikazioa ere.

Inbertsioa justifikatzeko, honako hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ikus-entzunezko lanaren guztizko kostuaren aitorpena, www.culturanavarra.es webgunean argitaratuko den ereduaren arabera; kenkariaren oinarria osatzen duten gastuen partidak kuantifikatu beharko dira, kenkaria egin behar den aldi bakoitzerako, eta Nafarroako lurraldean egindako gastuen zenbatekoa zehaztu.

Koprodukzioen kasuan, kapituluen eta partiden xehakapenak bakar-bakarrik hartuko du kontuan Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legean araututako kenkaria aplikatuko duen koproduktoreak egindako inbertsioaren partea; orobat, ekoizpen kostua eta ikus-entzunezko lanaren guztizko kostua adierazi beharko dira.

b) Auditoretza txosten berezia, ikus-entzunezko lanaren guztizko kostua berrikusteko eta egiaztatzeko.

Txostena Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako kanpo auditoreek egin beharko dute, bat etorriz auditoretzen arloan indarrean dagoen legerian aurreikusitako prozedura arauekin. Horretarako, produktorearen edo koproduktoreen kontabilitate erregistroak aztertuko dira (behar bezala eginbideturik behar dute), eta kontuan hartuko dira ikus-entzunezko lana ekoizteko egin diren gastuen egiaztagiri guztiak.

Txosten horrek honako hauek jaso beharko ditu: egindako lanaren irismenaren deskribapena; egindako prozedurei buruzko aipamena edo horien deskribapena (eranskin batean); auditorearen ondorioa, ikus-entzunezko lanaren kostuen egitura eta kalkulua foru agindu honetan ezarritakoaren arabera prestatu direla adierazten duena; auditorearen izena edo sozietate izena; harremanetarako datuak; sinadura eta data. Lanaren irismena laginketa bidez egiten bada, aztertutako ehunekoa ezin izanen da %85etik beherakoa izan, langileen gastuen %100 aztertuko delarik.

Txostena egitean, 1. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatu beharko dira, honako gai hauek berariaz adierazita:

1. Lan kontratuak, merkataritza kontratuak eta eskubideak eskuratzearekin lotutakoak, bai eta kontratu horiei dagozkien dokumentuak eta fakturak ere.

2. Fakturak eta froga balio baliokidea duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, eta, kasua bada, zerbitzuen edo horniduren kostuak egiaztatzen dituzten kontratuak.

Bereziki, egiaztatzeko gastuek badutela lotura ikus-entzunezko lanarekin, haren izenburua agertu beharko da honako gastu hauekin zerikusia duten fakturetan: eszenografia, dekorazioa, storyboard-a, modelatuak eta postprodukzio gastuak –muntaketa, ikusizko efektuak, musika, irudi sintetikoen ekoizpena eta sorkuntza, soinu postprodukzioa, laborategia, postprodukzioko negatiboa eta kreditu tituluak–.

3. Bidaiak eta joan-etorriak justifikatzeko txartelak, fakturak eta froga balio baliokidea duten gainerako agiriak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo eraginkortasun administratiboa dutenak.

4. Azpikontratazioaren bidez fakturatu diren gastuen zerrenda eta kontratisten identifikazioa.

5. Nafarroan egin diren eta kenkariaren oinarriaren parte diren gastuen egiaztapena, bai eta gastu horiek kenkariaren oinarrian hartzen duten ehunekoa ere.

6. Onartutako laguntza publikoen eta dirulaguntzen zenbatekoa.

7. Pertsona edo entitate lotuengandik eskuratutako ondasun edo zerbitzuen zerrenda, loturaren egoera, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 28. artikuluarekin bat, eta ondasun edo zerbitzu horiek entitate lotuan duten kostuaren justifikazioa.

8. Koprodukzio finantzatuen kasuan, kenkaria aplikatuko duen koproduktoreak jasotako ekarpena, kasua bada.

Koprodukzio kasuetan auditoretza txostena bakarra izanen da. Hala ere, koprodukzioa nazioartekoa bada, honako hauek onartuko dira atzerriko koproduktoreari dagokion ikus-entzunezko lanaren ekoizpen kostua eta guztizko kostua egiaztatzeko:

1. Auditoretza txostena, atzerriko koproduktorearen herrialdeko auditore independente batek egina.

2. Kostuen egiaztapena, atzerriko koproduktorearen herrialdean ikus-entzunezkoen arloan eskumena duen erakunde publikoak emana.

3. Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) onetsi badu nazioarteko koprodukzioa, ICAAk emandako ebazpena, zeinetan agertuko baitira parte-hartzearen portzentajeak eta Espainiako partearen kostua; guztizko kostua estrapolatzeko balioko dute datu horiek.

c) Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Legearen 65.6 artikuluan ezarritako betebeharrak (material grafikoari eta ikus-entzunezkoei buruzkoak eta logotipoak txertatzeari eta Nafarroako Filmotekari kopia emateari buruzkoak) bete direla egiaztatzea, www.culturanavarra.es/eus webgunean zehazten den moduan.

Aurrekoa deusetan galarazi gabe, kulturaren arloan eskumena duen Nafarroako Gobernuko zuzendaritza nagusiak egokitzat jotzen dituen justifikazio agiriak eskatu ahal izanen ditu. Horrez gain, zuzendaritzak berak izendatzen duen auditore batek egindako beste auditoretza bat eskatzen ahalko du (bere gain hartuko ditu kostuak).

Era berean, ebazpena eman aurretik, txostena eskatu ahal izanen dio sozietateen gaineko zergaren arloan eskumena duen Nafarroako Foru Ogasuneko zerbitzuari.

d) Naziotasun ziurtagiria eta lanaren izaera kulturala egiaztatzen duen agiria, Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) emana.

e) Filmaketaren hasiera eta bukaera datak.

f) Koprodukzio kontratua, halakorik bada. Horrez gain, nazioarteko koprodukzioa bada, koprodukzioa onesteko ebazpena, ICAAk emana.

g) Produktorea ekonomia-intereseko taldea bada, erantzukizunpeko adierazpena, aditzera ematen duena hartako kide guztiak Nafarroako foru araudiaren mende daudela. Foru araudiaren mende egon beharko dute sozietateen gaineko zergaren sortzapen egunean, kenkaria sortzen den zergaldiaren barnean.

Era berean, ebazpena eman aurretik, txostena eskatu ahal izanen dio Nafarroako Foru Ogasunean sozietateen gaineko zergaren arloan eskumena duen atalburuari, edo pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren arloan eskumena duenari, kasua zein den Nota de Vigencia.

2. Kulturaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiak ebazpena eman eta jakinaraziko du, kenkaria justifikatzen duen dokumentazioa aurkezten denetik 6 hilabeteko epean. Ebazpen horretan, kenkariaren oinarria zehaztuko du, kontuan hartuta ekoizlearen inbertsioa eta Nafarroako lurraldean eginiko gastuak, bai eta inbertsioak finantzatzeko jasotako dirulaguntzak ere.

Baldin kenkaria justifikatzen duen dokumentazioa aurkezteko unean zenbait gastu egiteke badaude, ebazpena emateko epea eten ahal izanen da, zergadunak hala eskatuta, filmaketa bukatu denetik 24 hilabeteko epea bete arte geratzen den aldian.

Ebazpenak adieraziko du zer errekurtso jar daitezkeen, eta zer epetan.

Azken Xedapena Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra, eta aplikatuko zaie 2021eko urtarrilaren 1etik aurrera aurkezten diren ekoizpen zinematografikoei eta ikus-entzunezko sailei.

Iruñean, 2021eko maiatzaren 7an.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2107563

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web