19/2019 FORU LEGEA, apirilaren 4koa, lagun egiteko animaliak Nafarroan babesteari buruzkoa
BON N.º 71 - 11/04/2019
I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
II. TITULUA. BETEBEHARRAK ETA DEBEKUAK
III. TITULUA. IDENTIFIKAZIOA, OSASUN KONTROLA, HILKETA ETA EUTANASIA
IV. TITULUA. LAGUN EGITEKO ANIMALIEN ZENTROAK
V. TITULUA. ANIMALIA ABANDONATUAK, ADOPZIOA ETA KATUKOLONIAK
VI. TITULUA. ENTITATE LAGUNTZAILEAK
VII. TITULUA. ANIMALIEN BABESERAKO AHOLKU KOMITEA
VIII. TITULUA. ANIMALIEN BABESAREN ARLOKO ZABALKUNDEA ETA HEZIKETA
IX. TITULUA. IKUSKATZEA, ZAINTZA ETA KAUTELANEURRIAK
X. TITULUA. ARAUHAUSTE ETA ZEHAPENAK
Animalien ongizatea eta haiei pertsonek babesa ematea balio komunitario bat da, Europako Erkidegoa eratzeko Tratatuaren gehigarria den Animalien babesari eta ongizateari buruzko 33. zk.ko protokoloan mamitua, eta Europa eta nazio mailetako araudi desberdinetan jaso da.
Espainiak berriki berretsi du Estrasburgon 1987ko azaroaren 13an egin zen Lagun Egiteko Animalien Babesari buruzko Europako Hitzarmena, zeinak herrialde sinatzaileak behartzen baititu lagun egiteko animalien babesari dagozkion zenbait xedapen bermatzera.
Europako Hitzarmenaren kontuan hartuzkoetan, aitortzen da gizakiak izaki bizidun guztiak errespetatzeko betebehar morala duela, bai eta gizakiaren eta lagun egiteko animalien artean dauden harreman bereziak gogoan izatekoa ere; horiei aitortzen die bizi-kalitaterako egiten duten ekarpenaren eta gizarterako duten balioaren garrantzia. Halaber, aitortzen du lagun egiteko animaliak edukitzeko baldintzek ez dutela beti ahalbidetzen haien osasuna eta ongizatea sustatzea; orobat, aitortzen du haiekiko jarrerak nabarmen aldatzen direla, batzuetan arduragabetasunaren eta ezagutza ezaren ondorioz, eta xedatzen du ezen jarrera eta oinarrizko jokabide amankomun batzuk edukitzea, lagun egiteko animalien jabeek jokabide arduratsua edukitzea ekarriko dutenak, helburu desiragarria ez ezik errealista ere badela.
Bestalde, Europar Batasunaren Lisboako Tratatuko 13. artikuluak esaten du animaliak “sentient beings” edo “sentitzen duten izakiak” direla, hau da, sentitzeko gai diren izaki bizidunak, eta Europar Batasuneko kide diren herrialde guztiek horren arabera egokitu behar dute beren legedia.
Nafarroako Foru Komunitateak etxeko animalien babesa eta defentsa lege bidez arautu zuen Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen bitartez. Foru lege horrek bere baitan jaso zuen etxeko animalien eta fauna aloktonoaren babesa, halakotzat hartuz fauna autoktonokoak ez diren basa animalia etxekotuak, ekoizpenerako animaliak eta lagun egiteko animaliak.
Ia hogeita bost urte hauetan, foru legeak lagundu du animaliekiko tratu txarreko egoerak saihesten, haiekiko errespetua indartu du eta eraginkortasun juridikoa eman die aplikatzekoa den araudian ezarritako betebeharrei, arau-hausteen multzo eta zehapen-araubide propioak taxutuz.
Azken urteek aldaketa aipagarria ekarri dute animalien ongizatea dela eta. Animalien ustiaketa eta sufrimendua gero eta gehiago aitortzen dira; animalien babesarekin oso kezkatuta dagoen korronte bat badago gizartean, gero eta indar handiagoa hartzen ari dena, eta korronte horrek erkidegoei, erakundeei eta gobernuei dei egiten die animaliekiko errespetu-, zaintza- eta erruki-jarrerak har ditzaten.
Gaur egun, animalien ongizatearen baitakotzat hartzen dira gizakiek animaliengan dituzten eraginak; betiere, animaliaren ikuspegitik, eta ez alderantziz. Animalien babesa ulertzeko modu horrek eta gizartean animalien ongizateaz eta babesaz dagoen kezka gero eta handiagoak beharrezko egin dute aldaketak egin daitezela haiekiko gure jarrerak eta jokabideak ikusteko moldean, pertsonek animaliak tratatu behar dituzten moldean.
Egiazko aldaketa bat dago jarreretan eta animaliei ematen zaien babes praktikoan, baina ez da nahikoa. Egiazki eraginkorra izateko, legeriak beharrezko ditu bai kezkatzen den gizarte bateko herritarren babesa, bai eta legezko aplikazio egokia ere. Hezkuntzak hobekuntza iraunkorrak ekar ditzake, baina legeriak segurtasun-sarea ematen du animaliekiko ankerkeria eta gehiegikeria saihesteko.
Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak, alderdi askotan eraginkorra izan bada ere animaliak babesteko, gabezia batzuk badauzka, sortu zenetik igaro den denbora dela eta. Horregatik, beharrezkoa da Nafarroak foru lege berri bat izan dezan, animalien babesa dela-eta izan diren gertakariei neurria hartuko diena, gizarteak animalien ongizateaz dauzkan eskaerak jasoko dituena eta animaliei eta haien jokabideari buruzko zientzia- eta albaitaritza-ezagutzen araberakoa izanen dena.
Erkidego eta nazio mailetan badago animalien babesari buruzko araudi berariazkoa, zeinak ongizate-eskakizunak eta arau bakoitzaren xede diren espezieak zehaztu eta ezartzen baititu. Arau horiek, nagusiki, abeltzaintza-ustiategietan dauden ekoizpenerako animaliei, esperimentaziorako animaliei eta parke zoologikoetan bizi diren animaliei buruzkoak dira.
Lagun egiteko animaliei dagokienez –multzo horretan gehienbat txakurrak eta katuak sartzen dira–, ez dago haien babes eta ongizateari buruzko araudi nazionalik. Egoera hori dela-eta onetsi dituzte autonomia erkidegoek lagun egiteko animalien babesari buruzko legeak beren lurraldeetan. Horregatik, egokiagotzat jo da foru lege berriaren jarduketa-eremua mugatzea Nafarroan dauden lagun egiteko animalietara; izan ere, horrek aukera emanen du erkidegoko edo nazioko lege-esparru berariazkorik ez duten animalia horien babesa areagotzeko.
Animaliak Babesteari buruzko Foru Legeak indarra hartu zuenetik urte ugari igaro ondoren, oraindik ere gertatzen dira egoera ez-desiragarriak; nagusiki, txakur eta katuei tratu txarrak ematea eta haiek abandonatzea. Gure lurraldean, abandonua animalien ongizaterako arazo garrantzitsu bat da oraindik ere.
Agerian geratu da esterilizazioa, identifikazioa eta adopzioa direla lagun egiteko animalien abandonuari aurrea hartzeko eta haren inpaktua minimizatzeko hiru estrategia garrantzitsuenak, eta edukitze arduratsuaren kontzeptu zabalagoaren parte dira.
Herritarren parte-hartzea funtsezkoa da abandonuaren arazoaren kontra borrokatzeko, parte-hartze horren baitakoa da-eta abandonuaren aurkako borrokan funtsezkoak direla erakutsi duten hiru estrategia aipatuen aplikazio eraginkorra. Baina arazoaz kontzientzia hartzeaz harago, hezi egin beharra dago lagun egiteko animalia bat edukitzeak berekin dakartzan abantaila eta betebeharrei buruz, bai eta haien etorrerak gure bizimoduan izan dezakeen eraginari buruz ere.
Gaur egun, jabeek jokabide oker eta desegokiak izaten dituzte lagun egiteko animaliekiko. Maiz gertatzen dira animalien ezaugarri etologikoekiko eta jokabide-ezaugarriekiko proportzionalak ez diren zainketa eta arretak, animaliei sufrimendu edo kalterik eragiteko asmorik gabe gauzatuak baina zuzenak ez direnak eta, gainera, animalien ongizatea bermatzen ez dutenak. Halako zainketak gertatzen dira gizakien eta animalien ezaugarri fisiologikoak eta jokabide etologikoak parekotzat jotzeko gero eta maizago gertatzen den sentimendu batengatik.
Animaliekiko tratu txarrak, desaxola, abandonua eta babesgabetasuna amaitzearren eta, batez ere, gizakiak animaliekiko errespeturako duen kezka eta interes gero eta handiagoengatik gaur egun haiekiko dagoen protekzionismorako joera dela eta, beharrezkoa da eta justifikatuta dago foru lege berri bat onestea.
Lagun egiteko animalia bat edukitzearen helburua da elkarbizitza egitea pertsonarekin, taldearekin edo familiarekin, eta horiek behartuta daude hari garapenerako behar duen guztia ematera. Baina ez da ahaztu behar ezen animalia batzuek –txakurrek, esate baterako– zenbait jarduera egiten dituztela gizakiarekin, edo harekiko lankidetzan aritzen direla lanerako animalia gisa, poliziaren arloan, pertsonen erreskatean, desgaituei gida edo laguntza emateko, ehizan edo artzaintzan eta abarretan. Eta hori guztia ere kontuan hartzen da foru lege berrian.
Foru lege honetan, animalien edukitze arduratsua indartzeko eta sustatzeko neurri egokiak arautzen dira, eta horri begira, zabalkundeko eta prestakuntzako ekintzak garatuko dira, animalien zaintza eta babesa sustatu eta ongizatea bermatzeko, animalia-erosketa konpultsiboa ekiditeko, gure animalien ugalketa kontrolatzearen garrantziari buruz kontzientziatzeko, nahi gabeko umealdiak edo sabelaldiak saihesteari begira, halakoek abandonua ekarri ohi dutelako.
Entitate eta agente ezberdinekiko lankidetza ezartzen da, bai eta animalien abandonuari eta tratu txarrei eta haien ondorioei buruzko heziketa eta prestakuntza programak ere.
Animaliekiko praktika batzuk debekatzen dira, zeinak baztertu beharrekoak izanen baitira, zeren eta sufrimendua, kaltea eta are heriotza ere eragiten baitizkiete. Horretarako, haien debekua ezartzen da, hartara animalien ongizatea zainduz eta beharrezkoak ez diren sufrimendu eta heriotza horiek ekidinez.
Arau-hausteak animaliak babestearen ikuspuntutik egokitzen eta tipifikatzen dira, eta haien ongizatean eragiten den kaltearekiko proportzionalak dira: astunagotzat jotzen dira kalte handiena eragiten dietenak edo nahaste larriak edo oso larriak sortzen dizkietenak.
Zehapenak gogortzen dira, behar den disuasio-efektua lortzeko; horrekin, animalientzako tratu txarrak gutxitu eta saihestea lortu nahi da, eta progresiboak, proportzionalak eta disuasiokoak dira. Zehapen osagarri batzuk ere ezartzen dira, ekonomikoez gainerakoak, animaliekiko kalte-egoera berriak saihesteko; esate baterako, animalien edukitza kentzea eta haiek edukitzeko debekua ezartzea haien zainketa eta edukitze egokia bermatzen ez dituenari. Halaber, behin-behineko neurriak artikulatzen dira arau-haustea detektatzen denetik, animaliaren sufrimendua berehala amai dadin.
Foru lege honen justifikazioa interes orokorreko arrazoi bat da, eta ezinbesteko gertatzen da lagun egiteko animalien babesa eta ongizatea bermatzeko tresna egokia den aldetik. Horretarako, artikulu erraz eta argi batzuen bitartez argi zehaztutako xedeak dauzka, honako egitura honekin: hamar titulu, zazpi xedapen gehigarri, lau xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat.
I. tituluak, “Xedapen orokorrak” izenekoak, foru legearen xedea eta helburua ezartzen ditu, animalien babesa gidatzen duten printzipioen adierazpen orokor gisa. Argi zedarritzen da jarduketa-eremua, lagun egiteko animaliak eta foru legearen aplikazioa baztertzen den kasuak, bai eta artikuluetan aplikatzen diren definizioak ere; horrekin, ulergarriago egin nahi dira bilatzen diren xedeak lortzeko erabiltzen diren kontzeptuak.
II. tituluak animalien jabe eta edukitzaileentzako betebeharrak eta debekuak ezartzen ditu, animalien zainketari eta haien edukitze arduratsuari dagokienez; horren xedea da nagusiki animaliekiko tratu txarreko edo tratu desegokiko egoerak ekiditea, egitezkoak zein ez-egitezkoak.
III. tituluak animalien identifikazio zuzenerako printzipio orokorrak arautzen ditu eta identifikazio-prozesua ezartzen du; prozesu hori erregelamendu bidez garatuko da gero, eta edukitze arduratsua bermatzeko oinarrizko zutabeetako bat izanen da. Orobat, Lagun Egiteko Animalien Nafarroako Erregistroaren funtzionamendua ezartzen da, eta bera izanen da lagun egiteko animalien jarraipen eta kontrol egokiak egiazki bermatuko dituena.
Titulu horretan, derrigorrezko osasun kontroletarako printzipio orokorrak ezartzen dira, bai eta, soilik arrazoi justifikatuak daudenean, animalien hilketarako eta eutanasiarako betekizunak ere.
IV. tituluak lagun egiteko animalien zentroek bete beharreko baldintza eta betekizun orokorrak jasotzen ditu, gune zoologikotzat hartuta, bai eta lagun egiteko animalien salmentarako eta hazkuntzarako establezimenduek bete beharreko baldintzak ere. Betekizun eta baldintza horiek erregelamenduz garatuko dira Nafarroako mota guztietako gune zoologikoetarako.
V. tituluan, abandonatutzat edo galdutzat jotako lagun egiteko animaliak direla-eta jarduteko eskumen eta prozedura orokorrak ezartzen dira, bai eta haiek adoptatzekoak ere, eta harrera-zentroak eta katu-koloniak jotzen dira animalia horien kudeaketa etikorako bide egokientzat.
VI. titulua animalien babeserako eta defentsarako elkarteei buruzkoa da. Halakoak entitate laguntzaile gisara aitortzen dira, foru lege honetan aipatutako xedeak lortzeko funtsezko zutabetzat harturik.
VII. tituluak “Animalien Babeserako Kontsulta Batzordea” sortzeko oinarriak ezartzen ditu, hura Nafarroako animalien babesean inplikatutako eragile guztiek parte hartzen duten aholkularitza- eta kontsulta-organotzat hartuta.
VIII. tituluak animalien babesari buruzko zabalkunderako eta heziketarako printzipioak ezartzen ditu; xedea da lagun egiteko animalien edukitze arduratsurako printzipioen zabalkundea egitea eta herritarrak haiei buruz kontzientziatzea.
IX. tituluan, animalien babesaren arloan udalek, udalez gaindiko entitateek edo eskualdeek eta Nafarroako Gobernuko departamentuek dauzkaten eskumenak ezartzen dira, eta beren gain hartu behar dituzten eginkizunak zedarritzen dira. Ikuskatze-jarduketa eta animalientzako arriskuko egoeretan aplikatzekoak diren kautela-neurriak edo behin-behineko neurriak arautzen dira.
Azkenik, X. tituluak tipifikatzen ditu foru legeak araututakoa urratzearen ondoriozko arau-hausteak, eta kasuan kasuko zehapenak ezartzen ditu, bai eta horien mailakatzea, preskripzioa eta zehapen-eskumenak ere.
Zazpi xedapen gehigarriren bidez, lagun egiteko animaliatzat hartzen ez diren animalien babesari estaldura egokia ematearren foru legean integratu beharrekoak diren alderdi batzuk ezartzen dira, haiei buruzko arauetan aurreikusi gabeko alderdiei dagokienez; halaber, sustatuko da lagun egiteko animaliaren bat daukatenek beren animaliekin egon ahal izateko aukera izan dezatela titulartasun publikoko egoitza-zerbitzuetan.
Lau xedapen iragankorren bidez, foru legearen aplikazio eraginkorrerako behar den egokitzapena egiten da, aurreko foru legea indarrik gabe uzten baita.
Foru lege hau egin da honako hauei kontsulta egin eta haiekin ados ondoren: animalien babesaren eta ongizatearen arloan eskudun diren Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa, Nafarroako Albaitarien Elkargoa, Foruzaingoa, Seprona eta Nafarroako animalien babeserako elkarte eta ehiztarien elkarte nagusiak.
I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
Foru lege honen helburua da Nafarroan lagun egiteko animalien babeserako, ongizaterako eta edukitze arduratsurako arauak erregulatzea.
Foru lege honek oinarrizko helburu hauek ditu:
1. Bere aplikazio eremuan sartzen diren animalien babes- eta ongizate-maila ahal den handiena lortzea.
2. Animalientzako tratu egokia bermatzea, tratu txarren edo sufrimendu egoerak ekidinez, haiei baldintza higieniko-sanitario ezin hobeak bermatuz eta aukera emanez animalien espeziearen, adinaren eta jardueraren araberako jokabidea eduki ahal dezaten.
3. Animalien edukitze arduratsua sustatzea, abandonuaren aurka borrokatuz, identifikazioa, adopzioa, esterilizazioa, hazkuntza eta ugalkortasunaren kontrola arautuz eta animalien populazioaren kontrola haien hilketan gauzatzen diren metodoen bidez ez egitea lortuz.
4. Animalien babesari buruzko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak sustatzea, jabeei animalien etologiari eta gobernatzeari buruzko heziketa emanez.
3. artikulua. Aplikazioeremua.
Foru lege hau aplikatuko zaie Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde-eremuan dauden lagun egiteko animaliei, erregistratuta non dauden begiratu gabe, bai eta haien jabe eta edukitzaileei ere.
4. artikulua. Aplikatzekoak diren baztertzeak .
Lege honen aplikazio-esparrutik baztertuta daude:
1. koizpenerako animaliak, foru lege honen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa ezertan galarazi gabe.
2. Basa faunako animaliak, ehizakitzat hartutako basa faunako espezieak, subespezieak eta populazioak, eta araututako ehiza-jarduera.
3. Zezen-ikuskizunetan erabiltzen diren animaliak.
4. Esperimentaziorako eta beste xede zientifiko batzuetarako erabiltzen diren animaliak.
5. Parke zoologikoetan dauden animaliak
5. artikulua. Definizioak .
Foru lege honen ondoreetarako, honako hauek ulertuko dira:
1. Lagun egiteko animaliak: gizakiak dauzkan animaliak, baldin eta haien kontsumorako edo produkzioez aprobetxatzeko ez badira edo, oro har, merkataritza-xedeekin edo irabazi asmoekin edukitzen ez badira, espeziea edozein dela ere.
Definizio horretan txakur, katu eta hudo guztiak sartzen dira, alde batera utzita zertarako erabiltzen diren edo non bizi diren, bai eta aisiarako edo kirol-xedeetarako erabiltzen diren ekidoak ere, baldin eta haiek edukitzearen xedea kontsumoa edo haien produkzioen aprobetxamendua ez bada.
Definizio horren barruan sartzen dira, halaber, elikagaiak ekoizteko erabiltzen direnez bestelako ugaztunak, ornogabeak (erleak, erlastarrak, moluskuak eta krustazeoak izan ezik), uretako apaintze-animaliak, anfibioak, narrastiak, hegaztiak eta beste edozein animalia-espezie, hala nola legezko jatorria duten basa animaliak edo itxian hazitakoak ere, lagun egiteko animalia gisa edukitzen direnak.
Ez dira lagun egiteko animaliatzat hartuko babes bereziko araubidea duten espezieei, espezie mehatxatuei edo espezie exotiko inbaditzaileei buruz Estatuak edo autonomia erkidegoek egindako zerrenda edo katalogoetan jasota dauden espezieak, baldin eta haien edukitza ez badago legez baimenduta.
2. Ekoizpenerako animaliak: ekoizpenerako, ugalketarako, gizengarritarako edo hiltzeko animaliak, larrugintzarako edo ehiza-jardueretako direnak barne, zeinak mantendu, gizendu edo haziak baitira animalia-jatorria duten elikagai edo produktuak ekoizteko, edozein industria-erabileratarako edo bestelako merkataritza- edo irabazi asmoko xedeetarako.
3. Lanerako animaliak, laguntzakoak edo eginkizun soziala edo kirolekoa dutenak: jarduera edo xede jakin baterako erabiltzen diren lagun egiteko animaliak; esate baterako, zaintzarako txakurrak, artzain-txakurrak, laguntza-txakurrak, txakur biltzaileak, erreskate-txakurrak eta segurtasun indar eta kidegoek erabiltzen dituzten txakurrak.
3. bis. Ehizarako txakur edo hudoak: lanerako animaliak dira, araututako ehiza-jarduera batean jabearen laguntzarako erabiltzen direnak.
4. Basa fauna: basa egoeran modu naturalean bizi eta ugaltzen diren espezieen, subespezieen, populazioen eta banakako animalien multzoa, negu-pasan edo pasaeran daudenak barne, alde batera utzita autoktonoak edo aloktonoak diren eta haien ehiza-aprobetxamendua egin daitekeen.
5. Animalia abandonatua: animalia identifikatugabea edo identifikatua, zeinaren galera edo desagerketa ez baitzaio inongo agintari eskuduni jakinarazi araudian ezarritako gehieneko epean; eta, oro har, jabeak edo edukitzaileak nahita eta berariaz jabetzari eta kasuan-kasuan aplikatzekoa den araudian ezarritako zaintza- eta gobernantza-betebeharrak betetzeari uko egin dion edozein animalia. Animalia abandonatutzat hartuko da, halaber, lagun egiteko animalientzako zentro batean egon eta epe adostuan jabeak edo edukitzaileak erretiratu ez duena.
Foru lege honen ondoreetarako, animalia abandonatutzat hartzen da Lagun Egiteko Animalien Nafarroako Erregistroan titulartasunez alda daitekeena, dela harrerako zentroaren alde, dela hari harrera egiten dion edo hura jasotzen duen pertsonaren alde.
6. Animalia galdu edo desagertua: Identifikatuta nahiz identifikatu gabe egon eta kontrolik gabe alderrai dabilen animalia, baldin eta haren jabe edo edukitzaileak edozein agintari eskuduni komunikatu badio galera edo desagerketa.
7. Animalia identifikatuak: agintaritza eskudunak aitortutako identifikazio sistemaren bat daramaten animaliak, izena emanda daudenak Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan edo beste autonomia erkidego bateko erregistro baliokidean.
8. Animalia potentzialki arriskutsuak: etxeko animalia gisa edo lagun egiteko animalia gisa erabiltzen diren basa faunako animaliak, zeinak pertsonei nahiz beste animalia batzuei heriotza edo lesioak eragiteko eta gauzei kalte egiteko ahalmena duten espezie edo arrazetakoak baitira, duten agresibitatea zein ere den. Halaber, erregelamenduz zehaztutako etxeko animaliak edo lagun egiteko animaliak, bereziki txakur-espeziekoak, halako arraza-tipologia batekoak non, beren izaera oldarkorragatik, tamainagatik edo masailezurreko potentziagatik, pertsonei edo beste animalia batzuei heriotza edo lesioak eta gauzei kalteak eragin baitiezazkiekete. Animalia Potentzialki Arriskutsuak Edukitzeko Araubide Juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean araututakoari erreparatuko zaio, bai eta hura garatzen duen araudi indardunari ere.
9. Jabea edo titularra: animalia baten zaintzaren erantzukizuna duen pertsona fisiko edo juridikoa, zeinak bere jabaripean baitauka animalia, eta Animalien Identifikaziorako Erregistroan haren jabe bezala izena emanda baitago. Erregistroko izen-ematerik ez dagoen kasuetan, jabetzat hartuko da zuzenbidean titulartasun eta jabariaren frogatzeaz onarturiko edozein metodo erabiliz izaera hori demostra dezakeen pertsona.
10. Edukitzailea: aurreko puntuan ezarritakoaren araberako jabea izan gabe, animalia bat daukan edo haren zaintza bere ardurapean duen pertsona fisikoa.
11. Animalien babeserako eta defentsarako elkarteak: legez eratuta dauden irabazi asmorik gabeko entitateak, xede nagusi gisa dutenak animaliak defendatu eta babestea Nafarroako Foru Komunitatearen jarduketa eremuan.
12. Entitate laguntzaileak: animalien babeserako eta defentsarako elkarteak, albaitaritza-zentroak eta bestelako entitateak, halakotzat aitortuta eta erregistratuta daudenak Foru Komunitatearen jarduketa-eremuan.
13. Edukitza arduratsua: animalien ongizatea eta haien beharrizan etologiko eta fisiologikoen araberako bizi-kalitatea bermatu eta segurtatze aldera jabe eta edukitzaileek beren gain hartu behar dituzten eta foru lege honen aplikazio eremuan sartuta dauden betebehar, baldintza eta konpromisoen multzoa.
14. Eutanasia: lagun egiteko animalia bati modu justifikatuan eragindako heriotza, animaliaren ongizate egokiarekin bateragarria den bizi kalitatea ahalbidetzen ez dion gaixotasun edo lesio bat edukitzearen ondoriozko alferreko sufrimendua hari saihesteko, betiere metodo ez-anker eta ez-mingarriak erabiliz, foru lege honetan ezarritakoari jarraituz.
15. Hilketa: lagun egiteko animalia bati animalien osasun-arrazoiengatik, osasun publikoagatik, ingurumen-arrazoiengatik edo larrialdi- nahiz arriskugarritasun-arrazoiengatik eta ahal den sufrimendurik txikiena dakarten metodoen bidez eragindako heriotza, foru lege honetan ezarritakoaren araberakoa.
16. Tratu txarra: Sozialki onartezina den jokabidea, nahita animalia bati beharrik gabeko mina, sufrimendua, ondoeza edo heriotza eragiten diona.
17. Lagun egiteko animalien zentroak: gune zoologiko gisa erregistratutako establezimenduak, titulartasun publikokoak nahiz pribatukoak, haien xedea denean lagun egiteko animaliak mantentzea, kostu bidez edo dohainik, salbu eta albaitaritzako klinika, zentro edo ospitaleak.
Foru lege honen ondoreetarako, definizio horren barruan sartzen dira salmenta-establezimenduak, hazkuntza-zentroak, egoitzak, trebakuntza-eskola edo -zentroak, animalia abandonatuak hartzeko zentroak, kirolerako txakurtegiak, ehiza-txakur saldoak, animaliekiko terapiako zentroak, bilduma partikularrak, baserri-eskolak, santutegiak, erreskate-zentroak, lagun egiteko animaliei aterpea eman eta erregelamenduz zehaztua den beste edozein zentro, eta lagun egiteko animaliekin lotutako jarduera ekonomikoak dauzkaten gune zoologiko guztiak, haien kopurua edozein dela ere.
Bereziki honako hauek ulertuko dira:
a) Salmenta-establezimendua: lagun egiteko animalien zentroa, titulartasun pribatukoa, zeinaren helburua baita salmentarako animaliak aldi baterako mantentzea.
b) Merkataritza-xedea duten hazkuntza-zentroak edo haztegiak: lagun egiteko animalien titulartasun pribatuko zentroa, animaliak ugalketarako mantentzen dituena eta kumeak salmentara edo geroko lagapenera bideratzen dituena.
c) Harrera-zentroa: lagun egiteko animalien zentroa, titulartasun publiko zein pribatukoa, animalien defentsarako elkarteenak barne, animalia abandonatu edo galduen harrera egiten duena.
d) Txakurren trebatzailea: behar den lanbide kualifikazioa daukan pertsona, txakur bat hezten eta trebatzen duena pertsona bati zerbitzu egokia eskaini ahal izateko bete beharko dituen eginkizun desberdinak bete ditzan.
18. Harrera-etxea: bizileku partikular erregistratua eta harrera-zentro baten menpekoa, zeinean animalia abandonatu edo galduak mantentzen baitira haiek behin-behinekoz zaintzeko, animalia baldintza higieniko-sanitario egokietan zaindu, artatu eta mantenduko dela bermatuz.
19. Katu-kolonia: aske baina giza-ingurune baten menpe bizi den katu-multzoa, espazio publikoetan dagoena baina udalen, udalez gaindiko entitateen edo eskualdeen baimen eta kontrolaren menpean.
20. Albaitari ofiziala: Albaitaritzako lizentziaduna edo graduduna, funtzionario- nahiz lan-araubidean administrazio publiko baten zerbitzura diharduena, agintari eskudunak horretara jarria.
21. Albaitari gaitu edo baimendua: albaitaritzako lizentziadun edo graduduna, agintari eskudunak aitortua erregelamenduz ezartzen diren eginkizunak betetzeko.
II. TITULUA. BETEBEHARRAK ETA DEBEKUAK
6. artikulua. Betebeharrak .
Animalia baten edukitzailea edo jabea honako betebehar hauek betetzearen erantzulea da:
1. Animaliak tratatzea haien espeziearen, arrazaren eta adinaren arabera, haien beharrizan fisiko eta etologikoak aintzat harturik, haiei honako hauek emanez:
a) Behar adinako arreta, gainbegiratzea, kontrola, heziketa eta zainketak;
b) Elikagai eta edari osasungarriak, egokiak eta haien garapen normalerako komenigarriak.
c) Gutxienez ere foru lege honetan eta bera garatzeko arauetan ezarritakoa betetzen duten baldintza higieniko-sanitarioak.
d) Mugimendu-askatasuna, euste iraunkorreko sistemarik gabe.
e) Bizitzeko toki egokia tamainari eta kalitateari dagokienez, ingurune-baldintza egokiekin.
f) Espezie bakoitzerako kontaktu sozial egokia, adinaren eta jardueraren araberakoa.
2. Animalia bat edukitzea aurreko apartatuan ezarritako baldintzak betetzen badira soilik, edo, baldintza horiek beteta ere, animalia itxian bizitzera egokitu ahal bada soilik.
3. Animalia bat ugalketarako erabiltzerakoan kontuan hartzea haren ezaugarri anatomiko, fisiologiko eta jokabidekoak, kumeen edo emearen osasuna eta ongizatea arriskuan jar dezaketenak.
4. Animaliak egoki garraiatzea, eta legeria indardunean ezarritako moduan beti, garraioak dirauen bitartean bide-segurtasuna eta animalien erosotasuna bermatuz, baita ibilgailu partikularretan garraiatzen direnean ere.
5. Animaliei ematea beren ongizaterako eta osasun publikoa zein animalien osasuna babesteko nahitaezkotzat deklaratutako tratamendu prebentiboak, bai eta beste edozein motatako albaitaritza-tratamendu prebentibo, aringarri edo sendagarria ere, egoera sanitario ona bermatzeko funtsezkoa dena.
6. Behar diren neurriak hartzea animalien ugalketa kontrolgabea saihesteko, foru lege honetan araututakoarekin bateragarria den edozein kontrol-metodo erabiliz. Ugalketa kontrolgabetzat jotzen da jabeak nahita ez eragindakoa.
Beste txakur edo katu batzuekin kontrolik gabeko kontaktua izan dezaketen txakur eta katuek esterilizatuta egon beharko dute.
Honako animalia hauek ez dira joko beste animaliekin kontrolik gabeko kontaktua izan dezaketen txakurtzat: 5. artikuluaren 3. eta 3. bis apartatuetan definituriko animaliak, baimendutako ehiza-jardueretan edo ehizarako entrenamenduetan parte hartzen ari diren bitartean, edo artzain-txakurrak beren eginkizuna betetzen ari direnean.
7. Beren animaliak identifikatzea foru lege honetan eta bera garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera.
8. Animalia baten galera edo heriotza eta animaliaren edo jabearen datu aldaketa oro erregelamenduz zehaztutako epeetan komunikatzea, eta araudi indardunean ezarritako nahitaezko erregistroak gaurkoturik mantentzea. Tratu txarrengatiko salaketa bat izanez gero, heriotzaren arrazoia albaitari batek identifikatu eta ziurtatu beharko du.
9. Behar diren neurriak hartzea saiheste aldera animaliak edukitzea edo haien zirkulazioa arrisku edo mehatxu bat izan daitezen, eragozpenak sor ditzaten edo kalteak eragin diezazkieten pertsonei, lagun egiteko edo produkzioko beste animalia batzuei edo gauzei, haiek funtsean ez erasokor eta ez indarkeriazko ez diren metodoen bidez heziz, eta jokabide-aldaketarako teknikak erabiliz albaitari batek egoki jotzeagatik hala agintzen duenean. Bestetik, animaliek ezin izanen dute borroketan parte hartu. Hiri eremu publikoetan, txakurrak uhalez edo katez eraman beharko dira, eta ekidinen da haien eginkariekin bide eta eremu publikoak zikintzea.
10. Agintari eskudunaren edo haren agenteen eskura jartzea eskatzen zaion eta kasuan-kasuan aginduzkoa den dokumentazioa, une bakoitzean beharrezkoa den informazioa lortze aldera lagunduz, eta, oro har, agintari eskudunek egiten dizkioten gomendio guztiak betez.
Debekatuta dago animaliekin honako praktika hauek egitea:
1. Animaliei tratu txarra ematea edo haiekin sufrimendu, kalte edo larritasuna justifikaziorik gabe eragin diezaieketen edozein jokabide izatea, modu aktiboan nahiz ez-egitez.
2. Animaliak hiltzea foru lege honetan eutanasiarako edo hilketarako araututakoa urratuz.
3. Animaliak abandonatzea.
4. Animaliei elikadura ez-nahikoa edo desegokia ematea edo elikagai debekatuak ematea, bai eta haiei ur garbia ez ematea ere; animaliak baldintza higieniko-sanitario onik gabeko tokietan edukitzea, eguraldi txarretik babesteko modurik ematen ez dutenetan, dimentsio desegokiak dituztenetan edo, ezaugarriak, distantzia edo beste edozein arrazoi direla eta, animalien arreta, kontrol eta gainbegiratze egokia posible ez den tokietan.
5. Denbora luzez haiek lotuta edo giltzapetuta edukitzea, sufrimenduak edo kalteak eragiteko moduko baldintzetan; edo haiek gizakiarengandik edo beste animalia batzuengandik etengabe isolatuta edukitzea, espezie taldekoien kasuan. Txakurrak ez dira modu iraunkorrean lotuta edukiko; soilik behin edo behin eta denbora batez lotu ahalko dira, arduradunaren gainbegiratzearen pean, halako moduz non loturak ez dien kalterik eginen eta mugitzeko, etzateko, elikatzeko, edateko eta, beharrezkoa bada, estalperatzeko aukera emanen dien.
6. Lagun egiteko animalia baten itxura aldatzeko edo sendaketakoak ez diren beste xede batzuk lortzeko ebakuntzak; bereziki, buztana moztea, belarriak moztea, ahots-kordak ebakitzea eta azkazalak edo hortzak erauztea. Sendaketarako ez diren ebakuntzetan, salbuespena izanen da albaitari batek haiek beharrezkotzat jotzea, dela albaitaritza-medikuntzako arrazoiengatik, dela animalia jakin baten onurarako edo ugalketa eragozteko. Hori adierazita utzi beharko da sendaketarako ez zen ebakuntza egin zuen albaitariaren txosten edo ziurtagiri baten bitartez.
7. Animaliak dohaintzan ematea sari, publizitate-erakargarri edo esker gisa edo kostu bidezko animalia-eskualdaketaz bestelako izaera duten eskuraketengatiko opari gisa.
8. Animaliak hemezortzi urtez beherakoei eta ezgaituei saltzea edo haien izenean erregistratzea haien guraso-ahala edo zaintza dutenen baimenik gabe.
9. Salmenta ibiltaria.
10. Laugarren xedapen gehigarrian zerrendatzen diren animaliak –edo, kasua bada, lagun egiteko animalia gisa edukitzea baimenduta dauden animalien zerrendan jasota ez dauden animaliak– edukitzea, erostea, saltzea edo salmentarako erakustea.
11. Hazkuntza eta salmenta, Internet bidezko salmenta barne, behar diren baimenak eduki gabe edo salmenta-establezimendu edo haztegi gisa baimendurik eta erregistraturik egon gabe. Halaber, edozein zerbitzu ekonomiko edo salmenta argitaratzea, lagun egiteko animalien zentroaren edo gune zoologikoaren erregistro-zenbakirik gabe.
12. Animaliei alferrikako kalteak edo oinazeak sortu ahal dizkieten substantziak ematea.
13. Animaliak erabiltzea ikuskizunetan, lehiaketetan, borroketan, animalien arteko aurrez aurrekoetan, jai herrikoietan, beste animalia batzuen harrapaketan eta haien osasuna eta ongizatea arriskuan jartzen dituzten bestelako jardueretan, baldin eta jarduera horiek ankerkeria, tratu txarrak, sufrimenduak, heriotza edo naturaren aurkakoak edo laidogarriak diren tratamenduak barne hartzen badituzte. Salbuespena lanerako animaliak izanen dira, baldin eta baimendutako jardueretan parte hartzean zauriak edo heriotza pairatzen badituzte, halakoak tratu txarraren ondorio izan gabe.
14. Haiek heztea beren oldarkortasuna gara dezaten edo haiek borroketarako prestatzea, bai eta haiek trebatzea edo haiei lan eginaraztea halako moduz non haien osasuna edo ongizatea kaltetuko baita, beren indar edo gaitasun naturalak gaindiarazteagatik edo beharrezkoak ez diren lesio, min, sufrimendu edo larridura eragiten dieten bitarteko artifizialak erabiltzeagatik. Salbuetsita geratzen dira 5. artikuluaren 3. eta 3. bis apartatuetan definituriko animaliak haien defentsa-eginkizunei edo ehizarako gaitasunei dagokienez, salbu eta jarduera hori dela-eta justifikatu gabeko lesio, min, sufrimendu edo larridura eragiten bazaie.
15. Animaliak behartzea ikuskizun, jai herrikoi, azoka, erakusketa, lehiaketa, erakustaldi, filmaketa, publizitate-xedeetarako argazki- edo zinemagintza-saioetan edo antzeko beste edozein jardueratan parte hartzera –ehiza-jardueretako azokak, erakusketak edo filmaketak kasu–, halako jarduerak egiteko behar den baimen edo lizentzia eduki gabe.
16. Bide publikoetan dauden erakusleihoetan edo aisiarako zein jostetarako lokaletan erakusgai ipintzea haiek, bai eta haiek salmentarako erakustea ere bide publikotik edo merkataritza-establezimenduen barnealdeko korridoreetatik ikusteko modukoak diren tokietan.
17. Animaliak karrusel, ferietako atrakzio edo zirkoetan erabiltzea.
18. Animaliak aparkatutako ibilgailuetan edukitzea bizitzeko toki moduan edo eguraste eta tenperatura egokirik gabe.
19. Animaliak garraiatzea espeziearen berezitasun propioak errespetatu gabe edo horretarako berariaz egokiturik ez dagoen ibilgailu baten maletategian.
20. Abian diren ibilgailu motordunei lotuta eramatea animaliak.
21. Urkatze-lepokoak erabili edo saltzea, ziridunak edo elektrikoak, animalientzat kaltegarri direnak. Lepoko elektrikoak erabili ahalko dira halakoak beharrezkoak direnean ale jakin baten trebakuntzan, betiere albaitari edo aitortutako trebatzaile batek hala zehazten duenean.
22. Animaliei tiro egitea edo eraso egitea, suzko, airezko edo gas konprimituzko armekin, baleztekin, arkuekin, arma zuriekin edo haien ongizatea edo bizia arriskuan jartzen duen beste edozeinekin. Salbuetsita geratzen dira foru lege honetan araututako kasu bereziak, bai eta ehiza-espezieak ere baimendutako ehiza-jardueretan.
23. Animaliak edukitzea haiek foru lege honetan eta foru lege hau garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera identifikatuta edo erregistratuta egon gabe.
24. Lagun egiteko animalia moduan edukitzea horretarako debekaturik dauden basa faunako animaliak edo fauna aloktonokoak, salbu eta agintari eskudunak baimendutako gune zoologiko edo parke zoologikoetan.
25. Animaliak giza kontsumorako edo animalien kontsumorako erabiltzea.
26. Animaliak edukitzea beren arduradunek haien gaineko gainbegiratze-kontrol egokia egin ezin duten tokietan. Salbuetsita geratzen dira 5. artikuluaren 3. eta 3. bis apartatuetan definituriko animaliak, bere jardueraren berezko eginkizunak betetzen ari diren bitartean.
27. Tratamendu, prozedura kirurgiko, zerbitzu edo jarduerak egitea horretarako kualifikazioa edo baimena eduki gabe, hura aurrez edukitzea nahitaezkoa denean.
28. Animaliei sufrimendua edo heriotza eragiten dieten hazkuntza-prozedurak erabiltzea. Horren barnean sartzen da ugalketarako animaliak erabiltzea, haien ondorengoek halako gaixotasun hereditario larriak dituztenak non heriotza goiztiarra eragiten duten, edo ondorioak arintzeko albaitaritza-ebakuntzak egin beharra dakarten.
29. Animaliak artifizialki manipulatzea salmentarako erakargarri egiteko, jostetarako edo adierazpen artistikorako.
III. TITULUA. IDENTIFIKAZIOA, OSASUN KONTROLA, HILKETA ETA EUTANASIA
8. artikulua. Identifikazioa.
1. Lagun egiteko animaliak banan-banan identifikatuko ditu albaitari gaitu batek, erregelamenduz garatuko den sistema eta prozedura baten bitartez, espezie bakoitzerako ezartzen denaren arabera.
2. Nahitaezkoa da txakurrak, katuak eta hudoak mikrotxip homologatu batez identifikatzea; mikrotxip horrek Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroak baliozkotutako kode bakarra eramanen du. Esleitutako eta ezarritako mikrotxip-kodea animaliaren pasaporte ofizialean ageriko da, erregelamenduz ezarritakoari jarraituz. Hala eta guztiz ere, udalek, udalez gaindiko entitateek edo eskualdeek eskatu ahalko dute txakurrak mikrotxipaz gain beste bide batzuez identifikatzea.
3. Lagun egiteko gainerako animalietarako erabiltzen diren identifikazio-bitartekoak espezie bakoitzaren araberakoak izanen dira; nolanahi ere, modu frogagarrian bermaturik egonen dira animaliaren identifikazioa eta haren kokalekua, abandonu edo desagertze kasuetan.
4. Aurreikusitako sistemen arabera identifikatutako animaliak Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan izen eman edo erregistratu beharko dira. Ulertuko da erregistro horretan edo autonomia erkidego batean ofizialki aitortutako beste erregistro batean erregistratuta ez dauden animaliak ez daudela zuzen identifikatuta.
5. Europar Batasuneko beste herrialde batzuetatik datozen txakur, katu eta hudoek beren identifikazio-kodea duen jatorrizko pasaporteari eutsi beharko diote, eta ezin izanen da pasaporte horren ordez identifikaziorako beste dokumentaziorik erabili; hori, halere, ez da eragozpena izanen Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan izen emanda egotea nahitaezkoa izateko, eskuratzen diren une berean, haien ardura hartzen duen pertsonaren –adoptatzailea zein eroslea izan– datuekin batera.
6. Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan alta eskatuko da, animaliaren jabearen datuak eta jardun duen albaitariaren datuak jasoz, animalia identifikatu eta gehienez ere bost egun balioduneko epean. Baldin eta udalak, udalez gaindiko entitateak edo eskualdeak beste identifikazio-bide batzuk eskatu baditu, kasuko datuak ere erregistroan jasoko dira. Alta identifikazioa egin duen albaitari gaituak ere izapidetu ahalko du.
7. Lagun egiteko animaliak identifikatzeko epea, espeziearen eta adinaren arabera, erregelamenduz zehaztuko da. Hala eta guztiz ere, edozein animalia kostu bidez edo doan eskualdatu baino lehen, nahitaez identifikatuta egon beharko da; hori betetzen ez bada, egindako transakzioa deuseza izanen da.
8. Titularrak edo jabeak Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroari animalia baten titulartasun-aldaketa edo baja eskatuko dio bajaren egunetik edo animaliaren edukitza eraginkorra denetik gehienez ere bost egun balioduneko epean.
9. Hildako animalia bat erretiratzerakoan, errepideetan edo bide publikoan, haren identifikazioa egiaztatuko da, eta jabeari abisua emanen zaio, kasua bada. Animalia identifikatuta ez badago, haren argazki bat gordeko da, haren balizko identifikazioari begira.
10. Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan izena emateko betebeharretik salbuetsita geratuko dira beste lurralde batean identifikatuta eta erregistratuta egon eta Nafarroako Foru Komunitatean hiru hilabete baino aldi laburrago baterako dauden animaliak.
9. artikulua. Lagun Egiteko Animalien Erregistroa.
1. Lagun Egiteko Animalien Nafarroako Erregistroa animalien ongizatearen eta identifikazioaren arloan eskuduna den Nafarroako Gobernuko departamentuaren menpe egonen da. Erregelamenduz garatuko dira Lagun Egiteko Animalien Nafarroako Erregistroaren kudeaketa, funtzionamendua eta egitura.
2. Erregistroa datu-base informatiko bat izanen da, eta hartan, gutxienez, animaliei eta haien jabeei buruzko datuak egonen dira jasota. Potentzialki arriskutsuak diren lagun egiteko animaliak ere jasoko ditu, Animalia Potentzialki Arriskutsuak Edukitzeari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legeko 6.3 artikuluari jarraituz, eta izaera dutela adieraziko da.
3. Gaitutako edo baimendutako albaitariak aurreko apartatuan aipatutako datuak haiek erregistroan sartzeko ardura duenari komunikatuko dizkio; halaber, geroztik egiten den edozein aldaketa komunikatuko dio, animaliaren heriotzari buruzko datuak barne, horren berri izanez gero.
4. Erregistro horretako informaziorako sarbidea izanen dute Foru eta Toki Administrazioek, segurtasun indar eta kidegoek, Nafarroako Albaitarien Elkargoak eta animaliak identifikatzeko gaitutako edo baimendutako albaitariek.
10. artikulua. Animalien osasun kontrola.
1. Animalien ongizatea edo osasuna direla-eta eskuduna den agintaritzak lagun egiteko animalien txertatzea edo nahitaezko tratamendua zehaztuko ditu, eta animaliak isolatzea erabakiko du baldin eta gaixotasun bat diagnostikatu bazaie edo gaixotasun hori izatearen susmoa baldin badago, haiek zaintzeko, sendaketa-tratamendua emateko edo eutanasia aplikatzeko, beharrezkoa bada.
2. Animalien tratamenduak eta txertatzeak, bai eta nahitaezkoak diren azterketa sanitarioak eta haien aldizkakotasuna ere, erregelamenduz ezarriko dira. Txakur eta katuen kasuan, errabiaren kontrako txertoa nahitaezkoa denez, nahitaezkoa izanen da urtean behin edo bi urtez behin albaitari-bisita egitea osasun-kontrol baterako, zeina dokumentu bidez egiaztatuko baita animaliaren pasaportean txertoaren zigilua jarriz eta egoera orokorrari buruzko txostenaren bidez.
3. Albaitariek eta albaitaritzako klinika, kontsultategi zein ospitaleek animalia bakoitzaren datu klinikoen fitxategi bat eduki beharko dute, eta hari eutsi beharko diote gutxienez ere hiru urtez, eta agintari eskudunen esku jarriko dute.
4. Albaitaritza-zentroek, establezimendu sanitarioak diren aldetik, detektatzen dituzten eta nahitaez aitortzekoak diren gaixotasunen zaintza epidemiologikoan lagunduko dute, bai eta haien kontrolean ere. Haien susmoa eta diagnosia badaudenean, albaitariek hori animalien ongizatearen edo osasunaren arloan eskuduna den agintariari komunikatu beharko diote, gehienez ere berrogeita zortzi orduko epean. Alerta sanitarioa dagoenean, komunikazio hori 24 orduko gehieneko epean eginen da.
5. Albaitariek animalien ongizatearen arloko agintaritza eskudunari komunikatuko diote beren lanbidean dihardutela aurkitzen duten edozein aztarna, animalien aurkako tratu txarren ondorio izan daitekeena.
11. artikulua. Osasun publikoko kontrolak.
1. Pertsonei edo beste animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animaliak albaitari ofizialaren edo gaitutako albaitariaren kontrolaren pean jarriko dira hamalau egunez, baldin eta lesio horiek, beren ezaugarriak tarteko, errabia transmititzeko modukoak badira, edo arrazoi batzuk identifikatzen badira animalia horrek errabia izan dezakeela susmarazten dutenak. Etxeko animalien errabia kontrolatzeko Espainiako kontingentzia planaren arabera jokatuko da.
2. Behaketa epea osasun publikoaren arloko agintaritza eskudunak adierazitako zentroan emanen da. Jabeak eskatuta, txakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egin ahalko da.
3. Animalia horiek atxikitzeak eta kontrolatzeak eragindako gastuak jabeek berek ordaindu beharko dituzte.
12. artikulua. Hilketa eta eutanasia.
1. Animalia baten hilketa albaitari batek edo eskuduna den beste pertsona batek egin ahalko du soilik, animalien ongizatearen eta osasunaren, osasun publikoren edo ingurumenaren arloko agintaritza eskudunek behar bezala justifikatutako eta baimendutako larrialdi- edo arrisku-egoeretan. Su-armak erabili behar diren kasuetan, haien aplikazioa segurtasun indar eta kidegoek ezarritakoaren araberakoa izanen da.
2. Animalia baten eutanasia albaitari batek agindu eta burutuko du, arin eta minik eragin gabe, aldez aurreko anestesia parenterala edo sedazioa aplikatuz, animaliaren erabilpenak sufrimendu gehigarria ekar dezakeenean, eta ahal den sufrimendurik txikiena eta berehalako konorte-galera eragiten duten metodoak erabiliz.
3. Jarduketa-protokoloak ezarriko dira lagun egiteko animalien hilketarako edo eutanasiarako.
IV. TITULUA. LAGUN EGITEKO ANIMALIEN ZENTROAK
13. artikulua. Baldintza eta betekizun orokorrak.
1. Honako hauek dira lagun egiteko animalien zentroek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak, animalia baten edukitzaileari dagozkion betebeharrez gainera, eta beren sailkapenaren arabera, erregelamenduz ezartzen direnak kendu gabe:
a) Agintaritza eskudunak baimenduta eta erregistratuta egotea kasuko jarduera egiteko.
b) Baldintza higieniko-sanitario egokiak edukitzea, bai eta animaliek ariketa fisikoa egin ahal izateko behar adina toki ere, aterpean hartzen dituzten animalien behar fisiologiko eta etologikoen arabera.
c) Instalazio egokiak edukitzea animalia isolatuta edukitzeko, sartzen den unetik zentroko albaitaritza zerbitzuak haren egoera sanitarioaren irizpena egiten duen arte. Halaber, gaixorik dauden animalien edo zainketa edo mantentze-baldintza bereziak behar dituzten animalien isolamendua ere ahalbidetzea, eta animalia horiek behar den laguntza jaso ahal izatea edo, kasua bada, berrogeialdian jarri ahal izatea.
d) Biosegurtasun-neurri egokiak edukitzea, kanpoko animalien balizko sarrera edo aterpeturiko animalien balizko irteera ekiditeko, hartara animalia egoiliarren eta ingurukoen arteko kutsatzeak saihesteko.
e) Behar adina langile kualifikatu edukitzea animaliak gobernatzeko, erregelamenduz zehazten denari jarraituz, eta langile horiek haietan aterpetutako animaliei behar diren zainketa guztiak ematea, ikuspuntu higieniko-sanitariotik eta animalien ongizatearen ikuspuntutik, horren barne direla elikadura egokia, eguraldi txarraren aurkako babesa, ariketa egitea eta, oro har, haien beharren araberako arreta, baita zentroa itxita dagoen orduetan ere.
f) Paper euskarrian edo euskarri elektronikoan erregistroak edukitzea, zeinetan gutxienez ere animalien trazabilitatea, jatorria, xedea, gorabehera sanitarioak, albaitaritza-tratamenduak eta, kasua bada, bajen arrazoiak ezagutzeko behar adina datu egonen diren. Erregistro horiek gutxienez ere hiru urtez mantendu beharko dira, eta agintari eskudunaren esku eduki beharko dira.
g) Albaitaritza-zerbitzu bat edukitzea, programa higieniko-sanitarioa, animalien ongizaterakoa eta animalien identifikaziorakoa mantentzeko eta aplikatzeko ardura izanen duena. Nafarroako Gobernuko albaitaritza-zerbitzuei komunikatuko dizkiete nahitaez aitortzekoak diren gaixotasunak.
h) Trebakuntzarako zentro edo eskolek trebakuntza-lanak egiten dituzten langileen lanbide-prestakuntza eta gaikuntza egiaztatu beharko dituzte. Erregelamenduz garatuko dira halakotzat aitortutako trebatzaileak inskribatzeko egiaztapena eta baldintzak.
2. Animalia abandonatu edo galduak hartzeko zentro publikoek zein pribatuek boluntario-programa berariazkoak eduki ahalko dituzte, bai eta animalien babeserako elkarteekin lankidetzan jardutekoak ere.
14. artikulua. Salmentarako eta hazkuntzarako establezimenduak, merkataritzaxedea dutenak.
Lagun egiteko animaliak hazten edo saltzen jardun eta merkataritza-xedea duten establezimenduek, aurreko artikuluan xedatutakoaz gainera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ez haztea edo saltzea edukitzea debekatuta dauden animaliak, laugarren xedapen gehigarrian zerrendatzen direnak, edo, kasua bada, lagun egiteko animalia gisa edukitzea baimenduta dauden animalien zerrendan jasota ez dauden animaliak.
b) Animalien salmenta egin ahalko da, soilik, lagun egiteko animalien zentro gisa baimendutako eta erregistratutako salmenta-zentroetatik eta haztegietatik.
c) Salmenta-zentroek soilik hazle baimendu eta erregistratuengandik datozen animaliak merkaturatuko dituzte.
d) Establezimenduko langileek erosleari aholkua eman beharko diote animalia mota egokienari buruz, haren ezaugarriei begiratuta, eta informatu beharko diote lagun egiteko animaliak adoptatzeari buruz, erosleak eskatzen badu.
e) Salmenta-establezimenduetan, animaliak ezin izanen dira erakusgai eduki, foru lege honen 7.16 artikuluan ezarritakoari jarraituz. Ahal dela, katalogoen eta animaliak establezimenduan fisikoki egotea eskatzen ez duten antzeko bitartekoen bidez egin beharko da txakurren eta katuen salmenta.
f) Animaliak hedabideen, aldizkarien eta haien antzeko argitalpenen eta gainerako zabalkunde-sistemen bidez –esate baterako, Internet– saltzeko, iragarkian nahitaez jaso beharko da haztegiak edo salmenta-establezimenduak lagun egiteko animalien zentro gisa duen erregistro-zenbakia, bai eta animaliaren identifikazio-zenbakia ere, kasua bada.
g) Haztegiak edo salmenta-zentroak, transakzioa egin baino lehen, egiaztatuko du eroslea ez dagoela animaliak edukitzeko ezgaitua, horretarako Arau-hausleen Erregistroko arduradunari aurrez kontsulta eginda. Erosleari, paper-euskarrian edo bitarteko elektronikoez, animaliaren jatorriari, ezaugarriei, zainketei eta erabilpenari buruzko informazio guztia emanen dio, animaliaren osasuna bermatzeko, bai eta animalien edukitza arduratsuaren printzipioei buruzko informazioa ere. Halaber, tratu txarrak eta animalien abandonuak berekin dakartzaten eta foru lege honetan arautzen diren arau-hauste eta zehapenei buruzko informazioa emanen dio. Komunikazio hori eta Arau-hausleen Erregistroko kontsulta egin direla jasotzen duen eta egiaztatzeko bidea ematen duen dokumentazioa gutxienez ere hiru urtez gorde beharko du zentroak.
h) Animaliak osasuntsu, parasitoak kenduta, gaixotasunik batere gabe, nahitaezko txerto guztiak jarrita eta identifikatuta salduko dira, eta erosleari zentroaren izenean ziurtagiri bat emanen zaio, establezimenduko albaitari erantzuleak emana, zeinak animaliaren egoera sanitario egokiaren berri emanen baitu eta, txakurren eta katuen kasuan, animalien adina adieraziko baitu, hortzeriaren garapena erreferentzia hartuta.
i) Gutxienez zortzi asteko adina dutela salduko dira txakurrak eta katuak, albaitari batek egindako identifikazio elektroniko batez identifikatuta eta animalia eroslearen izenean formalki eta modu efektiboan izen emanda dagoela Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroan. Beste herrialde batzuetatik datozen animalien kasuan, haien salmenta ezin izanen da egin kumeek hamalau aste bete baino lehenago. Salmenta-establezimenduek beren instalazioetan ezin izanen dute eduki salmentarako gutxieneko adinetik beherakoa den animaliarik.
j) Behar diren neurriak hartu beharko dira txakurkumeen edo katakumeen sozializazio egokia segurtatzeko, haiek saldu aurretik.
V. TITULUA. ANIMALIA ABANDONATUAK, ADOPZIOA ETA KATU-KOLONIAK
15. artikulua. Animalia abandonatu eta desagertuak.
1. Honakoak dagozkie udalei, udalez gaindiko entitateei eta eskualdeei:
a) Beren udal barrutian dauden animalia abandonatu edo galduak jasotzea, eta haiek animalien harrerarako zentroetan sartzea. Horretarako, animaliak jasotzeko zerbitzu iraunkor bat edukiko dute, propioa, mankomunatua zein itundua.
b) Animalien harrerarako zentroak edukitzea, edo harrera-zerbitzua ituntzea Foru Komunitateko Administrazioarekin, beste toki entitate batzuekin, animalien babeserako eta defentsarako elkarteekin edo horretan diharduten beste pertsona juridiko edo fisiko batzuekin.
2. Harrera-zentroek, gehienez ere 24 orduko epean, Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Nafarroako Erregistroari komunikatuko diote identifikatutako animalia bat sartu dela, eta epe horretan beharrezko izapideak eginen dituzte jabea berehala aurkitzeko.
3. Jabeak edo baimendutako pertsonak hamar egun balioduneko epea du animalia identifikatu edo identifikatugabe bat berreskuratzeko, jakinarazpena jasotzen duenetik kontatzen hasita.
4. Jabeak edo pertsona baimenduak titulartasuna behar bezala egiaztatu beharko du animalia berreskuratzeko, eta animaliak harrera-zentroak jasotzeak eta zentro horretan izandako egonaldiak sortutako gastu guztiak ordaindu beharko ditu hura berreskuratu baino lehen, behar izan diren albaitaritza-gastuak eta identifikazio-gastuak barne, animalia identifikatuta ez bazegoen. Kasuko lizentzia aurkeztuko du, baldin eta animalia potentzialki arriskutsu bat bada.
5. Animalia berreskuratu gabe hamar eguneko epea iraganda, animalia hori abandonatutzat joko da, eta adopzioan eman ahalko da animaliak horretarako baldintzak betetzen dituela zentroko albaitari erantzuleak zehaztu bezain laster.
16. artikulua. Animalien adopzioa.
1. Nafarroako Gobernuak eta udalek, udalez gaindiko entitateek edo eskualdeek sustapen-neurriak jarriko dituzte abian animalia abandonatuen adopzioa errazteko. Harrera-zentroek une oro sustatuko dute animalien adopzio arduratsua.
2. Pertsona fisiko adindunak izan ahalko dira adoptatzaileak, foru lege honen ez-betetzeak direla-eta arau-hauste oso astun batengatik zehatu ez direnak. Arau-hausleen Erregistroari kontsulta eginen zaio jakite aldera ea adoptatzailea ezgaituta dagoen animaliak edukitzeko, eta egiaztatuko da legeria indardunari jarraituz ebazpen judizial irmo batez ezgaituta ez dagoela.
3. Adopzioa gauzatuko da titular berriari animalia emanez eta animalia horren jatorriari eta haren ezaugarriei buruzko informazio guztia eta zentroko albaitari erantzuleak emandako ziurtagiri bat eskuratuz; ziurtagiri horretan, animaliak jaso beharko dituen tratamendu, jarraibide eta zainketak deskribatuko dira, bai eta adoptatzaileak bere gain hartzen dituen erantzukizunak ere, ez-betetzeak ekar ditzakeen zehapen-ondorioak edo ondorio penalak barne. Harrera-zentroak eta entitate laguntzaileek gutxienez ere hiru urtez gorde beharko dute komunikazio hori egin izana jasotzen duen dokumentazioa.
4. Adopzioaren xede diren animaliek aginduzkoak diren prebentzio- edo sendaketa-tratamenduak jasota eduki beharko dituzte, identifikatuta eta esterilizatuta egon beharko dute, edo epe jakin batean esterilizatzeko konpromiso bat egonen da, baldin eta arrazoi sanitarioak tarteko adopzioaren unean gomendagarria ez bada, eta animalia ez ugaltzeko konpromiso bat ere egonen da; agiri horien kopiak zentroan geratuko dira agintari eskudunaren esku, gutxienez ere hiru urtez. Esterilizazioa albaitariaren ziurtagiri batez demostratu beharko da.
5. Adopzioa ez da inolaz ere merkataritza-transakzioaren xede izanen. Soilik ordainarazi ahalko dira tratamenduen eta albaitaritza-arretaren behar bezala zehaztutako eta justifikatutako kostuak eta identifikazioaren eta esterilizazioaren kostuak, baldin eta hura egin bada. Harrera-zentroek ez dute inola ere zilegi izanen beren instalazioetan animaliak hazi edo ugaltzea, kumeak adopzioan emateko.
6. Harrera-zentro batean dauden animaliek gaixotasun infekzioso-kutsakorrak edo parasito-gaixotasunak dauzkatenean, gizakiari edo animaliei transmititu ahal zaizkienak, eta gaixotasun horiek, zentroko albaitari erantzulearen iritziz, osasun publikorako edo animalien osasunerako arrisku bat izan daitezkeenean, ezin izanen dira adopzioan eman.
7. Harrera-zentroak animalia baten behin-behineko zaintza eman ahalko dio animaliaren edukitzaile gisa jardunda haren zainketa, arreta eta baldintza higieniko-sanitarioen mantentzea berma ditzakeen pertsona fisikoari. Animalia horiek edukiko diren bizilekua harrera-etxetzat hartuko da. Arau-hausteen Erregistroan kontsulta eginen da jakite aldera animalia bat hartzen duen pertsona ezgaituta ote dagoen animaliak edukitzeko.
8. Animalia bat harrera-etxe bati lagatzean, baldintza gisa ezarriko da harrera-zentroari animaliaren ongizateari buruzko edozein gorabehera komunikatzea eta hura berehala entregatzea, baldin eta jabea agertzen bada edo adoptatzaile bat aurkitzen bada.
9. Erregelamenduz ezarriko da harrera-etxe batean gehienez ere zenbat animalia hartu ahalko diren. Harrera-zentroak harrera-etxeen erregistro gaurkotu bat edukiko du animalien ongizatearen arloan eskuduna den Nafarroako Gobernuaren departamentuaren eta kokatuta dauden udalerriari dagokion udalaren, udalez gaindiko entitatearen edo eskualdearen eskura”.
17. artikulua. Katukoloniak.
1. Udalek, udalez gaindiko entitateek eta eskualdeek, beren udal barrutian aske bizi diren katuen populazioa babestu eta kontrolatzeko neurri gisa, katu-koloniak ezarri beharko dituzte, katu horientzako balizko destino gisa, harrapaketaren, esterilizazioaren, identifikazioaren eta askatzearen bidez. Koloniaren zaintzarako eta osasun kontrolerako eskuduna den udalaren, udalez gaindiko entitatearen edo eskaldearen izenean identifikatuko dira animaliak.
2. Udalek, udalez gaindiko entitateek eta eskualdeek katu-kolonien kokalekuak ezarriko dituzte, eta koloniek erregelamenduz ezarriko diren gutxieneko baldintza higieniko-sanitario batzuk eta kokapeneko baldintza batzuk bete beharko dituzte.
3. Udalek, udalez gaindiko entitateek eta eskualdeek partikularrekiko eta entitateekiko lankidetza sustatuko dute, animalien zaintza errazteko. Kudeaketa, ahal dela, animalien babeserako entitate edo elkarteekin lankidetzan eginen da.
VI. TITULUA. ENTITATE LAGUNTZAILEAK
18. artikulua. Animaliak babesteko eta defendatzeko elkarteak.
Irabazi asmorik gabekoak izan eta legez eratuta dauden animalien babeserako eta defentsarako elkarteek, animalien defentsa eta babesa xede nagusitzat izan eta erregelamenduz zehazten diren baldintzak betetzen dituztenek, horretarako sortutako erregistro batean izen emanda egon beharko dute.
19. artikulua. Entitate laguntzaileak.
1. Animalien babeserako eta defentsarako elkarteei entitate laguntzaileen titulua eman ahalko zaie, eta haiekin itundu ahalko da animalien babesera eta defentsara bideratutako jarduerak egitea.
2. Entitate laguntzaileen erregistroan izena emateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Legez eratuta egotea eta irabazi asmorik ez izatea.
b) Jarduera Nafarroan garatzea.
c) Xede nagusi gisa animalien babesa eta defentsa edukitzea.
d) Animalien babesa eta defentsa sustatzeko jarduerak egitea.
e) Harrera-zentro baimendu eta erregistratu bat eduki ahal izanen dute.
3. Erregistroan mantentzeko, aurreko apartatuetan ezarritako baldintzak bete beharko dira, bai eta erregelamenduz ezartzen direnak ere.
4. Entitate laguntzaileek:
a) Aktiboki parte hartu beharko dute animalien babesa eta lagun egiteko animalien edukitze arduratsua sustatzeko prestakuntza- eta zabalkunde-programetan.
b) Lagun egiteko animalien harrerarako eta adopziorako programetan parte hartu beharko dute.
c) Lankidetzan jardun ahalko dute animalia abandonatuen mantentzean edo adopzio-programetan, animaliak aldi baterako edukiz beren harrera-zentroan.
5. Entitate laguntzaileek egindako jarduerei buruzko oroitidazki bat igorriko diote urtero animalien ongizatearen arloko agintaritza eskudunari, erregelamenduz ezarritako ereduan.
6. Ezarritako baldintza horiek ez betetzeak berekin ekarri ahalko du entitate laguntzailearen titulua kentzea.
VII. TITULUA. ANIMALIEN BABESERAKO AHOLKU KOMITEA
20. artikulua. Animalien Babeserako Aholku Komitea.
1. Animalien Babeserako Aholku Komitea sortzen da, kontsultarako eta aholkularitzarako organo gisa. Haren helburua da animalien edukitza arduratsurako eta lagun egiteko animalien aurkako tratu txarraren eta abandonuaren aurka borrokatzeko ekintza nagusiak aztertu eta proposatzea.
2. Animalien Babeserako Aholku Komiteak honako eginkizun hauek izanen ditu besteak beste:
a) Txosten eta irizpenak ematea, bai eta animalien ongizatearen arloko departamentu eskudunak eskatzen dituen azterlanak egitea ere.
b) Arloari buruzko plangintza- eta koordinazio-azterlanak sustatzea.
c) Nafarroako Gobernuari aholku ematea, animalien babesa eta defentsa hobetzera eta sustatzera bideratutako araudiak egin edo jarduketak proposatzeko.
d) Araudia garatzerakoan detektatu diren arazo nagusiei eta haiek zuzentzeko balizko neurriei buruzko kontsulta eta berrikuspena.
e) Animalien babesari eta defentsari buruzko aholkularitzarekin lotutako beste edozein jarduketa, erregelamenduz ezarritakoa.
3. Komitearen osaera eta funtzionamendua erregelamenduz zehaztuko dira, eta lagun egiteko animalien babesarekin eta ongizatearekin lotutako departamentu, erakunde edo elkarte guztien ordezkaritza bermatuko da.
VIII. TITULUA. ANIMALIEN BABESAREN ARLOKO ZABALKUNDEA ETA HEZIKETA
21. artikulua. Zabalkundea eta prestakuntza.
1. Nafarroako Gobernuak eta udalek, udalez gaindiko entitateek eta eskualdeek animalien babesari buruzko prestakuntza-, zabalkunde- eta- informazio-jarduketak sustatuko dituzte; honako hauek, besteak beste:
a) Behar diren neurriak hartuko dituzte foru lege honen edukien zabalkundea egiteko, animalien edukitze arduratsuari buruzko sentsibilizazio- eta sustapen-kanpainak, animaliak identifikatzeko betebeharrari buruzko zabalkunde-kanpainak, eta animalien ugalketa kontrolgabea eta abandonua saihesteko neurriak hartzeari buruzko kanpainak bultzatuz, bai eta harrera-zentro baimenduetan adopzioak sustatzeko kanpainak eginez ere.
b) Foru lege honen edukiari buruzko zabalkundea eginen dute eskola-ikasleen eta herritarren artean, betiere zainduz animalien babesarekin lotutako edukiak sar daitezela lurralde-eremuan garatzen diren hezkuntza-programetan.
c) Sustatuko dute prestakuntza kanpainak egin daitezela animalien jabe eta edukitzaileentzat, animalien behar etologiko eta fisiologikoekin bat datorren edukitza berma dadin, bai eta animaliek ingurunean errotze eta elkarbizitza ezin hobea lor dezaten ere.
2. Entitate laguntzaile deklaratuta dauden animalien babeserako eta defentsarako elkarteak eta Nafarroako Albaitarien Elkargoa oinarrizko tresnak izanen dira foru lege honetan ezarritakoaren zabalkunde- eta informazio-lanetan.
IX. TITULUA. IKUSKATZEA, ZAINTZA ETA KAUTELA-NEURRIAK
22. artikulua. Eskumenak eta kontrolak.
1. Udalek, udalez gaindiko entitateek eta eskualdeek honako hauek egin beharko dituzte:
a) Abandonatutako edo desagertutako animaliak jaso, ostatatu eta mantentzeko jarduerak, bai eta katu-kolonien kudeaketa ere. Eskumen hori baliatuta, Nafarroako Gobernuarekin lankidetza-mekanismoak ezarri ahalko dituzte, edo itunak egin ahalko dituzte animaliak babestu eta defendatzeko elkarteekin edo horretarako baimena duten beste pertsona fisiko edo juridiko batzuekin.
b) Baldintzak ezarri beharko dituzte lagun egiteko animaliak etxe partikularretan, bizilagunen erkidegoetan eta bide publikoetan edukitzeari buruz, foru lege honetan ezarritako printzipioei jarraituz, bai eta haien kontrolari buruz ere.
c) Beren udalerrian erroldatutako lagun egiteko animalien kontrola eta zaintza, egiaztatze aldera zuzen identifikatuta eta erregistratuta daudela, araudiak haiek identifikatzea eskatzen duen kasuetan.
d) Lagun egiteko animaliak konfiskatu, baldin eta haiengan tratu txarren aztarnak detektatzen badira, eraso fisiko baten edo desnutrizioaren sintomak agertzen badituzte edo instalazio desegokietan badaude.
e) Lagun egiteko animalien zentroak zaindu eta ikuskatu. Eskumen hori baliatuta, lankidetza-mekanismoak ezarri ahalko dituzte Nafarroako Gobernuarekin.
f) Animalien babesari buruzko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak sustatu.
2. Nafarroako Gobernuak honela banatuko ditu bere eskumenak:
1. Animalien osasun, identifikazio eta ongizatearen arloko departamentu eskudunak honako hauek egin beharko ditu:
a) Subsidiarioki jardunen du udalek, udalez gaindiko entitateek eta eskualdeek jarduten ez dutenean, foru lege honetan xedatutakoaren araberako zaintza eta ikuskapen lanetan.
b) Foru lege honetan ezarritako Lagun Egiteko Animalien Nafarroako Erregistroaren kudeaketaz eta funtzionamenduaz arduratuko da.
c) Lagun egiteko animalien nahitaezko tratamenduak eta txertatzeak zehaztuko ditu, bai eta haien isolatzea xedatu ere, animalia-osasuneko arrazoiengatik.
d) Lagun egiteko animalien zentroak gune zoologiko gisa baimentzea eta erregistratzea, bai eta bete behar dituzten gutxieneko baldintza higieniko-sanitarioak ezartzea, baita katu-kolonien kasuan ere.
e) Entitate laguntzaileen erregistroaren eta Animalien Babeserako Aholku Komitearen sorrera eta kudeaketa arautuko ditu.
f) Animaliekin ikuskizun, feria, erakusketa, lehiaketa, filmazio eta abarrekoak egiteko behar den baimen administratiboa emanen du.
g) Animalien hilketarako edo eutanasiarako protokoloak eginen ditu.
h) Animalien babesari buruzko prestakuntza-, zabalkunde- eta informazio-jarduerak sustatuko ditu.
2. Osasun publikoaren arloko departamentu eskudunak osasun publikoaren babesarekin lotutako jarduketak eginen ditu, lagun egiteko animaliekiko kontaktuaren ondorioz pertsonengan eragina izan dezaketen gaixotasun kutsagarrien aurrean.
23. artikulua. Ikuskatzaileak.
1. Ikuskatze-jarduketak Nafarroako Gobernuko animalien ongizatearen, animalien osasunaren eta osasun publikoaren arloetako departamentu eskudunetako langile funtzionarioek eginen dituzte, bai eta udaletako, udalez gaindiko entitateetako eta eskualdeetako funtzionarioek ere, bakoitzak foru lege honetan esleitzen zaizkion eskumenez baliatzearen esparruan. Langile horiek agintaritzaren agenteen izaera edukiko dute, eta agintari eskudunei eta, oro har, eginkizun publikoak betetzen dituztenei –Estatuko, autonomia-erkidegoetako eta tokiko segurtasun indar eta kidegoei ere bai– behar dituzten sostengu, laguntza eta babesa eskatu ahalko dizkiete.
2. Ikuskatzaileek honako hauek egiteko baimena izanen dute:
a) Libreki sartzea, aurrez abisatu gabe, enpresa, establezimendu, ustiategi, instalazio, ibilgailu, edukiontzi edo garraiobide edo, oro har, toki guztietan, foru lege honetan agindutakoaren betetze-maila egiaztatzeko. Ikuskatze-bisita bat egitean, nor den frogatu beharko dio titularrari, haren legezko ordezkariari edo, halakorik ezean, kasuko tokian dagoen pertsonari. Ikuskapena pertsona fisiko baten etxebizitzan egiten bada, haren berariazko baimena lortu beharko dute edo, bestela, aginduzkoa den baimen judiziala.
b) Animalien egoera eta foru lege honen betetzea egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen duen edozein ikerketa-diligentzia, azterketa edo proba egitea.
c) Enpresa, establezimendu, ustiategi, instalazio, ibilgailu, edukiontzi edo garraiobidearen titularra edo arduraduna edo haren langileak ikuskapen-jarduketen tokian ager daitezen exigitzea; halaber, haiei informazioa eskatu ahalko diete animaliaren egoera dela-eta ustez garrantzia izan dezakeen edozein gairi buruz, bai eta ikuskatzeak eskatzen duen lankidetza aktiboa ere.
d) Animalien edo beste edozein material susmagarriren laginak hartzea, erregelamenduz ezarritako prozedurari jarraituz, araudia betetzen den egiaztatzeko egokitzat jotzen diren proba eta azterketa kliniko edo laborategikoak egin edo proposatzeko.
e) Animalien identifikazioa, dokumentazioa, liburuak, erregistroak eta artxiboak aztertzea, baita euskarri edo programa informatikoetan daudenak ere, kasuko enpresa, establezimendu, ustiategi, instalazio, ibilgailu edo garraiobideari dagozkionak, foru lege honen betetzea egiaztatzeko garrantzia badute.
f) Behar diren kautela-neurriak hartzea, foru lege honetan araututakoari jarraituz.
24. artikulua. Ikuskapena egin zaienen betebeharrak.
Ikuskapena egiten zaien pertsona fisiko edo juridikoek betebehar hauek izanen dituzte:
1. Ikuskatzaileek establezimendu, ustiategi, instalazio, ibilgailu, edukiontzi edo garraiobide edo, oro har, toki orotarako sarbidea izan dezaten ahalbidetzea, ikuskatze-jarduketa egiteko, betiere ikuskatzaileak behar bezalako ikuskatzaile-agiria aurkezten badio enpresaburuari, haren legezko ordezkariari edo behar bezala baimendutako pertsonari edo, halakorik ezean, kasuko tokian dagoen edozein langileri.
2. Mota guztietako informazioak ematea instalazio, bitarteko, animalia edo zerbitzuei buruz, bai eta, oro har, animalien babesa dela-eta eskatzen zaizkien alderdiei buruz ere, eta ikuskatzaileei haiek egiaztatzeko modua ematea.
3. Animalien babesaren arloko informazioaren kopia edo erreprodukzioa egiten uztea.
4. Animalien babesaren arloko araudi indardunaren ez-betetzea frogatzeko diligentziak egin daitezen uztea.
5. Orokorrean, ikuskapena onartu eta hura gauzatzen laguntzea.
25. artikulua. Kautelaneurriak eta behinbehineko neurriak.
1. Agintari eskudunek eta, kasua bada, agintaritza eskudunaren baimena duten ikuskatzaileek, zilegi izanen dute kautelazko behin-behineko neurriak hartzea zioak emanda, urgentzia- edo beharrizan-arrazoiak tarteko, baldin eta ikuskapen edo kontrol batean zehar egindako aurretiazko jarduketetatik ondorioztatzen bada animalientzako arrisku larria dagoela, edo foru lege honen urraketa bat badagoela astun nahiz oso astuntzat jo daitekeena.
2. Animalientzako arrisku larriko egoera bati amaiera emateko kautela-neurriak edo behin-behineko neurriak, zehapen prozedura hasi aurrekoak, honako hauek izan ahalko dira:
a) Animaliak konfiskatzea.
b) Agintari eskudunak ez ematea legez animaliak garraiatzeko aginduzkoak diren dokumentuak.
c) Jarduerak, instalazioak edo garraiobideak etetea edo geraraztea eta establezimenduak ixtea, aginduzkoak diren baimen edo erregistroak ez badituzte.
3. Kautela-neurri horiek ez dute inolaz ere izanen zehapen-izaerarik.
4. Kautela-neurriak ikuskapenean edo kontrolean zehar hartuko dira animaliarentzako arrisku larriko kasuetan eta haien jabe edo erantzuleak, ikuskatzailearen edo agintaritza-agentearen eskariz, arrisku hori saihesteko behar diren bitartekoak berehala jartzen ez dituenean. Neurri hori, halaber, aurrez errekerimendurik egin gabe hartu ahalko da, baldin eta animaliaren jabea edo erantzulea identifikatzeko edo aurkitzeko epea arrisku-egoera larriagotzeko modukoa bada.
5. Ikuskatzaileek hartzen dituzten kautela-neurriak berehala jakinarazi beharko zaizkio organo eskudunari; horrek, ebazpen ziodun batez, ahal den epe laburrenean –edonola ere, epe hori ez da sekula hamar egunetik gorakoa izanen, neurria hartu zenetik– haiek berretsi, aldatu edo kenduko ditu, eta, kasua bada, osatu ere eginen ditu, egokitzat jotzen dituen bestelako berme- eta arreta-neurriak ezarriz.
6. Neurri horiek, nolanahi ere, doitu eginen zaizkie kasu zehatz bakoitzean lortu nahi diren helburuen intentsitate, proportzionaltasun eta beharrizan teknikoei.
7. Baldin eta animaliak prozedura horren bitartez konfiskatzen badira, haiek gordailatu eta zaindu ahalko dira Nafarroako Gobernuak edo kasuko udalak, udalez gaindiko entitateak edo eskualdeak horretarako gaituta dituen edo gaitzen dituen egoitzetan, bai eta entitate laguntzaile gisa aitortutako animalien babeserako eta defentsarako elkarteenetan ere, harik eta ebazpenak haien behin betiko destinoa zehazten duen arte.
8. Konfiskatze-eragiketek eta konfiskatutako animaliaren mantentzeak eta tratamenduek sortzen dituzten gastuak animaliaren jabe edo erantzulearen kargura izanen dira betiere.
9. Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak animalia konfiskatuaren behin betiko destinoa zehaztuko du, eta erabakiko du hura besterentzea, jabe edo erantzuleari itzultzea, bere ingurune naturalera itzulia izatea edo animaliaren izaerari berari begira egokientzat jotzen dena.
10. Jabeari edo erantzuleari itzultzea erabakitzen ez den kasuetan, konfiskatutako animaliak horretarako gaitutako instalazioetan zainduko dira, eta, ahal dela, animalien babeserako eta defentsarako elkarte baimendu eta erregistratuei lagako zaizkie.
X. TITULUA. ARAU-HAUSTE ETA ZEHAPENAK
26. artikulua. Arauhausteak.
Foru lege honen ondoreetarako, arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.
1. Honako hauek arau-hauste arinak dira:
a) Foru lege honek eskatzen dituen erregistroak ez edukitzea, edo haiek osatu gabe nahiz gabeziekin edukitzea.
b) Lagun egiteko animaliak edukitzea foru lege honetan aurreikusitako baldintzetan identifikatu edo erregistratu gabe.
c) Lagun egiteko animaliak hemezortzi urteko adinaz beherakoei eta ezgaituei eskualdatzea, guraso-ahala, tutoretza edo jagoletza duten pertsonen baimenik gabe.
d) Edozein espezietako animaliak erakusleiho, merkataritza-establezimendu edo aisiarako edo jostetarako lokaletan erakustea.
e) Udalak, udalez gaindiko entitateak edo eskualdeak baimendutako kopurua gainditzen duen txakurren, katuen edo erregelamenduz zehazturiko beste edozein espezietako aleen kopuru bat etxebizitza batean edukitzea, kasuko baimena eduki gabe.
f) Lagun egiteko animaliak baldintza desegokietan edo horretarako bereziki egokitu gabeko maletategietan garraiatzea, animaliek kalterik pairatzen ez badute.
g) Edozein espezietako animaliek parte hartzea ferietan, erakusketetan, lehiaketetan, erakustaldietan, filmaketetan, kultur jardueretan edo antzekoetan, kasuko baimena eduki gabe.
h) Edozein espezietako animaliak artifizialki manipulatzea salmentarako erakargarri egiteko, jostetarako edo adierazpen artistikorako.
i) Lagun egiteko animaliei ez egitea jendetasun- eta heziketa-probarik, animaliaren aiurria eta portaera direla-eta gomendagarria denean.
j) Lagun egiteko animalia galduak edo abandonatuak biltzeko jarduerak egitea horretarako baimenik ez duten entitate pribatuek.
k) Lagun Egiteko Animalien Identifikaziorako Erregistroan jabeek gaurkoturik ez edukitzea lagun egiteko animalien datuak, eta animalien galera, heriotza, salmenta edo titulartasun-aldaketa ez komunikatzea ezarritako epeetan.
l) Hiri eremu publikoetan txakurrak uhalez edo katez ez eramatea.
m) Hiri eremu publikoak zikintzea eta ez garbitzea lagun egiteko animalien eginkari solido edo likidoekin.
n) Norberaren zaintzaren pean dauden edozein espezietako animaliek egin ditzaketen kalteak saihesteko behar diren neurriak ez hartzea.
o) Foru lege honetan jasotako aginduen ez-betetzea den edozein egite edo ez-egite, arau-hauste astuntzat edo oso astuntzat tipifikatuta ez dagoena.
p) Artikulu honen hurrengo apartatuan tipifikatutako arau-hausteetakoren bat egitea, haren zenbateko edo garrantzi eskasa dela-eta arau-hauste astunaren kalifikazioa merezi ez duenean.
2. Honako hauek arau-hauste astunak dira:
a) Edozein espezietako animaliak nahikoa edo egokia ez den modu batez edo debekatuta dauden elikagaiekin elikatuta edukitzea.
b) Edozein espezietako animaliak toki edo instalazio desegokietan edukitzea, baldintza higieniko eta sanitario onak betetzen ez dituztenetan, dimentsio desegokiak dituztenetan edo beren ezaugarriak, distantzia edo beste edozein arrazoi dela-eta haiek egunero egoki kontrolatu eta gainbegiratzerik ez dagoenetan.
c) Edozein espezietako animaliak denbora luzez lotuta edo entzerratuta edukitzea, edo sufrimendu edo kalteak eragin diezazkieten baldintzetan; edo gizakiarengandik edo beste animalia batzuengandik beti isolatuta edukitzea, baldin eta espezie taldekoietakoak badira; eta txakurrak etengabe lotuta edukitzea, hartara foru lege honen 7.5 artikuluan araututakoa urratuz.
d) Lagun egiteko animaliak ez txertatzea edo agintari eskudunek nahitaezkotzat deklaratutako tratamenduak ez egitea, bai eta haiek ez esterilizatzea ere, 16.4 artikuluan ezarritako konpromisoa urratuz edo agintari eskudunek erabakitzen dutenean.
e) Albaitari batek egin ez dituen esterilizatzea, txertatzea, tratamenduak edo edozein ebakuntza kirurgiko, edo halakoak foru lege honetan ezarritako baldintzen eta betekizunen aurka egitea.
f) Foru lege honetan ezarritakoaren arabera edo agintari eskudunak agindutakoari jarraituz, lagun egiteko animaliei albaitari-azterketa ez egitea.
g) Lagun egiteko animalien zentroetarako, gune zoologiko gisa, ezarritako baldintzak eta betekizunak ez betetzea, arau-hauste arin gisa tipifikatuta ez dagoenean.
h) Lagun egiteko animaliak haztea edo saltzea foru lege honetan ezarritakoa urratuz.
i) Lagun egiteko animaliak laborategi edo klinikei eskualdatzea arau indardunetan ezarritako betekizunak bete gabe.
j) Edozein espezietako animaliak dohaintzan ematea, zozketa bidez ematea edo sari bidez ematea; edo publizitate-erakargarri moduan, sari moduan edo kostu bidezko transakzioak ez diren eskuratzeengatiko opari moduan ematea.
k) Lagun egiteko animaliak parasitoekin edo gaixorik saltzea, edo gaixotasunik ez dutela egiaztatzen duen ziurtagiria eduki gabe.
l) Albaitaritza zerbitzu ofizialei ez komunikatzea nahitaez deklaratzekoak diren gaixotasunak, alerta sanitario bat deklaratu ez denean.
m) Edozein espezietako animaliak ferietako atrakzio edo karruseletan eta zirkoetan erabiltzea.
n) Edozein espezietako animaliak modu iraunkorrean edukitzea aparkatutako ibilgailuetan, edo aldi baterako ibilgailuetan edukitzea egurasterik edo tenperatura egokirik gabe.
o) Edozein espezietako animaliak abian den ibilgailu motordun bati lotuta eramatea.
p) Urkatze-lepokoak, ziridunak edo elektrikoak, erabili eta saltzea, baldin eta lagun egiteko animalientzako kaltegarriak badira, edo haiek erabiltzea foru lege honetan ezarritakoa urratuz.
q) Edozein espezietako animaliei ez ematea nahitaezkoak diren albaitari-tratamenduak, tratamendu aringarriak, prebentzio-tratamenduak edo behar ditzaketen funtsezko tratamendu sendagarriak.
r) Behar diren neurriak ez hartzea lagun egiteko animalien ugalketa ez-kontrolatua saihesteko.
s) Uztea edo ez eragoztea edozein espezietako animaliak arrisku bat izan daitezela pertsonen eta animalien osasunerako edo segurtasunerako, edo gauzei kalte materiala eragin diezaietela.
t) Lagun egiteko animaliak giza kontsumorako edo animalien kontsumorako erabiltzea.
u) Istripua izan duen, zaurituta dagoen edo arriskuan dagoen edozein espezietako animalia bati laguntzarik ez ematea, laguntza hori norberarentzat edo hirugarrenentzat arriskurik gabe eman daitekeenean.
v) Albaitari batek eginkizun batzuk betetzea haietarako gaikuntzarik eduki gabe, edo gaituta egonda ere, gaikuntzan ezarritakoa ez betetzea.
w) Lagun egiteko animaliak baldintza desegokietan edo horretarako bereziki egokitutako maletegietan garraiatzea, animaliek kalteak pairatzen badituzte.
x) Hiru urteko epean arau-hauste arin bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.
y) Hurrengo artikuluan tipifikatutako arau-hausteetatik bat egitea, haren zenbateko eta garrantzi eskasa dela-eta arau-hauste astuna ez denean.
3. Honako hauek arau-hauste oso astunak dira:
a) Edozein espezietako animaliei tratu txarrak ematea.
b) Edozein espezietako animalien arteko borrokak antolatzea, eta haiei buruzko publizitatea egitea edo haiek egitea.
c) Edozein espezietako animaliak erabiltzea ikuskizunetan, jai herrikoietan, borroketan, animalien arteko aurrez aurrekoetan, beste animalia batzuen harrapaketan, erasoetan, simulatuta ez dauden eszenen filmazioan edo ankerkeria edo tratu txarra inplikatzen duten beste jarduera batzuetan, edo animaliei sufrimenduak, naturaren aurkako tratamendu edo tratamendu laidogarriak edo heriotza eragin ahal dizkieten jardueretan, 7.13 artikuluan araututakoari jarraituz.
d) Edozein espezietako animaliak trebatzea edo heztea beren oldarkortasuna gara dezaten, eta borroketarako prestatzea, borroka egin dezaten akuilatzea edo haiei lan eginaraztea beren osasuna edo ongizatea kaltetzen duen modu batez.
e) Edozein espezietako animaliak abandonatzea.
f) Galdutako edo desagertutako lagun egiteko animaliak ez berreskuratzea horretarako ezarritako epean, 15.3 artikuluan araututakoari jarraituz.
g) Lagun egiteko animalia bat hiltzea foru lege honetan eutanasiarako edo hilketarako araututakoa urratuz.
h) Lagun egiteko animaliei ebakuntza kirurgiko debekatuak egitea, foru lege honetan aurreikusitako salbuespenekin.
i) Edozein espezietako animalia bati sufrimendua edo heriotza eragiten dioten edo eragin ahal dioten hazkuntza-prozedurak erabiltzea; horren barnean sartzen da heriotza behar baino lehenago eragin dezaketen edo ondorioak arintzeko albaitaritza-ebakuntzak egitea eskatzen duten gaixotasun hereditario larriak dituzten animaliak ugalketarako erabiltzea.
j) Edozein espezietako animaliei nahita tiro egitea, foru lege honetan jasotako kasuetan izan ezik eta baimendutako ehiza-jardueretan ehizakiei izan ezik.
k) Edozein espezietako animaliei ematea alferrikako kalteak edo oinazeak sortu ahal dizkieten gaiak.
l) Espainiako Estatuan indarrean diren nazioarteko itun eta hitzarmenen bidez babestutzat edo desagertzeko arriskuan daudela deklaratutako espezieen kasuan, bai eta foru lege honetan berariaz debekatutako animalien kasuan edo, kasua bada, lagun egiteko animalia gisa edukitzea baimendutakoen zerrendetan ez daudenen kasuan, debekatuta dago haien ale, kume, arrautza edo beste edozein atal edo produktu merkaturatzea, saltzea, edukitzea, erakustea eta naturalizatzea.
m) Aktaz edo administrazio ebazpenez behin-behinekoz immobilizaturik dauden edozein espezietako animaliak garraiatzea.
n) Lagun egiteko animalia baten kontrol sanitarioko neurriak ez hartzea edo ez betetzea, eta agintaritza eskudunari ez komunikatzea transmititu daitekeen gaixotasun bat susmatzen edo diagnostikatzen deneko kasuak.
o) Foru lege honetan ezarritako eginkizunak betetze aldera agintaritza eskudunak edo haren agenteek eskatutako datuak edo informazioa emateari ezezkoa ematea edo horretarako trabak jartzea, bai eta okerreko informazioa edo dokumentazio faltsua ematea ere.
p) Foru lege honen behin-behineko neurrietatik edozein bete dadin oztopatzea.
q) Hiru urteko epean arau-hauste astun bat baino gehiago egitea, ebazpen irmoz hala deklaratu eta jakinarazi denean.
Honako hauek dira foru lege honetan aurreikusitako arau-hausteengatik aplikatuko diren zehapenak:
a) Arau-hauste arinengatik, 200 eta 1.000 euro bitarteko isuna. Arau-hauslearengan intentzionalitaterik aurkitzen ez den arau-hauste arinen kasuan, baldin eta arau-hausle horri bide administratiboan aurreko hiru urteetan foru lege honetan aurreikusitakoetatik beste zehapenik ezarri ez bazaio, zehapena ohartarazpen bat izan daiteke, hurrengo artikuluan xedatutakoaren arabera ezar daitezkeen zehapen osagarriak ezertan kendu gabe.
b) Arau-hauste astunengatik, 1.001 eta 6.000 euro bitarteko isuna.
c) Arau-hauste oso astunengatik, 6.001 eta 100.000 euro bitarteko isuna.
28. artikulua. Zehapen osagarriak.
Aurreko artikuluan araututako zehapenak ezertan kendu gabe, zehapen-espedientea ebaztea dagokion organoak honako zehapen osagarri hauek erabaki ahalko ditu:
a) Instalazio, lokal edo establezimenduak gehienez ere bi urtez ixtea, arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez ixtea arau oso astunen kasuan.
b) Aldi baterako debekua edo ezgaitzea foru lege honek araututako jardueretan aritzeko, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, eta lau urtez arau-hauste oso astunen kasuan.
c) Animaliak konfiskatzea arau-hauste astunen edo oso astunen kasuan.
d) Animaliak edukitzeko debekua, gehienez ere bi urtez arau-hauste astunen kasuan, edo betiko arau-hauste oso astunen kasuan, animaliari eragindako minaren krudelkeria eta nahita egitea norainokoak diren.
e) Albaitari gaituaren aitortza kentzea.
29. artikulua. Zehapenen mailaketa.
1. Zehapenak ezartzerakoan, behar den oreka gordeko da arau-haustea sortu duen egintzaren larritasun benetakoaren eta ezartzen zaion zehapenaren artean. Honako irizpideak hartuko dira bereziki aintzat zehapena mailakatzeko:
a) Nahita egitea.
b) Animalien babesari, animalien sanitateari, osasun publikoari edo ingurumenari eragindako kaltea edo arriskua, edo ukitutako animalia-kopurua.
c) Berrerorketa, urtebetean, animalien babesari buruzko araudia behin baino gehiagotan hausteagatik, bide administratiboan horrela deklaratu denean, ebazpen irmo baten bidez.
d) Arau-hauslearen kargua edo eginkizuna, edo jardueraren ezagueraren maila, haren lanbideagatik eta haien ikasketengatik.
e) Hausleak agintari eskudunari lagundu dion ala ez gertaerak argitzen eta babespeko ondasuna lehengoratzen.
f) Jokabide berean arau-hausteak pilatu direnean.
2. Bi urteko epean berreroriz gero edo araua hautsiz gero, zehapenaren zenbatekoa ehuneko 50 gehituko da. Epe horretan bi aldiz gehiago berreroriz edo hautsiz geroz, gehitzea ehuneko 100ekoa izanen da.
3. Ekintza berean bi arau-hauste administratibo edo gehiago pilatzen badira, arau-hauste larrienari dagokion zehapena ezarriko da, erdiko edo goiko mailan.
30. artikulua. Arauhausteen eta zehapenen preskripzioa.
1. Animalien babesaren arloko arau-hauste arinek urtebeteko epean preskribatuko dute; astunek, bi urteko epean; eta oso astunek, hiru urteko epean.
2. Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenek urtebeteko epean preskribatuko dute; larrien ondoriozkoek, bi urteko epean; eta oso larrien ondoriozkoek, hiru urteko epean. Zehapenaren gaineko ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik aurrera hasiko da epea kontatzen.
3. Arau-hausleen Erregistroa sortuko da, eta hartan jasoko da animaliak edukitzeko edo animaliekin jarduerak egiteko ezgaitzea. Erregistro hori kontsultatuko da animalia baten salmenta edo adopzioa baino lehen. Erregistro horrek izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko araudian xedatutakoa beteko du.
31. artikulua. Erantzukizun penala.
1. Foru lege honetan araututakoaren aurkako arau-hauste administratiboa delitua izan badaiteke, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, espedientea irekita, jurisdikzio eskudunari jakinaraziko dizkio egitate horiek.
2. Prozedura penal bat hasita, zehapen prozedura administratiboa bertan behera utziko da haren ebazpen irmorik ez dagoen bitartean.
3. Ezin ezarriko da behin ere zehapen administratiborik prozesu penal batean kondena eragin duten gertaerengatik; bai, ordea, kondena eragin ez duten beste gertaera batzuengatik.
32. artikulua. Zehapeneskumena eta prozeduraren ebazteepea.
1. Lagun egiteko animaliekin eginiko arau-hausteengatiko zehapen prozedurak abiatzeko eta ebazteko eskumena arau-haustea gertatzen deneko udalei dagokie. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek subsidiarioki baliatu ahalko dute zehapen-ahalmena artikulu honetan ezarritako moduan.
2. Udalak, udalez gaindiko entitateak edo eskualdeak bere eskumenekoa den zehapen-ahalmena baliatzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak falta badituzte, Nafarroako Gobernuko organo eskudunak, berariaz onartuta, baliatu ahalko du ahalmen hori, horri buruzko eskaera arrazoidunaren ondoren.
3. Nafarroako Gobernuko arloko departamentu eskudunak arau-hauste bat egin dela jakiten duenean, toki entitate eskudunari emanen dio horren berri, kasuko zehapen-espedientea hasteko borondatea berariaz adieraz dezan. Hilabeteko epean erantzuten ez badu edo aukera horri berariaz uko egiten badio, zehapen-eskumena departamentu horrek baliatuko du.
4. Zehapen-ebazpena egin eta jakinarazteko gehieneko epea urtebetekoa izanen da, zehapen-prozeduraren hasiera-datatik kontatzen hasita.
33. artikulua. Zehapenetatik datozen dirusarreren zertarakoa.
Toki administrazioek eta administrazio autonomokoak foru lege honetan bildutako arau-hausteengatik zehapenetatik datozen diru-sarrerak baliatuko dituzte animalien babesa sustatzeko xedea duten jarduketetarako, erregelamenduz garatzen den moduan.
Lehen xedapen gehigarria .–Ekoizpenerako animalien babesa.
Ekoizpenerako animaliei aplikatzekoa izanen zaie foru lege honen 6. eta 7. artikuluetan aurreikusitako betebeharren eta debekuen araubidea, 6.6 artikuluan eta 7.2, 7.6, 7.10, 7.11, 7.21, 7.24 eta 7.25 artikuluan araututakoa izan ezik.
Halaber, aplikatzekoak izanen zaizkie 26. artikuluan tipifikatutako arau-hausteak, baldin eta haietan jasota ageri bada arau-hauste hori edozein espezietako animaliei aplikatzen zaiela, bai eta 27. artikuluan jasotako zehapenak ere.
Hori guztia eginen da ezertan kendu gabe ekoizpenerako animaliei buruzko arau berariazkoa aplikatzea, animalien ongizatearen, animalien sanitatearen eta animalien identifikazioaren ondoreetarako.
Bigarren xedapen gehigarria .–Animalia potentzialki arriskutsuak.
Animalia potentzialki arriskutsuei, foru lege honetan xedatutakoaz gainera, animalia mota horretarako onetsitako berariazko araudia aplikatuko zaie.
Hirugarren xedapen gehigarria .–Laguntzatxakurrak.
Laguntza-txakurrei, foru lege honetan xedatutakoaz gainera, haiei buruzko araudi berariazkoa aplikatuko zaie, gaur egun Ezgaitasuna duten pertsonak, laguntza-txakurrekin daudenean, gune irekietan eta mugatutako beste gune batzuetan sartu, ibili eta egoteko askatasuna arautzen duen otsailaren 2ko 3/2015 Foru Legean jasota dagoena, edo hura ordezten duen arauan jasotakoa.
Laugarren xedapen gehigarria .–Animaliak edukitzeko debekua.
1. Debekatuta dago honako animalia hauek parke zoologiko erregistratuetatik edo agintaritza eskudunak berariaz baimendutako gune zoologikoetatik kanpo edukitzea:
a) Artropodoak, arrainak eta anfibioak: Haien hozkada edo pozoia pertsonen eta animalien integritate fisikorako edo osasunerako arrisku larria denean.
b) Narrastiak: Espezie pozoitsu guztiak, krokodiloak eta kaimanak, bai eta helduaroan bi kilogramoko edo hortik gorako pisua duten espezie guztiak ere, kelonioak izan ezik.
c) Ugaztunak: Primate guztiak, bai eta helduaroan hamar kilogramoko edo hortik gorako pisua duten basa espezie guztiak ere, espezie haragijaleen kasuan izan ezik, horietan muga bost kilogramokoa izanen baita.
d) Espezie Exotiko Inbaditzaileen Espainiako Katalogoan jasotako animaliak.
2. Animalia potentzialki arriskutsuei buruz ezarritakoa gorabehera, aurreko puntuan aipatutako animalia-espezieak ez dira inolaz ere pertsonekin batera biziko lagun egiteko animalia moduan.
3. Jabeek eutsi ahalko diete 1. apartatuan jasotako animalia-espezieetako aleei –foru lege honek indarra hartu aurretik lagun egiteko animalia moduan erositakoei–, baina edukitze horri buruz informatu beharko diote animalien ongizatearen arloko departamentu eskudunari, gehienez ere foru lege hau indarrean sartu eta sei hilabeteko epean. Animaliek zuzen identifikaturik egon beharko dute, eta jabeak animaliak segurtasunaren, babesaren eta animalien sanitatearen arloko baldintza egokietan edukitzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko du. Halakoak nahigabe aske geratuz gero, berehala informatu beharko dute horri buruz, eta ezin izanen dituzte ale horiek ez merkaturatu, ez ugaldu ez eta beste partikular bati laga ere.
4. Lagun egiteko animalia moduan edukitzea baimenduta dauden espezieak aipatzen dituzten animalien zerrenda positiboei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitatean edo nazio mailan arautzen dena aplikatuko da.
Bosgarren xedapen gehigarria .–Basa animalia autoktonoak edukitzea.
1. Agintari eskudunaren berariazko baimenik eduki gabe, debekatuta dago espezie autoktonoetako animaliak edukitzea, ehiza espezieetakoak barne, bai gune zoologikoetan bai eremu partikularrean ere.
2. Basa animaliak itxian edukitzeko, haien legezko jatorria frogatu beharko da; horretarako, jarraituko zaio araudi sanitarioan, merkataritzakoan zein naturaren kontserbazioari buruzkoan eta kasuaren arabera aplikatzekoa den gainerakoan ezarritakoari.
3. Nahitaezkoa izanen da animalia horiek banaka identifikatzea mikrotxip batez, identifikazio-uztai batez edo beste edozein sistema erabiliz, erregelamenduz ezartzen den prozedurari jarraituz.
4. Ez da baimenik emanen gizakiak eduki dituen animaliak ingurune naturalean askatzeko, agintaritza eskudunak berariaz baimendu ezean.
Seigarren xedapen gehigarria .–Hirihegaztien populazioen gaineko kontrola.
Udalek, udalez gaindiko entitateek eta eskualdeek hiri-hegaztiak kontrolatzeko programak egin ahalko dituzte, animaliei sufrimendurik edo kalterik eragiten ez dieten metodoak erabiliz. Erregelamenduz ezarriko dira baimendutako metodo edo prozedurak.
Zazpigarren xedapen gehigarria .–Lagun egiteko animaliak titulartasun publikoko egoitzazerbitzuetan.
Nafarroako Gobernuak sustatuko du titulartasun publikoko egoitza-zerbitzu guztietan, beren ezaugarriengatik zerbitzu horiek horretarako bidea ematen badute, pixkanaka berma dadila lagun egiteko animalia bat daukaten pertsona guztiak beren animaliekin egon ahal daitezela egoitza horietan.
Lehen xedapen iragankorra .–Departamentuen egiturak egokitzea.
Foru lege honek indarra hartu eta hiru hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak bere departamentu-egiturak eta aurrekontu-partidak egokituko ditu foru lege honetan xedatutakoa eraginkortasunez betetzeko. Nafarroako Aurrekontu Orokorretan bermatuko da behar adina finantza-baliabide badaudela foru lege honek toki entitateei eta Nafarroako Gobernuari esleitzen dizkien betebeharrak garatu eta betearazteko. Nolanahi ere, animalien ongizatearen arloko departamentu eskudunaren plantilla organikoa handitu egin beharko da, plantillaren aldaketa baten bidez, “Animalien Ongizatearen Atala” izeneko unitate organikoa sortzeko; foru lege honetan ezarritakoa betearazi, koordinatu, kontrolatu eta garatzea izanen da unitate horren egitekoa.
Bigarren xedapen iragankorra .–Erregelamendu bidezko garapena.
Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege honen erregelamenduzko garapena egiteko; foru legeak indarra hartzen duenetik urtebeteko epean egin beharko da garapen hori.
Hirugarren xedapen iragankorra .–Udal ordenantzen onespena.
Foru lege honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean, Nafarroako udalek, udalez gaindiko entitateek eta eskualdeek arlo honetako beren ordenantzak egokituko dituzte foru lege honen xedapenetara.
Laugarren xedapen iragankorra .–Lagun egiteko animaliak identifikatzea eta txertatzea.
Lagun egiteko animalien identifikazioarekin eta txertatzearekin zerikusia duten alderdien erregelamenduzko garapena egin bitartean, indarrean mantenduko dira alderdi horiek arautzen dituzten arauak; hau da, Nafarroako Foru Komunitatean txakurren identifikazioa arautzen duen azaroaren 9ko 370/1992 Foru Dekretua garatzen duena eta Osasuneko kontseilariaren 1994ko irailaren 19ko Foru Agindua, errabiaren aurkako txertatzea arautzen duena eta Nafarroako Foru Komunitatean txakurren identifikazioa arautzen duen azaroaren 9ko 370/1992 Foru Dekretua garatzen duena.
Xedapen indargabetzailea .
Indarrik gabe gelditzen dira Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea eta foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten edo harekin kontraesanean dauden edo bateraezinak diren maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
Azken xedapena .–Indarra hartzea.
Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen denetik hiru hilabetera.
Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.
Iruñean, 2019ko apirilaren 4an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Uxue Barkos Berruezo.
Iragarkiaren kodea: F1904899