170/2018 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 3KOA, LANDA GARAPENEKO, INGURUMENEKO ETA TOKI ADMINISTRAZIOKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN LEKUALDATZE AGIRIAK ERABILI BEHARRA EZABATZEN DUENA
BON N.º 149 - 02/08/2018
Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legeak ezartzen du Jatorri eta Osasun Gidaren beharra izanen dela abereak, edozein baliabide erabiliz, ezartzen den geografia eremutik kanpo, hots, abeltzaintzako ustiategia dagoen eremutik kanpo, garraiatu eta mugitzeko. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko albaitaritza zerbitzu ofizialek edo hark gaitutakoek emanen dute gida hori.
Abereen osasunari buruzko azaroaren 16ko 11/2000 Foru Legearen 20. artikuluak ezartzen du Jatorri eta Osasun Gidaren ordez, foru agindu baten bidez baimena eman daitekeela zehazten diren abereak Nafarroako Foru Komunitatean mugitzeko osasun agiri bat erabiltzeko, xedeak hauek direnean: ugalketa, bizirik izatea, hiltegira eramatea, gizentzea, kirola, aisialdia edo lana. Abeltzainek edo haien ordezkariek bete beharko dute agiri hori, ustiategiaren, eremuaren edo Nafarroa osoaren osasun bermeengatik posible denean.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak otsailaren 28an emandako 36/2005 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen barruan abereen mugimendua babesten duen lekualdatze agiria arautu zen. Foru agindu horrek aukera ematen du Nafarroako Foru Komunitatearen barruan lekualdatze agiriak erabiltzeko, abereen jatorri eta osasun giden ordez.
Gerora, ekainaren 13ko 728/2007 Errege Dekretuak, abereen mugimenduen erregistro orokorra eta abereak banaka identifikatzeko erregistro orokorra ezarri eta arautu dituenak, arautu du zein den abereen mugimenduetan jaso behar den gutxieneko informaziorako eredua, eta ezarri du datu base nazional batean jaso behar dela informazio hori guztia.
Ordutik hona, asko erabili izan dira lekualdatze agiriak Nafarroa barruan abere mugimenduak egiteko. Gaur egun, ordea, ez dira hainbeste erabiltzen ari, eta, hura erabili behar izanagatik, zenbait arazo suertatzen ari dira abereak mugitzeari buruzko araudian ezarritako komunikazio epeak eta baldintzak betetzeko.
Abeltzainen bulego birtualari esker, Administrazioaren bulegoetara joan behar gabe eskatu eta inprimatu ditzakete nekazari guztiek abereen jatorri eta osasun gidak. Horrez gain, larreetara eta txuliaketetara eramaten diren abereen jatorri eta osasun giden ereduak sinplifikatzeko ahalegina egin da. Are gehiago, Nafarroa barruan zaldi azienda lekuz aldatzeko ez da abereen jatorri eta osasun gida behar, betiere lekualdatzea jatorrizko ustiategitik egiten bada, turismo, kirol, josteta edo kulturaren arloko jarduera batean parte hartzera joateko, eta jarduera bukatu ondoren ustiategi berera itzultzen bada; halaxe xedatu baita urriaren 5eko 163/2012 Foru Aginduan.
Bestetik, abeltzaintzako zenbait ustiategi alerta egoeran daude osasun arloko murriztapenak dituztelako. Ustiategi horien gaineko kontrolak zorrotzagoa izan behar duenez, aldez aurretik eman behar da ustiategi horietako abereak mugitzeko baimena, eta lekualdatze agiriak erabilita ezin daiteke inguruabar hori kontrolatu.
Beraz, kontuan izanik goraka doala, etenik gabe joan ere, bide telematikotik eskatzen diren giden kopurua; mugimenduak sinplifikatu egin direla, eta kontrol handiagoa izan beharra dagoela mugimenduen gain, komeni da lekualdatze agirien erabilera ezabatzea Nafarroa barruan egiten diren mugimenduetarako.
Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua . Abereen jatorri eta osasun gidak.
1. Abereen zirkulazio eta garraiorako beharrezkoa den dokumentazioa, oro har, Abereen Jatorri eta Osasun Gida da. Agiri hori Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuko albaitariek eman dezakete edo, bestela ere, albaitaritzaren arloko arauetan ezarritako laguntza egiaztagiriak edo agiriak sinatzeko departamentu horrek gaitu dituen albaitariek.
2. Abeltzainen bulego birtualaren bitartez eska daitezke abereak mugitzeko beharrezkoak diren osasun agiriak. Hona bulego horren web helbidea:
http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/5668/Abeltzainen-bulego-birtuala
2. artikulua . Lekualdatze agiriak.
2018ko urriaren 1etik aurrera ez dira erabiliko Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariaren otsailaren 28ko 36/2005 Foru Aginduan aurreikusitako lekualdatze agiriak. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen barruan abereen jatorri eta osasun giden ordez abereen mugimendua babesten duen lekualdatze agiria arautu da.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe uzten da Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak otsailaren 28an emandako 36/2005 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatearen barruan abereen mugimendua babesten duen lekualdatze agiria arautzen duena.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2018ko uztailaren 3an.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, Isabel Elizalde Arretxea.
Iragarkiaren kodea: F1808955