26/2015 FORU AGINDUA, IRAILAREN 23KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, “JOKOAREN GAINEKO ZERGA TASA: BINGO KARTOIEN HORNIDURA” LIKIDATZEKO ESKAERAREN J-40 EREDUA ONESTEN DUENA
BON N.º 205 - 15/10/2015
ERANSKINA
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 40. artikuluak xedatzen duenez, zori, enbido eta ausazko jokoen gaineko zerga tasa Foru Komunitateak ordainaraziko du zergapeko egintza Nafarroan gertatzen denean. Halaber, ezartzen du zerga hauen kasuan (horretarako baimena Nafarroan eman behar denean) Estatuak zergapeko egintzari eta subjektu pasiboari dagokienez unean-unean ezartzen duen araudi bera aplikatuko duela Nafarroako Foru Komunitateak.
Jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legearen 6. artikuluak ezartzen duenez, jokoak eta apustuak aldez aurretik homologatutako ereduetara egokitutako materialekin egin beharko dira, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan gaiaren arabera eskumena duen organoari egokituko zaio Nafarroan erabili beharreko joko eta apustuak egiteko materialen, osagaien edo elementuen eta gailuen homologazioa.
Azaroaren 15eko 73/2010 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako bingoen erregelamenduaren 10.2 artikuluak ezartzen du ezen, erabili behar izatera, benetako kartoien hornidura Nafarroako Zerga Ogasunak eginen duela eta horiek produktu estankatutzat joko direla, kontrabandoari buruzko legeriaren ondorioetarako. Hala, bingo aretoei dagokien jokoaren gaineko zerga tasaren subjektu pasiboek likidazio-eskaeraren J-40 eredua aurkeztu behar dute, bingo aretoetan jokoan aritzeko beharrezko kartoiak eskuratzerakoan.
Foru agindu honek helburu du “Jokoaren gaineko zerga tasa: bingo kartoien hornidura” likidatzeko eskaeraren J-40 eredua onestea, nahitaez bide telematikoa erabiliz aurkeztu beharko dena, Interneten bidez. Horretarako, Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian, dagokion atalean, dagoen inprimakia beteko da, foru agindu honetan ezarritako baldintza orokorrekin eta prozedurarekin bat.
Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko arautegiak eskatutako beste agiri guztiak.
Horrenbestez, eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan jasotako eskudantziarekin bat, AGINDU DUT:
1. artikulua . “Jokoaren gaineko zerga tasa: bingo kartoien hornidura” likidatzeko eskaeraren J40 eredua onestea.
1. “Jokoaren gaineko zerga tasa: bingo kartoien hornidura” likidatzeko eskaeraren J-40 eredua onesten da, baita 744 ordainketa gutuna ere, foru agindu honen eranskinean ageri dena.
2. J-40 eredua telematika bidez aurkeztu beharko da, Internet erabiliz, 4. artikuluan xedatutakoarekin bat.
2. artikulua . J40 eredua aurkeztera behartuta daudenak.
Jokoaren gaineko zerga tasaren subjektu pasiboak behartuta daude J-40 eredua aurkeztera, bingo aretoetan jokoan aritzeko beharrezko kartoiak eskuratzeko orduan, bingo aretoaren herria Nafarroako Foru Komunitatean baldin badago.
Datuek bat egin beharko dute Nafarroako Foru Komunitatean jokoaren arloan eskumena duen Administrazioko departamentuak bingoa ustiatzeko emandako baimenean jasotzen direnekin, azaroaren 15eko 73/2010 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako bingoen erregelamenduaren III. tituluaren arabera.
3. artikulua . Aurkezteko eta dirusarrera egiteko epea eta tokia.
1. J-40 eredua aurkeztu eta diru-sarrera eginen da aurreko artikuluak aipatzen duen baimenaren indarraldian, zeinek sorrarazpena ezarriko baitu, eta, betiere, kartoiak hartu baino lehenago, eta, horretarako, ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Eskatutako kartoiak ematearekin batera gida banatuko da, eta hura nahitaez gorde beharko da, kartoiak edukitzen direla eta zertarako erabiliko diren justifikatzeko.
2. Nafarroako Zerga Ogasunaren edozein erakunde laguntzailetan eginen da diru-sarrera, 744 ereduko ordainketa gutunaren bidez. Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordaintzeko gaitzen duen beste edozein bide erabiliz egin dezakete diru-sarrera.
4. artikulua . J40 eredua aurkezteko modua.
40 eredua telematika bidez, Internet baliatuz, aurkeztu beharko da nahitaez, ondotik heldu diren 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.
5. artikulua . J40 ereduari dagozkion aitorpenen Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak.
1. J-40 ereduari dagozkion aitorpenen aurkezpen telematikoa baldintza hauei jarraikiz eginen da:
a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).
b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.
Baimenduta dauden ziurtapen zerbitzuak eta ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.
c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aurkezlea aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.
d) 40 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, aitortzaileak edo baimendutako aurkezleak, halakorik bada, Nafarroako atarian eskuragarri dagoen web inprimakia erabili beharko du.
e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak izan beharko dituzte kontuan. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian daude argitaratuta, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.
2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalak atzematen direnean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.
6. artikulua . J40 ereduari dagozkion aitorpenen Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko prozedura.
Aitorpenen aurkezpen telematikoa Internet bidez egiteko, prozedura hau erabiliko da:
1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.
2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.
3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena egokia bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da aditzera, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak komunikatuko du aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: F1513150