(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

11/2015 FORU AGINDUA, ABUZTUAREN 12KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, ONESTEN DITUENA 584 EREDUA (“ERREGAI NUKLEAR GASTATUAREN ETA ENERGIA NUKLEOELEKTRIKOAREN SORRERAREN ONDORIOZKO HONDAKIN ERRADIAKTIBOEN EKOIZPENAREN GAINEKO ZERGA. AUTOLIKIDAZIOA ETA ORDAINKETA ZATIKATUAK”) ETA 585 EREDUA (“ERREGAI NUKLEAR GASTATUA ETA HONDAKIN ERRADIAKTIBOAK INSTALAZIO ZENTRALIZATUETAN BILTEGIRATZEAREN GAINEKO ZERGA. AUTOLIKIDAZIOA ETA ORDAINKETA ZATIKATUAK”)

BON N.º 168 - 28/08/2015



  I. ERANSKINA


  .


  II. ERANSKINA


Atariko

Gure zerga sistema bateratu nahirik erabilera efizienteago eta ingurumenarekin begirunetsuagoarekin eta jasangarritasunarekin, eta aurrekontuen oreka faboratu nahirik ingurumenaren arloko politikak gureganatzeko estrategiaren esparruan, Jasangarritasun energetikorako neurri fiskalei buruzko abenduaren 27ko 15/2012 Legeak, bere II. tituluan, bi zergapetze mota berri sortu zituen, indarra 2013ko urtarrilaren 1etik aitzina izan zezaten: erregai nuklear gastatuaren eta energia nukleoelektrikoaren sorreraren ondoriozko hondakin erradiaktiboen ekoizpenaren gaineko zerga eta erregai nuklear gastatua eta hondakin erradiaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga.

Ekainaren 24ko 14/2015 Legearen bidez bi zergei dagozkien bateratze irizpideak sartu dira Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan, baita Hitzarmen horren 31 ter artikuluan bildu ere.

Irizpide horien arabera, eta aplikatzekoa den araudiari dagokionez, Estatuak aldi bakoitzean ezartzen dituen funtsezko eta formazko arau berak aplikatu behar ditu Nafarroako Foru Komunitateak. Dena dela, aitorpena eta diru-sarrera egiteko ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere, lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean diru-sarrera egiteko epeak ezarri; epe horiek ez dira, funtsean, Estatuko Administrazioak ezarritakoetatik desberdinak izanen.

Zergak ordainarazteko irizpideei dagokienez, lotura puntu desberdinak aurreikusten dira zerga baten eta bertzearen artean.

Erregaiaren eta hondakinen ekoizpenaren gaineko zergari dagokienez, haren ordainarazpena Nafarroarena izanen da bere lurraldean dagoelarik erregai nuklear gastatua eta energia nukleoelektrikoaren sorreraren ondoriozko hondakin erradiaktiboak ekoizten dituen instalazioa. Instalazioa Nafarroako lurraldean eta lurralde erkidean dagoenean, hura baimentzeko eskumena duen administrazioari egokituko zaio zerga ordainaraztea.

Erregaia eta hondakinak biltegiratzearen gaineko zergari dagokionez, berriz, haren ordainarazpena Nafarroarena izanen da bere lurraldean dagoelarik elementu horiek biltegiratzen dituen instalazioa.

Orobat, zerga horien konturako ordainketak, arestiko irizpideen arabera eskatuko ditu administrazio batek edo bertzeak.

Foru Komunitateak, tributuak ezartzeko duen ahala baliatuz, zerga horiek bere lurraldean aplikatzea onetsi zuen Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 26ko 21/2012 Foru Legearen 7. artikuluan, indarra 2013ko urtarrilaren 1etik aitzina izan zezaten. Artikulu horretan ezartzen da zerga horien ordainarazpenean aplikatzekoa izanen dela beroei buruzko Estatuko araudia. Beraz, abenduaren 27ko 15/2012 Legea da aplikatzekoa.

Lege horren 17 quater eta 18 quater artikuluek ezartzen dutenez, Erregai nuklear gastatuaren eta energia nukleoelektrikoaren sorreraren ondoriozko hondakin erradiaktiboen ekoizpenaren gaineko zergaren zergaduna behartua dago zerga autolikidatzera eta kuotaren diru-sarrera egitera zergaldi bakoitza bukatu ondoko hilabetearen lehen hogei egun naturalen barrenean.

Ohar bedi zergaldia desberdina dela erregai nuklear gastatuaren kasuan, 17 ter artikuluan arautzen baita, eta energia nukleoelektrikoaren sorreraren ondoriozko hondakin erradiaktiboenean, 18 ter artikuluan arautzen baita.

Gehigarri gisa, artikulu horien arabera zerga horren zergaduna behartua dago ekainaren eta abenduaren lehen hogei egunetan ordainketa zatikatua egitera bi hilabete horietako bakoitzaren lehenean indarra duen zergaldiari dagokion likidazioaren kontura.

Bidezkoa da, beraz, 584 eredua onestea, zerga Nafarroan ordaindu behar duen zergadunak egin ahal ditzan zerga horren autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak.

Aldi berean, 26. artikuluak dio Erregai nuklear gastatua eta hondakin erradiaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zergaren zergaduna behartua dagoela zerga autolikidatzera eta kuotaren diru-sarrera egitera zergaren sortzapenaren ondoko lehen hogei egun naturalen barrenean.

Halaber, aipatu 26. artikuluaren arabera, zergapeko egintza egiten duten zergadunak behartuak daude ordainketa zatikatua egitera apirilaren, uztailaren eta urriaren lehen hogei egun naturaletan indarra duen zergaldiari dagokion likidazioaren kontura.

Bidezkoa da, beraz, 585 eredua onestea, zerga Nafarroan ordaindu behar duen zergadunak egin ahal ditzan zerga horren autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak.

Bertzalde, azken xedapenetan leheneren bidez eredu hauek gehitzen zaizkio ordainketak bankuan helbideratzea onartzen duten zerga ereduen zerrendari.

Horrenbertzez, arestian aipatu xedapenekin eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan eta zazpigarren xedapen gehigarrian jasotako gaikuntza orokorrarekin bat, AGINDU DUT:

1. artikulua . 584 eta 585 ereduen onespena.

1. 584 eredua onetsi da (“Erregai nuklear gastatuaren eta energia nukleoelektrikoaren sorreraren ondoriozko hondakin erradiaktiboen ekoizpenaren gaineko zerga. Autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak”), baita 793 ereduko ordainketa-gutuna ere, I. eranskinean heldu dena.

2. 585 eredua onetsi da (“Erregai nuklear gastatua eta hondakin erradiaktiboak instalazio zentralizatuetan biltegiratzearen gaineko zerga. Autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak”), baita 792 ereduko ordainketa-gutuna ere, II. eranskinean heldu dena.

3. 584 eta 585 ereduak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Internet erabiliz, 5. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. artikulua . 584 eredua aurkeztera behartuta daudenak.

584 eredua aurkeztera behartuak daude Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluak aipatzen dituen pertsona fisiko edo juridikoak eta entitateak, baldin eta egiten badute erregai nuklear gastatuaren eta energia nukleoelektrikoaren sorreraren ondoriozko hondakin erradiaktiboen ekoizpena Jasangarritasun energetikorako neurri fiskalei buruzko abenduaren 27ko 15/2012 Legearen 16. artikuluak dioen bezala.

3. artikulua . 585 eredua aurkeztera behartuta daudenak.

585 eredua aurkeztera behartuak daude Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluak aipatzen dituen pertsona fisiko edo juridikoak eta entitateak, baldin badira Jasangarritasun energetikorako neurri fiskalei buruzko abenduaren 27ko 15/2012 Legearen 19. artikuluak aipatzen dituen biltegiratze jarduerak egiten dituzten instalazioetako titularrak.

4. artikulua . 584 eta 585 ereduak aurkezteko eta dirusarrera egiteko epea.

1. 584 eredua aurkeztera beharturik dauden zergadunek zerga autolikidatu beharko dute eta ondoriozko kuotaren diru-sarrera egin, zergaldi bakoitza bukatu ondoko hilabetearen lehen hogei egunen barrenean.

2. 584 eredua aurkeztera beharturik dauden zergadunek ordainketa zatikatua egin beharko dute ekainaren eta abenduaren lehen hogei egunetan, bi hilabete horietako bakoitzaren lehenean indarra duen zergaldiari dagokion likidazioaren kontura.

3. 585 eredua aurkeztera beharturik dauden zergadunek zerga autolikidatu beharko dute eta ondoriozko kuotaren diru-sarrera egin, zergaren sortzapenaren ondoko lehen hogei egun naturalen barrenean.

4. 585 eredua aurkeztera beharturik dauden zergadunek ordainketa zatikatua egin beharko dute apirilaren, uztailaren eta urriaren lehen hogei egun naturaletan indarra duen zergaldiari dagokion likidazioaren kontura.

5. Nafarroako Zerga Ogasunaren edozein erakunde laguntzailetan eginen da diru-sarrera, 793 edo 792 ereduko ordainketa-gutunaren bidez, edo, bertzenaz, Nafarroako Zerga Ogasunak ordaintzeko ezarriak dituen bertzee bideetako edozein erabiliz.

5. artikulua . 584 eta 585 ereduak aurkezteko moduak.

584 eta 585 ereduak telematika bidez aurkeztuko dira, Internet erabiliz, 6. eta 7. artikuluetan ezarritako prozedurari jarraikiz eta hango baldintzak betez.

6. artikulua . 584 eta 585 ereduei dagozkien aitorpenen Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak.

1. 584 eta 585 ereduei dagozkien aitorpenen aurkezpen telematikoa baldintza hauei jarraikiz eginen da:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.

Baimenduta dauden ziurtapen zerbitzuak eta ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; atal horretara Interneteko helbide honen bidez iritsiko da: http://www.hacienda.navarra.es.

c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aurkezlea aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.

d) 584 eta 585 ereduen aurkezpen telematikoa egiteko, aitortzaileak edo baimendutako aurkezleak, halakorik bada, Nafarroako atarian eskuragarri dagoen web inprimakia erabili beharko du.

e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalak atzematen direnean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

7. artikulua . 584 eta 585 ereduei dagozkien aitorpenak Internet erabiliz bide telematikoan aurkezteko prozedura.

Aitorpenen aurkezpen telematikoa Internet bidez, web inprimakia erabiliz, egiteko, prozedura hau erabiliko da:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzena bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez komunikatuko da, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak komunikatuko du aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

Lehen Xedapen Iragankorra. Indarra duen zergaldiko autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak zergaldi horri dagokion likidazioaren kontura.

Foru agindu honek indarra hartzen duenetik egin beharreko lehen autolikidazio edo ordainketa zatikatuak barnean hartuko ditu indarra duen zergaldiari dagozkion zenbatekoak, haren hastapenetik aitzina.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Bertze zerga administrazio batzuetan indarra duen zergaldiaren kontura gauzatutako ordainketa zatikatuak.

Egun indarra duen zergaldiari dagozkion zergen autolikidazioan deskontatuko dira Nafarroako Zerga Ogasunaz bertzeko zerga administrazioetan indarra duen zergaldiaren kontura gauzatutako ordainketa zatikatuak.

Azken Xedapenetan Lehena. Helbideratu daitezkeen ereduak.

584 eta 585 ereduak gehitu zaizkio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduaren eranskinean agertzen den zerrendari, helbideratu daitezkeen ereduen zerrenda baita, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 25eko 187/2015 Foru Aginduan agertzen den testuaren arabera. Foru agindu haren bidez, hein batean garatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta autolikidazio eta ordainketa zatikatuei aplikatuko zaie haien likidatzeko eta ordaintzeko epeak data horretatik aitzina hasten direlarik, betiere kontuan harturik lehen eta bigarren xedapen iragankorrean adierazi dena.

II. ERANSKINA

II. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: F1511484

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web