(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

10/2015 FORU AGINDUA, ABUZTUAREN 12KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, “ENERGIA ELEKTRIKOAREN EKOIZPENAREN BALIOAREN GAINEKO ZERGA. AUTOLIKIDAZIOA ETA ORDAINKETA ZATIKATUAK” IZENEKO 583 EREDUA ETA “ENERGIA ELEKTRIKOAREN EKOIZPENAREN BALIOAREN GAINEKO ZERGA. JARDUERA URTARRILETIK URRIRA UZTEAGATIKO AUTOLIKIDAZIOA” IZENEKO 588 EREDUA ONESTEN DITUENA

BON N.º 168 - 28/08/2015



  ERANSKINA


Atariko

Iraunkortasun Energetikorako Neurri Fiskalei buruzko abenduaren 27ko 15/2012 Legeak sortua da energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Abenduaren 26ko 24/2012 Foru Legearen bidez onetsi zen zerga horren aplikazioa Nafarroako Foru Komunitatean. Gainera, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren maiatzaren 7ko 163/2013 Foru Aginduaren bidez onetsi zen 583 eredua, zergaren autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak egiteko.

Foru lege hori Konstituzioaren aurkakoa eta deuseza zela deklaratu zuen Konstituzio Auzitegiko Osoko Bilkuren Salak 2014ko ekainaren 26ko 110/2014 epaiaren bidez. Horrenbestez, 163/2013 Foru Agindua ere eraginik gabe gelditu zen, zerga honi dagokionez.

Berriki, Estatuak eta Nafarroako Foru Komunitateak energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga ordainarazteko aplikatzen ahal diren harmonizazio irizpideak adostu dituzte, Hitzarmen Ekonomikoaren 31 bis artikuluan jaso baitira. Artikulu horrekin bat, energia elektrikoa ekoizten duen instalazioa Nafarroako lurraldean dagoenean egokituko zaio Nafarroari energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga ordainaraztea. Instalazioa Nafarroako lurraldean eta lurralde erkidean dagoenean, hura baimentzeko eskumena duen administrazioari egokituko zaio zerga ordainaraztea.

Zerga hau ordainarazteko, hau da, energia elektrikoa ekoizten eta hura sistema elektrikora gehitzen duten jarduerak kargatzeko, funtsez eta formaz Estatuak ezarritakoak bezalako edukia duten arauak aplikatuko ditu Foru Komunitateak. Dena dela, Foru Komunitateak aitorpena eta diru-sarrera egiteko ereduak onesten ahalko ditu (gutxienez ere, lurralde erkideko datu berak edukiko dituzte), eta likidazioaldi bakoitzean diru-sarrera egiteko epeak ezarri; eredu horiek ez dira, funtsean, Estatuko Administrazioak ezarritakoetatik desberdinak izanen.

Foru Komunitateak, tributuak ezartzeko duen ahala baliatuz, martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legea onetsi zuen; horren lehen artikuluan energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga arautzen da.

Aipatu lehen artikuluaren Hamar.1 idatz-zatiak ezartzen duenez, zergadunak sortzapenaren ondoko azaroan daude behartuta zergaren autolikidazioa eta kuotaren diru-sarrera egitera, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren titularrak ezartzen dituen arau eta ereduei jarraituz.

Dena dela, arau orokor horrek salbuespen bat du, jarduera urtarriletik urrira arte uzten denean gertatzen dena; orduan, jarduera uzten den urte berean aurkeztu behar da autolikidazioa.

Bestetik, aipatu artikuluaren Hamar.2 idatz-zatiak ezartzen duenez, maiatzeko, iraileko, azaroko eta hurrengo urteko otsaileko 1etik 20ra bitarte, zerga-egitatea burutzen duten zergadunek urte natural bakoitzeko hiru, sei, bederatzi edo hamabi hilabeteko epeari dagokion ordainketa zatikatua egin beharko dute, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren titularrak ezartzen dituen arau eta ereduei jarraituz.

Hortaz, bidezko da autolikidazioaren eta ordainketa zatikatuen eredua onestea, baita jarduera urtarriletik urrira arte uzteagatiko autolikidazioaren eredua ere; azken hori, jarduera uzten den urte berean aurkeztu behar da, arau orokorraren salbuespen gisa.

Martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak baimena ematen die Nafarroako Gobernuari eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren titularrari foru lege hori garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.

Halaber, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko arautegiak eskatutako beste agiri guztiak, baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz.

Horrenbestez, aipatutako xedapenekin bat, AGINDU DUT:

1. artikulua . 583 eta 588 ereduen onespena.

1. “Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak” izeneko 583 eredua onesten da.

2. “Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Jarduera urtarriletik urrira uzteagatiko autolikidazioa” izeneko 588 eredua onesten da.

3. 767 ereduko ordainketa-gutuna, eranskinean datorrena, onesten da.

4. 583 eta 588 ereduak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Internet erabiliz, 5. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. artikulua . 583 eredua aurkeztera behartuta daudenak.

Tributuari buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 25. artikuluan aipatzen diren pertsona fisikoak edo juridikoak eta entitateak daude behartuta 583 eredua aurkeztera, baldin eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga arautzen duen martxoaren 18ko 11/2015 Foru Legearen lehen artikuluko Lau idatz-zatian adierazitako jarduerak burutzen badituzte eta energia elektrikoa ekoizten duen instalazioa Nafarroan badago edo, Nafarroako lurraldean eta lurralde erkidean egonik, instalazioa baimentzeko eskumena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak duenean.

3. artikulua . 588 eredua aurkeztera behartuta daudenak.

Aurreko artikuluan adierazitako pertsonak daude behartuta 588 eredua aurkeztera, urtarriletik urrira instalazioko jardueran aritzeari utziz gero.

4. artikulua . 583 eta 588 ereduak aurkezteko eta dirusarrera egiteko epea eta tokia.

1. Tributudunek ondoko epe hauetan aurkeztuko dute 583 eredua Nafarroako Zerga Ogasunean eta, hala balegokie, zerga-kuotaren edo ordainketa zatikatuen diru-sarrera eginen dute:

a) Ordainketa zatikatuak. Urte natural bakoitzeko hiru, sei, bederatzi eta hamabi hilabeteko epeei dagozkienak, epe bakoitza bukatu ondoko maiatz, irail, azaro eta otsailaren 1etik 20ra bitartean, hurrenez hurren.

Dena dela, ekoizpenaren balioa, instalazio guztiak barne, 500.000 euroko baino handiagoa ez denean aurreko urte naturalean, zergadunak behartuta egonen dira, soilik, likidazio epea azaroaren 1etik 20ra bitartean daukan ordainketa zatikatua egitera.

Aurreko urtean jardueran urtebetetik behera aritu diren zergadunak izanik, ekoizpenaren balioa urtebetekotzat joko da.

Jarduera urtarrilaren 1etik aurrera hasiz gero, ekoizpenaren balioa, zergaldi hasieratik kalkulatuta eta instalazio guztiak barne direla, zer hiruhilekotan den 500.000 eurotik gorakoa, hiruhileko horren likidazio epean eginen dira abian den zergaldiari dagokion likidazioaren konturako ordainketa zatikatuak.

b) Autolikidazioa. Zer ekitaldi den, haren hurrengo urte naturaleko azaroaren 1etik 30era arte, non ez den jarduera uzten urte natural bakoitzeko urtarriletik urrira; orduan, 588 eredua aurkeztu beharko da.

2. Zer urte naturaletan uzten den jarduera, urte horretako azaroaren 1etik 30era arte aurkeztuko dute tributudunek 588 eredua eta, zein den kasua, zerga-kuotaren diru-sarrera eginen.

3. Nafarroako Zerga Ogasunaren edozein erakunde laguntzailetan eginen da diru-sarrera, 767 ereduko ordainketa-gutunaren bidez. Orobat, telematika bidez ordainduta edo banku bidez helbideratuta egiten ahalko da diru-sarrera.

5. artikulua . 583 eta 588 ereduak aurkezteko modua.

583 eta 588 ereduak telematika bidez, Internet baliatuz, aurkeztu beharko dira nahitaez, 6. eta 7. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

6. artikulua . Baldintza orokorrak, 583 eta 588 ereduei dagozkien aitorpenen Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko.

1. Baldintza hauei jarraikiz eginen da 583 eta 588 ereduei dagozkien aitorpenen aurkezpen telematikoa:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.

Baimendutako ziurtapen zerbitzuen emaileen zerrenda eta ziurtagiri elektronikoenazein bere atalean agertzen dira; haietan sartzeko, Interneteko helbide honetara jo behar da: http://www.hacienda.navarra.es.

c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aurkezlea aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.

d) 583 eta 588 ereduen aurkezpen telematikoa egiteko, aitortzaileak edo baimendutako aurkezleak, halakorik bada, Nafarroako atarian eskuragarri dagoen web inprimakia erabili beharko du.

e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak izan beharko dituzte kontuan. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalak atzematen direnean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

7. artikulua . 583 eta 588 ereduei dagozkien aitorpenak telematika bidez, Internet baliatuz, aurkezteko prozedura.

Aitorpenen aurkezpen telematikoa Internet bidez, web inprimakia erabiliz, egiteko, prozedura hau erabiliko da:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena egokia bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez emanen da aditzera, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena behar bezala bete ondoren, aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

Lehen Xedapen Iragankorra. 2014ko zergaldiko autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak.

2014. urtean, Nafarroan energia elektriko berriztagarria ekoizten duten instalazioen titular edo titularkide izan diren subjektu pasiboak (instalazio bakoitzeko potentzia instalatu izenduna 100 kW izanik, gehienez ere) salbuetsita daude 2014ko zergaldiko zergaren autolikidazioa eta kuotaren diru-sarrera egiteko betebeharretatik, baita ordainketa zatikatuak egiteko ere.

Hala ere, aurreko baldintzak beterik, 2014. urtean, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren kuotak zerga arloko beste administrazio batzuei ordaindu dizkieten subjektu pasiboek 2015eko azaroan, 583 ereduaren bidez, eman beharko dute zerga arloko administrazio horiei 2014an ordaindutako kuoten berri, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategineko hamaseigarren xedapen iragankorrean eta Sozietateen gaineko Zergari buruzo Foru Legearen berrogeita hamargarren xedapen iragankorrean ezarritakoa aplika dadin.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Zerga arloko beste administrazio batzuei 2015eko zergaldian energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga delaeta egindako ordainketa zatikatuen tratamendua.

2015ean, zerga arloko beste administrazio batzuei energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga dela-eta 2015eko zergaldiko ordainketa zatikatuak egin dizkieten zergadunek haiek kontuan izan beharko dituzte 2016ko azaroan zerga hori dela-eta egin beharreko autolikidazioan.

Azken Xedapenetan Lehena. Helbideratu daitezkeen ereduak.

“Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Autolikidazioa eta ordainketa zatikatuak” izeneko 583 eredua eta “Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga. Jarduera urtarriletik urrira uzteagatiko autolikidazioa” izeneko 588 eredua gehitzen zaizkio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduaren eranskinean helbideratzeko gai ageri diren ereduen zerrendari; foru agindu horretan hein batean garatzen da Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua zenbait aitorpen-likidaziori eta autolikidaziori buruzko ordainketen banku bidezko helbideratze arloan, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 25eko 187/2015 Foru Aginduaren araberako testuan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra eta, ordainketa zatikatuei dagokienez, 2015eko irailaren 1etik 20ra arte egin beharreko aitorpenean aplikatuko da lehen aldiz.

ERANSKINA

ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: F1511482

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web