(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

9/2015 FORU AGINDUA, ABUZTUAREN 12KOA, OGASUNEKO ETA FINANTZA POLITIKAKO KONTSEILARIAK EMANA, 763 EREDUA, “JOKO-JARDUEREN GAINEKO ZERGA, URTEKO ETA URTE ANITZEKO JARDUEREN KASUETAN. AUTOLIKIDAZIOA”, ONESTEN DUENA

BON N.º 168 - 28/08/2015



  I. ERANSKINA


Atariko

Maiatzaren 27ko 13/2011 Legeak, jokoa arautzen duenak, joko-jardueren gaineko zerga berri bat sortu zuen. Zerga horren peko egitatea da legearen 2.1 artikuluan arautzen diren estatu mailako joko, zozketa, sariketa, apustu eta jarduerak baimendu, egin edo antolatzea, hala nola publizitatea edo sustapena egiteko helburua duten estatu mailako zorizko konbinazioak, legearen 2.2.c) artikuluan arautzen direnak.

Zerga berri hau administrazio bidetik likidatzen da, denboraldi jakin batean baimendu, egin edo antolatzen diren jardueretan izan ezik, kasu horietan zerga aitortu eta autolikidazioa egitea zergapekoaren ardura izanen baita.

Lege horren azken xedapenetan hamargarrenean zehazten da legea Nafarroako Foru Komunitatean aplikatuko dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 64. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoarekin bat.

Nafarroako Foru Komunitatearen eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoa berriki aldatu da, ekainaren 24ko 14/2015 Legearen bidez. Sartutako aldaketetako bat joko-jardueren gaineko zerga arautzea izan da, 40. artikuluan jaso dena.

Artikulu horretan, alde batetik, zerga ordainarazteko eskumena duen Administrazioa zehazteko irizpideak finkatzen dira. Irizpide horiekin bat, zerga ordaindu beharra eskatzeko eskumena izanen dute Nafarroako Foru Komunitateak, Estatuko Administrazioak edo bi administrazio horiek, kasuko ekitaldian lurralde bakoitzean egindako eragiketen bolumenaren arabera, subjektu pasiboaren helbide fiskala zeinahi den kontuan hartu gabe. Proportzio hori zehazteko, kontuan hartuko da jokalariek jokatutako diru kopuruaren pisu erlatiboa, egoitza Nafarroan dutenena eta lurralde erkidean dutenena. Gainera, proportzio hori aplikatuko zaie jokalariaren egoitza identifikatzea ezinezkoa duten joko modalitateen ondoriozko kuota likidoei eta egoitza Espainiatik kanpo duten jokalarien kuotei, salbu eta ongintzako elkarrekiko kirol apustuen eta estatuko elkarrekiko zaldiketa apustuen ondoriozkoei, jokalariaren egoitza identifikatu gabe dagoenean. Azkeneko kasu horietan, apustua egiten den saltokia Nafarroan baldin badago, zerga ordainaraztea Nafarroako Foru Komunitatearen esku egonen da.

Subjektu pasiboek zerga ordainarazteko eskumena duen administrazioan aurkeztu beharko dituzte aitorpen-likidazioak. Aitorpen-likidazio bakoitzean zergak kargatzen dituen jardueren gaineko informazio guztia jaso beharko da, hala nola aplikatu beharreko ehunekoa eta Administrazio bakoitzean ordaindu beharreko kuotak.

Bestalde, 40. artikuluaren 7. atalean adierazten da, aplikatu beharreko araudiari dagokionez, joko-jardueren gaineko zerga Nafarroako Foru Komunitatean ordainarazteko orduan, Estatuan unean-unean ezarrita dauden funtsezko eta formazko arau berberak aplikatuko direla, eta zilegi izanen dela zerga tasa handitzea, egoitza fiskala Nafarroan izanik, zerga horrek kargatzen duen jardueraren operadore edo antolatzaile direnei edo zergapeko jarduera hori egiten dutenei. Horrez gain, Foru Komunitateak aitorpena eta ordainketak egiteko ereduak onesten ahalko ditu, gutxienez ere lurralde erkideko datu berak edukiko dituztenak, eta likidazioaldi bakoitzean ordaintzeko epeak finkatzen ahalko ditu, Estatuko Administrazioak ezartzen dituenetatik asko aldendu gabe.

Hortaz, Nafarroako Foru Komunitateak ahalmena du Joko-jardueren gaineko Zergaren 763 autolikidazio-eredua onesteko, zerga Nafarroan ordaindu behar duten zergapekoek joko-jardueren ondoriozko urteko edo urte anitzeko kuotak aitortzeko eta autolikidazioa egiteko betebeharra betetzeko aukera izan dezaten.

Bestalde, azken xedapenetako lehenengoaren bidez eredu hau sartzen da ordainketak bankuan helbideratzea onartzen duten zerga ereduen zerrendan.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 6. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko titularrari dagokio foru agindu hau onestea.

Horrez gainera, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten, baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz, aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez, aipatutako xedapenekin bat, AGINDU DUT:

1. artikulua . 763 eredua onestea.

763 eredua onesten da, “Joko-jardueren gaineko zerga, urteko eta urte anitzeko jardueren kasuetan. Autolikidazioa” izenekoa, baita I. eranskinean agertzen den 765 ordainketa-gutuna ere.

2. artikulua . 763 eredua aurkeztera behartuta daudenak.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 25. artikuluan aipatzen diren pertsona fisikoak edo juridikoak eta entitateak daude behartuak eredu hau aurkeztera Nafarroako Zerga Ogasunean, jokoa arautzen duen maiatzaren 27ko 13/2011 Legearen 48. artikuluaren 1. atalean aipatzen diren joko jardueretan aritzen direnean edo horrelakoak antolatu edo egiten dituztenean Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldearen barrenean, haien helbide fiskala zeinahi delarik ere, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 40.3 artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. artikulua . 763 eredua aurkezteko tokia eta epea.

1. 763 eredua aurkeztea eta dagokion zerga kuota ordaintzea hiru hilabetean behin eginen da, urteko hiruhileko natural bakoitza bukatu eta hurrengo hilabetean, hau da, apirilean, uztailean, urrian eta urtarrilean.

2. Nafarroako Zerga Ogasunaren edozein erakunde laguntzailetan eginen da diru-sarrera, 765 ereduko ordainketa-gutunaren bidez, edo, bestela, ordaintzeko onartuta dagoen beste bide bat erabiliz.

4. artikulua . 763 eredua aurkezteko modua.

763 eredua telematika bidez, Internet baliatuz, aurkeztu beharko da nahitaez, ondotik heldu diren 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

5. artikulua . 763 ereduko aitorpenak telematika bidez, Internet erabiliz, aurkezteko baldintza orokorrak.

1. 763 ereduko aitorpenen aurkezpen telematikoa baldintza hauei jarraikiz eginen da:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.

Baimenduta dauden ziurtapen zerbitzuak eta ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; atal horretara Interneteko helbide honen bidez iritsiko da: http://www.hacienda.navarra.es.

c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aurkezlea aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.

d) 763 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, aitortzaileak edo baimendutako aurkezleak, halakorik bada, Nafarroako atarian eskuragarri dagoen web inprimakia erabili beharko du.

e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak izan beharko dituzte kontuan. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalak atzematen direnean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari errore-mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

6. artikulua . 763 ereduko aitorpenen aurkezpen telematikoa, Internet bidez, egiteko prozedura.

Aitorpenen aurkezpen telematikoa Internet bidez, web inprimakia erabiliz, egiteko, prozedura hau erabiliko da:

1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.

2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzena bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez komunikatuko da, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak komunikatuko du aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia, eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

Azken Xedapenetan Lehena. Helbideratu daitezkeen ereduak.

763 eredua sartzen da Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren apirilaren 23ko 80/2008 Foru Aginduaren eranskinean agertzen den zerrendan (helbideratu daitezkeen ereduen zerrenda, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren ekainaren 25eko 187/2015 Foru Aginduan agertzen den testuaren arabera). Foru agindu horren bidez, hein batean garatu zen Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketaren Erregelamendua, zergen aitorpen-likidazio edo autolikidazio batzuei dagozkien ordainketak bankuan helbideratzeari dagokionez.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta lehen aldiz aplikatuko da uztailean aurkeztu beharreko autolikidazioan, non 2015eko bigarren hiruhilekoan egindako eragiketa guztiak jasoko diren.

Salbuespen gisa, 2015eko uztaileko autolikidazioa Zerga Administrazioaren Estatuko Agentzian aurkeztu duten zergadunen kasuan, foru agindu hau urrian aurkeztu beharreko autolikidazioan hasiko da aplikatzen, non 2015eko hirugarren hiruhilekoan egindako eragiketa guztiak jasoko diren.

I. ERANSKINA

I. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: F1511480

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web