104/2015 FORU AGINDUA, APIRILAREN 16KOA, EKONOMIA, OGASUN, INDUSTRIA ETA ENPLEGUKO KONTSEILARIAK EMANA. HONEN BIDEZ SOZIETATEEN GAINEKO ZERGAREN ETA EZ-EGOILIARREN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN (ESTABLEZIMENDU IRAUNKORRAK) AUTOLIKIDAZIORAKO S-90 EREDUA ONESTEN DA, 2014KO URTARRILAREN 1ETIK ABENDUAREN 31 ARTEAN HASITAKO ZERGALDIETAKO, ETA AITORPENAK AURKEZTEKO ARAUAK EMATEN DIRA
BON N.º 83 - 30/04/2015
Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboak, zerga hori arautzen duen abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 80. eta 81. artikuluetan ezarritakoarekin bat, beharturik daude zergaren aitorpena aurkeztera, haren diru-sarrera zehaztu eta egitera eta behar diren dokumentu eta egiaztagiriak aurkeztera, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ezarritako tokian eta moduan.
Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan tributuen aplikaziorako teknika elektroniko, informatiko eta telematikoen ugaritzeari eta hobetzeari heltzen die, alde batetik tributudunek errazago bete ahal izateko tributu betebeharrak (bai materialak bai formalak), eta bestetik, errespetatzeko haien eskubideak eta bermeak, eta, azkenik, tributuen aplikazioan Administrazioaren eraginkortasuna areagotzeko.
Beraz, Nafarroako Zerga Ogasunak aitorpenen aurkezpen telematikoaren arloan duen esperientziaren arabera, eta kontuan izanik tributudunek gero eta gehiago eskatzen dutela teknologia berriak erabili ahal izateko aukera Zerga Administrazioarekin dituzten harremanetan, xedatzen da, aurreko ekitaldietan bezala, bide telematikoa izan dadila sistema bakarra S-90 eredua aurkezteko, foru agindu honen bidez onesten den eredua, hain zuzen ere.
Foru agindu honetan Interneten bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak eta prozedura finkatzen dira. Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak prestatu duen laguntza programa erabiltzen ez duten tributudunek bidali beharreko aitorpen-likidazioen fitxategiek eduki beharreko erregistroen diseinuak zehazten dira. Aipatutako erregistroen diseinuak Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrialdean zehazten dira, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es.
Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera bi administrazioei ordaintzen dieten eta Nafarroakoaz besteko araudia aplikatzen duten Sozietateen gaineko Zergaren eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren (establezimendu iraunkorrak) subjektu pasiboei dagokienez, fitxategi bat bide telematikoen bidez bidaliz aurkezten ahalko dituzte aitorpenak. Fitxategi hori araudia aplikatzen duen administrazioak eredu bakoitzarentzat zehazten dituen erregistroen diseinuetara egokituko da. Beste bide bat 320 eredua aurkeztea da, hots, “Nafarroakoaz besteko araudiko Sozietateen gaineko Zerga” izenekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren uztailaren 5eko 257/2013 Foru Aginduaren bidez onetsia.
Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 23/2010 Foru Legeak sartutako aldaketetara egokitu behar da S-90 eredua. Zergaldi honetako aitorpeneko berritasunik handienen artean, aipatu behar da aldatu egin dela, ikerketa zientifikorako eta berrikuntza teknologikorako jarduerengatiko kenkariari dagokionez, eduki zehatza. Zergaldi honetan, ikerkuntza eta garapenerako jarduerei dagokienez, gastuak xehakatu behar dira, proiektuka, gastu motaren arabera eta aplikatzekoa den kenkari-portzentajearen arabera. Berrikuntza teknologikoko jardueren kasuan, 24/1996 Foru Legearen 66.3 artikuluko kontzeptuen arabera eginen da gastuen xehakapena.
Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.
Horrenbestez, AGINDU DUT:
1. artikulua . Establezimendu iraunkorrei dagokien Ezegoiliarren Errentaren gaineko Zergaren eta Sozietateen gaineko Zergaren autolikidazioaren eredua (S90) onestea.
1. Sozietateen gaineko Zergaren eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren (establezimendu iraunkorrak) autolikidaziorako S-90 eredua onesten da, 2014ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 artean hasitako zergaldietarako.
Eredu horren argibide osagarrien zatiak estatistiketarako bakarrik balioko du.
2. Subjektu pasibo guztiek baliabide telematikoak erabiliz aurkeztu behar dute S-90 eredua, zeinahi delarik eragiketen bolumena, 4. artikuluan ezarritako baldintza orokorrei eta 5. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.
2. artikulua . Aitortu beharra.
Aitorpena S-90 ereduari jarraituz egitera behartuta daudenak: Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboak, zerga hori arautzen duen 24/1996 Foru Legearen 11. artikuluan aipatzen direnak, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 18. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute, bai eta establezimendu iraunkorrei dagozkien ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren zergadunak ere, aipatu Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluan xedatutakoaren arabera Nafarroako foru araudia aplikatzen badute.
Nafarroakoaz besteko araubidea aplikatzen duten subjektu pasiboek 4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz aurkezten ahalko dituzte autolikidazioak.
3. artikulua . Aurkezteko epea, eta ordaindu edo itzultzeko modua.
1. Subjektu pasiboek zergaldia bukatu eta hurrengo bosgarren hilabeteko lehenengo egunetik zazpigarren hilabeteko hogeita bosgarren egunera arteko epearen barnean aurkeztu beharko dute aitorpena, hala Nafarroako foru araudia, nola Nafarroakoaz besteko araudia aplikatu behar denean.
Aurreko paragrafoan aipatzen denaren arabera, subjektu pasiboek, haien aitortzeko epea foru agindu honek indarra hartu eta hurrengo hogeita bosgarren egun naturala baino lehen amaitu bada, foru aginduak indarra hartu eta hurrengo hogeita bost egun naturalen barrenean aurkeztu beharko dute aitorpena.
2. Subjektu pasiboak, aitorpena aurkezten dutenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratako tributu-zorra Nafarroako Zerga Ogasunaren lankide den edozein finantza entitatetan sartzera. Diru-sarrera egiteko “712 Ordain gutuna” eredua erabiliko da. Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordaintzeko onartzen duen beste edozein bide erabiliz egin dezakete diru-sarrera.
Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, adierazi beharko da zein entitate eta kontutan ordaindu behar den, aitorpenak horretarako duen atalean.
4. artikulua . Autolikidazioen aurkezpen telematikorako baldintza orokorrak.
1. S-90 ereduaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:
a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).
b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.
Baimenduta dauden ziurtapen zerbitzuak eta ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.
c) Aitorpenak, komunikazioak eta zerga arloko beste agiri batzuk hirugarren pertsonen izenean telematika bidez aurkezteko eta tributu zorren ordainketa telematika bidez tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimenduta dagoen pertsona edo entitate bat baldin bada aurkezlea, Nafarroako Zerga Ogasunak aurreko b) letran adierazitakoaren arabera onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du.
d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak, igorri beharreko aitorpena jasotzen duen fitxategia lortzeko laguntza programa bat erabili beharko du aurretik. Laguntza programa hori Nafarroako Zerga Ogasunak S-90 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.
Fitxategi horien edukia Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrialdean ezarritako erregistro diseinuetara egokituko da (http://www.hacienda.navarra.es).
e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web-orrialdean daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.
2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalak agertzen direnean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari akatsak azaltzeko mezuen bitartez, behar den zuzenketa egin dezan.
3. Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan xedatutakoaren arabera bi administrazioei ordaintzen dieten eta Nafarroakoaz besteko araubidea aplikatzen duten subjektu pasiboei dagozkien autolikidazioak honela aurkezten ahalko dira:
a) Nafarroako Foru Komunitatean aurkeztu behar diren aitorpenak lortzeko, subjektu pasiboek Zerga Administrazioko Estatu Agentzian edo EAEko foru ogasunetan aurkeztutako aitorpenaren kopia bat gordeko dute, administrazio horiek eredu bakoitzarentzat zehazten dituzten erregistro diseinuetara egokitutako fitxategi informatikoan.
b) Aipatu fitxategi informatikoa telematika bidez igorriko da, Nafarroako Foru Komunitatean aurkezteko, eta dagokion diru-sarrera eginen da, edo itzulketa eskatuko, 3.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Bestela, 3. atalean aipatutako autolikidazioak 320 ereduaren bidez aurkezten ahalko dira, hots, “Nafarroakoaz besteko araudiko Sozietateen gaineko Zerga” izenekoaren bidez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren uztailaren 5eko 257/2013 Foru Aginduaren bidez onetsia.
5. artikulua . S90 ereduari dagozkion aitorpenak eta beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko prozedura.
a) Honako prozedura hau jarraituko da S-90 ereduari dagozkion aitorpenak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko, Nafarroako Zerga Ogasunak garatutako laguntza programa erabiliz:
1. Aitorpena betetzea, laguntza-programa erabiliz.
2. Aitorpena bete ondoren, balioztatu egin behar da, aurkeztu aurretik.
3. Aitorpena balioztatu ondoren, Interneten bidez igortzen ahalko da. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta urte berekoak baldin badira.
4. Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzunen du, hartze-agiri zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emanda. Gero, igorpena balioztatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, Interneteko ondoko helbidean aitorpenak kontsultatzeko erabiltzen ahal den aplikaziotik abiatuta: http://www.hacienda.navarra.es.
b) Beste administrazio batzuetan aurkeztutako aitorpenen kopiak Interneten bidezko baliabide telematikoekin aurkezteko, prozesu honi jarraitu behar zaio:
1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.
2. Egin beharreko aitorpenaren araudia eta eredua aukeratu, eta fitxategia inportatu.
3. Inportazioa egin ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzena bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez komunikatuko da, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu.
4. Lotea igorri ondoren, sistemak erantzunen du, hartze-agiri zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emanda. Gero, igorpena balioztatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza egiaztatzen ahalko da, Interneteko ondoko helbidean aitorpenak kontsultatzeko erabiltzen ahal den aplikaziotik abiatuta: http://www.hacienda.navarra.es.
6. artikulua . S90 ereduari dagozkion aitorpenekin batera aurkeztu beharreko dokumentu eta egiaztagiriak.
S-90 ereduari dagozkion aitorpenarekin batera agiriak aurkeztu behar dituzten subjektu pasiboek, aitorpena egiteko epearen barnean beteko dute agiriak eransteko betebehar hori, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bideetako edozein erabiliz.
Subjektu pasiboek agiri horien urtea eta erregistro zenbakia agerraraziko dituzte Zergaren aitorpenean, horretarako prestatuta dauden laukietan. Era berean, lauki horiek erabiltzen ahalko dituzte aitorpenaren agiri osagarriak norberaren kabuz aurkeztu izana agerrarazteko.
7. artikulua . Eragiketa lotuei buruzko informazioa.
S-90 ereduko eragiketa lotuei dagokien atala osorik bete beharko da nahitaez agiriak aurkeztu behar direneko eragiketei dagokienez, urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 20 ter eta 20 quinquies artikuluak xedatzen dutenez.
Hala ere, lotura duen mota bereko pertsona edo entitate bakoitzeko baterako zenbatekoa balorazio-metodo berberarekin kalkulatuta 100.000 euro gainditzen ez duten eragiketak ez dira aitortu beharko.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iragarkiaren kodea: F1505912