8/2015 FORU AGINDUA, URTARRILAREN 23KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO OSPITALEGUNEKO BARNE MEDIKUNTZA ZERBITZUA SORTZEN DUENA
BON N.º 43 - 04/03/2015
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak atariko III. atalean adierazten du erakunde horren egitura osatu eginen dela osasun laguntzaren arloan, eta horretarako foru dekretu eta foru agindu argiak emanen direla, estatutuen helburu beretara bideratuak.
Bestalde, foru dekretu horren 13.2 artikuluak ezartzen du laguntza zerbitzuak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasuneko kontseilariaren foru aginduen bidez ezarriko direla.
Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratzeko prozesuan, haiek baitaude jatorrian.
Nafarroako Ospitaleko Barne Medikuntza Zerbitzua, Bideko Ama Birjina Ospitaleko Barne Medikuntza Zerbitzua, Ubarmin Klinikako Barne Medikuntza Atala, Nafarroako Ospitaleko Eritasun Infekziosoen Zerbitzua eta Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzako Etxeko Ospitalizaziorako Atala pixkanaka-pixkanaka eratuz eta garatuz joan ziren. 2010ean sortutako Nafarroako Ospitalegunearen eta arestian aipatutako ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren indarrez, zentro horiek “A”, “B”, “D” eta “C” izendatu ziren, hurrenez hurren, Nafarroako Ospitalegunearen barrenean.
Gaur egun, bidezkoa da, besteak beste, osasun zentro horiek batzeko baliabidea erabiltzea eta Barne Medikuntza Zerbitzu bakar bat sortzea, aipatu jarduera medikoak batuta eta antolaketa berria emanda, herritarrei ematen zaien zerbitzua efizienteagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.
AGINDU DUT:
1. artikulua. Barne Medikuntza Zerbitzua sortzea.
Nafarroako Ospitaleguneko Barne Medikuntza Zerbitzua sortzen da; bertan A eta B Ospitaletako Barne Medikuntza Zerbitzuko, D Ospitaleko Barne Medikuntza Ataleko, A Ospitaleko Eritasun Infekziosoen Zerbitzuko eta C Ospitaleko Etxeko Ospitalizaziorako Ataleko langileak eta baliabideak integratzen dira.
2. artikulua. Eginkizunak.
Nafarroako Ospitaleguneko Barne Medikuntza Zerbitzuak, zuzenean Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Medikoen Zuzendariordetzaren menpean, behar diren eginkizunak beteko ditu barne medikuntzaren esparru zientifikoen arloan, honako hauei dagokienez: diagnostikoa, terapia, irakaskuntza, prestakuntza eta ikerketa.
3. artikulua. Barne Medikuntza Zerbitzuaren egitura.
1. Barne Medikuntza Zerbitzuak osasun laguntzako atal hauek ditu bere egituran:
a) Ospitalizazio A Atala.
b) Ospitalizazio B Atala.
c) Ospitalizazio D Atala.
d) Kanpo-Kontsulten eta Zerbitzu arteko Kontsulten Atala.
e) Etxeko Ospitalizaziorako Atala.
f) Eritasun Infekziosoen Atala.
2. Barne Medikuntza Zerbitzuari atxikitako fakultatiboek barne medikuntzaren espezialitate medikoari dagozkion laguntzako, irakaskuntzako, prestakuntzako eta ikerkuntzako jarduerak eginen dituzte, bai aurreko puntuan adierazitako ataletan, zein bere atalburuaren zuzendaritzapean arituz eta, betiere, galarazi gabe beste edozein atalen esparruan ere esku hartzea zerbitzuburuak edo osasun laguntzako premiek hala eskatzen dutenean, bai Zerbitzuari zuzenean atxikiak, zerbitzuburuaren menpe arituz.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Lehenagoko izendapenak.
Foru agindu honek indarra hartu aurreko eguna zerbitzuburuen eta atalburuen izendapenen eraginaren azken eguna izanen da, A eta B Ospitaleetako Barne Medikuntza Zerbitzuen, A Ospitaleko Eritasun Infekziosoen Atalaren eta C Ospitaleko Etxeko Ospitalizaziorako Atalaren egiturari buruzko arau indargabetuen babesean eginak badira, arau horiek indarrik gabe uzten baitira.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzea.
1. Indarrik gabe uzten da Nafarroako Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta haren unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan Barne Medikuntza Zerbitzuari eta Eritasun Infekziosoen Atalari buruz egindako aipamena.
2. Indarrik gabe uzten da Bideko Ama Birjina Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta haren unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan Barne Medikuntza Zerbitzuari eta Barne Medikuntza Atalei buruz egindako aipamena.
3. Indarrik gabe uzten da Etxeko Ospitalizaziorako Atala eta Etxeko Ospitalizaziorako Erizaintzako Unitatea sortu zituen Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 23ko 63/2008 Foru Aginduan Etxeko Ospitalizaziorako Atalari egindako aipamena.
4. Orobat, indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko beste arau guztiak.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2015eko urtarrilaren 23an.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.
Iragarkiaren kodea: F1502799