2/2015 FORU AGINDUA, URTARRILAREN 15EKOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO OSPITALEGUNEKO ANATOMIA PATOLOGIKOAREN ZERBITZUA SORTZEN DUENA
BON N.º 29 - 12/02/2015
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak atariko III. atalean adierazten du erakunde horren egitura osatu eginen dela osasun laguntzaren arloan, eta horretarako foru dekretu eta foru agindu argiak emanen direla, estatutuen helburu beretara bideratuak.
Bestalde, foru dekretu horren 13.2 artikuluak ezartzen du laguntza zerbitzuak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasuneko kontseilariaren foru aginduen bidez ezarriko direla.
Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratzeko prozesuan, haiek baitaude jatorrian.
Nafarroako Ospitaleko Anatomia Patologikoaren Zerbitzua eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko Anatomia Patologikoaren Zerbitzua pixkanaka eratu eta garatu ziren. 2010ean Nafarroako Ospitalegunea sortu zenez, eta arestian aipatutako ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren indarrez, zentro horiek “A” eta “B” izena hartu zuten Nafarroako Ospitalegunearen barrenean.
Gaur egun, besteak beste osasun zerbitzu horiek batu direnez, bidezkoa da Anatomia Patologikoaren Zerbitzu bakar bat sortzea, aipatu jarduera medikoak bat eginda eta antolaketa berria emanda, herritarrei ematen zaien zerbitzua efizienteagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.
AGINDU DUT:
1. artikulua. Anatomia Patologikoaren Zerbitzua sortzea.
Nafarroako Ospitaleguneko Anatomia Patologikoaren Zerbitzua sortzen da, A Ospitaleko Anatomia Patologikoaren Zerbitzuaren eta B Ospitaleko Anatomia Patologikoaren Zerbitzuaren giza baliabideak eta baliabide materialak zerbitzu sortu berrian bilduz.
2. artikulua. Eginkizunak.
Nafarroako Ospitaleguneko Anatomia Patologikoaren Zerbitzuak, zuzenean Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Mediko Zentralen Zuzendariordetzaren menpean, behar diren eginkizunak beteko ditu anatomia patologikoaren esparru zientifikoen arloan, diagnostikoari, irakasteari eta prestakuntza emateari eta ikerketari dagokienez.
3. artikulua . Anatomia Patologikoaren Zerbitzuaren egitura.
1. Anatomia Patologikoaren Zerbitzuak osasun laguntzako atal hauek izanen ditu bere egituran:
a) A Atala.
b) B Atala.
c) Zitologia Atala.
2. Anatomia Patologikoaren Zerbitzuari atxikitako fakultatiboek anatomia patologikoaren espezialitateari dagozkion laguntzako, irakaskuntzako, prestakuntzako eta ikerkuntzako jarduerak eginen dituzte, bai aurreko puntuan adierazitako ataletan -zein bere atalburuaren zuzendaritzapean arituz eta, betiere, galarazi gabe beste edozein atalen esparruan ere esku hartzea zerbitzuburuak edo inguruabarrek hala eskatzen dutenean-, bai Zerbitzuari zuzenean atxikiak, zerbitzuburuaren menpe arituz.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Lehenagoko izendapenak.
Orain arteko egiturak bere indarra galduko baitu, foru agindu honek indarra hartzen duen egunaren bezpera izanen da zerbitzuburuen eta atalburuen izendapenen eraginaren azken eguna, A Ospitaleko Anatomia Patologikoaren Zerbitzuaren eta B Ospitaleko Anatomia Patologikoaren Zerbitzuaren egiturari buruzko arauen babesean egin baitziren.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzea.
1. Indarrik gabe uzten da Nafarroako Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan Anatomia Patologikoaren Zerbitzuari buruz egindako aipamena.
2. Indarrik gabe uzten da Bideko Ama Birjina Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta haren unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan Anatomia Patologikoaren Zerbitzuari eta Anatomia Patologiaren Atalari buruz egindako aipamena.
3. Indarrik gabe uzten da Osasuneko kontseilariaren martxoaren 15eko 72/2000 Foru Aginduaren bidez araututako Zitologia Atalari egindako aipamena. Aipatu foru aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zerbitzu Zentralen, Laguntza Espezializatuko Zuzendaritzaren eta Oinarrizko Osasun Laguntza eta Adimen Osasuneko Zuzendaritzaren, Nafarroako Ospitalearen, Bideko Ama Birjina Ospitalearen eta Lizarrako Osasun Barrutiaren egitura organikoa aldatu zen.
3. Orobat, indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko beste arau guztiak.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2015eko urtarrilaren 15ean.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.
Iragarkiaren kodea: F1501219