11/2015 FORU AGINDUA, URTARRILAREN 23KOA, EKONOMIA, OGASUN, INDUSTRIA ETA ENPLEGUKO KONTSEILARIAK EMANA, PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN ZENBATESPEN OBJEKTIBOAREN ARAUBIDEA ETA BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGAREN ARAUBIDE ERRAZTUA GARATZEN DITUENA 2015. URTERAKO
BON N.º 24 - 05/02/2015
ERANSKINA
Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 36. artikuluak eta haren Erregelamenduaren 32. artikuluak eta ondorengoek arautzen dute enpresa txiki eta ertainek eta profesionalek dituzten etekinak zehazteko zenbatespen objektiboaren araubidea.
Bestalde, Balio Erantsiaren Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 67. eta 68. artikuluek araubide berezi erraztua arautzen dute eta Zergari buruzko Erregelamenduaren 23. artikuluak eta hurrengoek garatzen.
Arau horiek aurreikusten dute zenbatespen objektiboaren araubidea eta araubide berezi erraztua edo nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezia batera eta koordinaturik aplikatuko direla, eta behar den foru aginduak aipatu koordinazio horrek bere baitan hartu behar dituen jarduerak edo jarduera sektoreak zehaztuko ditu eta aplikatzekoak diren ikur, indize edo moduluak eta horiek behar bezala konputatzeko beharrezkoak diren jarraibideak finkatuko.
Foru agindu honen egitura eta urtarrilaren 27ko 21/2014 Foru Aginduarena antzekoak dira. Haren bidez pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidea eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua 2014. urterako garatu ziren.
Oro har, 2015erako ezarri diren indize eta moduluak ez dira batere handitu iazkoen aldean. Hori hala delarik ere, kasu jakin batzuetan zenbait aldaketa sartu dira. Haietako lehenbizikoa Joko Makinen Erregelamenduan B motakotzat definitutako makinei dagokie. Nafarroako Zerga Ogasunaren zerbitzuek berriki egindako egiaztapenei esker ikusi da makina horien egiazko errendimenduak, batez beste, askoz ere handiagoak direla gaur egun indarra duten indize eta moduluen ondoriozkoak baino. Beraz, %25eko igoera aplikatu zaie.
Bestetik, zenbait aldaketa sartu dira I. eranskinean, hots, Nekazaritzako, abeltzaintzako eta oihangintzako jarduerak izenekoan. Alde batetik, lehenbiziko aldiz, erretxina lortzeko oihangintza-lanetan ari diren zergadunentzako etekin garbiaren indizea ezarri da, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide bereziaren aplikazio eremuaren aldaketaren ondorioz, zergadun horiek ustiapen-jardueraren titulartzat hartzen dira, eta horregatik, PFEZaren zenbatespen objektiboa aplikatzen ahal zaie.
Bestetik, nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduerei buruzko datuak aztertuta, beharrezkotzat jo da I. eranskineko zenbait jardueraren etekinen indizeak aldatzea. Horrela, bada, bereizirik ematen dira “Nafarroa” jatorrizko deiturako ardotarako mahatsa lortzeko jarduera eta “Errioxa” jatorrizko deiturako ardotarako mahatsa lortzeko jarduera. Lehenbizikoaren indizea murriztu egin da, eta bigarrena handitu.
Orobat, murriztu egin da patata eta olibondoaren produktuak lortzeko nekazari-lanen etekinen indizea, baita esne-behien ustiategiena ere.
I. eranskinaren jarraibideetan, energia elektrikoa erabiltzen den ureztalurretarako indize zuzentzaile bat ezarri da.
Bost xedapen gehigarri erantsi dira. Lehendabizikoan, langileen kontratazioa sustatzeko asmoz, baina betiere zerga kostu handiagoak sortu gabe, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubideari dagokionez ezarri da ezen 2015. urtean “soldatako langileak” moduluan, 2014ko moduluarekin alderatuta, igoerarik izan bada, bi moduluen arteko alde positibo horri zero koefizientea aplikatuko zaiola.
Bigarrenean xedatu da jarduera 2015ean hasi eta etekin garbia pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidean zehazten dutenek %60ko murrizketa izanen dutela etekin horretan jarduera hasi duten zergaldian, eta %30 hurrengoan. %70eko murrizketa izanen da bi zergaldietan, baldin eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten subjektu pasibo desgaituak badira.
Hirugarrenean, %5eko murrizketa jasotzen da 2014. urterako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidean etekin garbiaren kalkuluari aplikatzeko, urtarrilaren 27ko 21/2014 Foru Aginduaren I. eta II. eranskinetan jasotako jarduera ekonomiko guztietan.
Laugarren xedapenean, zailtasun ekonomiko bereziak jasaten ari diren zenbait nekazaritza eta abeltzaintza jardueraren indizeak aldatzen dira 2014. urterako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubideari dagokionez.
Bosgarrenean, energia elektrikoa erabiltzen den ureztalurretarako indize zuzentzailea 2014ko ekitaldian aplikatuko dela ezarri da.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Zenbatespen objektiboaren araubidean eta araubide berezi erraztuan batera sarturiko jarduerak.
1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidea eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua ondorengo jarduerei edo jarduera sektoreei aplikatuko zaizkie:




2. Jarduera bakoitzean zein eragiketa ekonomiko sartzen diren zehazteko, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren arauak hartuko dira aintzat.
Halaber, jarduera bakoitzean sartutzat hartuko dira espresuki foru agindu honen I. eta II. eranskinetan sartzen diren eragiketa ekonomikoak, betiere jarduera nagusiaren osagarri gisa egiten badira. Jarduera osagarritzat joko dira baldin eta haien guztien diru-sarreren bolumena, 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatua, ez bada jarduera nagusiaren diru-sarreren bolumenaren %40 baino handiagoa.
3. Garraio publikorako txartelen merkaturatze zerbitzua emateak ez du ekarriko subjektu pasiboak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidetik eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztu berezitik salbuestea, betiere zerbitzu emate hori jarduera nagusiaren osagarri gisa egiten bada.
Balio erantsiaren gaineko zergaren araubide erraztua aplikatzearen ondorioetarako, zerbitzu emate hori ez da jarduera bakoitzean sartutzat hartuko, baldin eta foru agindu honen II.II. eranskinean hala adierazita baldin badago berariaz.
2. artikulua. Zenbatespen objektiboaren araubidean sarturiko jarduerak.
1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidea, aurreko artikuluan agertzen diren jarduerei aplikatzeaz gain, ondorengo hauei ere aplikatuko zaie: balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezia edo baliokidetasun errekargua aplikagarri zaien jarduerak, ondokoak alegia:




2. Jarduera bakoitzean zein eragiketa ekonomiko sartzen diren zehazteko, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren arauak hartuko dira aintzat.
Halaber, jarduera bakoitzean sartutzat hartuko dira espresuki foru agindu honen I. eta II. eranskinetan sartzen diren eragiketa ekonomikoak, betiere jarduera nagusiaren osagarri gisa egiten badira. Jarduera osagarritzat joko dira baldin eta haien guztien diru-sarreren bolumena, 3.1 artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulatua, ez bada jarduera nagusiaren diru-sarreren bolumenaren %40 baino handiagoa.
3. Garraio publikorako txartelen merkaturatze zerbitzua emateak ez du ekarriko subjektu pasiboak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidetik salbuestea, betiere zerbitzu emate hori jarduera nagusiaren jarduera osagarri gisa egiten bada.
3. artikulua. Salbuespenak.
1. Foru agindu honen aurreko bi artikuluetan xedaturikoa salbu, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidea eta balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztua ez zaizkie aplikatuko ondorengo neurriak gainditzen dituzten jarduerei edo jarduera sektoreei:
1. Diru-sarreren bolumenaren araberako neurria:
a) 300.000 euro, osotara, ondoko jardueretan:
- Norberaren konturako abeltzaintza.
- Aziendak hazi, zaindu eta gizentzeko zerbitzuak.
- Nekazariek eta abeltzainek egindako bestelako lan, zerbitzu eta jarduera osagarriak, betiere balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezitik kanpo baldin badaude.
- Oihangintzako jardueren titularrek egindako bestelako lan, zerbitzu eta jarduera osagarriak, betiere balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezitik kanpo baldin badaude.
- Apartzeria araubideko nekazaritzako jardueretan, lagatzaileari dagozkion aprobetxamenduak.
- Apartzeria araubideko oihangintzako jardueretan, lagatzaileari dagozkion aprobetxamenduak.
- Produktu naturalak eta landare edo animalietatik heldu direnak eraldatu, elaboratu edo manufakturatzeko prozesuak, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren tarifetan industria jarduerei dagokien epigrafe batean alta ematea eskatzen badute eta produktu natural horiek zuzenean lortzen diren ustiategien titularrek eginak badira.
- Balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezian sar daitekeen nekazaritza nahiz abeltzaintzako jarduera.
- Balio erantsiaren gaineko zergaren nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzako araubide berezian sar daitekeen oihangintzako jarduera.
b) 150.000 euro, osotara, gainerako jardueretan.
2014. urteari dagokion negozio-zifraren zenbateko garbia hartuko da diru-sarreren bolumentzat. Urte horretan hasi bada jarduera, negozio-zifraren zenbateko garbia urte osora proiektatuko da.
Zenbatespen objektiboaren araubidea eta araubide berezi erraztua jardueraren lehendabiziko urtean aplikatuko dira, salbu eta 2. edo 3. neurriak gainditzen badira hasieran, edo araubide horiei uko egiten bazaie.
Negozio zifraren zenbateko garbia zehazteko, subjektu pasiboaren ohiko jarduerei dagozkien produktuak saltzetik eta zerbitzuak ematetik heldu diren zenbatekoak kontatuko dira, hobariak eta saldutakoaren gaineko beste murrizketak kenduta, eta horrekin batera balio erantsiaren gaineko zergaren zenbatekoa eta negozio zifra horrekin zerikusi zuzena duten beste zergen zenbatekoa.
Diru-sarreren bolumenaren tamaina konputatzeko, kontuan hartuko dira subjektu pasiboak eginiko enpresa jarduerei dagozkien eragiketak ez ezik baita ezkontideak, ondorengo ahaideek eta aurreko ahaideek egindakoei dagozkienak, bai eta aurreko horietako edozein partaide den errenta-egozpenaren araubideko entitateek egindakoak ere, inguruabar hauek batera gertatzen badira:
a’) Enpresa jarduera berdinak edo berdintsuak egitea. Berdintzat edo berdintsutzat joko dira jarduera ekonomikoen gaineko zergaren ondorioetarako multzo berean sailkaturik daudenak.
b’) Jarduera horien zuzendaritza bateratua izatea, giza edo gauza baliabideak partekatuz.
Errenta-egozpenaren araubidea duten entitateak izanez gero, kontuan hartu behar dira, entitateak berak egozpenaren araubidean egindako enpresa jardueretako eragiketez gain, baita haren bazkide, oinordeko, erkide edo partaideek egindakoak ere, eta horien ezkontide, ondorengo eta aurrekoek egindakoak; baita errenta-egozpenaren araubidea duten beste entitate batzuek eginak ere, aurreko pertsona horietako edozeinek parte hartzen badu eta aurreko lerroaldeko a´) eta b´) azpiletretan aipatzen diren gorabeherak gertatzen direnean.
2. Enplegatuen araberako neurria: 3 enplegatu.
Muga hau foru agindu honen 1. eta 2. artikuluetan dauden jardueretako bakoitzean aplikatuko da, salbu eta 1. idatz-zati honen 1. neurriko a) letran eta 3. neurrian adierazitakoak.
Enplegatuen multzo horretan soldatakoak baizik ez dira sartuko, II. III. eranskineko definizio bateratuetan azaltzen den bezala.
Artikulu honetan aipatzen diren enplegatuen kopurua zehaztuko da, aurreko urteko jarduera burutu den aldiari dagokion batez besteko ponderatuaren arabera.
Batez besteko ponderatua zehaztu ahal izateko, bakar-bakarrik ondoko arau hauek aplikatuko dira:
- Aurreko urtean jarduera burutu den aldian lan egindako ordu kopurua bakarrik hartuko da kontuan.
- Soldatako langiletzat hartuko da behar den lan hitzarmenean langile bakoitzarendako ezarritako orduak, edo horrelakorik izan ezean, urtean 1.800 ordu lan egiten duena. Urteko orduen kopurua txikiagoa edo handiagoa bada, soldatako langileen kopurua aterako da urtean egiazki lan egindako ordu kopuruaren eta lan hitzarmenean finkaturiko ordu kopuruaren arteko proportzioan, eta horrelakorik izan ezean, 1.800.
Jarduera burutzen den lehen urtean, horren hasieran dagoen enplegatuen kopurua hartuko da kontuan.
3. Ibilgailuen kopuruaren araberako neurria: ibilgailu bat aurreko urteko edozein egunetan.
Muga hori jarduera hauetan guztietan aplikatuko da:
- Hirietako garraio kolektiboa eta bidaiariak errepidez garraiatzea.
- Autotaxien garraioa.
- Salgaiak errepidez garraiatzea.
- Etxe-aldairetako zerbitzuak.
- Mezulari eta mandatuen zerbitzuak.
Jarduera burutzen den lehen urtean, horren hasieran dagoen ibilgailuen kopurua hartuko da kontuan.
2. Aurreko 1. idatz-zatian aurreikusitako diru-sarreren bolumenaren muga edo neurrietakoren bat gaindituz gero, subjektu pasiboa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidetik kanpo geldituko da hurrengo urtetik bertatik hasita. Araubide horretatik kanpo gelditzeak zuzeneko zenbatespeneko araubidearen modalitate erraztuaren aplikazio esparruan sartzea ekarriko du, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 28.1 artikuluan aurreikusitako moduan. Era berean, balio erantsiaren gaineko zergan araubide berezi erraztutik kanpo gelditzea ekarriko du, eta arautegian ezarritakoaren arabera dagokion araubidea aplikatuko zaio.
3. Zenbatespen objektiboaren araubidea, halaber, ez zaie aplikatuko osorik edo hein batean Espainiatik kanpo gauzatzen diren enpresa jarduerei ere.
Horren haritik, ondoko jarduera hauek Espainia barnean gauzatzen direla ulertuko da: hiri garraio kolektiboa eta errepideko bidaiarien garraioa, autotaxi bidezko garraioa, errepideko salgaien garraioa, etxe-aldairetako zerbitzuak eta mezulari eta mandatuen zerbitzuak.
4. artikulua. Ikur, modulu eta indize zuzentzaileak onestea.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboko araubideari dagozkion ikur, indize edo moduluak onesten dira, baita balio erantsiaren gaineko zergaren araubide berezi erraztuaren modulu eta indize zuzentzaileak ere, 2015. urtean aplikatzekoak izanen direnak, aurreko artikuluetan jasotako jardueretan edo sektoreetan.
Aipatu ikur, indize edo moduluak eta modulu eta indize zuzentzaileak eta horiek aplikatzeko jarraibideak foru agindu honen I., II. eta III. eranskinetan daude.
5. artikulua. Uko egiteak eta atzera egiteak.
1. Araubide berezi erraztua eta nekazaritza, abeltzaintza eta arrantzaren araubide berezia aplikatzeari 2015. urterako uko egitea eta ekitaldi horretan ondorioak izan beharreko uko horren errebokatzea egin ahalko dira foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 2015. urteko martxoaren 31ra arte.
Dena dela, balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 22.1. artikuluko laugarren lerroaldeari jarraikiz, uko egin duela ulertuko da, araubide orokorra aplikatuz ondorioak sortuko dituen urte naturalaren lehen hiruhilekoari dagokion aitorpen-likidazioa epearen barruan aurkezten bada. Halaber, jardueraren hasieraren kasuan, uko egin duela ulertuko da, jarduera hasi ondoren subjektu pasiboak aurkeztu behar duen lehen aitorpena epearen barruan aurkezten badu, araubide orokorra aplikatuz.
2. Zenbatespen objektiboaren araubidea aplikatzeari 2015. urterako uko egitea eta ekitaldi horretan ondorioak izan beharreko uko horren errebokatzea egin ahalko dira foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 2015. urteko martxoaren 31ra arte.
3. Balio erantsiaren gaineko zergaren Erregelamenduaren 22.1. artikuluko laugarren lerroaldean aurreikusitakoa kenduta, ukoak eta atzera egiteak Ekonomia eta Ogasun Departamentuak horretarako onetsiko duen F-65 eredua betez eginen dira.
Xedapen Gehigarriak Lehenengoa
”Soldatako langileak” izeneko moduluaren kalkulua 2015. urtean, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidean.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidean etekin garbia zehaztearen ondorioetarako bakar-bakarrik, 2015. urtean “soldatako langileak” moduluan igoerarik izan bada 2014ko moduluarekin alderatuta, alde positibo horri zero koefizientea aplikatuko zaio, eta ez foru agindu honen II. eranskineko III. atalean ezarritakoa (eranskin honetako ikur, indize eta moduluak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan eta balio erantsiaren gaineko zergan aplikatzeko definizio bateratuak), hots, 0,6.
“Soldatako langileak” moduluaren gainerako unitateei II. eranskineko III. atalean ezarritako tarteen arabera dagozkien koefizienteak aplikatuko zaizkie.
2015. urtean enpresa jarduera batean hasten diren subjektu pasiboei aplikatu beharreko ohiz kanpoko zerga neurriak.
1. 2015ean enpresetan hasten diren subjektu pasiboek, etekin garbia, foru agindu honen III. eranskinaren 1. atalean ezarritako murrizketa portzentajeen ordez (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga), pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboko araubidearen bidez zehazten badute, jarduera hasten deneko ekitaldian eta hurrengoan %60 eta %30 murriztuko dute, hurrenez hurren, ikur, indize edo moduluen eta indize zuzentzaileen ondoriozko etekin garbia.
2. %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten subjektu pasibo desgaituak direnean, %70eko murrizketa eginen da jarduera hasierari dagokion zergaldian eta hurrengoan, aurreko atalean adierazitako kasu eta inguruabar beretan.
Xedapen Gehigarriak Hirugarrena
Urtarrilaren 27ko 21/2014 Foru Aginduaren I. eta II. eranskinetan jasotzen diren jardueretan, etekin garbiaren indizea murriztea 2014. urterako, etekina pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren metodoaren bidez kalkulatzen denean.
Urtarrilaren 27ko 21/2014 Foru Aginduaren I. eta II. eranskinetan jasotzen diren jarduera ekonomiko guztiei, 2014. urteko etekin garbia pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidean zehazten baldin badute, %5eko murriztapena eginen zaie etekin horretan.
Xedapen Gehigarriak Laugarrena
Urtarrilaren 27ko 21/2014 Foru Aginduaren bidez nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera jakin batzuetarako onetsitako etekin garbiaren indizeen aldaketa 2014. urterako, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokionez.
Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren zenbatespen objektiboaren araubidean, honako nekazaritza eta abeltzaintzako jarduera hauetan, urtarrilaren 27ko 21/2014 Foru Aginduan ezarritako indizeen ordez, ondotik adierazten diren indizeak aplikatuko dira etekin garbia kalkulatzeko:


Xedapen Gehigarriak Bosgarrena. Energia elektrikoa erabiltzen den ureztalurretarako indize zuzentzailearen aplikazioa 2014ko ekitaldian.
2014. zergaldian, 3.7 indize zuzentzailea aplikatuko da, bidezkoa denean, energia elektrikoa erabiltzen den ureztalurretarako (foru agindu honen 1. eranskinaren Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergako zeinu, indize edo moduluak aplikatzeko jarraibideetan aurreikusia).
Azken Xedapena. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2015. urtean izanen ditu ondorioak, hirugarren, laugarren eta bosgarren xedapen gehigarrietan ezarritakoa deusetan ukatu gabe.
Iruñean, 2015eko urtarrilaren 23an.-Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.
ERANSKINA