339/2014 FORU AGINDUA, URRIAREN 28KOA, EKONOMIA, OGASUN, INDUSTRIA ETA ENPLEGUKO KONTSEILARIAK EMANA, 187 EREDUA ONESTEN DUENA, HONAKOAK AURKEZTEKO: INBERTSIO KOLEKTIBOKO ERAKUNDEEN KAPITALA EDO ONDAREA ORDEZKATZEN DUTEN AKZIO EDO PARTAIDETZEN AITORPEN INFORMATIBOA, ETA PERTSONA FISIKOEN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN, SOZIETATEEN GAINEKO ZERGAREN ETA EZ-EGOILIARREN ERRENTAREN GAINEKO ZERGAREN ATXIKIPENEN ETA KONTURAKO DIRU-SARREREN URTEKO LABURPENA, AKZIO EDO PARTAIDETZA HORIEK ESKUALDATU EDO ITZULTZEAREN ONDORIOZ LORTUTAKO ERRENTEI ETA ONDARE GEHIKUNTZEI DAGOKIENEZ 
BON N.º 235 - 01/12/2014
.
.
.
.
.
.
. II. ERANSKINA
. 187 EREDUA ORDENAGAILUZ ZUZENEAN IRAKURTZEKO MODUKO EUSKARRIAREN DISEINU FISIKO ETA LOGIKOAK
Otsailaren 2ko 17/2000 Foru Aginduaren bidez, 187 ereduak onetsi ziren, eurotakoa eta pezetatakoa, honakoak aurkezteko: inbertsio kolektiboko erakundeen kapitala edo ondarea ordezkatzen duten akzio edo partaidetzen aitorpen informatiboa, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren, Sozietateen gaineko Zergaren eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren atxikipenen eta konturako diru-sarreren urteko laburpena, lortutako errentei eta ondare gehikuntzei dagokienez. Horrez gainera, 187 ereduak ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarrian nahitaez aurkeztean erabili beharreko diseinu fisiko eta logikoak ere onetsi ziren. Nolanahi ere, zerga arloan nahiz inbertsio kolektiboko erakundeei aplika dakiekeen araudiaren garapenean nahiz zerga arloan urteetan izandako aldaketek ekarri dute 17/2000 Foru Aginduan aldaketa ugari egin izana, haietako azkena abenduaren 20ko 417/2013 Foru Aginduaren bidez egindakoa.
Ildo horretan, Ingurumenaren arloko fiskalitate neurriak eta tributu eta finantza arloetako beste neurri batzuk ezartzen dituen urriaren 29ko 16/2013 Legeak aldaketa garrantzitsu bat egin dio Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legeari. Horrek aldaketak ekarri ditu, halaber, Sozietateen gaineko Zerga, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen dituzten legeetan. Lege aldaketaren helburua izan da baimentzea kontu globalen sistema baten bidez Espainian eratutako inbertsio funtsetako partaidetzak barneko merkatuan salerostea, halako eran non merkaturatzearen xede den funtsaren sozietate kudeatzailean partaide direnen erregistroan agertzeko moduan egonen baitira, merkaturatzailearen izenean eta partaideen kontura, inbertsio zerbitzuak egiteko baimena duten entitateen bidez edo beste sozietate kudeatzaileen bidez, Espainiako lurraldean helbidea edo kokalekua izan, merkaturatzen diren partaidetzak. Horrenbestez, aipatutako kasuan, sozietate kudeatzaileak hemendik aurrera ez du funtsaren partaide guztien informazioa izanen, zeren haietako zenbaiti buruzkoa, edo, kasu batzuetan, sozietatearen zati bati buruzkoa, entitate merkaturatzaileen erregistroan jasoko baita; hartara, beharrezkoa da azken horiek beren gain hartzea finantzaren eta fiskalitatearen arloetan dituzten betebeharrak.
Horretaz gain, aurreko arau aldaketak direla-eta beharrezkoa da Zerga Administrazioak 187 ereduko informazioa jasotzeko modua aldatzea, helburua izanik behar bezala identifikatzea zer kasutan partaideen erregistro desberdinak egoteak (funts eta titular berari dagokionez) ekartzen duen, batetik, eskualdaketetan eta itzulketetan sortutako emaitza, sozietate kudeatzaileak edo entitate merkaturatzaileak kalkulatua, bat ez etortzea partaidearen zerga-oinarrian sartu beharreko zenbatekoarekin, edo, bestetik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 52. artikulua aplikatuta (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia) konputatu behar ez denean operazioaren emaitza, akzioak edo partaidetzak eskuratzeko egunek eta balioek bat ez egitea destinoko inbertsio sozietateak edo sozietate kudeatzaileak jasotako informazioarekin, agindu horren aplikazioaren arabera.
Hori guztia dela eta, 187 eredua arauetan egindako aldaketa horietara egokitu beharrez, eta haiek aurkezteak berez dakartzan informazio betebeharrak konplitzea errazteko eta segurtasun juridikoa bermatzeko, bidezkotzat jotzen da 187 eredu berria onestea, honakoak aurkezteko: inbertsio kolektiboko erakundeen kapitala edo ondarea ordezkatzen duten akzio edo partaidetzen aitorpen informatiboa, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren, Sozietateen gaineko Zergaren eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren atxikipenen eta konturako diru-sarreren urteko laburpena, akzio edo partaidetza horiek eskualdatu edo itzultzearen ondorioz lortutako errentei eta ondare gehikuntzei dagokienez.
187 eredua aurkeztuta konplitzen diren informazio betebeharrei buruzko araudiari dagokionez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 90.5 artikuluak, zein maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen, eta Sozietateen gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 40.6 artikuluak, zein urriaren 13ko 282/1997 Foru Dekretuaren bidez onetsi baitzen, gaitasuna ematen diote Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari atxikipenen urteko aitorpenaren eredua onesteko.
Gaikuntza bera, baina informazio aitorpenaren eredua foru aginduaren bidez garatzeari dagokionez, Pertsona Fiskoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 62.22 artikuluan jasotzen da.
Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari dagokionez, gaikuntza horiek artikulu hauetan biltzen dira: Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 15.2 artikulua, zein uztailaren 30eko 1776/2004 Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.4 artikulua, zein martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen. Ekonomia eta Ogasuneko ministroari dagozkio, baina ulertu behar da Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari dagozkiola, oinarria izanik Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean dagoen hitzarmen ekonomikoaren 28. eta 46. artikuluak.
Azkenik, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko arautegiak eskatutako beste agiri guztiak.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
1. artikulua. 187 eredua onestea
.
1. 187 eredua onesten da, “Inbertsio kolektiboko erakundeen kapitala edo ondarea ordezkatzen duten akzio edo partaidetzen aitorpen informatiboa, eta Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren, Sozietateen gaineko zergaren eta Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren atxikipenen eta konturako diru-sarreren urteko laburpena, akzio edo partaidetza horiek eskualdatu edo itzultzearen ondorioz lortutako errentei eta ondare gehikuntzei dagokienez”. Nafarroako Zerga Ogasuneko zerbitzu telematikoen bitartez lortzen ahalko da, Interneteko helbide honetan: http://www.hacienda.navarra.es, bai eta horiek ordenagailuaren bidez zuzenean irakurtzeko moduko euskarrian aurkezteko diseinu fisikoak eta logikoak ere, zeinak eranskinean jasotzen baitira.
2. Ereduaren aurkezpena, 7. artikuluan ezarritakoarekin bat, telematikoki edo ordenagailu bidez zuzenean irakurtzen ahal den euskarri bidez eginen da.
2. artikulua. 187 eredua aurkeztera behartuak daudenak
.
Honako hauek aurkeztu beharko dute 187 eredua: Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari, Sozietateen gaineko zergari edo Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari dagokienez, atxikipena edo konturako diru-sarrera egitera behartuta egonda, zerga horiei buruzko legezko eta erregelamenduzko araudian xedatuarekin bat, atxikipenari edo konturako diru-sarrerari lotuak dauden errentak ordaintzen dituztenak, inbertsio kolektiboko erakundeen kapitala edo ondarea ordezkatzen duten partaidetzen edo akzioen eskualdatze edo itzultze eragiketen edo harpidetza eskubideen eskualdatze eragiketen ondorioz.
Atxikipena egin beharreko harpidetza eskubideen eskualdaketei dagokienez, baloreen Espainiako gordailuzain batek esku hartzen duenean, 187 eredua aurkeztu beharko du gordailuzain horrek, eta ez du egin beharko eragiketa horiei buruzko aitorpen informatiborik esku hartu duen bitartekari finantzarioak edo fede-emaile publikoak. Ez badago Espainiako gordailuzainik, 187 eredua eragiketan esku hartu duen bitartekari finantzarioak edo fede-emaile publikoak aurkeztu beharko du.
Halaber, 187 eredua aurkeztera beharturik egonen dira Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren 62.10 artikuluan (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsia) aipatzen diren pertsonak edo entitateak, inbertsio kolektiboko erakundeen akzioak edo partaidetzak xede dituzten operazioei dagokienez.
Inbertsio kolektiboko erakundeetako bazkide edo partaideek ez dute aurkeztu beharko 187 eredua, ordainketa bat egin behar denean honako artikulu hauetan aipatutako kasuetan: maiatzaren 24ko174/1999 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 65.2.d), 4. eta d) 5. artikuluetan, eta abenduaren 20ko 114/2017 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Sozietateen gaineko Zergaren Erregelamenduaren 43.6.e) artikuluan eta 43.7 artikuluaren azken paragrafoan; ukatu gabe informazioa emateko betebeharra horietan esku hartu duten pertsona edo entitateei dagozkien konturako ordainketa kasu horiek sortutako eragiketei buruz.
3. artikulua. Informazioaren xedea
.
187 ereduan aitorpenaren xede izanen dira, II. eranskinean ezarritako diseinuekin bat, ondare-gehikuntzak eta -gutxitzeak eta inbertsio kolektiboko erakundeen kapitala edo ondarea ordezkatzen duten akzioak edo partaidetzak eskualdatzearen edo itzultzearen edo harpidetza eskubideak eskualdatzearen ondoriozko emaitzak, haien gainean egindako atxikipenak eta konturako diru-sarrerak, halakorik balego, eta inbertsio kolektiboko erakundeen kapitala edo ondarea ordezkatzen duten partaidetzen edo akzioen eskualdatze edo itzultze eragiketak edo harpidetza eskubideen eskualdatze eragiketak.
4. artikulua. Eredua aurkezteko tokia eta epea
.
187 eredua Nafarroako Zerga Ogasuna Erakunde Autonomoan aurkeztu beharko da urte bakoitzeko urtarrilaren 1etik otsailaren 5era bitarte, aurreko urte naturaleko eragiketei dagokienez.
5. artikulua. Atxikipenak eta konturako dirusarrerak, inbertsio kolektiboko erakundeen kapitala edo ondarea ordezkatzen duten akzioak edo partaidetzak eskualdatzearen edo itzultzearen ondorioz eskuratutako ondaregehikuntzen edo emaitzen gainean egin dituztenak Ezegoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunek, establezimendu iraunkorraren bitartekotzarik gabe.
1. Tributudunek Zerga Administrazioaren esku utziko dituzte egindako atxikipenak eta konturako diru-sarrerak justifikatzeko agiriak, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 58. artikuluan aipatutako preskripzioaldiak iraun bitartean.
Espainiako barne araudian jasotako salbuespen bat aplikatuz atxikipena edo konturako diru-sarrera egiten ez bada zergadunaren egoitzagatik, bizileku-ziurtagiri baten bidez justifikatu beharko da, zergadunaren bizilekuko herrialdeko zerga arloko agintariek luzatua.
Informazioa trukatzeko klausularekin atxikipena ez egitearen arrazoia ezarpen bikoitza saihesteko Espainiak sinatua duen hitzarmen batean jasotako salbuespena baldin bada edo atxikipena hitzarmen horretan finkatzen diren ezarpen-mugak aplikatuta egiten bada, zerga helbidearen ziurtagiri baten bidez justifikatu beharko da. Ziurtagiri hori dagokion zerga arloko agintariek luzatu beharko dute eta bertan adierazi beharko da, berariaz, zergaduna egoiliarra dela, hitzarmenean ezarrita dagoenaren arabera.
Aurreko bi paragrafoetan adierazitako bizileku-ziurtagiriek urte baterako balioko dute, luzatzen diren egunetik hasita.
Zerga ordaindu eta, horrenbestez, atxikipenik egiten ez bada, errenta horren berri emateko zergadunak edo haren ordezkariak aurkeztutako zergaren aitorpenaren bidez egiaztatuko da hori.
2. Espainiako inbertsio kolektiboko erakundeetako akzioak edo partaidetzak atzerriko entitate merkaturatzaileen izenean jarritako kontu orokorren bidez mugaz gaindi merkaturatzeko kontratuen kasuan (Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren xedapen gehigarri bakarrean aipatzen dira operazio horiek), egoitza egiaztatzeko prozedura honi jarraikiko zaio Establezimendu Iraunkorrik gabeko Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren zergadunek, Espainiako inbertsio kolektiboko erakundeen partaidetzak edo akzioak itzuli edo eskualdatzearen ondorioz, lortutako ondare-gehikuntzen gaineko atxikipenak edo konturako diru-sarrerak egitearen ondorioetarako:
a) Espainiak zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmena sinatua badu entitate merkaturatzailearen egoitzari dagokion herrialdearekin, eta hitzarmenean informazioa trukatzeko klausula baldin badago, entitate merkaturatzaileak kudeaketa sozietateari edo inbertsioko sozietateari ziurtagiri bat egin eta eman beharko dio inbertsio kolektiboko erakunde bakoitzeko edo, hala badagokio, partaidetza mota edo multzo bakoitzeko edo akzio sail bakoitzeko. Ziurtagiria inbertsio kolektiboko erakundeak itzulketa edo eskualdaketa egiten duen bakoitzean eman beharko da, eta ondare-gehikuntzak dakartzaten operazioak baizik ez dira ageriko bertan, datu hauekin batera:
1. Ziurtagiria non eta noiz luzatu den.
2. Entitate merkaturatzailearen izena eta kokapeneko herrialdeko helbide osoa. Halaber, identifikazio fiskaleko zenbakia erantsi beharko da, informazioa trukatzeko klausularekin zergapetze bikoitza saihesteko Espainiarekin hitzarmen bat sinaturik duen herrialde batean kokatuta dagoen entitate merkaturatzaileari Espainiako Zerga Administrazioak ezarria, salbu eta, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduaren xedapen gehigarri bakarreko 3. ataleko c) letran xedatuarekin bat, agindu horretan aipatzen diren banakako zerrendak aurkeztera behartuta ez badago. Uztailaren 30eko 1776/2006 Errege Dekretuak onetsi zuen zerrenda hori.
3. Ziurtagiria sinatzen duen pertsonaren identifikazio datuak eta kargua. Sinatzaileak horretarako ahalorde aski izan beharko du.
4. Inbertsio kolektiboko erakundearen izena, Espainiako zerga administrazioak esleitu dion identifikazio fiskaleko zenbakia eta zerga helbidea.
5. Hala badagokio, partaidetzen multzoaren edo motaren izena edo akzioen sailaren izena.
6. Inbertsio kolektiboko erakundearen partaidetzen edo akzioen ISIN kodea edo, hala badagokio, haien multzoaren, motaren edo sailaren ISIN kodea.
7. Hala badagokio, kudeaketa entitatearen izena, Espainiako Zerga Administrazioak eman dion identifikazio fiskaleko zenbakia eta zerga helbidea.
8. Eskualdaketaren edo itzulketaren data.
9. Merkaturatzailearen herrialde berean bizi diren zergadunei dagokienez, atxikipenaren salbuespena aplikatu behar bazaie Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen testu bateginaren 14. artikuluan xedatuari jarraituz edo zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmen aplikagarriaren ondorioz, bereiz adierazi beharko dira ondare-gehikuntzak eskuratu dituzten eskualdatzaileen kopurua, itzulketaren edo eskualdatzearen xede diren partaidetzaren edo akzioen kopurua, itzulketa edo eskualdatze horien zenbateko osoa eta eskualdatutako edo itzulitako partaidetzei edo akzioei dagokien eskuratzearen zenbateko osoa.
10. Gainerako zergadunei dagokienez, bereiz adierazi beharko dira ondare-gehikuntzak eskuratu dituzten eskualdatzaileen kopurua, itzulketaren edo eskualdatzearen xede diren partaidetzaren edo akzioen kopurua, itzulketa edo eskualdatze horien zenbateko osoa, eskualdatutako edo itzulitako partaidetzei edo akzioei dagokien eskuratzearen zenbateko osoa eta ondare-gehikuntzen zenbateko osoa.
Helbidea Espainian duten kudeaketa sozietateek edo inbertsioko sozietateek lehen aipatutako ziurtagiria erabiltzen ahal dute justifikatzeko atxikipena edo konturako diru-sarrera ez zaiela aplikatu merkaturatzailearen herrialde berean bizi eta salbuetsiak izateko eskubidea duten egoiliarrei, barreneko araudi baten edo hitzartutako arau baten indarrez, eta, orobat, gainerako zergadunek lortutako ondare-gehikuntzei atxikipena edo konturako diru-sarrera egin zaiela Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren 31.2 artikuluaren arabera, testu bategin horren 25.1.f).3 artikuluan aurreikusitako karga-tasa aplikatuz. Gainera, atzerriko entitate merkaturatzaileak bere zerga-egoitzari buruzko ziurtagiria igorri beharko die kudeaketa sozietateei edo inbertsioko sozietateei, bere herrialdeko zerga agintariek luzatua. Ziurtagiri horrek hiru urteko balioa izanen du, luzatzen den egunetik hasita.
b) Atzerriko entitate merkaturatzailearen egoitza aurreko a) letran adierazitako herrialde edo lurralde batean ez badago, entitate merkaturatzaileak kudeaketa sozietateari edo inbertsioko sozietateari ziurtagiri bat egin eta eman beharko dio inbertsio kolektiboko erakunde bakoitzeko edo, hala badagokio, partaidetza mota edo multzo bakoitzeko edo akzio sail bakoitzeko. Ziurtagiria inbertsio kolektiboko erakundeak itzulketa edo eskualdaketa egiten duen bakoitzean eman beharko da, eta ondare-gehikuntzak dakartzaten operazioak baizik ez dira ageriko bertan, datu hauekin batera:
1. Ziurtagiria non eta noiz luzatu den.
2. Entitate merkaturatzailearen izena, Espainiako zerga administrazioak esleitu dion identifikazio fiskaleko zenbakia eta egoitzako herrialdean duen helbide osoa.
3. Ziurtagiria sinatzen duen pertsonaren identifikazio datuak eta kargua. Sinatzaileak horretarako ahalorde aski izan beharko du.
4. Inbertsio kolektiboko erakundearen izena, Espainiako zerga administrazioak esleitu dion identifikazio fiskaleko zenbakia eta zerga helbidea.
5. Hala badagokio, partaidetzen multzoaren edo motaren izena edo akzioen sailaren izena.
6. Inbertsio kolektiboko erakundearen partaidetzen edo akzioen ISIN kodea edo, hala badagokio, haien multzoaren, motaren edo sailaren ISIN kodea.
7. Hala badagokio, kudeaketa entitatearen izena, Espainiako Zerga Administrazioak eman dion identifikazio fiskaleko zenbakia eta zerga helbidea.
8. Eskualdaketaren edo itzulketaren data.
9. Eskualdatzaileen kopurua.
10. Zergadun horiei itzuli edo eskualdatutako partaidetzen edo akzioen kopurua.
11. Itzulketen eta eskualdaketen guztirako zenbatekoa.
12. Itzulketa edo eskualdaketa horiei dagokien eskurapenaren guztirako zenbatekoa.
13. Ondare-gehikuntzaren guztirako zenbatekoa.
Espainian helbidea duten kudeaketa sozietateek edo inbertsioko sozietateek lehen aipatutako ziurtagiria aurkezten ahalko dute justifikatzeko atxikipena edo konturako diru-sarrera egin zaiela zergadunek lortutako ondare-gehikuntzei, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen Testu Bateginaren 25.1.f).3 artikuluko karga-tasa aplikatuz. Horrek ez du ondoriorik izanen atxikipena edo konturako diru-sarrera egitetik salbuesteko, barreneko araudi baten edo hitzartutako arau baten ondoriozko salbuespen bat aplikatu behar denean. Gainera, atzerriko entitate merkaturatzaileak bere zerga-egoitzari buruzko ziurtagiria igorri beharko die kudeaketa sozietateei edo inbertsioko sozietateei, bere herrialdeko zerga agintariek luzatua. Ziurtagiri horrek hiru urteko balioa izanen du, luzatzen den egunetik hasita.
c) Atzerriko entitate merkaturatzaileak aukera izanen du aurreko a) eta b) letretan aipatutako ziurtagiriak, hilabete natural berari dagozkionak, hurrengo hilabete naturalaren lehenengo 10 egunetan egiteko eta kudeaketa sozietateari edo inbertsioko sozietateari emateko. Horrelako kasuetan, atzerriko entitate merkaturatzaileak ziurtagiri bakarra erabil dezake letra horietan jasotako datuak emateko, hilekoa dela azalduz. Jasotzen diren datuak hilabete naturalekoak izanen dira eta eskualdaketaren edo itzulketaren arabera ordenatuko dira.
Aurreko paragrafoan datuak emateko adierazi den modu hori erabiliko da deusetan galarazi gabe, inbertsio kolektiboko erakundeak akzioen edo partaidetzen itzulketa edo eskualdaketa egiten duen bakoitzean, entitate merkaturatzaileak atxikipena edo konturako diru-sarrera egoki egiteko behar den informazioa jakinarazi beharra kudeaketa sozietateari edo inbertsioko sozietateari.
d) Helbidea Espainian duen kudeaketa entitatea edo, hala badagokio, inbertsioko sozietatea behartua dago zenbaki honetan adierazitako dokumentazioa gordetzera eta zerga administrazioaren eskura jartzera, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 58. artikuluan aipatzen den preskripzioaldia bukatu arte.
e) Inbertsio kolektiboko erakundeen ondarea edo kapitala ordezkatzen duten akzioei edo partaidetzei buruzko aitorpen informatiboa eta atxikipenen eta konturako diru-sarreren urteko laburpena (187 eredua) betetzearen ondorioetarako, kudeaketa entitateak edo inbertsioko sozietateak bi operazio-erregistrotan bilduko du merkaturatzaileak luzatutako ziurtagiri bakoitzean sartzen diren eskualdaketei edo itzulketei buruzko informazioa: erregistro bat, barreneko arau baten edo hitzartutako arau baten ondoriozko salbuespena aplikatzeagatik atxikipena izan ez duten zergadunei dagokiena, eta bestea, gainerako zergadunei dagokiena. Kasu bietan, kudeaketa entitateak edo inbertsioko sozietateak atzerriko entitate merkaturatzailea jarriko du bazkide edo partaide gisa. Ereduan bazkideari edo partaideari buruz eman beharreko gainerako informazioa atzerriko merkaturatzaileari buruzkoa izanen da.
Mozkinaren zenbatekoa, behar izanez gero, urtebetean edo epe laburrago batean sorrarazitakoen eremuan jasoko da.
f) 2. atalean araututako egiaztatze prozedura berezia ulertuko da ez duela ukatzen Zerga Administrazioaren ahalmena, edozein zergaduni eskatzeko, hala balegokio, hitzarmena aplikatzeko eskubidearen justifikazioa, hitzarmenean ezarrita dagoenaren arabera, helbide fiskalaren kasuan kasuko ziurtagiria aurkeztuz, kasuan kasuko zerga agintaritzak emandakoa, edo barreneko araudiaren araberako salbuespena ez aplikatzekoa, zergadunaren helbidea dela eta, kasuan kasuko zerga agintaritzek zerga helbideaz emandako ziurtagiri bat aurkeztuz.
g) 2. atal honetako aurreko letretan ezarritakoa deusetan galarazi gabe, entitate merkaturatzailearen egoitzaren herrialdea edo lurraldea zein den alde batera utzita, eta hartzailearen egoitzaren herrialde edo lurralde bera ez bada ere, atxikipena edo konturako diru-sarrera egitera behartua dagoenak 5. artikulu honetako 1. atalean xedatutakoa aplikatzen ahalko du justifikatzeko ez dela atxikipenik egin, zergadunak salbuespen horretarako eskubidea duelako barreneko araudi baten edo hitzartutako araudi baten ondorioz. Kasu honetan, atxikipena edo konturako diru-sarrera egitera behartua dagoenak zergadunen zerga egoitzaren ziurtagiriak eduki eta gorde beharko ditu, 5. artikulu honetako 1. atalean adierazi bezala.
2. atal honetako a) eta b) letretan aipatzen diren ziurtagirietan, zergadun horien informazioa emanen da, eta alderdi hauek jasoko dira:
1. Pertsona mota: fisikoa edo entitatea.
2. Izen-abizenak, edo izendapena.
3. Espainiako identifikazio fiskaleko zenbakia, zergadunak horrelakorik badu.
4. Zergadunaren egoitzako herrialdean edo lurraldean esleitutako identifikazio fiskaleko zenbakia, horrelakorik badu.
5. Helbideko herrialdea edo lurraldea. Horretarako, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak azaroaren 24an emandako 208/2008 Foru Aginduaren III. eranskinean jasota dauden herrialde eta lurraldeen kodeak erabiliko dira.
6. Zergadunari itzuli edo eskualdatutako partaidetzen edo akzioen kopurua.
7. Itzulketaren edo eskualdaketaren zenbatekoa.
8. Itzulketari edo eskualdaketari dagokion eskurapenaren zenbatekoa.
9. Ondare-gehikuntzaren zenbatekoa.
Inbertsio kolektiboko erakundeen ondarea edo kapitala ordezkatzen duten akzioei edo partaidetzei buruzko aitorpen informatiboa eta atxikipenen eta konturako diru-sarreren urteko laburpena (187 eredua) betetzearen ondorioetarako, kudeaketa entitateak edo inbertsioko sozietateak ez du batera emanen zergadun horiei dagokien informazioa, izan ere, banakako erregistroetan aurkeztu beharko du, zergadunen izena jarrita.
6. artikulua. Espainiako inbertsio kolektiboko erakundeen partaidetzak edo akzioak eskuratzea edo harpidetzea atzerriko entitate merkaturatzaileen bidez.
Espainiako inbertsio kolektiboko erakundeetako akzioen edo partaidetzen harpidetzak edo eskurapenak egoitza atzerrian duten entitate merkaturatzaileen bidez egiten diren kasuetan, entitate horiek Inbertsio Kolektiboko Erakundeei buruzko azaroaren 4ko 35/2003 Legea garatzeko Erregelamenduaren 21. artikuluan aipatutako merkaturatze kontratuen indarrez jarduten badute beren bezeroen izenean, inbertsio kolektiboko erakundeen kapitala edo ondarea ordezkatzen duten akzio edo partaidetzen aitorpen informatiboa eta atxikipenen eta diru-sarreren urteko laburpena (187 eredua) betetzean, kudeaketa entitateak edo inbertsioko sozietateak atzerriko entitate merkaturatzailea jarriko du bazkide edo partaide gisa. Ereduan bazkideari edo partaideari buruz eman beharreko gainerako informazioa atzerriko merkaturatzaileari buruzkoa izanen da.
7. artikulua. 187 eredua aurkezteko moduak
.
187 eredua telematika bidez aurkeztuko da, mezu informatikoen bidez, foru agindu honen 9. eta 10. artikuluan ezarritako modu eta prozedurarekin bat, edo ordenagailuz zuzenean irakur daitekeen euskarriaren bidez, foru agindu honen eranskinean ezarritako erregistroko diseinuekin bat etorriz.
8. artikulua. Ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarrien identifikazioa eta horiek aurkezteko modua.
1. Ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarrian banakako aitorpena aurkezten bada, aitortzaileak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:
a) 187 ereduaren laburpen-orriaren bi aleak, bata Administrazioarentzat eta bestea interesdunarentzat. Ale horietako bakoitza behar bezala sinatuta egonen da, eta behar den lekuetan aditzera emanen dira sinatzailea nor den eta laburpen-orrian eskatzen diren gainerako datuak.
Horiek jasotzen dituen bulegoak zigilua jarri ondoren, aitortzaileak beretzat hartuko du 187 ereduko laburpen-orriaren interesdunarentzako alea, eta horrek han aurkeztu izanaren frogagiri balioa izanen du.
b) Ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarriak etiketa bat izanen du erantsita kanpoko aldean, eta hartan honako datu hauek adierazi beharko dira, hurrenkera honetantxe:
1. Ekitaldia.
2. Aurkezteko eredua: 187.
3. Aitortzailearen Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ).
4. Aitortzailearen deiturak eta izena, edo sozietatearen izena.
5. Harremanetarako pertsonaren deiturak eta izena.
6. Pertsona horren telefonoa eta luzapena.
7. Erregistroen kopurua, guztira.
Datu horiek adierazteko aski izanen da bakoitza aurreko zerrendaren arabera dagokion ordinalaren ondoren jartzea.
Artxiboak ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarri bat baino gehiago baldin badu, denek etiketa bana izanen dute dagokien zenbaki-segida jarrita: 1/n, 2/n etab.; “n” izanik euskarrien kopuru osoa. Bigarren eta hurrengo bolumenetako etiketan, aurreko 1., 2., 3. eta 4. ordinaletan eskatutako datuak besterik ez da jaso beharko.
2. Ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarrian aitortzaile askoren aitorpenak batera aurkezten badira, pertsona edo entitate aurkezleak dokumentu hauek eraman behar ditu:
a) Aurkezleari dagokion 187 ereduaren laburpen-orriaren bi aleak, bata Administrazioarentzat eta bestea interesdunarentzat. Ale horietako bakoitza behar bezala sinatuta egonen da, eta behar den lekuetan aditzera emanen dira sinatzailea nor den eta aitortzaileen kopuru osoari eta erlazionatutako operazioen kopuru osoari buruzko gainerako datuak.
Horiek jasotzen dituen bulegoak zigilua jarri ondoren, aurkezleak beretzat hartuko du laburpen-orriaren interesdunarentzako alea, eta horrek han aurkeztu izanaren frogagiri balioa izanen du.
b) 187 ereduko laburpen-orrien bi aleak, bata Administrazioarentzat eta bestea interesdunarentzat, aitortzaile guzti-guztiei dagozkienak, behar bezala sinatuak eta beteak.
Ale bakoitzak aitortzaile horiek identifikatzeko datuak behar bezala beterik izan behar ditu.
Horiek jasotzen dituen bulegoak zigilua jarri ondoren, aitortzaileei dagozkien laburpen-orrien interesdunarentzako aleak aurkezleak hartuko ditu. Hala ere, aurkezten diren laburpen-orrien kopuruaren ondorioz komeni baldin bada, eta agirien bilketa arintzearren, zigilatutako aleak aurkezpena egin ondorengo egunen batean hartzen ahalko ditu aurkezleak, eta hori dagokion unean jakinaraziko zaio.
c) Ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarriak etiketa bat izanen du erantsita kanpoko aldean, eta hartan aurkezlearen honako datu hauek adierazi beharko dira, hurrenkera honetantxe:
1. Ekitaldia.
2. Aurkezteko eredua: 187.
3. Aurkezlearen Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ).
4. Aurkezlearen deiturak eta izena, edo sozietatearen izena.
5. Harremanetarako pertsonaren deiturak eta izena.
6. Pertsona horren telefonoa eta luzapena.
7. Artxibo osoko erregistroen kopurua, guztira.
8. Aurkeztutako aitortzaileen kopurua, guztira.
9. Zerrendako operazioen kopurua, guztira.
Datu horiek adierazteko aski izanen da bakoitza aurreko zerrendaren arabera dagokion ordinalaren ondoren jartzea.
Artxiboak ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarri bat baino gehiago baldin badu, denek etiketa bana izanen dute zenbaki-segida jarrita: 1/n, 2/n etab.; “n” izanik euskarrien kopuru osoa. Bigarren eta hurrengo bolumenetako etiketan, aurreko 1., 2., 3. eta 4. ordinaletan eskatutako datuak besterik ez da jaso beharko.
3. Ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarri guztien jasoerak behin-behinekoak izanen dira, eta prozesatu eta egiaztatu zain geratuko dira. Foru agindu honetan ezarri diren diseinu eta zehaztapenen araberakoak ez direnean, edo haietako informazioa ikusterik ez badago, aitortzaileari eskatuko zaio hamar egun baliodunean zuzen dezala aurkeztutako euskarri informatikoak duen akatsa. Epe hori iragan eta oraindik ere zerbaitek eragozten badio Zerga Administrazioari eskatu dituen datuak ikustea, aitorpen informatiboa aurkeztu gabekotzat joko da, horrek dakartzan ondorio guztiekin, eta hala emanen zaio aditzera, arrazoien gainean, tributudunari.
4. Segurtasun arrazoiengatik, ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarriak ez dira itzuliko, salbu eta espresuki eskatzen bada; halakoetan ezabaturik itzuliko dira edo antzeko batzuk emanen.
9. artikulua. 187 ereduaren Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko baldintza orokorrak
.
187 ereduaren aitorpen informatiboaren aurkezpen telematikoa egiteko, baldintza hauek bete beharko dira:
1. Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).
2. Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarria dagoenari jarraikiz.
Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.
3. Hirugarrenen izenean aitorpenak telematika bidez aurkezteko kanpoko lankidetzarako ituna onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, hirugarrenen izenean aitorpena telematika bidez aurkezteko baimena duten pertsona edo entitateek foru agindu honek aipatzen duen ereduari dagokionez erabiltzen ahalko dute ahalmen hori.
10. artikulua. 187 ereduaren Internet bidezko aurkezpen telematikoa egiteko prozedura
.
Aitorpenaren aurkezpen telematikoa Internet baliatuz egiteko, prozedura hauetako bat erabiliko da:
a) Webguneko inprimakitik abiatuta, prozesu hau erabiliko da:
1. Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen zerbitzuan sartu.
2. Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.
3. Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzen egina bada, sistemak balidatuko du. Akatsik atzemanez gero, datu-orriaren bidez emanen da horren berri, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena behar bezala bete ondoren, aurkeztutako autolikidazioari esleitutako zenbakia emanen du aditzera sistemak, eta inprimatzeko aukera eskainiko du frogagiri gisa erabiltzeko.
b) Telematika bidez, teleprozesua erabiliz, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren uztailaren 3ko 132/2009 Foru Aginduaren 4. artikuluan ezarritakoaren arabera. Foru agindu horren bidez arautzen dira aitorpen-likidazioak, autolikidazioak, urteko aitorpen-laburpenak, informazio-aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko araudiak eskatutako beste agiri batzuk baliabide telematikoen bidez eta ordenagailuak irakurtzen ahal duen euskarriaren bidez aurkeztera behartzen duten kasuak.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Foru agindu honek indarra hartutakoan, Ekonomia eta Ogasun kontseilariaren otsailaren 2ko 17/2000 Foru Agindua indarrik gabe geldituko da. Foru agindu horren bidez, informazio aitorpena egiteko 187 ereduak onetsi ziren, eurotakoa eta pezetatakoa, honakoak aurkezteko: inbertsio kolektiboko erakundeen kapitala edo ondarea ordezkatzen duten akzio edo partaidetzen informazio aitorpena, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren, Sozietateen gaineko Zergaren eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren atxikipenen eta konturako sarreren urteko laburpena, akzio edo partaidetza horiek eskualdatu edo ordaintzearen ondorioz lortutako errentei eta ondare gehikuntzei dagokienez. Horiez gainera, 187 ereduak ordenagailuz zuzenean irakurtzeko euskarrian nahitaez aurkeztean erabili beharreko diseinu fisiko eta logikoak ere onetsi ziren, eta 980 eta 981 ereduak onetsi zituen maiatzaren 18ko 84/1999 Foru Agindua aldatu zen.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2014ko ekitaldiko urteko laburpena eta informazio aitorpena aurkezteko aplikatuko da lehenbizikoz.
Iruñean, 2014ko urriaren 28an.-Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.
Indargabetu.
II. ERANSKINA
. 187 EREDUA ORDENAGAILUZ ZUZENEAN IRAKURTZEKO MODUKO EUSKARRIAREN DISEINU FISIKO ETA LOGIKOAK