105/2014 FORU AGINDUA, URRIAREN 8KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUKO GENERO NORTASUNARI LOTUTAKO NAHASTEEN UNITATEAN ARRETA JASO DUTEN PERTSONEN ERREGISTROA SORTU ETA ARAUTZEN DUENA ETA DAGOKION DATU PERTSONALEN FITXATEGIA SORTZEN DUENA
BON N.º 220 - 10/11/2014
ERANSKINA. FITXATEGIAREN IZENA: OSASUNBIDEANAFARROAKO OSASUN ZERBITZUKO GENERO NORTASUNARI LOTUTAKO NAHASTEEN UNITATEAN ARRETA JASO DUTEN PERTSONEN ERREGISTROA
Pertsona transexualak genero nortasunagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko azaroaren 19ko 12/2009 Foru Legeak aitortu egiten die jaiotzean esleitutako sexuaz bestea hartzen duten pertsonei arreta integrala eta beren premia mediko eta psikologikoetara egokitua jasotzeko eskubidea.
Foru lege horren 7. artikuluak ezartzen du transexualen osasun laguntzaren jarraipenaren barnean, eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren bidez, burutzen diren tratamendu, terapia eta interbentzioen emaitzei buruzko estatistikak eginen direla -erabilitako teknikak eta sortzen diren arazo eta erreklamazioak jasoko dituztenak- eta emandako laguntzaren kalitatea ebaluatuko dela.
Estatistika horiek egiteko, foru legeak berak, artikulu berean, ezartzen du fitxategi automatizatu bat eduki behar dela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren titulartasunpean, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoari jarraikiz.
Horregatik, beharrezkotzat jotzen da fitxategi informatizatu bat sortzea, “O-NOZko Genero Nortasunari lotutako Nahasteen Unitatean arreta jaso duten pertsonak” izenekoa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan genero nortasunari lotutako nahasteak direla-eta arreta jaso duten pertsonen laguntza prozesuak erregistratzeko eta, horrela, aipatutako prozesuak aztertu eta horien kalitatea ebaluatu ahal izateko.
Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuaren bidez arautzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esku dauden datu pertsonaleko fitxategi informatizatuak. Foru dekretu hori aldarrikatu zen egunean zeuden fitxategiak datu pertsonalen tratamendu automatizatuko fitxategi gisa onetsi ziren, eta erantsitako dokumentuaren zerrendan agertu ziren. Foru dekretu horren 2. artikuluak ezartzen du fitxategi berriak foru agindu baten bidez sortuko direla, eta fitxategiaren ardura duen unitatea zein departamenturen menpe edo zein departamenturi atxikirik dagoen, haren kontseilariak emanen duela foru agindu hori.
Aurrekoarekin bat, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 10/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin ere bai, bidezkoa da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Genero Nortasunari lotutako Nahasteen Unitatean arreta jaso duten pertsonen erregistroa izeneko datu pertsonaleko fitxategia sortzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua. Xedea eta helburua.
1.1. Foru agindu honen xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Genero Nortasunari lotutako Nahasteen Unitatean arreta jaso duten pertsonen erregistroa sortzea eta arautzea.
1.2. Halaber, foru agindu honen bidez dagokion datu pertsonalen fitxategi bat sortzen da, eranskinean ezartzen diren ezaugarriak dituena.
2. artikulua. OsasunbideaNafarroako Osasun Zerbitzuko Genero Nortasunari lotutako Nahasteen Unitatean arreta jaso duten pertsonen erregistroaren atxikipena.
Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia Zerbitzuari atxiki zaio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Genero Nortasunari lotutako Nahasteen Unitatean arreta jaso duten pertsonen erregistroa, hark bildu eta prozesatuko baitu erregistroa eguneratuta edukitzeko behar den informazioa.
3. artikulua. Erregistroaren helburuak.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Genero Nortasunari lotutako Nahasteen Unitatean arreta jaso duten pertsonen erregistroaren xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan genero nortasunari lotutako nahasteak direla-eta arreta jaso duten paziente transexualak erregistratzea, horrela egin ahal izateko burutzen diren tratamendu, terapia eta interbentzioen emaitzei buruzko estatistikak -erabilitako teknikak eta sortzen diren arazo eta erreklamazioak jasoko dituztenak-, bai eta emandako laguntzaren kalitatearen ebaluazioa ere.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2014ko urriaren 8an.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.
ERANSKINA. FITXATEGIAREN IZENA: OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUKO GENERO NORTASUNARI LOTUTAKO NAHASTEEN UNITATEAN ARRETA JASO DUTEN PERTSONEN ERREGISTROA
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Genero Nortasunari lotutako Nahasteen Unitatean arreta jaso duten pertsonen erregistroa.
a) Fitxategiaren xedearen eta aurreikusitako erabileren deskribapen zehatza.
Fitxategiaren xedea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan genero nortasunari lotutako nahasteak direla-eta arreta jaso duten paziente transexualak erregistratzea, horrela egin ahal izateko burutzen diren tratamendu, terapia eta interbentzioen emaitzei buruzko estatistikak -erabilitako teknikak eta sortzen diren arazo eta erreklamazioak jasoko dituztenak-, bai eta emandako laguntzaren kalitatearen ebaluazioa ere.
b) Ukitutako pertsonak eta taldeak.
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan genero nortasunari lotutako nahasteak direla-eta arreta jaso duten pazienteak.
c) Datuen jatorria eta haiek biltzeko prozedura.
Datuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren datu administratiboen baseetatik eta pazientearen historia klinikotik hartuko dira, bai eta pazienteak berak emandako datuetatik ere.
d) Fitxategiaren oinarrizko egitura eta jasoko diren datu pertsonalak.
1) Identifikazio datuak:
-Pazientearen izen-deiturak.
-Historia klinikoaren zenbakia.
-Nafarroako identifikazio-kode pertsonala (CIPNA).
-Osasun Sistema Nazionaleko identifikazio-kode pertsonala (CIP-SNS).
2) Datu pertsonalak:
-Jaioteguna.
-Jaiotzean esleitutako sexua.
3) Babes berezia duten beste datu batzuk:
-Ondoren esleitutako sexua.
-Prozesu diagnostiko-terapeutikoari eta lortutako emaitzei buruzko osasun datuak.
e) Datu pertsonalak lagatzea.
Datuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko informazio sistemekin trukatzen ahalko dira, pazienteen jarraipena eta osasun prozesuaren kalitatea segurtatzearren. Halaber, estatistikarako edo ikerketarako beste entitate batzuei laga dakizkieke datuak, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedaturikoarekin bat.
f) Fitxategiaren ardura duen unitate organikoa.
Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.
g) Datuak ikusi, zuzendu eta ezabatzeko eskubideaz baliatzeko nora jo:
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia Zerbitzura.
h) Fitxategi automatizatua edo eskuzko fitxategi egitaratua:
Automatizatua.
i) Segurtasun neurriak:
Goi mailari dagozkion segurtasun neurriak hartuko dira.
Iragarkiaren kodea: F1413844