(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

111/2014 FORU AGINDUA, URRIAREN 29KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO OSPITALEGUNEKO ENDOKRINOLOGIA ETA NUTRIZIO ZERBITZUA SORTZEN DUENA

BON N.º 220 - 10/11/2014



Atariko

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak, atariko III. atalean, aditzera ematen du erakundearen egitura osatuz joanen dela osasun laguntzaren arloan, eta, horretarako, foru dekretu eta foru agindu argiak emanen direla, estatutuen helburu beretara bideratuak.

Bestalde, foru dekretu horren 13.2 artikuluak ezartzen du laguntza zerbitzuak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasuneko kontseilariaren foru aginduen bidez ezarriko direla.

Nafarroako Ospitaleko Endokrinologia Zerbitzua eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko Dietetikaren eta Nutrizio Klinikoaren Atala, hurrenez hurren, pixkanaka eratu eta garatu dira.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren, harik eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratu arte, horiek baitaude jatorrian.

Une honetan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Kudeaketa Zuzendaritzak proposatzen du Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzu batean integratzea gaur egungo Endokrinologia Zerbitzuaren eta Dietetikaren eta Nutrizio Klinikoaren Atalaren egitura organikoak. Medikuntzako espezialitatea “Endokrinologia eta Nutrizioa” deitzea da bat egitearen arrazoia; izan ere, egitura sinplifikatu eta antolatzen du, pazientearenganako arretaren kalitatea hobetzen du, koordinatuago dagoelako, protokolo komunekiko eta zirkuitu kliniko integratuekiko koordinazioa hobetzen du, baliabideak optimizatzen ditu, eta patologia metabolikoetako irakaskuntzaren eta ikerketaren kudeaketa partekatzen.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. artikulua. Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzua sortzea.

Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzua sortzen da, bertan Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia Zerbitzuko eta Dietetikaren eta Nutrizio Klinikoaren Ataleko giza baliabideak eta baliabide materialak integratuta.

2. artikulula. Eginkizunak.

Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuak, zuzenean Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Medikoen Zuzendariordetzaren menpean, behar diren eginkizunak beteko ditu Endokrinologiaren eta Nutrizioaren arlo zientifikoetan, diagnostikoari, terapeutikari, irakaskuntzari eta prestakuntzari eta ikerketari dagokienez.

3. artikulua. Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuaren egitura.

1. Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuak osasun laguntzako atal hauek ditu bere egituran:

a) Endokrinologia Atala.

b) Dietetikaren eta Nutrizio Klinikoaren Atala.

2. Endokrinologia eta Nutrizio Zerbitzuari atxikitako fakultatiboek Endokrinologia eta Nutrizioa espezialitate medikoari dagozkion osasun laguntza, irakaskuntza, prestakuntza eta ikerketa arloko jarduerak garatuko dituzte, bai aurreko idatz-zatian aipatu ataletan, atalburuaren zuzendaritzapean, bai Zerbitzuari zuzenean atxikita, jarduerak zerbitzuburuaren menpe burutuz.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Lehenagoko izendapenak.

Foru agindu honek indarra hartu aurreko eguna zerbitzuburuaren eta atalburuen izendapenen eraginaren azken eguna izanen da, Nafarroako Ospitaleguneko Endokrinologia Zerbitzuaren egiturako araudi indargabetuaren babesean eginak direnez.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetzea.

1. Indarrik gabe uzten da Endokrinologia Zerbitzuari buruzko aipamena, Nafarroako Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan arautu zena.

2. Indarrik gabe uzten dira Endokrinologia Atalari eta Dietetika Unitateari buruzko aipamenak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitalearen egitura organikoa osatu eta aldatu zuen Osasuneko kontseilariaren irailaren 14ko 451/2001 Foru Aginduan arautu zirenak.

3. Indarrik gabe uzten dira Dietetikaren eta Nutrizio Klinikoaren Atalari eta Dietetika Unitateari buruzko aipamenak, Bideko Ama Birjina Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta haren unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan arautu zirenak.

4. Orobat, indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko beste arau guztiak.

Azken Xedapen Bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko urriaren 29an.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

Iragarkiaren kodea: F1414575

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web