(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA

Versión en castellano

235/2014 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 28KOA, EKONOMIA, OGASUN, INDUSTRIA ETA ENPLEGUKO KONTSEILARIAK EMANA, 309 EREDUA, “BALIO ERANTSIAREN GAINEKO ZERGA. EZ-ALDIZKAKO AITORPEN-LIKIDAZIOA” IZENEKOA, ONESTEN DUENA Nota de Vigencia

BON N.º 181 - 16/09/2014



  I. ERANSKINA Nota de Vigencia


  II. ERANSKINA. 309 EREDUAREN ARABERA AURKEZTU BEHARREKO AITORPENLIKIDAZIOEN FITXATEGIETAKO ERREGISTROEN DISEINUAK Nota de Vigencia


Zioen azalpena

Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 112. artikuluak xedatzen duenez, zergaren subjektu pasiboek tributu zorra zehaztu eta ordaindu beharko dute Ekonomia eta Ogasun Departamenduak ezartzen dituen tokian, moduan, epeetan eta inprimakiak erabiliz.

Bestalde, martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuak onetsitako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62.8 artikuluan ezartzen da zein kasutan aurkeztu behar diren zergaren ez-aldizkako aitorpen-likidazioak. Horiek, noski, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak ezarritako tokian, moduan, epeetan eta inprimakiak erabiliz aurkeztuko dira. Era berean, artikulu bereko 7. atalean adierazten denez, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak zehaztuko du zein pertsonari edo entitateri eragiten dien aitorpen-likidazioak aurkezteko betebeharra.

Gaikuntza horietan oinarriturik, azaroaren 9ko 278/2001 Foru Aginduaren bidez, zerga-aitorpenak eurotan egiteko zenbait eredu onetsi ziren, ordura arte egokitu gabe baitzeuden Espainiak europar moneta bakarra hartu zuenetik; besteak beste, 309 eredua egokitu zen, hots, “Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Ez-aldizkako aitorpen-likidazioa” izenekoa (hori gerora aldatu zen, uztailaren 1eko 99/2010 Foru Aginduaren bidez), bai eta “Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Garraiobide berriak Batasunaren barruan eskuratzea. Ez-aldizkako aitorpen-likidazioa” izeneko 319 eredua ere.

Aipatu 278/2001 Foru Aginduak ezartzen duenez, aitorpen-likidazioak aurkezteko tokia eta epea, kuotaren sarrera eta aplikatzekoak diren gainerako baldintzak eta betebeharrak pezetatako ereduetarako foru aginduen bidez onetsitako berberak izanen dira.

Arautu den bakarra eredu horien aurkezpen telematikoa izan denez, beharrezkotzat jo da 309 ereduaren edukia eta ezaugarriak osorik arautzea, subjektu pasiboei beren zerga-betebeharrak betetzen laguntze aldera.

Halaber, egokitzat jo da 319 ereduaren, hots, “Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Garraiobide berriak Batasunaren barruan eskuratzea. Ez-aldizkako aitorpen-likidazioa” izeneko aitorpen-likidazioaren edukia 309 ereduan sartzea, zerga-administrazioen arteko inprimakiak bateratzeko asmoz. Horrenbestez, xedapen indargabetzaile bakarrak 319 eredua eta 725 ordainketa gutuna indargabetzen ditu.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko arautegiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez, eta aurretik aipatutako Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 62.8 artikuluko eskudantziarekin bat,

AGINDU DUT:

1. artikulua. 309 eredua onestea Nota de Vigencia.

309 eredua onesten da, “Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Ez-aldizkako aitorpen-likidazioa” izenekoa.

2. artikulua . 309 eredua aurkeztera behartuta daudenak.

Honako hauek aurkeztuko dute 309 eredua, “Balio Erantsiaren gaineko Zerga. Ez-aldizkako aitorpen-likidazioa” izenekoa:

1. Jarraian adierazten diren pertsonek eta entitateek, Batasunaren barnean ondasunak eskuratzen badituzte eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren ondorioetarako identifikatuak baldin badaude Batasunaren barnean eskuratutako ondasunen bolumena Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 14. artikuluan ezarritako mugara iristeagatik edo artikulu berean aurreikusten den aukera gauzatzeagatik:

a) Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide bereziaren mende dauden subjektu pasiboek, Batasunaren barnean eskuratutako ondasunak aipatu araubidearen mendeko jarduerak garatzeko erabiltzen badira.

b) Zerga osorik edo partzialki kentzeko eskubidea sortzen ez duten eragiketak bakarrik egiten dituzten subjektu pasiboek.

2. Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide berezia aplikatzen zaien jarduerak besterik egiten ez dituzten subjektu pasiboek, beren jardueren garapenean Balio Erantsiaren gaineko Zergaren mende eta harengandik salbuetsiak ez dauden ondasun higiezinak entregatzen badituzte, bai eta zerga horren subjektu pasibo badira ere, abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 31.1.2 artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. Baliokidetasun-errekarguaren araubide berezia aplikatzekoa zaien jarduerak baizik gauzatzen ez dituzten Balio Erantsiaren gaineko Zergaren subjektu pasiboek, zerga hori eta errekargua Batasunaren barnean ondasunak eskuratzeagatik derrigorrez ordaindu behar dituztenak, bai eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 31.1.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan ere.

Halaber, baliokidetasun-errekarguaren araubide berezia aplikatzekoa zaien jarduerak baizik gauzatzen ez dituzten subjektu pasiboek eredu hori aurkeztu beharko dute baldin eta gauzatutako eragiketetan 19/1992 Foru Legearen 17.2 artikuluan eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 8.1 artikuluan aurreikusitako salbuespena aplikatzeari uko egin badiote. Aipatu erregelamendua martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

4. Enpresaburuak edo profesionalak ez diren pertsonek edo entitateek, Batasunaren barnean garraiobide berriak kostu bidez eskuratzen badituzte.

5. Enpresaburu edo profesional gisa jarduten ez duten pertsona juridikoek, baldin eta Batasunaren barruan garraiobide berriez bestelako ondasunak eskuratzen badituzte eta eskurapen horiek zergari lotuta badaude; eta 19/1992 Foru Legearen 5.4. artikuluan xedatutakoaren arabera enpresaburutzat edo profesionaltzat hartzen badira.

6. Esleipen-hartzaileek nahitaezko betearazpeneko prozedura administratiboetan edo judizialetan, enpresaburu edo profesional izaera badute Balio Erantsiaren gaineko Zergarako eta ahalmena badute aipatu zergaren subjektu pasiboaren izenean eta haren kontura dagokion aitorpen-likidazioa aurkezteko eta esleipenaren ondoriozko zerga sartzeko, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren laugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako terminoetan. Martxoaren 8ko 86/1993 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen aipatu erregelamendua.

Termino horiekin bat, eredu hau aurkezten ahalko dute esleipen-hartzaileek nahitaezko betearazpeneko prozedura administratiboetan edo judizialetan, enpresaburuak edo profesionalak ez badira Balio Erantsiaren gaineko Zergarako.

7. Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide bereziaren mende dauden subjektu pasiboek, bidegabeki jasotako kalte-ordainak itzuli behar dituztenean, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 78. artikuluan xedatutakoaren arabera.

8. Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide bereziaren mende dauden subjektu pasiboek, aipatu araubide berezia aplikatzen hastearen ondorioz egindako erregularizazioen diru-sarrera egitean, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 38.bis artikuluan xedatutakoaren arabera.

9. Enpresaburu edo profesional gisa ari ez diren pertsonek eta entitateek, bai eta Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17. eta 22. artikuluetan jasotako jarduketa salbuetsiak bakarrik gauzatzen dituzten subjektu pasiboek ere, ogasun publikoaren aldeko kreditua zor dutenek, osorik edo partzialki ordaindu gabe dauden jarduketen zerga-oinarria aldatzearen ondorioz, aipatu foru legearen 28.5.5 artikuluan xedatutakoarekin bat.

10. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren tasa murriztuaren aplikazioaren onuradunek, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 37.Bi.1.4 artikuluan ezarritakoa, Batasunaren barnean ibilgailuak eman edo eskuratzeko jarduketetan, baldin eta zergaren subjektu pasiboak ez badira ere, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 17 bis.Bi.1.2 artikuluan ezarritako betebeharra betetzen ez badute. Halaber, 309 eredua aurkeztu beharko du zergaren subjektu pasiboa ez den beste edozein pertsonak edo entitatek baldin eta bere zerga-egoera erregularizatu behar badu Balio Erantsiaren gaineko Zergan onura fiskalak aplikatzeko eskatzen diren betebeharrak ez betetzearen ondorioz, kanpoan utzita inportazioaren zergapeko egintzari aplikatzekoak direnak.

11. Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren araubide bereziaren nahiz baliokidetasun-errekarguaren araubide bereziaren mende dauden subjektu pasiboek, Nafarroako Zerga Ogasunari kreditua zor diotenean, osorik edo zati batean ordaindu gabe dauden eragiketen zerga-oinarria aldatzearen ondorioz, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 28.5.5 artikuluan ezarritakoaren arabera Nota de Vigencia.

12. Balio Erantsiaren gaineko Zergaren subjektu pasiboek, haientzat hala xedatu bada Nota de Vigencia.

3. artikulua . 309 eredua aurkezteko eta dirusarrera egiteko epea.

1. Hiruhileko bakoitzaren ondoko hilabetearen lehen hogei egun naturalak dira 309 ereduaren aitorpen-likidazioa aurkeztu eta horren ondoriozko diru-sarrera egiteko epea, salbu bigarren eta laugarren hiruhilekoetako aitorpen-likidazioen kasuan, horien epeak abuztuaren 5ean eta urtarrilaren 31n bukatuko baitira, hurrenez hurren.

Nahitaezko betearazpeneko prozedura judizialak edo administratiboak badira, aurkezpena egiteko epea hilabetekoa izanen da, esleipenaren zenbatekoa ordaintzen denetik aurrera zenbatzen hasita.

Europar Batasunaren barnean eskuratutako garraiobide berrien kasuan, aitorpen-likidazioa eta ordainketa egiteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, Batasunaren barneko eskurapena egiten den egunetik aurrera zenbatzen hasita, eta, nolanahi ere, aipatu garraiobideak behin betiko matrikulatu baino lehen.

Garraiobidea matrikulatzeko, subjektu pasiboak 309 ereduaren “Interesdunarentzako alea” eramanen du Trafikoko Burutza Probintzialera, Ontzien Erregistrora edo Aireontzien Erregistrora, eta ale horri Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Bereziaren autolikidaziorako 576 eredua ere (aldez aurretik ordandu beharrekoa) erantsiko dio.

Nafarroako Zerga Ogasunaren edozein erakunde laguntzailetan eginen da aitorpen-likidazio horren ondoriozko diru-sarrera, 727 ereduko ordainketa gutunaren bidez. Gainera, Nafarroako Zerga Ogasunak ordaintzeko gaitzen duen beste edozein bide erabiliz egin dezakete diru-sarrera.

4. artikulua. Aurkezteko moduak Nota de Vigencia.

309 eredua Interneteko bide elektronikoak baliatuz aurkeztu beharko da, 5. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintza orokorrei eta prozedurari jarraikiz.

5. artikulua . 309 ereduari dagozkion aitorpenak telematikoki, Internet bidez, aurkezteko baldintza orokorrak.

1. 309 ereduari dagozkion aitorpenen aurkezpen telematikoa baldintza hauei jarraikiz eginen da:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki beharko du (IFZ).

b) Aitortzaileak ziurtagiri elektronikoa eduki beharko du, Nafarroako Zerga Ogasunak onartua, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuan ezarrita dagoenari jarraikiz.

Baimendutako ziurtapen zerbitzuak eta ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; hartara, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidetik iristen ahal da.

c) Aitorpenak, jakinarazpenak eta zerga arloko beste dokumentu batzuk hirugarren pertsonen izenean baliabide telematikoak erabiliz aurkezteko eta tributu zorren ordainketa baliabide telematikoak erabiliz tramitatzeko kanpo-lankidetzarako akordioa onesten duen ekainaren 29ko 130/2009 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat, aurkezleak, aitorpenak hirugarrenen izenean egiteko baimendutako pertsona edo entitate bat baldin bada, Nafarroako Zerga Ogasunak onartutako ziurtagiri elektronikoa, aurreko b) letran aipatzen dena, eduki beharko du.

d) Aitortzaileak edo, bidezkoa bada, aurkezle baimendunak igorri beharreko aitorpena duen fitxategia lortzeko laguntza programa bat erabili beharko du aurretik, salbu aurkezpen telematikoa egiteko prestatu den datu-orria erabiltzea aukeratzen badu. Laguntza programa hori Nafarroako Zerga Ogasunak 309 ereduko aitorpenetarako prestatu duena edo formatu bereko fitxategi bat sortzen duen beste bat izan daiteke.

Fitxategi horien edukia foru agindu honen eranskinean ezartzen diren erregistroen diseinuen araberakoa izanen da Nota de Vigencia.

e) Aitortzaileek aurkezpen telematiko hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak bete beharko dituzte. Arau horiek Nafarroako Zerga Ogasunaren web orrian daude ikusgai, Interneteko http://www.hacienda.navarra.es helbidean.

2. Telematika bidez igortzen diren aitorpenetan akats formalak agertzen direnean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari akatsak azaltzeko mezuen bitartez, behar den zuzenketa egin dezan.

6. artikulua . 309 ereduari dagozkion aitorpenen aurkezpen telematikoa, Internet bidez, egiteko prozedura.

1. Web-eko datu-orritik abiatuta prozesu hau erabiliko da:

a) Nafarroako Ataritik, Ogasunarekin egiten diren izapideen atalean sartu.

b) Egin nahi den aitorpenaren eredua hautatu, eta aitorpena aurkeztu ahal izateko datu guztiak bete.

c) Aitorpena bete ondoren, igortzeko aukera erabili. Aitorpena zuzena bada, sistemak balioztatuko du. Akatsik atzemanez gero, inprimakiaren bidez komunikatuko da, eta haiek zuzendu arte ezin izanen da aitorpena aurkeztu. Aitorpena zuzen bete ondoren, sistemak komunikatuko du aurkeztutako aitorpenari esleitutako zenbakia eta, orobat, inprimatzeko aukera eskainiko du, frogagiri gisa erabiltzeko.

2. Nafarroako Zerga Ogasunak prestatutako laguntza programatik abiatuta, prozesu hau segitu beharko da:

a) Aitorpena bete laguntza programa erabiliz.

b) Aitorpena bete ondoren, balioztatu egin behar da, aurkeztu aurretik.

c) Aitorpena balioztatu ondoren, Interneten bidez igortzen ahalko da. Igorpen berean aitorpen bat baino gehiago sar daiteke, betiere eredu eta urte berekoak baldin badira.

d) Aitorpena igorri ondoren, sistemak erantzunen du, hartze-agiri zenbakia eta aurkezpenaren eguna eta ordua emanda. Igorpena balioztatu eta prozesatu ondoren, haren emaitza laguntza programan eskura dauden loteen kontsultatik aztertzen ahalko da.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauen indargabetzea.

1. Foru agindu hau indarrean sartzean, indarrik gabe geratuko dira Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 9ko 278/2001 Foru Agindua, 309 eta 319 ereduei dagokienez, eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren irailaren 28ko 242/2001 Foru Agindua, eurora aldatzeko zenbait arau ezartzen dituena, Nafarroako Zerga Ogasunaren laguntzaile diren finantza entitateen bitartez ordain-gutun normalizatuak erabiliz egiten diren zerga sarrerei dagokienez, 725 ordainketa gutunari dagokionez.

2. Era berean, indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapenak.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko uztailaren 28an.-Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.

I. ERANSKINA Nota de Vigencia

I. ERANSKINA Nota de Vigencia

II. ERANSKINA. 309 EREDUAREN ARABERA AURKEZTU BEHARREKO AITORPEN-LIKIDAZIOEN FITXATEGIETAKO ERREGISTROEN DISEINUAK Nota de Vigencia

II. ERANSKINA

Vínculo a objeto

Iragarkiaren kodea: F1410752

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web