(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

253/2014 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 22KOA, LANDA GARAPENEKO, INGURUMENEKO ETA TOKI ADMINISTRAZIOKO KONTSEILARIAK EMANA, EUROPAR BATASUNEKO ETIKETA EKOLOGIKOAREN BORONDATEZKO SISTEMA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN APLIKATZEA ARAUTZEN DUENA

BON N.º 158 - 13/08/2014



  ERANSKINA. EBKO ETIKETA EKOLOGIKOA ERABILTZEKO BALDINTZEI BURUZKO KONTRATU EREDUA


Zioen azalpena

Europar Batasuneko etiketa ekologikoa baliabide eraginkorra da kontsumitzailea informatzeko bizi-ziklo osoan ingurumenaren gainean eragin txikia duten ondasunei eta zerbitzuei buruz. Etiketa horrek, halaber, bide ematen die eragileei (ekoizleak, fabrikatzaileak, inportatzaileak, zerbitzu-emaileak, handizkako edo txikizkako saltzaileak) horren frogak emateko merkatuan, erakunde independenteek egiaztatutako eta Administrazioak bermatutako mekanismo baten bidez.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 25eko 66/2010 (EB) Erregelamenduak (Europar Batasuneko etiketa ekologikoari buruzkoa) indarrik gabe utzi zuen 1980/2000 (EB) Erregelamendua, etiketa ekologikoa emateko Batasuneko borondatezko sistema baten ezarpena arautzen zuena. Erregelamendu berri horrek garrantzizko berrikuntzak ekarri ditu etiketa ekologiko horren erregulazioaren inguruan, eta, bestalde, aurreikusten du ondasun eta zerbitzu gehiagok lortzen ahal dutela etiketa hori.

66/2010 (EB) Erregelamendu horrek ezartzen du estatu kide bakoitzak izendatuko duela zer erakunde arduratuko den, gobernuko ministerioen barnean edo haietatik kanpo, bertan bildutako eginkizunez (“erakunde eskuduna” edo “erakunde eskudunak”), eta, halaber, haren eraginkortasuna bermatuko duela.

Batasuneko arau hori bete beharrez, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak apirilaren 5eko 234/2013 Errege Dekretua onetsi zuen. Haren bidez, arauak ezarri dira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 25eko 66/2010 (EB) Erregelamendua, Europar Batasuneko etiketa ekologikoari buruzkoa, aplikatzeko. Errege Dekretua 97. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 23an.

Errege Dekretu horrek ezartzen du autonomia erkidegoek edo Ceuta eta Melilla hiriek, erakunde eskudunak izendatu ez badituzte Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren erabilera esleitzeko, izendapen hori sei hilabeteko epean egin beharko dutela, arau horrek indarra hartzen duen egunetik hasita. Orobat, eskumenak banatzeko irizpideak zehazten ditu autonomia erkidegoek etiketa ekologikoa esleitzeko izendatutako erakunde eskudunen artean. Horretan, produktuaren edo zerbitzuaren jatorria izanen da funtsezko irizpidea. Gainera, autonomia erkidegoetako araudiari uzten dio etiketa ekologikoa emateko eta, hala balegokio, ukatzeko prozeduren garapena.

Batasuneko eta estatuko bi arau horiek aplikatzeko, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa hein batean aldatzen duen azaroaren 27ko 71/2013 Foru Dekretuak, 61. artikuluan, zehazten du Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalaren eskudantzietako bat dela Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren erabilera Nafarroan esleitzeko erakunde eskuduna izatea eta aipatutako 66/2010 (EB) Erregelamenduak ematen dizkion gainerako eginkizunak betetzea. Bestalde, foru arau bat behar da Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren borondatezko sistema Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzeko.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua . Xedea.

Foru agindu honen helburua da arauak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatean Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren borondatezko sistema aplikatzeko, zein Europar Batasuneko etiketa ekologikoari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 25eko 66/2010 (EB) Erregelamenduan arautu baitzen; hori guztia apirilaren 5eko 234/2013 Errege Dekretuan xedatuarekin bat.

2. artikulua . Aplikazio eremua.

1. Xedapen hau ondoko baldintzak betetzen dituzten ondasunei eta zerbitzuei (hemendik aurrera produktuak deituak) aplikatuko zaie:

a) Nafarroako Foru Komunitatetik etortzea, edo, jatorria Europar Batasunetik kanpo badute, Nafarroako Foru Komunitatean merkaturatzekoak izatea edo merkaturatuta egotea.

b) Europako Batzordeak aurretik ezartzea, erabaki baten bidez, Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren zer irizpide aplikatu behar zaion produktu bakoitzaren kategoriari.

2. Aurreko lerroaldean aurreikusitako ondorioetarako, honako hau izanen da produktu baten jatorria:

a) Salgaien kasuan, haien produkzioko edo fabrikazioko lekua.

b) Zerbitzuen kasuan, haiek emateko edo gauzatzeko lekua.

3. Ekoizleek, fabrikatzaileek, inportatzaileek, zerbitzu-emaileek, merkatariek eta txikizkariek eska dezakete etiketa ekologikoaren erabilpena. Merkatariek eta txikizkariek beren merkataritzako izenarekin merkaturatutako produktuei buruzko eskaerak aurkez ditzakete soilik.

4. Foru agindu hau ez zaio aplikatuko osasun produktu bakar bati ere, batik bat Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001eko azaroaren 6ko 2001/83 (EB) Zuzentarauan gizakiek erabiltzeko zehaztutako sendagaiei (haren bidez Batasuneko araudi bat ezarri zen gizakiek erabiltzeko sendagaien inguruan) eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2001eko azaroaren 6ko 2001/82 (EB) Zuzentarauan albaitaritzarako zehaztutako sendagaiei (haren bidez Batasuneko araudi bat ezarri zen albaitaritzako sendagaien inguruan), ezta Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren borondatezko sistematik kanpo gelditzen diren gainerako produktuei ere, aplikatu beharreko araudian ezarritakoari jarraituz.

3. artikulua . Erakunde eskuduna.

Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiko Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atala da erakunde eskuduna Nafarroako Foru Komunitatean Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren arloan, eta hari dagokio eginkizun hauek betetzea:

a) Europar Batasuneko etiketa ekologikoa emateko, aldatzeko edo haren erabilera berritzeko prozedurak ebaztea, produktuaren propietate ekologikoak haren kategoriarako ezarritako irizpideen arabera ebaluatu eta foru agindu honen 7. artikuluan aipatzen den kontratua izenpetu ondoren.

b) Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren borondatezko sistema behar bezala aplikatzen dela kontrolatu eta zaintzea, 2009ko azaroaren 25eko 66/2010 (EB) Erregelamenduaren 10. artikuluan eta gainerako xedapen indardunetan xedatuarekin bat.

c) Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren erabilera debekatzea, edo, hala balegokio, hura ezeztatzea, foru agindu honen 9. eta 10. artikuluekin bat.

d) Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren irizpideen prestaketa edo berrikuspena hastea edo zuzentzea, 2009ko azaroaren 25eko 66/2010 (EB) Erregelamenduaren 7. artikuluan aurreikusi bezala.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Orokorra ordezkatzea Estatuko eta, hala balegokio, Batasuneko organoetan, etiketa ekologikoaren arloan, indarreko araudian ezarritakoarekin bat.

f) Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren borondatezko sistema sustatzeko neurriak hartu eta proposatzea.

g) Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren sistemaren erregulazio indardunak organo eskudunari ematen dion beste edozein.

4. artikulua . Prozedurari hasiera ematea.

1. Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren erabilera emateko prozedura Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalari eskaera bat aurkeztuta hasiko da. Bertan, eragilearekin harremanetan jartzeko datu guztiak zehaztuko dira.

2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Produktuaren deskripzio osoa eta zer kategoriatan sailkatzen den.

b) Europar Batasuneko etiketa ekologikoa eskatzearen tasa ordaindu izanaren frogagiria.

c) Jarduera indarreko araudiari jarraituz gauzatzen dela eta beharrezko baimen eta lizentzia guztiak dituela frogatzen duten agiriak.

d) Ondokoa adierazten duen erantzukizuneko aitorpena:

- Ez duela tramitazioan dagoen zehapen prozedurarik, ezarritako zehapen irmorik edo errekerimendurik ingurumenari buruzko araudia betetzeari dagokionez.

- Ez duela abian produktu berarengatik Europar Batasuneko etiketa ekologikoa emateko prozedurarik.

e) Saio laborategi baimendu eta independente baten txostena, frogatzeko Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren produktuak betetzen dituela Europako Batzordeak dagokion produktu kategoriarako ezarritako baldintza ekologiko guztiak, kasuan kasuko egiaztapenak edo saioak egin ondoren.

f) Entitate kreditatu eta eskatzailearengandik independenteak egiaztatzea produktu kategoria bakoitzerako eskatzen diren baldintza ekologikoak betetzen direla, EN 45000 serieko arauei edo nazioarteko arau baliokideei jarraituz.

g) e) eta f) letretako laborategi eta entitate bakoitzaren kreditazioaren irismenaren ziurtagiria.

h) Produktuari buruz bidezkoa den beste edozein agiri.

5. artikulua . Prozeduraren instrukzioa.

1. Eskaera aurkeztu eta bi hilabeteko epean, Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalak egiaztatuko du dokumentazio guztia dagoela, eta, hala ez bada, idatziz jakinaraziko dio interesdunari, errekerimendua eginez akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko, eta ohartaraziko dio ezen, dokumentazio guztia aurkeztu ezean sei hilabeteko epean zuzenketa errekerimendua jakinarazten denetik hastia, eskaera ukatuko dela.

2. Eskaerak eta dokumentazioak legez ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuta, Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalak haiek aztertuko ditu eta baloratuko du produktuak noraino betetzen dituen Europako Batzordeak ezarritako ebaluazio betekizunak eta irizpide ekologikoak.

Edozein unetan Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalak eska diezaioke eskatzaileari, ebazteko epea etenda, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42.5.a) artikuluarekin bat, bidezko iritziz gero, informazio osagarria emateko produktuaren baldintzei buruz eta haren fabrikazioari buruz, baita bidezkotzat jotzen dituen txostenak ere, eta, hala balegokio, egiaztatzeko bisitak egin ditzake instalazioetan. Saio edo proba horiek egiteko kostuak eskatzailearen kargura izanen dira. Halaber, operadoreei kobra dakizkieke bidaiaren eta ostatuaren kostuak egiaztapen bat in situ egin behar denean Espainiatik kanpo.

6. artikulua . Prozedura ebaztea.

1. Aplikatu beharreko araudiak eskatutako irizpide ekologikoak eta gainerako baldintzak beteta daudela egiaztatu ondoan, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du, Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren erabilera baimentzeko. Hura erabiltzeko araubidea 8. artikuluko kontratuan ezarritakoa izanen da, eta produktua ofizioz inskribatuko da 12. artikuluko erregistroan, produktuari erregistro zenbaki bat emanez.

2. Europar Batasuneko etiketa ekologikoa erabiltzeko eskaera irizpide ekologikoetako kategoriekin bat egiten ez duen produktu bati dagokionean, eskaera ukatuz ebatziko da prozedura, galarazi gabe interesdunak Europako Batzordeari aurkez diezaiokeela produktuen eta irizpide ekologikoen kategoria berri bat zehazteko proposamen bat.

3. Prozeduraren ebazpena arrazoituta egonen da. Eskatzaileari jakinaraziko zaio, baita Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari ere, ondotik Europako Batzordeari jakinarazteko.

4. Etiketa ekologikoaren erabilera baimentzeko prozedura 6 hilabetean ebatziko da, eskaera erregistroan jaso eta biharamunetik hasita. Epe hori iraganda berariazko ebazpena jakinarazi gabe, uler daiteke aurkeztutako eskaera ukatu dela, galarazi gabe Administrazioak berariazko ebazpena eman behar duela azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43.3 b artikuluan zehazten diren baldintzetan.

7. artikulua . Tasak.

Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren erabilera eman, berritu eta baliatzeak Nafarroako Foru Komunitateko tasei buruzko araudian ezarritako tasak sorraraziko ditu.

8. artikulua . Europar Batasuneko etiketa ekologikoa erabiltzeko baldintzak.

1. Europar Batasuneko etiketa ekologikoa erabiltzeko, eskatzaileak eta Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiak kontratu bat sinatu beharko dute, azaroaren 25eko 66/2010 (EB) Erregelamenduaren IV. eranskineko ereduarekin bat eginen dena (foru agindu honen eranskinean jasotzen da).

2. Operadoreak Europar Batasuneko etiketa ekologikoa kontratua egin ondoren para dezake soilik produktuan, eta bertan, halaber, dagokion erregistro zenbakia jarriko du.

3. Operadoreak bermatuko du produktuak betetzen dituela, kontratu horren indarraldi osoan, bertan ezarritako erabilera baldintza eta xedapen guztiak, baita produktuen kategoriako berariazko irizpideak ere, hori guztia kontuan izandako denboraldiari dagokionez.

Kontratuaren indarraldian, operadoreak segituan jakinaraziko dio Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalari produktuaren ezaugarrietan egindako edozein aldaketa.

4. Europar Batasuneko etiketa ekologikoak 66/2010 (EB) Erregelamenduko II. eranskineko ereduari jarraituko dio.

5. Europar Batasuneko etiketa ekologikoa soilik erabil daiteke Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren irizpide aplikagarriak betetzen dituzten produktuekin, haietarako eman baita.

9. artikulua . Europar Batasuneko etiketa ekologikoa erabiltzeko debekua.

1. Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalak egiaztatzen duenean Europar Batasuneko etiketa ekologikoa eramaten duen produktu batek ez dituela betetzen dagokien produktuen kategoriako irizpideak, edo Europar Batasuneko etiketa ekologikoa ez dela erabiltzen 66/2010 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluan xedatuarekin bat, debekatuko du, aldi baterako edo behin betiko, ez betetze horren larritasunaren arabera, Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren erabilera produktu horretan. Etiketa beste erakunde eskudun batek emana bada, horren berri emanen dio erakunde horri.

2. Aurreko jakinarazpena edo debekua kasuan kasuko prozedura administratiboa tramitatu ondoan erabakiko da. Prozedura horretan, entzuteko tramitea emanen zaio etiketa ekologikoaren erabiltzaileari hamabost eguneko epean.

3. Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren erabiltzaileak ez du eskubiderik izanen ordaindutako tasak jasotzeko, ezta haien zati bat ere.

4. Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalak etiketa ekologikoa erabiltzeko ezarritako debekuak Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari jakinaraziko dizkio, eta ondotik Europako Batzordeari jakinaraziko, baita gainerako erakunde eskudunei ere.

10. artikulua . Europar Batasuneko etiketa ekologikoa erabiltzeko kontzesioa ezeztatzea.

1. Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalak ondoko kasuetan ezeztatzen ahal du etiketa ekologikoa erabiltzeko kontzesioa:

a) Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalari emandako datuak faltsuak izatea.

b) Europar Batasuneko etiketa ekologikoa erabiltzeko debekua ez betetzea, foru agindu honen 9. artikuluaren arabera erabakia.

c) Foru agindu honen 8. artikuluan aipatzen den kontratuan ezarritako baldintzak ez betetzea.

d) Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren irizpideak eta argitaratutako ebaluazio irizpideak betetzen direla egiaztatzeko lanak oztopatzea.

e) Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalari produktuen ezaugarrietako aldaketak jakinarazteko beharra ez betetzea, horrek eragina duenean irizpideen betetzearen gainean.

f) Produktuaren kategoriari aplika dakizkiokeen irizpideak aldatzea, galarazi gabe foru agindu honen 11. artikuluan ezarritakoa.

g) Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalak eskatutako edozein agiri ez aurkeztea erregelamenduzko epeetan.

2. Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalak irizten badu badaudela arrazoiak etiketa ekologikoa erabiltzeko kontzesioa ezeztatzeko, titularrari jakinaraziko dio, horrek, entzuteko tramitean eta hamabost eguneko epean, alegazioak egin eta bidezkotzat jotzen dituen agiri eta justifikazioak aurkez ditzan.

3. Europar Batasuneko etiketa ekologikoaren ezeztapena Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioari jakinaraziko zaio, eta ondotik Europako Batzordeari jakinaraziko, baita gainerako erakunde eskudunei ere.

11. artikulua . Irizpide ekologiko aplikagarriak aldatzea.

1. Europako Batzordeak irizpide ekologiko berriak argitaratzen baditu produktuaren kategoria bakoitzari buruz, Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atala behartuta egonen da Europar Batasuneko etiketa ekologikoa erabiltzeko kontzesioaren titularrei horren berri ematera eta eskatzera, kasuan kasuko araudian ezarritako epean, produktuak horietara egokitu dituztela frogatzeko, horren gaineko beharrezko dokumentazioa aurkeztuta.

2. Dokumentazioa aurkeztuta, Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalak hura ebaluatuko du, eta erabakiko du etiketa ekologikoa erabiltzeko kontzesioa berritu edo ezeztatzen duen. Horretarako, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak beharrezko ebazpena emanen du, eta, hala balegokio, dagokion kontratua izenpetuko da.

12. artikulua . Europako etiketa ekologikoa duten Nafarroako produktuen erregistroa.

Europako etiketa ekologikoa duten Nafarroako produktuen erregistroa sortzen da. Nafarroako Gobernuaren egoitza elektronikoaren bidez izanen du eskura publikoak. Ingurumenari buruzko Informazio eta Hezkuntzaren Atalari esleitzen zaio hura mantentzea. Bertan, ofizioz sartuko dira beharrezko datuak eta informazioa.

Xedapen gehigarri bakarra. Aplikazio ordeztailea.

Arau honetan ezarri ez den guztirako, Europar Batasuneko eta Estatuko araudia aplikatuko da ordezko gisa.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko uztailaren 22an.-Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria, José Javier Esparza Abaurrea.

ERANSKINA. EBKO ETIKETA EKOLOGIKOA ERABILTZEKO BALDINTZEI BURUZKO KONTRATU EREDUA

ERANSKINA

Hitzaurrea.

Iruñean,...........(e)ko..............aren.....(e)an.

Alde batetik, Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusia, aurrerantzean “erakunde eskuduna” deitua, egoitza González Tablas kaleko 9an, 31005 Iruña, duena, eta kontratu hau sinatzeko Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusi............................................ ordezkari duena, zeina Nafarroako Foru Komunitatearen izenean eta hura ordezkatuz ari baita, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen uztailaren 25eko 72/2012 Foru Dekretuak banatutako eskumenen ondorioz.

Eta bestetik,........................... enpresa, (ekoizle, fabrikatzaile, inportatzaile, zerbitzu hornitzaile, handizkari edo txikizkari gisa),..................... egoitza soziala duena (helbide osoa), aurrerantzean “titularra” deitua eta............................. ordezkari duena (arduradunaren izena).

Bi aldeek kontratu hau sinatzeko legezko gaitasuna aitortzen diote elkarri eta ondokoa erabakitzen dute EBko etiketa ekologikoa erabiltzeari dagokionez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 25eko 66/2010 (EE) Erregelamenduari jarraituz, EBko etiketa ekologikoari buruzkoa baita; aurrerantzean, “EBko etiketatze ekologikoari buruzko Erregelamendua” deituko da.

1. Europar Batasuneko etiketa ekologikoa erabiltzeko baldintzak.

1.1. Erakunde eskudunak eskubidea ematen dio titularrari bere produktuetan EBko etiketa ekologikoa erabiltzeko, ondoko zehaztapenetan azaltzen den moduan,............. epean indarra duten............... produktuen kategoriako irizpideei jarraituz. Horiek Europako Batzordeak......... (data) hartu zituen, Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean (erreferentzia osoa eman) argitaratu ziren eta kontratu honi gehitu zaizkio.

1.2. EBko etiketatze ekologikoari buruzko Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako moduan bakarrik erabiliko da EBko etiketa ekologikoa.

1.3. Titularrak bermatzen du etiketa ekologikoa eramanen duen produktuak, kontratu honen indarraldian, hartan ezarritako xedapenak eta erabilerarako baldintza guztiak betetzen dituela, baita EBko etiketatze ekologikoari buruzko Erregelamenduaren 9. artikuluan ezarritakoak ere, uneoro. Ez da eskaera berririk egin beharko produktuen ezaugarriak aldatuz gero, irizpideak betetzeko eraginik ez badute. Dena dela, titularrak aldaketa horiek jakinaraziko dizkio erakunde eskudunari posta ziurtatuaren bidez. Erakunde eskudunak egokiak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu.

1.4. Kontratua zabaltzen ahalko da, hasieran aurreikusitako baino produktu sail handiagoa hartzeko; betiere, erakunde eskudunak onetsi beharko du, produktuek kategoria berekoak izan beharko dute eta irizpideak bete beharko dituzte. Erakunde eskudunak baldintza horiek betetzen ote diren egiaztatzen ahalko du. Horren ondorioz, produktuaren zehaztapenak azaltzen dituen eranskina aldatuko da.

1.5. Titularrak ez du publizitate edo adierazpen faltsu edo gezurrezkorik eginen, ezta nahasketa sor dezakeen edo EBko etiketa ekologikoaren sinesgarritasuna zalantzan jartzen duen etiketa edo logotiporik erabiliko ere.

1.6. Titularrak, kontratu hau dela medio, izanen du erantzukizuna bere produktuaren EBko etiketa ekologikoa erabiltzeko moduari buruz, batez ere publizitate alderdiei buruz.

1.7. Erakunde eskudunak, horretarako baimenduta dituen agenteak barne, ikerketa egoki guztiak egiten ahalko ditu, titularrak produktuen kategoriaren irizpideak eta kontratu honen xedapenak eta erabilerako baldintzak betetzen jarraitzen duela kontrolatzeko, EBko etiketatze ekologikoari buruzko Erregelamenduaren 10. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2. Baimena etetea eta kentzea.

2.1. Titularra ohartzen bada ez dituela kontratu honen 1. klausulan sartutako xedapenak edo erabilerarako baldintzak betetzen, erakunde eskudunari jakinarazi beharko dio eta EBko etiketa ekologikoa erabiltzeari utzi, erabilerarako baldintza horiek edo xedapenak berriro bete arte, hori ere erakunde eskudunari jakinarazita.

2.2. Erakunde eskudunaren ustez, titularrak ez baditu kontratu honen xedapenetako edo erabilerarako baldintzetako edozein bete, gaitua egonen da titularrari EBko etiketa ekologikoa erabiltzeko baimena eteteko edo kentzeko, baita neurri egokiak hartzeko ere, ez dezan titularrak hura erabiltzen jarraitu, EBko etiketatze ekologikoari buruzko 66/2010 (EE) Erregelamenduaren 10. eta 17. artikuluetan aurreikusitako neurriak barne.

3. Erantzukizunaren muga eta kalte-ordainak.

3.1. Titularrak ez du EBko etiketa ekologikoa edozein bermeren parte sartuko, kontratu honen 1. klausulako 1. puntuan aipatzen den produktuari buruz.

3.2. Erakunde eskudunak, baimenduta dituen agenteak barne, ez du titularrak izandako kalte eta galeren erantzukizunik izanen EBko etiketa ekologikoa ematearen edo erabiltzearen ondorioz.

3.3. Erakunde eskudunak, baimenduta dituen agenteak barne, ez du hirugarren batek izandako kalte eta galeren erantzukizunik izanen EBko etiketa ekologikoa ematearen edo erabiltzearen ondorioz, publizitatea barne.

3.4. Titularrak kalte-ordaina eman beharko die erakunde eskudunari eta haren agente baimenduei kalteak eta galerak daudenean edo erakunde eskudunak edo bere agente baimenduek erantzukizuna dutenean, titularrak kontratu hau ez betetzearen ondorioz edo erakunde eskudunak titularrak emandako informazioan edo dokumentazioan konfiantza izatearen ondorioz, hirugarrenen erreklamazio guztiak barne.

4. Kanonak.

4.1. EBko etiketatze ekologikoari buruzko Erregelamenduaren III. eranskinean xedatutakoaren arabera zehaztuko dira eskaera kanonaren eta urteko kanonaren zenbatekoak.

4.2. EBko etiketa ekologikoa erabiltzeko, dagozkion kanon guztiak garaiz ordaindu beharko dira.

5. Kontratuaren iraupena eta aplikatuko den legea.

5.1. 5. klausulako 2., 3. eta 4. puntuetan aurreikusitakoa salbu, kontratu hau sinatzen den egunetik.... arte aplikatuko da, edo bestela, produktuen kategoriaren irizpideak iraungi arte, azken epe hori laburragoa bada.

5.2. Titularrak kontratu honen xedapenetako bat edo erabilerarako baldintzetako bat urratzen badu, 2. klausulako 2. puntuan xedatutakoaren arabera, erakunde eskudunak kontratua bete ez dela irizteko eskubidea izanen du, eta horrexek baimena emanen dio, 2. klausulako 2. puntuan aurreikusitakoaz gain, kontratua amaitutzat jotzeko. Horretarako, gutun ziurtatua igorriko zaio titularrari, 5. klausulako 1. puntuan ezarritako data baino lehen, erakunde eskudunak zehaztuko duen epe batean.

5.3. Titularrak kontratua hutsaltzen ahalko du, hiru hilabete lehenago jakinarazita, erakunde eskudunari igorritako gutun ziurtatu baten bidez.

5.4. Produktuen kategoriari buruz 1. klausulako 1. puntuan jasotako irizpideak aldaketarik gabe luzatzen badira edozein denboratarako, eta erakunde eskudunak ez badu amaiera idatzita adierazi, gutxienez ere produktuen kategoriaren irizpideak eta kontratu hau iraungi baino hiru hilabete lehenago, erakunde eskudunak gutxienez ere hiru hilabete lehenago emanen dio aditzera titularrari kontratua besterik gabe berritzen dela produktuen kategoriaren irizpideek indarra izaten jarraitu bitartean.

5.5. Kontratu hau amaitu ondoren, titularrak ezin izanen du EBko etiketa ekologikoa erabili 1. klausulako 1.puntuan eta kontratu honen II. eranskinean adierazitako produktuari buruz, ezta etiketetan eta publizitatean ere. Dena dela, kontratua amaitzen denetik sei hilabetez jartzen ahalko da EBko etiketa ekologikoa titularraren eta beste pertsona batzuen esku dauden izakinetan, horiek kontratua amaitu baino lehen fabrikatuta badaude. Xedapen hau ez da aplikatuko kontratua amaitutzat jo bada 5. klausulako 2. puntuan azaldutako arrazoiengatik.

5.6. Kontratu honen inguruan, erakunde eskudunaren eta titularraren arteko edozein auzi edo alde baten bestearen aurkako edozein erreklamazio ez bada kontratugileen arteko adiskidetasunezko akordio baten bidez konpondu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008ko ekainaren 17ko 593/2008 EE Erregelamenduaren eta 2007ko uztailaren 11ko 864/2007 EE Erregelamenduaren arabera aplikatzen ahal den legeriaren menpe geldituko da. Bi erregelamenduak kontratuzko betebeharrei aplikatzen zaien legeari buruzkoak dira, (Erroma I)(1) eta (Erroma II)(2).

Hurrengo eranskinak ere kontratuaren parte dira:

Eranskina: I.-Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 25eko 66/2010 EE Erregelamendua, EBko etiketa ekologikoari buruzkoa.

Eranskina: II.-Produktuaren zehaztapenak; horietan, gutxienez ere, fabrikatzailearen izena edo/eta barne erreferentziako zenbakiak, fabrikazio tokiak eta EBko etiketa ekologikoaren erregistro zenbakia edo zenbakiak.

Eranskina: III.-Batzordearen.................. (e)ko erabakia, produktuen kategoriaren irizpideei buruz.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia.

Ordezkaria.............................................

(sinadura)

Enpresa.

Ordezkaria:.............................................

(sinadura)

(1) AO L 177, 2008-7-4, 6. or.

(2) AO L 199, 2007-7-31, 40. or.

Iragarkiaren kodea: F1411068

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web