63/2014 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 14KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO OSPITALEGUNEKO UROLOGIA ZERBITZUA SORTZEN DUENA.
BON N.º 146 - 28/07/2014
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak, atariko III. atalean, aditzera ematen du erakundearen egitura osatuz joanen dela osasun laguntzaren arloan, eta, horretarako, foru dekretu eta foru agindu argiak emanen direla, estatutuen helburu beretara bideratuak.
Bestalde, foru dekretu horren 13.2 artikuluak ezartzen du laguntza zerbitzuak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasuneko kontseilariaren foru aginduen bidez ezarriko direla.
Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratzeko prozesuan, haiek baitaude jatorrian.
Nafarroako Ospitaleko Urologia Zerbitzua eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko Urologia Zerbitzua, hurrenez hurren, pixkanaka eratu eta garatu dira. 2010ean sortutako Nafarroako Ospitalegunearen eta arestian aipatutako ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren indarrez, zentro horiek “A” eta “B” izendatu ziren, hurrenez hurren, Nafarroako Ospitalegunearen barnean.
Gaur egun, bidezkoa da, besteak beste, osasun zentro horiek batu eta Urologia Zerbitzu bakar bat sortzea, aipatu jarduera medikoak bilduta eta antolaketa berria emanda, herritarrei ematen zaien zerbitzua efizienteagoa eta eraginkorragoa izan dadin.
Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. artikulua . Urologia Zerbitzua sortzea.
Nafarroako Ospitaleguneko Urologia Zerbitzua sortzen da, A Ospitaleko Urologia Zerbitzuak eta B Ospitaleko Urologia Zerbitzuak dituzten giza baliabideak eta baliabide materialak Nafarroako Ospitaleguneko Urologia Zerbitzuan bilduta.
2. artikulua . Eginkizunak.
Nafarroako Ospitaleguneko Urologia Zerbitzuak, zuzenean Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Kirurgikoen Zuzendariordetzaren menpean, behar diren eginkizunak beteko ditu Urologiaren esparru zientifikoen arloan, diagnostikoari, sendatzeari, irakasteari eta prestakuntza emateari eta ikerketari dagokienez.
3. artikulua . Urologia Zerbitzuaren egitura.
1. Urologia Zerbitzuak osasun laguntzako atal hauek ditu bere egituran:
a) Ospitalizazio Atala.
b) Arlo Kirurgikoaren eta KNAren Atala.
c) Prozedura Anbulatorioen Atala.
d) Kanpoko Kontsulten eta Larrialdien Atala.
2. Urologia Zerbitzuari atxikitako fakultatiboek Urologiaren espezialitate medikoari dagozkion laguntzako, irakaskuntzako, prestakuntzako eta ikerkuntzako jarduerak eginen dituzte, bai aurreko puntuan adierazitako ataletan, bai bere atalburuaren zuzendaritzapean arituz. Horrek ez du inola ere galarazten beste edozein atalen esparruan ere esku hartzea zerbitzuburuak edo osasun laguntzako premiek hala eskatzen dutenean, Zerbitzuari zuzenean atxikiak, zerbitzuburuaren menpe arituz.
Xedapen gehigarri bakarra. Lehenagoko izendapenak.
Foru agindu honek indarra hartu aurreko eguna izanen da zerbitzuburuen eta atalburuen izendapenen eraginaren azken eguna, A Ospitaleko Urologia Zerbitzuaren eta B Ospitaleko Urologia Zerbitzuaren egiturari buruzko arauen babesean eginak badira, arau horiek indarrik gabe uzten baitira.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzea.
1. Indarrik gabe uzten da Urologia Zerbitzuari buruzko aipamena, Nafarroako Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan arautu zena.
2. Indarrik gabe uzten da Urologia Atalari buruzko aipamena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitalearen egitura organikoa osatu eta aldatu zuen Osasuneko kontseilariaren irailaren 14ko 451/2001 Foru Aginduan arautu zena.
3. Indarrik gabe uzten dira Urologia Zerbitzuari eta Urologiako bi atalei buruzko aipamenak, Bideko Ama Birjina Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta haren unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan arautu zirenak.
4. Orobat, indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko beste arau guztiak.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2014ko uztailaren 14an.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.
Iragarkiaren kodea: F1410226