(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

41/2014 FORU AGINDUA, MAIATZAREN 21EKOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO OSPITALEGUNEKO MEDIKUNTZA INTENTSIBOAREN ZERBITZUA SORTZEN DUENA

BON N.º 111 - 09/06/2014



Zioen azalpena

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak atariko III. atalean adierazten du erakunde horren egitura osatu eginen dela osasun laguntzaren arloan, eta horretarako foru dekretu eta foru agindu argiak emanen direla, estatutuen helburu beretara bideratuak.

Bestalde, foru dekretu horren 13.2 artikuluak ezartzen du laguntza zerbitzuak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasuneko kontseilariaren foru aginduen bidez ezarriko direla.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren, harik eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratu arte -horiek baitaude jatorrian-.

Pixkanaka sortu eta garatu ziren Nafarroako Ospitaleko Medikuntza Intentsiboaren Zerbitzua eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko Medikuntza Intentsiboaren Zerbitzua. 2010ean sortutako Nafarroako Ospitalegunearen eta arestian aipatutako ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren indarrez, zentro horiek “A” eta “B” izendatu ziren, hurrenez hurren, Nafarroako Ospitalegunearen barnean.

Gaur egun, bidezkoa da besteak beste osasun zentro horiek batzeko baliabidea erabiltzea eta Medikuntza Intentsiboaren Zerbitzu bakar bat sortzea, aipatu jarduera medikoak batuta eta antolaketa berria emanda, herritarrei ematen zaien zerbitzua efizienteagoa eta eraginkorragoa izan dadin.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

AGINDU DUT:

1. artikulua . Medikuntza Intentsiboaren Zerbitzua sortzea.

Nafarroako Ospitaleguneko Medikuntza Intentsiboaren Zerbitzua sortzen da; bertan Nafarroako Ospitaleguneko Medikuntza Intentsiboaren “A” Zerbitzuko eta Medikuntza Intentsiboaren “B” Zerbitzuko langileak eta baliabideak integratzen dira.

2. artikulua . Eginkizunak.

Nafarroako Ospitaleguneko Medikuntza Intentsiboaren Zerbitzuak, zuzenean Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Mediko Zentralen Zuzendariordetzaren menpean, behar diren eginkizunak beteko ditu medikuntza intentsiboaren esparru zientifikoen arloan, diagnostikoari, sendatzeari, irakasteari eta prestakuntza emateari eta ikerketari dagokienez.

3. artikulua . Medikuntza Intentsiboaren Zerbitzuaren egitura.

1. Medikuntza Intentsiboaren Zerbitzuak osasun laguntzako atal hauek ditu bere egituran:

1. Atal Medikoa.

2. Atal Kirurgikoa, Neurokritikoa eta Politraumatizatuena.

2. Medikuntza Intentsiboaren Zerbitzuari atxikitako fakultatiboek medikuntza intentsiboaren espezialitate medikoari dagozkion laguntzako, irakaskuntzako, prestakuntzako eta ikerkuntzako jarduerak eginen dituzte, bai aurreko puntuan adierazitako ataletan, zein bere atalburuaren zuzendaritzapean arituz eta, betiere, galarazi gabe beste edozein atalen esparruan ere esku hartzea zerbitzuburuak edo inguruabarrek hala eskatzen dutenean, bai Zerbitzuari zuzenean atxikiak, zerbitzuburuaren menpe arituz.

Xedapen gehigarri bakarra. Lehenagoko izendapenak.

Foru agindu honek indarra hartu aurreko eguna zerbitzuburuen eta atalburuen izendapenen eraginaren azken eguna izanen da, baldin Medikuntza Intentsiboaren A Zerbitzuaren eta Medikuntza Intentsiboaren B Zerbitzuaren egiturari buruzko arau indargabetuen babesean eginak badira, arau horiek indarrik gabe uzten baitira.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzea.

1. Indarrik gabe uzten da Medikuntza Intentsiboaren Zerbitzuaren aipamena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko antolaketa unitate batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 65/2007 Foru Aginduan arautu zena.

2. Indarrik gabe uzten da Medikuntza Intentsiboaren Zerbitzuari buruzko aipamena, Nafarroako Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan arautu zena.

3. Indarrik gabe uzten da Medikuntza Intentsiboko Atalari buruzko aipamena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Nafarroako Ospitalearen egitura organikoa osatu eta aldatu zuen Osasuneko kontseilariaren irailaren 14ko 451/2001 Foru Aginduan arautu zena.

4. Indarrik gabe uzten da Medikuntza Intentsiboko Atalari buruzko aipamena, Bideko Ama Birjina Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan arautu zena.

5. Orobat, indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko beste arau guztiak.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 21ean.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

Iragarkiaren kodea: F1407743

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web