(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

39/2014 FORU DEKRETUA, MAIATZAREN 14KOA, NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOETAN ENPLEGUA BANATZEKO NEURRIAK EZARTZEN DITUENA.

BON N.º 105 - 30/05/2014



Zioen azalpena

Badira zenbait urte krisi ekonomiko garrantzitsu batean bizi garela; horren ezaugarria, besteak beste, lanik gabeko langile kopuruaren igoera azkar eta larria da, hau da, arazo gogor eta latza bai Nafarroako gizartearentzat bai Espainiakoarentzat, oro har.

Lanpostuak sortuko dituen jarduera ekonomikoaren hobekuntza lortu bitartean, Nafarroako Gobernuak uste du beharrezkoa dela neurri iragankor batzuk hartzea, krisiaren ondorioak arintzeko. Sektore publikoari dagokionez, kontua da zenbait formula hartzea, langileek beren borondatez lanaldia murritz dezaten eta, ondorioz, bide ematea aldi baterako kontratazio berriak egiteko.

Hori helburu, negoziazio prozesu bat egin da Nafarroako Administrazio Publikoen Negoziazio Mahai Nagusian, eta hortik Akordio bat atera da, sindikatuen ordezkaritzaren gehiengoaren sostengua duena. Akordio horretan bi baimen ezarri dira Administrazioko langileentzat, aldi baterako kontratazio berri bat bultzatu beharko luketeenak, langileek murriztutako lanaldiaren portzentajearen araberakoa.

Beraz, aipatu neurrien ezarpena eta ezaugarriak jasoko dituen erregelamenduzko arau egokia onetsi behar da. Sindikatuen ordezkaritzarekin sinatutako Akordioan jasotzen den moduan, neurriak aldi baterako izatea da alderdi sinatzaileen nahia, Nafarroako Foru Komunitatean langabeziaren tasa %10etik beherakoa izan arte.

Foru dekretu honetako neurriak Nafarroako Administrazio Publiko guztientzat dira eta, beraz, toki entitateentzat ere bai. Dena dela, hautazkoa da haien aplikazioa, Konstituzioaren araberako udal autonomiaren printzipioa betetzearren.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2014ko maiatzaren 14ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Xedea.

1. Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua banatzeko neurriak ezartzea du xede foru dekretu honek, eta zenbait formula hartzen dira haien zerbitzuko langileek lanaldia murriztuz aldi baterako kontratazio berrien aukera izan dadin.

2. Toki entitateei dagokienez, hautazkoa izanen da foru dekretu honetan jasotako neurrien aplikazioa. Aplikatzea erabakiz gero, hartan jasotako araubideari eta baldintzei jarraituko diete.

3. Bi modu daude langileek lanaldia murriztuteko: soldata gabeko baimena eta hein batean ordaindutako baimena, foru dekretu honetan jasotako erregulazioaren arabera.

4. Betiere, foru dekretu honetan araututako baimenek langileen aldi baterako kontratazio berria ekarri behar dute, enplegatuak murrizten duen lanaldiaren portzentajearen adinakoa. Hortaz, ezin izanen da baimenik eman ezinezkoa den kasuetan, bai lanpostu hori betetzeko aldi baterako kontratazioak ezin egin direlako, bai plazaren ezaugarriengatik ezinezkoa delako hura aldi horretarako betetzea.

2. artikulua. Soldatarik gabeko baimena.

Soldata gabeko baimenak araubide hau izanen du:

A. Hirutik sei hilabetera arte iraunen du urtebetean, baimena ematen denetik kontatuta.

B. Funtzionarioek eta estatutupeko langileek hartzen ahalko dute. Orobat, lanpostu huts bat edo plaza erreserbatu bat okupatzen duten administrazio araubideko lan-kontratudunek eskatzen ahalko dute, haien zerbitzualdia gutxienez ere urtebeterako bada.

C. Zein den baimenaren iraunaldia, enplegatuak urte osoan hartuko du ordainsarien %75 edo %50, aldagaiak salbu, zein den ere baimenaren iraupena. Enplegatuak eskatuta, zerbitzuen emanaldiarekin bat jasotzen ahalko ditu ordainsariak.

D. Gizarte kotizazioak mantenduko dira.

E. Enplegatuaren eta baimena ematen duen organo eskudunaren artean adostuko da, aldez aurretik, baimenaren aldia, zerbitzuaren beharren arabera, eta jarraian izanen da.

F) Aurreko ataletan oro har xedatutakoa gorabehera, Hezkuntza Departamentuaren ikastetxeetan irakasle edo laguntza gisako zerbitzuak ematen dituzten langileen baimena sei hilabetekoa izanen da, nahitaez, eta otsailetik uztailera hartuko da, edo abuztutik urtarrilera.

3. artikulua. Hein batean ordaindutako baimena.

Hein batean ordaindutako baimenak araubide hau izanen du:

A. Funtzionarioek eta estatutupeko langileek hartzen ahalko dute.

B. Hogeita hamar hilabete jarraituko aldia izanen da, baimentzen denetik hasita; horietan, enplegatuak hogeita lautan emanen ditu zerbitzuak lanaldi osoan, eta seitan hartuko du baimena.

C. Langileek lanaldi osoko zerbitzuak emateagatik dagozkien ordainsarien %84 jasoko dute epe osoan, aldagaiak izan ezik, gizarte kotizazioetatik proportzioan dagokien murrizketarekin.

D. Enplegatuaren eta baimena ematen duen organo eskudunaren artean adostuko da, aldez aurretik, baimenaren aldia, zerbitzuaren beharren arabera, eta jarraian izanen da. Hezkuntza Departamentuaren ikastetxeetan irakasle edo laguntza gisako zerbitzuak ematen dituzten langileek nahitaez hartuko dute baimena otsailetik uztailera, edo abuztutik urtarrilera.

4. artikulua. Baimenen baldintza orokorrak.

1. Foru dekretu honetan araututako baimenek baldintza orokor hauek beteko dituzte:

A. Betiere, langileek beren borondatez hartuko dituzte.

B. Baimenek ez dute oporretarako eskubiderik sortuko, ezta baimen ordaindurik ere afera partikularrengatik. Hortaz, langileek hartuak badituzte, erregularizazioa eginen da dagokien ordainsarietan.

C. Edozein arrazoi dela-eta enplegatuak baimenaren iraunaldian jarduneko egoeran jarraitzen ez badu, dagokion erregularizazioa eginen da eta, hala badagokio, enplegatuak behar baino gehiago jasotako ordainsariak itzuliko ditu. Modu berean jokatuko da enplegatuak beste lanpostu bat eskuratzen duenean Administrazioan; besteak beste, prestakuntza-sustapena, burutza edo zuzendaritzetarako izendapena, barne izendapenak edo zerbitzu eginkizunak direla kausa.

D. Enplegatua beste lanpostu batera aldatuz gero, baimenak jarraitu eginen du; betiere, bateragarria bada atxikipen unitate berriaren antolaketarekin eta beharrekin.

E. Baimenak emateko eskumena duen organoak berritzen ahalko ditu haiek; betiere, enplegatuak eskatu egin beharko du eta eskatzen diren baldintzak bete beharko dira epe berrian.

2. Nafarroako Administrazio Publikoek eman beharreko baimenen kopurua mugatzen ahalko dute, kontuan hartuta aurrekontu erabilgarria eta zerbitzuen antolaketa.

5. artikulua. Aldi baterako kontratazio berrien erregulazioa.

1. Behar hauek betetzeko, ez dira langile finkoen prestakuntzarako edo aldi baterako barne igoerarako zerbitzu berezien egoerak erabiliko, eta baimena hartzen duen enplegatua ordezteko kontratu administratiboa eginen da zuzenean, baimen horrek dirauen bitarte.

2. Foru Komunitateko Administrazioko ikastetxeetan irakasle edo laguntza gisako zerbitzuak ematen dituzten langileen kasuan, aldi baterako kontratazio berriaren iraupena Hezkuntza Departamentuak horren gainean dituen irizpide orokorren araberakoa izanen da.

3. Ordezte-kontratuaren iraunaldian 4. artikuluko 1. ataleko C) eta D) idatz-zatietan aurreikusitako kasuren bat gertatzen denean, baimenari lotutako kontratua bukatu eginen da.

4. Enplegatuak lanpostuz aldatuta baimenak dirauen kasuetan, beste ordezte-kontratu bat eginen da plaza berrian iraun beharreko denbora bitarte.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Xedapen gehigarri bakarra. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan enplegua banatzeko neurrien jarraipena.

1. Administrazioko enplegua banatzeko neurriei buruz sindikatuen ordezkaritzarekin sinatutako akordioa betetzearren, foru dekretu honek indarra hartu eta ondoko hilabetean Batzorde Paritario bat eratuko da, hura sinatzen duten Foru Komunitateko Administrazioaren eta sindikatuen ordezkariek osatua, akordioaren edukia interpretatu, jarraitu, zaindu eta garatzeko eginkizunak izanen dituena.

2. Neurri horien aplikazioak langileen arloko gastu orokor txikiagoa ekarriz gero Nafarroako Foru Administrazioan eta erakunde autonomoetan, beharrezkoen diren lanpostu edo eremuetan aldi baterako kontratazio berriak egiteko erabiliko da aldea.

3. Aurreko atalean xedatutakoa betetzen dela egiaztatzearren, Administrazioak beharrezko informazioa emanen die Batzorde Paritarioko kideei, emandako baimenei buruz eta ordezkotzan egindako kontratazioei buruz, ondorio ekonomikoa zehaztuta.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetan lehena. Foru dekretu hau garatu eta aplikatzea.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari foru dekretu hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetan bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko maiatzaren 14an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria, F. Javier Morrás Iturmendi.

Iragarkiaren kodea: F1407425

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web