(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

22/2014 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 7KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO OSPITALEGUNEKO FARMAZIA ZERBITZUA SORTZEN DUENA

BON N.º 61 - 31/03/2014



Zioen azalpena

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak atariko III. atalean adierazten du erakunde horren egitura osatu eginen dela osasun laguntzaren arloan, eta horretarako foru dekretu eta foru agindu argiak emanen direla, estatutuen helburu beretara bideratuak.

Bestalde, foru dekretu horren 13.2 artikuluak ezartzen du laguntza zerbitzuak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasuneko kontseilariaren foru aginduen bidez ezarriko direla.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren, harik eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratu arte -horiek baitaude jatorrian.

Nafarroako Ospitaleko Farmazia Zerbitzua eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko Farmazia Zerbitzua, eta Ubarmin Klinikako Farmazia Unitatea pixkanaka-pixkanaka eratuz eta garatuz joan ziren. 2010ean sortutako Nafarroako Ospitalegunearen eta arestian aipatutako ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren indarrez, zentro horiek “A” Farmazia Zerbitzua eta “B” Farmazia Zerbitzua izendatu ziren, hurrenez hurren, Nafarroako Ospitalegunearen barnean.

Gaur egun, bidezkoa da besteak beste osasun zentro horiek batzeko baliabidea erabiltzea eta Farmazia Zerbitzu bakar bat sortzea, aipatu farmazia jarduera batuta eta antolaketa berria emanda, herritarrei ematen zaien zerbitzua, ospitaleratzeetakoa, etxekoa barne, nahiz anbulatorioa eta kanpoko eriena, efizienteagoa eta eraginkorragoa izan dadin.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua . Farmazia Zerbitzua sortzea.

Nafarroako Ospitaleguneko Farmazia Zerbitzua sortzen da, A Farmazia Zerbitzuko, B Farmazia Zerbitzuko eta Farmazia Unitateko baliabide materialak eta giza baliabideak integratuta bertan, Nafarroako Ospitaleguneko Farmazia Zerbitzuan.

2. artikulua . Eginkizunak.

Nafarroako Ospitaleguneko Farmazia Zerbitzua Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Mediko Zentralen Zuzendariordetzaren menpe dago zuzenean. Eginkizun hauek ditu: Nafarroako Ospitalegunean eta haren eragin eremuan arreta jasotzen duten eriei farmazia arreta ematea, farmaziaren arloko gastuaren optimizazio ekonomikoa, eta farmakologiaren arlo zientifikoetan beharrezkoak diren irakaskuntza, prestakuntza eta ikerketa eginkizunak.

3. artikulua . Farmazia Zerbitzuaren egitura.

1. Farmazia Zerbitzuak osasun laguntzako atal hauek ditu bere egituran:

a) I. atala.

b) II. atala.

2. Farmazia Zerbitzuari atxikitako fakultatiboek farmaziaren espezialitate kirurgikoari dagozkion laguntzako, irakaskuntzako, prestakuntzako eta ikerkuntzako jarduerak eginen dituzte, bai aurreko puntuan adierazitako ataletan, zein bere atalburuaren zuzendaritzapean arituz eta, betiere, galarazi gabe beste edozein atalen esparruan ere esku hartzea zerbitzuburuak edo inguruabarrek hala eskatzen dutenean, bai Zerbitzuari zuzenean atxikiak, zerbitzuburuaren menpe arituz.

Xedapen gehigarri bakarra. Lehenagoko izendapenak.

Foru agindu honek indarra hartu aurreko eguna zerbitzuburuen eta atalburuen izendapenen eraginaren azken eguna izanen da, “A” Farmazia Zerbitzuaren, “B” Farmazia Zerbitzuaren eta Farmazia Unitatearen egiturari buruzko arau indargabetuen babesean eginak direnez.

Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetzea.

1. Indarrik gabe uzten da Farmazia Zerbitzuari buruzko aipamena, Nafarroako Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan arautu zena.

2. Indarrik gabe uzten dira Bideko Ama Birjina Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta haren unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan Farmazia Zerbitzuari buruz eta Farmazia Atalari buruz dauden aipamenak.

3. Orobat, indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko beste arau guztiak.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko martxoaren 7an.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

Iragarkiaren kodea: F1403623

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web