4/2014 FORU AGINDUA, OTSAILAREN 4KOA, ARAUBIDE BEREZIKO KIROL IRAKASKUNTZAREN ERDI MAILAKO AZKEN ZIKLOKO BLOKE KOMUNAREN EGITURA ETA CURRICULUMA EZARTZEN DITUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAREN EREMUAN
BON N.º 54 - 20/03/2014
1. ERANSKINA. CURRICULUMA
2. ERANSKINA. IRAKASLEAK
3. ERANSKINA. AZKEN ZIKLOKO BLOKE KOMUNAREN GUTXIENEKO GUNE ETA EKIPAMENDUA
Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legeak kirolaren antolamendua ezartzen du, eta 55.1 artikuluan zehazten du ezen, Gobernuak, Hezkuntza Ministerioak proposaturik, kirol teknikarien ikasketak arautuko dituela, hezkuntza mailetan ageri diren betebeharren arabera. Bestetik, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak, II. tituluko I. kapituluaren (Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenak arautzen ditu) 5. artikuluko h) idatz-zatian, ezartzen du Nafarroako Gobernuaren eskumena dela kirol teknikarien prestakuntza garatu eta arautzea.
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionala ezartzen du, produkzio sektorearen eskakizunei erantzutera bideratutako prestakuntza ekintzen esparruan, zeinean jarduera fisikoak eta kirolak sektore aipagarria osatzen baitute ondorio ekonomikoetarako.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak kirol irakaskuntzaren antolaketa eta haren egituraren eta antolamenduaren printzipio orokorrak arautzen ditu hezkuntza sistemaren barrenean. Etapa, maila eta ikasketa mota guztiak eredu koherente batean biltzen ditu, zeinean kirol irakaskuntzako zikloek eginkizun garrantzitsuak betetzen baitituzte, kirol jarduera edo modalitate bateko lanbide jarduera izanen duten ikasleak prestatzeari begira, eta lan eta kirol munduaren bilakaerari eta herritar aktiboei egokitzen laguntzen baitute.
Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak, araubide bereziko kirol irakaskuntzaren antolamendu orokorra ezartzen duenak, kirol irakaskuntza ziklo hierarkizatuetan antolatzen dela ezartzen du, eta horiek kirol prestakuntzako bloke eta moduluetan, modulu eta blokeen araberako eskaintza eginez. Orobat, 10. artikuluko 2. atalean, ezartzen du kirol irakaskuntzaren modulu komunek osatuko dutela bloke komuna, eta beti bera eta nahitaezkoa izanen dela kirol modalitate eta espezialitate guztietan, zikloetako bakoitzean.
Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, araubide bereziko kirol irakaskuntzaren antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/1011 Foru Dekretuak eredu bat zehazten du araubide bereziko kirol irakaskuntzaren curriculuma garatzeko, kirol modalitate eta espezialitateen ezaugarri eta helburuetara egokitu dadin, baita ikasleen ezaugarri eta beharretara ere.
248/2011 Foru Dekretua garatuz, eta Nafarroako Foru Komunitateari arlo horretan (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluan) aitortzen zaizkion eskumenak erabiliz eman da foru agindu hau, kirol irakaskuntzaren modulu komunei lotutako prestakuntza arautzen duena, araubide bereziko kirol irakaskuntzaren erdi mailako azken zikloko bloke komunaren esparruan, aipatu foru dekretuaren III. kapituluan diseinurako ezarritako jarraibideei erantzutearren. Modulu komun horiek urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 8. artikuluko b) ataleko 3. puntuan eta 238/2011 Foru Dekretuaren 6. artikuluko a) ataleko 4. puntuan definituta daude.
Foru agindu honen bidez erdi mailako azken zikloko bloke komunaren curriculuma onestea maiatzaren 15eko 43/2012 Foru Aginduko erregulazioaren berezko jarraipena da, foru agindu horren bidez araubide bereziko kirol irakaskuntzaren erdi mailako hasierako zikloko bloke komunaren egitura eta curriculuma ezarri baitziren Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.
Curriculum hau, foru agindu honen 2. puntuan zehaztua eta 1. eranskinean garatua, bi zatiz osatzen da. Alde batetik, lanbide modulu hauen helburu komunak daude (kirol titulazioen azken ziklorako planteatzen diren helburuen ondorioak dira) eta, bestetik, haien garapena eta iraupena.
Lanbide modulu bakoitzaren curriculumak badu atal bat orientabide didaktikoei buruzkoa. Orientabide horiek moduluen ikuspuntuari, koordinazioari eta sekuentziazioari, ebaluaziorako orientabideei eta irakaskuntza-ikaskuntza jardueren tipologiari eta definizioari dagozkie.
Azkenik, foru agindu hau arautzen duen azken elementua bloke komun hau ezartzeko baldintzei buruzkoa da. Baldintza horiek 7. eta 8. puntuetan deskribatuta daude, beren 2. eta 3. eranskinekin, eta irakasleen profila eta behar diren gune eta ekipamenduen ezaugarriak dituzte mintzagai.
Hori horrela, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak proposaturik,
AGINDU DUT:
1. Araubide bereziko kirol irakaskuntzaren erdi mailako azken zikloko bloke komunaren egitura eta curriculum ofiziala ezartzea Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan, foru agindu honen 1. eranskineko A) atalean jasotzen den moduan.
2. Bloke komuna nahitaezkoa izanen da eta ikasketak ofizialak izanen dira; hortaz, bat etorriko dira urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak erregulatzen duen araubide bereziko kirol irakaskuntzarentzat ezarritakoarekin, araubide bereziko kirol irakaskuntzaren antolamendu orokorra ezartzen baitu errege dekretu horrek.
3. Ikaskuntzaren emaitzetan, ebaluazio irizpideetan, edukietan eta orientabide didaktikoetan antolatzea bloke komun hori osatzen duten kirol irakaskuntzaren moduluak, foru agindu honen 1. eranskinaren B) atalean garatzen den moduan, abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
4. Bloke komun hau ematen duten ikastetxeek programazio didaktiko bat prestatuko dute kirol irakaskuntza osatzen duten ikasketen modulu komunetako bakoitzerako.
5. Bloke komuneko kirol irakaskuntzaren moduluetako bakoitza, erdi mailako azken ziklokoa, gainditzeak edozein kirol modalitate eta espezialitatetarako balioko du, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 41. artikuluari jarraituz.
6. Kirol irakaskuntzaren bloke komun honetako ikasketak osatzen dituzten moduluen irakaskuntzako esleipenak eta titulazio baldintzak ezartzea, 2 A) eranskinean hezkuntza administrazioko ikastetxe publikoetarako adierazitakoarekin bat, eta foru agindu honen 2 B) eranskinaren arabera, hezkuntzaz bestelako administrazioetako titulartasun publikoko ikastetxeetarako eta ikastetxe pribatuetarako.
7. Araubide bereziko kirol irakaskuntzaren bloke komuna emateko baimenduta diren ikastetxeek guneei eta ekipamenduei buruz bete beharreko baldintzak jartzea, foru agindu honen 3. eranskinean ezarritakoari jarraituz.
8. Foru agindu hau Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua erakunde autonomora eta Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
9. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Argitaratzen den egunetik aurrera izanen ditu ondorioak.
Iruñean, 2014ko otsailaren 4an.-Hezkuntzako kontseilaria, José Iribas Sánchez de Boado.
1. ERANSKINA. CURRICULUMA
2. ERANSKINA. IRAKASLEAK
3. ERANSKINA. AZKEN ZIKLOKO BLOKE KOMUNAREN GUTXIENEKO GUNE ETA EKIPAMENDUA
Iragarkiaren kodea: F1401774