24/2014 FORU DEKRETUA, OTSAILAREN 19KOA, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ADMINISTRAZIOAREN ETA HAREN ERAKUNDE AUTONOMOEN ZEIN ZERBITZU ETA JARDUERATAN ESKA DAITEZKEEN PREZIO PUBLIKOAK EZARTZEN DITUENA 
BON N.º 45 - 06/03/2014
.
.Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 18.1 artikuluak xedatzen du Nafarroako Gobernuak finkatuko dituela prezio publikoak izan ditzaketen jarduera eta zerbitzuak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak eta haiek ematen edo egiten dituen departamentuak edo erakundeak proposatuta.
Departamentu edo erakunde autonomo bakoitzak araudien berrikuspen horri banan-banan heldu beharko balio arauzko xedapen ugariren ondorioz sortuko liratekeen eragozpenak saihesteko, komenigarritzat jo da arau bakar batean biltzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde autonomoek egiten dituzten zerbitzu eta jarduera guztiak, prezio publikoak eskatzea zilegi denean.
Hori dela eta, gogora ekarri behar da tasa eta prezio publikoei buruzko lege horren 17. artikuluaren arabera, prezio publikoak izanen direla zuzenbide publikoko araubidean egindako zerbitzuak edo jarduerak egiteagatik ordaintzen diren diru kontraprestazioak, baldin eta zerbitzu edo jarduera horiek sektore pribatuan ere egiten badira eta administratuek borondatez eskatzen badituzte; horretarako, foru lege horren 5. artikuluak zehazten du administrarien eskaria ez dela borondatezkoa izanen legezko edo erregelamenduzko xedapenek ezartzen dutenean jarduera edo zerbitzua egin behar dela, edo eskatutako ondasun, zerbitzu edo jarduerak ezinbestekoak direnean eskatzailearen bizitza pribatu edo sozialerako.
Horiek horrela, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2014ko otsailaren 19an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Foru dekretu honen helburua da ezartzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zein zerbitzu eta jardueratan eska daitezkeen prezio publikoak.
2. artikulua. Prezio publikoen bitartez finantza daitezkeen zerbitzu eta jarduerak
.
Honako zerbitzu eta jarduera hauek finantza daitezke prezio publikoen bitartez:
1. Nafarroako Foru Komunitatearen titulartasuneko higiezinak lagatzea, bertan haren organo edo instituzioen zerbitzuak, bulegoak edo gelak daudenean.
2. Erreprografia edo digitalizazio zerbitzuak, baldin eta jatorrizkoak maileguan hartzen ahal badira edo ez badituzte paregabetzat hartzen.
3. Argazkilaritza kopiak ematea, baldin eta jatorrizkoak maileguan hartzen ahal badira edo ez badituzte paregabetzat hartzen.
4. Maileguan hartutako kopia eta jatorrizkoen bidalketa gastuak ordainaraztea.
5. Txartelak, agiriak eta antzeko dokumentuak ematea, bai eta haiek bikoiztea ere, lapurtu edo galduz gero, baldin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuak eskuratzeko bide ematen badute.
6. Argitalpenak edo aldizkariak saltzea.
7. Izena ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek antolatutako ikastaro, jardunaldi, topaketa, lantegi edo beste edozein jardueratan.
8. Zergadunei laguntzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpen-likidazioak prestatzen, haiek aurkezteko ezarritako borondatezko epetik kanpo.
9. Liburutegien arteko mailegu zerbitzua, baldin eta maileguan utzitako liburua ez bada paregabetzat jo.
10. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek antolatutako ikuskizunetan eta jaialdietan sartzea.
11. Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen titulartasuna duten museoetan sartzea.
12. Zinema filmaketak egitea, ikus-entzunezkoak grabatzea edo argazki-erreportajeak egitea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek kudeatzen dituzten eta horien titulartasunekoak diren museoetan, monumentuetan eta beste espazio kultural batzuetan.
13. Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeek ematen dituzten eta derrigorrezko irakaskuntzakoak ez diren hezkuntza-zerbitzuak.
14. Derrigorrezkoa ez den irakaskuntza eskaintzen duten ikastetxeek berezko dituzten hezkuntza jardueren bidez sortutako produktuak saltzea edo zerbitzuak ematea.
15. Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur-eskoletan emandako zerbitzuak.
16. Materiala ematea Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetan erabiltzeko.
17. Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetako espazioak erabiltzea.
18. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen mendeko ikasleen eta kirolarien egoitzek ematen dituzten zerbitzuak.
19. Osasun laguntzak edo prestazioak, pertsonei zuzenean emanak, barne hartuta osasun garraioa, larrialdiko laguntza, laguntza espezializatua, oinarrizko laguntza, prestazio farmazeutikoa, prestazio ortoprotesikoa, produktu dietetikoen prestazioak eta errehabilitazioa, baldin eta laguntza edo prestazio horien kostua erreklamatzen ahal bazaie ordaintzera behartuta dauden hirugarrenei, bat etorrita arau hauekin: Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 83. artikulua, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren hamargarren xedapen gehigarria (ekainaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua), eta Osasun Sistema Nazionaleko ohiko zerbitzuen zorroa eta hura eguneratzeko prozedura ezartzen dituen irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren 2.7 artikulua, baita aplikatu beharreko gainerako xedapenak ere.
20. Eraikuntzako materialen kalitatea kontrolatzeko saioak egitea.
21. Mahastizaintzako eta ardogintzako produktuak, edari alkoholdunak eta deribatuak, eta oliba olioak aztertzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Nafarroako Enologia eta Olio Laborategian.
22. Mendekotasun egoeran daudenei, adinekoei, desgaitasuna dutenei, gaixotasun mentala dutenei, adingabeei eta gizarte bazterketa egoeran dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonei arreta emateko zerbitzuak, Gizarte Zerbitzuen Zorroaren barruan sartuak.
23. Familiei arreta emateko zerbitzuak.
24. Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuari eta Nafarroako Gazteriaren Institutuari atxikitako zentroak eta instalazioak erabiltzea.
25. Izena ematea Nafarroako Gazteriaren Institutuak antolatutako programa, jarduera eta auzolandegietan, berariaz gazteei zuzenduta daudenetan.
26. Analisi kimikoak eta mikrobiologikoak egitea Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren Osasun Publikoko Laborategian.
27. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kudeatu beharreko naturagune babestuetan eta natura interpretatzeko zentroetan sartzea, bisitatzea edo aparkatzea.
28. Filmak filmatzea, grabatzea eta argazki-saioak egitea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kudeatu beharreko naturagune babestuetan.
29. Ingurumen arloan eskumenak dituen departamentuari atxikitako zentroak eta instalazioak erabiltzea.
30. Baso aprobetxamenduak Nafarroako Foru Komunitatearen baso ondareko finketan.
3. artikulua. Prezio publikoen zenbatekoa finkatzea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren Erakunde Autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen 18.2 artikuluan xedatuarekin bat, prezio publikoa zer organok jasoko duen, haren departamentuari dagokio zenbatekoa finkatzea, organo horrek proposatuta, non ez den prezio publikoa erakunde autonomo batean jasotzen, kasu horretan erakunde autonomoari baitagokio erabakia hartzea, bere departamentuak baimena eman ondoren.
Xedapen gehigarri bakarra.– Prezio publikoak, partikularrek eskatuta Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak egindako peritutxostenetarako, ibilgailu motordunen zirkulazioari lotutako gertaerengatik izaten diren auzibidetik kanpoko erreklamazioetan
.
1. Honako prezio publikoak ezartzen dira partikularrek eskatuta Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuak egindako peritu-txostenetarako, ibilgailu motordunen zirkulazioari lotutako gertaerengatik izaten diren auzibidetik kanpoko erreklamazioetan:
a) Peritu-txostena, ospitaleratzerik gabeko lesioengatik: 80 euro.
b) Peritu-txostena, gehienez 72 orduko ospitaleratzeagatik: 150 euro.
c) Peritu-txostena, 72 ordutik gorako ospitaleratzeagatik: 350 euro.
2. Ateratzen diren prezioei, egoki den balio erantsiaren gaineko zerga aplikatuko zaie.
3. Hauek dira prezio publikoak ordaintzera behartuta daudenak: auzibidetik kanpo gatazkak konpontzeko, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutuari peritu-txostenak eskatzen dizkioten aseguru-entitateak, ibilgailu motordunen zirkulazioari lotutako gertaerengatik.
4. Gaikuntza ematen zaio justiziaren arloko eskumena duen kontseilaritzaren titularrari xedapen honetako prezio publikoen zenbatekoak eguneratzeko.
Xedapen indargabetzailea. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe gelditzen dira Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren menpeko artxibo zerbitzuen eta eskola egoitzen prezioak eta derrigorrezkoak ez diren hezkuntzen tarifak finkatzen dituen ekainaren 5eko 202/2000 Foru Dekretua eta Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundearen zerbitzu batzuetan prezio publikoak ezartzen dituen uztailaren 3ko 116/2002 Foru Dekretua, baita foru dekretu honetan ezarritakoa urratzen duten xedapenak ere.
Azken xedapena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2014ko otsailaren 19an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilaria, Lourdes Goicoechea Zubelzu.
Iragarkiaren kodea: F1402752