(ir al contenido)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

LEXNAVARRA


Versión para imprimir

Versión en castellano

6/2014 FORU AGINDUA, URTARRILAREN 23KOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO OSPITALEGUNEKO HEMATOLOGIA ZERBITZUA SORTZEN DUENA

BON N.º 26 - 07/02/2014



Atariko

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak atariko III. atalean adierazten du erakunde horren egitura osatu eginen dela osasun laguntzaren arloan, eta horretarako foru dekretu eta foru agindu argiak emanen direla, estatutuen helburu beretara bideratuak.

Bestalde, foru dekretu horren 13.2 artikuluak ezartzen du laguntza zerbitzuak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasuneko kontseilariaren foru aginduen bidez ezarriko direla.

Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren, harik eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratu arte -horiek baitaude jatorrian-.

Nafarroako Ospitaleko eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko Hematologia Zerbitzuak, hurrenez hurren, pixkanaka-pixkanaka eratuz eta garatuz joan ziren. 2010ean sortutako Nafarroako Ospitalegunearen eta arestian aipatutako ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren indarrez, zentro horiek “A” eta “B” izendatu ziren, hurrenez hurren, Nafarroako Ospitalegunearen barnean.

Gaur egun, bidezkoa da besteak beste osasun zentro horiek batzeko baliabidea erabiltzea eta Hematologia Zerbitzu bakar bat sortzea, aipatu jarduera medikoak batuta eta antolaketa berria emanda, herritarrei ematen zaien zerbitzua efizienteagoa eta eraginkorragoa izan dadin.

Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua . Hematologia Zerbitzua sortzea.

Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia Zerbitzua sortzen da; hartan integratzen dira Nafarroako Ospitaleguneko A eta B ospitaletako hematologia eta hemoterapia arloetako langileak eta baliabideak.

2. artikulua . Eginkizunak.

Nafarroako Ospitaleguneko Hematologia Zerbitzuak, zuzenean Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Medikoen Zuzendariordetzaren menpean, behar diren eginkizunak beteko ditu hematologiaren eta hemoterapiaren esparru zientifikoetan, diagnostikoari, sendatzeari, irakasteari eta prestakuntza emateari eta ikerketari dagokienez.

3. artikulua . Hematologia Zerbitzuaren egitura.

1. Hematologia Zerbitzuak osasun laguntzako atal hauek ditu bere egituran:

a) Laborategi Atala.

b) Koagulazio Atala.

c) Hemoterapia Atala.

d) Klinika Atala.

2. Hematologia Zerbitzuari atxikitako fakultatiboek hematologia eta hemoterapiaren espezialitate medikoari dagozkion laguntzako, irakaskuntzako, prestakuntzako eta ikerkuntzako jarduerak eginen dituzte, bai aurreko puntuan adierazitako ataletan, zein bere atalburuaren zuzendaritzapean arituz eta, betiere, galarazi gabe beste edozein atalen esparruan ere esku hartzea zerbitzuburuak edo inguruabarrek hala eskatzen dutenean, bai Zerbitzuari zuzenean atxikiak, zerbitzuburuaren menpe arituz.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Lehenagoko izendapenak.

Foru agindu honek indarra hartu aurreko eguna zerbitzuburuen eta atalburuen izendapenen eraginaren azken eguna izanen da, A eta B ospitaletako Hematologia eta Hemoterapia Zerbitzuen egiturari buruzko arau indargabetuen babesean eginak badira, arau horiek indarrik gabe uzten baitira.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra . Indargabetzea.

1. Indarrik gabe uzten da Nafarroako Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan Hematologia eta Hemoterapia Zerbitzuari buruz dagoen aipamena.

2. Indarrik gabe uzten dira Bideko Ama Birjina Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta haren unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan Hematologia eta Hemoterapia Zerbitzuari buruz eta Hematologia eta Hemoterapia Atalari buruz dauden aipamenak.

3. Orobat, indarrik gabe uzten dira foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo txikiagoko beste arau guztiak.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2014ko urtarrilaren 23an.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.

Iragarkiaren kodea: F1401155

Gobierno de Navarra

Contacte con nosotros | Accesibilidad | Aviso legal | Mapa web