82/2013 FORU AGINDUA, UZTAILAREN 5EKOA, OSASUNEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO OSPITALEGUNEKO DIGESTIO ZERBITZUA SORTZEN DUENA
BON N.º 138 - 19/07/2013
Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuak onesten dituen uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak atariko III. atalean adierazten du erakunde horren egitura osatu eginen dela osasun laguntzaren arloan, eta horretarako foru dekretu eta foru agindu argiak emanen direla, estatutuen helburu beretara bideratuak.
Bestalde, foru dekretu horren 13.2 artikuluak ezartzen du laguntza zerbitzuak eta hortik beherako gainerako unitate organikoak Osasuneko kontseilariaren foru aginduen bidez ezarriko direla.
Osasuneko kontseilariaren ekainaren 18ko 59/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Ospitalegunea osatzen duten zerbitzu, atal eta unitateen izenak egokitu ziren, harik eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko laguntza zentroetatik zetozenak bateratu arte -horiek baitaude jatorrian-.
Pixkanaka sortu eta garatu ziren Nafarroako Ospitaleko Digestio Aparatuaren Zerbitzua eta Bideko Ama Birjina Ospitaleko Digestio Aparatuko Medikuntzaren Zerbitzua.
Une honetan, Nafarroako Ospitalegunea sortzearen ondorioz eta, besteak beste, aipatu osasun zentroek bat egin dutenez, bidezko da Digestio Aparatu bakar bat sortzea, beste antolaketa bat izanen duena, kalitateko osasun laguntza espezializatua ematera bideratua, oinarrizko osasun laguntzarekiko koordinazioa hobetzeko, herritarrenganako arretaren efizientzia eta eragimena gero eta hobeak izan daitezen.
Horrenbestez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta uztailaren 18ko 62/2012 Foru Dekretuak eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.
AGINDU DUT:
1. artikulua . Digestio Zerbitzua sortzea.
Nafarroako Ospitaleguneko Digestio Zerbitzua sortzen da; bertan Nafarroako Ospitaleguneko Digestio Aparatuaren Zerbitzuko eta Digestio Aparatuko Medikuntzaren Zerbitzuko langileak eta baliabideak integratzen dira.
2. artikulua . Eginkizunak.
Nafarroako Ospitaleguneko Digestio Zerbitzuak, zuzenean Nafarroako Ospitaleguneko Zerbitzu Medikoen Zuzendariordetzaren menpean, behar diren eginkizunak beteko ditu digestio aparatuaren esparru zientifikoen arloan, diagnostikoari, sendatzeari, irakasteari eta prestakuntza emateari eta ikerketari dagokienez.
3. artikulua . Digestio Zerbitzuaren egitura.
1. Digestio Zerbitzuak osasun laguntzako atal hauek ditu bere egituran:
a) Endoskopia Atala.
b) Gastroenterologia Atala.
c) Urdail eta Hesteetako Tumoreen eta Digestio Aparatuko Odoljarioen Atala.
d) Hepatologia Atala.
e) Behazuneko eta Pankreako Patologia Atala.
2. Digestio Zerbitzuari atxikitako fakultatiboek laguntzako, irakaskuntzako, prestakuntzako eta ikerkuntzako jarduerak eginen dituzte, bai aurreko puntuan adierazitako ataletan, zein bere atalburuaren zuzendaritzapean arituz eta, betiere, galarazi gabe beste edozein atalen esparruan ere esku hartzea, baita ataletatik kanpo ere, zerbitzuburuaren menpe arituz.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Lehenagoko izendapenak.
Foru agindu honek indarra hartu aurreko eguna zerbitzuburuen eta atalburuen izendapenen eraginaren azken eguna izanen da, Digestio Aparatuaren Zerbitzuaren eta Digestio Aparatuko Medikuntzaren Zerbitzuaren egiturari buruzko arau indargabetuen babesean eginak direnez.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra . Indargabetzea.
1. Indarrik gabe uzten dira Digestio Aparatuaren Zerbitzuari eta Digestio Aparatuaren bi atali buruzko aipamenak, Nafarroako Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan arautu zirenak.
2. Indarrik gabe uzten da Digestio Aparatuaren Atalari buruzko aipamena, Bideko Ama Birjina Ospitaleko egitura organikoa zehaztu eta unitate organiko batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren 1992ko apirilaren 27ko Foru Aginduan arautu zena.
3. Indarrik gabe uzten da Bideko Ama Birjina Ospitaleko Digestio Aparatuko Medikuntzaren Zerbitzuaren aipamena, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko antolaketa unitate batzuk sortu eta beste batzuk kendu zituen Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 18ko 65/2007 Foru Aginduan arautu zena.
4. Orobat, indarrik gabe uzten da foru agindu honetan ezarritakoari kontra egiten dion maila bereko edo txikiagoko beste arau guztiak.
Azken Xedapen Bakarra . Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2013ko uztailaren 5ean.-Osasuneko kontseilaria, Marta Vera Janín.
Iragarkiaren kodea: F1310056